Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

54/2008 DEKRETUA, martxoaren 18koa, Euskadiko Museoen Aholku Batzordeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 64
  • Hurrenkera-zk.: 1932
  • Xedapen-zk.: 54
  • Xedapen-data: 2008/03/18
  • Argitaratze-data: 2008/04/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legeak, VII. kapituluan, Museoen Aholku Batzordea sortu zuen, Legean bertan finkatutako eskumen eta aginpideak gauzatzearekin zerikusia duten gaietan Eusko Jaurlaritzaren organo aholkularia izan dadin; gainera, haren funtzioak finkatzen ditu, eta Batzordearen osaera erregelamendu bidez arautuko dela dio, osaeran Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean inplikatutako sektore eta erakunde guztiek parte hartzen dutela bermatuta.

Horiek horrela, beharrezkoa da Museoen Aholku Batzordea nortzuk osatuko duten zehaztea eta Batzordearen oinarrizko jardunerako arauak finkatzea, Batzordea osatu eta Legeak esleitzen dizkion funtzioak normaltasunez garatzeko.

Horregatik guztiagatik eta Euskadiko Museoei buruzko Legearen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, bidezkoa da organo hori osatzea eta haren funtzionamendu-araubidea finkatzea.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Aholku Batzorde Juridikoaren iritzia entzun ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko martxoaren 18ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da arautzea Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen osaera, antolaketa eta funtzionamendu araubidea.

  1. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordea Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailari atxikitako aholkularitza-organo bat da, nahiz eta bertako egitura hierarkikoan txertatuta ez egon, Legean bertan finkatutako eskumen eta aginpideak gauzatzearekin zerikusia duten gaietan Eusko Jaurlaritzaren organo aholkularia izatea helburu duena.

  2. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen egoitza aurreko puntuan aipaturiko sailaren bulegoetan egongo da, Gasteizen. Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoko beste edozein tokitan ere egin ditzake bilkurak, bertako presidentearen proposamenez.

Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen funtzioak Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legean aurreikusitakoak izango dira.

  1. – Honako hauek osatuko dute Euskadiko Museoen Aholku Batzordea:

    1. Presidentea: museoen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuordea.

    2. Presidenteordea: museoen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaria; presidentea kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, hark eskuordetzan emandako funtzioak beteko ditu.

    3. Bokalak:

      1. Museoen kudeaketan dedikazio profesional berariazkoa izango duen ordezkari bana Foru Aldundien aldetik, aldundian aldundiko funtzionamendu-arauei jarraituz izendatuak.

      2. Museoen kudeaketan dedikazio profesional berariazkoa izango duen ordezkari bat Euskadiko Udalen Elkartearen aldetik (EUDEL), EUDELek berak izendatua.

      3. Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailaren titularrak izendatutako bi pertsona, gehienez, titularitatean edo kudeaketan Euskal Autonomia Erkidegoa partaide deneko museoek egindako proposamenen artetik aukeratuak.

      4. Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailaren titularrak izendatutako bi pertsona, gehienez, Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean sartuta dauden titularitate publiko edo pribatuko gainerako museo eta bildumek egindako proposamenen artetik aukeratuak.

      5. Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailaren titularrak izendatutako bi pertsona, gehienez, museologiaren esparru espezializatua ongi ezagutzen dutenak.

    4. Idazkaria: Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen zuzendaritzari atxikitako langileen artean presidenteak izendatutako pertsona bat. Hitzarekin baina botorik gabe jardungo du.

  2. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordeko presidenteak Batzordean aztertzen diren gaietan adituak diren pertsonak bileretan parte hartzea eska dezake. Pertsona horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

  1. – Eusko Jaurlaritzan kultura alorreko eskumenak dituen sailaren titularrak emandako agindu bidez izendatuko dira Euskadiko Museoen Batzordeko kideak, karguagatik izendatzen direnak izan ezik.

  2. – Batzordekideen agintaldia lau urtekoa izango da, karguagatik izendatzen direnena izan ezik, eta behin eta berriz berritu ahal izango da beste lau urtetarako. Agintaldia amaitutakoan ere jarraituko dute beren funtzioak betetzen, harik eta haien ondorengo kide berrien izendapenak indarrean jartzen diren arte.

  3. – Karguagatik izendatzen diren Euskadiko Museoen Aholkuko kideek automatikoki utziko dute Batzordea, kide izendatuak izateko kontuan izandako ezaugarri hori galtzen dutenean.

  4. – Edozein gorabehera dela-eta hutsik gelditzen diren karguak hilabetean beteko dira, horren berri batzordeko idazkariari ematen zaionetik kontatzen hasita. Kargu berriaren agintealdiak aurrekoari amaitzeko gertatzen zaion epea iraungo du.

  1. – Presidenteak honako funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

    1. Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen ordezkari izatea.

    2. Bileretarako deiak egitea Idazkaritzaren bitartez.

    3. Bileren gai-zerrenda finkatzea.

    4. Bilerei begira landu behar diren azterlanak zehaztea eta azterlan horiek zein batzordekidek egin behar dituzten erabakitzea.

    5. Bilerei hasiera eta amaiera ematea.

    6. Eztabaidak bideratzea: kideei hitza ematea, mintzaldiak moderatzea eta, hala badagokio, horien iraupena mugatzea, denon parte-hartzea ahalbidetzeko eta bileren bilakaera egokia bermatzeko.

    7. Bere botoarekin sortzen diren berdinketak ebaztea.

    8. Bere sinaduraren bidez, Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen aktak balioestea.

    9. Presidente karguari dagozkion gainerako funtzioak.

  2. – Funtzio horiek Batzordearen presidenteordeari eman ahal zaizkio eskuordetzan.

  1. – Idazkariak honako funtzio hauek izango ditu, besteak beste:

    1. Bileretan parte hartzea, hitzarekin baina botorik gabe.

    2. Bileren gai-zerrenda prestatzea eta bideratzea, bai eta bertan aztertuko diren gaien inguruko dokumentazioa ere.

    3. Batzordearen bileretarako deialdia egitea, presidentearen aginduz.

    4. Batzordekideen komunikazio-egintzak jasotzea, hau da: jakin beharreko jakinarazpen, datu-eskaera, zuzenketa edo bestelako idazki oro.

    5. Bileren aktak idaztea eta balioestea.

    6. Presidentearen aginduz eta haren oniritziaz, onarturiko akta, irizpen eta erabakien ziurtagiriak ematea.

    7. Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen kontsulta, espediente eta gainerako dokumentuen sarrera-irteera erregistroa eramatea.

    8. Kide anitzeko organoetako idazkariei dagozkien gainerako funtzioak.

  2. – Idazkari-kargua hutsik badago, betetzen duena kanpoan edo gaixorik badago edo legezko beste edozein arrazoi suertatzen bada, Eusko Jaurlaritzan museoen alorreko eskumenak dituen zuzendaritzari atxikitako langileen artean presidenteak izendatutako pertsona batek jardun dezake bere ordez.

Euskadiko Museoen Aholku Batzordeko kide guztiei dagokie:

  1. Bileretara joatea eta bertan parte hartzea.

  2. Araudi honetan ezarritako epean, aldez aurretik izatea bileren deialdiaren berri eta bileretako gai-zerrendaren berri, bai eta bere esku izatea gai horien gaineko dokumentuak eta informazioa ere, eta aurreko bileraren akta.

  3. Botoa ematea, horren esanahia adieraztea eta, gehiengoarekin bat etorri zein ez etorri, boto partikularra ematea.

  4. Galde-eskeak egitea.

  5. Araudia errespetatuz jokatzea, bai eta bidezko isiltasunez eta zuhurtasunez ere, aztertu beharreko gaiek hala eskatzen dutenean.

  6. Ordainsari bat jasotzea Batzordearen bileretara joatearen truke. Ordainsari hori bateragarria izango da bileretan parte hartzeak eska ditzakeen joan-etorrietarako gastuak ordaintzeko kalte-ordainekin. Bai parte hartzeagatiko ordainsariak bai joan-etorrietarako kalte-ordainak otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zerbitzu-arrazoiengatik oro har aurreikusten diren baldintza, kopuru eta mugen arabera ordainduko dira.

    Kidearen parte hartzea Batzordean Administrazio Publikoan betetzen duen kargu edo postuagatik gertatzen bada, ez da ordainsaririk emango.

  7. Kide anitzeko organo bateko kide izateak dakartzan gainerako eskubide eta betebehar guztiak.

  1. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordea bilera ohikoetan edo berezietan bilduko da, lehenengo deialdian edo bigarrenean.

  2. – Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez, ohiko bileran, eta, bilera berezietan, presidenteak bere kabuz edo kideen gehiengoak hala eskaturik, bilerarako deia egiten duenean edo bere funtzioek hala eskatzen dutenean.

  1. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordearen deialdiak presidentearen aginduz egingo dira, zazpi egun naturaleko aurrerapenarekin gutxienez. Deialdietan hauek adieraziko dira: bilera zein egun, toki eta ordutan egingo den eta gai-zerrenda.

  2. – Presidentearen iritziz presakoak diren bileretan ez da nahitaezkoa izango deialdia aurrerapen horrekin egitea.

  3. – Benetako balioa izan dezaten, bileren delako presatasun hori lehen-lehenengo aztergaia izango da, eta batzordekide gehienek berretsi beharko dute.

  1. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordeko edozein kidek gai-zerrendan punturen bat sartzeko eska diezaioke presidenteari, betiere behar besteko aurrerapenarekin egiten badu, 48 orduko aurrerapenarekin alegia, eta proposamenarekin batera azalpen-txosten bat aurkezten bada.

  2. – Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, batzordekide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

  1. – Batzordea baliozko eran eratuko bada, kideen gehiengo osoa agertu beharko da bilkurara lehenengo deialdian.

  2. – Quorum nahikorik ez badago, Batzordea bigarren deialdian eratu ahal izango da, oraingoan boto-eskubidea duten kideen herena gutxienez bertan egonez gero.

  3. – Edonola ere, presidenteak eta idazkariak, edo haien ordezkoek, nahitaez egon beharko dute bilerak baliozkoak izateko.

  1. – Erabakiak, txostenak, gomendioak eta gainerako testuak bertaratutako kideen gehiengo soilez onetsiko dira. Berdinketak presidentearen kalitatezko botoaren bitartez ebatziko dira.

  2. – Botoa zuzenekoa, pertsonala eta eskuordeezina izango da. Botoa sekretua izango da edozein kidek presidenteari hala izatea eskatzen dionean.

  3. – Batzordearen erabakiak aktan jasoko dira, zeina formulatuko baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako prozeduraren arabera.

  4. – Batzordearen erabakiak eta txostenak ez dira inola ere lotesleak izango.

Dekretu honen 4. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, deialdi zuzena jasoko ez duten lehenengo batzordekideak izendatzeko, honela jokatuko da:

Dekretu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean, kultura alorreko eskumenak dituen sailaren titularrak Euskadiko Museoen Sistema Nazionalean sartuta dauden erakunde eta museoetara joko du, Euskadiko Museoen Aholku Batzordeko kideak izango diren pertsonen izendapena proposa eta onar dezatela eskatuz.

Otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren 2.3 artikulua, Sailaren kide anitzeko organoak ezartzen dituena, aldatu egiten da, eta 3.m idatz-zatia gehituko zaio, hauxe alegia:

"2.3. artikulua.

  1. – Euskadiko Museoen Aholku Batzordea, Euskadiko Museoei buruzko abenduaren 1eko 7/2006 Legean sortua."

Dekretu honek berariaz arautzen ez dituen gaietan, Batzordearen funtzionamenduari begira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen I. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoei buruz xedatutakoa aplikatuko da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko martxoaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.