Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saila

Arautegia

Inprimatu

248/2007 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko kategoria ez-sanitarioetan eta goi-mailako eta erdi-mailako lanbide heziketako kategoria sanitarioetan garapen profesionala arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 250
  • Hurrenkera-zk.: 7375
  • Xedapen-zk.: 248
  • Xedapen-data: 2007/12/26
  • Argitaratze-data: 2007/12/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzkoa den maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 40. eta 41. artikuluetan, profesionalei ondorengo eskubidea aitortzen zaie: «euren garapen profesionala aitorturik banan-banan aurrera egiteko duten eskubidea, ezagutzari, lan asistentzialetarako esperientziari, ikerketari eta zerbitzuak egiten dituzten erakundearen helburuak betetzeari dagokienez».

Osasun-zerbitzuetako Pertsonal Estatutarioaren Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 40. artikuluak aurreikusten du karrera profesionaleko mekanismoak ezartzea osasun-zerbitzuetako langileentzako, profesionalen eskubidea beteko duena euren garapen profesionala aitorturik banan-banan aurrera egiteko, ezagutzari, lan asistentzialetarako esperientziari, ikerketari eta zerbitzuak ematen dituzten erakundearen helburuak betetzeari dagokienez.

Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoa den apirilaren 12ko 7/2007 Legearen II. kapituluak arautzen ditu langile publikoen lanaren ebaluazioa, karrera profesionalerako eskubidea eta barne-promozioa.

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 25., 26., 27. eta 28. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren politikak berariaz adierazten dute beraien asmoa «banakako lorpenak egiaztatu eta aintzatesten dituzten garapen profesionaleko mekanismoei heltzeko, eta partaidetza, autonomia eta erantzukidetasunaren arteko konbinaziorik onena aurkitzeko».

Giza baliabideen garapenak garrantzi estrategikoa du Osakidetzarako, bere funtsezko printzipioetan eta 2003–2007ko Plan Estrategikoaren oinarrizko ildoetan agertu dena. Horrela, Osakidetzak bere printzipioen artean onartzen du pertsonen konpromisoa eta garapen profesionala -eta bereziki profesional sanitarioenak- oinarrizkoak direla erkidegoko herritarrei kalitatezko zerbitzuak ematera bideratzen den eginkizuna bete ahal izateko. Bere ustez, osasun arloan gertatzen diren aurrerapen teknologiko eta zientifikoetara egokitu eta etengabe eguneratzeak eta jarduera sanitarioaren eremu guztietan kudeaketa eraginkorra egon beharrak eskatzen dituzte profesionalen partaidetza motibatua, erronka teknologiko berrien aurreko etengabeko garapena, eta aldi eta beharrizan berrietara egokitu eta eguneratzeko ahalegina. Profesional sanitarioen ekarpen hori planifikatu, kudeatu eta ebaluatu behar da, profesional bakoitzak Osakidetzaren helburuei egiten dien ekarpen bereizia beren-beregi aintzatetsi ahal izateko.

Azaldutakoaren arabera, karrera profesionalak profesionalen eskubidea beteko du euren garapen profesionala aitorturik banan-banan aurrera egiteko, ezagutzari, lan asistentzialetarako esperientziari, ikerketari eta zerbitzuak ematen dituzten erakundearen helburuak betetzeari dagokienez. Era berean, langileei aukera emango die aitorpen publikoa jasotzeko, norberaren ahalegina eta eguneroko lanaren kalitatea kontuan hartuta, lan-bizitza osoan zehar. Eremu honetan, Legearen asmoa da sustatu, motibatu eta aitortzeko sistema bat ezartzea lortutako bikaintasun profesionalean oinarrituta erakundearen helburuei eta ebaluatutako langilearen gaitasun-profilari dagokienez eta, horrela profesionalen lanaren kalitate-mailak hobetzea, gaitasunak eta ezagutza kudeatzeko sistema moderno batean oinarrituta.

Garapen profesionaleko sistemak osasun zerbitzuen kudeaketa hobetzeko eta profesionalak motibatzeko tresna eraginkorra izan nahi du, profesionalek lanbidearen eremu ezberdinetan modu planifikatuan aurrera egitea ahalbidetzen duena. Garapeneko sistema hori profesionalen eskubidetzat jotzen da, eta ondokoak ahalbidetzen dizkie beren lanbide-bizitzaren barnean:

  1. Beren borondatez garapeneko sistema batean sartzeko aukera izatea, sistema horrek profesional bakoitza haren ezagutza, gaitasun eta portaeren arabera dagokion lanbide-mailan kokatuko duela.

  2. Profesionala mailaka garatzea, gaitasun pertsonal eta eskakizunen arabera, baita erakundeak eta lanbideak ezartzen dituzten aukeren arabera ere.

  3. Ebaluazioa eta aintzatespena bideratzea, profesionalaren ekarpen bereiziaren arabera. Horren bidez, hurrengo ezaugarriak biltzen dituen garapen eredua ezarri nahi da: dinamikotasuna, eraginkortasuna, lanbide saniatarioan sortzen diren aldaketetara egokitzeko gaitasuna, sistemaren beraren etengabeko hobekuntza eta lortutako mailen finkapena.

    Halaber, uste da aukera bat dela antolamendu sanitariorako, profesionalen kudeaketa-sistema izatea ahalbidetuko duena eta sistema horrek beharrezko gaitasunak eta portaerak emango dizkie profesionalei eta erakundeari, erakundea eraginkorra izateko eta erabiltzaileei ematen zaien atentzioaren kalitatea etengabe hobetzeko.

    Horri jarraiki, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Osasun sailburuak proposatuta, derrigorrezko txostenak aztertuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa entzunda, eta Gobernu Batzordeak 2007ko abenduaren 26ko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

Dekretu honen helburua da bere aplikazio-eremuan dauden langileen garapen profesionala arautzea, Osakidetzako zerbitzu-erakundeetan egiten duten lanean.

  1. Arau honek arautzen duen garapen profesionaleko eredua kategoria ez-sanitarioetako eta goi-mailako eta erdi-mailako lanbide heziketako kategoria sanitarioetako pertsonalari aplikatuko zaio. Langile horiek A2, B2, C, D eta E lanbide-taldeei atxikita daude ondorengo hauek ezarritako sailkapenaren arabera: Lanbide Sanitarioak Antolatzeko Legea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 8/1997 Legearen laugarren xedapen gehigarria eta Osakidetza Zuzenbide Pribatuko Ente Publikoaren lanpostu funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretua.

  2. Garapen profesionaleko sistemak ez dauka zerikusirik kudeaketa-karrerarekin, eskuratutako garapen-maila ebaluatu eta aintzatesteko ondoreetarako biak bateragarriak direlarik, Dekretu honetan ezarritako zehazpenen eta gainerako arau aplikagarrien arabera.

  3. Garapen profesionalean lortutako maila meritu gisa baloratu ahal izango da lekualdatzeetan, lehiaketetan eta erantzukizuneko lanpostu, zerbitzuburutza edo atalburutza eta erakundeetako zuzendaritzetara heltzeko. Era berean, meritu gisa baloratu ahal izango da gaurkotze eta lanbide-heziketako programetan irakasle-lanetan aritzeko, bere ezagutza-arloaren eremuan, baita nazio mailako edo nazioarteko lankidetzako programetan edo irakaskuntza edo ikerkuntzako jarduera edo lanetan ere, beti ere bere ezagutza-arloari lotutako gaietan.

  4. Lan finkorik ez duten langileak beren garapen profesionalaren ebaluazioan aurkeztu ahal izango dira, beti ere beren lanbide-kategorian emandako zerbitzuen betekizuna betetzen badute. Aitortutako mailak ondorio ekonomikoak ekarriko ditu, profesionalak kategoriaren jabetzako izendapena lortzen duen unetik aurrera.

