Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

79/2011 DEKRETUA, apirilaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoan graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetara sartzeko arauak ezartzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 82
  • Hurrenkera-zk.: 2401
  • Xedapen-zk.: 79
  • Xedapen-data: 2011/04/19
  • Argitaratze-data: 2011/05/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio irakaskuntzak arautzea, horren hedapen, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan. Eskumen hori erabiliz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetara sartzeko arauak ezartzea. Unibertsitate-ikasketetara sartzeko araubidea ezartzeko, arau hauek bete behar ditu: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal Unibertsitate Sistemarena; 1892/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, graduko unibertsitate-ikasketetarako sarbide-baldintzak arautzen dituena; 558/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez aldatzen den 1892/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa; 23/2009 Dekretua, otsailaren 3koa, Batxilergoko curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzkoa; eta 122/2010 Dekretua, apirilaren 20koa, zeinaren bidez aldatzen den 23/2009 Dekretua, otsailaren 3koa. Eta azkenik, arau honek zehaztu du tituludun jakin batzuek graduko unibertsitate-ikasketetara sartzeko egin behar duten probaren edukia: EDU/3242/2010 Aginduak, abenduaren 9koak, Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari-titulua, arte eta diseinuko goi-mailako teknikari-titulua, goi-mailako kirol-teknikariaren titulua eta titulu baliokideak dituztenek unibertsitatera sartzeko egin dezaketen sarbide-probaren fase espezifikoaren edukia zehazten duenak.

Euskal unibertsitate-sistemaren antolaketako printzipio informatzaileetako bat da gogoa eta gaitasuna dituzten guztiei unibertsitate-ikasketa arautuetara sarbidea erraztea, baita goi-mailako heziketako gizarte-eskaerak eta -beharrak betetzea ere. Sistema horren funtsezko helburuen artean daude ikasleen lanbide-trebakuntza, horien prestakuntza intelektuala, zientifikoa, humanista eta teknikoa, eta pertsonek bizitza osoan zehar etengabeko prestakuntza izateko laguntza.

Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, 38. artikuluan dio unibertsitate-ikasketetara sartzeko beharrezkoa izango dela, Batxilergoko titulua izateaz gain, sarbide-proba bat gainditzea. Proba horren bidez, eta Batxilergoko kalifikazioen laguntzarekin, baloratuko dira ikasleen heldutasun akademikoa, jakintzak eta unibertsitate-ikasketak ongi egiteko gaitasuna. Sarbide-proba hau Batxilergoko bigarren mailako edukiei buruzkoa izango da, arau hauek zehaztutako edukiei buruzkoa, alegia: 23/2009 Dekretuak, otsailaren 3koak, Batxilergoko curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzkoa; eta 122/2010 Dekretuak, apirilaren 20koak, zeinaren bidez aldatzen den 23/2009 Dekretua, otsailaren 3koa.

Curriculum horrek, lehen aldiz, erreferentzi zehatza egiten die Batxilergoko oinarrizko gaitasunei. Beraz, Europar Batasunak Oinarrizko Hezkuntzarako aholkatutakoarekin bat dator eta hezkuntza-etapa hori Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Espaziorako aurreikusitakoarekin elkartzen du. Hori dela eta, sarbide-probako atal orokorreko ariketei esker baloratuko dira Batxilergoa bukatzerakoan ikasleak izan behar dituen heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak. Atal espezifikoan, aldiz, Batxilergoko modalitate bakoitzean bereganatutako gaitasunak erakutsi beharko dira. Hauek dira modalitateak:

  1. Arte-modalitateko gaitasunak. Modalitatea goi-mailako lanbide-ikasketetara eta unibertsitate-graduetako Arte eta Humanitateen adarrera orientatzen da.

  2. Zientzia eta Teknologien modalitateko gaitasunak. Modalitatea goi-mailako lanbide-ikasketetara eta unibertsitate-graduetako Zientzien, Osasun Zientzien, Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren adarretara orientatzen da.

  3. Humanitateen eta Gizarte Zientzien modalitateko gaitasunak. Modalitatea goi-mailako lanbide-ikasketetara eta unibertsitate-graduetako Arte eta Humanitateen, Gizarte Zientzien eta Zientzia Juridikoen adarretara orientatzen da.

    Hortaz, gaitasunetan oinarritutako Batxilergoko curriculumak justifikatzen ditu proposatutako ariketak; hau da, egiten jakitera bideratutakoak eta ikasleek goi-mailako ikasketetara sartzeko duten prestakuntza baloratzen dutenak.

    Unibertsitate-ikasketetara sartzeko modalitate guztiei koherentzia emateko, 25 urtetik gorakoen sarbidea, eta 45 urtetik gorakoen sarbide-modalitate berria jasotzen dira. Helburu europarra da bizitzan zehar ikastea ahal bezain beste laguntzea. Helburu hori lortzeko bidea erraztuko du unibertsitatera sartzeko berariazko sarbide berriak. Sarbide horren xedea dira, nahitaezko titulaziorik ez izan arren, ikasten jarraitu nahi duten eta graduko ikasketak lortzeko asmoa duten pertsonak.

    Azkenik, bizitzan zehar ikastea laguntzeko eta helburu europarrak lortzeko neurrietako bat da lanbide-esperientziaren bidez bereganatu diren lanbide-gaitasunak gero eta gehiago aitortzea. Horretarako, 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, graduko unibertsitate-ikasketetarako sarbide-baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak arautzen dituenak, 36. artikuluan ezartzen ditu lan-esperientzia egiaztatuz unibertsitatera sartzeko arauak. Artikulu horretan ezarritakoari jarraituz, eta 1393/2007 Errege Dekretuak, otsailaren 29koak, unibertsitate-ikasketa ofizialen antolamendua zehazten duenarekin, eta 11/2009 Dekretuak, urtarrilaren 20koak, gradu, master eta doktorego tituluak lortzeko egin behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari edo kentzeari buruzkoarekin bat etorriz, unibertsitateek ikasketa bakoitzerako lan-esperientziaren alorra eta hori frogatzeko irizpideak zehaztu beharko dituzte egiaztatutako ikasketa-planen memorian, modu horretara eskaerak antolatu ahal izateko.

    Hori guztia aintzat hartuta, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzun zaio, eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenari jarraituz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko apirilaren 19an egindako bilkuran aztertu ondoren,

  1. Dekretu honek bi arau garatzen ditu: batetik, 1892/2008 Errege Dekretua, azaroaren 14koa, graduko unibertsitate-ikasketetarako sarbide-baldintzak eta Espainiako unibertsitate publikoetan onartua izateko prozedurak arautzen dituena; eta, bestetik, 558/2010 Errege Dekretua, maiatzaren 10ekoa, zeinaren bidez aurreko dekretua aldatzen den, hura Euskal Autonomia Erkidegoan aplikatu ahal izateko.

  2. Edozein probatan parte hartzeko eskaera egiten dutenek aldez aurretik ordaindu beharko dituzte zehaztutako tasak.

  1. Graduko unibertsitate-ikasketetara sartzeko probak bi fase ditu: fase orokorra eta fase espezifikoa izenekoak. Bi faseei dagozkien ariketak bat etorriko dira Batxilergoko bigarren mailako irakasgaien curriculumarekin. Curriculum horren ezaugarriak araututa daude 23/2009 Dekretuan, otsailaren 3koan, Batxilergoko curriculuma sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzeari buruzkoan; eta 122/2010 Dekretuan, apirilaren 20koan, zeinaren bidez aldatzen den 23/2009 Dekretua.

  2. Probaren fase orokorrak bost ariketa izango ditu, eta horietako bakoitzari 0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa emango zaio. Fase orokor honetako kalifikazioa ariketa guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. 0 eta 10 puntu bitarteko zenbaki bat izango da, gertueneko milarenera biribilduko da eta, distantziakidetasuna balego, milaren handienera. Fase orokorreko ariketak hauek dira:

    Gaztelania eta Literatura II-ko testu-iruzkina. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du.

    Euskara eta Literatura II-ko testu-iruzkina. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du.

    Filosofiaren Historia edo Espainiako Historia. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du.

    Atzerriko hizkuntza II (alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo portugesa), ikasleak izen emateko eskaeran adierazitakoaren arabera. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du. Entzundakoaren ulermenaren eta ahozko adierazpenaren balorazioa ere barne hartuko da, 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, amaierako bigarren xedapenean araututakoa aintzat hartuz.

    Batxilergoko bigarren mailako modalitateko irakasgai bat, ikasleak izen emateko eskaeran adierazitakoaren arabera. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du.

  3. Probako fase espezifiko hautazkoa da. Fase horretarako, bigarren Batxilergoko modalitateko irakasgaietatik, ikasle bakoitzak gehienez lau aukeratu beharko ditu. Fase orokorrean aukeratutakoa ezingo du berriz aukeratu. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du. Fase espezifikoko irakasgaiek 0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa izango dute, eta horietako bakoitza gainditzeko kalifikazioak 5 edo handiagoa izan beharko du. Fase espezifikoko irakasgaiak hauek dira:

    Marrazketa artistikoa II.

    Marrazketa teknikoa II.

    Artearen historia.

    Diseinua.

    Ikus-entzunezko kultura.

    Musika-azterketa II.

    Musikaren eta dantzaren historia.

    Biologia.

    Lurraren zientziak eta ingurumen-zientziak.

    Elektroteknia.

    Fisika.

    Matematika II.

    Kimika.

    Industria-teknologia II.

    Latina II.

    Grekoa II.

    Gizarte-zientziei aplikatutako matematika II.

    Literatura unibertsala.

    Enpresako ekonomia.

    Geografia.

  4. Fase orokorreko eta espezifikoko ariketa bakoitzak gehienez ordu eta erdi iraungo du. Gutxienez, 45 minutuko tartea utziko da ariketa bat bukatu eta bestea hasi arte.

  5. Beharrezkoa izango da, oro har, sarbide-proba gainditzea, unibertsitate publikoetan zein pribatuetan, Estatuko lurralde osorako balioa duten tituluak lortzeko gauzatu behar diren graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak hasteko.

    Ikasle baten sarbide-proba gainditutzat hartzeko, Batxilergoko notaren batez bestekoaren ehuneko 60aren eta fase orokorreko notaren ehuneko 40aren batez besteko haztatuak 5 edo gehiago izan beharko du, baldin eta fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu badira. Batxilergoko batez besteko nota bi dezimalekin adieraziko da, hurbileneko ehunenera biribilduko da eta, distantziakidetasuna balego, ehunen handienera.

  6. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetako tituluren baterako eskaera-kopurua eskainitako plazena baino handiagoa denean, fase espezifikoan gainditutako gehienez bi irakasgaien nota gehituko zaio probako notari, azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuak aurreikusitakoaren arabera. Nota horiek haztapen-parametroekin biderkatzerakoan, ikasketa bakoitzean sartzeko nota onena emango dute.

    Probari dagokion ikasturtearen hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateak jakinaraziko du fase espezifikoko irakasgaietan aplikatuko den 0,1 eta 0,2 arteko haztapen-parametroa. Parametroa irakasgai horiek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialekin duten egokitasunaren araberakoa izango da.

    Plazen esleipena ikasleak unibertsitate-ikasketetara sartzeko lortutako notaren araberakoa izango da. Hala eta guztiz ere, berdinketa egongo balitz, plazak esleitzerako orduan lehentasuna izango dute egin nahi dituzten ikasketa-adarrarekin lotutako fase orokorreko ariketa egin duten ikasleek.

  7. Urtero ekainean egingo da unibertsitatera sartzeko probaren ohiko deialdia, eta uztailean ezohiko deialdia.

    Fase orokorra gainditzeak balio mugagabea izango du, fase espezifikoko irakasgaien notak, ordea, gainditu eta ondorengo bi ikasturteetan unibertsitatera sartzeko balioko dute.

  1. Probarik egin gabe sartuko dira graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetara Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, 44., 53. eta 65. artikuluetan aipatzen dituen tituluak edo horien baliokideak dituztenak. Titulu horiek dira lanbide-heziketako goi-mailako teknikari-titulua, arte plastikoetako eta diseinuko goi-mailako teknikari-titulua, goi-mailako kirol-teknikariaren titulua eta horien baliokideak.

  2. Egindako eskaerak antolatzeko, plazak esleitzerako orduan berdinketaren bat balego, sartzeko lehentasuna ezartzeko aipatutako tituluak graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetako jakintza-adar bakoitzari atxikiko zaizkio, 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, II. eranskinean arautzen duen moduan.

  3. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizial jakin batera sartzerako orduan norgehiagoka-prozedurarik badago, hau da, eskaera-kopurua eskainitako plazena baino handiagoa bada, artikulu honek aipatutako tituluak dituztenek fase espezifikora aurkezteko aukera izango dute, graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetara sartzeko nota hobetu ahal izateko. Fase espezifiko hori irizpide hauekin bat etorriko da:

    1. Ikasle bakoitzak gehienez lau ariketa egingo ditu. Ariketak bi aukera emango ditu, eta ikasleak horietako bat aukeratu beharko du. Ariketak 0 eta 10 puntu bitarteko nota izango du, bi dezimalekin. Ariketa gainditutzat hartzeko, kalifikazioak 5 edo handiagoa izan beharko du.

    2. Fase espezifikoko ariketak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko irakasgaientzat erabakitako curriculumari buruzkoak izango dira, hau da, Dekretu honetako 2.3 artikuluan jasotako irakasgaiei buruzkoak.

    3. Fase espezifikoaren deialdi-erregimena eta balioa Dekretu honetako 2.7 artikuluan adierazitakoa izango da.

  4. Graduko unibertsitate-ikasketa ofizialetako tituluren baterako eskaera-kopurua eskainitako plazena baino handiagoa denean, fase espezifikoan gainditutako gehienez bi irakasgaien nota gehituko zaio heziketa-zikloko batez besteko notari, 558/2010 Errege Dekretuak, maiatzaren 7koak, berridatzitako 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, jasotzen duen 26. artikuluan aurreikusitakoari jarraituz. Nota horiek haztapen-parametroekin biderkatzerakoan, ikasketa bakoitzean sartzeko nota onena emango dute.

    Probari dagokion ikasturtearen hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateak jakinaraziko du fase espezifikoko irakasgaietan aplikatuko den 0,1 eta 0,2 arteko haztapen-parametroa. Parametroa irakasgai horiek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialekin duten egokitasunaren araberakoa izango da.

  1. Ikasturte bakoitzaren hasieran, Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak izendatuko du sarbide-probak antolatuko dituen batzordea, eta ordezkari hauek osatuko dute:

    1. Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak proposatutako presidentea.

    2. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ordezkatuko dituzten lau batzordekide.

    3. Hezkuntzako Ikuskaritzako bi batzordekide, aditu izateagatik izendatutakoak.

    4. Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleak ordezkatuko dituzten bi batzordekide.

    5. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketara Saila ordezkatuko duen batzordekide bat. Batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

  2. Batzorde antolatzaileak, 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, 16.3 artikuluan egokitutako betebeharrak izateaz gain, irizpide hauek ezarriko ditu:

    1. Antolaketa-irizpideak.

    2. Ariketen oinarrizko egiturari buruzko irizpideak. Ariketaren kalifikazioan galdera bakoitzaren haztapena adierazi beharko da.

    3. Ebaluatzeko irizpide orokorrak.

    4. Kalifikatzeko irizpide orokorrak.

      Gainera, proba bukatu ondoren, batzordeak ariketa bakoitzaren protokoloak argitaratuko ditu, eta nahitaez adierazi beharko dituzte honakoak:

      Ebaluazio-irizpide objektiboak:

      Zuzentzeko eta kalifikatzeko berariazko irizpideak.

  3. Unibertsitatera sartzeko probak egiten diren ikasturtearen hasieran, batzorde antolatzaileak jakitera emango ditu antolaketa-irizpideak, ariketen oinarrizko egitura eta kalifikatzeko irizpide orokorrak.

  4. Batzorde antolatzaileak, proban matrikulatutako ikasleek Batxilergoan egindako curriculum-moldaketak aintzat hartuta, baita bakarkako lanerako planak eta zatiko salbuespenak edo salbuespen osoak ere, neurri jakin batzuk zehaztuko ditu sarbide-probak egingo dituztenen berdintasun-baldintzak bermatzeko.

  1. Lehenengo zuzenketako kalifikazioa jaso ondoren, ariketa jakin batzuetan ebaluatzeko irizpide orokorrak, eta zuzentzeko eta kalifikatzeko berariazko irizpideak gaizki aplikatu direla uste badu ikasleak, bi aukera izango ditu: batetik, bigarren zuzenketa egiteko eska diezaioke epaimahaiko presidentetzari. Eta, bestetik, batzorde antolatzaileari erreklamazio-eskaera ere egin diezaioke. Hala ere, bigarren kasu horretan, ezingo da bigarren zuzenketarik eskatu. Eskaera horiek aurkezteko epea hiru egun baliodunekoa izango da, kalifikazioak argitaratzen diren datatik zenbatzen hasita.

  2. Erreklamazio-eskaera eragin duten ariketak berrikusi egingo dira, galdera guztiak ebaluatu direla eta horretarako ebaluatzeko irizpide orokorrak eta zuzentzeko berariazko irizpideak ongi aplikatu direla ziurtatzeko. Gainera, azken nota kalkulatzerakoan akats materialik ez dagoela egiaztatuko da.

  3. Bigarren zuzenketarako eskaera eragin duten ariketak irakasle espezialistek zuzenduko dituzte, lehenengo zuzenketa egin zuenak ez beste batek.

    Kalifikazioa bi zuzenketetan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. Bi puntu edo gehiagoko aldea badago bi kalifikazioen artean, beste ofiziozko epaimahai batek hirugarren zuzenketa egingo du. Azken kalifikazioa hiru kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. Prozedura hori gehienez bost egun balioduneko epean egin beharko da, aurreko puntuan zehaztutako epea bukatzen den datatik zenbatzen hasita.

    Aurreko paragrafoan azaldutako zuzenketa bikoitzeko prozesuan lortutako kalifikazioaren erreklamazioa egin daiteke batzorde antolatzailean, hiru egun balioduneko epean, erreklamazioa eragin duen kalifikazioa argitaratzen den datatik zenbatzen hasita.

    Ikasleak zuzendutako azterketa ikusteko eskubidea izango du, zuzenketa- eta erreklamazio-prozesu osoa bukatu ondoren eta hiru eguneko epean.

  4. Aurreko puntuetan aurreikusitakoa kontuan hartuta, erreklamatutako ariketen behin betiko kalifikazioak adierazten dituzten ebazpenak jasoko ditu batzorde antolatzaileak, eta ebazpen horiek erreklamazioak egin dituztenei jakinaraziko dizkiete. Kasu guztietan, ebazpen horiek administrazio-bidea agortuko dute.

  1. Ikasturte bakoitzaren hasieran, sarbide-probak antolatzen dituen batzordeak proben antolaketari buruzko informazioa emango die Batxilergoko zentroei. Euskal Herriko Unibertsitateak txosten bat egingo du proben emaitzekin eta aurreko urteko ikasleek lortutako emaitzak ikusteko aukera emango diete zentro guztiei.

  2. Ariketak Batxilergoko curriculumarekin bat datozela bermatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak irakasgai bakoitzeko koordinatzaile bat edo bi izendatuko ditu. Koordinatzaile horiek azalduko dizkiete zentroei ariketa bakoitzaren oinarrizko egitura, galdera bakoitzaren haztapena eta galderen kalifikazioa.

  3. Batzorde antolatzaileko presidenteak Batxilergoan irakasten duten Bigarren Hezkuntzako Katedradun eta Irakasleei eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Katedradun eta Irakasleei laguntza eskatuko die kalifikazio-epaimahaiak osatzeko. Bermatuta egongo da epaimahaikideen ehuneko 40 talde horietako kide izango dela, eta ariketa guztiak probetako irakasgaietan adituak diren epaimahaikideek kalifikatuko dituztela. Epaimahaikideak izendatzerakoan, gizonen eta emakumeen artean oreka egon dadin ahaleginak egingo dira, behar bezala arrazoitutako kasu objektiboak direla-eta posible ez denean izan ezik.

  4. Hezkuntzako Ikuskaritzak Batxilergoko ebaluazio-prozesua ikuskatuko du, batez ere ikasleek sarbide-probetan lortutako kalifikazioen eta Batxilergoan lortutakoen arteko aldea handia izan den zentroetakoa. Gainera, beste titulazioetatik graduko unibertsitate-ikasketetara sartzen diren ikasleen ebaluazio-prozesua ere ikuskatuko du.

  1. Unibertsitateek 25 urtetik gorakoen eta 45 urtetik gorakoen sarbide-probako deialdi bana antolatuko dituzte urtero. Sarbide-probak antolatzeko ardura ikasleak eskatutako ikasketak ematen dituzten unibertsitateena izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarritako esparruan.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateen txostena jaso ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hauek ezarriko ditu: metodologiaren ildo orokorrak, fase orokorreko eta espezifikoko ariketen garapena eta edukiak, eta horiek baloratzeko irizpideak eta formulak.

  3. Euskal Herriko Unibertsitateak 25 eta 45 urtetik gorakoen sarbide-probak antolatzeko batzordea izendatuko du. Ordezkari hauek osatuko dute:

    Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak proposatutako presidentea.

    Euskal Herriko unibertsitate publiko eta pribatu bakoitzeko biltzarkide bat, horietako bakoitzeko errektoreak proposatutakoa.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketara Saila ordezkatuko duen batzordekide bat. Batzordeko idazkari-lanak egingo ditu.

  4. Egindako eskaerak direla-eta, batzorde antolatzaileak Euskara irakasgaiko ariketari dagozkion salbuespenak zehaztuko ditu 25 edo 45 urtetik gorakoen sarbide-probetara aurkezten direnentzat.

  5. Kalifikazioak argitaratu ondoren, hautagaiek erreklamazioak egiteko dagokion unibertsitateko errektoreari arrazoitutako idatzi bat bidali beharko diote. Erreklamazio hori bost egun balioduneko epean egin beharko da, kalifikazioak argitaratzen diren datatik zenbatzen hasita.

  1. 25 urtetik gorakoen sarbide-probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa.

  2. Probaren fase orokorraren helburua hautagaiek unibertsitate-ikasketak egiteko duten heldutasuna eta egokitasuna ikustea da. Lau ariketa hauek osatuko dute:

    Testu-iruzkina egitea edo gaurkotasuneko gai orokor bat garatzea.

    Gaztelania.

    Euskara.

    Atzerriko hizkuntza (alemana, frantsesa, ingelesa, italiera edo portugesa), ikasleak izen emateko eskaeran adierazitakoaren arabera.

    Fase espezifikoa gainditzeko, egindako lau ariketen batez bestekoak gutxienez 4 izan beharko du. Ariketek 0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa izango dute.

  3. Probaren fase espezifikoaren helburua hautagaiek jakintza-adar bakoitzari lotutako unibertsitate-ikasketak egiteko duten gaitasuna baloratzea da. Horretarako, bost jakintza-adarrei lotutako bost aukeratan egituratuko da. Ikasle bakoitzak bi irakasgaitako azterketa egin beharko du eta. Bi irakasgai horiek, eskatu dituen graduko unibertsitate-ikasketen arabera, unibertsitateek egindako proposamenetatik aukeratu beharko ditu.

    Fase espezifikoa gainditzeko, egindako bi ariketen batez bestekoak gutxienez 4 izan beharko du. Ariketek 0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa izango dute.

  4. Hautagaiaren sarbide-proba gainditutzat hartzeko, fase guztiak gainditu beharko ditu, eta fase orokorrean eta espezifikoan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoak gutxienez 5 izan beharko du. Batez bestekoa hiru dezimalekin adieraziko da, gertueneko milarenera biribilduko da eta, distantziakidetasuna balego, milaren handienera.

  1. 45 urtetik gorakoen sarbide-probaren helburua hautagaiek unibertsitate-ikasketak egiteko duten heldutasuna eta egokitasuna ikustea da. Hiru ariketa hauek osatuko dute:

    Testu-iruzkina egitea edo gaurkotasuneko gai orokor bat garatzea.

    Gaztelania.

    Euskara.

  2. Ariketa bakoitzak 0 eta 10 puntu bitarteko kalifikazioa izango du. Amaierako kalifikazioa hiru ariketetan lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa izango da. Batez bestekoa hiru dezimalekin adieraziko da, gertueneko milarenera biribilduko da eta, distantziakidetasuna balego, milaren handienera.

  3. Hautagaiaren sarbide-proba gainditutzat hartzeko, amaierako kalifikazioaren batez besteko aritmetikoak gutxienez 5 izan beharko du. Batez bestekoa ezingo da egin ariketa guztietan gutxienez 4 puntu lortu ez badira. Gainera, hautagaia onartzeko, beharrezkoa da elkarrizketa pertsonal baten ondoren «gai» kalifikazioa lortzea.

  1. Unibertsitatera sartzeko aukera izango dute ikasturtea hasitako urteko urriaren 1a baino lehen 40 urte bete dituztenek eta graduko ikasketaren batekin zerikusia duen lan-esperientzia egiazta dezaketenek. Bide honetatik sartzen direnek ezingo dute beste bide batzuetatik unibertsitatera sartzeko balio duen titulaziorik izan.

  2. Unibertsitateak eskaintzen dituen ikasketa jakin batzuetara sartzeko bidea izango da hau eta, horretarako, interesa duen pertsonak eskaera dagokion unibertsitateko errektoreari bidali beharko dio.

  3. Artikulu honetan ezarritakoa aintzat hartuz, eta 1393/2007 Errege Dekretuak, otsailaren 29koak, unibertsitate-ikasketen antolamendua zehazten duenak dioenari jarraituz, unibertsitateek ikasketa bakoitzerako lan-esperientziaren alorra eta hori frogatzeko irizpideak zehaztu beharko dituzte egiaztatutako ikasketa-planen memorian, modu horretara hautagaiak antolatu ahal izateko. Irizpide horietako bat hautagaiarekin elkarrizketa pertsonala egitea izango da.

2/2006 Lege Organikoak, maiatzaren 3koak, hezkuntzari eta atzerriko beste hezkuntza-sistemei buruzkoak, 38.5 artikuluan dio beste hezkuntza-sistematan ikasi duten ikasleak graduko unibertsitate-ikasketetara sar daitezkeela. Hala ere, sartzeko prozedura 1892/2008 Errege Dekretuak, azaroaren 14koak, III. Kapituluan araututakoa da.

  1. Dekretu honetan araututako ariketak egiteko, hautagaiek Euskal Autonomia Erkidegoko edozein hizkuntza ofizial aukera dezakete. Bi hizkuntza ofizialei eta atzerriko hizkuntzei dagozkien ariketak bakoitza bere hizkuntzan egin beharko dira.

  2. Baliabideen arabera, batzorde antolatzaileak ariketaren bat atzerriko hizkuntzan egiteko baimena eman diezaieke hautagaiei. Horretarako, nahitaez egiaztatu beharko dute Batxilergoko irakasgairen bat hizkuntza horretan egin dutela Hezkuntza Marko Hirueledunaren saiakuntzan parte hartzen duen zentroren batean.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko apirilaren 19an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.