Arautegia
Inprimatu278/2011 DEKRETUA, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 15
- Hurrenkera-zk.: 334
- Xedapen-zk.: 278
- Xedapen-data: 2011/12/27
- Argitaratze-data: 2012/01/23
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Ingurumena; Industria; Gobernua eta herri administrazioa
Testu legala
-
- III. KAPITULUA ATMOSFERA KUTSA DEZAKETEN JARDUERAK EGITEN DITUZTEN INSTALAZIOETAKO ADMINISTRAZIO-ERREGIMENA
- 10. artikulua Baimena behar duten instalazioak.
- 11. artikulua AKDJ baimena izapidetzea.
- 12. artikulua Baimenaren eskaera zuzentzea.
- 13. artikulua Baimenaren edukia.
- 14. artikulua AKDJ baimena berritzea eta aldatzea.
- 15. artikulua Jakinarazteko betebeharra daukaten instalazioak.
- 16. artikulua Jakinarazpena izapidetzea.
- 17. artikulua Jakinarazpena jaso eta ondorengo baldintzak.
- 18. artikulua Izapidetze telematikoa.
- 19. artikulua Funtsezko aldaketak.
- 20. artikulua Funtsezkoak ez diren aldaketak.
- 21. artikulua Aldaketak izapidetzea.
- IV. KAPITULUA ATMOSFERAREN ZAINTZA
- 22. artikulua Emisioen kanpo-kontrolak.
- 23. artikulua Emisioen barne-kontrolak edo autokontrolak.
- 24. artikulua Kontrol osagarriak.
- 25. artikulua Emisioak etengabe neurtzeko sistemak.
- 26. artikulua Kontrol-prozeduren baldintzak.
- 27. artikulua Atmosferara isuritako emisioen neurketak erregistratzea.
- 28. artikulua Emisioen gehieneko balioak ez betetzea.
- III. KAPITULUA ATMOSFERA KUTSA DEZAKETEN JARDUERAK EGITEN DITUZTEN INSTALAZIOETAKO ADMINISTRAZIO-ERREGIMENA
Europako aire-kalitateari eta atmosfera garbiagoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko maiatzaren 21eko 2008/50/EE Zuzentaraua sortu da, esparru-zuzentaraua eta zuzentarau alabak berrikusi eta bateratzeko beharraren ondorioz. Esparru Zuzentarauak eta zuzentarau alabek ezartzen dituzte gizakion osasuna eta ekosistemak babesteko kontzentrazioen gehieneko balioak eta alerta-atalaseak. 2008/50/EE Zuzentarau horrek eguneratu egiten ditu aire-kalitatearen helburuak eta ditu aire-kalitatea ebaluatzeko metodo eta irizpideak ezartzen ditu.
Atmosferaren kutsaduraren alorrean Estatuak duen legegintza-eskumena Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen bidez gauzatzen da. Lege horren xedea da atmosfera-kutsadura prebenitzea, zaintzea eta gutxitzea. Oinarri horiek saihestu eta murriztu egingo dute kutsadurak pertsonengan, ingurumenean eta bestelako edozein ondasunetan eragin ditzakeen kalteak.
Helburu hori lortu nahian, lege horrek xedatzen du administrazioaren esku-hartzeari buruzko erregimen espezifikoaren mende egon behar dutela atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako zenbait instalaziok. Horretarako, legeak finkatutako hiru taldeetako batean (A, B eta C) identifikatu, ezarri eta multzokatzen ditu modu berariaz eta banan-banan kontrolatu behar diren jarduerak.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuak, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenak eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituenak, aldatu egin du jardueren katalogo hori.
Bestalde, azaroaren 15eko 34/2007 Legeak ahalmena ematen die autonomia-erkidegoei: beren lurralde-eremuan aire-kalitatearen helburuak ezartzeko eta betearazteko; beharrezkoak diren kontrol- eta ikuskapen-neurriak hartzeko araua betetzen dela bermatzeko; eta, zehatzeko ahala gauzatzeko. Horrez gain, arau horrek autonomia-erkidegoei, beren lurralde-eremuan, ahalmena ematen die, baimendutako kontrol-erakundeen prozedurak definitzen dituzten irizpide komunak ezartzeko eta erakunde horiek beren autonomia-erkidegoko beste administrazio eskumendunekin dituzten harremanak zehazteko.
Gainera, 100/2011 Errege Dekretuak, urtarrilaren 28koak, xedapen iragankor bakarrean, aipatzen du autonomia-erkidego bakoitzak ezarri beharko dituela Errege Dekretuari egokitzeko epeak, indarrean sartu baino lehenago funtzionamenduan eta legezkoturik zeuden jardueretarako eta indarrean dagoen legeriaren arabera dagozkien baimenak eskatu dituzten jardueretarako. Epe hori lau urte baino gutxiagokoa izango da.
Dekretu hau araudi-esparru horretan ezartzen da, eta atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiteko instalazioetako emisio atmosferikoen kontrola eta prebentzioa arautzeko xedea du. Arautu egiten du kutsagarritzat jotzen dituen jarduera horiek egiteko instalazioetan aplika daitekeen erregimen juridikoa; eta bi erregimen bereizten ditu, baimena edo jakinarazpena, egiten den jarduera-motaren arabera.
Gainera, autonomia-erkidegoei dagokie zehaztea aldaketa bat funtsezkoa den edo ez, estatuak gai honen inguruan duen oinarrizko araudiaren arabera.
Finean, administrazioaren xedea instalazioaren gainean izango duen esku-hartzea egokitzea izango da, instalazio horren kutsatze-ahalmen osoaren arabera; non eta jarduera hori egiteko ez den aplikatu behar kutsaduraren prebentzio eta kontrol erabatekoaren legeria.
