Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saila

Arautegia

Inprimatu

69/2011 DEKRETUA, apirilaren 5ekoa, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluarena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila; Osasun eta Kontsumo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 70
  • Hurrenkera-zk.: 2047
  • Xedapen-zk.: 69
  • Xedapen-data: 2011/04/05
  • Argitaratze-data: 2011/04/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Osasun eta kontsumoa
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurre egin beharreko premia-egoeren izaera gero eta konplexuagoa, mistoagoa eta anitzagoa aintzat hartuta, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak lankidetzarako eta koordinaziorako guneak egituratzearen aldeko apustua egiten du beren esparruko zonetan kokatzen diren premia-egoerei erantzuna eman diezaieketen sistema eta politika publikoen artean.

Esparru horretan, lege-testuinguruak arreta soziosanitarioa indartzeko premia berezia azpimarratzen du. Izan ere, eremu sanitarioaren eta gizarte-zerbitzuen eremuaren artean, elkarguneak oso nahasiak izan daitezke kasu batzuetan, batez ere bi sektoreen helburua delako pertsonei arreta-zerbitzuak ematea, eta beti ez delako erraza zehaztea zaintza mota jakin bat noiz ez den sanitarioa eta bai soziala, edo noiz ez den soziala eta bai sanitarioa.

Hain hurbil dauden sistemen arteko koordinazio-zailtasunek emandako arretaren kalitatean nahiz sistema propioen erabileran eta funtzionamenduan eragin negatiboa izan dezaketela aintzat hartuta hain zuzen ere, Arreta Soziosanitarioari buruzko Arartekoaren Ezohiko Txostenak 2007an adierazi zuenez, «arreta egokia behar den eraginkortasunarekin emateko ezintasunak baliabideen erabilera txar batera zuzentzen du, behar ez ziren kostuak eraginez bi sistemetan», ezinbestekoa da bideak ezartzea, premia misto eta konplexu horiei erantzuna emateko jardun sanitarioak eta sozialak elkarren artean erlazionatzen direla bermatzearren.

Harreman-esparru hori arreta soziosanitario gisa izendatzen da, eta funtsezko honako elementu hauetan oinarrituta definitzen da:

Esku-hartze mistoak sozialak eta sanitarioak aldi berean edo segidan eskatzen dituzten premia-egoera konplexuei erantzuten die, baina, nolanahi ere, esku-hartze horiek osagarriak dira eta hertsiki egituratuta daude.

Helburu nagusi bat dauka: zainketen jarraipena bermatzea, desoreka materialak gainjartzeak eta hutsuneak edo defizita estalduran eta denborazko desorekak saihestuz desfaseak edo itxaronaldiak esku-hartzeen artean eta zerbitzuen artean.

Diziplinartekotasun-printzipioaren inguruan egituratzen diren lankidetza-tresna eta estrategia batzuk erabiltzen ditu.

Pertsonengan oinarritutako arreta integraleko ikuspegi batean dauka bere zentzua eta oinarria, eta ahal den ongizate, bizitza-kalitate eta autonomia handiena bermatzea du helburu, ahal izanez gero, bere ohiko ingurune sozialean geratzeari eta arreta etxean emateari lehentasuna emanez.

Ikuspegi horretatik abiatuta, Legeak zehazten du arreta soziosanitarioak osasun-arazo larriengatik, edo muga funtzionalengatik, eta/edo gizarte-bazterkeriako arriskuagatik, aldi berean arreta sanitario eta sozial koordinatua eta egonkorra behar dutenentzako arreta guztiak bilduko dituela, arretaren jarraitutasun-printzipioari egokitua.

Aurreikuspen horiek Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 14. artikuluan xedaturikoa errespetatzen dute. Horren bitartez, arreta soziosanitarioaren prestazioa arautzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoan, gune soziosanitario hori eraikitzeko, arlo horretan eskumena duten erakunde guztien arteko koordinazio-eredu bat hautatu da, horien politiken harmonizazioan oinarrituta. Koordinazio-eredu hori duela zazpi urte jaso zen Euskal Autonomia Erkidegoan arreta soziosanitarioa garatzeko Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak 2003ko urtarrilaren 30ean sinatutako lankidetza-hitzarmenean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan Arreta Soziosanitarioa garatzeko Plan Estrategikoan bildutako diseinu, eraikuntza eta garapeneko elementuetan (2005-2008). Aurrekari horiek kontuan hartuta, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean jasotzen den eredua ere bada.

Lankidetza eta koordinazio horren artikulazioari dagokionez, lege-testu honek aurreikusten du Erkidegoan Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren esku egongo dela. Izan ere, koordinazio soziosanitarioaren arloko erabaki politikoen, arauzkoen, ekonomikoen, antolamenduzkoen eta asistentzialen orientazioa eta jarraipena da kontseiluaren helburua, lehen mailako eta bigarren mailako arretan koordinazio soziosanitarioa sustatzea eta ahalbidetzea, baita diziplinen arteko lanaren esparruan eta erabiltzaileekiko esku-hartzearen ibilbideen diseinuan ere, lurralde-kontseiluen, batzordeen edo izaera mistoko bestelako erakundeen forma hartuko duten beste koordinazio-bide batzuetara esleituz.

Kontseilu horrek bere funtzionamendu-araudia bere kabuz ezarri ahal izango duela alde batera utzi gabe, ezinbestekoa da aldez aurretik horren eginkizunak mugatzea, baita bere osaera eta oinarrizko funtzionamendu-jarraibideak ere, Legearen 46.6 artikuluaren «a» letran ezarritako aginduari jarraiki.

Hori guztia kontuan hartuta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Osasun eta Kontsumoko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko apirilaren 5ean egindako bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu eta gero, honako hau

Dekretu honen xedea honako hau da: Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46.6 artikulua aplikatu eta garatuz, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren eginkizunak, osaera eta oinarrizko funtzionamendu-jarraibideak arautzea.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua da Erkidegoan Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eta Euskadiko Osasun Sistemaren arteko lankidetza eta koordinazioa egituratzen duen organoa.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikiko zaio, horren hierarkia-egituran sartu gabe, eta sail horren bulegoetan izango du bere egoitza.

  2. Dena dela, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango ditu bilkurak.

  1. Oro har, Kontseiluaren helburua da koordinazio soziosanitarioaren arloko erabaki politikoen, arauzkoen, ekonomikoen, antolamenduzkoen eta asistentzialen orientazioa eta jarraipena.

  2. Zehazki, honako eginkizun hauek ditu:

    1. Arreta soziosanitarioaren oinarrizko politikak definitzeko proposamenean parte hartzea.

    2. Arreta soziosanitarioaren funtzionamendurako arau eta irizpide orokorrak ezartzeko adostasuna orientatzea.

    3. Arautze juridiko espezifikoa behar duten arreta soziosanitarioarekin lotutako gaiak jakitea eta eztabaidatzea, horri buruz galdetzen diotenerako.

    4. Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu aurretik, Arreta Soziosanitarioko laurteko Plan Estrategikoa ezagutzera ematea, eta, horren indarraldia amaitu ondoren, bertan txertatutako neurrien egikaritze- eta ezarpen-mailaren ebaluazioa egitea.

    5. Hala badagokio, zerbitzuen eta prestazioen katalogoa eta/edo kartera bateratua definitzeko proposamenean edo baliabideak egokitzen direla eta arreta egokia dela bermatzera bideratutako beste formula edo tresna batzuk definitzeko proposamenean parte hartzea.

    6. Autonomia Erkidegoan aplika daitezkeen lankidetzako eta koordinazioko tresnen eta protokolo bateratuen diseinua eta onarpena orientatzea.

    7. Antolamendu-ekimenak edo zerbitzu esperimentalak martxan jar daitezen sustatzea, proiektu pilotu gisa, bi jardun-eremuen artean koordinazio hobea lor dezaketen formula berriak probatzera zuzenduak.

    8. Arreta soziosanitarioko ereduaren ezarpenerako behar diren finantza-baliabide publikoak aurreikustea.

    9. Esparru soziosanitarioan lan egiten duten erakundeei eta profesionalen eta erabiltzaileen elkarteei informazioa emateko mekanismoak ezartzea.

    10. Foru Aldundietan eta udaletan izan beharko diren koordinazio-bideen sorrera eta funtzionamendua sustatzea eta babestea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46. artikuluko 6.b) idatz-zatian aurreikusitakoa betez. Bide horiek lurralde-mailako kontseiluen, batzordeen eta izaera mistoko bestelako erakundeen bitartez gauzatuko dira, lehen mailako eta bigarren mailako arretan koordinazio soziosanitarioa sustatzeko eta ahalbidetzeko helburuarekin, baita diziplina arteko lanaren esparruan eta erabiltzaileekiko esku-hartzearen ibilbideen diseinuan ere.

  3. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak, bere eginkizunak gauzatzeko, behar duen informazio guztia hartuko du osasun-administraziotik eta gizarte-zerbitzuak ematen dituzten euskal administrazio publikoetatik. Era berean, Gizarte Zerbitzuen arloko Goi Ikuskaritzaren esku jarriko du bere eskuetan dagoen eta organo horrek eskatzen dion informazioa.

  1. Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46.6 artikuluan aurreikusitako ordezkaritza paritarioko irizpidea kontuan hartuta, alde batetik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan eskumena duten Autonomia Erkidegoko, aldundietako eta udaletako administrazio-publikoetako ordezkarien, eta, bestetik, Euskadiko Osasun Sistemako ordezkarien artetik, Kontseiluak hamabi kide hartuko ditu, hau da, sei kide ordezkatutako sistema bakoitzeko.

  2. Aurrekoaren ildotik, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak honako kide hauek izango ditu:

    1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema ordezkatzeko:

      Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburu titularra.

      Foru-aldundi bakoitzak, dagokion gobernu-organoaren bidez, izendatu beharreko ordezkari bana.

      Ordezkari 1 Udalek Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen bidez (toki-erakundeen elkarteen artean hedatuena den aldetik) izendatuak, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen hamabigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

      Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako Sailaren ordezkari 1, sailburu titularrak izendatutakoa.

    2. Euskadiko Osasun Sistema ordezkatzeko:

      Osasunaren arloan eskumena duen Eusko jaurlaritzako sailburu titularra.

      Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburu titularrak izendatutako 5 ordezkari.

  3. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa alde batera utzi gabe, kideek erabakiz gero, honako hauek ere parte hartu ahal izango dute bilkuretan, betiere bilkuretan aztertuko diren gaien arabera: ordezkatutako sailetako teknikariek, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua osatzen duten Administrazio Publikoen beste Sail batzuetako ordezkariek, eta Administrazio horiekin zuzeneko loturarik izan gabe ere, jakintza, esperientzia eta izen ona egiaztatua izateagatik esparru sozialean, sanitarioan edo soziosanitarioan aditutzat har daitezkeenek. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko kideen agintaldia amaitu egingo da honako kasu hauetan:

    1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluan ordezkatzen duen Administrazio publikoak ezeztatzea edo kargu-uztea erabakiz gero.

    2. Kargu edo lanpostu jakin bat betetzen zuelako izendatu delarik, kargu edo lanpostu hori galtzen duenean.

    3. Epaileak kargu publikoak betetzeko gaitasungabetzea edo eginkizungabetzea dakarren ebazpen judizial edo administratibo irmoa hartzen duenean.

    4. Heriotza edo gaixotasun ezgaitzailea.

    5. Uko egitea.

  2. Aurreko edozein arrazoi dela medio, hutsik geratzen diren postuak hilabeteko epean beteko dira, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren idazkariari jakinarazten zaion unetik kontatzen hasita.

  1. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua edo Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburua gaixo edo kanpoan dagoenean, dagokion alorretan eskumena duen sailburuak ordezkatuko ditu, hurrenez hurren.

  2. Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Foru Aldundiek, eta Eudel Euskal Udalen Elkarteak izendatuko dituzte Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluan haien gainerako ordezkarien ordezko gisa jardungo dutenak.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren ohiko bilkurak gutxienez hiru hilean behin egingo dira, eta ezohiko bilkurak, aldiz, lehendakariak erabakitzen duenean edo kideen laurden batek, gutxienez, eskatzen duenean.

  2. Ohikoa edo ezohikoa izan, bilkura bat balio osoz eratutzat hartzeko honako hauek bertaratu behar dute, nahitaez: lehendakariak, idazkariak eta Kontseiluko kideen erdiek, gutxienez.

  3. Kontseiluak beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen duen guztietan, Autonomia Erkidegoko batzorde teknikoak eratu ahal izango ditu, oro har arreta soziosanitarioan, edo, espezifikoki, talde zehatz batzuetan eragina duten egoerak, premiak, defizitak edo arazoak aztertzeko eta konponbideak proposatzeko.

  4. Batzorde teknikoen osaera, helburuak, funtzionamendu-arauak eta iraupena Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren eskumeneko arloak dira, eta eraketari buruzko dagokion erabakietan zehaztuko ditu alderdi horiek.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren lehendakaritza Gizarte Zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak eta Osasunaren arloan eskumena duen sailburuak gauzatuko dute, urtebeteko aldietan eta txandaka. Adierazitako lehen sailaren titularraren esku egongo da lehen urtean lehendakaritza betetzea, Dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta. Lehendakariak ez du kalitatezko botoa izango.

  2. Honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Kontseiluaren ordezkari izatea eta, eginkizun hori betez, beste administrazio-organo batzuekin edo beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuekin dituen harremanak eta jardunak zuzentzea.

    2. Ohiko eta ezohiko bilkuretarako deialdia erabakitzea, gai-zerrenda zehaztea, eta, dagokionean, gainerako kideek egindako eskaerak kontuan izatea.

    3. Bilkurak zuzentzea eta eztabaidak moderatzea.

    4. Bere sinadurarekin bilkuren aktak berrestea, eta erabakien igorpena agintzea.

    5. Dekretu hau betetzea eta betearaztea, gainerako kideei bere interpretazioa proposatuz zalantzazko kasuetan, eta Eusko Jaurlaritzari egoki iritzitako aldaketak proposatuz, funtzionamendua egokia eta arina izan dadin bermatzearren.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren idazkaritza Koordinazio Batzorde Iraunkorreko idazkari teknikoak gauzatuko du, 13. artikuluan zehazten diren terminoetan, eta bileretan parte hartuko du hitzarekin baina botorik gabe.

  2. Idazkariak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

    1. Bilkurak prestatzea, honako jardun hauen bidez:

      lehendakariari aholkuak ematea bilkuretako gai-zerrenda finkatzeko garaian;

      txosten, azterlan edo proposamen izaki, dokumentu guztiak bildu, ordenatu eta prestatzea, bilkuran landuko diren gaiei buruzkoak badira; kideei helarazi beharko dizkie, bilkuraren deialdiarekin eta aurreko bilkuraren aktarekin batera;

      landuko diren gaien aurretiazko txostenak prestatzea.

    2. Lehendakariak aginduta, bilkuretarako deialdia egitea, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin.

    3. Ohiko eta ezohiko Osoko bilkuretara joatea, hitzarekin baina botorik gabe, bilkuren aktak egitea, eta hartzen diren erabakiak bideratzea.

    4. Fede-emaile gisa jardutea, lehendakariaren oniritziarekin, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren txostenak, aktak eta erabakiak egiaztatuz, eta irizpenen, boto partikularren eta bere zaintzapean jarritako bestelako dokumentuen ziurtagiriak egitea, betiere Kontseiluko lehendakariaren oniritziarekin.

    5. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluak sortzen duen informazioa Kontseiluak erabakitako pertsonei eta erakundeetara helaraztea.

    6. Bere kargura dagoen dokumentazioa antolatu eta zaintzea, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko kideentzat eskuragarri izanik.

    7. Lehendakariak agintzen dizkion edo bere karguari datxezkion kudeaketako eta koordinazioko zeregin guztiak betetzea.

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko kideek honako eskubide hauek izango dituzte:

    1. Hitzarekin parte hartzea, botoa emateko eskubideaz baliatzea, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren ohiko eta ezohiko bilkuretan boto partikularra ematea, eta kide diren batzordeetan, botoaren esanahia eta arrazoiak adieraztea.

    2. Osaeran parte hartzen ez badu, edozein batzorde teknikora joatea, hitzarekin baina botorik gabe.

    3. Gai-zerrendan sartzeko proposamenak eta iradokizunak egitea.

    4. Proposamenak eta iradokizunak aurkeztea, Kontseiluak ezarritako Batzorde teknikoek azter ditzaten.

    5. Bilkuretako deialdiaren eta gai-zerrendaren berri izatea gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin, eta epe berean, gai-zerrendan agertzen diren gaiak lantzeko beharrezkoa den informazioa, baita aurreko bilkuraren akta ere, eskura izatea.

    6. Kontseiluaren esku dagoen dokumentazioa baliatzea.

    7. Kontseiluaren ezohiko bilkura deitzeko eskaera egitea.

    8. Galde-eskeak egitea.

  2. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluko kideek honako betebehar hauek izango dituzte:

    1. Kontseiluaren eta parte hartzen duten Batzorde Teknikoen ohiko eta ezohiko Osoko Bilkuretara bertaratzea.

    2. Bidezko isiltasunarekin eta zuhurtziarekin jardutea, aztertzen diren gaien izaerak eskatzen duenean.

    3. Dekretu hau eta dekretu honen bigarren xedapenen gehigarrian aipatutako araudia betez jardutea.

  1. Koordinazio Batzorde Iraunkorra da Kontseilua ordezkatuta Kontseiluaren erabakiak betetzen direla sustatzeaz arduratzen den organoa, eta, erabaki horiek lortzearren, erakundeen arteko posizioen hurbilketa sustatzeaz arduratzen den organoa ere bada.

  2. Batzordea osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikiko zaio, baita Kontseilua ere, eta funtzionalki Kontseiluaren mende egongo da.

  3. Koordinazio Batzorde Iraunkorra honako kide hauek osatuko dute:

    1. Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema ordezkatzeko 3 pertsona:

      Eusko Jaurlaritzaren ordezkari 1, Gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen Saileko sailburu titularrak izendatutakoa.

      Foru-aldundien ordezkari 1, foru-aldundiek berek beren artean hitzartutako irizpideei jarraiki izendatua.

      Udalen ordezkari 1, Eudel Euskadiko Udalen Elkartearen bidez izendatua.

    2. Euskadiko Osasun Sistemaren 3 ordezkari, Osasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuak izendatutakoak.

    3. Batzordeko idazkari teknikoaren eginkizunak urtebetez beteko dituen kide 1. Bere Sailari atxikitako langileen artetik, epe horretan Kontseiluaren Lehendakaritza betetzen duen sailburuak izendatuko du. Bere lana betetzeaz gain, kide horrek 11. artikuluan aurreikusitako Kontseiluaren Idazkaritzako eginkizunak beteko ditu.

  4. Koordinazio Batzorde Iraunkorrak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren bilkuretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

    2. Kontseiluaren osoko bilkuretan hartutako erabakiak garatu eta gauzatzeko neurriak hartzea.

    3. Autonomia Erkidegoko eragile sozialen eta sanitarioen arteko konbergentzia kudeatzea.

    4. Kontseiluak ezarritako arauen arabera Plangintza autonomikoa gauzatzeko behar diren neurriak hartzea.

    5. Kontseiluak agintzen dizkion bestelako eginkizun guztiak.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluaren Lehendakaritza duen sailburu titularrari dagokion Eusko Jaurlaritzaren Sailak behar den babesa eta laguntza emango dio Kontseiluari, bere baliabide teknikoen eta giza baliabideen bitartez. Horren haritik, Kontseiluaren Idazkaritza nahiz Koordinazio Batzorde Iraunkorraren idazkaritza kasu bakoitzean dagokion Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikitako langileek beteko dituzte.

Osasun eta Kontsumo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 3ko 579/2009 Dekretuaren 2. artikuluko 3. idatz-zatian jasotako kide anitzeko organoen zerrendan beste letra bat gehitu da, eta honela geratuko da idatzia:

  1. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 46.6 artikuluaren arabera eratua.

Lehenengoa. Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua eratzea.

Dekretu hau indarrean jarri eta hiru hilabeteko epean, Eusko Jaurlaritzak arlo soziosanitarioan beste euskal erakunde batzuekin sinatua duen lankidetza-hitzarmenaren eremuan jardungo du, bertan bildutako kide anitzeko koordinazio-organoa indargabetzeko; era berean, epe horren barruan, dekretu honetan araututako Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua eratuko du.

Bigarrena. Arau-garapena.

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluari dagokio bere Funtzionamendu Araudia egitea eta aldatzea, eta, hurrenez hurren, Osasunaren arloan eta Gizarte Zerbitzuen arloan eskumena duten Eusko Jaurlaritzaren sailetako titularrek onartu beharko dute, adierazitako Kontseilua eratu eta sei hilabeteko epean.

Hirugarrena. Ordezko araubidea.

Dekretu honetan aurreikusi ez diren kasu guztietan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da, bereziki, prozedurarekin edo kide anitzeko organoekin loturiko gaietan.

Laugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko apirilaren 5ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.

Osasun eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER RAFAEL BENGOA RENTERÍA.