Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

239/2011 DEKRETUA, azaroaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituen Dekretua aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Justizia eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 228
  • Hurrenkera-zk.: 5796
  • Xedapen-zk.: 239
  • Xedapen-data: 2011/11/22
  • Argitaratze-data: 2011/12/01

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Haurrak eta nerabeak zaintzeari buruzko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen 47.3 artikuluaren arabera, familia barruko gatazkak konpontzeko ordezko bide bat eskura jartzeagatik, Eusko Jaurlaritzak familia-bitartekaritza arautu eta sustatuko du, eta horretarako, besteak beste, elkarguneak sortuko ditu. Horri jarraiki eman zen, hain zuzen ere, uztailaren 1eko 124/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen dituena. Dekretu horren arabera, arlo horretan aginduko du gizarte gaietan eskumena duen sailak.

Lege hori indarrean jarri eta gero, Eusko Jaurlaritzaren egitura organikoa aldatu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren bidez, Justizia eta Herri Administrazio Saila sortu zen; haren barruan sartu zen iraungitako Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailekoa zen Justizia Sailburuordetza. Bada, sailburuordetza horri honako egiteko hau esleitu zitzaion, Justizia eta Herri Administrazio Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen abuztuaren 28ko 472/2009 Dekretua betez: Justizia Administrazioaren esparruko gatazka-ebazpen alternatiboa sustatzea eta garatzea, auzi penal, zibil eta familiarretan bitartekaritza bultzatuz.

Eusko Jaurlaritzaren egitura-, eskumen- eta funtzio-aldaketa horren ondorioz, 124/2008 Dekretuaren zenbait xedapen aldatu behar dira; zehazki, gizarte-gaien arloan eskumena duen sailari elkarguneen kudeaketa esleitzen dien xedapenak, eta errealitate instituzional berrira egokitu behar dira. Kudeaketa hori, gaur egun, justiziaren arloan eskumena duen sailari dagokio.

Nolanahi ere, ez da hori aldatu behar den dekretuan eragina duen araudi mailako aldaketa bakarra. 124/2008 Dekretuan zehar, behin eta berriz egiten zaio aipamena Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeari. Lege hori Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak indargabetu zuen. Beraz, egin behar den aldaketa ez litzateke nahikoa izango, indargabetutako legeari egindako aipamenak zuzenduko ez balira, alegia, egun indarrean dagoen Gizarte Zerbitzuei buruzko 12/2008 Legearen aipamenek aurreko aipamen horiek ordezkatuko ez balituzte.

Horregatik, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 22an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Bat. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren Zioen Adierazpeneko zortzigarren eta bederatzigarren paragrafoen edukia aldatzen da. Honela esango dute aurrerantzean:

Agindu hori eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39.2 eta 40.1.a) artikuluek gizarte-zerbitzuak arau bidez garatu eta antolatzeko Eusko Jaurlaritzari ematen dizkioten eskumenak betetzeko, dekretu honek gizarte-zerbitzuen arloan deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak arautzen ditu, hala nola erantzukizun publikoko zerbitzua, eta gisa honetako errekurtso guztiei aplikagarri zaie, izan publikoak zein itunpeko pribatuak, eta azken kasu honetan, izan irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialekoa edo merkataritza-izaerakoa, Euskal Autonomia Erkidegoan dihardutenak.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak Deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen funtzionamendua sortu eta bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta ekintza zuzeneko deklaratuko ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39.2 artikuluan xedatuari jarraiki.

Bi. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren 6.2 artikuluaren edukia aldatzen da. Honela esango du aurrerantzean:

  1. Halaber, eta Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean xedatutakoari jarraiki, Familia Elkarguneak ondoko printzipioen arabera zuzenduko dute euren jarduna:

    1. Inpartzialtasun printzipioa. Familia Elkargunean burututako jardunean objektibotasuna eta inpartzialtasuna gailenduko dira gatazkan dauden alderdiekin esku hartzean.

    2. Autonomia printzipioa. Pertsona erabiltzaileen autonomia printzipioari jarraiki, Familia Elkarguneek ez dute familia gatazkak eskatzen duen laguntza baino handiagoa eskainiko.

    3. Parte hartzeko printzipioa. Bere antolaketan, Familia Elkarguneek zerbitzua erabiltzen duten pertsonen banan banako parte-hartzea eta kolektiboa errazten duten bideak ezarri beharko dituzte jardunetan eta zerbitzuaren funtzionamenduan oro har, eta halaber, parte-hartze hori ahalik eta gehien indartu beharko dute.

    4. Integrazio printzipioa. Familia Elkarguneen helburua bera ikusirik, kokalekuari eta antolaketari dagokionez, ohiko komunitate-ingurunean egitea lehenetsiko da, baina haurraren edo nerabearen egonkortasuna eta segurtasuna babestea beharrezkotzat jotzen den kasuetan, beste herri bateko Familia Elkargunean egin ahal izango da.

    5. Normalizazio printzipioa. Familia Elkarguneek euren arretaren filosofia eta euren esku hartzea eta funtzionamendua normalizazio printzipioaren arabera antolatuko dute, eta seme-alaba adingabekoen eta beren ama edo aita, tutore edo zaintzaile edo bestelako senide edo ahaideen arteko topaketak, ahal den heinean, familia bizitzako ohiko estandarren eta estandar normalizatuen araberakoak izan daitezela bermatzen saiatuko dira.

    6. Arreta pertsonalizatuaren printzipioa. Familia Elkarguneetan emandako arreta haurraren edo nerabearen eta bere familiaren beharren araberakoa izango, eta beren egoeraren ebaluazioa oinarritzat harturik planifikatuko da.

    7. Profesionalizazio printzipioa. Euren lana Familia Elkarguneetan egiten duten arduradunek eta profesionalek euren maila profesionalari eta betetzen duten karguari edo lanpostuari dagokion prestakuntza teknikoa izan beharko dute. Hala ere, boluntarioen edo praktikaldian diren langileen laguntza izango dute, dekretu honetan xedatzen den gisan.

    8. Koordinazio printzipioa. Familia Elkarguneek kasu bakoitzean eskumena duen organo judizialarekin koordinatu beharko dute euren jarduna, bai haurtzaroa eta nerabezaroa, emakumea eta familia artatu eta babestearen arloan eskumena duten herri-administrazioekin, nahiz arlo horietan diharduten erakunde publiko eta pribatuekin.

    9. Kooperazio printzipioa. Familia Elkarguneek erakunde administratibo, judizial eta polizialekin kooperatu beharko dute, dekretu honetan xedatzen den gisan.

    10. Behin-behinekotasun printzipioa. Familia Elkarguneak behin-behineko eskuartze-hautabidea izango dira, une eta egoera jakin baterako laguntza eskaintzen dutenak, eta ezin izango dira inolaz ere harreman iraunkorrerako formula izan.

Hiru. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren 7 artikuluaren edukia aldatzen da. Honela esango du aurrerantzean:

  1. Justizian eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak sortu eta euren funtzionamendua bermatuko du, erantzukizun publikoko zerbitzu gisa, eta ekintza zuzeneko deklaratuko ditu Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 39.2 artikuluan xedatuari jarraiki.

  2. Halaber, sail horrek deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneen planifikazio orokorra egingo du eta eskumena duten administrazioen eta ekimen itundu pribatuko erakundeen jardunen koordinazioa sustatuko du, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 40. artikuluaren 2. eta 6. idatz-zatietan xedatuari jarraiki.

Lau. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren 8.1 artikuluaren edukia aldatzen da. Honela esango du aurrerantzean:

  1. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearekin bat, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneak dagozkien baimen-emate, erregistro, homologazio eta ikuskaritzako administrazio-jardunei atxikiko zaizkie, eta hauen erakunde titularraren izaera publiko edo pribatua aintzat hartuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte-zerbitzuen baimen-ematea, erregistroa, homologazioa eta ikuskaritza arautzen duen martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan xedatzen den gisan.

Bost. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren xedapen gehigarriaren edukia aldatzen da. Honela esango du aurrerantzean:

Dekretu hau argitaratzen denetik, Eusko Jaurlaritzak, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren bidez, deribazio judizialaren bidezko Familia Elkarguneko zerbitzuak ezarriko ditu martxan, eta biztanle asko duten udalerriak lehenetsiko ditu, dagoen eskaerari erantzuteko.

Sei. Uztailaren 1eko 124/2008 Dekretuaren azken xedapenetatik lehenengoaren edukia aldatzen da. Honela esango du aurrerantzean:

Lehenengoa. Araudia garatzea.

Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailaren titularrari baimena ematen zaio dekretu hau garatzeko beharrezko diren xedapenak emateko.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.