Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

217/2008 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 247
  • Hurrenkera-zk.: 7155
  • Xedapen-zk.: 217
  • Xedapen-data: 2008/12/23
  • Argitaratze-data: 2008/12/26

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ekonomi Jarduerak
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak

Testu legala

Beharrezkoa da legezko nahiz erregelamenduzko arauak eta administrazio-egintzak argitaratzea (azken horiek prozedura zehatz batek eskatzen badu edo interes orokorreko arrazoiak badaude), arauak eraginkorrak izango badira eta segurtasun juridikoaren printzipioa bermatuko bada. Halaxe dago ezarrita Autonomia Estatutuaren 27.5 artikuluan, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 64. artikuluan eta, oro har, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen araudian.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria irailaren 13ko 193/1982 Dekretuak arautu zuen aurrenekoz. Gero, azaroaren 23ko 296/1988 Dekretuak berriro arautu zuen aldizkaria, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko araugintza nabarmen hazi zelako. Ekainaren 1eko 155/1993 Dekretuak -dekretu honek indargabetzen duenak- aldizkari ofizialaren egitura argiago eta eraginkorragoa ezarri zuen; eta argitalpen-lanak sinpletu zituen, argitalpen-prozesuan bitarteko informatikoak jarrita.

Ordutik hona ez da aldatu 155/1993 Dekretua. Baina denborak aurrera egin du, eta aldaketa teknologikoek, bitarteko informatikoen garapenak, informazioaren teknologia berrien erabilera orokortu izanak eta zerbitzu publikoetan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak ezarri izanak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria berriro arautzea eskatzen du. Araudi berriak optimizatu egingo ditu ekoizpen-prozesuak, eta ahalbidetu egingo erkidegoko araudia herritar gehiagok ezagutu ahal izatea.

Aldizkari ofiziala paperezko euskarrian argitaratu da orain arte, baina badira urte batzuk Eusko Jaurlaritzaren web orrian ere argitaratzen hasi zela. Gaur egun, aldizkari ofiziala berme osoarekin formatu elektronikoan argitaratzea posible dela eta beharrezkoa dela uste da, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 11.1 artikuluan eta abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuan jasotako aurreikuspenak kontuan hartuta (11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzkoa; 232/2007 Dekretua, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzekoa). Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikotik sartu ahal izango da aldizkariaren edizio elektronikora.

  1. kapituluan balio juridiko osoa, benetakotasuna eta ofizialtasuna aitortzen zaio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edizio elektronikoari. Herritar oro sartu ahal izango da bertara, internet bidez. Bestalde, sinadura elektroniko aitortua izango du edizio elektronikoak.

  2. Kapitulua aldizkari ofizialaren eduki eta egiturari buruzkoa da: egitura eguneratzen da, eta bereziki, aldizkariaren formatua arautzen da, ezarriko den edizio elektronikora egokitu ahal izateko.

  3. kapituluan dokumentuak argitaratzeko prozedura arautzen da: modu telematikoan bidali beharko dira dokumentuak aldizkari ofizialera; horretarako, sinadura elektroniko aitortua erabili beharko da, Administrazioaren eta herritarren ekintzen benetakotasuna eta osotasuna bermatuko duen bitartekoa izango baita.

    Kapitulu horretan bertan zehazten dira argitaratzeko bidaltzen diren dokumentuek forma aldetik zein baldintza bete behar dituzten. Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan bidali ahal izango dira dokumentuak. Halaber, konfidentzialtasunaren bermea ezartzen da, bai eta argitaratzeko, akatsak zuzentzeko, argitalpena ukatzeko eta argitalpeneko hutsak zuzentzeko prozedura ere. Eta, azkenik, aldizkari ofizialeko datu informatikoak eta fitxategiak babesteko bermea ezartzen da.

  4. kapituluan xedatzen da subjektu pasiboak nola ordaindu behar duen aldizkarian dokumentuak argitaratzeko tasa (autolikidazioaren eta aldez aurreko ordainketaren bidez), betiere, kontuan hartuta bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitakoa.

    Aldizkari ofiziala www.lehendakariordetza.ejgv.net egoitza elektronikoaren bidez zabalduko dela ere xedatzen da. Halaber, berdintasun-printzipioa eraginkorra izan dadin, bulego publiko zenbaitetatik aldizkarira sartzeko aukera emango dela xedatzen da, eta herritar orok aldizkari ofizialaren edizio elektronikoaren kopia paperezko euskarrian lortzeko aukera izango duela ere bai.

    Azken xedapenak aldizkari ofiziala zabaltzeko egoitza elektronikoa agindu bidez aldatzeko baimena ematen dio Lehendakariordetzari.

    Lehenengo xedapen iragankorrak argitaratzeko eskabideak aurkezteko prozedura aurreikusten du; prozedura hori erabiliko da, harik eta Jaurlaritzaren lehendakariordeak hori arautuko duen agindua eman arte.

    Bigarren xedapen iragankorrak adierazten du dokumentuak argitaratzeko tasaren ordainketa nola kudeatuko den, harik eta sistema informatikoa egokitu arte.

    Xedapen indargabetzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen ekainaren 1eko 155/1993 Dekretua indargabetzea aurreikusten du, baita, maila berekoa nahiz txikiagokoa izanik, dekretu honen aurka egiten duen beste edozein xedapen ere.

    Azkenik, azken xedapenetan ondoko hauek sartzen dira: argitaratzeko dokumentuak modu telematikoan bidaltzeko prozedura arautuko duen agindua -Jaurlaritzaren lehendakariordearena- onartzeko manua, arauak garatzeko egindako aurreikuspena eta dekretua indarrean jarriko den eguna (2009ko urtarrilaren 1a).

    Hori dela eta, lehendakariordearen proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak erabaki eta onartu eta gero, 2008ko abenduaren 23an burututako bilkuran

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria Euskal Autonomia Erkidegoko aldizkari ofiziala da, eta bertan, segurtasun juridikoko eta arauen publizitateko konstituzio-printzipioei jarraiki, argitalpen ofiziala behar duten dokumentuak argitaratuko dira, betiere, ordenamendu juridikoaren arabera.

  2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria zerbitzu publikoa da, unibertsala eta doakoa. Eta bertara sartzen denak bermatua du aldizkarian argitaratzen diren dokumentuak bilatu, kontsultatu, artxibatu eta inprimatzeko aukera.

  1. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari dagokio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria editatzea, argitaratzea eta zabaltzea, bai eta aldizkariaren eskubide ekonomikoak kudeatzea ere.

  2. Halaber, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren egitekoak dira ondoko hauek ere:

    1. Aldizkari ofizialaren benetakotasuna, osotasuna eta aldaezintasuna bermatzea.

    2. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edizio elektronikoa zaintzea eta babestea.

    3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edizio elektronikora sartzeko aukera bermatzea eta edizio elektronikoa aurrerapen teknologikoetara etengabe egokitzea.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria edizio elektronikoan argitaratuko da, eta www.lehendakariordetza.ejgv.euskadi.net egoitza elektronikoaren bitartez zabalduko da.

  2. Edizio elektronikoan argitaratutako dokumentuak ofizialak eta benetakoak izango dira, eta dekretu honetan, ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 11. artikuluaren arabera ezarriko diren arau eta baldintzak beteko dituzte (11/2007 Legea, herritarrek zerbitzu publikoetarako sarbide elektronikoa izateari buruzkoa).

  3. Edizio elektronikoak bakarrik bermatuko du argitalpenen benetakotasuna eta balio juridikoa; horregatik, euskarri fisikoa duten edizio edo erreprodukzioak edizio elektroniko horretatik aterako dira.

  4. Edizio elektronikoak aukera emango du, une oro eta doan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edukia kontsultatzeko eta kopia bat inprimatzeko.

  5. Abenduaren 18ko 232/2007 Dekretuari jarraiki, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak sinadura elektroniko aitortua erabiliko du aldizkariaren edukiaren benetakotasuna, batasuna eta aldaezintasuna bermatzeko (232/2007 Dekretua, administrazio-prozeduretan bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzekoa).

  6. Egoitza elektronikoan argitaratuko dira artikulu honetan aurreikusitakoa eraginkorra izateko beharrezkoak diren jarduerak eta prozedurak.

  7. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edizio elektronikoa jarraipen-printzipioari lotuko zaio. Nolanahi ere, arazo tekniko larriek egoitza elektronikoaren edo sistema informatikoaren funtzionamenduari eragiten badiote, eta Aldizkariaren edizio elektronikora sartzea edo argitaratutako dokumentuen benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea eragozten badute, Jaurlaritzaren lehendakariordeak aldizkariaren kopiak paperezko euskarrian argitaratzeko baimena emango du, eta horrela argitaratutako kopiak ofizialak izango dira.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria urteko egun guztietan argitaratuko da, larunbatetan, igandeetan eta, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren egoitza dagoen udalerrian, baliogabe deklaratutako egunetan izan ezik.

  2. Argitalpen-beharrak direla-eta, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak agindu dezake aldizkari ofiziala urteko beste edozein egunetan argitaratzea, hala nola egun jakin batean ez argitaratzea ere.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratuko da, aldi berean. Bi bertsioak ofizialak eta benetakoak izango dira, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.

Aldizkariaren edizio elektronikoak beharrezko baldintzak beteko ditu, kontsulta egin nahi duten minusbaliatu eta adinekoak bertara sartu ahal izateko.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako hauek argitaratuko dira:

    1. Eusko Legebiltzarreko Legeak.

    2. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen lege-mailako arauak; Eusko Jaurlaritzak eta bere organoek emandako erregelamenduko arauak; eta Eusko Jaurlaritzak eta bere organoek emandako administrazio-ebazpenak, baldin eta, indarreko arauekin bat etorriz, argitaratu egin badira.

    3. Beste organo eta instituzio batzuek emandako erregelamenduzko arau, ebazpen eta erabakiak, baita partikularrek argitaratu nahi dituzten iragarkiak ere, betiere, indarrean dagoen ordenamenduan oinarrituta.

  2. Jaurlaritzaren Kontseiluak, bestalde, interes orokorrekoak diren erabaki, txosten, agiri edo jakinarazpen ofizialak argitaratzea baimendu dezake.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren edukia honako atal hauetan banatuko da:

  1. atala. Xedapen Orokorrak. Eusko Legebiltzarreko legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko beste organo eta erakunde batzuek emandako lege-mailako eta erregelamenduzko arauak sartuko dira atal honetan.

  2. atala. Agintariak eta Langileak. Hiru azpiatal izango ditu atal honek:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko goi-kargudunen eta langileen izendapenak, egoerak eta gorabeherak.

    2. Oposizioak eta Lehiaketak: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan eta EAEko beste herri administrazio batzuetan hautaprobak egiteko eta lanpostuak betetzeko deialdiak, eta horietan sortzen diren gorabeherak.

    3. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako langileak prestatzeko eta trebatzeko ikastaroak.

  3. atala. Bestelako Xedapenak. Argitaratu beharrekoak izan arren, lege-mailako edo erregelamenduzko arauaren arabera orokorrak ez diren eta gainerako atalei ez dagozkien xedapenak sartuko dira atal honetan.

  4. atala. Justizia Administrazioa. Epaitegi eta auzitegietako ediktuak eta iragarkiak sartuko dira atal honetan.

  5. atala. Iragarkiak. Hiru azpiatal izango ditu atal honek:

    1. Enkanteak eta Lehiaketak.

    2. Bestelako Iragarki Ofizialak.

    3. Partikularren Iragarkiak.

  1. Atal eta azpiatal bakoitzean -IV. atalean izan ezik- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren dokumentuak argitaratu behar direnean, dokumentua bidali duen organoa izango da kontuan, aurrekotasunaren arabera.

  2. Sail edo erakunde bakoitzari buruzko xedapenak arau- eta administrazio-hierarkiaren araberako hurrenkeran argitaratuko dira, eta hierarkia-maila berbera izanez gero, egunaren eta zenbakiaren arabera antolatuko dira.

