Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

226/2010 Dekretua, abuztuaren 31koa, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzei buruzkoa. (Lehiatu-Arrantza programa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 204
  • Hurrenkera-zk.: 4859
  • Xedapen-zk.: 226
  • Xedapen-data: 2010/08/31
  • Argitaratze-data: 2010/10/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza; Merkataritza eta turismoa

Testu legala

2007-2013 aldirako, arrantzako eta akuikulturako produktuetarako laguntzei dagokienez, Europako Arrantza Funtsari (EAF) buruzko Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamendua da Erkidegoaren araudi-esparrua. Erregelamendu horrek, helburu nagusi gisa, arrantza-politika komunaren garapen iraunkorra garatzea ezarria du; helburu hori Erregelamenduan adierazitako lehentasunak jomugan hartua duen Erkidegoko multifinantziazioaren bitartez lor daiteke.

Erregelamendu horrek 2002ko abenduaren 20ko 2369/2002 (EE) Erregelamenduak aldatutako Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 2792/1999 (EE) Erregelamendua arrantzaren sektorean egiturazko helburua duten Erkidegoko esku-hartzeen modalitate eta baldintzak definitu zituen ordezten du. Erregelamendu hori 2007ko urtarrilaren 1ean indargabetu zen. Era berean, Erkidegoko Funtsa berria sortu zen, Europako Arrantza Funtsa (EAF) izenekoa, eta, horren bidez, Arrantzaren Orientazioko Finantza Tresna (AOFT) desagertu egin zen. Erregelamendu berri horrek ezarritako berrikuntzetako bat Laguntzarako lehentasunezko ardatzak dira.

Gai horri buruzko Erkidegoko aurreko araudia indargabetu zuen adierazitako esparrua abiapuntutzat hartuta, Erkidegoko arautegi berrian bildutako neurriak ezartzeko berariazko programak egin zituzten estatu kideetan. Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007/2013 EAF Programa Eragilearen eraginpean dago.

Eraldaketaren eta merkaturatzearen esparruari dagokionez, aipaturiko araudiak laguntzak emateko arau argiak eta zehatzak ezartzen ditu. Egiturazko laguntza bereziki akuikulturan eta arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean, mikroenpresetan eta enpresa txiki eta ertainetan biltzen da.

Dekretu honek arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen erregimena ezarri eta arautzen du, baita Europar Batasunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean finantzatutako neurriak abian jarri ere.

Dekretu hau onartu eta argitaratzeko arrazoiak bi izan dira: bata, arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzei dagokienez Erkidegoko araudiaren erreformara egokitzeko premia; eta bestea, jarduera-sektore horretako eraldaketa eta merkaturatze-arloan sortutako errealitate berrietara egokitzeko egin beharreko aldaketak gauzatzea.

Dekretu honen bitartez apustu garbia egin da arrantza-arloko eraldaketaren eta merkaturatzearen sektorean balio erantsia sortzeari lehentasuna emateko, sektore horren eraginpeko eremu geografikoen dinamika sozioekonomikoa bultzatzeko eta EAEko arrantza-arloko eraldaketa eta merkaturatze-industriaren lehiakortasuna indartzeko.

Hemen ezarritako eta araututako laguntzak honako erregelamendu eta programa hauetan xedatutakoaren eraginpean daude: Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamendua; Batzordearen 2007ko martxoaren 26ko 498/2007 (EE) Erregelamendua, 1198/2006 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituena; 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007/2013 EAF Programa Eragilea; Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013 Arrantza Plan Estrategikoa; eta Batzordearen 2008ko uztailaren 22ko 736/2008 (EE) Erregelamendua, arrantzako produktuen produkzioan, eraldaketan eta merkaturatzean diharduten enpresa txiki eta ertainei estatuek emandako laguntzetan Tratatuko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa.

Dekretuak zioen azalpena, 25 artikulu, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen ditu.

Xedapen iragankor bakarrak araua indarrean jartzen denean amaitu gabe dauden aribideko espedienteei aplikatu beharreko erregimena ezartzen du.

Xedapen indargabetzaileak, berriz, indargabetu beharreko arauak biltzen ditu. Azken xedapenen arteko lehenak araua garatzeko ahalmena biltzen du. Azken xedapenen arteko bigarrenak arauaren aurka ezar daitezkeen errekurtsoak. Azken xedapenen arteko hirugarrenak dekretua indarrean noiz hasiko den aurreikusten du.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, dekretu hau egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 19-22. artikuluetan xedatutako izan du kontuan.

Dekretu hau egiteko eraginpeko sektoreko erakunderik adierazgarrienei egin zaie kontsulta; halaber, beharrezkoak diren txosten guztiak eskuratu dira.

Horren ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak proposatuta, betiere Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko abuztuaren 31ko bileran eztabaidatu eta onartuta, honako hau

  1. Dekretu honen xedea arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzen erregimena ezarri eta arautzea da, betiere Europako Arrantza Funtsari (EAF) buruzko Kontseiluaren uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren esparruan eta 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007/2013 EAF Programa Eragilearen esparruan.

  2. Laguntzak honako helburu hauek lortzera bideratuko dira:

    1. Lan-baldintzak hobetzea.

    2. Higieneko eta osasun publikoko baldintzak edo produktuen kalitatea hobetzea eta haien jarraipena egitea.

    3. Kalitate handiko produktuak lortzea espezializazio handiko merkatuetarako.

    4. Ingurumenarekiko inpaktu negatiboa murriztea.

    5. Gutxi aprobetxatuta dauden espezieak, azpiproduktuak eta hondakinak hobeto erabiltzea.

    6. Produktu berriak produzitu eta merkaturatzea, teknologia berriak aplikatzea edo produkzio-metodo berritzaileak garatzea.

    7. Batez ere tokiko lehorreratzeetako eta akuikulturako produktuak merkaturatzea.

  3. Inbertsio eta gastuak urtebeterako edo hainbat urtetarako izango dira, erabilgarri dagoen aurrekontuaren eta aurkeztutako proiektuen gauzatzealdiaren arabera.

Dekretu honi dagokionez, hemen ageri diren moduan hartuko dira kontuan honako definizio hauek:

  1. Arrantza-sektorea: Arrantzako eta akuikulturako produktuen produkzio-, eraldatze- eta merkaturatze-jarduera guztiak biltzen dituen ekonomia-sektorea.

  2. Arrantzako produktuak: Itsasoan edo barne-uretan harrapatutako produktuak eta Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 104/2000 (EE) Erregelamenduaren 1. artikuluan adierazitako akuikulturako produktuak. Erregelamendu horrek arrantzako eta akuikulturako produktuen sektoreko merkatuen antolakuntza komuna ezartzen du.

  3. Jatorrian merkaturatzea: Arrantzako produktu fresko, izoztu edo ontzian eraldatuek jarraitzen duten prozesua, honako alderdi hauek barnean hartuta: Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko portu batean zuzenean deskargatzea edo Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean sartzea, lonjara edo jatorriko merkatua izateko baimendutako establezimendura garraiatzea, jatorriko merkatuan lehen aldiz jarri eta saltzea, eta, lehen salmentaren ondoren, helmugako merkatura bideratzea.

  4. Helmugan merkaturatzea: Lehenengo aldiz saldu eta bideratzen direnetik aurrera arrantzako produktuek jarraitzen duten prozesua, edo, lehenengo aldiz lonjan saltzekoak ez badira, garraiatzen hasten direnetik aurrera jarraitzen dutena. Helmugan merkaturatzeak, halaber, honako jarduera hauek guztiak edo baten batzuk biltzen ditu: garraioa eta banaketa; biltegiratzea, manipulazioa, eraldaketa eta ontziratzea; handizkako merkatuetan erakutsi, salmentan jarri eta handizka saltzea; txikizkako merkatuetan eta jendeari saltzeko establezimenduetan erakutsi, salmentan jarri eta txikizka saltzea; eta jatetxeetan kontsumitzeko eskaintzea.

  5. Handizkako merkataritza-jarduera: Arrantzako produktuak norberaren izenean eta kontura eskuratzeko eta handizkako edo txikizkako beste merkatari batzuei birsaltzeko lanbide-jarduna. Jatorriko handizkariek produktuak lehen salmentan, lonjan edo jatorriko merkatua izateko baimendutako establezimenduetan eskuratzen dituzte produktuak.

  6. Txikizkako merkataritza-jarduera: Kontsumitzaileari birsaltzearren, arrantzako produktuak norberaren izenean eta kontura eskuratzeko lanbide-jarduna. Jatorriko txikizkariek produktuak lehen salmentan, lonjan edo jatorriko merkatua izateko baimendutako establezimenduetan eskuratzen dituzte produktuak.

  7. Krisian dagoen enpresa: Bere finantza-baliabideen edo akziodun nahiz hartzekodunek sartu nahi dizkieten finantza-baliabideen bitartez galerak estaltzeko ahalmenik ez duen enpresa, betiere galera horiek, epe labur edo ertainean, ia ziur desagertzera eraman badezakete; hori guztia, gainera, krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko estatu-arloko laguntzei buruzko Erkidegoko Gidalerroetako (2004/C 244/02) 2.1 puntuan edo haien ordezko arauan aurreikusitako norainokoaz.

  8. Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzea eta merkaturatzea: Produktua lehorreratu edo biltzen denetik xeheka saltzen den egunera arte txikizkako merkataritza salbuetsita manipulazioak, tratamenduak, elaborazioak, produkzioak eta banaketak osatzen duten kateko lan guztiak.

  9. Lonja: Portuko establezimendua, autonomia-erkidegoetan arrantza-sektorearen antolamenduaren eskumena duten organoek baimendutako instalazioak dituena. Bertan, arrantza freskoko produktuen lehorreratzeak kontrolatu eta arrantza-produktuak erakutsi eta lehen aldiz saltzen dira, handizka.

  10. Jatorriko merkatua: arrantzako produkzio-zentroetatik gertu dauden tokiak; bertan egiten da produktu horien lehen salmenta.

Dekretu honen eremuan ematen diren laguntzak diru-laguntza ez-itzulgarriak izango dira.

  1. Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak batera finantzatuko dira «EAF» Europako Arrantza Funtsaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako «Espainiako arrantza-sektorerako 2007-2013 EAF Programa Eragilean» xedatutakoari jarraiki. Bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura soilik finantzatu ahal izango dira, Batzordearen uztailaren 22ko 736/2008 (EE) Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuz. Erregelamendu hori arrantzako produktuen produkzioan, eraldaketan eta merkaturatzean diharduten enpresa txiki eta ertainei estatuek emandako laguntzetan Tratatuko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa

    Laguntza horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren kargura soilik finantzatu ahal izango dira aurrekontu-ekitaldi batean «EAF» Europako Arrantza Funtseko diru-kopurua agortzen denean.

  2. Aurrekontu-ekitaldi batean eman beharreko laguntzaren guztizko bolumenak ezin izango du gainditu hura finantzatzeko urtero deialdiaren aginduan ezartzen den gehieneko hornidura orokorra, ezta hornidura hori eguneratzearen emaitza dena ere, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez.

    Zenbateko hori eskatutako laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan izanik aldatu ahal izango da, betiere laguntza horiek ebatzi baino lehen Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-programa gauzatzearen ondorioz agortu gabe geratutako aurrekontuaren arabera. Zirkunstantzia hori Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearen ebazpen bidez emango da aditzera.

  3. Laguntzak emateko ebazpena ematen den ekitaldiko ordainketa-kredituei egotziko zaizkie laguntzak eta, hala badagokio, dagozkion konpromiso-kredituei, betiere hainbat urtetarako proiektuetako zatikako ordainketei aurre egitearren; hori guztia ekitaldian aplikatzekoa den aurrekontua ixteari buruzko araudia bazter utzi gabe.

  1. Laguntzen onuradunak izateko aukera izango dute arrantzako produktuak eraldatzearen eta merkaturatzearen sektoreetako pertsona fisiko eta juridiko pribatuek, betiere dekretu honetan xedatutakoa betetzen badute eta diruz laguntzeko modukotzat hartzen diren inbertsioak eta gastuak kontratatu eta finantzatzen badituzte.

  2. Arrantzako eta akuikulturako produktuen eraldaketaren sektorearen baitan, onuradunak, zehazki, honako azpisektore hauetakoak izango dira:

    Kontserbak.

    Erdikontserbak.

    Araztegia, itsas haztegiak eta haztegiak.

    Produktu gazituak, ketuak, arraina duten produktu aurrekozinatuak, etab.

    Aurrez egositako produktuak.

    Azpiproduktuen tratamendua eta eraldaketa.

    Arrainezko produktuen elaborazioa (saltsak, arrain-suzedaneoak, etab.).

  3. Arrantzako eta akuikulturako produktuen merkaturatzearen sektorearen baitan, onuradunak, zehazki, honako azpisektore hauetakoak izango dira:

    Beren produktu gehienak EAEko portuetan lehorreratzen dituzten jatorriko handizkariak (hozkailutik kanpoko biltegiratzea, hozkailuan biltegiratzea, izozte-biltegiratzea, etab.).

    Helmugako handizkariak (hozkailutik kanpoko biltegiratzea, hozkailuan biltegiratzea, izozte-biltegiratzea, etab.).

  4. Pertsona horiek enpresa txiki eta ertainak izango dira mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak xedatutakoari jarraiki; edo kategoria horretan bilduta ez dauden enpresen artean, 750 enplegatu baino gutxiago dituzten edo 200 milioi euro baino gutxiagoko negozio-bolumena duten enpresak izango dira.

  1. Batzordeak martxoaren 26an eman zuen 498/2007 (EE) Erregelamenduaren bidez, Kontseiluak 2006ko uztailaren 27an Europako Arrantza Funtsari buruz eman zuen 1198/2006 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dira. 498/2007 Erregelamenduaren I. eta III. eranskinetan lehentasunezko ardatzak, neurriak eta laguntza-ekintzak aurreikusten dira. Horien artean, Lehentasunezko 2. Ardatzetik eta 3. Neurritik, 1., 2., 3. eta 4. Ekintzei emango zaie diru-laguntza, Euskal Autonomia Erkidegoan.

  2. Aurreko paragrafoan adierazitako ekintza bakoitzean honako proiektu eta inbertsio hauek izango dira diruz lagungarriak:

    1. Arrantzako eta akuikulturako produktuen manipulazioak, tratamenduak, produkzioak, eraldaketak eta merkaturatzeak osatzen duten kateko proiektuak, lehen salmentatik azken produktuko fasera arte kontuan hartuta.

    2. Arrantzako eta akuikulturako produktuen hondakinak bildu eta manipulatzen diharduten proiektuak, betiere hondakin horiek giza kontsumorako edo animaliak elikatzeko erabiltzen ez badira.

    3. Produktu berriak merkaturatzea, merkatu berriak zabaltzea, merkataritza-sareak sortzea, produktu-gama berriak diseinatzea, merkatu-azterlanak, marketin-planak, eta abar eragiten duten proiektuak.

    4. Arrantzako produktuen edo arrantza-industriaren diseinu eta irudirako inbertsioak; gehieneko zenbatekoa 15.000 euro izango da eskatzaile eta deialdi bakoitzeko.

    5. Enpresek markak eta patenteak garatzeko inbertsioak barnean hartzen dituzten proiektuak.

    6. Proiektu estrategikoak eta trakzio-eragileak: Proiektu estrategikotzat honako hauek hartu ahal izango dira:

      Euskal Autonomia Erkidegoan eraldaketan eta/edo merkaturatzean gabezia duten azpisektoreetan edo hazteko ahalmena duten azpisektoreetan liderrak diren arrantza-sektoreko enpresak jartzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen enpresa baten tamaina nabarmen handitzea dakarten prozesuak, betiere berrikuntzan eta produktuaren dibertsifikazioan hobekuntzak badakartzate.

      Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko eremuetan enpleguan eragin handia duten proiektuak.

  1. Honako inbertsio hauei emango zaie diru-laguntza:

    1. Ondasun higiezin berriak eraiki eta eskuratzea; horri dagokionez, aurretik erabili ez direnak hartuko dira berritzat. Salbuetsita geratuko da inbertsioak justifikatzeko behar diren makineria eta instalazioak dituzten lursailak eskuratzea. Higiezinetako inbertsioetan diruz lagundu ahal izango den gehieneko zenbatekoa inbertsio guztiaren % 70 izango da, lanbide-ordainsariak barne.

    2. Ondasun higiezinak handitzea beren edukiera handitzeko.

    3. Ondasun higiezinen modernizazioa, kalitatean eta segurtasunean egindako inbertsioak eta ingurumen- nahiz teknologia-hobekuntzak barne.

    4. Obra zibila gauzatzeko nahitaezkoak diren lanbide-ordainsariak, gehienez ere gauzatze materialaren obra-proiektuaren zenbatekoaren % 12raino.

    5. Makina eta ekipo berriak erostea, ekipo horiek eta laborategikoak eta hartarako behar diren instalazioak funtzionatzeko ezinbestekoak diren programa informatikoak barne.

    6. Fabrikako barne-garraioko elementuak.

    7. Patente eta lizentzia teknologikoak eskuratzea, gehienez ere inbertsioaren % 10era arte.

    8. Eraldatzeko edo merkaturatzeko prozesuarekin zuzeneko lotura duten obrak, dastatze-areto eta antzekoetakoak barne.

    9. Kalitate-sistema guztiak ezartzearen ondoriozko gastuak. Horri dagokionez, eskatzaile bakoitzeko gehieneko zenbatekoa urtero ezarriko da dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako deialdia egiteko urtero ematen den aginduan.

    10. Arrantza-industriarako 6.d artikuluan aurreikusitako diseinu-ekintzak. Horri dagokionez, eskatzaile bakoitzeko gehieneko zenbatekoa urtero ezarriko da dekretu honen 14. artikuluan aurreikusitako deialdia egiteko urtero ematen den aginduan.

    11. Azterlanak eta/edo merkatu-azterketak egitea eta edozein motatako merkataritza-ekintzak abian jartzea dakartzaten proiektuak, urteko deialdi-aginduetan ezartzen diren mugak edo moduluak aintzat hartuta.

    12. Enpresa- eta merkataritza-arloko kudeaketa eta lankidetza hobetzeko proiektuak, hornidurako eta banaketako logistikari buruzko azterlanen, merkatua ikertzeko azterlanen eta marketin-planen bitartez, urteko deialdi-aginduetan ezartzen diren mugak edo moduluak aintzat hartuta.

  2. Obra zibilari dagokion proiektuaren zatian, gehienez diruz lagun daitekeen inbertsioa honela kalkulatuko da: eraikitako azalera bider modulu bat, eraikitako metro karratuko hainbat eurotan ezarria, betiere dagozkien higiezinak arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta/edo merkaturatzeko erabiltzen badira.

    Moduluaren zenbatekoa urteko deialdi-aginduan ezarriko da aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko.

    Produktuak goialdeetan biltegiratzeko eraikinen kasuan, moduluaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: aurreko paragrafoan adierazitako moduluaren zenbatekoa metro karratuko bider guztizko altuera zati zazpi.

  3. Makinerian egindako inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatu ahal izango dira, betiere finantza-errentamenduaren kontratuan ondasuna errentamendu-eragiketa amaitzean eskuratzeko betebeharra ezartzen den kasu bakarrean. Eragiketa horiek aldez aurretik azalduko dira eskaeran; halaber, ondasunaren deskribapena, zenbatekoa eta finantza-erakundea adieraziko dira bertan. Eta sailak esanbidez baimenduko ditu. Higiezinen finantza-errentamendua kanpo dago.

Ez dira diruz lagunduko honako hauekin lotura duten inbertsio eta gastuak:

  1. Enpresa baten jabetzaren transferentzia.

  2. Txikizkako merkataritzaren inguruko inbertsioak.

  3. Inbertsioa kokatuko den lur-eremua eskuratzea edo lur-eremuaren balioa jada eraikita dauden lokalak edo pabilioiak eskuratzean.

  4. Erabilitako makineria eta ekipamenduko ondasunak erostea.

  5. Garraio-elementuak, 7. artikuluko 1. paragrafoko f) idatz-zatian xedatutakoa izan ezik.

  6. Aurrekoen birjarpena baizik ez direnak, betiere elementu berria aurrekoak ez diren beste inbertsioekin eskuratu ez bada, dela erabilitako teknologiagatik, dela etekinagatik.

  7. Sozietatea eratzeko eta abian jartzeko gastuak.

  8. Eraldatzeko edo merkaturatzeko prozesuarekin zuzeneko loturarik ez duten obrak (etxebizitzak, jantokiak eta antzekoak).

  9. Industria-jarduerari zuzenean loturik ez dagoen urbanizazioa.

  10. Balio Erantsiaren Zerga (BEZa) eta bestelako tasa eta zergak.

  11. Bulegoko altzariak, telefonia-aparatuak, faxa, fotokopiagailuak. Bulegoko altzariak. Ez dira halakotzat hartuko telefono-instalazioak eta ekipo ofimatikoak, beren amortizazioaldia 7 urtera iristen bada; ezta ordenagailuak ere, programa informatikoak barne, betiere beren amortizazioaldia 5 urtera iristen bada. Laborategiko eta hitzaldi-aretoetako ekipoak eskuratzea onartzen da. Normalean 7 urtetik beherako zikloetan amortizatzen den materiala (bilgarriak, laborategiko material suntsikorra eta antzekoak). Kontabilitatean gastu gisa ageri diren inbertsioak ere ez dira diruz lagunduko.

  12. Material suntsikorra erostea.

  1. Konponketak eta mantentze-lanak.

  2. Publizitate-kanpainetako sustapen-gastuak.

  1. Produktu izoztu eta ultraizoztuetarako biltegi frigorifikoen ingurukoak, betiere haien biltegiratzeko ahalmena lotuta dauden eraldatze-instalazioen produkzio-ahalmenarekin bat ez badator; eta merkaturatzeko kasuetan, betiere biltegi frigorifikoak arrantzako produktuak biltegiratzeko baino erabiltzen ez badira.

Laguntza eskatzen duten pertsonek, eskaera egitean, honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

  1. Diruz lagun daitezkeen inbertsioei edo gastuei lotutako establezimenduak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuta egotea edo zabaltzen direnean bertan kokatzea.

  2. Diruz lagun daitezkeen inbertsioak hasita ez egotea eskaera aurkezten den unean, proiektuari eta bideragarritasun-azterlanari dagozkien ordainsariak izan ezik. Egoera hori bertan egingo den ikuskaritzaren bidez eta Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzak egoera horren ziurtagiria emanez egiaztatuko da.

    Enpresak aurrekontu-ekitaldi jakin baten barnean baina deialdi-aginduak urtero hartarako ezartzen duen epea hasi baino lehen ekin behar badie inbertsioei, behar bezala betetako eskaera aurkeztu beharko da, eskaerari dagokion dokumentazio guztia atxikita.

  3. Eraldatze-enpresei dagokienez, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagai Industrien Erregistroan inskribatuta edo inskribatzeko prozesuan egotea eta bertan datuak eguneratuta edukitzea.

  4. Foru Aldundiekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak ordainduta edukitzea.

  5. Inbertsioari loturik obra zibila egiten bada, inbertsioa gauzatzeko behar diren lursailak edukitzea, jabetzan, errentamenduan edo usufruktuan, eta obra egiteko eta ondoren abian jartzeko nahitaezkoak diren emakidak eta baimenak izatea.

  6. Enpresak ekonomikoki bideragarriak izatea, eta beren produktuentzat merkaturako irteera normalak izatea.

  7. Krisian dagoen enpresa ez izatea, betiere krisian dauden enpresak salbatu eta berregituratzeko estatu-arloko laguntzei buruzko 2004ko urriaren 1eko C 244/2004 Erkidegoko Gidalerroetan ezarritako definizioaren arabera.

  8. Proiektuak ingurumenarekiko eragin negatiborik ez izatea.

  9. Proiektuak ingurumenari eta higieneari buruzko arauak betetzea, baita dagokien inbertsioei aplikatu beharreko Erkidegoko arauak ere.

  10. Inbertsioak 2007-2013 EAF Programa Eragilearen helburuak lortzeko lagungarriak izatea.

  11. Eskaera aurkeztu aurreko bi urteetan laguntzari uko egin ez izana, dekretu honen 23. artikuluan xedatutakoa aplikatuz.

  12. Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera eragozten dituen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik izan ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenen arteko Seigarrenean xedatutakoari jarraiki.

  1. Laguntza-eskaerak Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Gasteizen duen bulegoan Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz aurkeztuko dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokitatik edozeinetan, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoari jarraiki.

  2. Laguntzak eskatzen dituzten pertsonek honako dokumentazio hau aurkeztuko dute:

    1. Eskaera, dekretu honen I-VI. Eranskinetan aurreikusitako ereduaren arabera. Eskaerak honako webgune honetan eskuratu ahal izango dira: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

    2. Eskatzailearen NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

    3. Enpresaren IFKren, legezko ordezkariaren ahalorde-eskrituraren eta NANaren fotokopia, baita erakundearen estatutuen fotokopia ere, dagokion erregistroan inskribatuta daudela adierazita. Hori guztia pertsona juridikoa bada.

      Dokumentazio hori dekretu honen eremuan aurkeztu bada, betiere eskatzaileak dokumentu horietan aldaketarik egin ez dela aitortzen badu, dokumentu horiek aurkeztutakotzat joko dira. Dena den, 4 deialdi igaro ondoren, berriz aurkeztu beharko dira.

    4. Dagokion foru aldundiarekiko zerga-betebeharrak ordainduta dituela eta Gizarte Segurantzako ordainketak ere egunean dituela erakusteko ziurtagiria.

    5. Enpresaren TC1 agiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetekoa.

    6. Proiektuaren memoria, gutxienez honako alderdi hauek bilduta: egin beharreko ekintzen deskribapen xehea; gauzatzeko epea; aurrekontua eta, laguntza ematen bazaio, laguntza horrek enpresaren errendimendu orokorraren hobekuntzan izango duen eragina; enpresaren produktuentzat 9. artikuluko f) paragrafoan aurreikusitako merkaturako irteera normalak izatea; eta inbertsioek ingurumenari eragin negatibo adierazgarririk ez ekartzea. Era berean, dekretu honen 12. artikuluan eta, hala badagokio, 14. artikuluan aurreikusitako urteko deialdi-aginduan bildutako balorazio-irizpideak, irizpide horiek betetzen direla justifikatuta. Enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak azken bi urteetako balantzea eta emaitzen kontua aurkeztuta egiaztatuko dira.

      60.000 eurotik gorako inbertsioetarako, enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak egiaztatzen dituen memoria. Bertan, dekretu honen f) paragrafoan aurreikusitakoa betetzen dela egiaztatu beharko da. Halaber, memoria horretan enpresak azken bi urteetan izandako emaitza ekonomikoei buruzko eta etorkizunerako proiekzioari buruzko datuak bilduko dira, betiere inbertsioa egiten den establezimenduari dagokionez. Datu horiek VII. eranskin gisa bildutako ereduan ageri diren gutxieneko datuak izango dira.

    1. Proiektuen inbertsio-bolumena 300.000 euro baino handiagoa bada, inbertsioa abian jarri eta handik bost urterako bideragarritasun-plana aurkeztuko da. Bertan, enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak egiaztatuko dira eta, gainera, 9. artikuluko f) paragrafoan aurreikusitakoa betetzen dela justifikatuko da, II. eranskin gisa bildutako ereduan agertzen diren gutxieneko datuekin.

    2. Inbertsioa gauzatuko den lursailen jabetzaren, usufruktuaren edo errentamenduaren titulua; obra gauzatzeko proiektua, ikus-onetsia; eta hirigintza-lizentziaren edo obra-lizentziaren eskaera inbertsioari loturik obra zibila egiten bada.

    3. Produktu izoztu eta ultraizoztuetarako biltegi frigorifikoen inguruko inbertsioetan, justifikazio-memoria, biltegi horien biltegiratzeko ahalmena lotuta dauden edo kontratu-harremana duten eraldatze-instalazioen produkzio-ahalmenarekin bat datorrela egiaztatzen duena; eta, merkaturatzeko kasuetan, erosteko ahalmena egiaztatu beharko da; halaber, aitortutakoa justifikatzeko dokumentazioaren kopia aurkeztu beharko da, halakorik baldin badago.

    4. Aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla biltzen duen zinpeko aitorpena; agiri horretan, halaber, 9. artikuluko g), h), j) k) eta l) paragrafoetan ezarritako baldintzak betetzen direla bildu beharko da.

  3. Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari errekerimendua egingo zaio, hamar eguneko epea hutsegitea zuzen dezan edo nahitaezkoak diren dokumentuak aurkez ditzan, eta bestela bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela adieraziko zaio. Horretarako, berriz Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak aldez aurretik ebazpena eman beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki eman ere.

  4. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzak, nolanahi ere, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

  1. Laguntzaren gehieneko muga diruz lagun daitezkeen kostuen % 40 izango da.

  2. Aurrekoa bazter utzi gabe, proiektuak aurkezten dituzten enpresak Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak xedatutakori jarraiki enpresa txiki eta ertainak izan ez eta 750 enplegatu baino gutxiago eta 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena badituzte, laguntzaren gehieneko muga diruz lagun daitezkeen kostuen % 20raino iritsi ahal izango da.

Proiektuen balorazioak proiektu bakoitzari puntuazio zehatza emango dio, eta puntuazio horren bitartez kalkulatuko da laguntzaren zenbatekoa, dekretu honen 13. artikuluan xedatutakoari jarraiki betiere. Halaber, honako irizpide objektibo bat edo gehiago izango dira kontuan:

  1. Oro har, proiektu guztietarako:

    1. Proiektuak edo inbertsioak izaera estrategikoa izatea eta sektorearentzako trakzio-eragilea izatea: gehienez 30 puntu.

    2. Proiektuak edo inbertsioa aterakuntzazko sektoreak edo elkarte-izaerako erakundeek sustatzea: gehienez 20 puntu.

    3. Proiektuak edo inbertsioak batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko lonja eta portuetatik datorren arraina manipulatu edo merkaturatzen duten enpresek sustatzea: gehienez 20 puntu.

    4. Proiektuen edo inbertsioen emaitza gisa enplegu finkoa sortzea, batez ere emakume eta egoera ahulean daudenentzat, oraindik ere pertsona horiek gutxi diren sektoreetan. Lanpostuak laguntza-eskaera aurkezten denetik inbertsioaren azken egiaztapenera arteko epean egin behar da. Enplegu finkoa sortzea: gehienez 15 puntu.

    5. Proiektuek edo inbertsioek enplegu finkoari eustea ahalbidetzea. Lanpostuei eustea esaten denean, inbertsioak xede duen jarduerako kontratu mugagabeko lanpostuen kopurua ez gutxitzea adierazi nahi da: gehienez 15 puntu.

    6. Proiektua edo inbertsioa arrantzarekiko mendetasun handia duen udalerri batean eta haren eragin-eremuan kokatzea, azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraiki: gehienez 15 puntu.

    7. Proiektuak edo inbertsioak enpresaren bideragarritasunean eta errentagarritasunean eragin nabarmena izatea: gehienez 10 puntu.

    8. Erakunde juridiko komunen bidez elkarrekin egindako ekintzen ondorioz bi enpresek edo gehiagok abian jarritako proiektuak: gehienez 10 puntu.

    9. Proiektuak edo inbertsioak kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzea eta/edo arrantzaren eta akuikulturaren sektorean aplikatutako metodo berriak garatzea edo proiektu berritzaileak biltzea: gehienez 10 puntu.

    10. Proiektua edo inbertsioa teknologia-zentro akreditatuek egindako I+G+Bko programaren bateko ondorioen zuzeneko emaitza izatea: gehienez 10 puntu.

    11. Diruz lagun daitekeen inbertsioak makineria eta instalazioak barnean hartzea, betiere oro har diruz lagun daitekeen inbertsio guztiaren % 50 biltzen badute: gehienez 15 puntu.

    12. Inbertsio-proiektua mikroenpresek egitea hartarako, mikroenpresa Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan definitutakoa izango da:gehienez 15 puntu.

    1. Inbertsio-proiektua enpresa txikiek egitea hartarako, enpresa txikia Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan definitutakoa izango da: gehienez 10 puntu.

    2. Jardunen ondorioz enpresa merkatura gehiago egokitzea: gehienez 10 puntu.

    1. Jardunen ondorioz enpresa- eta merkataritza-arloko kudeaketa eta lankidetza hobetzea: gehienez 15 puntu.

    2. Jardunen ondorioz produktuen diseinua eta kalitatea nabarmen aldatzea: gehienez 10 puntu.

  2. Berariaz eraldaketa-proiektuetarako:

    1. Proiektuak edo inbertsioak ingurumenaren eta natur baliabideen babesa eta hobekuntza sustatzea: baliabideen kontsumoaren eraginkortasun handiagoa, hondakinak tratatzeko sistemak, azpiproduktuak hobeto kudeatu eta aprobetxatzea, kostaldeetako baliabideak eta betiko ezaugarriak zaintzen laguntzea: gehienez 15 puntu.

    2. Proiektuaren edo inbertsioaren ondorioz elikadura-produktu eta/edo elikadura-osagai berriak lortzea: gehienez 10 puntu.

    3. Proiektuaren edo inbertsioaren ondorioz gutxi aprobetxatutako espezieak erabiltzea: gehienez 15 puntu.

    4. Proiektuaren edo inbertsioaren ondorioz instalazioak hirigunetik kanpo jartzea: gehienez 20 puntu.

    5. Inbertsioa elikagaien artisau-enpresek egitea horri dagokionez, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legeko definizioa eta horri buruzko araudia hartuko dira aintzat eta egoera horri gutxienez bost urtez eustea: gehienez 15 puntu.

  3. Berariaz merkaturatze-proiektuetarako:

    1. Proiektuak edo inbertsioak arrantzako produktuen lehenengo eraldaketa sustatzea, balio erantsi handiagoa sortzeko: gehienez 20 puntu.

    2. Proiektuak edo inbertsioak enpresen jarduera nazioarteratzea sustatzea eta merkatu berriak gehitzeko aukera ematea: gehienez 15 puntu.

    3. Proiektuak edo inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko aterakuntzazko sektorearekin kontratu-harremanak sustatzea: gehienez 15 puntu.

    4. Proiektuak edo inbertsioak merkatuaren dibertsifikazioa sustatzea produktu eta aurkezpen berriak txertatuz: gehienez 10 puntu.

  1. Aurreko artikuluan xedatutakoa eta urteko deialdi-agindua aplikatuz, betiere 11. artikuluan eta artikulu honen 2. paragrafoan ezarritakoa bazter utzi gabe, proiektu bakoitzerako lortutako balorazioen arabera, zenbatekoa honela gauzatuko da:

    Gehienez 15 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 0.

  1. 35 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 5.

  1. 60 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 10.

  1. 75 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 15.

  1. 85 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 20.

  1. 110 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 25.

    111-130 puntu: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 30.

    130 puntu baino gehiago: diruz lagun daitekeen zenbatekoaren % 40.

    Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak xedatutakori jarraiki enpresa txiki eta ertainak izan ez eta 750 enplegatu baino gutxiago eta 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena duten enpresek egindako inbertsio-proiektuetarako laguntzak diruz lagun daitezkeen inbertsioen balioen % 20raino iritsi ahal izango dira soilik.

  1. Urtero, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren agindu bidez egingo da dekretu honetan araututako laguntzetarako deialdia. Dena den, epe barnean aurkeztutakotzat joko dira eskaera dagokion ekitaldiaren barnean aurkeztuta duten proiektuak, betiere dekretu honen 9. artikuluko b paragrafoan xedatutakoari jarraiki.

  2. Deialdi horretan, besteak beste, honako eduki hauek ezarriko dira:

    1. Eskaerak aurkezteko epea.

    2. Laguntza guztiei erantzuteko gehieneko hornidura orokorra eta, hala badagokio, hornidura horren hainbat urtetako banakatzea, funts mota zehaztuta.

    3. Inbertsioak gauzatzeko epea.

    4. Diruz lagun daitezkeen proiektu motak.

    5. Dekretu honen 12. artikuluan aurreikusitakoetatik, laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko aukeratutako irizpide objektiboak. Beste irizpide objektibo batzuk ezarri ahal izango dira hartarako behar bezala justifikatutako zirkunstantziak gertatzen direnean.

    6. Diruz lagunduko den ekintza mota bakoitzerako aurreikusita dagoen dokumentazioaren artetik, dagokion kasuan aurkeztu beharrekoa, betiere deialdi bakoitzean aukeratutako irizpide objektiboen arabera.

      7. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako diruz lagun daitekeen inbertsioa kalkulatzeko beharrezkoa den moduluaren zenbatekoa.

    1. Eskatzaile bakoitzeko diruz lagun daitekeen gehieneko zenbatekoa, 7. artikuluko 1. paragrafoaren i), j) eta k) idatz-zatietan aurreikusitako gastuetarako.

  3. Dagokion ekitaldian baina urteko deialdi-agindua indarrean jarri baino lehen aurkeztutako eskaerei dagokienez, adierazi behar dituzten irizpide objektiboak egiaztatuta osatu beharko dute aurkeztutako dokumentazioa.

  1. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritza da dekretu honetan araututako laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Proiektuak baloratzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori kide izaeraz jardungo duten hiru pertsonak osatuko dute. Hirurak ere Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko zuzendaritzetakoak izango dira, baina horietako inor ez da izango Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendaria. Hitza eta botoa izango dute, eta Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearen ebazpen bidez izendatuko dituzte. Ebazpen horretan, halaber, Batzordearen idazkaritzan eta burutzan nork jardungo duen ezarriko da.

    Batzordeak, bere funtzioen jardunean, bere bileretara joateko eta aholkuak eskatu ahal izango dizkio behar adina adituri.

  3. Bideragarritasuna aztertu aurretik eta Balorazio Batzordeak espedienteak baloratu baino lehen, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzako teknikari batek eskaera bakoitza aztertuko du. Hain zuzen ere, proiektua alderdi teknikoa eta ekonomikoa aintzat hartuta aztertuko du, artikulu honen 4. paragrafoko a) idatz-zatian aurreikusitako irizpideei jarraiki. Ondoren, proiektua dekretu honetan eta deialdi bakoitzean ezarritako baldintzekin bat ote datorren aztertzen duen txostena egingo du, eta txosten hori Batzordeari aurkeztuko zaio.

  4. Balorazio Batzordeak honako funtzio hauek izango ditu:

    1. Aurkeztutako eskaeren ebaluazioa eta proiektuaren bideragarritasun teknikoaren eta ekonomikoaren azterketa, honako irizpide hauek aplikatuz:

      Aplikatu beharreko araudia betetzea.

      Proiektuak eragindako lehiakortasun-hobekuntza. Enpresaren egungo egoerari loturik txertatutako produktu eta prozesuak, eta aurreikusitako merkatuak.

      Arrantza- eta akuikultura-sektorearen gaineko trakzioa.

      Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa. Proiektuaren eta horren bideragarritasunaren azterketa, eta, eskatutakoen artean, diruz lagun daitezkeen gastuak zehaztea.

      Proiektuaren balorazioa. 12. artikuluan ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila.

      Proiektuaren merkatua bultzatu eta baloratzea: merkataritza-kudeaketa, merkatu berrien azterketa, produktuak, etab.

      12. eta 13. artikuluetan laguntza mota bakoitzerako ezarritako laguntzak baloratzeko eta haien zenbatekoa kalkulatzeko irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoari buruzko proposamen bat egitea.

  5. Balorazio Batzordeak, bere funtzioak garatuz, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzako teknikariek egindako txostenak baloratuko ditu artikulu honen 3. paragrafoan adierazitako txostenak, hain zuzen ere; horrez gain, beharrezkotzat jotzen duenean, aurkeztutako eskaerei dagozkien espedienteetan bildutako dokumentazioa aztertu ahal izango du.

  6. Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen bakarra egingo dio Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari. Proposamenak, gutxienez, agindu honen hamabosgarren ebazpenak adierazten duen edukia bildu beharko du.

  7. Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahal izango ditu. Eta horiek aurreikusten ez dutenari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22-27. artikuluetan xedatutakoaren arabera jardungo dute.

  1. Norgehiagoka izango da laguntzak esleitzeko prozedura.

  2. Laguntzarako eskubidea izango dute dekretu honetan eta dagozkion urteko deialdi-aginduetan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituzten proiektuek, betiere laguntzarako eskubidea izateko gutxieneko puntuazioa lortzen badute, dekretu honen 13. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

  3. Eskatzaile bakoitzari emango zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa urteko deialdi-aginduan aukeratutako irizpide objektiboak aplikatuz kalkulatuko da. Aurreko araua aplikatu ondoren, onuradunen zerrenda egingo da, bakoitzari legokiokeen hasierako laguntza bilduta.

    Urteko deialdian bildutako hornidura ekonomikoa aurreko idatz-zatian aurreikusitakoari jarraiki hasieran kalkulatutako kopuruak emateko iristen bada, zenbateko horien araberako laguntzak emango dira.

  4. Urteko deialdi-aginduan ezartzen den gehieneko hornidura orokorra ez bada iristen aurkeztutako eskaera guztiei erantzuteko, hornidura hori eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean banatuko da, guztiz estaltzeko behar den guztizko zenbatekoari dagokionez hasieran bakoitzarentzat kalkulatutako kopuruen proportzio berean.

  1. Aurkeztutako eskaerak eta dokumentazioa aztertu ondoren, Balorazio Batzordeak egindako proposamena aztertuta, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak ebatziko du deialdia. Era berean, erabaki hori ebazpen-proposamenarekin bat ez badator, arrazoitzea eskatuko zaio.

  2. Ebazpena arrazoitu egin beharko da, eta gutxienez honako informazio hau bilduko du:

    1. Baietsitako eskaerei dagokienez:

      Onuradunen izena edo sozietate izena, IFK edo NANa.

      Diruz lagun daitekeen inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa.

      Diruz lagundutako kopurua eta horren banakatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kargura eta EAF Erkidegoko funtsaren kargura finantzatutako laguntzaren zatian.

      Hainbat urtetako proiektuen kasuan, urteroko bakoitzari dagozkion kopuruak finkatuko dira.

      Aurreikusitako jardunak eta haien urterokoak gauzatzeko epea.

    2. Ezetsi diren eskaerei dagokienez:

      Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.

      Ezesteko baliatu diren arrazoiak.

  3. Ebazpena dekretu honen 14. artikuluak adierazitako agindua eraginkorra izaten hasi eta gehienez ere sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da. Epe hori iragandakoan esanbidezko ebazpenik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo ahal izango dituzte beren eskaerak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

  4. Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeari. Horretarako, hilabeteko epea izango du, ebazpen horren jakinarazpena jaso eta biharamunetik kontatzen hasita; epea hiru hilabetekoa ere izan daiteke, administrazio-isiltasunak eragina izan eta biharamunetik kontatzen hasita, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

  5. Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpenaren banan banako jakinarazpena bazter utzi gabe, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariaren ebazpen bidez ere, dekretu honen babesean emandako laguntzen onuradunak izan diren pertsonen zerrenda argitaratuko da EHAAn, emandako zenbateko eta guzti, ebazpena argitaratzeko.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Laguntzaren xede den inbertsioa edo gastua hura emateko ebazpenean, eta, hala badagokio luzatzeko ebazpenean, ezarritako epean gauzatzea, dekretu honen 19. artikuluan ezarritako gehieneko mugarekin.

  2. Laguntza eman zaion xederako erabiltzea.

  3. Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretan, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean diru-laguntzaren onuradunak esanbidez eta idatzita uko egiten ez badio, diru-laguntza onartutzat emango da.

  4. Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak eta gastuak gauzatu ondoren gutxienez 7 urtez mantentzea ondasun higigarriei dagokienez (makineria, tresnak eta ekipo informatikoak); epea 10 urtekoa izango da ondasun higiezin eta obra zibilentzat; denboraldi horretan ezingo dira ez besterendu, ez amortizatu, ezta diru-laguntza ematea eragin zuen xedea ez den beste xede baterako erabili ere.

  5. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzari inbertsioaren edo gastuaren gauzatze partzialaren edo osoaren berri jakinaraztea eta haren esku uztea inbertsioaren gauzatzea eta gastua egin izana egiaztatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia.

  6. Lanpostuak sortu eta/edo lanpostuei eustearen kasuan, lanpostu kopuruari gutxienez hiru urtez eustea, inbertsioaren azken egiaztapenetik aurrera.

  7. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eskatzen duten informazioa ematea, jasotako laguntzei eman zaien erabilerari eta ematean aintzat hartu ziren helburuak bete izanari buruzko fiskalizazio-funtzioak baliatuz eskatzen duten informazioa ematea, hain zuzen ere.

  8. Helburu bererako edozein administraziok edo edozein erakunde publikok zein pribatuk beste diru-laguntza eta laguntza batzuk eman badizkio eskatzaileari, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari idatzi baten bitartez jakinaraztea.

  9. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren aldaketa idatzi baten bitartez jakinaraztea.

  10. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

  11. Diruz lagundutako inbertsio, gastu edo jarduera guztietan, baita haiei buruz egiten den informazio edo publizitate guztian ere, Erkidegoko funtsez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz batera finantzatu direla agerraraztea modu ikusgarrian eta hautemangarrian, honako hauetan ezarritakoari jarraiki: Eusko Jaurlaritzaren Identitate Korporatiboaren Eskuliburua, abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuak arautzen duena (205. EHAA, 1999ko urriaren 26koa); Batzordearen maiatzaren 30eko 1159/2000 (EE) Erregelamendua, egitura-funtsen esku-hartzeei dagokienez estatu kideek egin beharreko informazio- eta publizitate-jarduerei buruzkoa (EBAO L, 130, 2000-05-31koa); Kontseiluak uztailaren 27an Europako Arrantza Funtsari buruz emandako 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 51. artikulua; Kontseiluak Europako Arrantza Funtsari buruz emandako 1198/2006 (EE) Erregelamendua aplikatzeko xedapenak ezartzen dituen Batzordearen martxoaren 26ko 498/2007 (EE) Erregelamenduaren 28., 29. eta 30. artikuluak [Aldizkari Ofiziala, L 120, 2007-05-10ekoa].

  1. Proiektuak urtebetean edo hainbat urtetan gauzatu ahal izango dira.

  2. Urteko proiektuak gauzatzeko epea deialdiari dagokion ekitaldiko abenduaren 31 izango da. Dena den, luzatu egin ahal izango dira, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Luzatutako proiektuak gauzatzeko gehieneko epea, berriz, hasieran aurreikusitako urtearen ondorengo bigarren urteko irailaren 30a izango da.

  3. Hainbat urtetako proiektuak gauzatzeko epea deialdiari dagokion ekitaldiaren ondorengo bigarren urteko abenduaren 31 izango da. Dena den, epea luzatu egin ahal izango da, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera. Luzapena, berriz, hasieran aurreikusitako urtearen ondorengo bigarren urteko irailaren 30a izango da.

  4. Dagokien ebazpena Batzordearen C(2007) 6615 Erabaki bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007-2013 EAF Programa Eragilearen programazioaldiko azken urtean emana duten proiektuentzat eta aurreko ekitaldien luzapenen ondoriozkoentzat azken ordainketa-data Kontseiluaren uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 90. artikuluan ezarritakoa edo aldaketarik izanez gero hartarako ezartzen dena izango da.

  1. Emandako laguntzaren xede diren inbertsioak edo gastuak gauzatu izana Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzan honako dokumentazio hau aurkeztuta justifikatuko da:

    1. Gauzatutako jardueren justifikazio-memoria; bertan, proiektua betetzeari eta horren gauzatze-mailari buruzko informazioa bilduko da.

    2. Dagokion foru-aldundiarekiko zerga-betebeharrak ordainduta dituela eta Gizarte Segurantzako ordainketak ere egunean dituela erakusteko ziurtagiria.

    3. Jatorrizko fakturak eta ordainketaren justifikatzeko agiriak; horiek jatorrizkoak edo fotokopiak izan daitezke.

    4. Enplegu finkoa sortzea edo hari eustea dakarten proiektu edo inbertsioetarako, enpresaren lan-bizitzari buruzko ziurtagiriak, laguntzaren xede den establezimenduari dagokionez.

    5. Ondasun higiezinak eskuratzeko diru-laguntza eman den kasuetan, erosi izana egiaztatzen duen eta Jabetza Erregistroan behar bezala inskribatuta dagoen dokumentu publikoaren kopia aurkeztuko da.

    6. Inbertsioari loturik obra zibila egiten bada, establezimenduaren obra-lizentzia. Lizentzia eta baimen horiek nahitaezkoak ez badira, hori behar bezala egiaztatzeko frogagiria aurkeztu beharko da.

  2. Laguntzak egokiro kudeatu eta ordainduko direla bermatzearren, inbertsioa gauzatu izana frogatzeko dokumentazioa aurkezteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, inbertsioa amaitu eta onuradunak ordaintzen duenetik aurrera. Gehieneko luzapena izan duten proiektuei dagokienez, berriz, epe hori luzapena amaitzen den ekitaldiko urriaren 31n amaituko da.

  3. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak dokumentazio gehigarria eskatu ahal izango du, egoki baderitzo. Eskaera hori arrazoitu egin beharko du.

  4. Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak fakturen eta egin diren ordainketen taula zehatza bilduko duen memoria gehigarri bat eskatuko du, honako zirkunstantzia hauetako batzuk gertatzen direnean:

    1. Diruz lagun daitezkeen inbertsioak 1.000.000 eurotik gorakoak izatea.

    2. 200 faktura baino gehiago izatea.

    3. Gaztelaniaz edo euskaraz idatzita ez dauden dokumentuak eta/edo fakturak izatea.

  1. Ordainketak inbertsioa edo gastua aurreko artikuluan adierazitako dokumentuen bitartez justifikatu ondoren eta Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzako teknikariek inbertsioak egiaztatu eta gero gauzatuko dira. Teknikariek gehienez ere bi hilabete izango dituzte egiaztapena egiteko, inbertsioaren gauzatze osoa edo partziala jakinarazten denetik aurrera.

  2. Ez da ordainketen aurrerakinik emango.

  3. Laguntza onuradunei ordainduko zaie zuzenean.

  4. Urte bakoitzaren barnean ordainketa partzialak egin ahal izango dira, eta ordainketa horiek interesdunak eskatuta gauzatuko dira; nolanahi ere gehienez hiru ordainketa partzial egingo dira urtero.

  5. Ordaintzeko eskaerarekin batera, ordainketa partziala edo osoa izanik ere, 20. artikuluko 1. paragrafoan adierazitako dokumentazioa aurkeztuko da.

  6. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek izaera bereko laguntzak edo diru-laguntzak eman badituzte, laguntza edo diru-laguntza horien esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzearen baitan eman eta ordainduko zaizkie diru-laguntza horiek onuradunei.

  7. Inbertsioa hartarako ezarritako gehieneko epeetan, luzapenak barne, ez egiteak, edo epe horretan inbertsioa egin izana egiaztatzeko dokumentazioa aurkeztu ez izanak honako ondorio hauek izango ditu:

    EAFaren kargura finantzatutako laguntzaren zatiari dagokionez, EAFaren kargura ordaintzeko konpromisotik libre geratzea, Europako Arrantza Funtsari buruzko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 90. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

    Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kargura finantzatutako laguntzari dagokionez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala badagokio, dekretu honen 24. artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, itzultzeko prozedura hastea.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egindako aldaketa oro, edo dekretu honen xede direnekin batera beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen bestelako diru-laguntzak eta laguntzak lortu izana, edo inbertsio-proiektuan aldaketak egin izana, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio, arrazoituta eta idatzita. Horrek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere dekretu honetan ezarritako gutxieneko baldintzei eta laguntzaren helburuari eusten bazaie. Horri dagokionez, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du. Bertan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriari egokituko zaizkio, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

  2. Gastuaren behin betiko kostu erreala onartutako eta laguntza emateko aintzat hartutako gastuaren aurrekontua baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion proportzioan gutxituko da Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendarak hartarako emandako laguntza likidatzeko ebazpenaren bitartez; orduan, diru-laguntzaren ehunekoa onartutako aurrekontu berriari aplikatuko zaio.

  3. Salbuespen gisa, onuradunak aldez aurretik eskatu eta idatzi baten bidez justifikatuta eskaera hori gehienez ere inbertsioa amaitu behar den urteko abenduaren azken hamabostaldiaren aurretik egin behar da, laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraiki, Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak, hala badagokio, inbertsioa gauzatzeko epea atzeratu ahal izango du, luzapenaren gehieneko denbora-tartea ezarriko duen ebazpen bidez. Kasu horretan, hasieran onartutako diru-laguntzari eutsiko zaio eta proiektuak gauzatzeko gehieneko epea ez da inola ere dekretu honen 19. artikuluan ezarritako epea baino luzeagoa izango.

  4. Arrazoi justifikaturik ez badago, onartutako inbertsioa aurreikusitako epean gauzatzen ez bada edo aurreikusitako inbertsioaren eta azkenean gauzatutakoaren artean % 20ko edo gehiagoko beheranzko desbideratzea sortzen bada, lehenik eta behin ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko da eta, ondoren, penalizazioa ezarriko da. Penalizazio horren zenbatekoa onartutako diru-laguntzaren xede den inbertsioa gutxitu den proportzio berekoa izango da. Aurkeztu eta onartuta dagoen proiektu bat hein batean ez betetzeak Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariaren iritziz proiektua guztiz eraldatzen badu, emandako diru-laguntza bertan behera utzi ahal izango da.

  1. Laguntza eskatzen duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza emateko ebazpena jakinarazi aurretik egin behar da. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, zuzenean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

  2. Laguntzaren onuradunak eman dioten laguntzari uko egin ahal izango dio. Emandako diru-laguntza onartu ondoren egin ahal izango du hori, 18. artikuluko c) idatz-zatian xedatutakoaren arabera, betiere inbertsioa amaitu edo gastua egin baino lehen, baldin eta Administrazioak ordainketarik egin ez badio. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, zuzenean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

    Uko egin izana onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere.

  1. Onuradunak dekretu honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarrita dagoen edozein betebehar betetzen ez badu; edo diru-laguntza emateko ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez baditu; edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan aurreikusitako laguntzak itzultzeko edozein arrazoiren eraginpean badago; laguntzak eman dituen organo eskudunak, lehenik eta behin ez-betetzeri buruzko espedientea irekiko du eta bertan interesdunaren esatekoa entzungo da; ondoren, ebazpen bidez diru-laguntzarako eskubidea partzialki edo osorik galdu duela adieraziko du eta, hala badagokio, baita jasotako laguntzak eta haiei dagozkien legezko interesak Euskadiko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikulu horretan xedatutakoari jarraiki, betiere dagozkion bestelako ekintzak bazter utzi gabe. Kopuru horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

  2. Itzulketa-prozedurari administrazioko arau-haustetzat jo daitezkeen gertakarien ondorioz ekin bazaio, gertakari horien berri emango zaio organo eskudunari, dagokion zehapen-prozedura has dezan.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek dekretu honetan bildu diren helburu berberetarako emandako laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta oro har hartuta dekretu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Muga horiek gainditzen badira, dekretu honen arabera emandako laguntzari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio Berrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariaren ebazpen bidez.

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasitako espedienteekin zerikusia duten administrazio-prozedura guztiek izapidetzeari eutsiko diote amaitu arte, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuak 2008ko urriaren 1ean emandako Aginduaren babesean, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2009ko azaroaren 6an emandako Aginduaren babesean. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuak 2008ko urriaren 1ean emandako Aginduaren bidez, arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko diru-laguntzetarako 2008ko deialdia egin zen, Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduan jasotakoari jarraituz. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak 2009ko azaroaren 6an emandako Aginduaren bidez, arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko diru-laguntzetarako 2009ko deialdia egin zen, Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduan jasotakoari jarraituz.

Honako xedapen hauek indargabetuta geratu dira:

Arrantzaren eta arrantzako nahiz akuikulturako produktuen arlorako laguntzei buruzko apirilaren 6ko 67/2004 Dekretuaren VI. Kapitulua.

Eta dekretu honetan xedatutakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko gainerako xedapen guztiak.

Lehenengoa. Garatzeko ahalmena.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari ahalmena ematen zaio bere eskumenen baitan dekretu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko beharrezko xedapenak emateko, baita aplikatzekoa den Erkidegoko araudian eta 2007ko abenduaren 13an Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez onartutako Espainiako arrantza-sektorerako 2007/2013 EAF Programa Eragilean aldaketak egiten badira beharrezkoak diren egokitze eta aldaketa teknikoak egiteko ere.

Bigarrena. Errekurtsoak.

Dekretu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian bi hilabeteko epean, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, betiere Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko abuztuaren 31n.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.