Baimen-erregimena zorrotzagoa da; hain zuzen ere, ezarri egingo da, atmosfera-kutsadura eragin dezaketen jardueren katalogoan sartutako jardueraren bat egiten duten instalazioak eraikitzean, muntatzean, ustiatzean, lekualdatzean edo bertan funtsezko aldaketa bat egitean. Jarduera horiek A edo B taldekoak izan behar dute, edota mota bereko jarduerak, baldin eta disolbatzaileak ekoitzi, manipulatu edo kontsumitzeko gaitasunen edo potentzien batura A edo B taldeetan sartzeko atalasea baino altuagoa bada.
Jakinarazpen-erregimena C taldeko jarduerak egiten dituzten instalazioei ezarriko zaie, edota mota bereko jarduerei, baldin eta disolbatzaileak ekoitzi, manipulatu edo kontsumitzeko gaitasunen edo potentzien batura C taldean sartzeko atalasea baino altuagoa bada. Jakinarazpena jarduera egiten den instalazioaren titularrak egin beharko du, eta Dekretu honetan zehaztutako agiriak aurkeztu beharko ditu, administrazioa jakinaren gainean egon dadin.
Bi erregimenetan, besteak beste, honako hauek zehazten dira: baimenaren edo jakinarazpenaren edukia, aldaketak, indarraldiak eta berriztatzeak. Horrez gain, zehaztu egiten dira ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak emisioen gehieneko balioak zehazteko kontuan hartu behar dituen parametroak, eta, aintzat hartzen da prebentzio eta babes-neurriak hartzeko aukera, emisio atmosferikoei dagokienez.
Bestalde, derrigorrean bete behar diren zenbait agindu jasotzen ditu dekretu honek. Agindu horiek azaroaren 15eko 34/2007 Legeak ezartzen ditu. Agindu horiek betetzen ez badira, gerta liteke, baimena galtzeaz gain, administrazio-erantzukizunak jasan behar izatea: kasu bakoitzean sor litezkeenak.
Azkenik, dekretuak ikuskaritza-, zaintza- eta zehapen-erregimenak zehazten ditu, Dekretua bera bete egiten dela bermatzeko.
Dekretu honen bidez, administrazio-eginbeharrak ere erraztu egingo dira; izan ere, aukera emango du atmosfera kutsa dezaketen jarduerak egiten dituzten instalazioen espedienteak telematikoki izapidetzeko.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Batzordearen aurretiazko txostena aintzat hartuta; Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren erabakiari jarraiki; Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez; eta Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2011ko abenduaren 27ko saioan eztabaidatu eta onartu ondoren, honakoa
Dekretu honen xedea da atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoan atmosferaren kutsadura prebenitu, zaindu eta gutxitzeko.
Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan dauden atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak. Instalazio horiek urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskinean daude; errege-dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen ditu.
Dekretu honetan ezarritakoetarako, hona hemen nola ulertu behar diren termino hauek:
Atmosfera kutsa dezakeen jarduera, aurrerantzean AKDJ: izaera, kokapena edo erabiltzen dituen prozesu teknologikoak direla eta, kutsadura-iturri den jarduera; bere ezaugarrien ondorioz kontrol- eta jarraipen-erregimen zorrotzago baten mende egon beharra izan dezakeena. Eta bereziki, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko katalogoan azaltzen diren jarduerak; errege-dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du, eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen ditu.
AKDJ baimena: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailaren ebazpena da, instalazio osoa edo horren zati bat ustiatzeko ahalmena ematen duena baldintza batzuk betez gero; horren bidez, bermatzen da instalazioak Dekretu honetako xedea eta xedapenak betetzen dituela.
Emisioen kanpo-kontrola: ingurumen-kontrolaren erakundeek egindako egiaztatze- eta baieztatze-lana da. Horren bidez adierazten da atmosferaren kutsadura prebenitzeko, zuzentzeko, segimendua egiteko eta hori kontrolatzeko sistemek behar bezala funtzionatzen dutela. Halaber, adierazten du emisioen gehieneko balioak eta baimenean nahiz atmosferaren kutsaduraren alorreko araudian ezarritako baldintzak betetzen direla.
Emisioen barne-kontrola edo autokontrola: instalazioaren arduradunak egiten duen egiaztapena da. Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak zehaztutako irizpideen eta bitartekoen bidez, arduradunak egiaztatzen du atmosfera-kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko, kutsaduraren segimendua egiteko eta kontrolatzeko sistemek behar bezala funtzionatzen dutela; halaber, adierazten du emisioen gehieneko balioak eta AKDJ baimenean nahiz atmosfera-kutsaduraren alorreko araudian ezarritako baldintzak betetzen direla.
Ingurumen-kontrolerako erakundea, aurrerantzean IKE: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoarekin lankidetzan, ingurumena kontrolatzen duen erakundea da; nortasun juridiko propioa du, eta publikoa edo pribatua izan daiteke.
Emisioa: atmosferara deskargatzea, modu jarraituan edo ez jarraituan, atmosferaren kutsadura eragin dezakeen edozein iturritatik zuzenean edo zeharka eratortzen diren materiak, substantziak edo energia-formak.
Emisio barreiatuak: modu jarraituan edo ez jarraituan, foku kanalizatuen bidez izan gabe, atmosferara deskargatzen den partikula edo gas oro; partikula edo gas horiek atmosfera-kutsadura sor dezakeen edozein iturritatik eratortzen dira, zuzenean edo zeharka. Bildu gabeko emisioak ere talde horretan daude: bai leiho, ate, aire-zulo eta antzeko irekiduren bidez kanpora isuritakoak, bai zuzenean kanpoaldean sortutakoak.
Emisio sistematikoak: kutsatzaileak isurtzea, modu jarraituan edo ez jarraituan; baldin eta noizean behingo emisioak badira, urtean hamabi aldiz baino gehiagoko batez besteko maiztasunez isurtzen badira, emisio bakoitzak ordubete baino gehiago irauten badu, edo, bestelako maiztasunez isurtzen badira, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren % 5etik gorakoa bada.
Foku kanalizatua: atmosfera-kutsatzaileak atmosferara deskargatzeko baliatzen den elementu edo gailua da; ez du axola emisioa modu jarraituan, ez jarraituan edo puntualki egiten den, ez eta ekipo bakar baten bidez edo zenbait ekipo, prozesu edo/eta jardueren bidez egiten den, baina atmosfera-kutsatzaile horiek biltzeko modukoak izan behar dute, atmosferara denak batera isurtzeko.
IKEren txostena: emisioen kanpo-kontrolari buruzko txostena da, ingurumena kontrolatzeko erakunde batek egina.
IKEren hasierako txostena: AKDJ instalazioaren lehen ikuskapen-txostena da, bertako emisioen kanpo-kontrolari buruzkoa eta ingurumena kontrolatzeko erakunde batek egina.
Instalazioa: AKDJ bat edo gehiago egiten den unitate tekniko finkoa, mugikorra edo garraiatzeko modukoa; halaber, leku horretako jarduerekin izaera teknikoko lotura daukan beste edozein jarduera eta, gainera, eragina izan dezakeena emisioetan nahiz kutsaduran.
Jarraibide teknikoak: dekretu honen zehaztapenak ezartzeko erabiliko diren irizpide teknikoen gidak dira.
Emisioak etengabe neurtzeko sistema: emisio bat behar bezala neurtzeko, beharrezkoak diren parametro fisiko eta kimiko guztiak modu jarraituan neurtzeko eta parametro horiek neurriarekin konbinatzeko ekipamendua, horrela, kutsatzaile baten isurpen-maila modu egokian adierazteko. Osagai hauek izan ohi ditu: analizatzailea, laginak hartzeko osagarriak, erreferentzia-parametroak neurtzeko gailuak, datu-prozesagailua eta erregistro-unitatea, besteak beste.
Titularra: instalazio bat daukan edo ustiatzen duen edozein pertsona fisiko edo juridiko.
Emisioen gehieneko balioak, aurrerantzean EGB: atmosfera-kutsaduraren eraginak prebenitzeko edo gutxitzeko emisio bakoitzean aldi jakin batean edo hainbat alditan eta egoera jakin batzuetan gainditu ezin den kutsatzaile baten edo gehiagoren zenbatekoa adierazten du.
Dekretu honetan araututakoa ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak aplikatuko du.
AKDJ instalazioen titularrek honako hauek bete behar dituzte:
Ezinbesteko baimena izatea edo ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinarazpena bidaltzea, Dekretu honetako II. kapituluan zehaztutako baldintzen arabera.
Emisioak kontrolatzeari eta sakabanatzeari buruzko xedapenak betetzeko beharrezkoak diren elementuak erabilgarri izatea instalazioan, guztiz edo partzialki martxan jartzeko unean nahiz instalazioa funtzionamenduan den bitartean, AKDJ baimenean funtzionamendu anomaloetarako bestelako neurri batzuk zehazten direnean salbu.
Eskakizunak betetzea, eta baimenean nahiz atmosfera-kutsaduraren alorrean aplikagarri den araudian zehaztutako EGBak errespetatzea.
Emisioen eta, hala dagokienean, aire-kalitatearen kontrolak egitea, baimenetan, dekretu honetan eta gainerako araudi aplikagarrian zehaztutako moduan eta maiztasunez.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion saila jakinaren gainean jartzea eta beharrezko diren prebentzio-neurriak hartzea, luzatu gabe eta horretarako agindua jaso beharrik gabe, instalazioak eragindako atmosfera-kutsadurak kalte larriak sortzeko arriskua saihestezina denean.
Instalazioan pertsonen segurtasun edo osasunean nahiz ingurumenean kaltea eragin duen atmosfera-kutsadura gertatzean, luzatu gabe eta horretarako agindua jaso beharrik gabe, neurriak hartzea beste kalte batzuk saihesteko eta berehala ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinaraztea.
Araudiak ezarritakoari jarraiki, aplikatu behar diren baldintza teknikoak betetzea, bai eta ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak jarraibide teknikoetan ezarritakoak ere, betiere gizakien osasuna eta ingurumena babesteko.
Atmosferara egiten diren emisioen neurketen erregistroa eguneratua izatea.
Une oro, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak eta tokiko erakundeak eskatzen duten informazioa ematea; eta organo eta erakunde horiei ikuskapenak eta egiaztapenak erraztea; halaber, ikuskapen horietarako beharrezko diren instalazio-egokitzapenak egitea.
Baimena behar duen instalazioak ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinaraziko dio jardueren erabateko edo aldikako hasiera, baita instalazioak bertan behera utziko dituela edo itxi egingo dituela edo instalazioaren jabetasunaren transmisioa egingo duela ere.
Atmosferara egiten diren kutsadura-emisioak minimizatzea, bai kanalizatuak bai barreiatuak; horretarako, eskura dauden teknikarik onenak ezarriko dira, ahal den neurrian.
