Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

Dekretu-proiektua, genero-berdintasunaren alde antolamendua aldatzeko prozesuak susta ditzaten lankidetza-erakundeentzako laguntzak arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 235
  • Hurrenkera-zk.: 6807
  • Xedapen-zk.: 197
  • Xedapen-data: 2008/11/25
  • Argitaratze-data: 2008/12/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak giza garapen iraunkorreko eredu baten aldeko apustu irmoa egin du; eredu hori gauzatzeko, ezinbestekoa da genero-berdintasunaren helburua lortzea.

Horretarako, Eusko Jaurlaritzak, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren bitartez, genero-ikuspegiaren edo generoaren mainstreamingaren integrazioa honela definitu du: funtsezko estrategia da bultzatzen duen lankidetza-ikuspuntuan. Generoaren mainstreaminga ikuspegi politikoa da, eta bere helburua emakumeak garapenaren funtsezko korrontean integratzea da. Emakumeen eta gizonen berdintasunerako 4/2005 Legeak proposatutakoari jarraiki, honako hau da genero-ikuspegiaren integrazioa: «emakumeen eta gizonen egoera, baldintza, jomuga eta beharrizan ezberdinak modu sistematikoan kontsideratzea, eta, horretarako, ezberdintasunak ezabatzeko eta berdintasuna sustatzeko xedea duten helburu eta jarduketa zehatzak txertatzea, politika eta ekintza guztietan, maila guztietan eta horien plangintza-, egikaritze- eta ebaluazio-fase guztietan».

Generoaren mainstreaminga funtsezko estrategia izanik, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak hainbat neurri hartu ditu, berak bultzatzen duen lankidetza-ereduan ikuspegi hori sar dadin sustatzeko. Neurri horien artetik, honako hauek nabarmenduko ditugu: genero-berdintasuna lankidetza-ekintza ororen zeharkako lerro gisa definitzea eta ikuspegi hori aintzat hartzen ez duen ekimen oro zuzenean baztertzea; lankidetzari dagokionez, gutxienez, erabilgarri dagoen aurrekontuaren % 10 ondorengo hauek xedetzat dituzten ekintzetara bideratzea: emakumeak, emakume-erakundeak edo/eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerraraztea helburu espezifikotzat dituzten erakundeak; berdintasun-politika edo/eta -plana duten euskal erakundeek aurkezten dituzten lankidetza-ekimenak positiboki balioestea; eta programen deialdira aurkezten diren euskal erakundeek berdintasun-politika edo/eta -plana izateko obligazioa, edo plan hori izan ezean, hura 24 hilabeteko epean egiteko konpromisoa.

Azken bi alderdi horiei dagokienez, eta egindako lanarekin batera azaltzen den gogoetaren ondorioz, gure ustez genero-ikuspegia sartzeak, ezinbestean, erakundeen barnean lan egitea dakar. Hortaz, ondorioztatzen da alderdi teknikoa garrantzitsua bada ere, ez dela funtsezkoa. Eta erakunde-arloari ematen zaio garrantzi handiena; izan ere, generoaren mainstreaminga soilik onartu ahal izango da genero-ikuspegia erakundearen ekintza, estrategia eta egitura orotan barneratzen bada. Uste sendo hori bi prozesuk babesten dute; bi prozesu horiek, halaber, sargai gisa erabili dira dekretu hau definitzeko.

Alde batetik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea aipatu behar da, baita EAEko Emakumeen eta Gizonen arteko berdintasunerako IV. Plana ere. Lege horretako Atariko Tituluaren 2. artikuluak -aplikazio-eremuari buruzkoa- ezartzen du Lege horretako printzipio orokorrak euskal botere publiko guztiei aplika dakizkiekeela, baita botere publiko horietako edozeinekin lankidetza-kontratuak edo -hitzarmenak sinatzen dituzten edo botere publiko horiek ematen dituzten laguntzen edo diru-laguntzen onuradun diren erakunde pribatuei ere. Legeak nahiz IV. Planak honela definitzen dute generoaren ikuspegiaren integrazioa: emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean jarduna arautu behar duten printzipio orokorretako bat da, eta horretarako neurrien artean, berdintasun-diagnostikoak eta -planak egitea proposatzen da. Bestalde, Legearen III. tituluan, partaidetza soziopolitikoari buruzko kapituluan, Legearen 24. artikuluak, elkarteei eta erakundeei dagokienez, ezartzen du euskal administrazio publikoek lege horretan aurreikusten diren helburuak lortzera bideratutako jarduerak gauzatzen dituzten elkarteak sustatuko dituztela.

Bestalde, genero-ikuspegia txertatzeko barruko lanari lehentasuna emateko premia hori Euskadiko GGKEen Koordinakundeak hasitako prozesuan oinarritzen da. Prozesu hori euskal erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketa sustatzeko da, eta prozesu horretatik erreferentzia ugari hartu dira tresna hau egiteko.

Hortaz, orain arte esandakoa kontuan hartuta, Garapen Lankidetzarako alorrak proposatu du dekretu hau egitea eta erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak babestearen alde egitea. Prozesu horiek erakundeetan egingo diren gogoeta-jardun gisa definitzen dira. Jardun horiek ekarriko dute gaur egun dauden egiteko eta pentsatzeko moduak aldatzea, gertatzen diren genero-desberdintasunak desagerrarazteko erakundearen funtzionamendu-eremu orotan (estrategiak, egiturak, lan-sistemak, politikak, erakunde-kultura eta abar):

Berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesu horiek babestearen alde egiteak hainbat ondorio dakartza ditu Dekretu honen xedea ulertzeko garaian. Lehenengo ondorioak, bere izenak adierazten duen bezala, prozesuen ideiara, hau da, epe luzerako aldaketa konplexuen ideiara bidaltzen gaitu.

Bestalde, horri esker ikus dezakegu genero-berdintasunaren aldeko aldaketek erakundearen alderdi formalak edo egitura-alderdiak hartzen dituztela kontuan, eta, horretaz gain, erakunde-kulturan dauden aldaketei lotuta daudela. Erakunde-kultura erakundearen funtzionamenduan onartu eta balioetsi dena mugatzen duten itxaropenak sortzen dituen eta erakundearen barnean femeninotzat eta maskulinotzat hartzen dena definitzen duen iritzi partekatuen multzoa da. Hortaz, erakundeen barnean sustatu eta jaso behar diren aldaketei buruz hitz egiten ari gara; horregatik, nahitaezkoa da erakunde horietako langile guztiak sartuta egotea prozesu horietan.

