Arautegia
Inprimatu212/2010 DEKRETUA, uztailaren 27koa, enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresarientzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren programa garatzen duen Dekretua bigarrenez aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ekonomia eta Ogasun Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 152
- Hurrenkera-zk.: 3733
- Xedapen-zk.: 212
- Xedapen-data: 2010/07/27
- Argitaratze-data: 2010/08/10
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
- Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia
Testu legala
Otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuaren bitartez (2010eko otsailaren 17ko EHAA, 32. zk.), Euskal Autonomia Erkidegoko 2010. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 2/2009 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresarientzako eta profesional autonomoentzako finantza-laguntzaren programa onetsi zen (EHAA, 32. zk., 2010eko otsailaren 17koa). Horrela bada, baimena eman zen finantzaketa eskuratzeko laguntzen berariazko programa bat ezartzeko, gehienez 600 milioi euroko zuzkidurarekin, izenburuan aipatutako agente ekonomikoen zirkulatzaile-beharrizanei erantzuteko, batez ere.
Ondoren, martxoaren 9ko 80/2010 Dekretuaren bitartez, aurreko Dekretua aldatu zen, programa horren babesean formalizatu beharreko maileguak Kreditu Ofizialeko Institutuaren funtsen bitartez finantzatu ahal izateko (EHAA, 51. zk., 2010eko martxoaren 16koa).
41/2010 Dekretuan jasotzen diren finantza-laguntzarako neurriak 2009. urtean ezarritako lerro baliokidearen jarraipena dira; 2009ko lerro hura bi dekreturen bitartez zehaztu zen: banako enpresarien eta profesional autonomoen finantza-egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programa garatu duen abenduaren 30eko 229/2008 Dekretua eta enpresa txiki eta ertainen finantza-egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programa garatu duen abenduaren 30eko 230/2008 Dekretua.
Krisi honen iraupenak eta intentsitateak berekin ekarri du otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuaren bitartez onartutako finantzaketa-programan zehaztutako hasierako testuingurua berriro aldatzeko beharra, maileguen epeak luzatzeak errazagoa bihur dezan maileguok itzultzea eta enpresa-ingurunea une honetan jasaten ari den ingurune atzerakor luze honetara egokitzea. Aldaketak beste zenbait aurreikuspen ere barne hartzen ditu halaber; hain zuzen ere, abenduaren 30eko 229/2008 Dekretuari eta abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuari jarraiki 2009. urtean indarrean zeuden baldintzen arabera finantza-laguntzaren lerroak eskuratu dituzten erakundeek eta pertsonek, bai eta 2010. urtean oraingo aldaketaren aurretikoak eskuratu dituztenek ere oraingo aldaketaren bitartez proposatzen den araudi berriko finantzaketa eskuratu ahal izan dezaten beharrezkoak direnak.
Dekretuaren aurreikuspenak ez dira mugatzen, beraz, programaren babesean, behin aldaketa gertatuta, formalizatuko diren mailegu berrietara; aitzitik, 2009. urtean eta 2010. urteko lehen hilabeteetan formalizatutako maileguak ere barne har ditzake.
Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2010eko uztailaren 27an egindako bilkuran eztabaidatu ondoren, hauxe
Idazketa berri bat eman zaio otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuaren 10. artikuluari («Maileguen ezaugarriak»), hain zuzen ere:
Honako hauen artekoa izango da maileguen zenbatekoa:
50.000 euro eta 600.000 euroen artean, enpresa txiki eta ertainentzat.
10.000 euro eta 100.000 euroen artean, banako enpresarientzat eta profesional autonomoentzat.
Zenbateko horiek kalkulatzeko, abenduaren 30eko 229/2008 Dekretuaren eta abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuaren babespean emandako finantzaketa-eragiketen saldo biziak (dekretu honen araberako finantzaketa-eskabidea egin den egunean daudenak) metatuko dira.
Mailegu-eragiketen epea hiru edo bost urtekoa izango da, eta urte bateko gabealdia ezarri ahal izango da, amortizaziorako. Hiru hilean behin egingo da interesen eta amortizazio-kuoten likidazioa, amaitutako epeetan.
Aplikatu beharreko interes-tasa Euribor gehi % 1,50eko tartea izango da. Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da, Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes-tasa. Tasa hori hiru hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen-dataren aurreko azken astegunean kalkulatzen da, hala badagokio. Ez da biribiltzerik onartuko. Hiru hilean behin berrikusiko da maileguen interes-tasa.
Ez da bestelako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko. Mailegu-hartzaileak aurretiaz ezeztatu edo amortizatu ahal izango du mailegua, inolako kosturik gabe.
Finantzaketa-programa honetan laguntzen duten finantza-erakundeek, KOI-2010 lerroetarako finantzaketa-baldintza orokorren kontratu markoa eta KOI-2010eko likidezia finantzaketa-lerroaren baldintza berezien kontratua sinatu badituzte Kreditu Ofizialeko Institutuarekin, Finantzaketa % 100 KOIrena - Arriskua % 100 kreditu-erakundeena azpilerroaren arabera jasotako finantzaketa aplikatu ahal izango diote programa honi.
Horrelakoetan, azpilerro horren babesean gauzatuko diren maileguen baldintzak bertan xedatutakoaren araberakoak izango dira. Hala eta guztiz ere, maileguek nahitaez bete beharko dituzte honako inguruabar hauek:
Epea 3 edo 5 urtekoa izango da, urte bateko gabealdiarekin.
Maileguen interes-tasa KOIren lagapen-tasa finkoa izango da, Finantzaketa % 100 KOIrena - Arriskua % 100 kreditu-erakundeena azpilerroan definitutakoaren arabera, gehi % 1eko diferentziala gehienez.
Elkarrekiko berme-baltzu laguntzaile batek abalatuko ditu maileguak, eta eskatzaileek Dekretu honetako gainerako baldintza orokorrak bete beharko dituzte.
Lehenengoa. Abenduaren 30eko 229/2008 Dekretuak ahalbidetutako finantzaketara atxiki diren banako enpresariak eta profesional autonomoak.
Abenduaren 30eko 229/2008 Dekretuak ahalbidetzen duen finantzaketara atxikitzen diren banako enpresaburuek eta profesional autonomoek eskuratu ahal izango dituzte halaber enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresarientzako eta profesional autonomoentzako finantza-programa garatzen duen otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuan jasotako finantza-baldintzak, beti ere bermatzen bada lortzen duten finantzaketaren bolumen osoak, birfinantzaketa-eragiketak barne, behin gauzatuta, ez dakarrela berekin 41/2010 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako maileguen zenbatekoaren onuradun bakoitzarentzako gehienezko mugak gainditzea. Birfinantzaketa hori ezin izango da 2009. urteko programaren kontura formalizatutako zenbatekoaren % 50 baino handiagoa izan, Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurrean behar bezala justifikatutako salbuespen puntualetan izan ezik.
Bigarrena. Abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuak ahalbidetutako finantzaketara atxiki diren enpresa txiki eta ertainak.
Abenduaren 30eko 230/2008 Dekretuak ahalbidetzen duen finantzaketara atxikitzen diren enpresa txiki eta ertainek eskuratu ahal izango dituzte halaber enpresa txiki eta ertainentzako, banako enpresarientzako eta profesional autonomoentzako finantza-programa garatzen duen otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuan jasotako finantza-baldintzak, beti ere bermatzen bada lortzen duten finantzaketaren bolumen osoak, birfinantzaketa-eragiketak barne, behin gauzatuta, ez dakarrela berekin 41/2010 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako maileguen zenbatekoaren enpresakako gehienezko mugak gainditzea. Birfinantzaketa hori ezin izango da 2009. urteko programaren kontura formalizatutako zenbatekoaren % 50 baino handiagoa izan, Ekonomia eta Ogasun Sailaren aurrean behar bezala justifikatutako salbuespen puntualetan izan ezik.
Otsailaren 9ko 41/2010 Dekretuaren babesean eta Dekretu honetan ezartzen dena aplikatu arte formalizatutako mailegu-eragiketen finantza-baldintzak Dekretu honetan jasotzen diren baldintza berrietara egokitu ahal izango dira, baldin eta halakorik eskatzen badute maileguaren onuradunak, elkarrekiko berme-baltzu abal-emaileak eta finantzaketa ematen duen finantza-erakundeak.
Lehenengoa. Ekonomia eta Ogasuneko sailburua ahaldundu da dekretu hau garatzeko beharrezko xedapenak emateko.
Bigarrena. Dekretu hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» argitaratu eta biharamunean egongo da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2010eko uztailaren 27an.
Jarduneko lehendakaria,
MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.
Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,
CARLOS AGUIRRE ARANA.