  3. Dokumentuek idazpurua izango dute, atal eta azpiatal guztietan.

    II. atalean (Agintariak eta Langileak), III. atalean (Bestelako Xedapenak), IV. atalean (Justizia Administrazioa) eta V. atalean (Iragarkiak) txertatzen diren ebazpenak eta egintzak laburbilduta argitaratuko dira, baldin eta hori posible bada eta kasu bakoitzean eskatutako baldintzak betetzen badira.

    Erakundeek behar bezala laburbilduta bidaliko dituzte modu horretan argitaratzekoak diren testu eta dokumentuak.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren argitalpen bakoitzak hurrenez hurrengo zenbakia izango du. Ale bakoitzaren goialdean honako hauek agertuko dira: Autonomia Erkidegoaren armarria, «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria» izena, argitalpen-eguna eta aldizkariaren zenbakia, urte bakoitzaren hasieratik aurrera zenbatzen hasiko dena.

  2. Gainerako orrialdeetan aldizkari ofizialaren izena, argitalpen-eguna eta aldizkariaren zenbakia jarriko dira, baita dagokion orrialdearen zenbakia ere.

  3. Ale bakoitzak laburpen bat izango du, eta bertan dokumentuen idazpuruak jasoko dira, dokumentuen zenbakia adierazita.

  4. Argitaratutako dokumentu bakoitzak orrialde bati emango dio hasiera, eta dokumentu bakoitzak bere zenbakia izango du.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko bidaltzen diren dokumentuei argitalpen-baimena erantsi behar zaie; sinadura elektronikoa izan behar du baimenak, hain zuzen ere, horretarako gaituta dagoenarena.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan argitaratzeko agindua emateko eskumena ondoko agintariek edo horien ordezkoek izango dute:

    1. Jaurlaritzaren idazkariak, legeak eta lege-mailako arauak izanez gero.

    2. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak, erregelamenduzko arauak, administrazio-egintzak eta lehendakariaren edo Jaurlaritzaren erabakiak izanez gero, edo sail batek baino gehiagok elkarrekin emandako xedapenak izanez gero.

    3. Sailburuek, zerbitzu-zuzendariek edo antzeko organoek, euren sailei dagozkien eskumenen alorrean emandako erregelamenduzko arauak eta administrazio-egintzak izanez gero.

  3. Beste organo, instituzio edo erakunde batzuetatik datozen erregelamenduzko arauak, ebazpen/erabakiak eta iragarkiak argitaratzeko baimena emango dute, barne-funtzionamendurako dituzten arauen arabera, hartarako eskumena aitortua edo baimena dutenek edo baimenduak izan direnek, edo, halakorik ez badago, horiek ordezkatzen dituztenek.

  4. Argitaratzeko eskabidea egiten duena da argitaratzeko bidali duen dokumentuaren egiazkotasun eta benetakotasunaren erantzule.

  1. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari bidali behar zaio argitaratzeko eskabidea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko dokumentuekin eta argitalpen-baimenarekin batera.

  2. Argitaratzeko eskabidea www.lehendakariordetza.ejgv.euskadi.net egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, eta komunikazio-sistema ziurra dela bermatuko da. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak aurrez baimendutako erabiltzaileak bakarrik sartu ahal izango dira egoitza elektronikoan. Erabiltzaileak identifikatzeko eta dokumentuak kautotzeko, sinadura elektroniko aitortua erabiliko da. Jaurlaritzaren lehendakariordeak agindua emango du dokumentuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko prozedura eta bermeak ezartzeko.

  3. Dokumentu bat epe edo egun jakin batean argitaratzeko legezko arrazoiren bat edo arrazoi justifikaturen bat baldin badago, argitaratzeko eskabidean jaso beharko da hori.

  4. Dokumentua bidaltzen duen erakundeak eskabidean adieraziko du derrigorrez argitaratu beharrekoa dela xedatzen duen araua zein den.

  5. Argitaratzeko bidaltzen diren dokumentu elektronikoek banatuta eduki behar dituzte euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak, baldin eta bi hizkuntzetan badatoz.

  6. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak baimena eman dezake dokumentuak paperezko euskarrian bidaltzeko, jatorrizkoak egiteko erabili diren fitxategi elektronikoekin batera, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren sistema informatikoari eragiten dioten arrazoi tekniko larriak badaude.

  1. Bidalitako dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bakarrean idatzita badago, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzari atxikitako langileei edo horretarako gaituta daudenei dagokie itzulpena egitea, Itzulpen Zerbitzu Ofizialaren arau eta jarraibide teknikoak betez.

  2. Dokumentuaren hasieran bere edukia edo hartzen duen forma juridikoa aurreratzen duen idazpurua azalduko da. Dokumentuaren amaieran, berriz, xedapen hori non eta noiz eman den, eta nork sinatzen duen -izena eta kargua- jasoko da.

  3. Dokumentuaren hasieran bere edukia edo hartzen duen forma juridikoa aurreratzen duen idazpurua azalduko da. Dokumentuaren amaieran, berriz, non eta noiz eman den, eta sinatzailearen izen osoa eta kargua jasoko dira.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratzeko jasotzen dituen dokumentuak konfidentzialak dira, eta ezingo da haiei buruzko informaziorik eman argitaratu baino lehen, non eta argitaratzeko eskatzen duenak berariaz horretarako baimena ematen ez duen.

  1. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzara iristen diren jatorrizko dokumentuak idatzi eta baimendu diren bezalaxe argitaratuko dira, eta ezingo dira aldatu.

  2. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zehaztuko du dokumentuak zein atal eta azpiataletan argitaratuko diren, dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta dokumentuak zein egunetan argitaratu diren kontuan izanda antolatuko du aldizkari ofizialaren argitalpena.

  3. Hala ere, lehentasuna izango dute honako hauek: legezko epea daukaten dokumentuek, presakoek (baldin eta 12.3 artikuluan ezarritakoaren arabera arrazoitu bada), hutsen zuzenketek eta, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren iritziz, dauzkaten ezaugarriak direla-eta, hala eskatzen dutenek.

  4. Dokumentuak 10 egun balioduneko epean argitaratuko dira, jasotzen diren egunetik aurrera, edo, zuzenketarik edo tasa-ordainketarik egin behar izanez gero, dagokion zuzenketa edo ordainketa egiten denetik aurrera. Nolanahi ere, ez zaie epe hori aplikatuko presako dokumentuei.

Argitaratzeko bidali diren dokumentuek dekretu honetan edo kasu bakoitzean aplikagarri diren xedapenetan eskatutako baldintzak betetzen ez badituzte, dokumentua bidali duenari eskatuko zaio, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean, akatsak zuzentzeko. Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, argitaratzeko eskabidean atzera egin dela adieraziko du Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak, eta eskabidea, besterik gabe, artxibatu egingo da.

Aurreko artikuluan (16) ezarritakoa gorabehera, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariak, ebazpen zehatz eta arrazoitu baten bitartez, ukatu egin dezake 7.1.c) artikuluan aurreikusitako erregelamenduzko arau, ebazpen, erabaki eta iragarkiak argitaratzea, baldin eta dekretu honen bidez ezarri diren baldintzak betetzen ez badituzte.

  1. Dokumenturen bat edukiari eragiten dion edo zalantzak sor ditzakeen huts edo omisioren batekin argitaratzen bada, zuzenketak egin eta berriro argitaratuko da, osorik edo beharrezkoa den zatia bakarrik.

  2. Honela egingo dira hutsen zuzenketak:

    1. Aldizkariaren argitalpena prestatzerakoan egiten diren hutsak, baldin eta dokumentuaren edukia aldatzen badute edo zalantzak sortzen badituzte, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, ofizioz nahiz organo edo entitate interesdunak eskatuta.

    2. Argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada.

    3. Argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak maila bereko xedapen baten bitartez zuzenduko dira, baldin eta nabarmenak ez badira, eta horiek zuzentzearen ondorioz, dokumentuaren edukia edo esanahia benetan edo itxuraz aldatzen bada.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak beharrezko segurtasun-neurriak hartuko ditu aldizkari ofizialaren edizio digital bakoitza osatzen duten fitxategiak eta datu informatikoak zaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibategi Sistemaren arauekin bat; horrela, bermatuta egongo da horiek guztiak artxibatu egingo direla, babestuta egongo direla eta ez direla aldatuko.

  1. Dokumentuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko, tasa bat ordaindu behar da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen 56. artikuluan eta hurrengoetan araututako tasa (irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategina).

  2. Tasa hori ordaintzeko, autolikidazioa eta aldez aurreko ordainketa elektronikoa erabiliko da, eta beraz, dokumentuak argitaratu aurretik justifikatu egin beharko da tasa ordaindu izana, aplikatu beharreko araudiaren arabera salbuetsita daudenen kasuan izan ezik.

  1. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria www.lehendakariordetza.ejgv.euskadi.net egoitza elektronikoaren bitartez zabalduko da, eta beti bermatuko da bere edukiaren benetakotasuna eta osotasuna, bai eta bertara sartzeko aukera ere.

  2. Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako dokumentuak kontsultatzen eta horien kopiak lortzen utziko die horretarako eskabidea egiten duten herritarrei. Horretarako daude, hain justu ere, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoak; kontsulta horiei erantzuteko bitartekoak eta baldintzak ezarriko dira bulego horietan.

  3. Beste administrazio eta instituzio publiko batzuekin hitzarmenak egingo dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian sartu eta kontsulta egin ahal izateko.

  4. Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako dokumentuak gaika zabaltzeko zerbitzua eskainiko die horretarako eskabidea egiten dutenei; hain zuzen ere, egindako hautaketaren irizpideak betetzen dituzten dokumentuak eskainiko dizkie.

    XEDAPENA GEHIGARRIA. Egoitza elektronikoaren aldaketa.

    Jaurlaritzaren lehendakariordeari baimena ematen zaio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren zabaltzeko egoitza elektronikoa aldatzeko.

Lehenengoa. Argitaratzeko eskabideak aurkezteko prozedura.

Honela aurkeztuko dira argitaratzeko eskabideak, harik eta Jaurlaritzaren lehendakariordeak dekretu honen 20. artikuluan aurreikusitako agindua eman arte:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organoek zuzenean bidaliko dituzte testuak aldizkari ofizialera, horretarako ezarri den informatika-protokoloaz baliatuta.

  2. Gainerako organo, instituzio eta erakundeek dekretu honen eranskin gisa argitaratutako eskabide normalizatua bete eta eskuz sinatuko dute, eta pertsona juridikoak baldin badira, zigilua jarriko diote. Eskabideak derrigorrez izan behar du dokumentua identifikatuko duen laburpena edo idazpurua, eta eskabidearekin batera aurkezten den dokumentuak zein euskarri duen jasoko du:

    1. Euskarri elektronikoa. Argitalpen-eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat jasoko da, hain zuzen ere, bidalitako dokumentu elektronikoa jatorrizkoa edo jatorrizkoaren kopia zehatza dela dioena. Halaber, erabilitako prozesadorearen izena eta bertsioa ere jasoko da, baita sartutako fitxategi(ar)ena ere. Dokumentu elektronikoa bi hizkuntza ofizialetan aurkezten bada, fitxategi bana erabiliko da, eta behar bezala identifikatuta egongo da bakoitza. Dokumentuaren euskarriak dokumentuaren eta bere jatorriaren identifikatzailea edukiko du.

      Erabilitako euskarria eta dokumentu elektronikoetan dagoen informazioa tratatzeko beharrezkoak diren aplikazioak bateragarriak izango dira.

    2. Paperezko euskarria. Dokumentuak mekanografiatua izan behar du, irakurgarria, orrialde-hurrenkeraduna eta zirriborrorik gabea.

      Bigarrena. Tasaren ordainketa.

      Dokumentuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko tasa (dekretu honen 20. artikulua) dokumentuak argitaratu ondoren ordainduko da, harik eta sistema informatikoa aldez aurreko ordainketarako egokitu arte.

Indargabetu egiten da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariari buruzko ekainaren 1eko 155/1993 Dekretua, baita dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duten bestelako xedapenak ere, maila berekoak nahiz txikiagokoak izan.

Lehenengoa. Dokumentuak argitaratzeko prozedura.

Jaurlaritzaren lehendakariordeak, dekretu hau onartu eta urtebeteko epean, dekretu honen 12.2 artikuluan xedatutako agindua emango du.

Bigarrena. Arauak garatzea.

Jaurlaritzaren lehendakariordeari baimena ematen zaio dekretu honetan aurreikusitakoa garatzeko eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan eta, bereziki, prozedurak eta bermeak ezar ditzan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar diren jatorrizko testuak www.lehendakariordetza.ejgv.euskadi.net egoitza elektronikoaren bitartez bidali ahal izateko.

Hirugarrena. Indarrean jartzea.

Dekretu hau 2009ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Jaurlaritzaren lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

  1. Eskatzailearen datuak:

    Abizenak Izena NAN/IFZ

    Helbidea (kalea/plaza, zenbakia eta atea)

    PK

    Posta elektronikoa

    Herria Lurraldea

    Faxa

    Telefonoa

    Tel. mugikorra

    Honako honen izenean eta ordez (1)

    IFK

    Kargua (2)

  2. Eskaeraren datuak:

  1. Argitaratzekoa den dokumentuaren laburpena edo idazpurua.

  2. Norma que establezca la obligatoriedad de publicación (4).

  3. Premiaz argitaratzeko legezko arrazoia edo zioa (4).

  4. Dokumentua aurkezteko euskarria

    Euskarri informatiko edo elektronikoan (5) n

    Paperezko euskarrian (6) n

  5. Dokumentuak euskarri informatiko edo elektronikoan aurkezten direnean soilik bete behar da.

    Eskatzaileak adierazten du jatorrizko dokumentua aurkeztu duela edo jatorrizkoaren kopia berdin-berdina

    Euskarri informatiko edo elektronikoan aurkeztutako fitxategien izena, kopurua eta mota, eta erabilitako testu-tratamenduko programa. (7)

    Fitxategi-mota: n Disketea n CDa / DVDa

    Fitxategiaren izena: Euskara: ________________________

    Gaztelania: ______________________

    Fitxategi-kopurua:

    Testu-tratamenduko programa:

    _____________(e)n, ________ko, ________ ____aren, _______a

    Aginte edo pertsona eskatzailea

    Zigilua eta sinadura: ______________________________________________

    JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIA

    (1) Saila, erakunde publikoa, toki-entitatea, pertsona juridiko publiko edo pribatua.

    (2) Sailburua, idazkari nagusia, alkatea, lehendakaria, administratzailea edo partikularra.

    (3) Nahitaez argitara eman behar dela ezartzen duen araua.

    (4) Honako kasu honetan bakarrik beteko da: egun jakin batean argitaratu behar baldin bada, arau batek hala ezartzeagatik edo behar bezala arrazoitutako presazko zioengatik.

    (5) Dokumentua jasotzen duen euskarri elektroniko edo informatikoak eta bere jatorriak identifikatuta egon behar dute.

    (6) Paperezko euskarria aukeratuz gero, dokumentuak mekanografiatuta, irakurtzeko moduan eta orri-zenbakiak jarrita aurkeztuko dira.

    (7) Euskarri informatiko edo elektronikoan aurkeztutako dokumentuei dagozkien fitxategi guztien izena eta hurrenkera adierazi behar dira.

    Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Jaurlaritzaren Lehendakariordetzak jakinarazten dizu eskabide honetan emandako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko direla horiek tratatze aldera. Nahi baduzu, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabil ditzakezu, legean ezartzen denez. Horretarako, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara idazkia bidali beharko duzu, bera baita zure datuak tratatzeko arduraduna. Hauxe du helbidea: Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz.