Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

DEKRETUA, apirilaren 21ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 89
  • Hurrenkera-zk.: 2544
  • Xedapen-zk.: 85
  • Xedapen-data: 2009/04/21
  • Argitaratze-data: 2009/05/13

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Segurtasuna eta justizia; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Justizia

Testu legala

Eusko Jaurlaritza ohartzen da bere hezkuntza-sistemak bizikidetzarako eta herritartasun demokratikorako hezkuntza sustatu behar duela. Ohartzen da, halaber, horretarako, justizia-, tolerantzia-, errespetu-, eta elkartasun-balioak oinarri hartuta hezi behar duela, besteak beste, eta ikasleek gaitasun pertsonalak eta harremanetarako gaitasunak garatzea lortu behar dutela, gai izan daitezen beren betebeharrak betetzeko eta herritar diren aldetik dituzten eskubideak gauzatzeko.

Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, 3.2 artikuluan, helburu hauek dituela zehazten du, besteak beste: pertsonalitatea askatasunez gara dadin bultzatzea eta ikasleak osoki heztea, bizikidetza demokratikoari bide ematen dioten balioetan oinarrituta. Ildo horri jarraiki, besteak beste gaitasun eta jarrera hauek sustatu behar direla zehazten du: kritikotasunez jokatzeko gaitasuna eta jarrera kritikoa, berdintasuna, justizia, parte hartzea, aniztasuna eta kontzientzia-askatasuna errespetatzea, elkartasuna, gizartearekiko ardura, tolerantzia, eta elkar errespetatzea. Horrez gain, giza eskubideen alde jokatzeko, bakerako, askatasunerako eta herrien artean lankidetza- nahiz elkartasun-ideiak sustatzeko heztea ere badu helburu, bai eta hezkidetzan oinarritutako heziketa izatea ere.

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak oinarrizko printzipio hau zehazten du Hezkuntza Administrazioarentzat: hezkuntza-maila guztietan indarkeriazko portaerei aurrea hartzea, gatazkak konpontzeko indarkeriarik gabeko metodoak erabiltzen ikasiz, eta sexuen arteko errespetuan eta dibertsitatearekiko errespetuan oinarritutako bizikidetza-ereduak landuz.

175/2007 Dekretuak, urriaren 16koak, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta ezartzekoak, gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna zehazten du, besteak beste. Dekretuak dioenez, gaitasun horrek dimentsio etikoa du eta, beraz, gizabanakoaren edozein jarrerak ez du dimentsio hori, baldin eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak biltzen dituen printzipio eta balio unibertsaletan edo antzekoetan oinarritzen ez bada.

Planteamenduak horiek izanik, Dekretu honek hauek hartzen ditu oinarrizko zein etengabeko hezkuntza integralerako ardatz erreferentzialtzat: elkarrekin bizitzen ikastea, elkarrekintza positiboak izatea, gatazka-egoeretan elkarrizketa eta negoziazioa erabiltzea, aktiboki eta demokratikoki parte hartzea, lankidetzan aritzea eta taldean lan egitea, aniztasuna errespetatzea, elkartasun-jarrerak izatea, pertsona den aldetik garatzea (eta horretarako, norbera izatea, emozio negatiboak kontrolatzea, nork bere burua positiboki eta errealista izanez balioestea, autonomoa izatea eta norberaren erabakien erantzukizuna nork bere gain hartzea eta printzipio etikoen arabera jokatzea).

201/2008 Dekretuak, abenduaren 2koak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleen eskubideei eta betebeharrei buruzkoak, hau ezartzen du ikastetxeen barne-bizitza antolatzeko bizikidetza-planei buruzko 5. artikuluan: portaeren prozedurak, hezkuntza-baliabideetako bat direnez, ikastetxeetako jardunean txertatu behar dira eta bizikidetza-planetan jaso; bestalde, Dekretuak xedatutakoari jarraiki, nork bere eskubideak gauzatzea eta besteen eskubideak errespetatzea funtsezko oinarriak direla jaso behar da bizikidetza-planean, bai berdinen, generoen eta kultura ezberdinekoen arteko bizikidetzarako, bai irakasleen, ikasleen eta irakasle ez diren langileen arteko harremanetarako. Bizikidetza-planean jaso behar dira gatazkak modu baketsuan konpontzera bideratutako prozedurak eta adiskidetzea nahiz ordaina edo zuzenketa lortzera bideratutakoak, bai eta bizikidetzarako hezkuntza-konpromisoak hartzeko ildoak eta ikastetxean bizikidetzaren behatoki bat antolatzeko hartu beharreko neurriak ere.

Bizikidetza oinarri garrantzitsua da, irakaskuntza-ikaskuntza prozesurako ez ezik, etorkizuneko herritarren prestakuntza integralerako ere. Horretan sakonduz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarduera-protokoloa idatzi zuen berdinkideen arteko tratu txarrak eta ikastetxe publikoetako langileekiko erasoak gertatzen direnerako, 2007ko maiatzean, Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren bidez. Protokolo horren bidez, Sailak tresnak eman nahi izan dizkio hezkuntza-komunitateari, gure ikastetxeetan egon daitekeen indarkeriazko jokabiderik ez onartzeko, indarkeria hori oso leuna izanagatik ere.

2007ko martxoan, Eusko Jaurlaritzak organismo aholku-emaile bat sortzeko premiazko eskaria egin zion Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari. Organismo hori hezkuntza-komunitateko sektore guztietako hainbat kidek osatu behar zuten, bai eta beste erakunde batzuetakoek eta, hala behar zenean, beste sail batzuetako arduradunek ere, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak gidatu behar zuen. Organismo horrek tresna izan behar zuen EAEko ikastetxeetako bizikidetzari buruz ikuspegi orokorra ezartzeko, eta neurriak proposatu behar zituen bizikidetza hori hobetzeko.

Sail horrek bere hezkuntza-politikaren nondik norakoak zehazten dituzten printzipioen araberako marko orokor bat finkatu zuen, 2007-2010 aldirako lehentasunezko ardatzetan. Marko horrek hiru ardatz hauek ditu: guztientzako eskola, eskola hobea eta XXI. mendeko gizarteko eskola.

Eskola hobea ardatzean, Bizikidetzarako, Bakerako eta Giza Eskubideetarako programa dago. Programa horri dagokion plana 2007ko irailaren 26an aurkeztu zitzaion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza eta Kultura Batzordeari. Plan horrek hauxe zuen lehen helburua: ikastetxeetan Bizikidetzaren Behatokia sortzea eta Urteko Bizikidetza Plana egitea sustatzea, eta horrez gain, EAEko Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren sorrera sustatzea.

Horren arabera, Euskadiko Eskola Kontseilua entzun ondoren eta Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko apirilaren 21ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokia sortu da. Kide anitzeko organo aholku-emailea da, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikita dago. Hezkuntza Sailburuordetzari dagokio Behatoki horri laguntza teknikoa eta administratiboa ematea.

  2. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren jarduera-eremuak Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeak hartuko ditu.

Eskola Bizikidetzaren Behatokiak helburu hauek ditu, besteak beste:

  1. Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako eta itunpekoetako eskola-bizikidetzaren ikerketa-, analisi-, balorazio- eta jarraipen-jarduerak gauzatzea.

  2. Errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza sustatzea, giza harremanen berezko alderditzat har dadin gatazka, eta hezkuntza-prozesuaren zati izan dadin gatazka horiek sormenez eta ikuspegi etikoz eraldatzea.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetako bizikidetzari buruzko ikuspegi orokorra zehaztea; eta horrez gain, bizikidetzari kalte egiten dioten arazoei aurre hartzeko jarduerak eta hobekuntza-neurriak proposatzea.

Eskola Bizikidetzaren Behatokiak eginkizun hauek ditu:

  1. Ikastetxeetako bizikidetzari buruzko datuak sistematikoki bildu eta aztertzea, sexuaren arabera, ikastetxeetako bizikidetza-behatokien, Berritzeguneen, Hezkuntzako Ikuskatzailetzaren eta Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen bidez.

  2. Arrisku-faktoreak identifikatzea eta bizikidetza egokia sustatzeko ekintza eraginkorrak proposatzea; aldi berean, eskola-bizikidetzari laguntzen dioten hezkuntza-praktika egokien esperientzien berri ematea.

  3. Eskola-bizikidetzara bideratutako hezkuntza-politiken segimendua egitea, eta bizikidetza hori hobetzeko behar diren jarduerak proposatzea.

  4. Hezkuntza-komunitateko sektore guztiei zuzendutako jarduerak proposatzea, bizikidetzarako prestakuntzaren arloan.

  5. Bizikidetza-planak, programak, araudiak eta horien aplikazioak aztertzea eta proposamenak egitea horiek guztiak hobetzeko, ikastetxeetako bizikidetza hobe dadin.

  6. Adituen eta profesionalen arteko topaketak bultzatzea eta sustatzea, eremu honetako esperientziak, ikerketak eta lanak truka ditzaten.

  7. Txostenak, analisiak eta azterketak egitea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskariz.

  8. Azterketa espezifikoak egitea neska-mutilen arteko bizikidetza-ereduak nahiz harremanak eta horietan generoak duen eraginen berri gehiago jakiteko.

  9. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako eskola-bizikidetzaren berri jakiteko eta hura ebaluatzeko aukera emango duen adierazle-sistema bat proposatzea.

  10. Ikastetxeetako bizikidetza-egoerari buruzko urteko txostena egitea, eta hezkuntza-komunitateari jakitera ematea.

  11. Bizikidetzarekin lotutako material eta baliabide didaktiko egokien lanketa eta antolamendua sustatzea.

  12. Lankidetza sustatzea eskola-bizikidetzaren eremuan parte hartzen duten erakundeen, hezkuntza-eragileen eta eragile sozial guztien artean.

  1. Antolamendu- eta jarduera-araudia egitea.

  2. Unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eremuko bizikidetza hobetzearekin zerikusia duten arlo guztietan informazioa jaso, aztertu eta zabaltzearekin eta jarduerak ikertu eta sustatzearekin lotutako beste edozein laguntza- eta aholkularitza-eginkizun.

  1. Dekretu hau garatzean eman dakiokeen beste edozein eginkizun.

Behatokiak Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bidez jardungo du.

  1. Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkura.

    1. Osaera.

      Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkuraren osaeran, zainduko da partaide emakume eta gizonen arteko oreka, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, dioenaren arabera. Osoko bilkura horrek kide hauek izango ditu:

      Lehendakaria: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua.

      Lehendakariordea: Hezkuntzako sailburuordea.

      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko ikastetxeen zuzendaria.

      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

      Idazkaria, lehendakariak izendatua.

      Kideak:

      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Bizikidetzarako, Bakerako eta Giza Eskubideetarako hezkuntza-programaren arduraduna.

      Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (Isei/Ivei) harreman- eta bizikidetza-teknikari bat.

      Berritzeguneko zuzendari bat.

      Hezkuntzako ikuskari nagusia.

      Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko lehendakaria.

      Unibertsitatez kanpoko irakaskuntza publikoko ikasleen familien hiru ordezkari, irakaskuntza publikoko ikasleen guraso-elkarteen federazioak/ek proposatuta.

      Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako ikasleen hiru ordezkari, ikasle gehien ordezkatzen dituzten ikasle-elkarte eta ikasle-taldeek proposatuta.

      Hezkuntzan ordezkari gehien dituzten bost sindikatuetako ordezkari bana.

      Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako bi zuzendari; bata Haur Hezkuntzakoa edo Lehen Hezkuntzakoa, bi etapa horietako zuzendaritza-taldeen elkarteek proposatuta; bestea Bigarren Hezkuntzakoa, etapa horretako zuzendaritza-taldeen elkarteek proposatuta.

      Ordezkaritza handiena duten enpresa-erakundeen eta itunpeko irakaskuntzako titular esanguratsuenen bost ordezkari. Ordezkari horietako bat irakaskuntza-kooperatiben ordezkari izango da.

      Euskadiko Udalen Elkarteko (Eudel) hiru ordezkari, herrialde bakoitzetik bat.

      Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren ordezkari bat.

      Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren ordezkari bat.

      Euskal Autonomia Erkidegoko hiru foru-aldundietako Gizarte Ongizate Sailen ordezkari bana.

      Eskola-bizikidetzaren eremuan ospe handia duten bi pertsona, Eskola Bizikidetzaren Behatokiko lehendakariak izendatuta.

      Hainbat gizarte-elkarte eta gizarte-talde ordezkatuko dituzten bi pertsona, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak proposatuta.

    2. Funtzionamendua.

      Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Osoko Bilkurak urtean behin egingo du, gutxienez, ohiko bilkura.

      Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren bilkuretan parte hartu ahal izango dute lehendakariak eskatutako pertsona guztiek, aztertu beharreko gaietan duten ezagutza eta eskarmentua medio. Pertsona horiek hitza izango dute bilkuran, baina ez botorik.

      Beharrezkotzat jotzen denean, Eskola Bizikidetzaren Behatokiak hezkuntza-administrazioko zerbitzuetako datuak bildu ahal izango ditu, zuzendariak proposatuta, ikastetxeetako bizikidetzaren egoeraren berri jakiteko.

      Era berean, beste erakunde edo instituzio batzuen lankidetza eskatu ahal izango du, bere funtzioak betetzeko eta ikastetxeetako bizikidetza-egoera zehazteko.

      Bizikidetzaren Behatokiaren urteko plana eta egindako ekintzen memoria egingo ditu.

  2. Batzorde Iraunkorra.

    1. Osaera.

      Batzorde Iraunkorraren osaeran zaindu egingo da partaide emakume eta gizonen arteko oreka, 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, dioenaren arabera. Hezkuntzako sailburuordea izango da Batzorde Iraunkorreko buru, eta Osoko Bilkurako kide hauek izango dira batzordekide:

      Ikastetxeetako zuzendaria.

      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

      Idazkaria.

      Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Bizikidetzarako, Bakerako eta Giza Eskubideetarako hezkuntza-programaren arduraduna.

      Unibertsitatez kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko (Isei/Ivei) harreman- eta bizikidetza-teknikari bat.

      Irakaskuntza publikoko ikasleen gurasoen ordezkari bat, ikasleen gurasoen federazioek edo konfederazioek dagokien ordezkaritzaren arabera proposatuta.

      Unibertsitatez kanpoko ikastetxe publiko bateko zuzendaria.

      Irakaskuntza publikoko ikasleen ordezkari bat, ikasleen konfederazioek, federazioek, elkarteek eta taldeek dagokien ordezkaritzaren arabera proposatuta.

      Hezkuntzan ordezkari gehien dituzten sindikatuetako bi ordezkari.

      Ordezkaritza handiena duten enpresa-erakundeen eta itunpeko irakaskuntzako titular esanguratsuenen bi ordezkari.

      Ospe handiko pertsona bat, Eskola Bizikidetzaren Behatokiko lehendakariak izendatuta.

    2. Funtzionamendua.

      Batzorde Iraunkorrak hainbat zeregin beteko ditu: Behatokiak egoki funtzionatzeko behar duen laguntza teknikoa eta administratiboa emango dio Osoko Bilkurari, Osoko Bilkuran eztabaidatu beharreko lanak prestatuko ditu, hartutako neurrien ezarpena eta ondorioak ebaluatuko ditu, eta Osoko Bilkurak bere esku utzitako beste edozein laguntza- edo segimendu-eginkizun egingo ditu.

      Batzorde Iraunkorra hilean behin eta lehendakariak erabakitzen duen aldiro bilduko da.

  3. Euskara zein gaztelania erabili ahal izango dute Osoko Bilkurako, Batzorde Iraunkorreko eta osa litezkeen gainerako batzordeetako kideek.Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetako edozeinetan irakurri ahal izatea bermatuko da gai-zerrendetan, batzar-agirietan, egiaztagirietan eta beste edozein testu idatzitan.

  4. Behatokiak, dagozkion eginkizunak betetzean, ziurtatuko du izaera pertsonaleko datuak babestuta egotea, bi lege hauek ezarritakoari jarraiki: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa, eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak izendatuko ditu, eta kargutik kendu, Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideak.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideek kide izateari utziko diote, horretarako arrazoi hauetakoren bat badago:

    1. Agintaldia amaitzea.

    2. Karguari uko egitea.

    3. Kargutik kentzea.

    4. Talderen baten ordezkari gisa dauden kideek ordezkaritza hori utzi edo galtzea.

    5. Beren izendapena eragin zuten baldintzetako bat jada ez betetzea.

    6. Kargu publikoak izateko gaitasunik gabe uztea.

    7. Ezintasun iraunkorra izatea edo hiltzea.

  3. Agintaldiak lau urte iraungo du, eta beste lau urte luzatu ahal izango da.

Eginkizun hauek ditu Eskola Bizikidetzaren Behatokiko lehendakariak:

  1. Behatokiaren ordezkari izatea, eta Osoko Bilkuran haren bozeramale izatea.

  2. Osoko Bilkuraren ohiko eta ezohiko bilkurak noiz egin erabakitzea, eta bilkura horietako gai-zerrendak zehaztea. Horretarako, aintzat hartuko ditu gainerako kideek behar besteko aurrerapenez egindako eskariak, hala dagokionean.

  3. Bilkuretan mahaiburu izatea, eta osoko bilkurak moderatzea.

  4. Dekretu honetan ezarritako lege-xedapenak betetzen direla ziurtatzea.

  5. Oniritzia ematea Osoko Bilkuren batzar-agiriei eta hartutako erabakien egiaztagiriei.

  6. Xedapen arauemaileek bere kargu utzitako funtzio guztiak eta lehendakariaren izaerari berez dagozkionak.

Hauek dira lehendakariordearen eginkizunak:

  1. Lehendakaria ordezkatzea, kargua hutsik dagoenean, hura gaixorik dagoenean edo beste edozein ezintasun medio etorri ez denean.

  2. Batzorde Iraunkorraren bilkuretan mahaiburu izatea.

  3. Batzorde Iraunkorraren ohiko eta ezohiko bilkurak noiz egin erabakitzea, eta bilkura horietako gai-zerrendak zehaztea. Horretarako, aintzat hartuko ditu gainerako kideek behar besteko aurrerapenez egindako eskariak, hala dagokionean.

  4. Batzorde Iraunkorraren bilkuretan mahaiburu izatea eta bilkura horiek moderatzea.

  5. Batzorde Iraunkorraren batzar-agiriei eta hartutako erabakien egiaztagiriei oniritzia ematea.

  6. Lehendakariak bere esku uzten duen funtzio oro.

Idazkari-lanak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko funtzionario batek egingo ditu. Eginkizun hauek izango ditu:

  1. Bileretan parte hartzea. Hitza izango du, baina botorik ez.

  2. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideei Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuretara eta eztabaidetara deitzea.

  3. Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideen komunikazio-ekintzak jasotzea; hau da, jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak eta jakin beharreko era guztietako kontuen idatziak.

  4. Batzar-agiriak egitea eta haietako edukia egiaztatzea, agiriak ordenatu eta zaintzea, eta hartutako erabakiei bide ematea.

  5. Argibide eskarien, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak egitea.

  6. Lehendakariak eskatzen dion funtzio oro.

Kideek eginkizun hauek dituzte:

  1. 72 orduko aurrerapenez deitutako bileretara joatea, eta eztabaidetan parte hartzea, beren iritzia emanez eta proposamenak eginez.

  2. Batzorde Iraunkorrari ohiko bilkuretako gai-zerrendan sartzeko gaiak proposatzea idazkariaren bidez, eta galderak eta eskariak egitea. Gai bat gai-zerrendan sartzeko eskaria kideen herenak egiten badu, gaia gai-zerrenda horretan sartuko da, zuzenean.

  3. Ordezkari diren aldetik dituzten eginkizunak betetzeko beharrezko informazioa lortzea.

  4. Beren kide izaerari berez dagozkion gainerako eginkizun guztiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kide izateak ez dakar kide izate horrengatik ordainsaria jasotzeko eskubiderik, baina haren jardueretan parte hartzeagatik dagokien ordain ekonomikoa jasoko dute (joan-etorriak eta bestelako dietak), indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Bizikidetzaren Behatokiko kideek nahitaez hartu behar dute parte azterketak egiteko lanetan eta txostenak nahiz irizpenak egiten.

Lehenengoa. 1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak onartuko du Eskola Bizikidetzaren Behatokiaren Antolamendu- eta Jarduera-araudia, Eskola Bizikidetzaren Behatokiak berak proposatuta, dekretu hau indarrean sartzen denetik sei hilabete bete aurretik. Edonola ere, dekretu honetan ezarritakoa beteko du.

  1. Antolamendu- eta jarduera-araudian, gai jakin batzuk lantzeko lantaldeak, batzordeak edo dekretu honetan zehaztutako organoez bestelako beste edozein organo sortzea aurreikusi ahal izango da, bai eta landu beharreko gaiaren arabera egokiak izan daitezkeen adituen lankidetza zehatza lortzea ere.

    Bigarrena. Dekretu hau argitaratzen denetik hiru hilabete igaro aurretik eratu beharko da Eskola Behatokiko Osoko Bilkura.

    Hirugarrena. Bermatu egingo da Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko oinarrizko 10/1982 Legea Osoko Bilkuran betetzen dela.

Lehenengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu honetan zehaztutakoa ezartzeko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena. Prozedura-kontuetan eta dekretu honetan aurreikusten ez den beste edozein kontutan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, II. tituluko II. kapituluan zehaztutakoa ezarriko da, kide anitzeko organoei dagokienez.

Hirugarrena. Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko apirilaren 21ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANDOS.