Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

114/2012 DEKRETUA, ekainaren 26koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Osasun Sistema Nazionalaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 127
  • Hurrenkera-zk.: 2973
  • Xedapen-zk.: 114
  • Xedapen-data: 2012/06/26
  • Argitaratze-data: 2012/06/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Osasunaren alorreko arau orok kontuan hartu beharrekoari jarraikiz, gure erreferentziazko esparru juridikoak Konstituzioaren 43. artikulua du oinarri. Artikulu horrek osasuna babesteko eskubidea aintzatesten du, eta xedatzen du legez arautu eta programatu beharko dela eskubide hori, herri-aginteen konpromisoari erantzuteko, dagozkion eskubide eta betebeharrak zehaztuta. Estatuko antolamenduak, eginkizun garrantzitsu hori bere gain hartuta, apirilaren 25eko 14/1986 Legea, Osasunaren Lege Orokorra, atera zuen. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko antolamenduak, ekainaren 26ko 8/1997 Legearen bitartez, Euskadiko Antolamendu Sanitarioa eratu zuen; horrenbestez, maila goreneko arau horren bidez, osasuna babesteko eskubidea eskubide unibertsal bihurtu zen Euskadiko lurraldean bizi direnentzat.

Eskubide hori eraginkorra izateko, beharrezkoa da, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE), osasun-aseguratzaile publikoa den aldetik, finantzatutako osasun-segurantza, eta, bestetik, osasun-txartel indibiduala (alegia, babestutako pertsona dela egiaztatzen duen titulua). Halaber, Euskadiko osasun-sistemak ematen dituen osasun-zerbitzuak jasotzeko prozedura arautu behar da, lehen aipatutako ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarenak, 4.3 artikuluan xedatutako agindua betetzeko.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 9. artikuluak xedatzen du EAEko herri-aginteek, beren eskumen esparruan, gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dute.

Bestalde, Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 18. artikuluak xedatzen du EAEri dagokiola, barneko osasunaren arloan, Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea. Hori guztia Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan xedatutako esparruaren barnean; izan ere, artikulu horrek Estatuari esleitzen dio osasun-oinarrien alorreko eskumen esklusiboa.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, otsailaren 16ko 26/1988 Dekretua, baliabide ekonomiko nahikorik gabe eta Gizarte Segurantza Sistemaren babesik gabe daudenei ere Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan ematen duen osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen diena, tresna garrantzitsua izan da osasun-laguntza hedatzeko osasun-sistema publikoaren estaldurarik ez zuen biztanle-multzo bati.

Geroago, ekainaren 26ko 8/1997 Legea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioarena, promulgatu, osasuna babesteko eskubide hori eskubide unibertsal bihurtu zen Euskadin bizi diren pertsona guztientzat. Izan ere, lege horren 6. artikuluak xedatzen du unibertsaltasuna, solidaritatea eta ekitatea direla Euskadiko osasun-sistema eratzen duten printzipioak, eta osasun-politikaren ildoak printzipio horien araberakoak izan behar dutela.

Maiatzaren 28ko 16/2003 Legea, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzkoa, aldatu da berriki, osasun-laguntzari buruzko zenbait alderditan; eta, aldaketa horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak, bere eskumenak gauzatuz, antolamendu juridikoan ezarritako printzipioak betetzeko neurriak egituratu behar ditu, dagokion lurralde-eremuan bizi direnei osasun-laguntza bermatzeko. Bere horretan eusten da «status quo»a, krisi ekonomikoko garai hau ez baita unerik egokiena osasun-sistemaren estaldura murrizteko.

Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) farmazia-prestazio anbulatorioa maiatzaren 28ko 16/2003 Legeak, OSNaren kohesio eta kalitateari buruzkoak, arautzen du, prestazio publiko hori ospitaleratu gabe emateko, erabiltzaileek neurri batean ordainduta. Prestazio hori ekainaren 26ko 29/2006 Legean, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilarari buruzkoan, xedatutako berariazko araudiaren mende dago.

Bi lege horiek aldatu egin dira, hain zuzen, apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretuak, OSNaren iraunkortasuna bermatzeko eta prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko presako neurrienak, xedatutakoaren bidez. Horrenbestez, medikamentuaren zikloa esaten zaionaren zenbait esparrutako programa eta kudeaketa-arauak ezarri dira; bereziki, prestazio publikoa kudeatzeko eta finantzatzeko ardura duten herri-administrazio sanitarioen jarduera-eremuan. Hortaz, barne hartzen da medikamentu horiek banatzen dituzten farmazia guztiekiko bitartekotza, bai eta finantzaketa publikoaren funtsezko ekarpena ere, sistemaren funtzionamendua bermatzeko.

Dekretu honek testuinguru horretan eragiten du, lehen helburu izanik Estatuko oinarrizko araudi berriaren aplikagarritasuna bideratzea. Horretarako, beharrezko neurriak egituratu behar dira, sendagaiak agintzeko funtzioa osa dadin sistemak sortuko duen informazioarekin, erabiltzaileen ekarpenerako mekanismoari dagokionez, eta, aldi berean farmazia-prestaziorako baldintza onenak bermatuko dituen kudeaketa-elementu berriak transmititzeko gai izan dadin.

Bestalde, dekretu honen helburu da, halaber, oinarrizko antolamenduaren garapenean sakontzea, Euskal Autonomia Erkidegoan osasun-politikaren berariazko gidalerroak finkatzeko. Helburu horretarako, betiere legedia errespetatuz, eta Estatuko oinarrizko araudi berriak gastu publikoa arrazionalizatzeari buruz xedatutako helburu eta printzipioak kontuan hartuta, herritarrekin dugun konpromisoa hedatzeari ekingo diogu, eta Estatuak ematen duen oinarrizko prestazio-estatusa osatuz, Euskadin lortu ditugun babes-mailei eusteko. Horrek eragingo duen ahaleginaz ohartzen gara, kudeaketa publikoari lotu beharreko gardentasun-maila handiagoak aintzat hartuta.

Onesten diren arauen funtsezko funtzionaltasunak bideratuko du OSNaren farmazia-prestazio anbulatorioa emateko oinarrizko finantza-baldintzei osagarri bat eranstea Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan, baldintza berdinetan eta prestazio hori jasotzen dutenentzat edota apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua indarrean jartzeko unean eskubide hori lortuta dutenentzat.

Estatuko esparrua garatzeko ahalmen hori proiektatzen da arau horrek finkatu duen eremuan, Estatuaren zenbait eskumenetan zehaztu gabe babestuta. Baina, Konstituzio Auzitegiaren doktrinari erreparatuta, maiatzaren 25eko 98/2004 epaitik aurrera argi eta garbi ageri da farmazia-prestazioa ezartzeari eta publikoki finantzatzeari dagokionez, zehazki Konstituzioaren 149.1.16 artikuluan jasotako osasunaren oinarriei buruzko Estatuaren eskumena; besteak beste, gizarte-segurantza sistemako osasun-laguntzaren kontribuziozko izaera galtzeak behin betiko lagundu du OSNeko prestazio publikoen sistemaren oinarriaz jabetzeko kontzeptua birdefinitzen eta finkatzen, eta, gaur egun, zerga orokorren kargura finantzatzen da oso-osorik.

Ekimen honen ezaugarriak dira dagozkion politika publikoak garatzeko eta gauzatzeko ahalmena duen eskumen autonomikoari dagokion eremuaren oinarrizko antolamendua hedatzeko edo hobetzeko aintzat hartu beharrekoak, eta, bereziki, «barneko osasunaren» arloko Estatuko oinarrizko araudia lege bidez garatzeko eta gauzatzeko euskal eskumen autonomikoari dagozkionak, lehen aipatutako Autonomia Estatutuaren 18. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

Orain zerbitzuak autonomia-erkidegoak osatzeari dagokionez eskatzen denaren antzera, finantza-nahikotasunerako aurretiazko bermea dugu, aurrekontuen egonkortasunerako irizpideak betetzearen esparruan; izan ere, Estatuaren eta Euskal Kontzertu Ekonomikoaren testuinguruan onetsita dago Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion finantza-berrorekarako plana, gure berariazko politika publikoei dagokien garrantzia ematen diena, lehen esan bezala.

Halaber, ekimenaren azalpena osa daiteke, dekretu honen eremu subjektiboak hartzen dituen pertsona guztiei osasun-prestazio publikoak aplikatzeak eragindako kostu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura izango direla berretsiz.

Ekimen honek ez du inolako ondorio negatiborik eragingo OSNari dagokion araudiaren aplikazioaren egunerokoan, eta, jakina, ez du inolaz ere eragin behar OSN guztiaren prestazioak jasotzeko ekitateari eta benetako berdintasunari buruzko berme osoari. Gainera, kontuan izan behar da ez dela sendagaien edo osasun-produktuen berariazko erreserba; izan ere, erreserba horiek mugatzaileak dira, ekainaren 26ko 29/2006 Legeak, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilerari buruzkoak, xedatutako araubide juridikoari jarraiki.

Dena dela, dekretuari buruzko jakinarazpen arrazoitua helarazi behar zaio Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldearteko Kontseiluari.

Adierazitakoagatik, Osasun eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, dagozkion izapideak egin ostean, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko ekainaren 26ko bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen xedea da Osasun Sistema Nazionalaren bidez funts publikoekin finantzatutako osasun-laguntzaren eremutik kanpo dauden (ez asegurudun ez onuradun ez direlako) Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek Euskal Osasun Sistemaren zerbitzu-zorroko osasun-prestazioak jasotzea arautzea, eta farmazia-prestazioaren oinarrizko finantza-baldintzak osatzea.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek Euskal Osasun Sistemaren zerbitzu-zorroko osasun-prestazioak jaso ahal izango dituzte, baldin eta Osasun Sistema Nazionalaren bidez funts publikoekin finantzatutako osasun-laguntzaren eremuan badaude, haren asegurudun edo onuradun direlako.

  2. 16/2012 Errege Dekretu Legea indarrean jarri aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-alorreko herri-administrazioak emandako osasun-txartel indibiduala daukatenek ere jasoko dituzte prestazio horiek.

  3. Halaber, Euskal Osasun Sistemaren zerbitzu-zorroko prestazioak jaso ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituztenek:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan ohiko bizilekua izatea eta bertan erroldatuta egotea, urtebetez gutxienez, etenik gabe, osasun-laguntza aitortzeko eskaera egiteko unean. Urtebete horrek eskaera egin aurre-aurrekoa izan behar du.

    2. Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren barruko prestazio ekonomikoak jasotzea edo legearen arabera gizarteratze eta gizarte-babeserako oinarrizko errentari dagokion zenbatekotik beheragoko diru-sarrerak izatea.

    3. Beste edozein titulurengatik beste osasun-babes publiko sistemarik ez jasotzea.

  1. artikuluaren 2. eta 3. ataletan adierazitako pertsonei emango zaizkien osasun-prestazioak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gauzatuko dira, kalitate-baldintza berdinetan, eta Osasun Sistema Nazionalaren funts publikoekin finantzatutako osasun-laguntzaren hedadura berdinekoak izango dira.

2,3 artikuluan araututako osasun-laguntzaren aintzatespena egingo da arauz xedatutako prozeduraren bidez, interesdunak aldez aurretik eskatuta. Bizilekuaren arabera dagokion Osasun eta Kontsumo Saileko Lurralde Zuzendaritzak emango dio aintzatespena, arau honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren.

Dekretu honetan araututako Euskal Osasun Sistemaren osasun-prestazioak eskuratzeko, 2. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan adierazitako pertsonek identifikazio-titulu pertsonal eta besterenezina aurkeztu beharko dute. Titulu hori aurreko artikuluan zehaztutako osasun-laguntza aintzatetsi ondoren emango zaie.

  1. Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio publiko anbulatorioa osatzen duten medikamentuak eta osasun-produktuak Euskal Autonomia Erkidegoan banatzeko, estatuko oinarrizko araudiari, dekretu honi eta dekretu hau garatzeko edo aplikatzeko ematen diren gainerako arauei jarraituko zaie.

  2. Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoaren osasun-zerbitzuen eremuko mediku-aginduei laguntzeko informazio-sistemek zenbait informazio eta interakzio-azpisistema dituzte OSNaren farmazia-prestakuntzan barne hartutako medikamentu-izendegiaren ondoan. Horrenbestez, arauak ezarritako eremu subjektiboari buruzko xedapenek osatutako informazioa erantsiko dute, eta, bereziki, dekretu hau, farmazia-prestazioetan erabiltzaileek egin beharreko ekarpenen sistemari buruzkoa.

  3. Medikamentuak eta osasun-produktuak agintzeko, OSNean baliagarriak diren errezetak eta erizaintza-aginduak egiteko eredu ofizialak bete behar dira.

  1. Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatorioa Osasun Sistema Nazionalean oro har aitortutako eskubidearen ildotik eskuratzen dutenei eta dekretu honek araututako estalduraren hedapenari dagozkion kolektiboetakoak ez direnei 29/2006 Legeak erabiltzaileen ekarpenei buruz xedatutakoa aplikatuko zaie (ekainaren 26ko 29/2006 Legea, medikamentuen eta osasun-produktuen bermeei eta arrazoizko erabilerei buruzkoa). Bermatuta geratuko da, betiere, pertsona guztien benetako berdintasuna, prestazioak eskuratzeari dagokionez.

  2. Zortzigarren artikuluan araututako estaldurarako eskubidea izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-alorreko herri-administrazioak emandako osasun-txartel indibiduala daukaten pertsona guztiek, bai eta dekretu honen 2. artikuluaren 2. eta 3. paragrafoetan zehaztutako pertsonek ere.

  3. Medikamentuak eta osasun-produktuak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden farmazietan banatuz gero, finantza-estaldurarako eskubidea duten pertsonek eskatu ahal izango dute farmazia horietan gehiegi ordaindutakoa itzultzea, Euskal Autonomia Erkidegoko farmazietan ordainduko zutena erreferentziatzat hartuta.

  1. Aurreko artikuluan xedatutako estaldurak honako baldintza ekonomiko hauek ditu, erabiltzaileak Osasun Sistema Nazionalaren farmazia-prestazio anbulatoriorako egin beharreko ekarpenei dagokienez:

    1. Orokorrean, publikoarentzako salmenta-prezioaren % 40ko ekarpena egin beharko dute erabiltzaileek. Baldintza horietatik kanpo geratzen dira ekarpen murriztuaren sistemaren mendeko medikamentuak.

    2. Salbuespen gisa, ez dute ekarpenik egin beharko honako kategoria hauetako erabiltzaile eta onuradunek:

      Pentsiodunek, kotizazio gabeko pentsioak jasotzen dituzten pertsonak barne hartuta.

      Sindrome toxikoen kalteak pairatu dituztenek eta ahalmen urriko pertsonek, berariazko araudietan xedatutako kasuetan.

      Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonek.

      Langabezia-saria jasotzeko eskubidea galdu duten langabetuek, egoera horretan dauden bitartean.

      Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen ondoriozko tratamenduak dituzten pertsonek.

      Ez dute ekarpenik egin beharko, orobat, 2. artikuluaren 2. eta 3. ataletan jasota dauden pertsona hauek:

      65 urtetik gorakoek.

      vAlargunek.

      18 urtetik beherako pertsonek.

      • 33ko elbarritasuna edo handiagoa duten pertsonek.

  2. Ekarpen hori egingo da medikamentua eskuratzeko unean. Medikamentua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko botika batean eskuratzen bada, gehiegi ordaindutakoa 7.3 artikuluan xedatutakora egokituko da.

Osasun eta Kontsumo Sailak beharrezko neurriak hartuko ditu, dekretu honetako arauak helarazteko eta integratzeko Euskal Autonomia Erkidegoan legez ezarritako farmaziek OSNaren farmazia-prestazio anbulatorioari dagozkion medikamentuak banatzeko lankidetza-baldintzak jartzearren indarrean dagoen itunaren arabera.

Lehenengoa. Osasun eta Kontsumoko sailburuari ahalmena ematen zaio, agindu bidez ekin diezaion errezeten eta erizaintza-aginduen eredu ofiziala egokitzeari, hura eguneratzeko, araudiari egokitzeko, edota Euskal Autonomia Erkidegoko farmazia-prestaziorako beharrezko eskakizun operatiboetara egokitzeko, eta, horrez gain, 5. artikuluan aurreikusitako identifikazio-agiria egiteko xedapen zehatzak erabakitzeko, eta 8.2 artikuluan aurreikusitako gastu-itzulerarako prozedura ezartzeko.

Bigarrena. Dekretu hau 2012ko uztailaren 1ean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko ekainaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.