Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

24/2010 DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, herritarrek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman duten borondatezko parte-hartzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingo Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 30
  • Hurrenkera-zk.: 750
  • Xedapen-zk.: 24
  • Xedapen-data: 2010/01/19
  • Argitaratze-data: 2010/02/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Herrizaingoa

Testu legala

Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen V. kapituluak babes zibileko boluntariotza arautzen du. Lege horren arabera, babes zibileko eta oro har larrialdiei aurre egiteko lanetan herritarrek duten parte-hartzea bermatu eta zabaltzen dute boluntariotzako erakundeak; arriskuen aurrean nola jokatu eta arriskuak nola prebenitu jakiteko, gizartearen kontzientziazioa bultzatzen dute, eta horrelako erakundeak izatea eta erakunde horietako kideen prestakuntza baliabide ordainezina dira larrialdiei edo hondamendiei aurre egiteko, profesionalei laguntzen edota haien ordez aritzen baitira.

Lege-arauak ezarritako hainbat alderdi osatzeko, beharrezkoa da legea zati batean garatzea, esaterako: herri-administrazioek aitortu dezaten babes zibileko boluntarioen erakunde edo zerbitzuen izaera, erakunde horiek bete beharreko betekizunak ezarri, lankidetzan jardun ahal izateko eta babes zibileko euskal sisteman sar daitezen, euren autonomia eta erantzukizun propioak galdu gabe; eskema horretan dagozkien eginkizunak zehaztea baita prestatzeko, identifikatzeko eta behar dituzten ekipamenduak lortzeko oinarrizko alderdiak ere ezinbestekoak baitira larrialdiei aurre egiteko euskal sisteman duten parte-hartzearen koherentzia ziurtatzeko gutxieneko homogeneizazioa lortzeko.

Alderdi horiek guztiak arautuz, dagoeneko sortuta dauden babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak indartu eta berrien sorrera erraztu nahi da udalerri mailako babes zibileko egitura indartuz; eta horretarako, komeni da euren estatutu juridikoa argitu eta udalerriekin harreman egonkorra izatea, lankidetza-hitzarmen edo -erabakien bitartez. Azken finean, horrekin, babes zibileko politikan boluntariotzaren kalitatea hobetzea lortu nahi da, boluntariotza sustatzeko politika zuzenak gehituz.

Halaber, larrialdiei aurre egitearekin eta babes zibilarekin lankidetzan aritzeko boluntarioen bestelako erakunde batzuk egon daitezkeela ere aurreikusten da, babes zibilaren gainetik beste helburu edo xede batzuk dituztenak edo jakineko lurralde-eremu bati lotuta ez daudenak esaterako, edota larrialdiei aurre egiteko eginkizun berezietan espezializatuta daudenak.

Bidezkotzat jo da azkenik, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte hartzen duten suhiltzaile boluntarioei kapitulu bat eskaintzea, boluntario direnez, suhiltzaileen zerbitzuan kokatuta badaude ere. Horrenbestez, Larrialdien Kudeaketari buruzko Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren gutxieneko garapena egiten da, eta gainerakoan sua itzaltzeko eta prebenitzeko zerbitzuen eta salbamendu-zerbitzuen kasuan kasuko araudi propioetan ezarritakoa aplikatuko da

Ondorioz, Herrizaingoko sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2010eko urtarrilaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honakoa

  1. Dekretu honen helburua da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemarekin lankidetzan aritzen diren erakundeetan herritarren borondatezko parte-hartzea arautu, sustatu eta bultzatzea, Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legean xedatutakoa garatzeko.

  2. Euskal herri-administrazioek landutako babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko planen, egitarauen eta ekintzen garapenean parte hartzen duten boluntarioen erakunde publiko zein pribatuei ezarriko zaie dekretu honetan aurreikusitako araubide juridikoa.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, babes zibileko boluntariotzako erakunde ondokoak izango dira:

    1. Udaleko babes zibileko egituran sartuta dauden babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak.

    2. Bestelako erakunde laguntzaileak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin hitzartutakoak.

  2. Dekretu honen III. kapituluan xedatutakoaren arabera gobernatuko dira suhiltzaile boluntarioak.

  1. Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 46. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion agintariaren menpe geratuko da babes zibileko boluntarioen lana, istripuak, hondamendiak edo lazeria publikoak izanez gero. Errefortzua edo laguntza ematera mugatuko dira oro har, eta, hala egokituz gero, profesionalek edo funtzionarioek osatutako zerbitzu publikoen ordezkotza subsidiarioa egingo dute.