    Maila hori behin betiko izendapena eskuratzeko hautaketa-prozesuetan baloratu ahal izango da, deialdi bakoitzak zehazten duen bezala.

  5. Aldi baterako barne-sustapenean dagoen langilea garapen profesionalerako eskubidea izango du izendapen finkoa duen kategorian eta kategoria horri dagokion garapen profesionaleko osagarria jasoko du.

Honakoak dira garapen profesionaleko sistemaren helburuak:

  1. Profesionalak inplikatzea Osakidetzaren helburuen eta pertsonen iguripenen arteko bateratasun-maila handia lortzeko, beren hazkunde profesionalak atentzio sanitarioa hobetzen lagundu ahal izateko.

  2. Hazkunde profesionaleranzko etengabeko eta banakako jarrera sustatzea, profesionalei epe ertain edo luzera begira erantzukizun zailagoak eta zorrotzagoak eskainiz.

  3. Profesional bakoitzak ondorengoen moduko eremuetan egindako ekarpen bereizia aintzatestea:

    1. Antolakuntza eta gaixoaren atentzioa hobetzea.

    2. Norberaren gaitasun eta trebetasun profesionalak hobetzea.

    3. Zerbitzuaren eraginkortasuna, efizientzia eta kalitatea hobetzea.

    4. Ikerkuntza, irakaskuntza eta ezagutzen hedapenaren arloetan Erakundeari egindako ekarpenak.

  4. Aipatutako ekarpen bereizia bere garapenaren arabera ordaintzea.

  5. Pertsonen kudeaketa osoaren barnean tresna garrantzitsua izatea, profesionalak beren garapenean bertan eta Erakundearen etorkizuneko beharrizanen arabera bideratzea ahalbidetzen duena.

  1. Garapen profesionaleko sistema bost maila hauetan egituratzen da A, B, C, D eta E lanbide-taldeetan. Maila horiek garapenaren profil bereizi eta mailakakoei dagozkie, baita funtzionamenduko eduki eta eskakizun ezberdinei ere:

Maila

Egindako zerbitzuak – urteak

Sarbidea

5 urtetik behera

I

5 urte edo gehiago

II

11 urte edo gehiago (+6)

III

18 urte edo gehiago (+7)

IV

25 urte edo gehiago (+7)

  1. Dekretu honen ondoreetarako, lanean emandako denboratzat joko dira zerbitzu aktiboan edo plaza gordetzeko eskubidea duen lanpostu baliokidean egindako denboraldiak, garapen profesionalaren maila aintzatesteko aukera ematen duen lanbide-kategoriako lanpostu funtzionaletan, goragoko lanbide-taldeetako kategorietan, edo antolamendu eta eginkizunen aldetik Osasun Sistema Nazionalean sartuta dauden erakunde sanitarioetako kategoria edo lanpostu baliokidean lan egindako denboraldiak, baita Ikerketako Zentro Ofizialetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako Erakundeetan ikerlari lan egindako denboraldiak ere.

  2. Osasun Ministerioaren 1984ko ekainaren 14ko Aginduak ezarritakoaren arabera, «teknikari funtzioetako erizaintzako laguntzaile» gisa egindako zerbitzuen denbora teknikari espezialisten kategorian zenbatuko da garapen profesionalerako, 6. artikuluak jasotzen duen moduan.

  3. Goragoko maila batean sartzeko, aurreko mailan emandako denboraren barruan eskuratu diren merituak baino ez dira kontuan hartuko.

  1. Honakoak izango dira garapen profesionaleko sisteman sartu ahal izateko betekizunak:

    1. Osakidetzako langile finkoa izatea eta 6. artikuluak ezarritako taldeen edozein kategoriatako lanpostu funtzional batean zerbitzu aktiboan egotea eskabidea aurkezten den unean.

