Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

52/2008 DEKRETUA, martxoaren 18koa, Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 75
  • Hurrenkera-zk.: 2374
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2008/03/18
  • Argitaratze-data: 2008/04/21

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2005eko martxoaren 15ean egindako bilkuran, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetarako Estrategia onartu zuen, honako helburu hau betetzeko: Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako jarduketa-ildo nagusiak eta helburuak definitzea, eta horretarako beharrezko diren egiturak eta baliabideak egokitzea, beti ere, Europar Batasunean nahiz nazioarteko bestelako alorretan Euskadik duen eragin politikoa areagotzeko. Euskadiren kanpo harremanek behar-beharrezkoa dute bai Jaurlaritzaren jarduerak bai erakunde ezberdinak koordinatzea, oraingo zein etorkizuneko sinergiak aprobetxatzeko eta Eusko Jaurlaritzak zehaztutako politiken eta euskal ekonomia eta gizartearen gainontzeko erakunde eta eragileek burututako ekintzen erantzukizun bateratua areagotze aldera. Azken buruan, kanpo harremanen eraginkortasuna eta kalitatea areagotu nahi dira.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanetarako Estrategiak kudeaketa eta jarraipena egiteko hainbat neurri aurreikusten ditu. Besteak beste, Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea abian jartzeko asmoa zehazten da -sailarteko batzorde hori Jaurlaritzaren ekintza koordinatzeko oinarrizko organoa izan dadin- baita Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea abiatzekoa ere, Eusko Jaurlaritzaren eta kanpo harremanak dituzten ekonomia zein gizarte eragile eta erakundeen artean komunikazio bidea izan dadin. Hartara, kanpo harremanetarako proiektuak, ezagutzak, beharrizanak eta interesak bateratu ahal izango dituzte.

Ildo horretan, Jaurlaritzako Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen urriaren 3ko 187/2006 Dekretuan Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari esleitutako zereginak egokitu ziren -besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremana programatzea, sustatzea eta koordinatzea esleitu zitzaion- eta ezarri zen Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta bere organoen egitekoek lurralde historikoen eta udalen zereginei eragiten badiete arau-teknikaren ikuspegitik lankidetzarako behar diren bideak ezarriko direla egitekook egoki burutzeko.

Aurreko guztiaren ildoan, abuztuaren 31ko 127/2007 Dekretuaren bitartez Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea arautu zen; beraz, bidezkoa da orain Erakunde Arteko Batzordea arautzeari ekitea.

Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak hala proposatu eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko martxoaren 18an egindako bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordea arautzea, Lehendakaritzari atxikita, euskal erakunde ezberdinen arteko lankidetza organoa izan dadin eta etorkizuneko proiektuak batera ditzan kanpo harremanen alorrean.

Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordeari honako eginkizun hauek dagozkio:

  1. – Kanpoko euskal harremanak aztertu, planifikatu, indartu eta sendotu, Euskal Autonomia Erkidegoaren Kanpo Harremanen Estrategian bildutako helburuak nahiz proposa daitezkeenak erdiesteko.

  2. – Jarduerak aztertu eta proposatu, Euskadik aukera izan dezan Europako eskualde mugimenduan eta nazioarteko erakunde eta foroetan parte hartzeko, baita mugaz gaindiko eta eskualdeen arteko lankidetza garatzeko ere.

  3. – Ekonomia eta gizartearen erakunde eta eragileen jarduerak Europako erakundeekin -bereziki, Europar Batasunarekin eta Europako Kontseiluarekin- koordinatu eta jarduera horiek bultzatu.

  4. – Jarduerak aztertu eta proposatu, Euskadik kanpoan dituen ordezkaritzen bitartez, hainbat sektoreren interesak nahiz lurralde interesak defendatzeko eta kanpoko euskal etxe eta gizataldeei buruz ekintzak burutzeko.

  5. – Kanpoko erakundeen ordezkariak Euskal Autonomia Erkidegoan daudenean, horren berri izan.

  6. – Euskal kanpo harremanei buruzko prospekzio-lana garatu eta etorkizuneko helburu eta jarduketa-ildo berriak proposatu, nazioartean antzemandako aldaketei aurrea hartzeko.

  1. – Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordean ondoko hauek izango dira:

    1. Batzordeburua: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularra izango da batzordearen burua, eta Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren ordezkaria ere izango da aldi berean. Titularrik ez badago, edo titularra kanpoan nahiz gaixorik badago, titularrak Batzordeko kideen artean izendatutakoak ordezkatuko du.

    2. Bokalak:

      • Eusko Jaurlaritza ordezkatuz, Lehendakariordetzaren eta sail bakoitzeko ordezkari bat, sailburuorde mailakoa. Sail bakoitzeko sailburuak izendatuko ditu horiek. Lehendakariordetzako ordezkaria Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren ordezkaria ere izango da. Ordezkariren bat ez badago, edo kanpoan nahiz gaixorik badago, gutxienez zuzendari maila duen batek ordezkatuko du eta prozedurara berbera erabiliko da izendapena egiteko.

      • Foru aldundiak ordezkatuz, foru diputatu bana, eskumena duten organoak edo agintariak izendatuta. Foru diputaturen bat ez dago, edo kanpoan nahiz gaixorik badago, hark izendatutakoak ordezkatuko du; gutxienez, zuzendari maila izan beharko du ordezkoak.

      • Udalak ordezkatuz:

      • Hiru lurralde historikoen hiriburuetako alkateak. Alkateren bat ez badago, edo kanpoan nahiz gaixorik badago, hark izendatutakoak ordezkatuko du; gutxienez, zinegotzi maila izan beharko du ordezkoak.

      • Euskadiko udalen artean ordezkaritza handiena duen udal elkarteko burua. Udal elkarte horren burua ez badago, edo kanpoan nahiz gaixorik badago, hark izendatutakoak ordezkatuko du; gutxienez, zuzendari maila izan beharko du ordezkoak.

    3. Idazkaritza: Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko pertsona bat izango da idazkaria; hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botorik eman. Batzordeburuak izendatuko du idazkaria. Idazkaria ez badago, edo kanpoan nahiz gaixorik badago, batzordeburuak izendatuko du ordezkoa.

  2. – Batzordeko kide guztiak karguarengatik izango dira batzordekide, eta automatikoki utziko diote kide izateari kide izendatuak izateko kontuan izandako ezaugarri hori galtzen dutenean.

  3. – Egiten dituzten jarduerengatik edo jakituria berezia izateagatik aholkuak eman ditzaketen beste pertsona batzuk deitu ahal izango dira Batzordearen bilkuretara, gaiak hala eskatzen duenean. Hitz egiteko eskubidea izango dute baina ezin izango dute botorik eman.

  1. artikuluan aurreikusitakoez gain, honako eginkizun hauek beteko ditu batzordeburuak:

    1. Bere gain hartu organoaren ordezkaritza gorena.

    2. Batzordearen ohiko zein ezohiko bilkuretarako deia egin eta gai zerrenda zehaztu.

    3. Batzordearen bilkuren buru izan; eztabaidak zuzendu eta moderatu; eztabaida horiek bertan behera utzi, bidezko arrazoirik izanez gero; eta, oro har, behar diren ahalmenak erabili bilkurak ondo burutzeko.

    4. Berdinketak erabaki kalitatezko botoaren bitartez.

    5. Batzordeak hartutako erabakien akta eta ziurtagiriei oniritzia eman.

    6. Batzordeburu izateari dagozkion beste eginkizun guztiak bete.

Batzordeko bokalek honako eginkizun hauek beteko dituzte:

  1. Bilkuretara joan eta eztabaidetan parte hartu.

  2. Egoki iruditzen zaizkien proposamenak aurkeztu Batzordeari.

    7.a) artikuluan aurreikusitako ekimenaz baliatu.

  1. Botoa emateko eskubidea erabili eta botoaren zentzua adierazi, baita boto partikularra eman eta horren arrazoiak azaldu ere.

  2. Kide ez diren pertsonak Batzordearen bilkuran izan daitezela proposatu, gai zerrendakoei buruz aholkuak eman ditzaten.

  3. Bokal izateari dagozkion beste eginkizun guztiak bete.

Idazkariari honako eginkizunak dagozkio:

  1. Bilkurak prestatu.

  2. Batzordeak egindako bilkuren aktak jaso.

  3. Batzordeak izapidetzen dituen espediente guztiak bultzatu eta horien jarraipena egin, eta, hala behar duenean, azpibatzordeak eskuartean dituenei buruzko informazioa bildu.

  4. Batzordeak burututako jarduerak jasotzen dituen dokumentuak artxibatu eta zaindu.

  5. Batzordeak hartutako erabakien ziurtagiriak egin.

  6. Batzordeburuak agintzen dizkion kudeaketa eta gestio ekintza guztiak egin.

  7. Idazkari izateari dagozkion beste eginkizun guztiak bete.

  1. – Batzordeak osoko bilkura eta azpibatzordeen bidez jardungo du. Batzordeak ohiko osoko bilkura bat egingo du urtean gutxienez; bilkura bereziak ere egin ditzake, batzordeburuak bere kabuz edo kideen heren batek eskatuta horretarako deia egiten duenean. Bilkura berezia egiteko eskaria idatziz egin beharko da eta aztertu nahi diren gaien proposamen arrazoitua agertu beharko da idazki horretan.

  2. – Osoko bilkurak azpibatzorde tematikoak eratu ahalko ditu, aztertu nahi diren gaiak egoki prestatu eta jarraitzeko. Osoko bilkurak izendatuko ditu azpibatzorde bakoitzeko kideak; osoko bilkurarenak ez diren maiztasun eta deialdiak erabiliko dituzte azpibatzordeek bilerak egiteko. Azpibatzorde horien akta, lan eta ondorioak Batzordeari aurkeztuko zaizkio hurrengo bilkuran horien berri emateko.

  3. – Osoko bilkura nahiz azpibatzordeak eratuko badira, kideen gehiengo osoa agertu beharko du bilkuran. Batzordeburua eta idazkaria ere nahitaez egon behar dute.

  4. – Bilkura deia, gai zerrenda eta guzti, gutxienez hamabost egun lehenago egingo du batzordeburuak. Epe hori saihestu ahal izango da, behar bezala arrazoitutako premia badago.

  5. – Batzordeak gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak. Berdinketa gertatuz gero, batzordeburuaren botoak erabakiko du.

  6. – Bilera guztien akta egingo da. Aktetan nortzuek hitz egin duten, gai zerrenda eta bilkura non eta noiz egin den zehaztu behar dira; aztertu diren gai nagusiak, bozketa-moduak eta bozketen emaitzak, eta erabakiak ere azaldu behar dira. Batzordekideek, hala nahi izanez gero, aktan jaso ditzakete boto partikularrak.

  7. – Aktak idazkariak sinatuko ditu, batzordeburuaren oniritziarekin, eta bilkura berean edo hurrengoan onetsiko dira.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagokio Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordeari jarduteko behar duen laguntza tekniko eta administratibo guztia ematea. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren aurrekontuez ordainduko dira Kanpo Harremanetarako Erakunde Arteko Batzordearen funtzionamendu gastuak.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko martxoaren 18an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.