Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

264/2011 DEKRETUA, abenduaren 13koa, Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia sortzeko eta bere funtzionamendua eta osaera arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: ---
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 245
  • Hurrenkera-zk.: 6268
  • Xedapen-zk.: 264
  • Xedapen-data: 2011/12/13
  • Argitaratze-data: 2011/12/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Emakumeen aurkako indarkeria matxista oso arazo konplexua da, aldi berean arazo soziala eta osasun publikoari dagokiona, eta beraz, bere osotasunean eta eragile sozialen artean koordinatuta heldu behar zaio. Indarkeria honen kausak, agerpen-formak, ondorioak eta inguruabarrak zeintzuk diren ezagutu behar da lehenik, biktimen eta jendartearen gaineko ondorio lazgarriak arintzera bideratutako jardunak eta hartu beharreko neurriak hobetzeko eta, azkenik, errotik erauzteko.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista alde anitzekoa denez, osotasunean heldu behar zaio, eta beraz, ikuspuntu soziala, poliziala, osasunekoa eta hezkuntzakoa bildu behar ditu, eta baita indarkeria horren adierazpenean potentzialki eragina duten edo izan dezaketen bestelako ikuspuntuak ere.

Emakumeen aurkako indarkeria matxista desberdintasunaren adierazlerik krudelena den heinean, berau erauzteko borrokan arautegi mailako aurrerapausoak eman dira, bai estatu mailan bai autonomia mailan; bereziki azpimarratzekoa da Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legea onartu izana. Izan ere, lege horrek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren kausen, ezaugarrien eta zailtasunen ikerketa sustatzera bultzatzen ditu euskal administrazio publikoak, arazoa bera eta beraren ondorioak identifikatzeko, eta, behar bezala aztertu eta gero, ondorio horiek erauzi eta konpontzeko xedearekin aplikatutako neurrien eraginkortasuna eta egokitasuna ebaluatzeko.

Egia da, aipatu legediaren oinarri diren printzipioak aplikatzearen ondorioz, aurrerapauso handiak eman direla, jendarteak eta erakundeek emakumeen aurkako indarkeriaren aurka izan duten esku-hartzean. Botere publikoek koordinatuta esku hartzea eta jarduteko prozedura homogeneoak ezartzea bezalako printzipioak ezinbestekoak dira biktimei babes osoa bermatzeko, eta euskal administrazio publikoek printzipiook aplikatzea eraginkorra izan da emakumeen aurkako indarkeriari pitzadurarik gabe aurre egiteko.

Emandako aurrerapausoen froga dira Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatutako lau Berdintasun Planak, eta etxean tratu txarrak eta sexu erasoak pairatzen dituzten emakume biktimei arreta hobea eskaintzeko Erakunde arteko II. Hitzarmena; azken hau 2009ko otsailaren 3an sinatu zen eta etxean tratu txarrak eta, sexu erasoak pairatzen dituzten emakume biktimei arreta hobea eskaintzea ahalbidetzeko, esku-hartze koordinatua eta jardute-prozedura homogeneoak ezartzen ditu, eta horrela, esku-hartze osoa bermatzen.

EAEn indarrean den Emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Planean ezartzen duenez Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko ekainaren 29ko bileran onartua, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko ardatzean, premia hau adierazten da: «informazioa biltzeko eta homogeneizatzeko sistemak hobetzea, EAEn gertatutako genero indarkeria kasuei buruzko datu eguneratuak izateko eta gai honetan esku-hartze publikoa hobetzeko» (6.2.1 paragrafoa), helburua, indarkeria-jarreren prebentzioan lan egitea izanik.

Helburu hau garatzeko jardueren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia martxan jartzea dago.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak, 6. artikuluko 1. idatzi-zatiaren i) atalean, Herrizaingo Sailaren esku lan-esparru berri bat uzten du; hain zuzen ere, genero-indarkeriaren biktimei eman beharreko arretaren inguruko politikak zuzendu eta koordinatzea. Zeregin hori betetzeko, Herrizaingo Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko abuztuaren 28ko 471/2009 Dekretuaren bidez, Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza sortu zen.

Hortaz, aintzat hartuz manu arauemaileak, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloko txostenen eta azterlanen ikerketa, ebaluazioa eta lanketa sustatzeko beharra eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari esleitutako eskumena, Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia sortzea erabaki da, zuzendaritza honi atxikitako kide anitzeko kolegiatua.

Ondorioz, Herrizaingoko sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko abenduaren 13an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia sortzea eta bere funtzionamendua eta osaera arautzea da.

  1. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia kontsultarako kide anitzeko organoa da eta Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari aholkuak ematea du helburu, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpenen ezaugarrien, kausen eta ondorioen ikerketan, azterketan eta zabalkundean, baita honi buruzko diagnostikoak egitea ere.

  2. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia Herrizaingo Saileko Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari atxikia egongo da, eta zuzendaritza horrek emango ditu helburuak betetzeko beharrezko arauak.

  3. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiak, bere egitekoak betez, gisa horretako indarkeriaren biktimen alde lan egiten duten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde, elkarte eta profesional guztiekin batera jardungo du.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiaren helburuak hauek izango dira:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpenen ezaugarriak, kausak eta ondorioak aztertzea eta zabaltzea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen aurkako indarkeria matxistaren egoera identifikatzea ahalbidetzen duten diagnostikoak egitea.

Behatokia Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren kontsultarako eta aholkularitzarako organoa da, baina ez die Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari esleitutako eskumenei eragiten, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 51. artikuluaren bigarren eta hirugarren idatzi-zatietan xedatutakoaren arabera; eta horrenbestez, eginkizun hauek izango ditu:

  1. Euskal Administrazioek eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan lan egiten duten beste erakunde publiko eta pribatuek emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan duten informazioa biltzea eta aztertzea.

  2. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren garapena aztertzeko adierazle homogeneoak lantzea.

  3. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan informazio-sistemak hobetzeko proposamenak formulatzea.

  4. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren forma eta adierazleen zabaltasuna eta garapenari buruzko diagnostikoa eta ebaluazioari buruzko azterlanak eta txostenak egitea proposatzea, bildutako informazioaren azterketan oinarrituz. Zaurgarritasun-egoera dela eta, euren aurkako indarkeria matxista jasateko arrisku handiena duten emakumeak hartuko dituzte kontuan azterlanek eta txostenek, hala nola, ezintasunak eta mendekotasunak dituzten emakumeak, etorkinak, prostituzioan aritzen direnak, baita diskriminazio-egora bikoitzean edo hirukoitzean dauden emakumeen beste kolektibo batzuk ere.

  5. Hainbat mailatako (forala, autonomikoa, nazionala eta nazioartekoa) behatokietako jardunbide egokien ereduak aztertzea.

  6. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan arreta-emate, prebentzio eta sentsibilizazio lanean diharduten erakunde eta elkarteen zerrenda sistematikoki biltzea.

  7. Erakunde eta organo autonomiko, nazional eta nazioartekoen, profesionalen eta emakumeen indarkeria matxistan adituak direnen arteko lankidetza sustatzea.

  8. Emakumeen aurkako indarkeria matxistaren arloan arreta ematea, berau saihesteko edo erauzteko, eta kausak, bideak, subjektu pasibo edo aktibo potentzialak hobeto ezagutzeko lanean diharduten erakunde guztien artean agiri- eta informazio-trukea erraztea.

  9. Euren jarduerei buruzko urteko txostena egitea; ondoren, Erakunde arteko II. Hitzarmeneko Jarraipen Batzordeari horren berri emango zaio, etxean tratu txarrak eta sexu erasoak pairatzen dituzten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko.

  1. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia emakume eta gizon kopuru orekatuarekin osatuko da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunaren aldeko otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa betetzeko.

  2. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokia ondoko kide hauek osatuko dute:

    1. Lehendakaritza: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren titulartasuna duena.

    2. Kideak:

      Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen ordezkari bat, zuzendari dena.

      Eusko Jaurlaritzako sail hauetako jardun-eremuen ordezkari bana, zuzendari direnak: herritarren segurtasuna, gizarte gaiak, osasuna, justizia, etxebizitza eta hezkuntza.

      Gizarte gaietan eskumena duten Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeetako Foru Aldundien ordezkari bana, zuzendari direnak.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren ordezkari bat.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Salak izendatutako pertsona bat.

      EUDEL EAEko Udalen Elkartearen ordezkari bat.

      Arartekoaren ordezkari bat.

      Euskal Irrati Telebista EITB erakunde publikoaren ordezkari bat.

      Euren elkarteko lehendakari edo lehendakariorde diren sei pertsona, ondoko arloen ordezkaritzan: ezintasunen bat duten emakumeak, adineko emakumeak, landa emakumeak, emakume etorkinak, emakume ijitoak, eta arreta/esku-hartze arloan jarduten duen elkarte baten ordezkaritzan, haren lehendakari edo lehendakariorde den pertsona bat.

      Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako titularrak izendatuko ditu ordezkariok, federazio edo elkarteek berek proposamena egin eta gero.

    3. Idazkaritza: Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzako funtzionario bat.

  3. Funtzionamendua.

    1. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiaren osokoa urtean bitan bilduko da gutxienez, ohiko bileran, eta aparteko bilera lehendakariak beharrezkoa iriztean egingo da, edo kide gehienek hala eskatuz gero.

    2. Bilerarako deia Lehendakaritzak egingo du, bilera-eguna baino 30 egun lehenago gutxienez; hala ere, larrialdi-arrazoiak direla eta, hamar egunera murriztu ahal izango da epe hori. Bilerak Behatokiaren funtzionamendurako barne-araudian xedatutakoari jarraikiz burutuko dira, eta, halakorik ezean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa betez.

    3. Lehenengo osoko bileran funtzionamendurako barne-araudia onartzeari ekingo zaio.

    4. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiak burutu beharreko lanen eta zereginen urteko egitasmoa egingo du, baita burututako jardueren memoria ere.

    5. Behatokiak, bere funtzioak betez, izaera pertsonaleko datuen babesa bermatuko du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan, Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Agentziaren Sorrerari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean eta bere garapen-xedapenetan xedatutakoa betez.

  1. Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokiak batzordeak edo lantaldeak sortzea erabaki ahal izango du, izan daitezen iraunkorrak edo arrazoi puntualei erantzutekoak; hala ere, aurretik, kide gehienek onartu beharko dute.

  2. Lantalde hauek agindutako arloaren arabera eratuko dira, eta arlo horretako adituen lankidetza galdatu ahal izango da, baita emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei arreta ematen, genero-indarkeria prebenitzen edo aipatu arloan sentsibilizatzen jarduten duten erakunde edo elkarteena ere.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Matxistaren Euskal Behatokian ordezkaritza duen erakunde bakoitzak erakundearen ordezkari izateko titularra eta ordezkoa izendatu beharko ditu.

Lehenengoa. Herrizaingoko sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko.

Bigarrena. Prozedura kontuetan eta dekretu honetan xedatu ez den guztiari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. kapituluko II. tituluan kide anitzeko organori buruz xedatutakoa beteko da.

Hirugarrena. Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko abenduaren 13an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.