Arautegia

Inprimatu

233/2011 DEKRETUA, azaroaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 233
  • Hurrenkera-zk.: 5926
  • Xedapen-zk.: 233
  • Xedapen-data: 2011/11/15
  • Argitaratze-data: 2011/12/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Ekonomia

Testu legala

2003ko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (200. zenbakia) argitaratu zen 229/2003 Dekretua, irailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapen eta mendi-nekazaritzako elkarte eta federazioei nahiz nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresaburuei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa). Dekretuaren aplikazio-eremuaren baitan zenbait espediente izapidetu dira, eta agerian geratu da beharrezkoa dela programaren zenbait alderdi aldatzea, laguntzak hobeto kudeatzeko, administrazioaren eraginkortasuna handiagoa izateko eta lortu nahi diren interesak babestuko direla bermatzeko. Halaber, landa-garapen eta mendi-nekazaritzako elkarte eta federazioei zuzendutako laguntzak dekretu honen erregulaziotik kanpo geratzen dira, landa-garapena helburu nagusia duten elkartetzat hartu baitira.

Arauaren idazketa egoera berrira egokitzea denez helburua, aurreko testua indargabetu eta xedapen orokor hau egin dugu. Bertan, ezabatu egin dira landa-garapen eta mendi-nekazaritzako elkarte eta federazioei buruzko erreferentzia guztiak (izenburua, xedea, onuradunak), espedienteak kudeatzearekin zerikusi zuzena duten alderdiak erantsi dira zenbait artikulutan (baldintzak, diruz laguntzekoak diren gastuak, kuantifikazio-irizpideak, eskabidea eta dokumentazioa) eta xedapen bat gehitu da, hain zuzen, honi buruzkoa: «Diruz lagundu ezin diren gastuak». Halaber, erantsi dugun kuantifikazio-irizpideetako bat hau da: «Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan». Izan ere, xedapenean berdintasuna sustatzeko neurriak ezartzea da helburua.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2011ko azaroaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xede da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialei zuzendutako diru-laguntzak emateko erregimena arautzea.

  1. Dekretu hau dela-eta ematen diren kopuruak itzuli behar ez diren diru-laguntzak izango dira.

  2. Helburu horretara bideratutako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ekitaldi bakoitzean horretarako berariaz ezarritako kredituetakoak izango dira.

  3. Sektore bakoitzari eman beharreko laguntzen kopuruak ez du sektore bakoitzerako aurrekontu-kontsignazioa gaindituko, ez eta indarreko legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera aurrekontuetan ezarritako kopuru hori eguneratzetik ateratzen dena ere. Halakorik gertatuz gero, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Zerbitzuen zuzendariaren ebazpen batek emango du horren berri, diru-laguntzak esleitu aurretik.

  1. Dekretu honen bidez erregulatutako laguntzen onuradun izan daitezke dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresarialak. Horren haritik, jolas-arrantzako elkarte eta federazioak ere arrantza-sektorekotzat hartuko dira. Ezin izango dira onuradun izan lurralde historiko bat baino gutxiago hartzen duten elkarte edo federazioak, arrantza-sektoreari dagozkionak salbuetsita.

  2. Baztertu egiten dira izaera sindikaleko nekazaritza-erakunde profesionalak. Izaera sindikaleko nekazaritza-erakunde profesionaltzat hartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren interes orokorra ordezkatzea eta defendatzea helburu dutenak eta nekazaritzako profesionalek osatzen dituztenak, betiere jarduten duten nekazaritza-ekoizpenaren azpisektorearen arabera bereizi gabe.

  1. Aurreko artikuluan zehaztutako elkarte eta erakundeek eskatu ahal izango dituzte Dekretu honetan araututako laguntzak, baldin eta betekizun hauek betetzen badituzte:

    1. Legez eratuta eta dagokion erregistroan inskribatuta egotea eta/edo Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 86. artikuluaren bidez sortutako Nekazaritzako eta Elikagaigintzako elkarte adierazgarrien erroldan erregistratuta egotea. Elikagaigintza-sektorearekin zerikusia duten erakunde asoziatiboen kasuan, arrantza-sektoreko merkataritza-enpresak izan ezik, elkartea edo federazioa osatzen duten enpresako 2/3ek inskribatuta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Elikagaigintza Industrien Erregistroan eta datuak eguneratuta izan.

    2. Sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan egotea.

    3. Sozietatearen helburua nekazaritza, elikadura eta/edo arrantzako interesei edo ordezkaritzari lotua egotea edo horiekin zerikusia izatea.

    4. Irabazi-asmorik ez izatea.

    5. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

Honako gastu hauek diruz lagunduko dira, ondoren zehaztuta dauden mugaretaino:

  1. Autonomia-erkidego, estatu eta Batasunaren eremuetan bazkideen interesak defendatzeko eman eta aitortu zaizkien ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak; esate baterako, lo-lekuari, bidaiei edo otorduei dagozkienak. Kontzeptu horiengatik diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa urteroko deialdirako aginduan ezarriko da.

    Gastu horien % 90 lagundu daiteke diruz.

  2. Erakunde eta elkarteen jarduera ordaintzeko bideratutako gastu arruntak, baldin eta gastuok erakunde asoziatiboen helburu sozialak behar bezala bete daitezen sustatzeko badira:

    nominapeko langileen gastuak,

    bulegoen alokairuak,

    aseguru-primak,

    garbitasun- eta komunitate-gastu orokorrak,

    argi, ur, gas eta telefonoaren hornidura,

    zainketa- eta konponketa-gastuak, ibilgailuenak izan ezik,

    posta-zigiluek, mezularitza-zerbitzuek eta komunikazioek eragindako gastuak,

    bulegoko materiala, kopiak eta inprenta,

    profesional independenteen zerbitzuak, esaterako, gestoria, aholkularitza, eskatzailearen kideena ez jarduerarekin zerikusi zuzena duten kontsultak,

    publizitatea eta propaganda,

    argitalpenen harpidetza-kuotak

    Gastu horien % 50 lagundu daiteke diruz. Zenbait jarduera-gasturi dagokienez, diruz lagundu ahal izango dira faktura 50 eurokoa baino handiagoa bada (BEZa barne). Esaterako, gastu hauek: bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbitasun- eta komunitate-gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zaintza eta konponketak. Kontzeptu horiengatik diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa urteroko deialdirako aginduan ezarriko da.

  3. Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak, baldin eta jarduerarako baldintzak eta arloetako baldintza sozio-ekonomikoak sustatu eta hobetzera zuzentzen badira, gastuaren % 100 lagundu daiteke diruz. Kontzeptu horiengatik diruz lagunduko den gehieneko zenbatekoa urteroko deialdirako aginduan ezarriko da.

  4. Nekazaritza, arrantza eta/edo elikadurari buruzko azokak edo lehiaketak antolatzeko egindakoak.

    Gastu horien % 100 lagundu daiteke diruz.

  1. Ez dira diruz lagunduko ondorengo gastuak:

    1. Erakunde eskatzaileak bera kide den beste erakunde asoziatibo batzuei ordaindutako gastuak, kontzeptu honetakoak badira: zerbitzuak ematea edo errentamenduak.

    2. Erakunde eskatzailearen aginte-organoko kideren baten kontratazioak eragin ditzakeen langile-gastuak eta zerbitzu profesionalak.

    3. Autopista eta parking-gastuak.

    4. Erakunde eskatzailearen kontratupeko langileak kaleratzeagatiko kalte-ordainak eta haien erretiro aurreratuak.

    5. BEZa, erakunde eskatzailea BEZaren aitorpena egitetik salbuetsita izan ezean.

    6. Bazkideei egindako analitikei dagozkien gastuak.

  2. Nolanahi ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak erakundearen funtzionamendurako edo ordezkaritzarako beharrezko edo funtsezko irizten ez dien gastuak ez dira hemen sartuko, laguntzak emateko orduan.

  1. Aurreko 5. artikuluan ezarritako mugen barruan, laguntzaren zenbateko zehatza honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:

    1. Elkarte edo federazio sortu berriak, lurralde historikoak batzearen ondorioz eratutakoak.

    2. Erakunde eskatzaileak defendatzen dituen interes ekonomiko eta sozialen garrantzia.

    3. Erakundeak sektore bakoitzean garatu eta/edo sustatzen dituen jardueren garrantzia.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore zehatz bakoitzaren barruan egiaztatzen duen ezarpen-maila.

    5. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak sustaturiko jarduera eta ekimenetan erakundeak azaltzen duen lankidetza-maila, betiere haren arloa modernizatu eta hobetzeari dagokionez.

    6. Elkarteak jarduteko hartzen duen lurraldearen eremua.

    7. Azoka profesionaletan duen parte-hartzea.

    8. Erakundea osatzen duten bazkideen kopurua.

    9. Bazkide-kopuruaren bilakaera, eskaera aurkeztu aurreko azken bost urteetan.

    10. Erakundeak duen langile-kopurua.

    11. Bazkide bakoitzak emandako ekarpena (urteroko kuota, eskaera aurkeztu aurreko urtean).

    12. Erakundea osatzen duten enpresen fakturazioaren zenbatekoa.

    1. Ekoizpenaren garrantzia, lehen sektoreari dagokionez.

    2. Kalitatearen bereizgarria duten produktuak egitea eta/edo merkaturatzea.

    1. Nekazaritzan eta elikagaien sektorean duen trakzio-eragina.

    2. Berrikuntza jardueretan eta proiektuetan.

    3. Elkartea osatzen duten ekoizle edo egileen kopurua.

    4. Aurkeztutako proiektuen interes teknikoa eta zientifikoa, bai eta emaitzek sektorea hobetu, garatu eta modernizatzeari begira ekar ditzaketen abantailak ere.

    5. Emakumeen ehunekoa zuzendaritza-organoetan.

    6. Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea, elkarte edo federazioaren barne-komunikazioetan zein kanpokoetan.

  2. Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduz, kuantifikazio-irizpideak urtero-urtero aztertuko dira sektoreka.

  1. Laguntza-eskabideak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko bulegoetan (Donostia kalea,1 - 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkeztuko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokiren batean, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoari jarraiki. Halaber, sektorea kontuan hartuta, ondoren zehaztutako organoren bati aurkeztu behar zaio eskabidea:

    1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, nekazaritzaren kasuan.

    2. Berrikuntza eta Elikagaien Industria Zuzendaritzari, elikagaien sektorearen kasuan.

    3. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari, arrantzaren kasuan.

  2. Dekretu honetako I. eranskinean dauden Elkarteak 20... Programa eskatzeko inprimaki normalizatuetan egin behar dira eskaerak (Elkarteak 20... Programaren Eskaera Inprimakiak); erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinatu beharko du eta agiri horretan zehaztutako gainerako agiriak ere aurkeztu beharko dira (EL-6 inprimakiak):

    1. EL-1 inprimakia: eskaera.

    2. EL-2 inprimakia: gastuak eta diru-sarrerak. Dagokion ekitaldiko aurrekontu zehatzean diru-sarreren eta gastuen aurreikuspen xehatua sartu behar da.

    3. EL-3 inprimakia: adierazpen arduratsua. Horretan, hauek guztiak adierazi beharko dira: beste erakunde batzuei, publiko zein pribatuei, egindako laguntza-eskaerak eta horien zenbatekoak, kontu-ikuskapen sinplifikatua egiteko konpromisoa, bazkideen zerrenda eta aurreko ekitaldian horietako bakoitzak egindako ekarpena eta elkarte edo federazioaren helburu soziala.

    4. EL-4 inprimakia: azalpen-memoria; bertan, erakundeak eskaera egin duen ekitaldi ekonomikoan gauzatutako edo gauzatuko dituen jardueren eta ekimenen edukia zehaztu behar du, betiere, 5. artikuluan ezarritakoarekin bat, eskatu eta diruz lagun daitezkeen gastuen arabera; era berean, zehaztu beharko dira jarduerak eta ekimenak egiteko datak, giza baliabideak, baliabide materialak, bazkideen kopurua eta zerrenda, bazkide bakoitzaren ekarpen-kuota, bai eta laguntzaren premia nahiz zenbatekoa ebaluatzeko erabil litezkeen bestelako alderdiak ere.

      Halaber, azalpen-memorian behar besteko argibide eman beharko dira, 7. artikuluan ezarritako kuantifikazio-irizpideen arabera.

    5. EL-5 inprimakia: sozietatearen erabakia; dekretu honetan ezarritako laguntzak eskatzeko sozietateak hartutako erabakiaren egiaztagiria aurkeztu behar da.

  3. Aldi berean, aurreko idatzi-zatian zehaztutako inprimakiekin batera, eskatzaileak agiri hauek guztiak aurkeztu beharko ditu:

    1. Eraketa-aktaren eta estatutuen kopia.

    2. Hala badagokio, erakundea batasun, federazio edo bestelako erakunde baten barruan dagoelako izaera egiaztatzen duen agiria.

    3. Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

    5. PFEZ 190 agiria, nominapeko langileen gastuak justifikatzeko.

    6. BEZaren aitorpena egitetik salbuetsita dagoelako agiria, hala badagokio, foru-aldundiak eginikoa.

    7. Kide diren sektoreko enpresen izenak biltzen dituen zerrendaren agiria, erakundearen idazkariak egina, eskaera aurreztu baino hilabete lehenago eguneratua. Horrez gain, kide bakoitzak emandako ekarpen-kuota ere adierazi behar da.

    8. Erakundeak proiektu eta jarduera berberetarako eskatutako laguntzei buruzko zinpeko adierazpena.

    9. Zinpeko edo ardurapeko aitorpena, egiaztatzeko erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik jaso, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.

    10. Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, aginte-organoen eraketari eta sexuaren araberako banaketari buruzkoa.

  4. Eskabideak akats edo okerren bat badu, edo baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz egindako ebazpena eman ondoren.

  5. Nolanahi ere, eskabidea behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta/edo informazio guztia eskatu ahal izango zaio eskatzaileari, eta, halaber, adieraziko zaio arau honetan berariaz ezarri ez den guztian Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritakoa aplikatuko dela.

  6. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduz, urtero-urtero zehaztuko da zein izango den laguntza-eskabideak aurkezteko epea, 7.1 artikuluan ezarritako irizpideetatik zein hautatu diren, sektore bakoitzari dagokion aurrekontu-esleipena (nekazaritza, arrantza eta elikagaiak), eta diruz lagunduko diren gastuen gehieneko zenbatekoa, 5. artikuluan (diruz lagunduko diren gastuak) adierazitako hauen artean:

    1. Ordezkaritza-zereginak betetzeari dagozkionak.

    2. Honako jarduera-gastu arrunt hauek: bulegoko langileen gastuak, bulegoen alokairuak, aseguru-primak, garbitasun- eta komunitate-gastu orokorrak, bulegoko materiala, argitalpenen kuotak, eta zaintza eta konponketak.

    3. Izaera esperimentala duten jarduerak eta azterlanak egiteari dagozkionak.

  1. Dekretu honen 8.1 artikuluan ezarritako irizpidearekin bat etorriz, eskaera egin zaion zuzendaritzak izapidetu, erabaki eta ordainduko ditu laguntza-eskabideak.

  2. Diru-laguntzak lehiarik gabeko prozeduraren bidez emango dira, baldintzak betetzen dituzten sektore bereko eskatzaileen artean. Horretarako, aurkeztutako eskaerak alderatuko dira, urteroko deialdiaren aginduan ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatu ondoren. Irizpide horiek aplikatu eta gero, erakunde eskatzaileen zerrenda egingo da, sektore bakoitzeko bat, eta lortutako puntuazioaren arabera ordenan jarriko dira, puntu gehien lortu dituenetik gutxien lortu dituenera; zerrendan, halaber, bakoitzak lortutako puntu-kopurua ere adieraziko da. Puntu gehien lortu dituen eskabideari dekretu honetan xedatutako gehieneko ehunekoa aplikatuko zaio, eta gainerako eskaerei, hortaz, lortutako puntuazioaren arabera aplikatuko zaie dagokien ehunekoa, hurrenez hurren. Urteroko deialdian sektore bakoitzerako xedatutako zenbateko ekonomikoa iristen bada kalkulatutako kopuruak emateko, guztiei emango zaie laguntza, aurrez erabakitako zenbatekoan. Urteroko deialdirako aginduan ezarritako gehieneko zenbateko globala ez bada nahikoa aurkeztutako eskaera guztiak ordaintzeko, zenbatekoa hainbanatu egingo da sektore bakoitzeko onuradunen artean, dagoen zenbatekoa agortu arte. Sektore baten barruan soberakinak egonez gero, gainerako sektoreei egotziko zaizkie agortzen diren arte; sektore horien artean, lehentasuna izango du aurrekontu-premia handiena duenak.

  3. Balorazio-batzorde bat eratuko da; batzorde hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko hiru teknikari profesionalek teknikari bat zuzendaritza bakoitzeko osatuko dute, bai eta Zerbitzu zuzendariak izendatutako beste teknikari batek ere; horien guztien zereginak hauek izango dira: batetik, aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea, dekretu honen 7. artikuluan ezarritako kuantifikazio-irizpideak aintzat hartuta; eta, bestetik, dagokion zuzendariari aurkeztu beharreko ebazpen-proposamen bat egitea. Balorazio-batzordearen barruan gizonezkoen eta emakumezkoen presentzia orekatua bermatuko da, eta bete egingo da, beraz, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerakoak, 23. artikuluan arautzen duena.

  4. Emakidari buruzko ebazpenean laguntzaren zenbateko zehatza finkatuko da. Ezarritako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gain, sektore bakoitzaren zuzendaritzaren ebazpen baten bitartez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira dekretu honen babespean emandako diru-laguntza guztiak eta izendatutako onuradunak. Baldin eta, laguntza eman zaiola jakinarazten zaion egunetik hamabost egun igarota, onuradunak diru-laguntzari beren beregi eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin duela ulertuko da.

  5. Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita, hiru hilabete igaro badira beren beregiko ebazpena eman eta jakinarazi gabe, interesatuek eskaerak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

  6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 114. artikuluak ezarritakoari jarraituz, emandako ebazpenaren kontra, edo ebazteko epea beren beregiko ebazpenik gabe igaro bada, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordeari, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari aurkeztutako eskaeren kasuan; eta Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeari, Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari eta Berrikuntza eta Elikagaien Industria Zuzendaritzari zuzendutako eskaeren kasuan.

  1. Dekretu honetan araututako laguntzen onuradunek, neurri orokor gisa, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete behako dituzte. Era berean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren zereginak betetzean, xedapen honen arabera jasotako laguntzen gainean eska diezaieketen informazioa; halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jakinarazi beharko diote zeintzuk diren helburu bera dela-eta eskuratutako bestelako diru-laguntzak edo baliabideak, bai eta laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantziaren aldaketa gertatu den ere.

  2. Erakunde asoziatibo onuradunak eskaera aurkeztu duen urtean egin beharko ditu diruz lagundutako gastuak; halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko dagokion zuzendaritzari agiri hauek igorri beharko dizkio, hurrengo ekitaldiko martxoaren 31 baino lehenago:

    1. Eskaera egiteko aurkeztu eta Sailak onetsitako gastu eta diru-sarreren aurrekontu osoa bete dela zehazten duen txostena.

    2. Laguntzaren helburuaren gastua egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainketak justifikatzen dituzten agiriak, betiere laguntza onesteko ekitaldiari dagozkionak.

    3. Kontu-ikuskapen sinplifikatua, betiere laguntza 45.075,91 eurokoa edo kopuru horretatik gorakoa izan den kasuetan.

    4. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

  1. Laguntzaren helburu izan diren gastu guzti-guztiak behar bezala justifikatu eta gero abonatuko da laguntza; horretarako, gastuak justifikatzeko agiriez gain, II. eranskina behar bezala beteta aurkeztu beharko da (Gastuak justifikatzeko inprimakia).

  2. Onuradunak aurretik eskaera arrazoitua eta idatzia egiten badu, laguntzaren zenbatekoaren % 50 aurretik ordaindu ahal izango da, deialdia erabakitzeko ebazpena jakinarazi eta diru-laguntza onartu eta gero. Gainerako % 50 diru-laguntza jaso zuen inbertsioa edo gastua erabat eta ondo erabili dela justifikatu eta gero ordainduko da. Baldin eta diru-laguntza handiagoa bada 180.303,631 euro baino, onuradunak berme erreala aurkeztu beharko du, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak agintzen duen eran.

  3. Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

Dekretu honetan ezarritako laguntzen emakida bateratu egin ahal izango da beste erakunde publiko edo pribatuek gastu osagarriak ordaintzeko emandako beste edozein diru-laguntza edo laguntzarekin; halako kasuetan, laguntzen kopuruak, guztira, ez du dekretu honen 5. artikuluan ezarritako zenbatekoa gaindituko. Horrela bada, diru-laguntzen kopurua gutxitu beharko da muga hori gaindi ez dezan.

  1. Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzetako edozein aldatzen bada edo diruz lagundutako zenbatekoaren gehieneko muga gainditzen bada bestelako laguntzak edo diru-laguntzak batera eskuratu direlako, laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntzaren onuraduna izateko ezarritako gutxieneko baldintzak bere horretan uzten badira. Horrenbestez, kasuan kasuko sektorearen zuzendariak dagokion aldaketarako ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokitzeko.

  2. Nolanahi ere, onuradunak betetzen ez badu dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzetako bat edo, hala badagokio, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, kasuan kasuko zuzendariak, ez betetzeagatiko espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du, bertan diru-laguntzarako eskubidea galdu dela aldarrikatuko du eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko korrituak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko du, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Zenbateko horiek sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.

  3. Itzulketa-prozedura administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

Indargabetu egiten da 2003ko urriaren 14ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (200. zenbakia) argitaratu zen 229/2003 Dekretua, irailaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-garapen eta mendi-nekazaritzako elkarte eta federazioei nahiz nekazaritza, arrantza eta elikaduraren sektoreetako elkarte eta federazio profesional eta enpresaburuenei zuzendutako laguntzei buruzkoa («Elkarteak» programa).

Lehenengoa. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari ahalmenak ematen zaizkio dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezko xedapenak eman ditzan.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko azaroaren 15ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (12)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.