      4. artikuluak ezartzen duen moduan, maila bakoitzera sartzeko lanean eman beharreko urteak betetzea.

    1. Dagokion eskabidea egitea, ezartzen den moduan eta epean.

    2. Dagokion ebaluazioa gainditzea.

  2. Sisteman sartu ondoren, mailaren sustapena hurbilen dagoen goragoko mailara baino ezin izango da egin, arau honen xedapen iragankorretan ezarritako ezarpen-aldian izan ezik.

  3. Garapen profesionaleko sisteman sartzen direnek beren unitate edo zerbitzuko profesionalen balorazioan lagundu beharko dute, edo hala denean, beste zerbitzu erakunde bateko espezialitate bereko profesionalen balorazioan, hori egiteko eskatzen zaienean.

  4. Goragoko lanbide-taldeko kategoria batean lanpostu finkoa lortzen dutenek, aurretik garapen profesionaleko maila bat aitortuta dutelarik ordainsari-osagarri bat izango dute, garapen-maila horri dagokion zenbatekoaren balioa duena, kategoria berrian aurrekoaren zenbatekoa gainditzen duen garapen-maila bat aitortu arte. Inola ere ezin izango da garapen-osagarria jaso kategoria profesional bat baino gehiagorengatik aldi berean.

  1. Faktore bakoitza baloratzeko eta lanbide heziketako eremu sanitarioko profesionalei dagokienez, Lanbide Sanitarioak Antolatzeko den azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 3. artikuluko profesionalaren tipologia hartuko da kontuan. Goi-mailako lanbide heziketari dagokionez hauek dira tipologiak:

    1. Anatomia patologikoa eta zitologia

    2. Dietetika

    3. Dokumentazio sanitarioa

    4. Aho-hortzen higienea

    5. Diagnostikorako irudia

    6. Diagnostiko klinikoko laborategia

    7. Ortoprotesikoa

    8. Aho-protesiak

    9. Erradioterapia

    10. Ingurumen-osasuna

    11. Audioprotesia

  2. Erdi-mailako lanbide heziketako taldeari dagokionez, hauek dira tipologiak:

    1. Zainketak - erizaintzako laguntzaileak.

    2. Farmazia.

      Kategoria ez-sanitarioei dagokienez, tipologiak egokituko dira Zerbitzu Sanitarioetako Pertsonal Estatutarioaren Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 7. artikuluan ezartzen den kudeaketako eta zerbitzuetako pertsonalaren sailkapenera.

    1. Unibertsitateko lizentziatuak

    2. Unibertsitateko diplomatuak

    3. Lanbide heziketa

      1. Goi-mailako teknikariak

      2. Teknikariak

    4. Bestelako langileak

Garapen profesionalaren ondoreetarako, hurrengo faktoreen balorazioak profil profesionala zehaztuko du:

  1. Jarduera, gaitasun eta betetze profesionala: faktoren honetan baloratuko dira profesionalak lortutako betetze profesionala, Erakundearen helburuak lortzeko egindakoa eta garatutako lanaren kalitatea, baita eskarmentua, ezaguerak, trebetasunak, jarrerak eta ahalegin pertsonala ere, bere baliabide profesionala osatu eta lanbidea burutzeko modua zehazten dutenak.

  2. Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena: profesionalaren jarrera islatzen du ezagutza etengabe eguneratzeko eta, erakundearentzat lehentasunezkoak edo interesgarriak diren ildoen barnean, ezagutza hori modu antolatuan hedatzeko bide hauek erabiliz: irakaskuntza, argitalpenak, komunikazioak, biltzarretan egindako txostenak, jardunaldiak antolatzea eta abar.

  3. Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa: profesionalaren parte hartzea baloratuko du Erakundearen proiektuetan, baita Erakundearen helburuekiko inplikazioa ere, ondorengoak kontuan hartuta: kalitatea hobetzeko programa, lan-talde, ikerketa-talde, kalitate-talde eta egiaztatze-taldeetan parte hartzea; zuzendaritzako lanpostuetan edo koordinatu eta gainbegiratzeko lanpostuetan aritzea, eta orokorrean, asistentzia sanitarioa hobetu eta Erakundearen helburuak betetzen laguntzen duten jarduerak garatzea.

  1. Baloratzeko ondoreetarako, faktoreak hurrengo hiru blokeak osatuta taldekatuko dira:

    A blokea: Jarduera, gaitasun eta betetze profesionala.

    B blokea: Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena.

    C blokea: Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa.

  2. Ebaluazioa gainditu eta maila zehatz batera igotzeko, profesionalak gutxieneko puntuazioa lortu beharko du bloke bakoitzean, hurrengo taulan adierazten den bezala:

    A eta B TALDEAK:

DENOMINAZIOA

BLOKEA

I. MAILA

II. MAILA

III. MAILA

IV. MAILA

Jarduera, gaitasun eta betetze profesionala

A

70

100

123

145

Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena

B

20

35

46

57

Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa

C

15

25

30

35

GUZTIRA

105

160

199

237

C-D-E TALDEAK:

DENOMINAZIOA

BLOKEA

I. MAILA

II. MAILA

III. MAILA

IV. MAILA

Jarduera, gaitasun eta betetze profesionala

A

50

55

60

65

Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena

B

10

15

20

25

Erakundearekiko inplikazioa eta konpromisoa

C

15

25

30

35

GUZTIRA

75

95

110

125

  1. Zerbitzu erakunde bakoitzean sortutako ebaluazio batzorde espezifiko batek burutuko du ebaluazioa. Batzorde horretako kideek izan beharko dute ebaluatu beharreko profesionalaren maila akademiko bereko edo altuagoko titulazioa, eta nolanahi ere, batzordeko kide profesionalek izan beharko dute ebaluazioa jasoko duen pertsonaren titulazioaren maila bereko titulazio sanitarioa.

  2. Zerbitzu erakundeko Zuzendaritza-gerentziako titularrak Ebaluazio batzordea hautatuko du, eta horretako burua izango da. Ondoko kideek osatuko dute batzorde hori:

    1. Erizaintzako zuzendaria.

    2. Pertsonaleko zuzendaria.

    3. Kudekaketa ekonomikoko zuzendaria

    4. Pertsonalaren ordezkariek proposatuta izendatzen den profesional bat, ez bada proposamenik egiten, zuzendari gerenteak izendatuko du.

    5. Lanbide-taldeko/tipologiako profesional bi, zerbitzu-erakundeko profesionalen artetik zuzendari gerenteak izendatuak.

    6. Ebaluazioa jasoko duen pertsonaren tipologia eta/edo espezialitateko kanpoko profesional bat, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak proposatutako hirukotetik zerbitzu-erakundeko zuzendaritzak izendatua, III. eta IV. mailak ebaluatzeko.

    7. Giza baliabideetako teknikaria, Batzordeko idazkaria izango dena eta bileretan hitza eta botoa izango dituena.

  3. Batzordearen osaera zerbitzu erakunde bakoitzean dauden egitura eta baliabideetara egokitu ahal izango da, nolanahi ere batzordeko profesionalen ordezkaritza bermatuko delarik artikulu honetan ezarritako proportzioan.

  4. Zerbitzu erakundeko Zuzendaritza-gerentziak batzorde hori hautatuko du ebaluazioak hasi aurretik eta haren osaera iragarki-oholetan eta Osakidetzaren Intraneten argitaratuko da.

  5. Batzordeak xedatu ahal izango du bere kideei laguntzen dieten aholkulari bereziak egotea. Aholkulari horiek batzordeko kideei eskatutako titulazio-baldintza berberak bete beharko dituzte eta beren espezialitate teknikoei lotutako aldeak ebaluatzen lagundu baino ez dute egingo. Era berean, beren jarduera urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura zehaztutako arauei lotu beharko zaie.

  1. Aholku batzorde bat eratuko da, garapen profesionaleko sistemaren ezarpena sustatu eta laguntzeko helburua izango duena eta ondoko eginkizunak burutuko dituena:

    1. Prozesuaren ildo nagusiak zehaztu eta bere homogeneotasuna zaindu.

    2. Ereduaren diseinua zehaztu eta baremoak eguneratu.

    3. Deialdi bakoitzaren prozesua, abiaraztea eta planifikazioa zehaztea.

  2. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko titularra batzordeburua izango da eta beste zazpi batzordekide gehiago izango dira, kide horietako bat Batzordeko idazkaria izanik. Era berean, ordezko kopuru bera ere izendatuko da. Kideak Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez hautatu eta kargutik kenduko dira, ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argiratuko direlarik. Batzordeak xedatu ahal izango du bere kideei laguntzen dieten aholkulari bereziak egotea. Halaber, beren jarduera urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura zehaztutako arauei lotu beharko zaie.

Karreran sartu eta maila bakoitzean kokatzeko, hurrengo prozedurari jarraituko zaio:

  1. Ebaluatzeko prozesuaren deialdia.

    Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez ebaluatzeko prozesua deituko da urtero, eta jendaurrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

    Deialdi bakoitzak gutxienez zehaztu beharko ditu, ebaluatzeko prozesuari lotutako beste alde batzuen artean, bai merituak eskatu eta egiaztatzeko epeak eta sistema, bai puntuazio irizpideak.

  2. Ebaluazioa.

    Ebaluatzeko prozesuan hauek hartuko dute parte: ebaluatu beharreko profesionalak, profesional horiek zerbitzuak egiten dituzten zerbitzu edo unitateko arduraduna eta zerbitzu-erakundeak ondore horretarako eratutako Ebaluazio Batzordea.

    1. Ebaluatu beharreko profesionalak bere eskabidea aurkeztu beharko du Osakidetzak horretarako antolatu duen programa informatikoan eta bertan sartu beharko ditu faktore hauei buruzko datuak: etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapena eta ikerkuntza.

    2. Eremu, zerbitzu edo unitateko arduradunak ebaluazioa jasotzen duten pertsonen jarduera, gaitasun eta betetze profesionalari berariaz lotutako gaitasunak ebaluatu beharko ditu, baita erakundearekiko inplikazio eta konpromisoari buruzkoak ere, eta horren emaitzak azken ebaluazioari gehituko dizkio. Bere unitate edo zerbitzuko profesional guztien ebaluazioa amaitu ondoren, bere emaitzak aurkeztuko ditu zerbitzu erakundeko ebaluazio batzordearen aurrean.

    3. Zerbitzu erakundeko ebaluazio batzordeak prozesuan zehar sortu diren agiri guztiak jaso eta aztertuko ditu, hau da, zerbitzu edo unitateko arduradunek egindako ebaluazioak zein ebaluazioa jasotzen duten profesionalen autoebaluazioa. Emaitzak aztertu ondoren ebaluazio zabalagoa egitea komenigarritzat jotzen badu, ebaluazioa jasotzen duen pertsonaren ebaluazio osagarria eskatu ahal izango die haren zerbitzu edo unitateko profesionalei, edo hala denean, garapen profesionaleko sisteman sartuta dagoen beste zerbitzu erakunde bateko espezialitate bereko profesionalei. Bere egitekoa amaitu ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda egin eta onetsiko du, eta zerrenda hori bidaliko dio Osakidetzari.

  3. Ebazpena eta ebaluazioaren ondorioak.

    Ebaluazio ezberdinak jaso ondoren, Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak ebaluaziook aurkeztuko ditu batzordearen aurrean, deialdian ezarritako ebaluatzeko irizpideekin bat datozen aztertzeko. Batzorde horrek txostena egin ondoren, Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendaritzak hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du ebazpenaren bidez. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean hilabeteko epean, txostena argitaratu eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

    Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako errekurtsoak ebatzi, eta eskuratutako mailak behin betiko esleituko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez. Aipatutako ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.

  4. Ebaluazioaren ondorioak.

    Dagokion mailan kokatzetik ondorioztatutako ondorio ekonomikoak eskabidea ebatzi eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira, Dekretu honek beren-beregi bestelakoa ezartzen duen kasuetan izan ezik. Ebaluazio negatiboa jasotzekotan, profesionalak beste ebaluazio bat eskatu ahal izango du azken ebaluazioa egin denetik bi urte igaro ondoren, mailen behin betiko esleipenari buruzko ebazpena ematen denetik zenbatuta.

  1. Garapen profesionalaren maila aintzatesteak lanpostuaren osagarria jasotzea ekarriko du. Osagarri horren bidez, norberari dagokion garapen-mailan helburu asistentzialak etengabe betetzea sustatu nahi da, urteko hurrengo zenbatekoen arabera:

    A taldea:

    1. maila 2.210 €

    2. maila 4.427 €

    3. maila 5.903 €

    4. maila 8.113 €

      B taldea:

    1. maila 1.775 €

    2. maila 3.555 €

    3. maila 4.740 €

    4. maila 6.515 €

      C taldea:

    1. maila 1.300 €

    2. maila 1.800 €

    3. maila 2.500 €

    4. maila 3.500 €

      D taldea:

    1. maila 1.100 €

    2. maila 1.500 €

    3. maila 2.200 €

    4. maila 3.200 €

      E taldea:

    1. maila 900 €

    2. maila 1.200 €

    3. maila 1.750 €

    4. maila 2.200 €

  2. Garapen profesionala aplikatzetik eratortzen diren ordainsariak karrera-osagarriaren barruan kokatuko dira, Osasun-zerbituetako Pertsonal Estatutarioaren Estatutu Markoari buruzko abenduaren 16ko 55/2003 Legearen 43.2.e) artikuluak horrela arautzen duelako. Ordainsari horiek aldizka egokitu eta gaurkotuko dira, aurrekontuetako urteko legeek eta ondore horietarako diren beste legezko xedapen batzuek ezartzen dutenarekin bat etorriz.

    Aitortutako azken mailari dagokion zenbatekoa baino ezin izango da jaso.

Pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek, ebaluazioa eskatu ahal izango dute, aipatutako lanpostuak betetzen dituzten bitartean, eskura dezaketen maila egiaztatzeko asmoz. Ondoko zehazpenak egongo dira:

  1. Beren zerbitzu edo unitateko gainerako profesionalentzat ere ebaluagarriak diren faktore berberak ebaluatuko dira, jarduera, gaitasun eta betetze profesionalari buruzko aldeak izan ezik. Era berean, beren ebaluazioak zerbitzu edo unitaterako ezarritako helburuak betetzea ere barne hartuko du.

  2. Kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten bitartean, horiei esleitutako ordainsariak jasoko dituzte, helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak barne, produktibitate aldakorreko kontzeptu gisa.

  3. Lanpostu horietan emandako denbora lanean emandako urteen barnean zenbatuko da maila ezberdinetan sartzeko.

Egoerak sei hilabete baino gehiago irauten badu, senideak zaintzeko eszedentzian dauden, erakundeak eskatuta emandako prestakuntzarako baimena duten edo euskaraz ikasteko liberatu diren edo antzeko egoeretan dauden profesionalei beren unitate edo zerbitzuko antzinatasun talde beraren barneko profesionalek eskuratu duten batez besteko puntuazioa esleituko zaie jarduera, gaitasun eta betetze profesionalari eta erakundearekiko konpromisoari buruzko faktoreen puntuazio gisa, egoera horretan dauden bitartean.

Arau honetan ezarritako garapen profesionaleko sistema mailaka ezarriko da, hiru deialdiren bidez:

  1. Lehenengo deialdian, I. eta II. mailak deituko dira deialdia egiten den egunean lanean 16 urte, gutxienez, eman duten profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2007ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.

  2. Bigarren deialdian, I. eta II. mailak deituko dira gainerako profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2008ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.

  3. Hirugarren deialdian, maila guztiak deituko dira 4. artikuluko baldintza guztiak betetzen dituzten profesional guztientzat, baita aurretik ebaluatutakoak ere, eta ondorio ekonomikoak 2008ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.

    Ezarpen-aldian, aurkeztutako espedientea baliozkoa izango da ondoko ebaluazioetarako, nahiz eta deialdien artean igaro den denboran eskuratu diren merituak aurkeztu ahal izango diren.

Kasu guztietan, dagokion ebaluazioa gainditu beharko da, eskatzailearen ibilbide profesional osoa maila bakoitzean aplika daitezkeen aldeetan ebaluatuko dela, hurrengo ataletan biltzen diren zehazpenei jarraiki:

  1. Fase honetan eta bakar-bakarrik I. eta II. mailetarako, ez da beharrezkoa izango faktoreen bloke bakoitzean 8. artikuluan jasotako gutxieneko puntuazioa lortzea eta nahikoa izango da eskuratutako puntuazioen batura eska daitekeen gutxieneko puntuazio orokorra baino handiagoa izatea.

    I. eta II. mailetarako ezarpen-aldian eta etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapen eta ikerkuntzaren faktoreak baloratzeko, profesionalak hautatu ahal izango du 8. artikuluan ezarritako ebaluazio arrunta edo bere antzinatasunaren arabera puntuazio osagarria aplikatzea.

    I. eta II. mailetarako antzinatasunaren faktore zuzentzailea hautatzekotan, etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren hedapen, eta ikerkuntzaren faktoreen ebaluazioarengatik eskuratutako puntuazioaren eta antzinatasunarengatiko puntuazio osagarriaren batura ezin izango da 35 puntutik gorakoa izan.

    4. artikuluan ezarritako irizpideen arabera baloratzen diren antzinatasun-urteengatiko puntuazio osagarria ondokoa izango da:

    5 urte = 7 puntu 6 urte = 8 puntu

    7 urte = 9 puntu 8 urte = 10 puntu

    9 urte = 11 puntu 10 urte = 12 puntu

    11 urte = 13 puntu 12 urte = 14 puntu

    13 urte = 15 puntu 14 urte = 16 puntu

    15 urte = 17 puntu 16 urte = 18 puntu

    17 urte = 19 puntu 18 urte = 20 puntu

    19 urte = 21 puntu 20 urte = 22 puntu

    21 urte = 23 puntu 22 urte = 24 puntu

    23 urte = 25 puntu 24 urte = 26 puntu

    25 urte = 27 puntu 26 urte = 28 puntu

    27 urte = 29 puntu 28 urte = 30 puntu

    29 urte = 31 puntu 30 urte = 32 puntu

    31 urte = 33 puntu 32 urte = 34 puntu

    33 urte = 35 puntu 33 urtetik gora = 35 puntu

  1. Nolanahi ere, ebaluazioa jasotzen duen pertsonak eskabidea bete beharko du, ebaluazioaren fase arruntean eska daitezkeen curriculumaren aldeak adierazita.

Ezarpen-aldian pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek hautatu ahal izango dute aintzatesten zaien mailaren arabera garapen profesionalaren osagarria jasotzea ala helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak kobratzea. Aukera hori baliozkoa izango da kudeaketako lanpostua gauzatzen den bitartean, eta ez da inola ere jasoko bi kontzeptuengatik.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 200 abenduaren 26an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.