Foku kanalizatuak izanez gero, dispertsio-prozedura egokienak hartzea jarraibide teknikoetan oinarrituta, foku horien eragin-eremuko aire-kalitatean duten inpaktua txikitzeko.
Emisioak biltzeko eta hodi egokien bidez kanporatzeko eskatu ahal izango du ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak. Horretaz gain, eska dezake AKDJ instalazioetatik atmosferara isurtzen diren kutsatzaileei dagozkien beharrezko neurri zuzentzaileak jartzeko ere.
Haien ezaugarriak direla-eta, emisio barreiatuen foku izan daitezkeen AKDJetan, beste instalazio batzuetako zenbait sistema osagarritan eta emisio barreiatuak eragin ditzaketen operazioetan, beharrezko prebentzio- eta babes-neurriak hartuko dira, foku horien inguruetan indarrean den legeriak ezarritako aire-kalitatearen maila bete dadin.
Atmosferara isurtzen diren kutsatzaileek, zeinahi jatorritakoak direla ere, ezingo dituzte gainditu indarrean dagoen araudian jarduera bakoitzerako zehaztutako emisioen gehieneko balioak.
Aurreko atalean xedatutakoari kalterik egin gabe, AKDJ baimenean emisioen gehieneko balioak ezartzeko edo horiek osatzen edo ordezkatzen dituzten neurri teknikoak ezartzeko, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak honako hauek hartuko ditu kontuan:
Kutsadura saihesteko teknika eta neurri egokiak hartzea eta, ahal dela, teknika eskuragarririk onenak. Bereziki hartuko da aintzat Estatuko Administrazio Orokorrak emandako informazioa, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 8.1 artikuluan araututakoari jarraiki, informazio eskuragarria duten jardueretarako.
Instalazioaren ezaugarri teknikoak, kokapena eta bertako ingurumen-baldintzak.
Emisioen jatorria, eta leku batetik bestera aldatzeko duten ahalmena; horrez gain, aintzat hartuko da zer ondorio eragiten dizkieten bai pertsonei bai ingurumenari.
Onartutako planak eta programak, azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 16. artikuluko 1. eta 2. ataletan araututakoari jarraiki.
AKDJ baimena ematen den unean indarrean dagoen araudiak emisioetarako zehaztutako gehieneko balioak, edota Espainiako Estatuak nahiz Europar Batasunak sinatutako nazioarteko itunetan zehaztutako gehieneko balioak.
Emisioen gehieneko balioak beteko dira baldin eta banakako neurketaren emaitza bakoitzak, konfiantza-tartea kenduta, gainditzen ez baditu bere AKDJ baimenean eta atmosfera-kutsaduraren alorrean aplikagarri den araudian zehaztutako emisioen gehieneko balioak.
Orokorrean, eta AKDJ baimenean zehaztutakoari kalterik egin gabe, emisioak etengabe neurtzeko sistemetan emisioen gehieneko balioak beteko dira, baldin eta honako hauek betetzen badira:
Urtebetean neurtutako baliozkotutako orduko bataz besteko balioen % 95ek ez gainditzea zehaztutako emisioen gehieneko balioa.
Baliozkotutako orduko bataz besteko balio bakar batek ere ez gainditzea emisioen gehieneko balioa, 1,5 baino handiagoko faktorean.
Orduko batez besteko balio balioztatuak benetako ustiapen-epean zehaztuko dira, orduko bataz besteko baliozko balioak oinarri hartuta; balio horiek 3. atalean zehaztutako konfiantza-tartea kendu ondoren neurtuko dira.
Konfiantza-tartea AKDJ baimenean zehaztutako metodoaren araberakoa izango da.
Nolanahi ere, neurtutako emaitza bakarraren % 95eko konfiantza-tarteen balioak ezin izango dira emisioen balio-mugen ehuneko hauek baino handiagoak izan:
Partikula guztiak: % 30.
Karbono monoxidoa: % 10.
Sufre dioxidoa: % 20.
Nitrogeno dioxidoa: % 20.
Karbono organiko guztia: % 30.
Hidrogeno kloruroa: % 40.
Hidrogeno fluoruroa: % 40.
Guztizko sufre murriztua: % 20.
Metal astunak: % 40.
Poliklorodibentzodioxinak eta poliklorodibentzofuranoak: % 40.
1. ATALA
BAIMEN-ERREGIMENA
AKDJ baimena beharrezkoa izango da 100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko AKDJ katalogoko jarduerak egiten dituzten instalazioak eraikitzeko, muntatzeko, ustiatzeko, lekualdatzeko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko, betiere, honako baldintza hauek betetzen badituzte:
AKDJ katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egitea.
Mota bereko zenbait AKDJ jarduera egitea. Jarduerok independenteak izan edo zenbait foku eduki arren, disolbatzaileak produzitzeko, maneiatzeko edo kontsumitzeko gaitasunen edo potentzien batura mota horretako jardueren A edo B taldeetan sartzeko behar diren atalaseetan egotea.
1. 10. artikuluan zehaztutako instalazioen titularrak atmosfera kutsa dezakeen jarduera baimentzeko eskaera egingo dio ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari. Eskaera egitean, I. eranskineko ereduan jaso den gutxieneko edukia aurkeztu beharko du, eta arduradunaren erantzukizun-adierazpena ere bai. Eskaera hori dagokion udalerriko udalean egingo da, jarduera lizentzia eskatzen den unean.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak, eskaera bera eta horri erantsitako dokumentazioa aztertuta, AKDJ baimena emango du, gehienez ere, sei hilabeteko epean. Epe hori igaro ondoren, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak erantzunik eman ezean, baimena eskatu duen AKDJ instalazioak bere jarduera hasiko du.
AKDJ baimena eman eta gero, instalazioak 4 urteko epea izango du jarduera hasteko. Epe hori amaitzean, baimena iraungi egingo da, baldin eta instalazioak ez badu bere jarduera hasi.
Instalazioaren titularrak ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinaraziko dio jardueraren erabateko edo aldikako hasiera.
Jakinarazpen horren ondoren, eta sei hilabete pasa baino lehenago, titularrak ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari egiaztatuko dio AKDJ baimenean ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, baimena berariaz ematen denean; edota aplikagarria den araudiak eskatzen dituenak betetzen direla, baimena isiltasun administratiboaren bidez lortzen denean, IKEren hasierako txosteneko adostasun-adierazpenaren bitartez. Hala ez bada, AKDJ baimenak ez du baliorik izango.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailaren ustez aurkeztutako dokumentazioa AKDJ baimena emateko nahikoa ez bada, eskaera egin duen pertsonari eskatuko dio gutxienez hamar eguneko epean egindako hutsa konpontzeko edo eskatutako agiriak aurkezteko; hala egin ezean, eskaera atzera botako du sailak, aurretiaz emango den ebazpen bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan zehaztutako baldintzei jarraiki.
AKDJ baimenak, gutxienez, honako datu hauek zehaztuko ditu:
Instalazioak isuri ditzakeen kutsatzaileen EGBak bereziki, azaroaren 15eko 34/2007 Legearen I. eranskinean zerrendatutakoak eta, hala badagokio, horiek osatzen edo ordezkatzen dituzten parametroak edo neurri teknikoak.
Emisioak tratatu eta kontrolatzeko sistemak eta prozedurak, neurtzeko metodologia, maiztasuna eta neurketak ebaluatzeko prozedurak zehaztuta.
Ohikoak ez diren egoeretan (esaterako, abian jartzea, ihesak, funtzionamendu-akatsak, aldi baterako etenaldiak edo behin betiko itxiera), batez ere egoera horiek ingurumenari eragiteko arriskua badute, ustiaketa-baldintzen inguruan hartu beharreko neurriak.
Hala badagokio, berariazko funtzionamendu-baldintzak.
Baimenaren iraupen-epea.
Hala badagokio, urruneko edo mugaz haraindiko kutsadura gutxitzeko aginduak.
AKDJ baimenak, bere baldintza guztiekin, zortzi urteko iraupen-epea izango du, gehienez ere; beraz, epe hori amaitzean automatikoki berrituko da, ondoz ondoko luzapenekin.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak AKDJ baimena alda dezake, aurrez interesdunari jakinarazita eta arrazoiak emanda, baldin eta hori egiteko baldintzak betetzen badira, interes publikoko arrazoiak direla-eta edo arauetan aldaketak direla-eta.
Edonola ere, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak eguneratu ahalko ditu AKDJ baimeneko baldintzak, honako egoera hauek gertatzen badira:
Teknika eskuragarri onenetan emandako aurrerapenek emisioak murrizteko aukera ematen badute.
Aurrerabide teknikoek eta zientifikoek emandako berrikuntzak; izan ere, berrikuntza horiek izan balira, beste era batera emango zen baimenaren ukapena edo onarpena.
Instalazioak sortutako kutsadura garrantziagatik beharrezkoa baldin bada indarrean dauden emisioen gehieneko balioak berrikustea edo emisioen gehieneko beste balio batzuk gehitzea.
Ingurumen kalitatearen arau berriak edo berrikusitakoak betetzea beharrezkoa bada.
Funtzionamenduaren segurtasunak beste teknika batzuk erabiltzea eskatzen badu.
Fokuaren ezaugarrietan hobekuntza gertatzen bada, eta titularrak horrela eskatzen badu.
2. ATALA
JAKINARAZPEN-ERREGIMENA
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinarazpena egitea beharrezkoa izango da, AKDJ baimena ez dagokien arren, honako baldintza hauek betetzen dituzten instalazioak eraikitzeko, muntatzeko, ustiatzeko, lekualdatzeko edo horietan funtsezko aldaketaren bat egiteko:
100/2011 Errege Dekretuaren eranskineko AKDJ katalogoko C taldeko jardueraren bat egitea.
Mota bereko zenbait jarduera egitea. Jarduerak independenteak izan edo zenbait foku eduki arren, disolbatzaileak produzitzeko, maneiatzeko edo kontsumitzeko gaitasunen edo potentzien batura mota horretako jardueren C taldean sartzeko behar diren atalaseetan egotea.
Aurreko artikuluko jakinarazpena egiteko, instalazioaren titularrak, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari aurkeztuko dio, jarduera erabat edo zatika hasi eta sei hilabeteko epean, honako hau:
Memoria teknikoa, II. eranskineko ereduan jasotzen den gutxieneko edukiarekin, eta, horri erantsita, erantzukizun-adierazpena.
IKEren hasierako txostena.
AKDJ ez sistematikoen kasuan, instalazioen titularrak aurreko a) paragrafoan ezarritakoa soilik aurkeztu beharko du.
Jakinarazpena jasotzen duenean, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak instalazio horien emisioak kontrolatzeko baldintzak ezarri ahal izango ditu, instalazio horiek egiaz eragin dezaketen kutsaduraren arabera, dagokion proportzioan, berariaz eta banan-banan, aurrez interesdunari jakinarazita eta baimenak emateko ezarritakoen antzeko irizpideetan oinarrituta.
3. ATALA
JAKINARAZPEN- ETA BAIMEN-ERREGIMENAREN XEDAPEN OROKORRAK
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak beharrezko diren bitarteko elektronikoak garatzen dituenean, esku hartzen duten agenteei eskuragarri jarriko zaizkie, Dekretu honen ondorioetarako.
AKDJk egiten diren instalazioetako espedienteak izapidetzeko bitarteko elektronikoen erabilera honako bi dekretu hauek arautuko dute: abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuak, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duenak, eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailarekin bitarte elektronikoen bidezko ezinbesteko komunikazioa ezarri ahalko da, baldin eta interesdunak pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak badira.
Izapidetzean bitarteko elektronikoak erabiltzeko argibideak argitaratu egingo dira, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailaren egoitza elektronikoan (euskadi.net).
Funtsezko aldaketatzat hartuko dira AKDJ jarduerak egiten diren instalazioetan egiten diren aldaketak, atmosfera-kutsaduran ondorio kaltegarriak eragin baditzakete, honako hauek direla eta: instalazioaren tamaina eta produkzioa, jardueraren energia-kontsumoa, eragindako kutsaduraren kopurua eta tipologia, eta ezarritako aire-kalitatearen helburuekiko eremu horretan dagoen kutsadura-maila.
Edozein kasutan, funtsezko aldaketatzat hartuko dira, AKDJ jarduerak egiten diren instalazioetako aldaketa hauek:
AKDJ instalazioetako emisio totala handitzea, emisio bideratuak eta emisio barreiatuak barne, honako baldintza hauetan:
Partikula guztien, NOx-en, SO2-ren edo karbono organiko guztiaren masa-emisioaren handitzea % 25ekoa baino gehiagokoa izatea, honako kasuetan izan ezik: handitze hori partikula guztien 1 t/urte, NOx-en 15 t/urte, SO2-ren 20 t/urte edo karbono organiko guztiaren (KOG) 1 kg/h baino txikiagoa bada eta inguruneak kantitate horiek onartzeko ahalmena badu.
Kutsatzaile bakoitzeko masa-emisioaren handitzea % 25ekoa baino txikiagoa izatea, handitze hori partikula guztien 10 t/urte, NOx-en 150 t/urte, SO2-ren 200 t/urte edo karbono organiko guztiaren (KOG) 10 kg/h baino handiagoa bada.
Errekuntza-ekipoei dagokienez bero-energia sortzean, potentzia 12,5 MWt baino gehiagokoa bada. Edonola ere, potentzia ez bada handitzen baimendutako jarduera guztietako potentziaren % 25 baino gehiago, aldaketa ez da funtsezkotzat hartuko.
Ez dira funtsezko aldaketatzat hartuko AKDJ instalazioetako honelako aldaketak:
Emisio-fokuak kentzea edo AKDJ jarduerak etetea.
Beste emisio-foku batzuk edo beste AKDJ jarduera batzuk sartzea.
Instalazioaren jardueraren bat katalogazioan aldatzea, AKDJ katalogoan kutsakorragoa den beste talde batera.
Foku baten funtzionamendu-erregimena aldatzea eta ez sistematiko izatetik sistematiko izatera pasatzea.
Prozesu baten lehengaietan aldaketak egitea, eta horren ondorioz, kontrolatu beharreko kutsatzaileak aldatzea.
Arazte-sistema jartzea edo aldatzea.
Aurreko artikuluan zehaztu gabeko edozein kutsatzaileren masa-emisio osoa handitzea.
Betiere, funtsezko aldaketa sortzen ez badute, 19. artikuluaren arabera.
AKDJ baimena beharrezkoa duten AKDJ instalazioen funtsezko aldaketek, beste AKDJ baimen edo jakinarazpen bat izan beharko dute, dekretu honetako 11. eta 16. artikuluetan zehaztutako prozedurari jarraiki.
Ezin izango da baimena behar duten instalazioen funtsezko aldaketarik egin, harik eta beste AKDJ baimena lortu arte, dekretu honetan xedatutakoaren arabera.
AKDJ instalazioetako funtsezkoak ez diren aldaketak ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari jakinarazi beharko zaizkio.
Baimena beharrezkoa duten instalazioen kasuan, komunikazioa aurkeztu beharko dute, dekretu honen I. eranskinean adierazitako dokumentazioarekin batera. Horren ondoren, beharrezkoa bada, ingurumen alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak baimenaren aldaketa esleituko die, hiru hilabeteko epean, gehienez.
Ezin izango dira 20. artikuluaren b), c) eta d) ataletako funtsezkoak ez diren aldaketak bete, harik eta AKDJ baimenaren aldaketa eman arte. Esandakoaz gain, titularrak eskatutako aldaketa egin ahalko du, AKDJ baimenaren aldaketa eskatu zuenetik hiru hilabete pasa badira eta ingurumen alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak ez badio erantzunik eman.
Jakinarazteko betebeharra daukaten instalazioen kasuan, jakinarazpen hori dekretu honen II. eranskinean zehaztutako dokumentazioarekin batera egingo da, eta, 20. artikuluaren b), c), d) eta e) kasuetan, IKEren hasierako txostenarekin batera aurkeztuko da.
Baimena beharrezkoa duten instalazioen titularrek egingo dituzte instalazio horietan egiten diren jarduerek eragiten dituzten emisioen kanpo-kontrolak, AKDJ baimenean adierazitakoari jarraiki.
Jakinarazpena beharrezkoa duten instalazioen titularrek egingo dituzte kanpo-kontrolak, instalazio horietan egiten diren eta jakinarazi behar diren jarduerek eragiten dituzten emisioen kasuan, gutxienez bost urtetik behin.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak aldatu egin ahal izango du artikulu honetan zehaztutako kontrol-maiztasuna: hau da, kontrolak egitetik salbuetsi eta kontrol horien maiztasuna txikitu edo handitu egin ahal izango du, honako kasu hauek aintzat hartuta: instalazioen ezaugarri bereziak, emisioek kutsatzeko duten ahalmena, eta instalazioetan EMAS ziurtagirien bidez ingurumena kudeatzeko sistemaren bat ezarri den.
Ez da beharrezkoa izango foku ez sistematikoen emisioen kanpo-kontrolak egitea.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak ahalmena izango du kanpoaldean inmisio-neurketak egiteko agintzeko, bai eta emisioek aire-kalitatean duten inpaktua kontrolatzeko egoki jotzen den beste prozeduraren bat egiteko ere, kasu hauetan: instalazioaren ezaugarri teknikoak direla eta, ezin bada emisioen kontrola egin; edo, ingurumenean edo pertsonengan kalteak eragin baditzake; beste araudi bat indarrean sartzen bada; edo instalazioaren jarduera aurrerapen zientifiko edota teknikoak egokitzeko.
Airearen kalitatea ebaluatzeko estazioak jartzea eskatzen bada, estazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sarera lotzea eskatu ahal izango du sailak.
Artikulu honetako kontrol guztiak ingurumen-kontroleko erakunde batek egingo ditu, eta jarraibide teknikoetan adierazitakoa beteko du. Neurketa bakoitzean, hiru neurketa egingo dira gutxienez, eta bakoitzak ordu erdiko gutxieneko iraupena izango du, zortzi orduan neurtuta. Nolanahi ere, sektoreko araudi espezifiko bakoitzean araututakoa bete beharko da.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak ahalmena dauka AKDJ instalazio bati emisioen barne-kontrolak edo autokontrolak egin ditzala agintzeko; emisio horien baldintzak instalazioaren AKDJ baimenean zehaztuko dira.
Barne-kontrolak edo autokontrolak bitarteko propioak erabiliz egin ahal izango dira, betiere, bitarteko teknikoak eskura badituzte eta behar bezala kualifikatutako langileak badituzte; hori, hain zuzen, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari egiaztatu beharko zaio.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak ahalmena dauka instalazioen titularrei kontrol osagarriak egin ditzatela agintzeko, baldin eta arrazoi sendoak badaude instalazio horiek baimenean edo aplikagarri zaien araudian ezarritako baldintzak ez dituztela betetzen pentsatzeko.
Instalazioen titularrek modu jarraituan neurtuko dituzte emisioak: aplikagarri den sektore-araudiak edo instalazio horietako AKDJ baimenak hala arautzen badu; edo, ingurumenean edo pertsonengan kalteak eragin badaitezke; edo, beharrezkoa bada, beste araudi bat indarrean sartu delako edo instalazioaren jarduerak alda ditzakeen aurrerapen zientifiko edota teknikoei egokitzeko.
AKDJ baimenean, emisioak etengabe neurtzeko sistema Euskal Autonomia Erkidegoko Airearen Kalitatea Zaindu eta Kontrolatzeko Sareari lotzeko eskatu ahal izango da.
Emisioak etengabe neurtzeko sistema jartzeko, abiarazteko, sarearekin lotzeko, mantentzeko eta kalibratzeko, jarraibide teknikoetan zehaztutakoa bete beharko da.
Instalazioen titularrek izango dute emisioak etengabe neurtzeko sistemetako datuak jasotzeko, aztertzeko eta, hala badagokio, jakinarazteko ardura. Sistema horretan erregistratutako datuak hamar urtez gorde beharko dituzte, gutxienez.
Instalazioen titularrek emisioak etengabe neurtzeko sistemaren funtzionamenduari buruzko urteko txostena bidali beharko dute, jarraibide teknikoetan zehaztutakoa kontuan hartuta.
Emisioen neurketak eta horren ondorioz egiten diren txostenak jarraibide teknikoen araberakoak izango dira; horretarako, titularrek beren instalazioak jarraibide horien arabera egokitu beharko dituzte.
Ingurumen-kontroleko erakundeek ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari bidaliko dizkiote emisioen kanpo-kontroletatik ondorioztatutako IKEren txostenak, neurketa-egunetik hasi eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere. Txosten horiek jarraibide teknikoen arabera egingo dira. IKEren hasierako txostenak AKDJ instalazioen titularrek aurkeztuko dituzte, baimena lortzeko edo jakinarazpenarekin batera.
Instalazio guztiek beren emisio-fokuen erregistroa izan behar dute euskarri informatikoan edo, halakorik izan ezean, paperezko euskarrian. Erregistro horretan dekretu honen III. eranskinean araututako gutxieneko edukia jaso beharko da; horrez gain, eguneratuta eduki behar da, eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura.
Emisioen gehieneko balioren bat ez dela betetzen hautemanez gero, instalazioko titularrak, luzatu gabe, beharrezkoak diren neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu, eta ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari, berehala, ez betetze horren berri emango dio, baita hartutako neurri zuzentzaileen eta neurrion epeen berri ere.
Neurri zuzentzaileak ezarrita, instalazioaren titularrak emisioen gehieneko balioak betetzen direla ziurtatu beharko du IKEren neurketaren bitartez. IKEk egindako txosten hori bidali egingo dio ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari, 26. artikuluko 2. atalean araututakoari jarraiki.
Kalte larriak sortzeko hur-hurreko arriskua badago edo beste kalte batzuk eragitea saihestu nahi bada, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak, zehapen-prozedura hasi baino lehen, behin-behineko neurri hauetakoren bat hartzea erabaki ahal izango du, interesdunari aurretik jakinarazita, Euskal Autonomia Erkidegoko herri Administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legearen 31. eta 32. artikuluetako muga eta baldintzekin:
Arriskua edo kaltea ez luzatzeko zuzentze-, segurtasun- edo kontrol-neurriak hartzea.
Tresnak, ekipoak edo produktuak aldi batez erabili ezinik uztea.
Instalazioak aldi batez ixtea, zati batean edo osorik.
Instalazioak aldi batez gelditzea.
Jardueran aritzeko baimena aldi batez etetea.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak beharrezko diren ikuskapen-neurriak hartu ahal izango ditu, dekretu hau betetzen dela bermatzeko. Ikuskapen-ahalmena gauzatzeko, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak ingurumen-kontroleko erakunde baten laguntza balia dezake.
Aurreko atalean adierazitako ikuskapen-lanak egingo dituen funtzionarioa agintaritzaren agentea izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako; bere funtzioak betetzeko, instalazioko edozein lekutan edo gelatan (publikoetan nahiz pribatuetan) sartu ahal izango da; betiere, errespetatu egingo du egoitzaren bortxaezintasuna.
Instalazioen titularrek ikuskapen-prozesua erraztu beharko dute; hau da, ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailak izendatutako pertsonari instalazioan sartzen utzi beharko diote, bai eta beharrezko neurketak, probak, saiakuntzak eta egiaztapenak egiteko behar diren ekipoak eta tresnak muntatzen ere.
Instalazioek sarbide eta bitarteko egokiak izan beharko dituzte ikuskapena egiteko.
Dekretu honetan ezarritako betebeharrak ez badira betetzen, Airearen Kalitateari eta Atmosferaren Babesari buruzko legerian eta Euskal Herriko ingurugiroa babesteko Lege orokorrean zehaztutako zehapen-erregimena ezarriko da.
Dekretu honen III. kapitulutik kanpo geratuko dira kutsaduraren prebentzioari eta kontrol integratuari buruzko legeriaren aplikazio eremuan sartzen diren instalazioak.
Lehenengoa. Egungo instalazioetan aplikagarri den erregimen juridikoa.
Ondoren zehazturiko egungo instalazioek honako epe hauek izango dituzte urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuari egokitzeko; atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen errege-dekretua da:
AKDJ ziurtagiriren bat edo 34/2007 Legea indarrean sartu aurretik emandako beste antzeko ziurtagiriren bat dutenek, 2013ko urtarrilaren 30era arte.
AKDJ araudi-baimena edo AKDJ katalogoan inskripzioa dutenek, 34/2007 Legearen araberakoek, eta betiere 100/2011 Errege Dekretua indarrean jarri baino lehenago erregulatzen hasitakoek, 2014ko urtarrilaren 30era arte.
100/2011 Errege Dekretua indarrean sartu aurretik legez funtzionatzen ari zirenek, baina 34/2007 Legearen AKDJ katalogoan zehaztu gabe zeudenek, eta 100/2011 Errege Dekretuaren aplikazio-eremuaren barnean daudenek, 2015eko urtarrilaren 30era arte.
Kutsaduraren prebentzioari eta kontrolari buruzko legeriaren menpe dauden instalazioek, dekretu hau indarrean sartzen denean ingurumen-baimen bateratua badute, emisio industrialei buruzko 2010eko azaroaren 24ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EE Zuzentarauari egokitu arte (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratua).
Bigarrena. EMAS ziurtagirien bidez ingurumena kudeatzeko sistema duten instalazioei aplikatzeko erregimena.
Aurreko xedapenean ezarritakoaz gain, ingurumena EMAS Erregelamenduaren arabera ziurtagirien bidezko kudeatzeko sistema ziurtatuak dituzten instalazioek 2015eko urtarrilaren 30era arte izango dute epea urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuari egokitzeko; Errege Dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du, eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen ditu.
Hirugarrena. Ingurumen-kontrolerako erakundeak.
Ingurumen-kontrolerako erakundeei buruz berariazko legeria arautu arte, horrelakotzat hartuko dira, dekretu honen ondorioetarako, abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretua betez baimendutako kontrol-erakundeak; errege-dekretu horretan onartzen da industriaren kalitaterako eta segurtasunerako azpiegituren erregelamendua eta haren aldaketak. Gainera, kontrol-erakunde horiek akreditazio eguneratua izan beharko dute, jatorri finkoa duten emisioen edo/eta airearen kalitatearen eremuan.
Laugarrena. Izapidetze telematikoa.
artikuluko tresna elektronikoak garatu arte, ingurumenaren arloko eskumenak esleitu zaizkion sailarekin izango den komunikazioa paperean egingo da.
Lehenengoa. Gaitzea.
Ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailari ahalmena emango zaio, dekretu honetan ezarritakoak garatzeko beharrezko diren xedapen eta jarraibide tekniko guztiak eman ditzan. Jarraibide tekniko horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta ingurumenaren alorreko eskumenak esleitu zaizkion sailaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.
Bigarrena. Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 27an.
Lehendakaria,
FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,
MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (4)
- Aldatutakoa: 84/2015 DEKRETUA, ekainaren 9koa, Interneteko goi-mailako «euskadi.eus» domeinu berria ezartzen duena.
- Aldatutakoa: 212/2012 DEKRETUA, urriaren 16koa, ingurumen-lankidetzako erakundeak arautzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Lankidetzako Erakundeen Erregistroa sortzen duena.
- Zuzendutakoa: HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: «278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena».
- Garatutakoa: AGINDUA, 2012 uztailaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, jarraibide teknikoak ematen dira Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua