Arautegia

Inprimatu

225/2011 DEKRETUA, urriaren 26koa, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 215
  • Hurrenkera-zk.: 5502
  • Xedapen-zk.: 225
  • Xedapen-data: 2011/10/26
  • Argitaratze-data: 2011/11/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen VI. titulua Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema hobetzeari eta garatzeari buruzkoa da eta, bertan, Gizarte Zerbitzuetako prestazioen, zerbitzuen, programen eta jardueren kalitatea hobetzeko egiturak eta neurriak antolatzera bideratutako neurriak hartzen dira.

Helburu orokor horren sustapena eta jarraipena, elkarren osagarri diren funtsezko lau euskarri edo tresnetan oinarritzen du legezko testuak:

Kalitatea ebaluatzeko eta etengabe hobetzeko sistemen aplikazioa sustatzea eta koordinatzea, hain zuzen, zerbitzuen premiei emandako erantzunean eta funtzionamenduan disfuntzioak edo gabeziak zehazten laguntzen duten sistemak; eta, hala behar bada, arlo honetan lortutako emaitzak publikoki ezagutarazteko formulak eta bideak ezartzeko aukerarekin.

Gizarte zerbitzuetan ikerketa sustatzea, baita ikerketa eta garapeneko eta ezagutzaren kudeaketako ekimenak ere.

Gizarte zerbitzuetako profesionalen prestakuntza etengabe hobetzea eta profesional horiek sentsibilizatzea euren jarduna zerbitzu eta zentroetan burutzen dutenak batez ere, euren jardun profesionalean dagoen dimentsio etikoari eta bioetikoari dagokionean.

Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistema diseinatzea eta martxan jartzea.

Dekretu honek lehen bi tresnak garatzen ditu, eta, horretarako, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzen du, Eusko Jaurlaritzan gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen sailari berariaz atxikitako zerbitzu gisa. Halaber, bere jardun-ardatz tematikoak zehazten ditu, legeak ematen dizkion oinarrizko funtzioen edukiak garatzen ditu eta sail berari atxikitako beste behatoki batzuekiko jarduna koordinatzea aurreikusten du.

Ondorioz, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, dagozkion nahitaezko txostenak eman eta gero, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko urriaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen gaia Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia sortzea eta haren egitura eta funtzionamendua arautzea da.

Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin bat, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokia Eusko Jaurlaritzan gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen sailari berariaz atxikitako zerbitzua da, arlo horretan eskumena duen Zuzendaritzaren bidez atxikia; eta Zuzendaritza horretan baliabide material eta pertsona baliabide erabilgarriekin erantzungo du.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren helburua gizarte zerbitzuen kalitatea bermatu eta hobetzeko beharrezko neurriak sustatzea da.

  1. Gizarte Zerbitzuen Behatokiak, bere egitekoei erantzunez, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren jardun-eremua beteko du, Gizarte Zerbitzuen abenduaren 5eko 12/2008 Legean horretarako xedatutakoarekin bat.

  2. Hala ere, bere jardun-eremutik kanpo geldituko dira Eusko Jaurlaritzan gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen sailari atxikitako behatokien berariazko arloak; dena den, sail horren bidez, behatoki horien artean koordinatzea ahalbidetzen duten neurriak hartuko dira euren jardunen koherentziarik osoena eta handiena bermatzeko. Horretarako, ondokoak bilatuko dira:

    Lanabesak eta tresnak era partekatuan erabiltzea: datu-biltegiak, inkestak, dokumentazio-funtsak, informatika-aplikazioak edo bestelakoak.

    Behatoki bakoitzak eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak homogeneizatzea.

    Ikerketak eta bestelako jarduerak elkarrekin planifikatzea.

Aurreko artikuluan aipatu jardun-eremuaren barnean, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiaren lanaren ardatz tematikoak hauek izango dira:

  1. Gizarte beharrak eta zerbitzu- eta dirulaguntza-eskariak.

  2. Zerbitzuen eta dirulaguntzen norainokoa eta ezaugarriak.

  3. Arretaren kalitatea, jardun profesionaleko dimentsio etikoa eta bioetikoarekin zerikusia duten alderdiak azpimarratuz bereziki.

  4. Gizarte zerbitzuen politika publikoak.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak ondoko egitekoak izango ditu:

  1. Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan ezarritako lehentasunen baitan azterlanak eta ikerketak egitea; horren arabera, ondoko jarduerak burutuko ditu:

    Gizarte aldaketak eragiten dituzten arrazoiak eta faktoreak ikertzea.

    Beharrak antzeman eta eskaria aztertzea, ondotik planifikatzeko.

    Zerbitzuak aztertzea arretaren kudeaketari, kostuari eta kalitateari dagokionean, arretaren etengabeko hobekuntza sustatzeko eta garapena eta bilakaera bideratzeko.

    Autonomia, estatu eta nazioarte mailako joera eta esperientzia berriak aztertzea, nola gizarte zerbitzuen politika publikoetan, hala zerbitzuen eta dirulaguntzen diseinuan eta antolaketan.

    Gizarte zerbitzuen alorreko agiri zientifikoak zabaltzea.

    Komunikabideetan gizarte zerbitzuei buruz ematen den informazioaren tratamendua hobetzeko ekimenak proposatzea.

    Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistemarekin batera lan egitea, gizarte zerbitzuen alorrean diharduten zerbitzuek eta eragileek erabilitako adierazleak eta informazio-sistema hobetzeko proposamenak eginez.

    Beste erkidego autonomo batzuetako izaera bereko erakundeekin parte hartzea eta harremanak izatea, euren jardun-eremuetan abian jarritako eta antolatutako esperientzien eta erreformen berri izateko.

    Profesionalen topaketak sustatzea eta proposatzea, nola autonomia eta estatu mailan hala nazioarte mailan, arlo horretako esperientziak, ikerketak eta lanak trukatzea errazteko.

  2. Ebaluazioa egiaztatzeko prozesuen eta kalitatea etengabe hobetzeko metodoen aplikazioa sustatzea; horretarako, jardun hauek garatuko ditu:

    Ebaluazioa egiaztatzeko prozesuen eta kalitatea etengabe hobetzeko metodoen aplikazioa sustatzea gizarte zerbitzuetan; prozesu eta metodo horien bidez, beharrei ematen zaien erantzunean eta zerbitzuen funtzionamenduan, izan kudeaketan zein arreta zuzenean, dauden disfuntzioak edo gabeziak zehaztuko dira.

    Euskal administrazio publikoetan ezarritako prozesuak aztertzea, gizarte zerbitzuak eta administrazio horiek emandako zerbitzuen kalitatea hobetzeko metodoak ebaluatzeko.

  3. Gizarte zerbitzuetako profesionalak sentsibilizatzea euren jarduna zerbitzuetan eta zentroetan burutzen dutenak batez ere, euren jardun profesionalean dagoen dimentsio etikoari eta bioetikoari dagokionean. Horretarako jardun hauek burutuko ditu:

    Prestakuntza-programak sustatzea, jardun profesionala era egokian burutzeko ezagutza eta tresna egokiez hornitzeko helburu etikoen errespetuan.

    Ikerketako berariazko ekimenak sustatzea.

    Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte zerbitzuen eta zerbitzu soziosanitarioen arloan diharduten etika-batzordeen jardunetik eratorritako jarduteko gomendioak eta jarraibideak zabaltzeko eta bidulgatzeko bideak sustatzea.

  4. Koordinatzea:

    Kalitatearen ebaluazioaren eta etengabeko hobekuntzaren arloan burutzen diren jardunak koordinatzea, emaitzen konparagarritasuna bermatzen duten ebaluazio-tresnen erabilera errazteko.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak ondoko egitura funtzionala izango du:

  1. Ikerketa arloa.

  2. Dokumentazio eta Argitalpen arloa.

  3. Sentsibilizazio, Truke eta Lankidetza arloa.

  4. Ebaluazioa Sustatzeko arloa.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak ondoko tresnak eta produktuak garatuko ditu:

  1. On line kontsultagai dauden datu-baseak:

    Datu biltegiak, Euskal Estatistika Erakundea-Instituto Vasco de Estadística erakundeak eta gizarte zerbitzuetan eskumena duen sailari atxikitako Estatistika Organoak emandako estatistiketatik ateratakoak, eta baita bestelako erakunde publiko eta pribatuek emandako datuetatik ateratakoak ere.

    Kalitate- eta etekin-adierazleen biltegiak.

    Literatura espezializatuko, legediko eta prentsan argitaratutako albisteetako dokumentuen datu-baseak.

  2. Aldizkako argitalpenak:

    Berrikuntza editorialak zabaltzeko buletin dokumental bat.

    Albisteen buletin elektroniko bat, Gizarte Zerbitzuen Euskal Behatokiak burututako jarduerak zabaltzeko.

  3. Txostenak eta ikerketak:

    Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioaren Euskal Sistemaren eremuan bildutako datuetatik abiatuta egindako urteko txostena eta Behatokian burututako jardueren urteko txostena. Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoari eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Kontseiluari bi txosten horien berri emango zaie.

    1. artikuluan aipatutako ardatz tematikoetako edozeini buruzko ikerketa monografikoak.

  4. Gizarte zerbitzuen liburu zuriak eta eskuliburuak, ondoko hauei buruzko gomendioak eta jardun onak zabaltzea ahalbidetzen dutenak:

    Gizarte zerbitzuen arloko politika publikoak diseinatzea eta ezartzea.

    Zerbitzuak eta dirulaguntzak antolatzea.

    Gizarte zerbitzuen arloari atxikitako lanbideetan jardutea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko urriaren 26an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.