Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

229/2008 DEKRETUA, abenduaren 30ekoa; horren bidez, banako enpresarien eta profesional autonomoen finantza egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programa garatu da.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 6
  • Hurrenkera-zk.: 95
  • Xedapen-zk.: 229
  • Xedapen-data: 2008/12/30
  • Argitaratze-data: 2009/01/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urterako aurrekontuak onetsi dituen abenduaren 30eko 19/2008 Legeko bederatzigarren xedapen gehigarriaren bidez, Gobernuari baimena eman zaio, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak proposatuta, euskal enpresak finantzatzen laguntzeko programa berezi bat onar dezan. Horretarako, hurrengo jardun-ildoak ezarri dira:

Bermeen funts berezi bat, gehienez ere 100 milioi euroko zuzkidura duena, euskal enpresak finantzatzen laguntzeko.

Banako enpresariei, autonomoei, enpresa txiki eta ertainei gehienez ere 500 milioi euroko finantzaketa emateko urte anitzeko bitartekoa irekitzea, zirkulatzaile gisa dituzten beharrizanei erantzuteko, zorra epe laburrera berritzeko, epe laburreko zorra epe ertain eta luzerako zor gisa egokitzeko eta, hala dagokionean, inbertsio planak azeleratzea dakarten finantza arloko jarduketak gauzatzeko.

Munduko finantza krisiak mesfidantza eragin du finantza merkatuetan eta, ondorioz, likidezia murriztu egin da jarduera ekonomiko osoan. Modalitate guztietan eman den kredituaren murrizketak euskal enpresengan ere izan du eragina eta, bereziki, enpresa txiki eta ertainengan, banako enpresariengan eta profesional autonomoengan.

Dekretu honen bidez, bederatzigarren xedapen gehigarrian arautzen den finantzaketa jasotzen laguntzeko programa berezia garatu da banako enpresari eta profesional autonomoei zuzenduta, talde horrek garrantzi handia duelako gure egitura ekonomikoan.

Dekretuan honakoak arautu dira: kreditua lortzeko baldintzak, onuradunak, baliabideen erabilgarritasuna, kreditu eta maileguen baldintzak, elkarren bermerako sozietateen aurrean jarraituko den izapidetzeko prozedura eta finantzaketa lortzen laguntzeko programa berezian laguntzen duten finantza erakundeak. Ondorio horietarako, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak beharrezkoak diren lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu elkarren bermerako sozietateekin eta finantza erakundeekin.

Dekretu hau osatzeko deialdirako aginduak egingo dira.

Hori dela bide, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak 2008ko abenduaren 30ean egindako bileran eztabaidatu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da banako enpresariei eta profesional autonomoei finantzaketa emateko bitarteko bat eratzea eta finantzaketa hori eskuratzeko prozedura arautzea. Bitarteko horren bidez, bankuaren finantzaketa lortu ahal izango da, modalitate ezberdinetan, eta horrela zirkulatzailearen beharrizanak bete, epe laburreko zorra berritu eta epe laburreko zorra epe ertain eta luzerako zor gisa egokitu ahal izango da.

Xede horrekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, lankidetza hitzarmenak sinatzen dituzten elkarren bermerako sozietateen eta finantza erakunde laguntzaileen bitartez, Bermearen Funts Berezia eta banako enpresarien eta profesional autonomoen aldeko finantzaketa bitartekoa eratu ditu.

  1. Dekretu honetan ezartzen den finantzaketa jaso ahal izango dute egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten banako enpresariek eta profesional autonomoek, baldin eta hurrengo baldintzak betetzen badituzte:

    Bere kontura lan egiten duten langileen eta langile autonomoen araubide berezian alta emanda izatea edo, hala dagokionean, dagokien elkargo profesionalaren mutualitatean.

    PFEZri lotutako jarduera ekonomikoen edo profesionalen bidez etekinak lortzea.

  2. Jarduera ekonomikoko sektore guztiek jaso ahal izango dute finantzaketa. Dena den, ezin dira onuradun izan higiezinei lotutako jarduerak gauzatzen dituztenak (EIZko 833, 834 eta 861.1 epigrafeak).

  3. Finantzaketa eskatu ahal izateko ezinbestekoa da Foru Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean edukitzea.

Finantza egitura egokitzeko proiektuak finantzatzeko modukotzat joko dira baldin eta eskatzaileak aurkeztu duen finantza egitura etorkizunean garatzeko ezegokia bada edo, betiere, horren maniobra funtsa pasibo osoaren % 10etik beherakoa bada edo horren kapital zirkulatzailearen aldaketa negatiboa bada.