  2. Boluntariotzako erakundeek euren parte-hartzea beharrezkoa den larrialdietan hartuko dute parte, Babes Zibileko Planei eta parte-hartze horretarako sortutako taktika erakingorrei jarraiki.

  3. Jakiten badute larrialdiren bat gertatu dela euren aritze-eremuan, edo lehenengoak badira larrialdiko eremura iristen, berehala 112 larrialdietako telefonora deitu beharko dute.

  4. Baliabide profesionalak larrialdi-eremura iristen direnean, aurretik hara iritsitako boluntarioen arduraduna larrialdi-eremura lehenik heltzen den zerbitzu profesionaleko agintariarekin harremanetan jarriko da, eboluzioaren eta bera heldu den arte egindako lanen berri emateko, eta ondoren haren agindupean jarriko da.

  5. Boluntarioak larrialdiko tokira heltzen direnerako profesionalen talde bat dagoeneko lanean ari baldin bada, martxan jarritako boluntarioen taldeko arduraduna Aginte Postu Aurreratuko zuzendariari aurkeztuko zaio edo, horrelakorik ez badago, larrialdiko laguntza zuzentzen duen aginte profesionalari, eta horrek esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu boluntarioen ezagutza eta trebakuntza kontuan izanda.

  6. Boluntarioen erakundeko arduradunak uste badu mugiarazitako boluntarioak ez direla gai esleitu zaizkien eginkizunak betetzeko, larrialdiko laguntzaren arduradunari jakinarazi beharko dio berehala.

  7. Boluntarioek ondo identifikatuta egon beharko dute jarduera eraginkorretan.

  1. Pertsona boluntarioek ondoko xedapenetan ezarritako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte: Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 47. eta 48. artikuluak, Boluntariotzaren ekainaren 25eko 17/1998 Legeko 6. eta 7. artikuluak, dekretu hau eta ezargarria izan daitekeen gainerako araubide juridikoak, eta erakunde bakoitzaren barne-arau eta estatutuek agindutakoak.

  2. Pertsona horien betebeharrak euren borondatez ekitetik eratorritakoak dira eta Konstituzioaren 30.4 artikuluaren arabera, hondamendi, lazeria edo arrisku larrien kasuetan herritar gisa izan ditzaketen betebeharretatik apartekoak.

  3. Boluntarioen harremanak erakundearekiko ez du kontratu- edo funtzionario-izaerako loturarik sortuko. Borondatez sartu den erakundeko barne-araudia onartzean sortutako betebeharrak izango ditu burutu beharrekoak.

  1. Boluntariotzako erakundeak legez eratutakoak izan behar dute eta bertako kideen jarduna norberaren gogozkoa, altruista eta doakoa izango da.

  2. Erakundeak ordaindu ahal izango dizkio boluntarioari sortarazi dizkion gastuak, hala nola ohiko lanpostua uzteagatik galdutako diru-kopurua. Bestelako hobariak edo konpentsazioak ere ezarri ahal izango dira baina aldizkakotasunik eta soldata-izaerarik gabe.

  3. Besteren konturako langileak kontratatu edo aldi baterako lan-zerbitzuak erabili ahal izango dituzte, jarduera arruntak eskatzen duen neurrian.

  4. Erakundeok euren jardunbidea demokratikoa dela ziurtatu beharko dute, hierarkia egituraren barruan; indarrean dagoen lege-antolamenduaren arabera boluntarioek dituzten eskubideak ere errespetatu beharko dituzte. Zehatz mehatz:

    1. Boluntarioak erakundeko kide egin zireneko hitzarmenean haiekiko hartutako konpromisoak bete beharko ditu erakundeak.

    2. Istripu-arriskua estaliko duen boluntarioen jardueraren ezaugarri eta egoerara egokitutako aseguru-poliza bat egin dutela egiaztatu beharko dute, heriotza, elbarritasun edo aldi baterako ezintasuna eta boluntario gisa euren eginkizunak betetzean besteri eragindako kalteei aurre egiteko erantzukizun zibileko arriskua jasoko dituena.

    3. Zerbitzua ematetik eratorritako gastuak ordaindu eta boluntarioak euren eginkizunak bete ditzaten baliabide egokiz hornitu beharko dituzte.

    4. Boluntarioek eurei esleitutako lanak egin ahal ditzaten, informatzeko eta orientatzeko barne-sistema egokiak ezarriko dituzte.

    5. Behar duten prestakuntza emango diete boluntarioei, euren jarduera behar bezala burutu dezaten.

    6. Euren lana segurtasun- eta higiene-baldintza honetan egingo dutela bermatuko diete boluntarioei, betiere lanen izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta.

    7. Euren lana egiteko gaitu eta identifikatuko dituen egiaztapen-agiria egingo diete boluntarioei.

    8. Egindako lanen egiaztapen-agiria egingo diete boluntarioei.

    9. Boluntarioen alta eta bajen erregistroa izango dute.

  1. Larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloan herritarren lankidetza sustatzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek, boluntarioen erakundeak sustatuz, besteak beste.

  2. Halaber, babes zibileko agintariek diseinatutako plan eta egitarauetan parte hartzen eta laguntzen duten babes zibilaren arloko boluntarioen erakundeak ekipatzea, prestatzea eta trebatzea sustatuko dute; eta Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 48. artikuluan eta dekretu honetan ezarri bezala, erakunde horietako kideen arrisku pertsonalen gaineko asegurua egiten dela bermatuko dute, euren ustezko formula egokienaren bidez.

  3. Dekretu honetan ezarritakoaren arabera eratu eta dekretu honen V. kapituluan araututako erregistroan inskribatzen diren boluntarioen erakundeak soilik jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek larrialdiei aurre egitearen eta babes zibilaren arloan emandako laguntzak eta diru-laguntzak.

Toki-entitateen jardun-alorrean herritarrak parte hartzeko, babes zibileko lanetan irabazi-asmorik gabeko lankidetza helburu duten erakundeak dira Euskadiko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak, toki-elkarte edota berezko nortasun juridikoa duten elkarte gisa eratzen diren kontuan hartu gabe.

  1. Elkarte zein toki-elkarte gisa eratu ahal izango dira babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak.

  2. Babes zibileko boluntarioen toki-erakunde bat elkarte gisa eratzeko, gutxienez honako baldintzak bete beharko ditu:

    1. Elkarteei buruzko legediaren arabera eratzea eta boluntariotzako erakundeen baldintza komunak betetzea, indarrean dagoen legedian ezarritakoaren arabera.

    2. Babes zibila eta larrialdiei aurre egiteko kudeaketarekin zerikusia duten zeregin eta ekintzetan jardutea eta zerbitzua ematea izatea euren helburu nagusi, dekretu honetan eta parte hartzen duten babes zibileko planetan ezarritakoaren arabera.

    3. Parte hartu nahi duten auzotar eta bertakoentzat irekita egotea, adina, ezintasun fisikoa zein psikikoa edota elkarte bakoitzak ezarritako probak ez gainditu izana izango direlarik muga bakarrak.

    4. Udalerriko babes zibileko eginkizunetara lotzea, tresna konbentzionalen bitartez. Kasuan kasuko udalak egiaztatuko du babes zibileko planetan elkarteak parte hartu izana.

  3. Babes zibileko boluntarioen toki-erakunde bat toki-elkarte gisa eratzeko, gutxienez honako baldintzak bete beharko ditu:

    1. Kasuan kasuko toki-entitateko organo eskudunak hartuko du toki-elkartea sortzeko erabakia.

    2. Babes zibilarekin zerikusia duten lan eta ekintzak izango dira toki-elkartearen jarduera eta zerbitzu ematearen helburu nagusia, helburu horretarako jakineko egitura bat sortzeko modu altruistan elkartzen diren pertsonen parte-hartzeko modua eginez, betiere euren prestakuntza eta funtzionamendua babesten duen toki-erakundearen mendekotasun hierarkiko, juridiko, ekonomiko eta funtzionalaren pean.

    3. Parte hartu nahi duten auzotar eta bertakoentzat irekita egotea, adina, ezintasun fisikoa zein psikikoa edota erakunde bakoitzak ezarritako probak ez gainditu izana izango direlarik muga bakarrak.

  4. Babes zibileko boluntarioen toki-erakundeek Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman parte har dezaten, aurretik dekretu honen V. kapituluan araututako erregistroan inskribatu beharko dira.

  1. Prebentzio eta eraginkortasunaren aldetik larrialdiak kudeatzea izango da toki-erakundeen eginkizun etengabea eta ohikoa. Zehatz esanda, honakoak dira horien eginkizunak:

    1. Prebentzioaren eremuan:

      1. Jendea elkartzen den eraikin, lokal edo establezimenduei begira batik bat, herriaren arriskugarritasun-mailari dagozkion azterlanetan parte hartzea.

      2. Udalerrietako babes zibileko planak gauzatzen eta mantentzen parte hartzea.

      3. Arrisku horiek eragindako taldeentzako informazio- eta dibulgazio-kanpainak egiten laguntzea, dagokien toki-agintariaren jarraibideak betez.

      4. Prebentzio-ekintzetan parte hartzea giza kontzentrazioetan, baso-zaintzan etab. dagokion organo eskudunak koordinatuta.

    2. Esku-hartzearen eremuan:

      1. Larrialdietako zerbitzu orokorrei laguntzea suhiltzaileei, osasun-arloko langileei, poliziei eta abarrei, esku-hartzearen arduradunek eskatuz gero.

      2. Larrialdi-egoeran dauden pertsonen zaintzan laguntzea ebakuazioa, aterpea, hornidura... dagokion organo eskudunak koordinatuta.

      3. Larrialdi-egoeratan ondoko esku-hartze lanetan laguntzea: pertsona eta ondasunen babes-, laguntza- eta sorospen-lanetan, prebentzioko edo kalteak saihesteko lanetan, eta konponketa- eta birgaitze-lanetan, udalerriko babes zibileko planen arabera esleitzen zaizkien eginkizunak betetze aldera.

      4. Kalte publiko, arrisku larri edo hondamendiko salbuespeneko egoeratan agintariek mugiarazitako beste hainbat pertsona larrialdiei aurre egiteko lanetan sar daitezen erraztea.

  2. Eginkizun horiek betetzean, kasuan kasuko agintari arduradunen mende egingo dute lan.

  1. Boluntarioen toki-erakundeen jarduera-eremua udalerria da.

  2. Dena den, goiko edo lurralde-eremu berezi bateko babes zibileko plan batean zehaztuta, antolatuta eta araupetuta dagoenean, beste eremu batzuetan jarduteko mugiarazi ahal izango dituzte toki-erakundeok, baita lankidetza-hitzarmen baten ondorioz edota toki-agintariaren baimena badago.

  1. Euskadiko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeen egitura malgua izango da, eta udalerriko babes zibileko planetan ezarritakora egokituko da.

  2. Toki-erakunde bakoitzak arduradun bat izango du eta, behar izanez gero, egitura funtzionala sekzio, talde edo lan-taldetan banatuko da, eta boluntarioak horiei atxikiko zaizkie euren ahalmen edo prestakuntzaren arabera.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeari kontsulta egin ondoren, Herrizaingo Sailak antolaketako esparru-araubideko eredu bat egin eta zabalduko du, bereganatu nahi duten toki-erakundeentzako gida-lerro gisa balio dezan.

  1. Babes zibileko boluntarioen toki-erakunde batean askatasunez eta borondatez sartzeko, ondoko baldintzak bete beharko dira: adin nagusikoa izan, erakundeak ezartzen dituen baldintza edo proba ez diskriminatzaileak bete, eta dekretu honetako 14. artikuluan aipatzen den babes zibileko boluntarioen akreditazioa edo txartela izan.

  2. Larrialdietako ekintza zuzenetan parte-hartzea eskatzen ez duten eginkizun edo lanak egiteko, arauek edo elkarteak ezarritako baldintzak adina, egoera psikofisikoa edo prestakuntza betetzen ez dituzten laguntzaileak onartu ahal izango dituzte toki-erakundeek.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek babes zibileko boluntarioen toki-erakundeetako kideen prestakuntza, oinarrizkoa eta etengabea, sustatuko dute.

  2. Herrizaingoko sailburuak, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordeari kontsulta egin ondoren, agindu bidez ezarriko ditu boluntario horien prestakuntzarako oinarrizko prestakuntza-moduluak.

  3. Babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko lan prebentibo eta eraginkorretan erabateko boluntario gisa parte-hartzeko, beharrezkoa izango da Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak antolatu eta homologatutako ikastaroak gainditzea, aurreko paragrafoan aipatutako prestakuntza-moduluen arabera.

  1. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak Euskadiko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeetako kideentzako identifikazio pertsonaleko agiriak egingo ditu.

  2. Agiria egitea doan izango da eta toki-erakundeak eskatu ondoren egingo da; boluntario-izaera eta ezinbesteko oinarrizko prestakuntza gainditu izana egiaztatuko ditu toki-erakundeak. Eskariarekin batera bi karnet-argazki bidaliko dira.

  3. Agiria pertsonala eta besterenezina da eta hiru urtetik behin berritzekoa, edo lehenago, baldin eta galdu, hondatu edo agiriko datuak aldatu egin badira.

  4. Erakundearekiko lotura mozten duten boluntarioek erakundeari itzuli beharko diote akreditazioa, zeina Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzara bidali beharko duen erakundeak.

Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen toki-erakundeetan guztiek erabili beharreko bereizgarriak eta oinarrizko uniformetasunaren ezaugarri fisikoak Herrizaingoko sailburuaren agindu bidez ezarriko dira, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordearen txostena jaso ondoren.

  1. Sute- eta salbamendu-zerbitzuetan laguntza modu altruistan eta gizarteari on egiteko borondateagatik ematen duten pertsonak dira suhiltzaile boluntarioak. Hierarkiari eutsiz sartuko dira zerbitzu horietan, baina inola ere ez dute funtzionario- edo lan-mailako harremanik izango zerbitzuarekin.

  2. Zerbitzuari dagozkion suteak prebenitu eta itzaltzeko lanak eta salbamendukoak ere egingo dituzte suhiltzaile boluntarioek.

  3. Prebentzio, su-itzalketa eta salbamendu-zerbitzu bakoitzaren berezko araudiek -zerbitzuaren administrazio titularrek onartutakoek- xedatu ahal izango dute beren suhiltzaile-etxeetan suhiltzaile profesionalak eta boluntarioak, biak batera, izatea.

Suhiltzaile-etxeetan suhiltzaile profesionalak eta boluntarioak, biak batera, izatea xedatzen duten sua itzaltzeko eta prebenitzeko zerbitzuen eta salbamenduko zerbitzuen araudiek, pertsonal boluntarioaren estatutua ezarri beharko dute, Larrialdien Kudeaketari buruzko apirilaren 3ko 1/1996 Legean eta dekretu honetan ezarritakoaren arabera. Honakoak zehaztuko dira estatutuan: xedea, lurralde-eremua, egitura, funtzionamendua, antolaketa, sarrera- eta baja-erregimena, sariak eta aipamenak, zerbitzuagatiko kalte-ordainak eta zerbitzua hobeto garatzeko beharrezkoak diren gainerako gaiak.

Suhiltzaile boluntarioak dituzten sua itzaltzeko eta prebenitzeko zerbitzuen eta salbamenduko zerbitzuen administrazio-titularrek haien prestakuntza, gaitasuna eta hobekuntza ziurtatzeko beharrezkoa den guztia egingo dute.

Atxikitako administrazioaren antolaketa eta ikuskaritza pean egongo dira suhiltzaile boluntarioak, eta hierarkiazko egitura eta antolaketa izango dituzte, zerbitzu bakoitzaren berezko araudian ezarritakoaren arabera.

  1. Dekretu honen ondorioetarako, babes zibileko erakunde laguntzaile dira ondoko baldintzak betetzen dituzten erakundeak:

    1. Larrialdi-egoeratan pertsonei laguntza ematea eta ondasunak babestea xede nagusitzat dutenak, euren estatutuen edo arau eratzaileen arabera, edota estatutuetan jasota daukatenak eskatzen zaienean laguntza eta babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko zerbitzuak ematea.

    2. Izaera altruista eta irabazi-asmorik gabekoak direnak; ez da ezinbestekoa kide-inskripzioari dagokionez irekiak izatea.

    3. Eusko Jaurlaritzako organo eskudunarekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetu dutenak, zeinaren bitartez babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko ekintzetan laguntza emateko konpromisoa hartzen baitute.

  2. Dekretu honetan ezarritako araubide juridikoari atxikiko zaizkio erakunde laguntzaileak, eta V. kapituluan ezarritako erregistroan inskribatu beharko dira.

Aurreko artikuluan aipatzen diren lankidetza-hitzarmenek, Eusko Jaurlaritzako organo eskudunaren eta erakunde laguntzaileen artekoek, gutxienez, honako alderdi hauek arautuko dituzte:

  1. Jarduerako lurralde-eremua.

  2. Babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko ekintzetan boluntarioek egin beharreko jarduerak.

  3. Mugiarazte-sistema.

  4. Bitarteko eta baliabideen erabilgarritasuna.

  5. Erakundearen arduraduna.

  6. Babes zibileko eta larrialdiei aurre egiteko gaietan boluntarioek izango duten prestakuntza.

  7. Babes zibilari eta larrialdiei aurre egiteko jarduerari atxikitako boluntarioen akreditazioak eta uniformetasun-elementuak.

  8. Larrialdi-egoeratan parte hartzeagatik erakunde laguntzaileak izan ditzakeen gastu eta kalteak ordaintzeko arauketa, agintari eskudunak eskatuta parte hartzen duenean.

SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak mugiaraziko ditu babes zibileko erakunde laguntzaileak, horretarako izenpetuta duten lankidetza-hitzarmenean ezarritakoaren arabera.

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibileko Boluntariotzako Erakunde Laguntzaileen Erregistroa sortzen da. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari atxikiko zaio eta dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten boluntarioen erakundeak inskribatuko dira erregistro horretan.

  2. Erregistroak bi atal izango ditu:

    1. Lehenengo atala: Euskadiko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak inskribatzekoa.

    2. Bigarren atala: dekretu honetako IV. kapituluan aipatzen diren erakunde laguntzaileak inskribatzekoa.

  3. Erregistroa kudeatzean, datu pertsonalen fitxategiak sortu eta ustiatzen direnean, datu pertsonalak babesteko arautegian ezarritakoa bete beharko da.

Boluntarioen erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoko baliabideen konturako finantza-iturrietara, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan larrialdiei aurre egiteko eta babes zibileko gaietan partehartze-, sustapen-, prestakuntza- eta jarduera-bideetara iristeko, beharrezko baldintza da erregistroan inskribatzea.

Ondoko datuak gutxienez erregistratu beharko dira:

  1. Erakundearen edo antolakundearen izena.

  2. Toki-erakundeen kasuan, zein toki-entitatera atxikita dauden.

  3. Egoitza soziala, jarduera-eremua eta espezialitateak, erakunde laguntzaileen kasuan.

  4. Sorrera-data.

  5. Erakundearen edo antolakundearen arduraduna.

  6. Egiaztatutako kideen altak eta bajak.

  7. Talde espezializatuak, halakorik baldin badago.

  1. Erregistroan inskribatzeko eskaria toki-agintariak izenpetu beharko du toki-erakundeen kasuan, eta erakunde laguntzailearen baimendutako ordezkariek bestelako kasuetan, eta ondoko agiriekin batera aurkeztuko da:

    1. Eraketa egiaztatzen duten agiriak, estatutuak, araudiak edo barne-arauak.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko eremura eta larrialdietara atxikitako antolakunde edo erakundean jardunean dauden kideen eta arduradunaren izenen zerrenda.

    3. Egiaztagiria, organo eskudunak egindakoa, dagokion erregistro publikoan inskripzioa egina duela egiaztatzen duena. Espainiako Gurutze Gorriaren kasuan eta babes zibileko boluntarioen toki-elkarteen kasuan ez da beharrezkoa izango horrelako egiaztapenik.

    4. Elkarte modura eratutako toki-erakundeen kasuan, hitzarmen bidez tokiko babes zibilarekin lotura eta hari atxikia izana egiaztatzen duen egiaztagiria.

