Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

309/2010 DEKRETUA, azaroaren 23koa, Familien Euskal Behatokia sortu eta arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 232
  • Hurrenkera-zk.: 5817
  • Xedapen-zk.: 309
  • Xedapen-data: 2010/11/23
  • Argitaratze-data: 2010/12/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurreko mendeko azken hamarkadetan izandako gizarte-aldaketa ugariek, hala nola emakumearen emantzipazioak, emakumearen laneratzeak, harreman afektibo-sexualen liberazioak, gutxiengo deiturikoen eskubide zibilen zabalkuntzak, baita gizarte-bizitzaren konplexutasunak ere, nagusi den familia-ereduaren eraldaketa eta haren ordez familia-eredu anitzak (nuklearrak, guraso bakarrekoak, pertsona bakarrekoak, arraza artekoak, berreginak, sexu bereko pertsonek osaturikoak eta abar) ekarri ditu. Horrekin batera, familiek sozialki ezarritako eginkizunak autarkikoki burutzeko familien gaitasuna murriztu egin da, eta gero eta gehiago aurkitzen ditugu orain sustapena, babesa eta laguntza beharko duten familia-sistemak.

Aldaketa horien beste ondorio bat mendebaldeko gizarteen jaiotze-tasa baxua da, eta Euskadi Europako azken postuetan nabarmentzen da sailkapen horretan, egoera horrek eragin duen biztanleriaren zahartze progresiboarekin.

Horregatik guztiagatik, erakunde publikoek familien eremuko esku-hartzea zabaldu eta sakondu behar dute, babes ekonomikoko eta zerbitzuak sortzeko zein horien bizitza osoan sustatzeko, osatzeko eta laguntzeko politikak hartuta. Hori guztia, familien ongizate handiagoa, egungo familia-ereduen aniztasunarekiko errespetua, biztanleriaren gaztetzea eta gure gizartean balio etiko eta demokratikoen transmisioan familiek funtsezko elementuak izaten jarrai dezatela lortzeko.

Euskadin, ildo horretako lehenengo politikak 2002an hasi ziren, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko I. Planaren onarpenarekin; 2000-2006 aldirako egon zen indarrean eta familiei nahi zuten seme-alaben kopurua izatea saihesten edo zailtzen zien arlo ekonomiko eta sozio-laboraleko oztopoak kentzea zuen helburu nagusitzat. Plan horrek lehen aldiz ezarri zuen seme-alabak dauzkaten familientzako laguntzen sistema bat, eta lan- eta familia-bizitza uztartzeko, baita haurrak beren lehenengo bizitza-etapetan eskolaratzeko ere. Ondoren, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planaren onarpenarekin, lehendik bazeuden neurri eta zerbitzuak sendotu nahi izan ziren 2006-2010 aldian, eta familiei laguntzeko programa berriak martxan jarri.

Dena den, familia mota guztietan etengabe aldakorrak diren premietarako neurri eta zerbitzu berriak martxan jartzeak familia-errealitatea ikertzeko eta aztertzeko tresna egoki eta iraunkorrez hornitzea eskatzen du, baita beren eskakizun berrien gogobetetzeari dagokionez familia-politikek duten eraginaz ere hornitzea.

Neurri horien artean, Familiei Laguntzeko Erakunde arteko II. Planean zein Familiei Laguntzako abenduaren 12ko 13/2008 Legean Familien Behatokia sortzea aurreikusten da. Lege horren 34. artikuluak xedatzen du familia-arloan Eusko Jaurlaritzaren Sail eskudunari atxikitako Familien Behatokia sortuko dela, Euskadiko Autonomia Erkidegoan familiaren errealitatea, egoera eta problematika etengabe aztertzeko baita lege honen aplikazioan garaturiko politiken inpaktua aztertzeko ere. Familia-problematika aztertu eta ikertzeko, dokumentu-funts espezializatu bat eguneratzeko, dokumentu-analisi espezializatuak lantzeko, aplikazioaren jarraipena egiteko eta harturiko neurri eta aholkularitza-neurrien gizarte-inpaktua aztertzeko eginkizunak esleitzen zaizkio zeregin hori betetzeko.

Mandatu hori betetzeko, Familien Euskal Behatokia sortzen da arau honetan.

Euskal Herriko Autonomia Estatuaren 9. artikuluak ezartzen duenez, herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharren erabilera egokia zaindu eta bermatuko dute euskal herri-aginteek, eta gizakien eta gizataldeen askatasuna eta berdintasuna zinezko eta benetako izan daitezen baldintzak eragitera eta oztopoak desagerraraztera bideratutako neurri oro hartuko dute, politika-, ekonomia-, kultura- eta gizarte-alorretako bizitzan herritar guztien partaidetza bideratuta eta batez ere bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko politika bat bultzatuta. 10.39 artikuluan ezartzen du, halaber, Autonomia Erkidegoak duen eskumen esklusiboa komunitatearen garapenari, emakumeen egoerari, eta haur, gazte eta adinekoen aldeko politikari dagokionez.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko lehendakariak maiatzaren 8an eman zuen 4/2009 Dekretuko 12. artikuluaren e) idatz-zatiak Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari esleitzen dio familiaren babesa.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen duen urriaren 6ko 538/2009 Dekretuaren 12. artikuluaren a) idatz-zatiak Sail horren mendeko Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzari esleitzen dio familia- eta komunitate-ikuspegiaren sustapena politika publikoetan, familia- eta komunitate-ikuspegitzat honako hau hartuz: familiak osatzeko duten eskubidea balia dezaten erraztu nahi duena, komunitate-harremanak ezarri nahi dituena, laguntza informala eskaini eta jaso nahi duena eta lan-bizitza eta komunitate-bizitza familiaren bizitzaren gainerako alderdiekin uztartu nahi dituena. Bestalde, artikulu horren b) idatz-zatiak familiei laguntzeko alorreko lege-ekimena gauzatzeko behar diren azterketak eta proposamenak lantzea ere esleitzen dio, abenduaren 12ko 13/2008 Legean aurreikusitakoaren arabera.

Hori guztia kontuan hartuta, Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari jarraiki, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko azaroaren 23an egindako bilkuran aldez aurretik eztabaidatu eta onartu eta gero,

Familien Euskal Behatokia sortzea eta Behatokiaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko erregimena arautzea da Dekretu honen helburua.

Familien Euskal Behatokia azterlanerako, ebaluaziorako, lankidetzarako eta aholkularitza teknikorako organoa da eta familia-politikako arloan eskumena duen Sailari atxikita dago, gai horretan eskuduna den Zuzendaritzaren bidez.

  1. Familien Euskal Behatokiaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko familien errealitatea, egoera eta problematika eta Familiei Laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legea aplikatuta garaturiko politiken inpaktua etengabe aztertzea da.

  2. Helburu hori lortzeko, Familien Euskal Behatokiak honako eginkizun hauek garatuko ditu:

    1. Familia-errealitatea etengabe aldatzen ari denez, eta familiek askotariko eginkizunak hartzen dituztenez beren gain, horren guztiaren inguruko jakintza kuantitatiboki nahiz kualitatiboki behar bezalakoa izan dadin bermatzeko azterketa- eta ikerketa-ildo bat bultzatzea eta sustatzea; bereziki, adingabeko seme-alaben mantenuarekin eta zaintzarekin eta mendetasun-egoeretan dauden pertsonen zaintzarekin lotutako ildoa izango da, kalteberatasun handiko egoeretan dauden familiei arreta berezia eskainiz.

    2. Etxeko indarkeriako egoeren errealitatea eta bilakaera ezagutzea, zerbitzu- eta prestazio-eskaintzan hobekuntzak txertatzeko gomendioak eta proposamenak egite aldera, emakumeen aurkako indarkeriaren inguruko ikerketak egiteko Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak dituen ahalmenen laguntzarekin.

    3. Autonomia-erkidegoan, Estatuan, Europan eta nazioartean gai honi lotutako literatura zientifikoa biltzen duen dokumentazio-funts espezializatua eratu eta etengabe eguneratzea, baita araudiei buruzko dokumentazio-funtsa ere, Autonomia Erkidegoan, gainerako autonomia-erkidegoetan, Estatuan eta Europar Batasunaren esparruan indarrean dauden araudiak eskura izatea ahalbidetzeko.

    4. Aurreko paragrafoan aipatutako bibliografia- eta araudi-funtsak ustiatuta lortutako dokumentu-azterketak egitea eginkizunak hobeto eta arinago betetzeko lagungarri izan daitezkeen gai espezifikoen inguruan.

    5. Familiei Laguntzeko Legean eta familiei laguntzeko erakunde arteko dagokion planean azaltzen diren neurriak benetan aplikatzen ote diren eta neurri horiek eragiten duten inpaktu soziala zein den jakiteko jarraipena egitea.

    6. Eskatzen duten administrazio publikoei aholkularitza ematea familiak babesteko, arreta emateko eta laguntzeko jardunen inguruan.

    7. Ordenamendu juridikoa familien premietara egokitzeari buruzko informazioa ematea administrazio eskudunei, eta araudi berriak ezarri edo daudenak aldatzeko proposatzea.

    8. Aldian behin Familiaren Euskal Kontseiluari informazioa ematea, lantzen dituen azterlan eta txostenak igorrita, betiere Behatokiak garaturiko jardueren urteko txosten bat emanez.

    9. Familia-politikaren arloan eskuduna den sailburuari helaraztea aurreko idatz-zatiak aipatzen duen txostena, Eusko Legebiltzarrean aurkezteko, Jaurlaritzak familiari buruzko erakunde arteko planak aurkeztu aurretik gutxienez ere.

    10. Familia-arloan eskuduna den Saileko pertsona titularrak bere eskumenen arloan eslei diezazkiokeen beste guztiak.

  1. Behatokiaren zuzendaritza familia-politikaren arloan eskuduna den zuzendariari dagokio, hari baitagokio helburu eta zereginak definitzea, baita horiek burutzeko beharrezkoak diren norabide eta aginduak ematea ere.

  2. Honako hauek egingo dituzte Familien Euskal Behatokiari dagozkion lanak:

    1. Enplegu eta Gizarte Gaietako langileek berek, haiek arduratuko baitira Sailak familien premia eta eskariei buruz duen informazioa prozesatzeaz, baita bere eginkizunak egikaritzean lor ditzakeen beste informazio batzuk ere, bere helburuak betetzeko erabilgarriak badira betiere.

    2. Familiekin loturiko azterlan eta ikerketak egiteko egiaztaturiko eskumena dute erakunde laguntzaileek, horretarako sinaturiko aldez aurreko lankidetza-hitzarmena tarteko.

  3. Familien Euskal Behatokiaren lana koordinatuta egin da gizarte-gaietako arloan eskuduna den Sailean dauden gainerako behatokiek egindakoarekin eta Behatokiak funtziona dezan ezinbesteko lankidetza ematen duten beste agente batzuek egindakoarekin.

  4. Familien Euskal Behatokiak urteko funtzionamendu-plan bat landuko du eta informazioa emango dio Familien Euskal Kontseiluari egindako jardunei eta lorturiko helburuei buruz.

  5. Behatokiaren arduradunak eta Behatokiaren lanetan esku hartzen duten pertsona guztiek sekretua gorde beharko dute intimitaterako eskubidea eraginpean hartzen duten informazio guztiei eta haien konfidentzialtasunari buruz, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraiki.

  6. Familien Behatokiaren azterlan eta estatistikak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 16. artikuluak xedaturikoaren arabera egingo dira. Artikulu horretan xedaturikoaz gain, Behatokiaren lanak egiteko lankidetza-hitzarmenak sinatzen dituzten erakunde pribatuei Lege horretako 3. artikuluan eta 18. 4. eta 23. artikuluetan bilduriko printzipioak aplikatuko zaizkie.

  7. Familien Euskal Behatokiak pertsona fisiko eta juridiko guztiei bermatuko die erakundearekin euskaraz zein gaztelaniaz harremanetan jartzeko eskubidea, eta bakoitzak hautatzen duen hizkuntza erabiltzeko eta hizkuntza hartan artatua izateko eskubidea, euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedaturikoaren arabera.

Familien Euskal Behatokiaren finantzaketa berariazko aurrekontu-esleipenen bidez egingo da, familia-politikaren arloan Zuzendaritza eskudunarentzat Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan bilduta daudenen bidez.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko azaroaren 23a.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua,

MARÍA GEMMA ARÁNZAZU ZABALETA ARETA.