Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

79/2010 DEKRETUA, martxoaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoan zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 62
  • Hurrenkera-zk.: 1881
  • Xedapen-zk.: 79
  • Xedapen-data: 2010/03/02
  • Argitaratze-data: 2010/04/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Kontseiluaren 1259/1999 (EE) Erregelamenduak nekazaritza-praktiketan ingurumenari buruzko eskakizun jakin batzuk bete behar zirela ezarri zuen eta NPBren zuzeneko laguntzak ordaintzea eskakizun horiek betetzearen baldintzapean jarri zuen lehen aldiz. Aurrerago, Kontseiluaren 2003ko irailaren 29ko 1782/2003 Erregelamenduak sakondu zuen hori guztia. Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduak aldatu eta ordeztu zuen azken erregelamendu hori; nekazaritza-politika bateratuaren esparruan, nekazarientzako zuzeneko laguntza-erregimenei aplikagarriak zaizkien xedapen orokorrak eta laguntza-erregimen zehatzak ezarri zituen 73/2009 Erregelamenduak eta, halaber, zenbait erregelamendu aldatu zituen hain zuzen, 1290/2005 (EE) Erregelamendua, 247/2006 (EE) Erregelamendua eta 378/2007 (EE) Erregelamendua eta 1782/2003 (EE) Erregelamendua indargabetu.

Bestalde, Batzordearen 2009ko azaroaren 30eko 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren bidez, 73/2009 (EE) Erregelamendua garatu da. Hala, 1122/2009 Erregelamenduaren bidez garapen-arauak ezartzen dira bi eginkizun hauetarako: batetik, 73/2009 Erregelamenduak ezarritako nekazarientzako zuzeneko laguntza-erregimenetan, baldintzak, modulazioa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integrala garatzeko, eta, bestetik, 1234/2007 (EE) Erregelamendua garatzeko, mahastigintzako sektorerako ezarritako laguntza-erregimeneko baldintzei dagokienez.

Europar Batasunaren arau horiek guztiak aplikatzeko, urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretua argitaratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan ematen diren zuzeneko laguntzei zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa. Apirilaren 11ko 82/2006 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, zenbait egokitzapen egin beharraren ondorioz. Hala ere, azken dekretu hori ere gaindituta geratu da, Europar Batasuneko araudian izandako aldaketak direla-eta.

73/2009 Erregelamenduak ezartzen duenez, zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazari guztiek erregelamenduko II. eranskinean aipatzen diren kudeaketa-arloko legezko betekizunak bete beharko dituzte (oinarrizko arauak, osasun publikoari eta animalien eta landareen osasunari, ingurumenari eta animalien ongizateari buruzkoak). Orobat, III. eranskinean aipatzen diren nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak ere bete beharko dituzte. Betekizun eta baldintza horiek bete ezean, laguntzak txikiagotu egingo dira eta, batzuetan, baita kendu ere. Bestalde, agintari eskudunak bete behar diren legezko kudeaketa-betekizunen eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokien zerrenda eman behar die nekazariei.

Kontseiluaren 2005eko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduak, landa-garapenera bideratutako laguntzari buruzkoak, ezartzen duenez, erregelamendu horretan ezarritako laguntzen onuradunek ustiategi osoan bete beharko dituzte, laguntza zuzenen onuradunek betetzen dituzten legezko kudeaketa-betekizun berberak eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egoki berak (Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 74/2009 (EE) Erregelamenduak aldatu zuen erregelamendu hori). Landa-garapenerako neurriei dagokienez, baldintzak betetzen direla kontrolatzeko prozeduran aplikatzen diren xedapenak Batzordearen 2006ko abenduaren 7ko 1975/2006 (EE) Erregelamenduan jaso ziren (Batzordearen 2009ko ekainaren 9ko 484/2009 (EE) Erregelamenduak aldatu zuen erregelamendu hori).

Halaber, Kontseiluaren 2008ko apirilaren 29ko 479/2008 (EE) Erregelamenduak, mahastigintzako merkatuaren antolamendu bateratua ezartzen duenak, honako hau xedatzen du: mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko eta mahastiak erauzteko primaren aldeko laguntza-programen bidez laguntzak jasotzen dituzten nekazariek errespetatu behar dituzte legezko kudeaketa-betekizunak eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak. Bestalde, MAB berri hori 1234/2007 (EE) Erregelamendura (MABetarako erregelamendu bakarrera) sartu da, hain zuzen ere 2009ko maiatzaren 25ean Kontseiluak emandako 491/2009 (EE) Erregelamenduaren bitartez, eta hartarako, 1234/2009 (EE) Erregelamendua aldatu da, eta 479/2008 (EE) Erregelamendua indargabetu.

Azkenik, Estatuko Administrazio Orokorrak apirilaren 3ko 486/2009 Errege Dekretua argitaratu du; horren bidez, legezko kudeaketa-betekizunak eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak ezartzen dira. Hain zuzen ere, ondoko hauek bete beharko dituzte betekizun eta baldintza horiek: nekazaritza-politika bateratuaren eremuan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek, landa-garapeneko zenbait laguntzen onuradunek eta mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko eta mahastiak erauzteko primaren aldeko laguntza-programen bidez laguntzak jasotzen dituzten nekazariek.

Adierazitako horren guztiaren ondorioz, beharrezkoa da urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretua indargabetu eta ordeztea, hain zuzen ere, honako hauetara egokitu dadin: Europako Erkidegoko araudi berrira, Estatuko Administrazio Orokorrak ezarritako esparrura eta hobekuntza teknikoak egiteko eta, baldintzak aplikatzean, azken urteetan atzemandako akatsak zuzentzeko beharrizanera.

Dekretu hau prestatzerakoan aholkua eskatu zaie Euskal Herriko Ingurumen Batzordeari, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta lanbide-elkargoei.

Ondorioz, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2010eko martxoaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen helburua nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak definitzea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Baldintza horiek, honako hauek bete beharrekoak izango izango dira: nekazaritza-politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituztenek, landa-garapeneko zenbait laguntzen onuradunek eta mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko eta mahastiak erauzteko primaren aldeko laguntza-programen onuradunek.

  2. Era berean, dekretu honetan azalpen modura zerrendatuko dira, Europako Erkidegoko araudiak «kudeaketako legezko baldintzak» esapidearen bidez zehazten dituen oinarrizko arau orokorrak; hain zuzen ere, Kontseiluaren 2009ko urtarrilaren 19ko 73/2009 (EE) Erregelamenduaren II. eranskinean jasotzen dira arau horiek.

  1. Dekretu hau nekazaritza-ustiategiei aplikatuko zaie, baldin eta laguntza hauetakoren bat jasotzen badute:

    1. Zuzeneko laguntzak, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera.

    2. Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluko a) idatz-zatiko i) eta v) arteko tartekaduretan eta b) idatz-zatiko i), iv) eta v) tartekaduretan aurreikusitako laguntza hauek:

      1. Nekazal-lurren erabilera jasangarriaren aldeko neurriak:

        Mendi-inguruetan dauden zailtasun naturalak direla-eta, kalte-ordainak ematera bideratutako laguntzak.

        Mendikoak ez diren eremuetan dauden zailtasunak direla-eta, kalte-ordainak ematera bideratutako laguntzak.

        «Natura 2000» laguntzak eta 2000/60/EE Zuzentarauarekin lotutako laguntzak.

        Nekazaritza eta ingurumeneko laguntzak.

        Abereen ongizaterako laguntzak.

      2. Baso-lurren erabilera jasangarriaren aldeko neurriak:

        Nekazaritza-lurren lehenengo baso-sartzerako laguntzak.

        «Natura 2000» laguntzak.

        Baso-inguruaren aldeko laguntzak.

    3. 479/2008 (EE) Erregelamenduko 20. eta 103. artikuluetan jasotzen diren laguntzak.

      Mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko programetan jasotako laguntzak.

      Mahastiak erauzteko primak.

  2. Dekretu honetan ezarritako nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak, artikulu honetako 1. puntuan zehaztutako laguntzetako edozein jasotzen duen nekazaritza-ustiategi osoan bete beharko dira; alde horretatik, ez da kontuan hartuko ustiategian dauden partzelek edo instalazioek laguntzarik jaso dezaketen edo ezin dezaketen, laborantzarako edo abelazkuntzarako erabiltzen diren edo Euskal Autonomia Erkidegoan osorik edo zati batean dauden.

  3. Artikulu honetako 1.c puntuan adierazitako laguntzen onuradunek laguntza jaso eta hurrengo hiru urteetan bete beharko dituzte dekretu honetan zehaztutako legezko kudeaketa-betekizunak eta nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak.

Aplikatzekoak izango dira 73/2009 (EE) Erregelamenduan eta 1122/2009 (EE) Erregelamenduan bildutako definizioak, bai eta ondoko hauek ere:

  1. Lurra lantzea: laborantza-lurra irauli, tresna mekanikoen bidez.

  2. NPGIS barrutia edo barrutia: Nekazaritzako Partzelei buruzko Geografia Informazioko Sistemaren arabera nekazaritzako erabilera bakarra duen partzelan kokatzen diren ondoz ondoko azaleretako bakoitza.

  3. Aldapa: lurraren batez besteko inklinazioa da. NPGIS barrutian kalkulatzen da, goraguneen eredu digitalarekin. Eredu hori puntu distantziakidezko sarean oinarritzen da, eta puntu horien arteko aldea gehienez 20 metrokoa da, eta zehaztasuna, 1:10.000 kartografiaren antzekoa.

  4. Lur urasetua: zoruaren poro guztiak urez beteta daudenean urasetuta dagoela esaten da.

  5. Eusteko terrazak: harri lehorreko baratze-mailak; belarra, zuhaixkak edo zuhaitzak dituzten ezpondak; terrazak eta lubakiak, nibeleko laborantzaren kasuan; eta landare-barrera biziak, maldarekiko perpendikularrak, isurketak kontrolatuz lurra higaduratik babesten dutenak.

  6. Benetako abere-zama: azienda (ALU Azienda Larri Unitatetan), bazka-azaleraren hektarea bakoitzean, nagusiki baliabide natural propioen bidez mantentzen dena. ALUen baliokidetasunak, abelburuko eta espezieko, uztailaren 6ko 141/2004 Dekretuan edo hori aldatu edo ordezkatzen duen araudian ezarritakoak dira (141/2004 Dekretua, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena).

  7. Berezko landaretza desegokia: zenbait landare-espezie dira, eta epe ertainera eta luzera nekazaritzako lurren ekoizpen-ahalmena arriskuan jarri ezin dezaketen arren, ugaritu egin daitezke eta, ondorioz, finka edo alor landu jakin batean nekazaritzaren eta ekologiaren arteko oreka hautsi eta inguruko soro landuetan eragin.

  8. Egiturazko elementuak: euren ezaugarriak direla-eta, eginkizun nabariak dituzten osagaiak dira, hain zuzen, ekoizpen-ahalmena mantentzeko eta animaliak, landareak eta nekazaritza-jarduerari lotutako paisaia zaintzeko. Dekretu honi dagokionez, honako hauek izango dira egiturazko elementuak:

    1. Partzela-ertzak: mugakideak eta ezpondak. Partzelako mugakide eta ezpondei lotutako landareak sartzen dira definizio honetan, salbu eta berezko landare-espezie desegokitzat hartzen direnak. Ezponda da goragune edo malda duen lur-zatia edo mendoitz itxurakoa, maila desberdinetan dauden landutako bi lursail bereizten dituena.

    2. Eusteko terraza: lur-sail lauetako bakoitza, maila moduan jarrita, lur aldapatsu baten hegian

    3. Landaretza-uharteak: landaretza naturaleko inguruak, bata bestetik isolatuta daudenak; landutako lurrez inguratuta daudenez, bertan bizi diren espezien mugimenduak, harremanak eta garapena oztopatu egiten dira.

    4. Harkaitzak: haitzak edo haitz-multzoak, plano horizontalaren gainean proiektatutako gutxieneko azalera 5 m2-koa dutenak; hartara, fauna basatiaren kontserbazioa errazten dute.

    5. Ibaiertzeko heskaiak edo basoak, partzelaren barruan daudenak.

    6. Idoi, aintzira, urmael eta uraska naturalak.

    7. Lerroko hesi-arbolak eta multzo-arbolak edo babestuak.

    8. Eraikin txikiak, hala nola, harri lehorreko hormatxoak, bordak edo arkitektura tradizionaleko bestelako elementuak.

  9. Lurrak fintzea: baratze-mailetako eta lur ureztatuetako lurrazala egokitzeko lanak dira; grabitate-, azalera- eta uholde-bidezko ureztatze-metodoak erabiltzen diren laborantza-partzeletan egiten dira lanok, hain zuzen ere, ur-erabileraren eraginkortasuna hobetu eta ureztatze-jarduera errazteko.

  10. Higadura-arrisku handia duten eremuak: Euskal Autonomia Erkidegoko Lorzoruen Higadura Maparen arabera (azaleko higadura hidrikoa), honela sailkatzen dira eremu horiek: higadura-prozesu larrikoak, oso larrikoak edo muturrekoak. Aipatutako mapa Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak landutakoa da.

  1. Dekretu honetako 2. artikuluan aipatzen diren onuradunek dekretuaren I. eranskinean adierazten diren nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak bete behar dituzte.

  2. Orobat, dekretu honen II. eranskinean zehaztutako legezko kudeaketa-betekizunak konplitu beharko dituzte.

  3. Aurreko bi paragrafoetan adierazitako betekizunez gain, Kontseiluaren irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluaren a) idatz-zatiko iv) tartekaduran ezarritako laguntzen onuradunek, ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko gutxieneko betekizunak konplitu beharko dituzte, zehazki, honako hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenaren Programan (2007-2013) jasotako eta uztailaren 8ko 133/2008 Dekretuan eta foru-aldundietako garapen-araudian ezarritako betekizunak. (133/2008 Dekretua, Nekazaritzarako egiturazko eta ingurumeneko laguntzei buruzkoa).

Larre iraunkorren titularrek Europako Erkidegoko arauak bete beharko dituzte, bai eta, halakorik izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegokoa arauak ere; arau horien helburua da larre iraunkorren azalera guztizkoaren murrizketa nabarmenari aurre egitea, betiere, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 6. artikuluan eta 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera; artikulu horietan zehazten dira urtean onartu daitezkeen murrizketa-tarteak, erreferentziazko proportzioa kontuan hartuta.

Estatuan, tarte horiek gainditzen baldin badira, Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, foru-aldundietako organo eskudunekin elkarlanean, norbanakoek konplitu beharreko betekizunak ezarriko ditu, betiere, 1122/2009 (EE) Erregelamenduko 4. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  1. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza arduratuko da dekretu honen aplikazioaz, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-politika bateratuaren gastuak ordaintzen dituen erakundea den aldetik.

  2. Forua-aldundietan nekazaritza arloko eskumena duten sailak, zein bere lurraldean, izango dira Kontroleko Organo Espezializatuak, urriaren 3ko 194/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoko gastuen erakunde ordaintzailea eratzen du dekretu horrek) eta abenduaren 15eko 367/1998, 368/1998 eta 369/1998 Dekretuetan xedatutakoari jarraituz (dekretu horien bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Guztientzako Erakundeetatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoei, hurrenez hurren, eskualdatzen zaizkien egitekoak areagotzen dira; NBBEF-Bermea deritzonaren kargura finantzatutako zuzeneko diru-laguntzen kudeaketari dagozkio egiteko horiek).

  3. Murrizketen eta bazterketen kalkuluari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Erakunde Ordaintzailea izango da organo eskuduna.

  4. Dekretu honen aplikazioaren ondorioz herri-administrazioekin izan beharreko harremanetan, ahozko zein idatzizkoetan, pertsona fisikoei eta pertsona juridikoen ordezkariei euskara eta gaztelania erabiltzeko eta nahi duten hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuko zaie.

  1. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak, agintaritza eskuduna den aldetik, baldintzak betetzen direla bermatzeko sistema ezarriko du, 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoaren arabera. Nekazaritzaren Bermerako Espainiako Fondoak autonomia erkidegoen lankidetza duela sortutako estatuko kontrol-planari egokituko zaio EAEko kontrol-plana, eta aipatutako fondo horri emango zaio planaren berri.

  2. Kontrol administratiboak egingo dira, bereziki dagoeneko kontrolsistemetan ezarrita daudenak; kontrol horiek kasuan kasuko betekizun, arau, egintza edo esparruaren gainean egingo dira, baldin eta horretarako metodo egokiak badaude, hala baitago ezarrita 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 49. artikuluan.

  3. Halaber, tokian bertan ere egingo dira kontrolak, hain zuzen ere, 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 50. artikulutik 52. artikulura bitartean ezarritako ehuneko eta baldintzen arabera.

  4. Laguntza-eskabideak aurkeztu diren urte zibil berean gauzatuko dira tokian bertan egitekoak diren kontrolak.

  5. Foru-aldundietako organo eskudunek egingo dituzte tokian bertan egin behar diren kontrolak, eta honako hauei egingo dizkiete: laguntza zuzenak jasotzeko eskabideak aurkeztu dituzten lagun guztien ehuneko bati, gutxienez; 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren 36. artikuluaren a) idatz-zatiko i) eta v) arteko tartekaduretan eta b) idatz-zatiko i), iv) eta v) tartekaduretan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak egiten dituzten lagunen ehuneko bati, gutxienez; mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko programen laguntzak eskatu dituzten lagunen ehuneko bati; bai eta, 479/2008 (EE) Erregelamenduko 20. eta 103. artikuluetan ezarritakoaren arabera, mahastiak erauzteko primaren laguntza jasotzen duten lagunen ehuneko bati; eta, kasu guztietan, betekizun edo arau horietako edozein bete behar dutenei.

    Kontroletan, gutxieneko ehuneko horiek lurralde historiko bakoitzean bete beharko dira.

    Egintza eta arauei aplikagarria den legediak gutxieneko kontrol-ehunekoak finkatuta baldin baditu, ehuneko horiek aplikatuko dira lehenago aipatutakoen ordez.

  6. Tokian bertan egindako kontrol bakoitza kontrol-akta batean jasoko da, eta bertan, ikuskatze-bisitari buruzko emaitza bilduko da. Akta horietan oinarrituta, kontrol guztiei buruzko txosten bat landuko dute foru-aldundiek; txosten hori Eusko Jaurlaritzaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara bidaliko da, tokian bertan egindako kontrolak bukatu eta hilabeteko epean.

    Halaber, ikuskatutako pertsona edo haren ordezkaria kontrolean egon ez badira, kasuan kasuko foru-aldundiak ez-betetze guztien berri emango die, tokian bertan egindako kontrolaren egunaren ondorengo hiru hilabeteko epean.

  7. Kanpaina batean, tokian bertan egindako kontroletan, egintza edo arau bat askotan betetzen ez dela egiaztatzen bada, hurrengo kontrol-aldian areagotu egingo da egintza edo arau horren gainean tokian bertan egingo diren kontrolen kopurua, hala baitago ezarrita 1122/2009 (EE) Erregelamenduko 50.3 artikuluan.

  8. Erakunde ordaintzaileak NBEFri bidaliko dio 1122/2009 (EE) Erregelamenduko 84. artikuluan aurreikusitako informazioa; hona hemen bidali beharrekoa:

    Ekainaren 15a baino lehen, aurreko urte zibilari dagokion txostena; bertan, honakoa aipatuko dute: kontrolen emaitza, kontrol-erakundeak eta 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 84. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoa betetzeko beharrezko den gainerako informazioa. Horretarako, foru-aldundi bakoitzak bere eskumeneko lurralde historikoari buruzko txosten bat, aipatutako informazioa duela, bidaliko dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, apirilaren 30a baino lehen.

    Urteroko irailaren 30a baino lehen, eskatzaileek larre iraunkor gisa deklaratutako azalerari buruzko informazioa, bai eta guztira deklaratutako nekazaritza-azalera ere, hain zuzen ere, 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 84. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoa betetze aldera. Horretarako, foru-aldundi bakoitzak bere eskumeneko lurralde historikoari buruzko txosten bat, aipatutako informazioa duela, bidaliko dio Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari, abuztuaren 30a baino lehen.

  1. Urte natural jakin bateko edozein garaitan, hauetakoren bat betetzen ez bada:

    Legezko kudeaketa-betekizunak.

    Nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak.

    Ongarriak eta produktu fitosanitarioak erabiltzeko gutxieneko betekizunak, nekazaritzako eta ingurumeneko laguntzen onuradunek bete beharrekoak; eta

    Ustiategi bateko nekazaritza-jarduera edo -azalera batean izandako ez-betetzea pertsona bati egotzi dakiokeen ekintza baten edo huts baten ondorioa baldin bada, eta, urte horretan bertan, pertsona horrek berak dekretu honen 2. artikuluan zehaztutako erregimenetako batean laguntzarik eskatu badu;

    Eskatutako laguntzak murriztu edo bertan behera utziko dira honako era honetan:

    Zuzeneko laguntzen zenbateko osoa, betiere 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 7. eta 11. artikuluetan ezarritakoa aplikatu ostean.

    Ez-betetzea atzeman den urte zibilean ordaindu behar diren landa-garapenerako laguntzak, betiere, 1122/2009 (EE) Erregelamenduaren 70. artikulutik 79. artikulura bitartean eta 1975/2006 (EE) Erregelamenduaren 22., 23. eta 24. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

    Mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko programetan eta mahastiak behin betiko erauzteko primaren bidez jasotako laguntzak.

  2. Ez-betetzeak ebaluatzeko, kasuan kasuko laguntzak murrizteko ezarriko diren irizpideak eta metodologia erabiliko dira.

  3. Zuzeneko laguntzak, landa-garapenerako laguntzak eta mahastiak berregituratu eta birmoldatzeko laguntzak edo mahastiak erauzteko prima murriztu edo bertan behera utziz gero, ez-betetzea egotzi zaion pertsonari aplikatu zaio hori, betiere pertsona horrek laguntza horietakoren bat eskatu badu.

  4. Ez-betetzeak txikiak badira, ez da murrizketarik aplikatuko.

    Ez-betetzeak txikitzat joko dira eta, ondorioz, ez da murrizketarik aplikatuko, baldin eta ustiategi batean atzemandako ez-betetze guztiak arinak badira, ustiategitik kanpo eraginik ez badute eta ondoriorik sortzen ez badute edo urtebetetik behera irauten badute.

    Osasun publikoaren edo animalien osasunaren aurkako arriskua sorrarazten duten kasuak ez dira inola ere ez-betetze txikitzat hartuko.

    Dagokion foru-aldundiak kontrolaren xede izan den pertsonari jakinaraziko dio nolako neurri zuzentzaileak hartu behar dituen; jakinarazpen hori egin ondoren, epea bat emango zaio egoera zuzentzeko, hain zuzen, ez-betetzea atzeman eta hurrengo urteko ekainaren 30a arteko epea. Epe horretan neurririk hartu ezean, ez-betetzea ez da txikitzat hartuko, eta berau atzeman den urtean % 1eko murrizketa aplikatuko da. Aitzitik, neurri zuzentzaileak epe barruan hartuz gero, ez-betetzerik ez dagoela ulertuko da.

  5. Bestalde, 73/2009 (EE) Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoaren arabera, baldintzak ez betetzeagatik aplikatutako murrizketen zenbatekoak NBEUFi ordainduko zaizkio, zati bat izan ezik; Euskal Autonomia Erkidegoarentzat izango da NBEUFi ordaintzen ez zaion zati hori.

Lehenengoa. Indargabetu egiten da urtarrilaren 25eko 20/2005 Dekretua, Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren zuzeneko laguntzei zenbait baldintza aplikatzeari buruzkoa.

Bigarrena. Indarrik gabe uzten da Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2005eko uztailaren 29ko Agindua, NPBren zuzeneko laguntzetan murrizketak aplikatzeko, baldintzen ez-betetzeak ebaluatzeko irizpideak eta metodologia ezartzen dituena.

Lehenengoa. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak ahalmena izango du dekretu honetan esaten dena agindu bidez garatzeko eta Europako araudian egiten diren aldaketetara edo estatuko oinarrizko legedira egokitzeko.

Bigarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko martxoaren 2an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

Dekretu honetako 2. artikuluan adierazitako laguntzak jaso ahal izateko Euskal Autonomia Erkidegoan bete beharreko nekazaritza- eta ingurumen-baldintza egokiak honako hauek dira:

  1. Higadura saihesteko bete beharreko arauak.

    1. Lur-lantzea maldaren baldintzetara egokitzea.

    1. Belarki-laboreak: belarki-laboreak lantzen diren azaleretan, lurra ez da malda handieneko norabide berean landuko golde belarridunarekin, baldin eta barruti landuetako batez besteko malda % 12tik gorakoa bada, eta, betiere, barrutiaren egiazko malda terrazen edo baratze-mailen bidez konpentsatuta ez badago.

    2. Zurezko laboreak: mahasti, olibadi eta fruitu lehorren laborantzan, % 15etik gorako malda duten eremuetan, lurra ez da maldaren norabidean landuko golde belarridunarekin, salbu eta lantzeko modu bereziak aplikatzen badira (hala nola, baratze-mailak edo terrazak), kontserbazioko lur-lantzea egiten bada edo lurzorua landarez erabat estaltzen bada. Baratze-mailak egonez gero, ezingo da inola ere ezponden egitura kaltetzen duen laborantzarik egin.

    3. Bestalde, 1.1 eta 1.2 paragrafoetan ezarritakoa ez da aplikatuko honako kasuetan: hektarea bateko edo gutxiagoko laborantza-partzeletan; partzelak irregularrak edo luzexkak baldin badira eta maldarekiko zeharkako norabidean duten gutxieneko azalera 100 metrotik beherako bada; eta ekoizpen-jarduera tradizionalari euste aldera, organo eskudunak ezarri eta baimendu egiten baditu egoki iritzitako kontserbazioko nekazaritza-teknikak.

      Kasu guztietan, laborantza ahalik eta azkarren ezarriko da, lurzoruak higadurarik jasan ez dezan.

    1. Lurzoruaren gutxieneko estaldura.

    1. Belarki-laboreak: neguko belarki-laboreak ereiten diren lehorreko nekazaritza-partzeletan, lurra ez da golde belarridunarekin landuko aurreko uzta bildu zenetik irailaren 1era bitartean, egun horretan hasten baita aurrez ereiteko garaia; nolanahi ere, aldi horretan bigarren mailako laboreak landu ahal izango dira.

      Hala ere, landare-estalkia belarki-laborez osatuta egon dadin errazteko, eta nekazaritzarekin, klimarekin eta lurzoruaren tipologiarekin lotutako beste zenbait arrazoi direla medio, foru-aldundiek, euren lurralde historikoetako zenbait eremutan, tokian tokiko baldintzetara egokituago dauden epeak ezarri ahal izango dituzte aurrez ereiten hasteko, baita lurra lantzeko teknika egokiak aplikatu ere.

    2. Zurezko laboreak: olibadietan, malda % 12koa edo handiagoa baldin bada eta, herbizidak erabiliz, olibondoen inguruko lurzorua landarerik gabe utzi bada, gutxienez metro bateko landare-estalkia utzi beharko da malda handieneko lerroarekiko zeharkako kaleetan edo lerro horrekiko kale paraleloetan; hala egingo da, partzelaren diseinuak edo ureztatze-sistemak beste aukerarik uzten ez badute. Nolanahi ere, landare-estalki horrek laborearekin lehian hasten bada, metodo kimiko edo mekanikoen bidez kendu ahal izango da; edozein modutan, lur-azala landuz berrezarri ahal izango da, arau honen 1.2 paragrafoan xedatutakoa betez, betiere.

      Halaber, % 15eko edo gehiagoko malda duten partzeletan ezingo da zurezko laboreen orpo bat bera ere errotik erauzi, salbu eta zenbait eremutan hala ezarrita badago eta agintari eskudunak halakoak berrezartzeko baimena eman badu; halako salbuespenetan, hala ere, zenbait arau bete beharko dira, zehazki, zurezko laboreen barietatea berrezartzera eta laboreak eta aprobetxamendua aldatzera bideratutako arauak.

    3. Bestalde, aurreko bi paragrafoetan ezarritakoa ez da aplikatuko, baldin eta barrutiaren egiazko malda terraza edo baratze-mailen bidez konpentsatuta badago.

    4. Lugorriko eta uzteko lurrak: lugorriko edo uzteko lurretan, aukerakoa izango da praktika hauetako bat egitea: lurra lantzeko sistema tradizionalak, lurra ahalik eta gutxien lantzea edo landare-estalki egokia mantentzea, modu espontaneoan edo hobetze-espezieak ereinez.

      Landare-estalki bat mantendu ordez, edo lehenago aipatutako praktikak (lurra lantzeko sistema tradizionalak eta lurra ahalik eta gutxien lantzea) osatze aldera, eta lurra ongarritzeko, gehienez 20 t/ha simaur edo 40 m3/ha minda erabili ahal izango dira 3 urtetik behin, betiere, labore bat laster erein edo landatu behar denean; alde horretatik, abenduaren 22ko 390/1998 Dekretuan xedatutakoa bete beharko da. (Dekretu horren bidez, nekazaritzako jardueratik sortutako nitratoek ura erraz kutsa dezaketen eremuak zeintzuk diren deklaratzeko arauak eman ziren eta EAEn arriskuan dauden eremuetan aplikatu beharreko Nekazaritzako Praktika Egokien Kodea onetsi zen).

    1. Higadura-arrisku handia duten eremuak.

    1. Higadura-arrisku handiko aldeetan, agintari eskudunek ezarritako murrizketak errespetatu behar dira, zoruak narriatu edo alferrik gal ez daitezen.

    2. Eusteko terrazak: eusteko terrazak egoera onean mantenduko dira; alegia, drainatze-ahalmena zainduko da eta lurrez estaltzea edo eraistea eta karkabak sortzea saihestuko da.

  2. Lurzoruaren gai organikoa zaintzeko bete beharreko arauak.

    1. Uztondoak kudeatzea.

    1. Debekatuta dago uztondoak erretzea, jardun hori arrazoi fitosanitarioengatik egin behar denean izan ezik. Halakoetan, uztondoen erretzea arlo publikotik sustatu daiteke edo, bestela administrazio eskudunak baimen dezake, interesdunak hala eskatu ondoren.

    2. Salbuespen gisa, agronomiako arrazoi justifikatuak direla medio baimendu ahal izango da erretzea.

    3. Bi kasuetan, behar bezala beteko da Euskal Autonomia Erkidegoko berezko legedia, alderdi hauei dagokienez: eskaeren tramitazioa, suteen prebentzioa, erretzeko egunak eta baldintzak, erre aurreko eta osteko nekazaritzako praktikak, kasuan kasuko prebentzio- eta babes-neurriak eta, bereziki, lur-sailak baso-lurren ondoan baldin badaude, zerrenda perimetral baten gutxieneko zabalera errespetatzeko neurriak.

    4. Belarki-laboreen uzta-hondarrak eta zurezko laboreen inausketa-hondarrak deuseztatzeko, ezarritako arauak bete beharko dira beti.

  3. Lurren trinkotzea saihesteko eta euren egitura zaintzeko arauak.

    1. Makineria egokia erabiltzea.

    1. Zoru urasetuetan eta urez betetako edo elurrez estalitako lur-eremuetan, debekatuta dago lurra lantzea eta bertatik ibilgailuak igarotzea, agintari eskudunak beharrezkoa dela irizten dionean izan ezik.

    2. Ondorio horietarako, ondoko kasuetan joko da beharrezkotzat: uzta biltzean, azaleko ongarritzea egitean, tratamendu fitosanitarioak egitean, elikagaiak erabili eta aziendari ematean; betiere, aurreko jarduerak ustekabeko euri-sasoian egiten badira. Beste zenbait kasu ere beharrezkotzat joko dira, agintari eskudunak hala irizten badio eta horretarako baimena berariaz ematen badu.

  4. Habitaten gutxieneko mantentze-maila bermatzeko eta narraiatzea prebenitzeko arauak.

    1. Larre iraunkorrak.

    1. Etengabeko larreak babestea: larre iraunkorren azalerak egoeran onean mantenduko dira, narraiatu ez daitezen eta sastrakek inbaditu ez ditzaten. Larre bat sastrakek hartuta dagoela ulertuko da, baldin eta sastrakek eremuaren azalera osoaren % 50 baino gehiago hartzen badute.

      Larreak egoera onean izateko, benetako abere-zama gutxieneko maila batean mantenduko da, alegia, 0,1 ALU hektareako edo handiagoa. Gutxieneko maila horretatik gora ezarri ahal izango dira nekazaritzako ekosistemen arabera egokien iritzitako abere-zamaren gutxieneko eta gehieneko mailak, betiere, larre-mota eta tokiko baldintzak kontuan hartuta. Malda % 20tik gorakoa izanez gero, abere-zama txikiagoa ezarri ahal izango da.

      Nolanahi ere, benetako abere-zamari dagozkion mailetara heldu ezean, mantentze-lan egokiak egin beharko dira etengabeko larrea narriatu ez dadin eta sastrakek inbaditu ez dezaten.

    2. Larre iraunkorrak babestea: larre iraunkorrak ezingo dira erre, ezta luberritu ere, landaredia leheneratzeko lanetarako izan ezik. Leheneratzea erretzearen bidez egiten bada, beharrezkoa izango da aurretik agintari eskudunek baimena ematea eta kontrolatzea. Nolanahi ere, nahitaezkoa izango da erretzen den aldean eta inguruan arboladia babesteko neurriak hartzea.

    1. Egiturazko elementuak mantentzea.

      Dekretu honetako 3 h) artikuluan zehaztutako egiturazko elementuak ezingo dira aldatu, agintari eskudunaren baimenik gabe. Betebehar horretatik salbuetsita egongo dira, batetik, uharrak, ubideak eta baratze-mailak zuzentzeko uharken eraikuntza eta, bestetik, lurrak fintzeko lanak, lur ureztatuetako laboreak lantzeko partzeletan egindakoak.

    2. Olibadiak eta mahastiak.

    1. Olibadiak eta mahastiak egoera begetatibo onean mantentzea: inausketak ohiko maiztasunez egingo dira eremu bakoitzean, olibadiak eta mahastiak egoera begetatibo onean mantentze aldera.

    2. Olibondoak erauzteko debekua: baimena ematen da olibondoak erauzi eta ez ordezkatzeko, % 15etik gorako malda dagoen esparruetan izan ezik, eranskin honen 2.2 paragrafoan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, organo eskudunaren ustez, nekazaritza-ekoizpena abandonatzeko edo despopulatzeko arrisku handia baldin badago edo bestelako arrazoiak tarteko egokitzat jotzen bada, olibondoak ordezkatu gabe erauzi ezin diren beste eremu batzuk ezarriko dira.

    1. Nekazaritza-lurretan, landaredi espontaneo inbaditzaile desegokiari aurre egitea.

    1. Nahitaezkoa izango da partzelak laborantzarako egoera egokian mantentzea, landaredi espontaneo desegokia kontrolatuz. Behar izanez gero, organo eskudunak zehaztu dezake zein diren inguru bakoitzean nahitaez kontrolatu beharreko landaredi-espezieen denbora-zikloa eta zerrenda.

    2. Ohiz kanpoko zenbait kanpainetan, aurkako baldintza meteorologikoen ondorioz zegokion garaian ezinezkoa izan bada landaredi hori ezabatzea, ez da betebehar hori konplitu beharko.

    3. Inbasioa dagoela ulertuko da, baldin eta landaredi espontaneo desegokiak eremuaren azalera osoaren % 50etik gora hartu badu. Nolanahi ere, foru-aldundiek euren lurralde-eremuan agindu dezakete zenbait espezie nahitaez deuseztatzeko, antzeman bezain laster.

    1. Habitatak mantentzea.

    1. Urez betetako edo elurrez estalitako lurretan eta ur lasterretan edo ur geratuetan ezingo dira utzi edo isuri nekazaritza- edo abeltzaintza-jardueretatik datozen hondakin-materialak. Material horiek ustiategiko gune jakinetan eta ez-agerikoetan sailkatu eta bilduko dira, baimendutako tratamendua emateko eramaten dituzten arte.

    2. Urez betetako edo elurrez estalitako lurretan eta ur-lasterretan edo ur geratuetan, ezingo dira erabili produktu fitosanitarioak, ongarriak, araztegiko lohiak, konpostak, mindak edo simaurrak eta ezingo da aplikazio horietarako erabilitako makineria garbitu.

    3. Azaleko eta lurpeko urak sartzeko eta kutsatzeko arriskua ekidite aldera, etengabeko estabulazioan eta estabulazio erdi-iraunkorrean oinarrituta dauden abeltzaintzako ustiategietan ondokoak eduki eta erabili beharko dira: biltegiratze-tankeak edo fosak, simaurtegiak eta modu naturalean edo artifizialki iragazkaiztutako baltsak, hermetikoak eta behar besteko edukiera dutenak; edo, hala badagokio, simaurrak eta mindak ustiategitik kentzeko sistemaren egiaztagiria. Hala dago ezarrita 141/2004 Dekretuan edo hori aldatu edo ordezkatzen duen araudian.

    1. Ura eta ureztatze-lanak.

    1. Lur ureztatuei dagokienez, ur-emakiden arloan eskumena duen agintariak emandako nahitaezko administrazio-agiria baduela egiaztatuko du nekazariak, edo, bestela, uraren erabilera pribatiboa justifikatzen duen beste edozein titulu baduela. Urestatzaile-erkidego bateko kide izanez gero, erkidegoko kidea dela egiaztatu beharko du, erkidegoak berak egindako ziurtagiriaren bidez; bertan zehaztuko da zein diren ureztatze-eskubidea duten NPGIS-esparruek.

    2. Uren administrazio-emakiden titularrek eta, beste edozein tituluren bitartez, uraren erabilera pribatiborako eskubidea duten guztiek, administrazio hidrauliko eskudunak ureztatze-arloan ezarritako kontrol-sistemak eduki beharko dituzte; hartara, benetan erabilitako ur-emariei buruzko informazio zehatza bermatuko dute.

Dekretu honen 2. artikuluan adierazitako laguntzak jasotzen dituzten nekazaritza-ustiategiek urtero ustiapen-koaderno bat bete beharko dute, betiere, Nekazaritzako ustiategien koadernoa eta beraren erabilera arautzen dituen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Aginduak xedatutakoaren arabera.

Azalpen modura, ondorengo lerroetan zerrendatzen dira aplikatu beharreko legezko baldintzek ezarritako oinarrizko arau orokorrak, eta baita arau horiek nekazaritza-jarduera kudeatzeko dakartzaten betekizun eta baldintza nagusiak ere.

INGURUMEN-ARLOA

Europako Erkidegoko arauak.

79/409 Zuzentaraua, Basa-hegaztien kontserbazioari buruzkoa.

80/68 Zuzentaraua, Lurpeko urak zenbait gai arriskutsuren kutsaduratik babesteari buruzkoa.

86/278 Zuzentaraua, Ingurumena eta, zehazki, lurzorua nekazaritzan erabiltzen diren araztegiko lohietatik babesteari buruzkoa.

91/676 Zuzentaraua, Urak nekazaritzan erabilitako nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa.

92/43 Zuzentaraua, Habitat naturalak eta fauna eta flora basatiak kontserbatzeari buruzkoa.

Estatuaren arauak.

42/2007 Legea, Natura-ondare eta biodibertsitateari buruzkoa.

1997/1995 Errege Dekretua, abenduaren 7koa, habitat naturalak eta fauna eta flora basatiak kontserbatuta biodibertsitatea bermatzen laguntzeko neurriak ezartzen dituena.

849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa, Jabari Publiko Hidraulikoko Erregimena onesten duena.

1310/1990 Errege Dekretua, urriaren 29koa, Nekazaritzaren sektorean arazketa-lohien erabilerari buruzkoa.

1993ko urriaren 26ko Agindua, Nekazaritzaren sektorean arazketa-lohien erabilerari buruzko 1310/1990 Errege Dekretua garatzen duena.

Otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretua, Urak nekazaritzako iturrietatik datozen nitratoen kutsaduratik babesteari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko arauak.

16/1994 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko natura babesten duena (IV. titulua).

3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena (III. titulua).

1/2006 Legea, Urarena.

167/1996 Dekretua, Arriskuan dauden espezieen euskal katalogoa arautzen duena.

Espazio natural babestuak (parke naturalak, biotopoak eta zuhaitz bereziak) deklaratzeko dekretuak.

Natura baliabideen antolamendurako planak (NBAP).

Espazio natural babestuak erabiltzeko eta kudeatzeko plan gidariak (EKPG).

Ingurumenarekin erlazionatutako osagaiak edo zehaztapenak dituzten lurraldearen arloko planak (LAP) eta plan bereziak (PB).

Espezie katalogatuak kudeatzeko planak.

Ehiza-ustiapenak arautzeko foru-aginduak.

Kudeaketa-planak eta arauzko, administrazioko edo kontratuzko neurriak, Natura 2000 sareko espazioetan espezieen eta habitaten aldeko kontserbazio-egoerari eusteko.

390/1998 Dekretua, abenduaren 22koa, nekazaritzatik eratorritako nitratoekin ura kutsatzeko Arriskuan dauden Inguruak izendatzeko arauak finkatzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza-lanetan Egoki Jarduteko Kodea onartzen duena.

2008ko urriaren 15eko Agindua, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko sailburuarena eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuarena, nekazaritza-jardueratik eratorritako nitratoen ondorioz ura kutsatzeko arriskuan dauden inguruak direla deklaratu diren esparruetan jarduketa-plana onartzen duena.

Kudeaketa-betekizunak eta betebeharrak.

  1. Mehatxatuta eta galzorian dauden hegazti migratzaileen habitat naturalak osatzen duten inguruak babestea.

  2. Hegazti guztien babeserako araubide orokorra betetzea.

  3. Lurpeko uretan zenbait gai arriskutsu sartzea eragoztea.

  4. Nekazaritzan lohiak erabiltzeko araudia betetzea.

  5. Euskal Autonomia Erkidegoan kalteberatzat hartutako inguruetako nekazaritza- eta abeltzaintza-ustiategietan, jarduketa-planetako neurriak betetzea.

  6. Natura 2000 sareko habitatak eta espezieak zaintzea.

  7. 42/2007 Legeko V.b eranskinean aipatzen diren espezieak euren zabaltze-inguru naturalean bildu, moztu, erauzi edo nahita suntsitzeko debekua errespetatzea.

    OSASUN PUBLIKOA ETA ABEREEN ETA LANDAREEN OSASUNA

    Europako Erkidegoko arauak.

    2008/71/EE Zuzentaraua, Txerrien identifikatze eta erregistratzeari buruzkoa.

    1760/2000 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2000ko uztailaren 17koa, behi-espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema eta behi-haragiari eta horretatik eratorritako produktuei etiketak jartzeko sistema ezartzen duena; erregelamendu horrek, bestalde, 820/1997 (EE) Erregelamendua indargabetzen du.

    Kontseiluaren 21/2004 (EE) Erregelamendua, 2003ko abenduaren 17koa, ardi- eta ahuntz-espezieetako abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duena. Erregelamendu horren bidez, gainera, 1782/2003 (EE) Erregelamendua eta 92/102/EEE eta 64/432/EEE Zuzentarauak aldatzen dira.

    91/414 Zuzentaraua, Produktu fitosanitarioak merkaturatzeari buruzkoa.

    96/22 Zuzentaraua, ondorio hormonal eta tireostatikoak ekartzen dituzten substantzia zehatz batzuk eta substantzia ß- agonistak abelazkuntzan erabiltzea debekatzen duena eta 81/602/EEE, 88/146/EEE eta 88/299/EEE Zuzentarauak indargabetzen dituena.

    178/2002 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2002ko urtarrilaren 28koa, elikagaiei buruzko legeriaren betekizun orokorrak eta printzipioak ezarri, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritza sortu eta elikagaien segurtasunari buruzko prozedurak ezartzen dituena.

    999/2001 (EE) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2001eko maiatzaren 22koa, entzefalopatia espongiforme kutsakor jakin batzuk prebenitzeko, kontrolatzeko eta desagerrarazteko xedapenak ezartzen dituena.

    85/511 Zuzentaraua, Ahoeriari aurre egiteko neurri erkideak ezartzen dituena.

    92/119 Zuzentaraua, neurri erkide orokorrak ezartzen dituena animalien gaixotasun zehatz batzuei aurre egiteko eta neurri espezifikoak ezartzen dituena, txerrien besikula-eritasunari aurre egiteko.

    2000/75 Zuzentaraua, ardien marranta-sukarrari aurre egiteko eta gaixotasuna desagerrarazteko neurriei buruzko xedapen espezifikoak onesten dituena.

    Estatuaren arauak.

    479/2004 Errege Dekretua, martxoaren 6koa, abeltzaintzako ustiategien erregistro orokorra ezarri eta arautzen duena.

    728/2007 Errege Dekretua, ekainaren 13koa, azienda-mugimenduen erregistro orokorra eta abereen banakako identifikazio-erregistro orokorra ezarri eta arautzen duena.

    205/1996 Errege Dekretua, otsailaren 9koa, txerri-espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duena.

    1980/1998 Errege Dekretua, irailaren 18koa, behi-espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duena.

    947/2005 Errege Dekretua, irailaren 18koa, ardi- eta ahuntz-espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko sistema ezartzen duena.

    2163/1994 Errege Dekretua, azaroaren 4koa, produktu fitosanitarioak merkaturatzeko eta erabiltzeko baimenari buruzko Europako Erkidegoko sistema adostua ezartzen duena.

    2178/2004 Errege Dekretua, azaroaren 12koa, ondorio hormonal eta tireostatikoak ekartzen dituzten substantzia zehatz batzuk eta substantzia beta-agonistak abelazkuntzan erabiltzea debekatzen duena.

    APA/326/2007 Agindua, otsailaren 9koa, produktu fitosanitarioen erabilerari buruzko informazioa erregistratzeko arloan, nekazaritza- eta basogintza-ustiategien titularren betebeharrak ezartzen dituena.

    8/2003 Legea, apirilaren 24koa, abereen osasunari buruzkoa, Europako Erkidegoko araudi espezifikoaren xedapenetatik eratorritako betebeharrei dagokienez.

    2179/2004 Errege Dekretua, azaroaren 12koa, ahoeriari aurre egiteko neurriak ezartzen dituena.

    650/1994 Errege Dekretua, apirilaren 15ekoa, abereen zenbait gaixotasuni aurre egiteko neurri orokorrak eta txerrien besikula eritasunaren aurkako neurri espezifikoak ezartzen dituena.

    1228/2001 Errege Dekretua, azaroaren 8koa, ardien marranta-sukarrari edo mihi urdinari aurre egiteko eta gaixotasuna desagerrarazteko neurri espezifikoak ezartzen dituena.

    821/2008 Errege Dekretua, maiatzaren 16koa, Europako Erkidegoak pentsuen higienearen arloan duen araudia aplikatzeko baldintzak arautzen dituena, eta abere-elikaduraren sektoreko establezimenduen erregistro orokorra ezartzen duena, Europako Erkidegoko araudi espezifikoaren xedapenetatik eratorritako betebeharrei dagokienez.

    Euskal Autonomia Erkidegoko arauak.

    2003ko uztailaren 16ko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko behi-aziendaren identifikazioa eta abereen osasunerako kanpainak arautu dituen agindua aldatzen duena.

    Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren Agindua, 2007ko maiatzaren 18koa, behi-espezieko abereak erregistratzeko liburua ezartzen duena.

    329/2001 Dekretua, azaroaren 27koa, jateko animalien entzefalopatia espongiforme kutsakorrak aurreikusi, zaindu eta kontrolatzeko neurriena.

    Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Agindua, 1993ko maiatzaren 5ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan abereak identifikatzeko bide elektronikoen erabilera arautzen duena.

    Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburuaren Agindua, 2008ko otsailaren 15ekoa, mihi urdinaren gaitza dela-eta zaintza-, babes-, eta kontrol-neurriak ezartzen dituen Agindua aldatzen duena.

    Industria, Nekazaritza, eta Arrantzako sailburuaren Agindua, 1998ko otsailaren 20koa, txerri-izurri klasikoari aurre egiteko neurriak ezartzen dituena.

    Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren Agindua, 1991ko maiatzaren 16koa, txerri-aziendaren aborto epizootikoari aurre egiteko neurriak ezartzen dituena.

    141/2004 Dekretua, uztailaren 6koa, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena.

    17/2008 Legea, abenduaren 23koa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikakoa.

    Kudeaketa-betekizunak eta betebeharrak.

  1. Txerri-espezieko abereak identifikatzeko, erregistratzeko eta toki batetik bestera eramateko araudia betetzea.

  2. Ardi- eta ahuntz-espezieko abereak identifikatzeko eta erregistratzeko araudia betetzea.

  3. Behi-espezieko abereak identifikatzeko, belarrietan markatzeko, erregistratzeko eta pasaportea emateko araudia betetzea.

  4. Produktu fitosanitarioak behar bezala erabiltzea.

  5. Eragin tireostatiko edo hormonaleko zenbait sustantzia erabiltzeko debekua, eta bai abereak hazteko substantzia beta-agonistak erabiltzekoa ere, errespetatzea.

  6. Ustiategietan, elikadurarako erabiliko diren produktuen segurtasunari buruzko araudia betetzea.

  7. Elikagaiak egiten dituzten abeltzaintzako ustiategietan, abereei segurua ez den pentsurik ematen ez zaiela egiaztatzea.

  8. Elikagaien, pentsuen eta abere-jatorria duten produktuen higieneari buruzko araudia betetzea.

  9. Trazabilitatea. Pentsuak, elikagaiak, elikagaiak ekoizteko animaliak edo pentsu edo elikagai bati eranstekoak diren substantziak ustiategi bati eskuratu dizkioten operadoreak zein diren indetifikatzea. Ustiategitik produktuak eskuratzen zaizkien operadoreak zein diren identifikatzea.

  10. Entzefalopatia espongiforme kutsakor jakin batzuk prebenitu, kontrolatu eta desagerraraztea.

  1. Animalien elikaduraren inguruko debekuak errespetatzea.

  2. Entzefalopatia espongiforme kutsakorrak jakinarazteko araudia betetzea.

  3. Animalia susmagarrien inguruko neurriak hartzea.

  4. Entzefalopatia espongiforme kutsakorrak egon badaudela baieztatu ondoren hartu beharreko neurriak hartzea.

  5. Animalia biziak, hazia, euren obuluak eta enbrioiak merkaturatzearen inguruko neurriak hartzea.

  1. Ahoeriari aurre egiteko neurriak: halako kasuak jakinaraztea.

  2. Txerrien besikula-eritasuna eta deklaratu beharreko bestelako eritasunak jakinarazteko betebeharra konplitzea.

  3. Ardien marranta-sukarra edo mihi urdina nahitaez jakinarazteko betebeharra konplitzea.

    ABEREEN ONGIZATE-ARLOA

    Europako Erkidegoko arauak.

    2008/119/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, 2008ko abenduaren 18koa, zekorrak babesteko gutxieneko arauei buruzkoa.

    2008/120/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, 2008ko abenduaren 18koa, txerriak babesteko gutxieneko arauei buruzkoa.

    98/58/EE Zuzentaraua, Kontseiluarena, 1998ko uztailaren 20koa, abeltzaintzako ustiategietako abereak babesteari buruzkoa.

    Estatuaren arauak.

    32/2007 Legea, azaroaren 7koa, ustiategian, garraioan, esperimentazioan eta hilketetan abereak zaintzekoa.

    1047/1994 Errege Dekretua, maiatzaren 20koa, txekorrak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa.

    1135/2002 Errege Dekretua, urriaren 31koa, txerriak babesteko gutxieneko neurriei buruzkoa.

    348/2000 Errege Dekretua, martxoaren 10ekoa, abeltzaintzako ustiategietako abereak babesteari buruzko Kontseiluaren 98/58/EE Zuzentaraua ordenamendu juridikora sartzekoa.

    Euskal Autonomia Erkidegoko arauak.

    141/2004 Dekretua, uztailaren 6koa, abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituena.

    Kudeaketa-betekizunak eta betebeharrak.

    Txekor-ustiategien gaineko araudia bete beharko da.

    Txekorrak babesteko gutxieneko arauak bete beharko dira.

    Txerri-ustiategien gaineko araudia bete beharko da.

    Txerriak babesteko gutxieneko arauak bete beharko dira.

    Abereak hazi eta mantentzeko baldintzei buruzko araudia bete beharko da.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.