  2. Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzan aurkeztuko da eskaria, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako prozeduretatik edozeinen bidez bidaliko da.

  3. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak aztertuko ditu ekarritako agiriak eta aipatu artikuluan eskatutako datuetan akatsik edo hutsunerik baldin badago eskatzaileari jakinaraziko dio, dagokion zuzenketa egin dezan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen arabera. Gehienez ere 3 hilabeteko epean ebatziko da prozedura.

  4. Erregistro-inskripzioko gaietan Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak ematen dituen ebazpenen aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Herrizaingo Saileko Herrizaingoko Sailburuordetzako titularrari.

  1. Erregistratutako datuen edozein aldaketak dagokion inskripzioaren aldaketa dakar.

    26.1.b) artikuluan aipatzen diren antolakunde edo erakundeetako jarduneko kideen altak eta bajak Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaizkio 10 eguneko epean.

  1. Estatutuak aldatzen badira, organo eskudunak aldaketa egiteko hartutako erabakiaren kopia legeztatua bidali beharko da 10 eguneko epean.

  2. Antolakunde edo erakunde bat desagertzen bada, edo estatutuetan finkatutako helburuetatik kanpoko jarduerak burutzen badira, erregistroko inskripzioa baliogabetu egingo da, horretarako espedientea izapidetu ondoren. Toki-erakunde bat edo erakunde laguntzaile bat desegiten bada, desegitearen berri ematen duen udal-aktaren edo organo eskudunaren erabakiaren kopia legeztatua bidali beharko da 10 eguneko epean.

Salbuespen gisa, udalaz gaindiko jarduera-eremuko babes zibileko boluntarioen toki-erakundeak erregistratzeko baimena eman ahal izango da, ondoko baldintzak betetzen badira: eragindako udalen onarpena izatea, horrelako beste erakunderik ez egotea eremu horretan, eta babes zibileko planek eta udal-erakundeen arteko akordioek erabili behar diren baliabideen mugiarazte eraginkorra eta gainezarpenik gabekoa ahalbidetzea.

Lehenengoa. Toki-erakundeen egokitzapena.

Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen toki-erakundeek urtebeteko epea izango dute euren barne-arauak dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko.

Bigarrena. Oinarrizko prestakuntzaren salbuespena.

Erabateko boluntario izaera egiaztatzeko ez da beharrezkoa izango boluntarioek oinarrizko ikastaroa egin dezaten, baldin eta dekretu hau indarrean jartzen den unean dagokion toki-erakundean urtebete baino gehiagoko antzinatasuna egiaztatzen badute, betiere ezartzen diren birziklatze-jardueretan parte hartzeko betebeharrari utzi gabe.

Hirugarrena. Babes Zibileko Boluntariotzako Erakunde Laguntzaileen Erregistroaren ezarpena.

Jadanik eratutako toki-erakundeek eta Herrizaingo Sailarekin hitzarmena duten erakunde laguntzaileek, Babes Zibileko Boluntariotzako Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatzeko beharrezko agiriak bidali beharko dituzte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzara, dekretu hau indarrean jartzen den egunetik aurrera hiru hilabeteko epean.

Lehenengoa. Dekretu hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean. Dena den, oinarrizko prestakuntzako moduluei, akreditazioari eta uniformetasunari buruz dekretu honetan egindako aurreikuspenak, horiek garatzen dituen sailburuaren agindua indarrean sartzen denetik aurrera eskatu ahalko dira soilik.

Bigarrena. Otsailaren 17ko 24/1998 Dekretuari 9. artikulu berri bat gehitzen zaio, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordearen eraketa, eginkizunak eta antolaketa arautzen dituena, zeinaren edukia ondokoa baita:

  1. Aipatu aholku-batzordearen eraketan, Euskadiko Babes Zibilerako Batzordean dauden erakundeek hartuko dute parte, batzorde horretan erabakitako moduan eta, halaber, Babes Zibileko Boluntariotzako Erakunde Laguntzaileen Erregistroan inskribatuta dauden erakundeetako ordezkariei egingo zaie dei, euren ordezkagaitasunaren arabera, Herrizaingo Saileko titularrak izendatu eta erakundeek proposatu ondoren.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko urtarrilaren 19an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Herrizaingoko sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.