  1. Bermea behar duten mailegu edo kreditu eragiketen zenbatekoa kalkulatzeko, azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuaren bidez onartu zen Kontabilitateko Plan Orokorraren balantzearen pasibo arrunteko 4 eta 5 multzoetan (Hartzekodun komertzialak eta epe laburreko zorrak) sartzen diren hurrengo partidak zenbatuko dira:

    400. Hornitzaileak.

    401. Hornitzaileak, ordaindu beharreko merkataritzako efektuak.

    407. Hornitzaileentzako aurrerakinak.

    520. Epe laburreko zorrak kreditu erakundeekin.

    521. Epe laburreko zorrak.

    524. Epe laburreko finantza errentamenduaren ziozko hartzekodunak.

    525. Epe laburrera ordaindu beharreko efektuak.

    527. Kreditu erakundeekin dauden zorren epe laburreko korrituak.

    528. Zorren epe laburreko korrituak.

    Merkataritzako efektuen, kreditu kontuen eta merkataritzako hartzekodunen deskontu eragiketetan, eskabidea aurkeztu baino 12 hilabete lehenagoko batez besteko saldoa.

    Kreditu erakundeekin dauden zorretan, eskabidea aurkeztu osteko bi urte naturaletan amortizaziorako utzi diren kopuruen batura.

  2. Eskatzailearen pasibo arruntaren egoera aztertu ondoren zehaztuko ditu elkarren bermerako sozietateak, dekretu honetako III. kapituluan ezarri den prozedura betez, abalaren zio den maileguaren edo kredituaren finantza eragiketaren zenbatekoa eta epea.

  1. Dekretu honen itzalpean gauzatzen diren mailegu eta kreditu eragiketa guztiak elkarren bermerako sozietate batek bermatuko ditu. Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak eta bertan jarduten duten elkarren bermerako sozietateek bideratuko dituzte Bermeen Funts Bereziaren eraketa eta funtzionamendua; horrez gain, hitzarmen bat sinatuko dute aipatutako sozietateek bermatzen dituzten finantza eragiketei bermeen sistema bat emateko.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza erakundeek lankidetza hitzarmenak sinatuko dituzte finantza erakundeei behar dituzten funtsak emateko, hau da, onuradunen aldeko maileguak eta kredituak onartzeko behar dituzten funtsak emateko erakunde horiei, betiere elkarren bermerako sozietateek bermatu dituztenean.

  1. Elkarren bermerako sozietateek emandako finantza abalek zuzenean edo zeharka bermatu behar dituzte onuradunek finantza erakunde laguntzaileen aurrean dituzten diru-arriskuak; izan ere, arrisku horiek ondokoen zioz gerta daitezke: bankuko pasiboa berregituratzeko mailegu eragiketak; zirkulatzailea finantzatzeko maileguak; epe laburreko finantza errentamenduen eragiketak; kreditu polizetan eskuragarri dauden kopuruak, baimendutako mugaraino, eta geroago mugaeguneratzen diren merkataritzako efektuak aurkeztearen kontra finantza erakundeek emandako funtsak.

  2. Abalen kostua eta baldintzak honako hauek dira:

    Azterketaren ziozko komisioa: maileguaren printzipalaren % 0,15, abala eskatzean eta behin bakarrik.

    Abalaren ziozko komisioa: urtean % 0,50.

    1. Maileguak. Aurretik aplikatuko zaio, urtarrilaren 1eko datarekin, bermatu den maileguaren urteko batez besteko saldoari. Gauzatzen den urtean eta behin betiko mugaeguneratzen den urtean, urtea amaitu arte edo mugaeguneratu arte benetan igaro den egun kopuruarekiko proportzionala den moduan aplikatuko zaio batez besteko saldoari.

    2. Kreditu kontuak: urtekoetan adierazitako batez besteko saldoari aplikatuko zaio.

      Ez da aplikatuko gastu edo komisio osagarririk.

Hona hemen mailegu eta kredituen ezaugarriak:

  1. Bermatutako eragiketa bakoitzeko 10.000 euroko zenbatekoa, gutxienez.

  2. Onuradun bakoitzaren maileguak guztira ezin dira 200.000 eurotik gorakoak izan.

  3. Epea: 1-3 urte. Printzipalak maileguetan duen gehieneko gabealdia urtebetekoa izango da. Hiru hileko amortizazioa eta interesak, mugaeguneratutako alditan.

  4. Aplikatu beharreko interes tasa Euriborra izango da, gehi % 0,60, eta hori hiru hilean behin aztertu behar da. Ondorio horietarako, Euribor gisa ulertu behar da, Reuter-en Euribor= pantailaren bidez (oinarria: Act/360) edo, aurrekoa desagertuz gero, informazio bera eman dezakeen beste pantaila baten bidez lortutako bankuen arteko interes tasa. Tasa hori hiru hilabeterako gordailuetarako da, eta eragiketaren dataren edo berrikuspen dataren aurreko azken egun baliodunean kalkulatzen da. Ez da biribiltzerik onartuko.

  5. Ez da aplikatuko komisiorik edo gastu gehigarririk.

  6. Mailegu-hartzaileak epea bukatu aurretik eta batere kosturik gabe ezeztatu edo kendu ahal izango du mailegua edo kreditua.

Dekretu honek arautzen dituen finantzaketak deialdi batean azalduko dira; deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta horretarako beti beteko dira publizitate, lehia eta objektibotasunaren printzipioak.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren aginduz egingo da aipatutako deialdia. Aginduan, hain zuzen, ondokoak zehaztuko dira: eskuragarri dauden baliabideen guztirako zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokia eta prozedurari lotutako gainerako alderdiak. Horrez gain, deialdiari heldu dioten elkarren bermerako sozietateen eta finantza erakundeen zerrenda jasoko da aginduan.

  1. Eskatzaileek hurrengo agiriak bete beharko dituzte:

    1. Eskabidea, erantsita ematen den F1 inprimakian jasotako ereduaren arabera.

    2. Eskatzailearen ordezko izateko boterearen fotokopia.

    3. Eskabidean jasotzen diren alderdiak egiazkoak direla frogatzeko aitorpen erantzulea (erantsita ematen den F2 inprimakia). Ikuskapen bisita baten bidez frogatuko dira, hain zuzen, hurrengo alderdiak:

      Eskabidea egin den ekitaldiaren aurrekoan, abenduaren 31n, fakturatutako kopurua.

      Eskabidea egin den ekitaldiaren aurrekoan, abenduaren 31n, urteko balantze orokorraren kopurua.

    1. Foru ogasunetan zerga betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

    2. Foru Ogasunaren ziurtagiria, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafea, eskatzailea alta emanda dagoena, agertzen duena.

    3. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzen duen ziurtagiria.

    4. Azken ekitaldietako urteko kontuak.

    5. Pasibo galdagarria finantzatzeko beharrizanen memoria deskribatzailea. Eskatzaileak egin behar du (erantsita ematen den F3 inprimakia).

  2. Eskatzaileak gorago aipatutako aitorpenean jasotako daturen bat faltsutzen badu, indarrean dagoen zehapen araubidea ezarriko zaio, bai administratiboa, bai penala.

  3. Nolanahi ere, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak eta elkarren bermerako sozietate laguntzaileek eskabidea aurkeztu duen enpresari informazio gehiago eskatu ahal izango diote, eskabidea behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen badute.

  1. Banako enpresariek eta profesional autonomoek elkarren bermerako sozietateen bulegoetan aurkeztu beharko dituzte eskabideak eta aurreko artikuluan azaldutako gainerako agiriak, hitzarmena betez. Deialdia egiteko aginduan zehazten dira elkarren bermerako sozietate laguntzaileak eta horien bulegoak.

  2. Interesdunek informazioa eskuratu nahi badute www.ejgv.euskadi.net atarira sartu edo arreta emateko Zuzenean zerbitzura (012 telefonoa) jo ahal izango dute. Halaber, erakunde horietan eskabideak ere eskura ditzakete, gero aurkeztu ahal izateko.

  1. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileek aztertu eta ebaluatu beharko dituzte aurkezten diren eskabideak, abala eman baino lehen.

  2. Eskabidearen atalen bat bete gabe utzi bada edo horrekin batera ez bada aurkeztu 9. artikuluan zehazten den dokumentazioa, dagokion elkarren bermerako sozietate laguntzaileak 10 egun emango dizkio eskatzaileari oker hori zuzen dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan; horrela egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da.

  3. Elkarren bermerako sozietateak autonomia izango du jasotzen dituen eta xedetzat abala eskatzea duten eskabideak onartu edo ukatzeko; kontraberme errealak edo pertsonalak ere eskatu ahal izango ditu. Horretarako, betiere, egokitzat jotzen dituen aztertzeko eta erabakitzeko irizpideak aplikatuko ditu.

  4. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileak, eskabidearen azterketa amaitu ostean, eta hala badagokio, «Abala baimentzeko agiria» egingo du. Agiri horretan, F4 inprimakian jasotako informazioa zehaztuko da.

  5. Elkarren bermerako sozietateak aldi berean emango die «Abala baimentzeko agiriaren» berri onuradunari, finantza erakunde laguntzaileari eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailari.

  6. Elkarren bermerako sozietate laguntzaileak Ogasun eta Herri Administrazio Sailari eman behar dio gauzatu diren abal-eragiketen eta ukatutakoen berri. Horretarako, lankidetza hitzarmenean ezartzen diren aldizkakotasuna, betekizunak eta ereduak beteko ditu.

  1. Elkarren bermerako sozietateak kreditu eragiketak egiteko «Abala baimentzeko agiria» onetsi duenean, banako enpresariek eta profesional autonomoek lankidetza hitzarmena sinatzen duen finantza erakunderen batekin gauzatuko dute abal hori.

  2. Finantza erakundeek gauzatzen diren mailegu edo kreditu eragiketen berri eman behar diote Ogasun eta Herri Administrazio Sailari. Horretarako, lankidetza hitzarmenean ezartzen diren aldizkakotasuna, betekizunak eta ereduak beteko dituzte.

  1. Eragiketek ezinbestean bete behar dute Europako Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 Araudian (EE), minimis laguntzei Ituneko 87. eta 88. artikuluetan ezarritakoa aplikatzeari buruzkoan, ezarritakoa.

    Laguntza horiek bateragarriak izango dira beste administrazio publiko, sail, organismo edo erakunde publiko zein pribatu batek emandako laguntzekin; baina salbuespen araudian edo Batzordeak hartutako erabakian kasu bakoitzeko inguruabar zehatzetarako ezarritako laguntza ezin da izan laguntzen metatzea baino handiagoa.

  2. Arau honen bidez onuradun diren pertsonek edo erakundeek une oro jakinarazi behar diote Ogasun eta Herri Administrazio Sailari xede bererako beste diru-laguntza edo laguntzarik eta beste minimis laguntzarik jaso duten, bai zergaldi horretan bai ordura arteko aurreko bi zergaldietan.

Programa jarraitu eta ebaluatuko duen batzorde bat eratuko da. Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren, elkarren bermerako sozietateen eta finantza erakundeen ordezkariek osatuko dute batzordea, eta bere zeregina programaren aplikazioa eta ebaluazioa aztertzea izango da.

Euskal Finantza Erakundea dekretu honetan Ogasun eta Herri Administrazio Sailari esleitu zaizkion eskubide, betebehar eta zereginetan subrogatu ahal izango da, baita horren ondoriozko agindu eta lankidetza hitzarmenetan ere.

Lehenengoa. Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuari ahalmena eman zaio dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena. Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 30ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

F1 ESKABIDEA

Espediente-zenbakia: Sozietatearen izena:

Jauna/andrea: NAN: ......................

Honako karguduna naizen aldetik:

Enpresa honen legezko ordezkari naizela: IFZ: .....................

Eremu honetan dihardu:

Sozietatearen helbidea:

Tel.: .............................Faxa: ............................. e-maila:

«Enpresa txiki eta ertainen finantza egitura egokitzeko finantza laguntza emateko programa» delakoan sartzeko eskatzen du.

Data eta sinadura:

Agiri hauek eransten dira:

 Eskatzailearen ordezkaritza-ahalmenaren fotokopia.

 Enpresaren datuei buruzko erantzukizunezko adierazpena.

 Zerga kontuetan egunean izatearen ziurtagiria.

 Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

 Foru Ogasunaren ziurtagiria, enpresa alta emanda dagoen jarduera ekonomikoen gaineko zerga agertzen duena.

 Azken ekitaldietako urteko kontuak.

 Pasibo galdagarriaren finantzaketa beharrei buruzko memoria.

- Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak jakinarazten dizu inprimaki honen bidez eskuratutako zure datu pertsonalak datuak tratatzeko fitxategi automatizatu batean sartuko ditugula. Datu horiek Elkarren Bermerako Sozietateei eta Finantza Erakundeei utzi ahal izango zaizkie, erakunde horiek finantza-programa hau kudeatzen lagunduko dutelako. Eskatzaileak, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzake, legean ezartzen denez. Horretarako, Ogasun eta Herri Administrazio Sailera jo beharko du. Hauxe du helbidea: Donostia-San Sebastián kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

F2 ERANTZUKIZUNEZKO ADIERAZPENA

Espediente-zenbakia: Sozietatearen izena:

Jauna/andrea: NAN: ......................

ADIERAZTEN DU

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela.

  2. - Alta emanda dagoela beren kasan diharduten langileen erregimen berezian edo Gizarte Segurantzako autonomoen erregimenean.

  3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari atxikita dauden jarduera ekonomiko edo profesionalen etekinak eskuratzen dituela.

  1. Egoera arautua duela foru osasunekiko zerga-betebeharretan, legeak dioena betez, eta egunean dituela, baita ere, Eusko Jaurlaritzarekiko edo Eusko Jaurlaritzaren edozein sozietate publikorekiko betebeharrak.

  2. Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteak dituela.

    Data eta sinadura:

    F3 PASIBO GALDAGARRIAREN FINANTZAKETA BEHARRAK DESKRIBATZEN DITUEN MEMORIA

  1. azaroaren ko /2008 Dekretuaren 4. artikuluan aipatzen diren pasibo arrunteko kontuak honela daude enpresaren balantzean:

    Zenbatekoa (eurotan)

    KONTABILITATE KONTUA IZENA 2007 2008

    400 Hornitzaileak

    401 Hornitzaileak, ordaindu beharreko merkataritzako efektuak

    407 Hornitzaileentzako aurrerakinak

    520 Epe laburreko zorrak kreditu erakundeekin

    521 Epe laburreko zorrak

    524 Epe laburreko finantza errentamenduaren ziozko hartzekodunak

    525 Epe laburrera ordaindu beharreko efektuak

    527 Kreditu erakundeekin dauden zorren epe laburreko korrituak

    528 Zorren epe laburreko korrituak

    GUZTIRA

  2. Onuradunaren kapital arruntaren bilakaera 2007. eta 2008. urteetan

    Balantzea ( milioi eurotan) 2007ko abenduaren 31 2008ko abenduaren 31

    Korritu eta zergen aurreko etekina

    Finantza-gastuak

    Amortizazioak

    Aktibo arrunta

    Diruzaintza edo baliokideak

    Kobratu beharreko efektuak

    Izakinak

     Beste aktibo arrunt batzuk

     .

    Aktiboa arrunta guztira(1)

    Pasibo arrunta

    Ordaindu beharreko efektuak

    Epe laburreko zordunak

    Beste pasibo arrunt bat

     

    Pasibo arrunta guztira(2)

    Kapital arrunta (1)-(2)

    Kapital arruntaren aldaketa

  3. Pasibo arruntaren finantza-beharrak, kreditu-kontuak eta merkataritza-deskontua deskribaturik.

    F4 ABALA BAIMENTZEKO AGIRIA

    1) ERAKUNDE ABAL-EMAILEA:

    2) ENPRESA ONURADUN, AUTONOMO EDO BANAKO ENPRESARIAREN DATUAK

    Sozietatearen izena / Izena

    Sozietatearen helbidea

    IFZ/IFK

    EJSN

    Jardueraren deskripzioa

    3) ABALA DUEN FINANTZA ERAGIKETA

    Eragiketa-mota

    Baimen-zenbakia

    Eragiketaren zenbatekoa

    Baimenaren data

    Interes-tasa Euribor + .. ( %)

    Mugaeguna

    Gabezia nagusia

    Ordainketa nagusiaren kadentzia

    Korrituen ordainketaren kadentzia

    Finantza-erakundea

    4) BESTE ARGIBIDE BATZUK:

    Beste ohar batzuk

    Idazki honen bidez ziurtatzen dut Elkarren Bermerako Sozietate honek, (erakundea), baimendu egin duela (2. epigrafean aipaturiko enpresa/pertsona)ri abal bat eman eta formalizatzea, eranskin honetan aipatzen diren baldintzetan, hala baitator xedatuta enpresa txiki eta ertainen finantza egitura egokitzeko finantza laguntza emateko programa garatzeko azaroaren ko /2008 Dekretuan eta banako enpresarien eta profesional autonomoen finantza egitura egokitzeko finantza-laguntza emateko programa garatzeko azaroaren ko /2008 Dekretuan.

    ...............................n, 2009ko .................aren....................a.

    (ERAKUNDE ABAL-EMAILEA) EBS

    Sin.: