Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

39/2011 DEKRETUA, martxoaren 22koa, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen Dekretua aldatzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1681
  • Xedapen-zk.: 39
  • Xedapen-data: 2011/03/22
  • Argitaratze-data: 2011/03/25

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzeko den urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuaren bitartez, Jaurlaritzako lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoko sailen egitura berrantolatu du eta sailen arteko eskumenak berriz esleitu ditu, legealdi honetako Gobernu programako konpromisoak ahalik eta eraginkortasun handienez burutu ahal izateko.

Berrantolatze horren ondorioz, Lehendakaritzak bere gain hartu du «garapenerako lankidetza» delako jardunarloa, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailean zegoena. Eskumen hori Lehendakaritzaren esku uzteaz gain, dekretu honetan beste bi aldaketa hauek jaso dira: Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza sortzea, Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiari atxikita, eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren egitekoen zati bat berriz antolatzea.

Lehendabizi, eta Lehendakariaren dekretu haren arabera, «garapenerako lankidetza» delako jardun-arloa Lehendakaritzako eskumen esparrura aldatu da. Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren antolakuntza eta egitekoen esparru berria ezartzeko, dekretu honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia ez ezik Garapenerako Lankidetzaren 1/2007 Legean egiteko hori burutzeko aurreikusitako organoak ere atxikitzen dizkio Lehendakaritzari: alegia, Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua.

Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen lehenengo azken xedapenean aurreikusitakoaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren egitekoa da garapenerako lankidetzaren arloko politika planifikatzea, baita politika hori koordinatzea, kudeatzea eta burutzea ere. Agentzia hori sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legeari jarraiki, nortasun juridiko propioa duen zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, bere helburuak betetzeko jarduteko gaitasuna du, eta garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Jaurlaritzako sailari atxikirik dago. Agentzia arautzearen oinarrizko alorrak agentzia sortzeko legean bertan daude jasota, baita horrelako erakunde publikoei oro har ezarri ahal zaien legedian ere. Horri guztiari kalterik egin gabe, 5/2008 Legearen lehenengo azken xedapenak ezartzen du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolamendu eta funtzionamendu araudia onartuko duela Eusko Jaurlaritzak dekretu baten bidez. Horrela egin zen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren bitartez.

Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea 1/2007 Legearen 15. artikuluaren bitartez sortu eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuaren bitartez arautu zen euskal administrazioen arteko informazio, komunikazio eta laguntzarako organoa da. Batzordearen helburua da estrategiak adostea lankidetzako jarduerak aurrera eramateko orduan, deialdietan eta jarduketetan bikoizketarik eta estaldurarik ez gertatzeko eta euskal administrazioek lankidetzaren arloan oro har egiten duten lanari koherentzia emateko.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua 1/2007 Legearen 16. artikuluaren bitartez sortu eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuaren bitartez arautu zen lankidetzako eragileen ordezkaritza-organoa izan dadin eratu da. Garapenerako euskal lankidetza publikoaren inguruko proposamenak, irizpenak eta jarraipena egiteko ahalmena du.

Lehendakaritzak «garapenerako lankidetza» jarduera bere gain hartzeak honelako eskumen zerrenda ere bere gain hartzea dakar, Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 13. artikuluaren arabera:

Garapenerako lankidetzaren programa eta ekimenak kudeatzea, koordinatzea eta ebaluatzea, betiere lege horretan eta une bakoitzean indarrean dauden urteko nahiz urte anitzeko planetan xedatutakoaren arabera.

Urteko planen eta urte anitzeko planen proposamenak egitea eta Jaurlaritzaren Kontseiluari helaraztea onar ditzan.

Planak eta arlo honetan funts publikoekin finantzatutako jarduerak ebaluatzea.

Garapenerako lankidetzaren urteko ebaluazio txostena egitea.

Garapenerako lankidetzako eragileekin elkarlanean aritzea eta haiei laguntzea.

Antolakuntza alorrari dagokionean, eta ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren lehendakariordetza Lehendakaritzaren idazkaria nagusiari dagokio; Lehendakaritzaren idazkari nagusia aldi berean Garapen Lankidetzarako Erakunde arteko Batzordearen lehendakaria ere bada, martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuaren 3.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Bigarrenik, eta Estatuko hiriburuan Eusko Jaurlaritzaren administrazio-jarduera sendotze aldera, dekretu honek Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza sortzen du. Ordezkaritza berri hori Madrilen Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko eta euskal errealitatea ezagutarazteko erakunde-organoa da. Ordezkaritza horren titularrak zuzendari maila izango du, Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusian txertatuko da, eta idazkaritza horren menpe jardungo du zuzen-zuzenean eta hierarkikoki.

Azkenik, dekretu honek berrantolatu egiten ditu, zati batean bada ere, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren egitekoak; izan ere, zehatzago mugatzen ditu Euskadiren Bruselako Ordezkaritzari esleitutako egitekoa eta lehen Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanak Koordinatzeko Zuzendaritza zenak zuena. Aurrerantzean Kanpo Harremanetarako Zuzendaritza deituko da zuzendaritza hori.

Azaldutako guztiarengatik, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8.c) artikuluak eta maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 4. artikuluak ematen dizkidaten eskumenen arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko martxoaren 22ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea administrazio-erakunde autonomoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Emakumearen Euskal Erakundea sortzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legean ezarritakoaren arabera.

  2. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, erakunde hori sortzeko 5/2008 Legean ezarritakoaren arabera.

  1. Garapenerako Lankidetzaren Erakunde arteko Batzordea, Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legeak sortu eta martxoaren 24ko 71/2009 Dekretuak arautua.

  2. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Kontseilua, Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legeak sortu eta irailaren 16ko 158/2008 Dekretuak arautua.

10 bis artikulua. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza.

  1. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza sortzen da, Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren barruan.

  2. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza Madrilen Eusko Jaurlaritza ordezkatzeko eta euskal errealitatea ezagutarazteko erakunde-organoa da, eta Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren menpe jardungo du zuzen-zuzenean eta hierarkikoki. Horretarako, honako egitekoak dagozkio:

    1. Eusko Jaurlaritzaren interesak ordezkatzea Estatuko hiriburuan.

    2. Lehendakariari, Eusko Jaurlaritzako gainerako kideei eta Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileei laguntzea, Madrilen egin beharreko egitekoak garatzen.

    3. Eusko Jaurlaritzaren lan instituzionalari dagozkion jarduerak bideratzea Estatuko Administrazioan.

    4. Hartu-emanak izatea Madrilen ordezkaritzak dituzten autonomia erkidegoetako nahiz bestelako eskualdeetako ordezkaritzekin, baita Europako Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Madrileko ordezkaritza bulegoekin ere.

    5. Estatuko Gobernuaren politika guztien gaineko jarraipena egitea, politika horietaz arduratzen diren ministerioekin hartu-emanak izanez, beti ere, Eusko Jaurlaritzaren ekintza politikoa erraztu eta hobetzearren, Estatuaren jardunbideak Euskadiko interesei eragiten dieten jardueretan.

    6. Eusko Jaurlaritzaren politikak eta jarduerak Madrilgo komunikabideetan hedatzeko laguntza ematea.

    7. Madrilen herritarrei euskal errealitatearen berri emateko informazio-gunea izatea.

  3. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzak azpiegitura eta laguntza materiala eskainiko die euskal barrutietan hautatutako diputatu eta senatariei eta Autonomia Erkidegoak izendatutako senatariei.

    Halaber, laguntza-gune izango da Euskal Autonomia Erkidegoko entitate publiko eta pribatuek eta Estatuko instituzioek Madrilen egiten dituzten bileretarako.

  4. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzaren titularrak kontratazio-organo gisa jardungo du administrazio publikoen kontratuei buruzko legerian araututako kontratu txikietan, eta higiezinak errentatzeko kontratuetan, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateginaren 41. artikuluko 2. paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan ezarritako eran. Halaber, kontratazio horiek eragindako gastua baimendu beharko du.

  5. Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritzako titularrak zuzendari maila izango du, ekainaren 30eko 7/1981 Legean aurreikusitako ondorioetarako.

  1. Atzerri Arazoetarako Estatu Idazkaritzarekin eta Europar Batasunerako Estatu Idazkaritzarekin lankidetza hartu-emanak izatea Europar Batasunari dagozkion gaietan.

  2. Europako Erkidegoen Batzordearen eta Europako Parlamentuaren Ordezkaritzarekin hartu-emanak izatea.

Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren egitekoak honako hauek dira:

  1. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularrari laguntzea kanpo harremanetako politika kudeatzen eta burutzen.

  2. Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanen estrategia politikoa eta instituzionala garatu, koordinatu eta jarraitzea.

  3. Eusko Jaurlaritzaren eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak sustatu eta erraztea.

  4. Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari laguntzea Euskadiren atzerriko ordezkaritzak abian jartzen eta horiek jarduera indartzen.

  5. Euskadin dagoen gorputz diplomatiko eta kontsularrarekin harremanak izatea.

  6. Eusko Jaurlaritzaren sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek kanpoan burutzen dituzten jarduerak jarraitzea, Euskadiren ekonomia, enpresa eta kulturaren sustapenak koherentzia eta eraginkortasuna izan ditzan.

  7. Eskualdeen arteko lankidetzarako harremanak garatzea.

  1. Euskadiren Bruselako Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, Euskadi Europar Batasuneko erakundeetan ordezkatuko du eta EAEk hainbat alorretan dituen interesak defendatu eta bultzatuko ditu erakunde horietan. Horretarako, honako egiteko hauek izango ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren interesak ordezkatzea Europar Batasuneko erakunde eta organoetan.

    2. Euskadiren gizarte, ekonomia, sektore eta lanbide interesak kudeatzea, Europar Batasuneko ekimenek interesoi eragiten dietenean.

    3. Jaurlaritzak Europar Batasunaren politikak eta araudia egiten eta aplikatzen parte har dezan behar diren koordinazio neurriak betearaztea eta neurri horiek aplikatzeko Jaurlaritzaren Sare Operatiboa garatzea.

    4. Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariek Europako erakundeen organoetan eta lantaldeetan eta, bereziki, Europar Batasunarenetan parte hartzeko behar diren jarduerei ekitea.

    5. Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak europar erakundeei eta, batez ere, Europako Batzordeari zuzentzen dizkion komunikazio ofizialen jarraipena egin eta horiek bideratzea.

    6. Jaurlaritzaren sailei Europar Batasunaren jarduerari informazioa eskuratzeko eta jarduera horren jarraipena egiteko modua emango dieten tresnak garatzea.

    7. Jaurlaritzaren sailei aholkuak ematea, beren intereseko araudi, politika eta eskaintzei buruz.

    8. Europar Batasuna eraikitzearekin zerikusia duten gaiei buruzko hedapena eta zabalkundea egiteko ekintzak gauzatzea, gai horiei buruzko prestakuntza ekintzak eta azterlanak egitea eta Europako Informazioaren Euskal Sarea sustatzea.

    9. Europar Batasuneko lege ekimenen inguruko erabakiak hartzeko prozesua jarraitzea eta informazioa eskuratzea, lege ekimenok Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete, betiere.

    10. Eusko Jaurlaritzaren sailek eta Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa osatzen duten erakundeek Europar Batasunean gauzatzen dituzten jardueren jarraipena egitea, Euskadiren ekonomia, enpresa eta kulturaren sustapenak koherentzia eta eraginkortasuna izan ditzan, programazio agiriak edo programa operatiboak behar dituzten Europar Batasunaren programa eta ekimenena izan ezik.

    11. EAEko agintariak eta eragile sozioekonomikoak Europar Batasuneko erakundeekin elkartzeko azpiegitura gisa jardutea.

    12. Europako Erkidegoan parte hartzeko borondatea adierazten duten erakunde publiko nahiz pribatuei aholku teknikoak eskaintzea, laguntzarako zentro logistiko gisa.

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Ordezkaritza Iraunkorraren arteko harreman organoa izatea.

    2. Jaurlaritzako sailek Europako arauak eta politikak lantzen eta ezartzen parte har dezaten, Europako erakundeetan zuzenean aritzea; baita, premiazkoa denean, sailek egindako parte hartzeen berri izan ere.

    1. Gainerako autonomia erkidego, landër edo eskualdeek Bruselan dituzten bulegoekin elkarlanean aritzea.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erakundeen eta Bruselan kokatutako beste erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza ahalbidetzea, Euskadiren hainbat sektoretako interesak defendatu eta sustatzeko.

Dekretu honek indarra hartzean bidean diren administrazio-espedienteak, baldin eta dekretuaren edukiak organikoki eragiten badie, dekretuak eragindako antolatze eta funtzio banaketaren arabera ebatziko dira.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko martxoaren 22an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.