Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

193/2012 DEKRETUA, urriaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-lurra kontserbatzeari eta lur horren erabilpena sustatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 196
  • Hurrenkera-zk.: 4431
  • Xedapen-zk.: 193
  • Xedapen-data: 2012/10/02
  • Argitaratze-data: 2012/10/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ekonomia; Hirigintza eta etxebizita; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Azpiegitura berrien sorrera dela, hirigintzako esku-hartzeak direla edota industria-hedapena dela, nekazaritza-lur erabilgarria galtzen eta artifizialtzen ari da gure erkidegoan, oso azkar gainera. Era berean, nekazaritza-ustiategiak murrizten ari dira, txanda hartuko duen belaunaldirik ez dago, eta, horren guztiaren ondorioz, nekazaritza-azalerak abandonatzen eta gutxiegi erabiltzen ari dira pixkanaka.

Nekazaritzako lur horiek gutxitzeak eta abandonatzeak ahuldu egiten du nekazaritza-produkziorako ahalmena, lehendik ere aski murriztu eta ahuldutako sektorean gainera, eta, horrez gainera, arlo horretako enplegua murrizten du, eta behar beste lur ez dutenez, mugak sortzen dizkie etorkizuneko belaunaldiei nekazaritzan hasteko.

Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak, egoera horretaz jabeturik, horixe du helburuetako bat: nekazaritza-lurra babestea, ez soilik nekazaritza aldetik duen balioagatik, baita biodibertsitatearen eta paisaiaren berme eta euskarri delako eta higadura- eta basamortutze-prozesuak geldiarazteko ahalmena duelako ere. Era berean, beste helburu hauek ere baditu aipatutako legeak: gazteak nekazaritza- eta elikagaigintza-sektorean has daitezen sustatzea, eta ustiategiei behar besteko egitura eta neurria ematen laguntzea ekonomikoki bideragarri izan daitezen, bereziki egoera ahulenean dauden inguruetan.

Helburu horiek lortzeko, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legeak hainbat neurri jaso ditu II. Tituluan. Horien artean, hauek dira nabarmenenak: lurralde historiko bakoitzean Nekazaritza-lurren Funtsak sortzea, balio agrologiko handiko lurrei babes berezia ematea, eta lurraren erabilera lur-funtsetarako nahitaez utzi beharra, baldin eta lur horiek behin eta berriro gutxiegi erabiltzeagatik, jabegoaren funtzio soziala betetzen ez bada.

Dekretu honen helburua da Eusko Jaurlaritzari dagozkion arloei buruz titulu horretan xedaturik dagoen hori garatzea, bereziki gutxiegi erabilitako lurrak izendatzeko eta horiek nahitaez uzteko prozedura. Beste arlo batzuk lurralde historikoek garatu dituzte edo garatu beharko dituzte. Nolanahi dela ere, foru aldundiek modu aktiboan hartu dute parte dekretu honen idazketan. Era berean, sektoreko erakunde profesionalei ere eskatu zaie aholkua dekretua lantzeko.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, manuzko txostenak eginda, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko urriaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea da eskuhartze publikorako hainbat neurri zehazki, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen II. Tituluan aurreikusitakoak martxan jartzea, nekazaritza-azalera erabilgarriak ez galtzeko eta abandonatzeko, eta lur horiek etenik gabe eta behar bezala nekazaritzarako erabil daitezen sustatzeko.

  2. 17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa, eta aplikatzeko gainerako araudiak oinarri direla, honako arauak zehazten dira dekretu honetan: nekazaritza-lurra eta lur horri loturiko ondasun eta eskubideak hartzeko eta eskuratzeko prozedurari buruzkoak; nekazaritza-lurra beste helburu batzuetarako erabiltzeagatik eman beharreko kalte-ordainei buruzkoak; eta gutxiegi erabilitako lurrak izendatzeko eta horiek nekazaritza-lurren funtsei uzteko prozedurari buruzkoak.

  1. Lurralde historikoek kudeatuko dituzte, nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoen bidez, nekazaritza-lurren funtsak. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 14 eta 15. artikuluetan sortzen dira funts horiek.

  2. Era berean, lurralde historikoek eratu eta kudeatuko dituzte gutxiegi erabilitako lurren inbentarioak. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 20. eta 21. artikuluetan eta Dekretu honen 11. artikuluan zehazten dira inbentario horiek.

  3. Nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoak, nekazaritza-lurren funtsak eta gutxiegi erabilitako lurren inbentarioak lege eta dekretu hauen bidez arautuko dira: abenduaren 23ko 17/2008 Legearen II. Tituluan xedatutakoaren bidez; dekretu honetan xedatutakoaren bidez, hala dagokienean; eta haien eratze- eta garapen-arauetan xedatutakoaren bidez.

  1. Nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoek nekazaritza-lurren bitartekari-lanak hartuko dituzte beren gain, bakoitzak bere jarduera-esparruan.

  2. Horretarako, nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoek funtsetan jasotako landa-finka guztien inbentario gaurkotua izan beharko dute, ondo zehaztuta finka horien jatorria zein den, eskura dauden ala ez eta zertarako erabiltzea aurreikusi den.

  3. Era berean, nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoek nekazaritza-lurra hartzeko eta nekazaritza-lurrerako eskariaren eta eskaintzaren publizitatea egiteko zerbitzuak ezarriko dituzte eskualde bakoitzean. Orobat, aholkularitza- eta izapidetze-zerbitzuak ere emango dituzte partikularren artean lurrak alokatzeko eta trukatzeko kontratuak ixteko.

  1. Honako ondasun eta eskubide hauek sartuko dira nekazaritza-lurren funtsetan:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoak, foru aldundiek, udalek edo beste edozein erakunde publikok erabiltzeko eta aprobetxatzeko esleitu edo utzitako nekazaritza-ondasun eta -eskubideak, landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

    2. Jabeek erabiltzeko eta aprobetxatzeko utzitako landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

    3. Nekazaritza-jarduera aurrez uzteko programen bidez erabiltzeko eta aprobetxatzeko utzitako landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

    4. Zuzenbidean baliozkoa den edozein tituluren bidez eskuratutako nekazaritza-ondasunak eta -eskubideak, landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

    5. Azpiegitura-lanak egiteagatik kalte-ordain modura eskuratutako nekazaritza-ondasunak eta -eskubideak, landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

    6. Gutxiegi erabiltzen direla-eta lurraren erabileraren funtzio soziala ez dutela betetzen deklaratu, eta horren ondorioz utzitako nekazaritza-ondasunak eta -eskubideak, landa-finkak edota nekazaritza-ustiategiak.

  2. Nekazaritza-lurren funtsei esleitu edo utzitako nekazaritza-ustiategiak edo landa-finkak ekoizpen- edo ordainketa-eskubideei lotuta badaude, finka horiek esleitzeak edo uzteak esan nahi du finka horiei lotutako ekoizpen- edo ordainketa-eskubideak ere esleitzen edo uzten direla.

  3. Nekazaritza-ustiategiak edo landa-finkak nekazaritza-lurren funtsei esleitzen edo uzten bazaizkie (1. paragrafoan, a) idatzi-zatitik e) idatzi-zatira aurreikusitako kasuetan), baimena emango da ustiategi edo finka horiek hirugarrenei uzteko, gutxienez bost urtez erabil eta aprobetxa ditzaten. Nekazaritza-jarduera aurrez eten delako eskuratzen edo uzten badira finka horiek, horren inguruko araudiari jarraituko zaio.

  4. Lehen paragrafoko f) idatzi-zatian aurreikusitako kasuan, berriz, dekretu honen 13. artikuluan xedatutakoa hartuko da aintzat.

  1. Behin abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluko 2. paragrafoan xedatutako izapideak bete ondoren, administrazioaren edozein proiektuk edo jarduerak nekazaritzaren aldetik balio handia duten nekazaritza-lurretan eragiten badu nekazaritza-sektorearen mesederako direnak izan ezik, proiektuaren edo jardueraren titularrek kalte-ordainen proposamen bat egin beharko dute, lan hori egiten den lekuan galduko diren nekazaritza-lursailengatik, nekazaritza-lurren funtsen alde.

  2. Kalte-ordainen proposamena egingo da, ahal dela, nekazaritza-erabilpeneko lursailetan; kalte-ordaina ematera behartuta daudenek eduki edo eskura ditzaketen lursailak izango dira, eta eragindako ustiategietatik ahalik eta gertuen egon behar dute. Nekazaritzako lursailik eduki ezean, kalte-ordaina funts ekonomikoen bidez emango da, zeinak nekazaritza-lurren funtsetan sartuko baitira, euren helburuak betetzeko erabil ditzaten.

  3. Kalte-ordainaren proposamenak behar bestekoa izan behar du, proiektuak nekazaritza-lurretan eragindako kaltea berregiteko.

  1. Nekazaritza-lurren funtsetako aktiboak hainbat helburutarako erabiliko dira:

    1. Emakumeen titulartasuneko ustiategiak, titulartasun hori osorik izan edo partekatuta; edo sozietate baten titulartasuneko ustiategiak, baldin eta emakumeek gutxienez % 50eko partaidetza badute, sozietatea bi kidek osatzen duten kasuetan, edo, behintzat, partaidetza orekatua bada, gainerako kasuetan.

    2. Nekazari gazteak finkatzea.

    3. Nekazaritza-ustiategi berriak sortzea, landa-guneetako migrazioa eragozteko.

    4. Egun martxan diren nekazaritza-ustiategiak handitzea.

    5. Nekazari-herrixkak edo partzela-poligonoak sortzea, bertan nekazaritza-jarduerak gauzatu ahal izateko.

    6. Nekazaritza Kooperatiben lurralde-oinarria handitzea.

    7. Animalia- eta landare-espezieak kontserbatzea.

    8. Ondare naturala kontserbatzea.

  2. Helburu horien guztien artean, b) eta e) idatzi-zatien artekoak lehenetsiko dira, biak barne. Halaber, beste helburu batzuk ere lehenetsiko dira zehazki, a) idatzi-zatian aurreikusitakoa, baldin eta lege mailako xedapen batek hala ezartzen badu. Artikulu honetan xedatutakoa garatze aldera, nekazaritza-lurren funtsak sortzeko araudian zenbait arau zehatz jaso ahal izango dira landa-finkak esleitzerakoan lehentasunak ezartzeko, finka edo ustiategi bera eskuratzeko eskabide bat baino gehiago dauden kasuetan.

  3. Nekazaritza-lurren funtsetako aktiboak hirugarrenei esleituko zaizkie, ahal dela alokairu-kontratuen bidez, nekazaritza-jarduerarako eta gutxienez 5 urteko eperako.

  1. Nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoek baldintza hauek bermatuko dizkiete landa-finkak edo nekazaritza-ustiategiak uzten edo esleitzen dituzten jabeei:

    1. Epea amaitutakoan, utzitako edo esleitutako finkak utzi zirenean zeuden baldintza beretan itzultzea.

    2. Ezarritako errenta edo ordaina jasotzea, lurrak alokatu edo utzi zaizkion pertsonak nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoekin sinatutako kontratuan onartu dituen obligazioak bete ala ez.

  2. Lurralde historiko bakoitzeko nekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoek ezarriko dituzte lurrak alokatzeko edo uzteko kontratuen erreferentziazko prezioak, eskualde bakoitzean kontratu horien batez besteko prezioak eta labore mota bakoitzerakoak kontuan hartuta. Halaber, prezio horiek molda daitezke, honako hauek kontuan hartuta: utzitako finka edo ustiategi horien egoera berezi justifikatuak, finka horiei lotuta dauden ekoizpen- edo ordainketa-eskubideen balioaren aldaketa, erkidegoko araudiaren edozein aldaketa, edo finka eta ustiategi horiei eragiten dien beste araudi mota baten aldaketa.

  1. Nekazaritza-lursail bat gutxiegi erabilitakotzat joko da, honako kasu hauetakoren bat edo gehiago gertatzen badira:

    1. Lurrak degradazio-prozesuan baldin badaude eta neurri zuzentzailerik ezarri ez bazaie. Kategoria horretan sartuko dira higadura larria jasan duten lurrak.

    2. Lur horietan egiten diren jardunbide edo erabilera desegokiek arriskuan jartzen badituzte uztak, alboko lursailen aprobetxamendua edo ingurune naturala. Mantentze faltagatik inguru horretako berezko oreka agroekologikoa hausten duen landaretza inbaditzailea hazten bada lur horietan eta landaretza horrek alboko lursailetan eragiten badu, lur horiek ere kategoria horretan sartuko dira.

      Era berean, nekazaritzatik basogintzara bideratutako lursailak ere kategoria horretan sartuko dira, baldin eta indarreko lurralde-plangintzaren arabera lur horiek nekazaritza-lurtzat hartzen badira eta dagokion lurralde historikoko nekazaritza arloko sailaren baimenik gabe egin bada erabilera-aldaketa hori.

    3. Nekazaritza-jarduerarik gabeko nekazaritza-lurrak. Hor sartuko dira inolako laborerik edo landaketarik gabeko lursailak; sastrakek, bat-bateko landaretzak edota labore-hondarrek azalera gehiena jandako lurrak.

  2. Nekazaritza-lursail bat ez da gutxiegi erabilitakotzat joko honako baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

    1. Finkak nekazaritza-lurren funtsetan jasota badaude.

    2. Finkak partzelak bateratzeko prozesuan badaude.

    3. Ingurumen, nekazaritza edo gizarte aldetiko interesa dela-eta, beharrezkoa bada finka horietan nekazaritza-jarduerarik ez izatea. Interes horrek arrazoitua izan beharko du beti, eta lurra gutxiegi erabilitakotzat jotzeko eskumena duen organoak hartu beharko du erabaki hori.

  1. Foru aldundiek dute eskumena beren lurraldean kokatutako lursailak gutxiegi erabilitako nekazaritza-lur izendatze aldera dagozkien espedienteak abiarazteko eta ebazteko.

  2. Agintari eskudunek gutxiegi erabilitako nekazaritza-lursail bati antzematen diotenean, ikuskapen-akta bat egingo dute, eta horrekin zabalduko dute espedientea. Lursail horren aprobetxamenduaren titularrari igorriko diote ikuskapen-akta eta, lursailaren jabea beste bat bada, hari ere bai. Era berean, auzian esatekoa izan dezaketen pertsona edo erakundeen iritzia ere jasoko da. Espedientea ebazteko eskumena duen organoak erabakiko du nork izango duen horretarako aukera. Hala, pertsona horiek hamabost eguneko epea izango dute beren alegazio eta oharrak egiteko.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako pertsonei entzun ondoren, edo alegazioetarako epea amaitu ondoren, eskumena duen organoak, horrela badagokio, gutxiegi erabilitako nekazaritza-lursail izendatuko du finka jakin hori. Ikuskapen-akta idatzi den egunetik sei hilabeteko epea izango du izendapen hori egiteko eta horren berri jakinarazteko. Gainerakoan, iraungitzat emango da espedientea, baina lursailak abandonatuta jarraitzen badu, beste espediente bat abiarazteko aukera izango da, nolanahi ere.

  1. Eskumena duen organoak jarraipena egingo die gutxiegi erabilitakotzat jotako nekazaritza-lurrei, eta izendapen horrek zer ondorio dituen ohartaraziko die lur horren aprobetxamenduaren titularrari eta jabeari, baldin eta ez badira pertsona bera. Era berean, eskumena duen organoak zer beste aukera dauden jakinaraziko die eta aholku emango die egoera horrekin amaitzeko.

  2. Ustiategiaren titularrak berriro ere lantzen badu gutxiegi erabilitakotzat jotako lursaila edo dagokion eran nekazaritzarako erabiltzen badu, eskumena duen organoak indargabetu egingo du gutxiegi erabilitako lurraren izendapena, bai ofizioz edo bai interesdunak horrela eskatuta. Gutxiegi erabilitako lursail izendatzeko prozedura berari jarraituko zaio izendapen hori indargabetzeko ere, mutatis mutandis.

  1. Lursail bat gutxiegi erabilitako lur izendatu eta hiru urte igaro ondoren, eskumena duen organoak lur hori gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan sartzea erabakiko du eta lur horren aprobetxamenduaren titularraren kontrako zehapen-espedientea abiaraztea ere bai. Horrela xedatzen dute EAEko Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 20 eta 104. artikuluek.

  2. Ustiategiaren titularrak berriro ere lantzen badu inbentarioan sartutako lursaila edo dagokion eran nekazaritzarako erabiltzen badu berriro ere, eskumena duen organoak indargabetu egingo du gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan sartzeko erabakia, bai ofizioz edo bai interesdunak horrela eskatuta. Horrek guztiak ez du eraginik izango ezar litekeen zigorrean.

  1. Nekazaritza-partzela bat gutxiegi erabilitako lurren inbentarioan sartzea erabaki denetik bi urte igarotzean, gutxiegi erabilitako lurren izendapenaz arduratzen den organoak txostena bidaliko du EAEko administrazio orokorrean nekazaritza arloko eskumena duen sailera. Txostena aztertu ondoren, gutxiegi erabiltzen dela-eta lursail jakin horrek erabileraren funtzio soziala ez duela betetzen deklaratzeko proposamena landuko du nekazaritza-sailak, agindu bidez, eta, orobat, agindu horretan proposatuko du partzela jakin horren erabilera zenbat denborarako utziko zaion dagokion nekazaritza-lurren funtsari.

  2. Aurreko paragrafoan aurreikusitako proposamen hori aprobetxamenduaren titularrari eta interesdun guztiei jakinaraziko zaie, bereziki partzelaren jabeari, aprobetxamenduaren titularra bera ez bada. Pertsona horiek hamabost eguneko epea izango dute beren alegazio eta oharrak egiteko.

  3. Aurreko paragrafoan aipatutako pertsonen iritzia entzun ondoren edo alegazioetarako epea igaro ondoren, partzela jakin horrek erabileraren funtzio soziala ez duela betetzen deklaratuko du Gobernu Kontseiluak dekretu bidez, eta lursailaren erabilera dagokion nekazaritza-lurren funtsari uztea erabakiko du, baita zenbat denborarako utziko zaion ere.

  1. Utzi beharreko partzelaren aprobetxamenduaren titularra eta jabea pertsona bera badira, ondoren aipatutako baldintza hauek hartuko dira kontuan nahitaez utzi beharreko lursailok zenbat denborarako uzten diren erabakitzeko. Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 21. artikuluaren 3. paragrafoan, 10 eta 30 urte arteko epea aurreikusi da horretarako. Hauek dira baldintzak:

    1. Aprobetxamenduaren titularraren adina.

    2. Titular bakar batek nahitaez utzi beharreko partzelen kopurua.

    3. Azalera.

    4. Lurraren sailkapena eta balioa.

  2. Nahitaez utzi beharreko partzelaren aprobetxamenduaren titularra eta lursailaren jabea ez badira pertsona bera, aprobetxamenduaren titularrari lursail hori erabiltzeko eskubidea aitortzen dion kontratua erabat bete arteko denboran utzi beharko da nahitaez lursail hori.

  1. Nekazaritza-partzela bat nahitaez uzteko erabakia indargabetu ahal izango da baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

    1. ahitaez utzi beharreko gutxieneko epea igaro bada.

    2. ekazaritza-lurren bitartekaritza-bulegoaren eta partzela jakin hori utzi duenaren arteko kontratua bukatu bada.

    3. artzelaren aprobetxamenduaren titularrak idatzizko konpromiso bat sinatzen badu adieraziz sail hori behar den moduan berriro landuko duela edo dagokion eran nekazaritzarako erabiliko duela, berak zuzenean edo hirugarren mailara arteko ahaideren bati edozein negozio juridikoren bidez utzita hark erabil dezan.

    4. artzelaren hiru urteko errenta ordaintzen bada fidantza edo berme modura (justu aurreko urteetan lursail horrengatik kobratzen zena hartuko da horretarako errenta modura). Fidantza Nekazaritza Lurren Bitartekaritza Bulegoan gordailatuko eta kudeatuko da, eta partzela bi urtez erabili ondoren itzuliko da.

  2. Nahitaez lursailak utzi beharra erabakitzeko prozedura berari jarraituko zaio artikulu honetan aurreikusitako indargabetzea erabakitzeko ere, mutatis mutandis.

Lehenengoa. Dekretu honen aplikazioak bere baitan dakarren edozertan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek herri-administrazioekin euskaraz edo gazteleraz egiteko eskubidea dute bai idatziz bai ahoz, eta aukeratzen duten hizkuntzan erantzungo zaie. Eskubide hori bermaturik izango dute.

Bigarrena. Administrazio-izapideak sinpletu eta azkartu nahian, beharrezkoak diren neurriak hartuko dira herritarrek bitarteko elektronikoak erabiltzeko eta datu-trukaketa errazteko aurreikusitako prozedura egokitu ahal izateko, betiere, indarrean dagoen eta aplikatzekoa den araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko urriaren 2an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.