Arautegia
Inprimatu94/2009 DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen dituen dekretua aldatzekoa.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 83
- Hurrenkera-zk.: 2379
- Xedapen-zk.: 94
- Xedapen-data: 2009/04/21
- Argitaratze-data: 2009/05/06
Gaikako eremua
- Gaia: Ogasun eta Ekonomía; Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
- Azpigaia: Ogasun; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio- eta telekomunikazio-sistemen planifikazioari eta eraketari buruz administrazio honek emandako araudi orokorra otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuan jasota dago. Dekretu horrek informazio- eta telekomunikazio-sistemen egitekoak eta kudeaketa-modalitateen planifikazioa, eraketa eta banaketa arautzen ditu.
Dekretu horretako bigarren xedapen gehigarriak «Administrazio Instituzionaleko beste entitate batzuekiko harremanak» izenekoak ezartzen du zerbitzu informatikoak Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea SAren bidez antolatuko direla eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak sozietate horrekin programa-kontratu bat izenpetuko duela hitzarmen baten bidez; azkenik, dekretu horren garaiko «Euskalnet SA» sozietate publikoaren jarduketa-eremua finkatzen du.
Nolanahi ere, batetik, azken urteetan izandako aldaketak besteak beste, aipatutako azken sozietate hori desagertu izana eta, bestetik, Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legeak administrazioaren berezko bitarteko instrumental eta zerbitzu teknikoei dagokienez ezartzen duen araudi berriak funtsezko eta oinarrizko arrazoiak dira dekretu honen bidez egiten den aldaketa gauzatzeko.
Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko apirilaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
Aldatu egiten da otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren 8. artikulua. Hortaz, honela geratuko da erredaktatuta:
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren informazio- eta telekomunikazio-sistemen kudeaketa, sail eta entitate instituzionalek burutuko dute, bakoitzak dituen ahalmen eremuaren barruan. Horretarako, dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak erabili ahal izango dituzte, lege ordenamenduan aurreikusita dauden modalitateez baliatu ahal izango dira eta beste entitate publiko eta pribatu batzuekin kontratuak edo hitzarmenak izenpetu ahal izango dituzte, sektore publikoko kontratuei buruzko legedian agintzen denari jarraituz.
Aldatu egiten da otsailaren 18ko 35/1997 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria. Hortaz, honela geratuko da erredaktatuta:
Bigarrena. Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA sozietate publikoak bete beharreko kudeaketa-gomendioak.
Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea SA (EJIE) sozietate publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari zerbitzu informatikoak emateko ardura izango du, betiere sozietatearen sorrera eta jarduera ezartzen dituzten arauetan, dekretu honetan eta aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera.
Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zerbitzu-, programa- eta aplikazio-sistemen ustiaketaren eta ingeniaritzaren ardura Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea SAk izango du beti ere.
Funtzio horiekin batera, sailek eta erakunde autonomoek, dekretu honetan ezarritakoari jarraiki, informatika-arloko bestelako egitekoak ere EJIEren esku utziko dituzte (laguntza teknikoa barne). Horretarako, beharrezko kudeatzeko gomendioak bideratuko dira, aplikatzekoa den araudian eta sozietatearen estatutuetan ezarritakoaren arabera. Gomendio horien bidez honako hauek zehaztuko dira: EJIEk egin beharko dituen jarduerak, erdietsi beharreko helburu eta emaitzak, eta prezioak. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak ezarriko ditu tarifak, nahikotasun ekonomikoko eta finantzarioko irizpideak aplikatuz eta, hala badagokio, EJIE berezko bitarteko eta zerbitzu tekniko gisa baliatzen duten gainerako erakundeek parte hartuz.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2009ko apirilaren 21ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,
IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.