Azkenik, harreman estuan egon behar dute erakunde-aldaketak eta genero-berdintasunak. Horrela, bada, dekretu honek ezartzen du genero-berdintasunaren aldeko aldaketak hiru Ildo Estrategiko oinarri hartuta landu behar direla: emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak desagerraraztea; emakumeen ahalduntzea eta genero-ikuspegiaren mainstreaminga edo integrazioa. Hortaz, adierazitako hiru Ildo Estrategikoak Dekretuak arautzen duen prozesu osorako erreferentzia-esparru direnez gero, aipatutako prozesuetan gauzatutako berdintasunaren aldeko ekintzak ildo ho­riek lortzera bideratu beharko dira. Beraz, ildoei buruzko jardunek eta ikuspegi estrategikoak soilik bermatuko dute baliatutako printzipioak betetzen dituen prozesu bat: luzerako partaidetza-ikuspegia, erakundeen azterketa integrala, eta erakunde-aldaketarako genero-ikuspegiak duen garrantzia.

Hiru Ildo Estrategikoetan oinarritutako iritzi teoriko hori oinarri hartuta, Dekretu honek genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuaren eredu bat -diagnostikoa, ekintza-plan estrategikoa, jarraipena eta ebaluazioa- arautzen du, baina eredu horren bi fase soilik finantzatzen ditu -diagnostikoa eta ekintza-plan estrategikoa-. Une honetan garrantzizkoa da adieraztea erakunde eskatzailearen konpromisoa prozesu osoan parte hartzea dela, ondoren labur-labur eta zehatzago Dekretuaren artikuluetan definituko dugun bezala.

Generoaren Partaidetza Diagnostikoa Dekretuak zuzenean finantzatzen duen uneetako bat da, eta genero-ikuspegia oinarri hartuta erakundearen ikuspegi osoa eman behar du. Erakunde bateko kide guztien, eta bertan nagusi diren harremanen eta iritzien berrikuste sistematikoaren partaidetza-prozesu gisa definitzen da, eta bere helburua erakunde horretan ikusten diren genero-desberdintasunak gertatzen diren modu partikularrak eta espezifikoak atzematea da. Diagnostiko hori genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa definitzeko abiapuntua eta oinarri-lerroa da. Diagnostiko horren funtsezko elementu gisa adierazi behar dugu azterketa bat dela, erakundeko pertsonek egiten dutena, eta bere helburua erakunde bat osatzen duten elementu guztiak berrikustea dela, genero-ikuspegia kontuan hartuta eta ahalik eta modurik zehatzenean. Garrantzizkoa da nabarmentzea gorago definitutako hiru Ildo Estrategikoek -desberdintasunak desagerraraztea, emakumeen ahalduntzea sustatzea eta mainstreaminga bultzatzea erakunde barruan- diagnostiko-prozesu osoa bideratu behar dutela.

Era horretan, eta aurreko paragrafoan definitutako Generoaren Partaidetza Diagnostikoaren ikuspegiarekiko koherentziaz, diagnostiko horrek erakunde baten ohiko zereginetan dauden aldagai eta alor guztiak biltzen ditu.

  1. Politikoak: besteak beste, erakundearen balioak definitzen dituzten eta erakundearen jardunak biltzen dituzten dokumentu gidariak, jarraibideak eta ildo estrategikoak dira. Diagnostikoak erakundeen estrategiak, deklarazioak, aurrekontuan eta jarraipen- eta ebaluazio-sistemak aztertu behar ditu genero-ikuspegia oinarri hartuta.

  2. Genero-berdintasunaren alde aurretik egin behar den lanaren ibilbidea: eragiten duten alderdiak, egindako ahaleginak eta erakundeak genero-berdintasunaren alde egin duen lanean izandako zailtasunak, aukerak eta mehatxuak aipatzen dira. Genero-berdintasunaren aldeko lanaren aurrekariak eta ekinaldi bultzatzaileak bildu nahi dira, baita emakumeen erakundeekiko eta/edo mugimendu feministarekiko aliantzak, eta horrek guztiak gaur egun hasitako prozesuarekin duen lotura ere.

  3. Erakunde-kultura: Erakunde-kultura erakundearen funtzionamenduan onartu eta balioetsi dena mugatzen duten itxaropenak sortzen dituen eta erakundearen barnean femeninotzat eta maskulinotzat hartzen dena definitzen duen iritzi eta balio partekatuen multzoa da. Diagnostikoak, genero-ikuspegia oinarri izanik, erakundean dauden botere motak, lanaren/enpleguaren nozioa, maskulinotasun hegemonikoaren eredua eta abar aztertu beharko ditu.

  4. Lanaren barne-prozesuak: erakundean egiten den zereginen eta erantzukizunen banaketa, prozedurak eta lana planifikatzeko eta koordinatzeko prozesuak aipatzen dira. Genero-ikuspegia oinarri hartuta, honako hau aztertu nahi da: erakundeko lana antolatzeko modua, plangintzak, koordinatzeko mekanismoak, hainbat arlo koordinatzeko sistemarik ote dagoen eta genero-egiturarik ote dagoen.

  5. Erabakiak hartzea: erakundean nola parte hartzen den eta lehentasunak nola ezartzen diren deskribatzen duten sistemak, prozesuak eta jarraibideak dira. Diagnostikoak, genero-ikuspegia oinarri hartuta, honako alderdi hauek aztertu beharko ditu: organigrama, erabakitzeko guneetan eragiteko kanalik ote dagoen, informazio-sistemak eta abar.

  6. Komunikazioa eta ikaskuntza: informazio formaleko eta informaleko kanalak, komunikatzeko espazioak eta esperientzia lortzeko moduak aipatzen dira, horiek guztiak erakundearen arloetako lanean genero-ikuspegia sustatzeari buruzkoak dira. Diagnostikoak, genero-ikuspegia oinarri hartuta, honako hau aztertu behar du: genero-desberdintasunak sortzeari buruzko jakintzaren kudeaketa, erakunde-ibilbideari buruzko informazioa lortzeko bideak, genero-berdintasunari buruz erakundeak duen iritziari buruzko komunikazio-estrategia eta abar.

  7. Jendea kudeatzea: erakundeko giza lantaldearen kudeaketa integrala egitea da, eta honako hauek biltzen ditu: langileak biltzea, postuetako eginkizunen eta erantzukizunen definizioa, motibazioa, gaitasunak aintzat hartzea eta balioestea eta abar. Genero ikuspegia kontuan hartuta, honako hauek aztertu beharko dira: hautatzeko eta langileak biltzeko prozesuak, berdintasun-irizpideak ordainsari-politiketan, lanbide-prestakuntzako eta -garapeneko prozesuak, sustatzeko sistema formalak edo informalak, uztartzeko neurriak eta abar.

  8. Jarrera: berdintasunaren alde hasitako erakunde-aldaketako prozesuaren eta/edo berdintasunaren alde erakundean aurretik egindako lanaren aurrean erakundea osatzen duten pertsonek izandako portaerak edo jarrera-hartzeak dira. Diagnostikoak honako hau identifikatu behar du: aldaketekiko irekitasuna, borondatearen tinkotasuna eta genero-berdintasunarekiko konpromisoa erakundean, diagnostikoa egiteko prozesuan sortu den erresistentzia mota, baita genero-desberdintasunak desagerrarazteko proposatutako jardunei eman zaizkien esanahiak ere.

    Dekretu honek finantzatzen duen bigarren fasea genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa da. Plan hori honela definitzen da: ikuspegiaren deskribapena eta Partaidetza Diagnostikoan atzemandako genero-desberdintasunak erakundeetan desagerrarazteko, mainstreaminga garatzeko eta emakumeen ahalduntzea sustatzeko bultzatuko diren jarraibideen deskribapena, betiere ezarritako hiru Ildo Estrategikoei jarraiki. Diagnostiko horretan estrategia, helburuak eta horretarako definitutako jarduerak zehaztuko dira, baita behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak, kronograma, hura gauzatzeko ardura duten pertsonak eta proposatutako jarraipen-sistema ere, prozesu- nahiz emaitza-adierazleak -kuantitatiboak eta kualitatiboak- ezarriz.

    Garrantzizkoa da nabarmentzea prozesuaren fase honetan ekintza-planak azaltzen direla, ez, ordea, erakundearen definizioak edo iritzi teorikoak, baizik eta aldatzeko neurri zehatz eta egituratuak direla. Baina, halaber, adierazi behar dugu ikuspegia estrategikoa dela; izan ere, berdintasunaren aldeko aldaketak epe luzerakoak eta konplexuak dira, eta ezin ditu plan bakar batek konpondu; hortaz, epe luzerako estrategia bat eta epe motzeko edo ertaineko helburu jakin batzuk definitu behar dira. Bestalde, diagnostikoan azaldutako erakundearen errealitateari hertsiki lotuta dago. Eta, azkenik, definitutako hiru Ildo Estrategikoetako bakoitzean gutxienez ekintza bat planifikatu behar dela ezarri da.

    Berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egiteko fasean berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuan parte hartzen duten erakundeetako pertsonentzako prestakuntza finantzatzeko aukera erantsi da. Ezarri da prestakuntza horrek Dekretu honetan aipatu den esparru teorikoari lotutako alderdiak landu beharko dituela, alde batera utziz alderdi orokorretako eta zabalegietako prestakuntza; horretaz gain, argudiatu beharko du esparru teoriko horri dagokiola eta horrekiko loturak dituela. Prestakuntza hori diagnostikoan atzemandako genero-arloko gabeziek (prestakuntzaren bitartez egin nahi zaie aurre) nahiz hainbat alderdi teorikotan sakontzeko premiak (erakundeko pertsonek prozesu osoa, eta bereziki ekintza-planak hartuko dituztela bermatzeko) justifikatuko dute.

    Hori esan ondoren, adierazi behar dugu salbuespen bat dagoela, hainbat erakundetan atzeman den eta egon litekeen egoera, hain zuzen ere. Arestian esan dugun bezala, Dekretuak prozesuak babestearen aldeko apustua egin du, baita prozesu horien funtsezko bi une (Diagnostikoa eta Plana) finantzaren aldekoa ere. Baina, era berean, une horietako bigarrena soilik finantzatzeko aukera ematen die berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketaren lan hori aurretik hasita izanik, Dekretu honek ezartzen dituen ezaugarriei erantzuten dieten diagnostikoak dagoeneko eginda dituzten erakundeei. Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak egun dauden diagnostikoak balioetsiko ditu, eta ezarritako betekizunak betetzen badituzte, Ekintza Plan Estrategikoa soilik finantzatuko da. Horrek ez du esan nahi erakundeek ezin dutenik prozesu osoan parte hartzeko modalitateari, Dekretu honek arautzen duenaren arabera, heldu.

    Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 25ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honek garapen-lankidetzarako euskal erakundeetan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuei eman beharreko laguntzak arautzen ditu. Laguntza horiek genero-alorreko Partaidetza Diag­nostikoak eta genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoak finantzatuz emango dira, Garapen Lankidetzarako Funtsaren kontura. Berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketaren prozesuak erakundeetan egingo diren gogoeta-jardun gisa definitzen dira. Jardun horiek ekarriko dute gaur egun dauden egiteko eta pentsatzeko moduak aldatzea, erakundearen funtzionamendu-eremu guztietan (estrategiak, egiturak, lan-sistemak, politikak, erakunde-kultura eta abar) gertatzen diren genero-desberdintasunak desagerrarazteko.

  2. Dekretu honek prozesu horien bi fase finantzatzen ditu: generoaren Partaidetza Diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egitea.

  3. Generoaren Partaidetza Diagnostikoak erakundearen ikuspegi osoa eman behar du generoaren ikuspegia oinarri hartuta. Erakunde bateko kide guztien, eta bertan nagusi diren harremanen eta iritzien berrikuste sistematikoaren partaidetza-prozesu gisa definitzen da, eta bere helburua erakunde horretan ikusten diren genero-desberdintasunak gertatzen diren modu partikularrak eta espezifikoak atzematea da. Diagnostiko hori genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa definitzeko abiapuntua eta oinarri-lerroa da.

  4. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoak ikuspegia deskribatzen du, baita partaidetza-diagnostikoan atzemandako genero-desberdintasunak desagerrarazteko, mainstreaminga garatzeko eta emakumeen ahalduntzea erakundeen barnean sustatzeko ere bultzatuko diren jarraibideak ere. Diagnostiko horretan estrategia, helburuak eta horretarako definitutako jarduerak zehaztuko dira, baita behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak, kronograma, hura gauzatzeko ardura duten pertsonak eta proposatutako jarraipen-sistema ere, prozesu- nahiz emaitza-adierazleak -kuantitatiboak eta kualitatiboak- ezarriz.

  5. Dekretu honek nahitaez bete behar diren alderdi gisa deskribatu ditugun bi uneen prozesu osoan izandako partaidetza eta finantziazioa definitzen ditu, eta salbuespen bat jartzen du berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketaren lana aurretik hasita edukita generoaren alorreko partaidetza-diagnostikoak eginda dituzten erakundeentzat. Kasu horretan, genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik eskatu ahal izango da finantziazioa, betiere 2.7 artikuluan ezarritako betekizunak egiaztatzen badira.

Diru-laguntza jasotzeko, aurkeztutako genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuaren proposamenek honako betekizun hauek bete beharko dituzte, eta betekizun horiek Erakunde Eskatzaileak egiaztatuko ditu dagokion deialdian:

  1. Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuaren dinamizazioa, genero-arloko partaidetza-diagnostikoa eta berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa egitea erraztuz, Erakunde Eskatzailetik kanpo dagoen pertsona fisiko edo juridiko batek egingo du, Erakunde Eskatzaileak proposatuta. Erakunde Eskatzaileak egiaztatu beharko du proposatutako pertsona fisikoak edo juridikoak gainditu duela, genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesurako laguntza-eskaera aurkeztu duenerako, 50 puntuko gutxieneko puntuazioa, deialdiaren agindu bakoitzean ezarritako baremazio-taularen arabera. Honako hauek izango dira balioesteko irizpideak: prestakuntza, hala garapenari eta emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, nola metodologia parte-hartzaileetan; erakundeekin egindako lanari eta berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteari dagokionez aurretik izandako esperientzia; eta prozesu parte-hartzaileak dinamizatzeari dagokionez izandako esperientzia, besteak beste.

    Horretaz gain, diru-laguntza eskatzeko eskabidean jaso beharko da kanpoko pertsona edo erakunde bideratzaile horrek konpromisoa eta borondatea hartuko duela Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak antolatutako prestakuntza-prozesuan. Prestakuntza-prozesu hori deialdia ebatzi ondoren gauzatuko da eta onartu diren proposamenetatik kanpo dauden pertsona edo erakunde bideratzaileentzat soilik izango da.

  2. Diru-laguntza eskatzeko eskabidean, xehetasunez eta zehaztasunez, definitzea erabiliko den metodologia parte-hartzailea -kualitatiboa nahiz kuantitatiboa- (erabiliko diren ikerketa- eta partaidetza-teknikak, horietako bakoitzean parte hartzen duten pertsonen kopurua eta abar).

  3. Diru-laguntzaren eskabidean prozesuaren Erreferente den erakundeko pertsona bat eta erakunde barneko prozesuaren generoari buruzko Barne Talde dinamizatzaile bat definitzea.

    26.400 eurotik gorakoa ez den diru-laguntza eskatzea.

  1. Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuari hasiera ematea dagokion deialdiaren aurrekontu-ekitaldiaren barruan. Hasiera-eguna zehazteko, prozesuari buruzko eskaera-formularioan proposatutako eguna hartuko da aintzat. Egun horrek deialdia argitaratzen den egunaren ondokoa behar du, eta dagokion aurrekontu-ekitaldia amaitu aurrekoa.

    Eskaera onartzen badute, erakunde esleipendunak prozesuaren hasiera-data eguneratzeko aukera izango du Garapen Lankidetzarako Hitzarmena izenpetzen duenean. Egun berri hori eskabidea onartu dela jakinarazten den egunaren ondokoa izango da, eta dagokion aurrekontu-ekitaldia amaitu aurrekoa.

  2. Lortu nahi diren emaitzak arrazoizko epe batean lortzea. Aurrekontua gauzatzeko gehienez 24 hilabete egongo dira, eta gutxienez 6 hilabete. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik eskatzen bada finantziazioa, epe hori ez da 9 hilabetetik gorakoa izango, ezta 6 hilabetetik beherakoa ere.

    Nolanahi ere, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak epe hori luzatu ahal izango du gehienez ere 6 hilabetez, prozesua gauzatzearekin zerikusia duten zirkunstantziak direla-eta.

  3. Generoari buruzko Partaidetza Diagnostikoaren betekizunak:

    1. Genero-ikuspegia oinarri hartuta, eta Dekretu honek definitzen dituen hiru Ildo Estrategikoak kontuan hartuta, erakundearen arlo tematiko hauek guztiak definitu behar ditu: Politikoa, berdintasunaren alde aurretik egindako lanaren ibilbidea, erakunde-kultura, barruko lanen prozesuak, erabakiak hartzea, komunikazioa eta ikaskuntza, pertsonen kudeaketa eta jarrerak.

    2. Finantziazio-eskabidea genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik egiten bada, a) letran ezarritakoa derrigorrezkoa izango da.

  4. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoaren betekizunak:

    1. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoak zuzeneko eta argudiatutako harremana izan behar du generoari buruzko partaidetza diagnostikoan lortutako emaitzekin. Dekretu honetan definitutako hiru Ildo Estrategikoetako bakoitzean berdintasunaren aldeko ekintzak, gutxienez bat, bildu beharko ditu. Ekintza horiek honako hauek dira: desberdintasunak desagerraraztea, emakumeen ahalduntzea sustatzea eta genero-mainstreaminga txertatzea erakundean.

    2. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoak ekintzak gauzatzeko aldi bat eduki behar du aurreikusita; aldi hori ez da 24 hilabetetik beherakoa izango.

    3. Honako nahitaezko egitura hau izan beharko du gutxienez:

      Erreferentziazko esparru teorikoa, diagnostikoa oinarri hartuta lehentasuna eman zaien arazoen laburpena eta arazo horiek konpontzeko hartutako estrategia hiru Ildo Estrategikoen arabera.

      Ildo Estrategikoetako bakoitzean ezarritako helburu espezifikoak.

      Lortu nahi diren emaitzak.

      Emaitza horiek lortzeko aurreikusitako berdintasunaren aldeko ekintzak.

      Ezarritako helburuen eta emaitzen prozesu-adierazleak eta helburuen azken adierazleak.

      Gauzatzeko kronograma.

      Ekintza bakoitza definitzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak.

      Aurreikusitako berdintasunaren aldeko ekintzak gauzatzeko erantzukizuna izango duten pertsona eta arloen definizioa.

      Planaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema.

    4. Prozesuaren fase honetan prestakuntza egitea aukeratzen bada, prestakuntza horrek Dekretu honetako esparru teorikoari hertsiki lotuta egon beharko du. Generoari dagokionez Diagnostikoan atzeman diren gabeziek eta/edo zenbait alderdi teoriko sakontzeko premiak justifikatu beharko dute; hori guztia bermatzeko prozesu osoa, eta bereziki ekintza-planak erakundeko pertsonek beren gain hartzen dutela bermatzeko.

    5. Finantziazio-eskabidea genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik egiten bada, erakunde eskatzaileak aurretik egindako diagnostikoa aurkeztu beharko du. Diagnostiko horrek gutxienez 50 puntu izan beharko ditu, dagokion deialdi-aginduko baremazio-taulan ezarritakoaren arabera.

Honako proposamen hauek ez dira onartuko:

  1. Erakunde eskatzaileak Dekretu honek arautzen duen prozesuaren fase guztietan parte hartzeko konpromisoa hartzen duela argi eta garbi egiaztatzen ez dutenak.

  2. Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesua errazteko erakundetik kanpoko pertsona fisiko edo juridiko bat kontratatu dutela egiaztatzen ez dutenak.

  3. Proposamenean aurkezten den pertsona fisikoak edo juridikoak ez gainditzea Dekretu honetako 2. artikuluko 2.1 idatz-zatian ezarritako baremazioa.

  4. Kanpoko pertsona edo entitate bideratzaile horrek prestakuntza prozesuan, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak antolatua, parte hartzeko konpromisoa eta nahia biltzen ez dutenak.

  5. Genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesu osoan zehar partaidetza-metodologiaren erabilera behar bezala bermatzen ez dutenak.

  6. Lortu nahi diren emaitzak erdiesteko ezarritako epea aurrekontua gauzatu baino 24 hilabetetik gorakoa edo 6 hilabetetik beherakoa izatea. Genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik eskatzen bada finantziazioa, epe hori 9 hilabetetik gorakoa edo 6 hilabetetik beherakoa izatea.

  7. Generoari buruzko Partaidetza Diagnostikoetarako, genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoetarako eta erakunde eskatzailearentzako Dekretu honetako 2.7, 2.8 eta 6. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen ez dituztenak.

  8. Dekretu honetan edo dagokion deialdietan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenak.

  1. Laguntza horiek Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargura emango dira. Urtez urteko ondorengo deialdi-aginduen arabera zehaztuko da Dekretu honen xedea betetzeko bideratuko den zenbateko osoa.

  2. Erakunde-prozesuko proposamen jakin batek eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badu, edo eskatutako betebeharrak betetzen ez baditu, edo eskuragarri dagoen aurrekontu-hornidurarako eskaera nahikorik jaso ez bada, erakunde-prozesuko proposamenei esleitu ezin zaien zenbatekoa beste deialdi batzuetara bideratzeko aukera izango da, aurrekontu-ekitaldi bereko Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargura.

Erakunde eskatzailea pertsona juridiko bat da. Dekretu honetan aipatzen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko eskatzen diren baldintzak betetzen ditu, eta diru-laguntza lortzeko eskaera egin du, behar den moduan eta epearen barruan. Erakunde hori erakunde esleipenduna bihurtzen da Eusko Jaurlaritzak eta erakunde eskatzaileak (Dekretu honetako 18. artikuluan aipatzen da) hitzarmena sinatzen duten egunean.

Diru-laguntza jasotzeko aukera izateko, erakunde eskatzaileak honako betekizun hauek egiaztatu eta bete beharko ditu:

  1. Behar bezala eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio bateko erregistroan erregistratuta egotea, egiaztatzeko finantziazio-eskaera aurkezteko eguna baino bost urte lehenago. Hori egiaztatzeko, dagokion Erregistroan erregistratuta egotearen fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.

  2. Estatutuetan esanbidez adieraztea helburuen artean herrialde pobretuak garatzeko eta/edo hondamendiek eragindako pertsonei laguntzeko ekintzak gauzatzea dagoela. Hori egiaztatzeko, estatutuen fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.

  3. Irabazi-asmorik ezin dute eduki.

  4. Diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu izanaren zigorra jaso ez izana (ez zigor penalik ez administratiborik), dagokion zigorrak ezartzen duen aldian, ezta horretarako ezgaitzen duen lege-debekurik jaso izana ere. Sexu-arrazoiengatik diskriminatzeagatik zigor administratibo edo penala betetzen ez egotea, ezta debeku horrekin zigortuta egotea ere, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legean ezarritakoari jarraiki.

    Hori egiaztatzeko, inolako zigor- edo itzulketa-prozeduren eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko edo erantzukizuneko deklarazioa aurkeztuko du idatz-zati honetan ezarritako baldintzen arabera.

  5. Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneratuta egotea. Hori frogatzeko identifikazio fiskaleko zenbakiaren txartelaren (IFZ) fotokopia eta horri lotutako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

  6. Erakundean kontratupeko gutxienez hiru pertsona izatea.

  7. Antolaketa Egiturari buruzko dokumentu bat aurkeztea. Agiri horrek honako alderdi hauei buruzko informazioa emango du:

    1. Organigrama: antolaketa-egituraren irudikapen grafikoa eta lanpostuen profila, bereizitako lanpostu bakoitzaren zeregin eta erantzukizunak labur deskribatuz.

    2. Gobernatzeko modua: erabakiak hartzeko moduari buruzko azalpen laburra, erabaki estrategikoak eta erabaki operatiboak bereiziz eta batzuetan eta besteetan parte hartzen duten lanpostu-profilak zehaztuz. Erabakiak hartzerakoan parte hartzen duten pertsonen kopurua adieraziko da, baita sexuaren araberako banaketa ere. Erakundearen barneko komunikazio-sistema azalduko da.

    3. Lan-prozesuak: dauden alor eta departamentuak azalduko ditu, bakoitzak bere gain hartzen dituen zereginen berri emanez. Zeregin bakoitzaren eskema moduko deskribapena ezarriko da: hasiera, garapena eta amaiera. Zeregin edo lan-prozesu guztien arteko lotura adieraziko da.

    4. Etengabe hobetzeko ekintzak: erakundearen jarduerak eta lan-prozesuak ebaluatzeko hartutako neurriak adieraziko ditu, baita ebaluazio horietan planteatutako hobekuntzak behar bezala ezartzeko neurriak ere.

    5. Pertsonen kudeaketa: honako hauei buruzko azalpena emango da: lan-politika, kontratazio mota, barne-prestakuntzako prozesuak, eta aukera-berdintasunerako eta lan-arloa uztartzeko hartutako neurriak, betiere indarreko legeria eta boluntariotzari buruzko legea betetzen direla bermatuz.

  8. Erakunde eskatzaileak, erakunde barruan nahiz kanpoan, aldez aurretik emakumeen alde eta/edo genero-berdintasunaren alde egindako lanari buruzko azalpen-memoria aurkeztea.

  9. Erakunde eskatzailearen Zuzendaritzak eta/edo Patronatuak Dekretu honetan deskribatzen den erakunde-aldaketako prozesuan parte hartzeko hartu duen konpromisoa egiaztatzea, honako dokumentu hauek aurkeztuz:

  10. Zinpeko edo erantzukizuneko aitorpena, erakunde eskatzaileak berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuaren fase guztietan parte hartzeko konpromisoa hartzen duela adieraziz, betiere parte hartzeko ezarritako metodologiari jarraiki. Bereziki aipatuko da badakiela eta onartzen duela finantzatutako prozesua kanpoko ebaluazio-prozesu baten menpe (Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak sustatua, eta Agentzia horrek ezarritako epean) egon daitekeela.

    1. Erakundeko pertsona bat erakunde-aldaketako prozesuko erreferente izendatuko da.

    2. Generoari buruzko Barne Talde bat osatzea. Talde hori erakundeko pertsonek osatuko dute eta berdintasunaren aldeko aldaketa-prozesuko dinamizatzailea izango da.

    3. Memoria bat, bertan erreferentearen, Generoari buruzko Barne Taldearen eta prozesuan parte hartzen duen erakundeko langileen eginkizunen liberazio-sistema bat ezarriko da, espezifikoa eta zehatza. Ahaleginak egingo dira prozesua gauzatzeko baliatuko diren giza baliabideak eta baliabide materialak ahalik eta modurik zehatzenean definitzeko.

    4. Pertsona fisikoaren edo juridikoaren proposamen bat aurkeztea, prozesutik kanpoko pertsona edo erakunde bideratzailea kontratatzeko, egiaztatuz pertsona horrek 2.1 artikuluan ezarritako gutxieneko baremazioa gainditzen duela genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesurako laguntza lortzeko eskabidea aurkezterakoan.

    5. Zinpeko edo erantzukizuneko aitorpena, erakunde eskatzaileak berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketaren prozesuan parte hartuko duela jendaurrean jakinarazteko konpromisoa hartzen duela adieraziz, eta hori erakundeko komunikazio-sisteman (memorietan, web orrian, bazkideen eta tokiko bazkideen arteko zirkularrean eta abar) argitaratuko da.

    6. Prozesuak irauten duen bitartean sortzen den dokumentazioan ez ezik egiten diren memoria eta txostenetan ere hizkuntza ez-sexistaren erabilera egiaztatzea.

  1. Aurrekontuak hiru partida ditu: Diagnostikoa errazteko zerbitzuak, Plana errazteko zerbitzuak, biak zuzeneko kostu gisa; eta erakunde eskatzailearen zeharkako kostuak.

  2. Dekretu honen xedearen planteamenduari erantzuteko, aurrekontuak kontuan hartu beharko ditu definitutako hiru partidetako gastuak, salbu eta Ekintza Plan Estrategikoa egiteko soilik eskatzen bada laguntza. Kasu horretan, soilik azken bi partidetako gastuak hartuko dira kontuan.

  1. Diagnostikoa errazteko zerbitzuak.

    1. Laguntza emateko, honako hau hartuko da partida honetan aukera daitekeen gastutzat: erakundetik kanpoko pertsona fisiko edo juridikoei diagnostikoa errazteko zerbitzua kontratatzea. Gastu horiek dagokion txostenean justifikatzeko, soilik faktura bat aurkeztuko da. Faktura horretan zerbitzu hori eskaintzeko osagai guztiak bilduko dira. Halaber, PFEZaren atxikipenak aurkeztu beharko dira.

    2. Partida horren zenbatekoa ez da 12.000 eurotik gorakoa izango.

    3. Diru-laguntzaren eskabidearekin batera pro forma faktura aurkeztuko da partida horri egotzitako gastuak justifikatuz.

  2. Plana errazteko zerbitzuak.

    1. Laguntza emateko, honako hau hartuko da partida honetan aukera daitekeen gastutzat: erakundetik kanpoko pertsona fisiko edo juridikoei plana errazteko zerbitzua kontratatzea. Gastu horiek dagokion txostenean justifikatzeko, soilik faktura bat aurkeztuko da. Faktura horretan zerbitzu hori eskaintzeko osagai guztiak bilduko dira. Halaber, PFEZaren atxikipenak aurkeztu beharko dira.

    2. Partida horren zenbatekoa ez da 12.000 eurotik gorakoa izango.

    3. Diru-laguntzaren eskabidearekin batera proformako faktura aurkeztuko da partida horri egotzitako gastuak justifikatuz.

  3. Zeharkako kostuak.

    1. Laguntza emateko, honako hauek hartuko dira partida honetan aukera daitezkeen gastutzat: erakunde esleipendunak egiten dituen gastuak, genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuen kudeaketarekin eta jarraipenarekin zerikusia dutenak.

    2. Egotzi daitezkeen administrazio-gastuen ehunekoa Eusko Jaurlaritzak eskatutako diru-laguntzaren zuzeneko kostuen zenbateko guztiaren % 10 izango da gehienez.

    3. Partida horren justifikazioa berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesua egiteagatik izan dela ulertuko da.

1. ATALA

DEIALDIA ETA ESKABIDEA

Laguntzak emateko prozedura lehiaketa publikoa izango da. Organo kudeatzailea Garapen Lankidetzarako Euskal Agentzia izango da eta eskabideak Agentzia horretara bidali beharko dira.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak laguntza-deialdia egingo du, deialdiarekin zerikusia duten honako hauen berri emanez: laguntzen zenbatekoa, eskaerak aurkezteko modua, tokia eta epea, baremazio-irizpideak, formularioa eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren eta Erakunde Eskatzailearen arteko hitzarmen-eredua.

  1. Eskabideak aurkezteko, Dekretu honetan bildutako baldintza guztiak esanbidez onartu beharko dira. Deialdi bakoitzean erantsiko den eskabide-formularioak azaldu den berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesu-proposamenari buruzko informazio guzti-guztia bilduko du.

  2. Finantzazio-eskabidea soilik genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako bada, erakunde eskatzaileak ezarritako eskubide-formularioarekin batera generoari buruzko partaidetza diagnostikoa aurkeztu beharko du Garapenerako Lankidetza Euskal Agentziak balioesteko Dekretu honetan ezarritakoarekiko koherentea den ala ez.

    2. ATALA

    ESKABIDEAK BALIOESTEA

Eskaerak aztertzen hasteko, Dekretu honetan edo dagokion deialdian eskatutako dokumentazio guztia behar bezala aurkeztu ote den ikusiko da.

  1. Erakunde eskatzaileak dekretu honetan edo dagokion deialdian eskatutako dokumentuetako bat aurkezterakoan huts egiten badu edo dokumenturen bat aurkezten ez badu, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak Erakunde Eskatzaile horri eskaera egingo dio hamar eguneko epean hutsegitea konpon dezan edo falta diren nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan. Ohartaraziko dio, halaber, horrela egiten ez badu eskaera atzera botako dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. Aurreko idatz-zatian aipatutako epean, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak aurkeztutako proposamenari buruzko informazioa edo argibideak eskatzeko aukera izango du, eta Erakunde Eskatzaileak aipatutako epean erantzun beharko du (bestela, aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioak izango ditu prozedurak).

Ezarritako betebehar guztiak biltzen dituzten eskaerak 0tik 100erainoko eskala baten arabera balioetsiko dira, dagokion deialdian ezarriko den baremazio-taula oinarritzat hartuta. Ezin izango da onartu gutxienez 50 puntu lortzen ez duen proposamenik. Puntuazio hori gainditzen duten proposamenak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera. Eskabideak goitik beherako ordenan onartuko dira eta Erakunde Eskatzaile bakoitzak eskatutako zenbateko guztiak finantzatuko dira deialdiari buruzko Aginduan ezarritako aurrekontu-zuzkiduraren mugaraino. Aurrekontu-zuzkidura izango lukeen azken eskabidean eskatutako zenbatekoa ekarpen horren arabera dagoen soberakina baino txikiagoa bada, eskabidearen zati bat onartu ahal izango da.

3. ATALA

INSTRUKZIOA

  1. Jasotako eskabideak aztertu ondoren, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentzian eskumena duen organoak laguntzak emateko proposamen bat egingo du.

  2. Proposamen horren berri emango zaio Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren zuzendariari, eta horrek eskatutako laguntzak onartzea edo ukatzea ebatziko du.

    4. ATALA

    EBAZPENA

Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean hasi eta hurrengo lau hilabeteetan esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskaerak ezetsitzat hartuko dira.

  1. Ebazpena EHAAn argitaratuz jakinaraziko da.

  2. Ebazpena erakunde eskatzaileari jakinarazteko aukera izango da, baina EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpenean bertan adieraziko da emandako ebazpenaren aurka errekurtsoa jar daitekeela. Hori ez ezik, errekurtsoa jartzeko epea eta errekurtso hori zer organori aurkeztu behar zaion ere adieraziko da ebazpen horretan.

5. ATALA

ERAKUNDE ESLEIPENDUNAK SINATU BEHARREKO HITZARMENA

  1. Diru-laguntza onartu ondoren Lankidetzarako Euskal Agentziaren eta Erakunde Esleipendunaren arteko hitzarmen bat sinatuko da. Hitzarmen horrek gutxienez honako hauek hartuko ditu kontuan:

    1. Onartutako aurrekontua.

    2. Proposamenari atxikitako banku-kontua.

    3. Berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketako prozesuaren behin betiko hasiera-data.

  2. Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak hitzarmen-eredu bat bidaliko dio Erakunde Esleipendunari. Erakunde horrek, behar bezala bete ondoren, jasotzen duenetik 10 egun balioduneko epearen barruan bi ale itzuliko ditu. Izapide hori egin ezean, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak uler dezake diru-laguntzari uko egin zaiola.

    6. ATALA

    ORDAINKETAK

  1. Emandako diru-laguntza genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuaren diruz lagun daitezkeen bi faseetarako, hau da, Diagnostikorako eta Planerako bada, diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

    1. Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 60raino, hitzarmena sinatzen denean.

    2. Bigarren eta azken ordainketa, diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren % 40raino, emandako diru-laguntzaren % 40 gauzatu dela adierazten duen txostenaren eta dokumentuen bitartez justifikatu ondoren.

  2. Emandako diru-laguntza erakunde-aldaketako prozesuaren faseetako baterako bada, hau da, genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako soilik, diru-laguntza ordainketa bakar batean ordainduko da, hots, onartutako diru-laguntza osoa ordainduko da hitzarmena sinatzen den egunean.

    24. artikulura jo behar da gorago definitutako ordainketak egiteko bete behar diren jarraipen-betekizunak zein diren jakiteko.

  1. Dekretu honen eta dagokion deialdiaren babesean emandako laguntzek, xede bererako beste diru-sarrera edo baliabideekin batera, ezin izango dute prozesu-proposamenaren kostua gainditu.

  2. Aurreko kasuan, lortutako diru-sarrera itzuli egingo da, itzultzeko dagokion prozeduraren jarraibideari jarraituz.

  1. Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak ematen badituzte, eta, hala badagokio, beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Dekretu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira.

  2. Erakunde Esleipendunak Dekretu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak faltsuak badira, jasotako diru-kopurua ematea eragin duenaz bestelako xede baterako erabiltzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan bildutako gainerako ez-betetzeetako bat gertatzen bada, Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak laguntza atzera botatzeko eskaera egingo dio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, horretarako irekitako espedientea izapidetu eta erakunde interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren. Horren ondorioz, erakunde interesdunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako diru-kopuruak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean, gehi dagozkion lege-interesak, egokitzat jotzen diren gainerako ekintzak bazter utzi gabe, eta hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa betez.

Erakunde esleipendunak baimen-eskabidea igorri beharko du Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziara, kanpoko pertsona fisiko edo juridiko bideratzailea, Generoari buruzko Barne Taldearen osaera, erakundeak erreferente izendatutako pertsonaren, erabiliko den metodologia, eta/edo prozesuaren luzapenak (prozesua gauzatzeko aurreikusitako epean izandako atzerapenak) aldatzea ekarri duen aldaketa oro egin aurretik. Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea. Aldatzeko eskabidea onartzen ez bada, erakunde esleipendunak prozesuarekin jarraitu beharko du hasieran ezarritako baldintzen arabera.

  1. Prozesu bakoitzean Jarraipen Batzorde Misto bat ezarriko da prozesuaren garapena aztertzeko. Batzorde hori Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako bi ordezkarik (bi ordezkari horietako bat Batzordearen presidentea izango da eta bestea idazkaria), generoaren erreferente den pertsonak eta kanpoko pertsona bideratzaileak osatuko dute. Batzorde hori gutxienez bi aldiz bilduko da prozesuak irauten duen bitartean. Ezohiko bilerei dagokienez, batzordekideak egoki deritzotenean bildu ahal izango dira.

  2. Finantziazioa prozesuaren diruz lagun daitezkeen bi faseetarako, hots, Partaidetza Diagnostikorako eta genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikorako bada, honako jarraipen-sistema hau ezarriko da:

    1. Diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko baldintza gisa, erakunde esleipendunak tarteko txosten narratibo-finantzario bat aurkeztu beharko du, baita landutako partaidetza-diagnostikoaren laburpen betearazlea ere. Alderdi narratiboa txosten deskriptiboa da; bertan prozesuaren egoera adieraziko da, eta alde finantzarioan egindako gastuen ordainagiriak aurkeztuko dira. Gastu horiek ezarritako ehunekora iristen direnean, dagokion ordainketa egingo da. Une horretan egingo da lehen bilera Jarraipen Batzorde Mistoarekin, prozesuaren egoera elkarrekin balioesteko eta Planaren lanketaren hurrengo fasea aurkezteko. Bilera hori nahitaezko betekizuna izango da bigarren ordainketa izapidetzeko.

    2. Erakunde esleipendunak, halaber, azken txosten narratibo-finantzarioa aurkeztu beharko du. Txosten horretan jasotako diru-laguntza guztiaren % 100 justifikatuko da. Txosten hori entregatzeko epea 6 hilabetekoa izango da, prozesua amaitzen den egunetik zenbatzen hasita. Une horretan Jarraipen Batzorde Mistoaren bigarren bilera egingo da; bertan genero-berdintasunaren aldeko Ekintza Plan Estrategikoa aurkeztuko da. Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak, halaber, bilera bat egingo du, dagokion deialdi bakoitzean finantzatutako prozesu guztiak amaitzen direnean, parte hartu duten erakundeek egindako Planak aurkez ditzaten jendearen aurrean eta elkarrekin.

  3. Finantziazioa genero-berdintasunaren aldeko Plan Ekintza Estrategikoa egiteko soilik bada, 23.2.b) artikuluan proposatutakoari jarraituko zaio.

  1. Berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesu bat egitea eta hura kudeatzea gauzatzen ari den bitartean aztertu ahal izango dute Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileek edo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak izendatzen dituen beste pertsona batzuek. Azken kasu horretan, langileek Sailean edo EAEko Administrazioko beste organo batzuetan jarduten badute, arlo horretako eskuduntzen esparruan jardun behar dute; Administrazio horretatik kanpoko langileak badira, berriz, legez ezarritako bitartekoek legez esleitu behar diote kontrol-eginkizun hori.

  2. Erakunde eskatzaileak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari dagokion deialdiaren kargura jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematera behartuta daude, beren eginkizunak gauzatzerakoan eskatzen badiete.

  3. Prozesua nola ari den garatzen egiaztatu nahi izanez gero, erakunde esleipendunak bermeak eta erraztasunak emango ditu ekintza egiten ari den tokira eta higiezinetara sartzeko, baita ekintzari dagozkion liburuak, kontuak eta egiaztagiriak ikusteko ere.

  1. Erakunde esleipendunek onartzen dute dekretu honen bidez finantzatutako prozesuak amaitu ondoren horien gaineko ebaluazioa egitea. Ebaluazio hori Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak koordinatuko du, baina helburu horretarako kontratatutako kanpoko lantalde edo pertsona batek egingo du.

  2. Ebaluazio horren xedea honako hau da: parte hartu duten erakundeen esperientziak zein izan diren eta dekretuak ezarritakoa prozesuetan nola gauzatu den jakitea, baita ondorengo urteetan egokitzeko premia ote dagoen balioestea ere.

Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziaren jarduerak martxan jartzen ez diren bitartean, eta ekainaren 19ko 5/2008 Legearen lehen xedapen gehigarrian horretarako ezarritako epeari jarraiki, dekretu honetan adierazitako kudeaketa-lanak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak egingo dituela ulertuko da.

Lehenengoa. Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluko aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

Bigarrena. Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko azaroaren 25ean.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.