Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

101/2007 DEKRETUA, ekainaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 188
  • Hurrenkera-zk.: 5331
  • Xedapen-zk.: 101
  • Xedapen-data: 2007/06/19
  • Argitaratze-data: 2007/09/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Urriaren 18ko 404/1994 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zuen. Erregelamendu horrek garatu egin zituen Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen printzipio eragileak, hau da, askatasuna, erantzukizuna eta malgutasuna, ordura arte nagusi ziren murrizketei aurre eginez. Dekretu horrek, gainera, errespetatzen ditu fundazio bakoitzaren nahia eta jarduteko autonomia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zeregina baita Babeslaritzaren bidez interes orokorra babestu eta berrezartzeko beharrezko mekanismoak ezartzea.

Aipatutako urriaren 18ko 404/1994 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritza zein Erregistroa batera arautu zituen. Hala ere, batak nahiz besteak helburu desberdinak dituzte, printzipio ezberdinetan oinarritzen dira eta, beraz, oso arau desberdinak aurkezten dituzte.

Hori dela-eta, ikuspuntu sistematikotik eta arauak onartzeko teknikaren ikuspuntutik, egokiago jo da bakoitza dekretu-mailako arau desberdin baten bidez onartzea. Era horretan, fundazioen Babeslaritzari eta Erregistroari dagozkien funtzioak argiago zehazten dira.

Erregelamendu berri honen berrikuntzen artean, honako hauek dira aipagarrienak:

Fundazioen Erregistroaren eraginkortasuna zehatz garatzen da, Erregistroaren oinarrizko printzipioak zehaztuz: Legaltasuna, Legitimazioa, Lehentasuna, Erregistroaren segidako Traktua eta Publizitate materiala eta formala.

Fundazioen Erregistroa kudeatzeko sistema berria ezartzen da, Erregistroaren Liburuetan oinarritutakoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari segurtasun eta eraginkortasun handiagoa emateko asmoz. Honako liburu hauek daude: Fundazioen inskripzio Liburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Legearen eragin-eremutik kanpoko fundazioen ordezkaritzen inskripzio liburua.

Fundazioek erabili beharreko izendapena zehatzago arautzen da. Araubide juridiko horrek segurtasun handiagoa ematen dio trafiko juridikoari, fundazioen izenak nolakoak izan behar diren zehaztu, eta beste fundazio batzuekin edo beste pertsona juridiko edo pribatu batzuekin nahastea saihesten baitu.

Fundazioen kontabilitate-liburuak gaitzeko eta legeztatzeko araubidea malgutu egiten da, Fundazioen Erregistroak gaitu beharreko liburuak orri mugikorrez osatuta egotea onartzen baita eta, era horretan, kontabilitatea informatika bidez kudeatzea errazten da.

Fundazioak desagertzeko araubide zorrotzagoa ezartzen da, fundazioa likidatzearen ondoriozko likidoa fundatzaileak edo, hala badagokio, fundazioaren gobernu-organoak ezarritako interes orokorreko helburuak betetzeko erabiltzen dela bermatzeko. Fundazioaren idazpenen eta inskripzioaren ezeztatzea gauzatu aurretik, Fundazioen Babeslaritzak likidazio-eragiketak onartu beharko ditu.

Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 40.4 artikulua eta Azken Xedapenetatik bigarrena garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeari eta interesa duten gainerako organoei entzun ondoren, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko ekainaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasitako espedienteak momentu horretara arte indarrean egongo diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Maila bereko edo apalagoko xedapenak indargabeturik geratuko dira, baldin eta dekretu honetan gai honen inguruan ezarri denaren kontrakoak badira eta, bereziki, urriaren 18ko 404/1994 Dekretuan jasotakoak badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroari dagokionez; 404/1994 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa eta Babeslaritza Antolatu eta Jardunean Jartzeko Erregelamendua onartu zen.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak hartzeko.

Dekretu hau 2007ko urriaren 1ean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko ekainaren 19an.

Lehendakaria,

JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCΑRRAGA RODERO.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren helburuak dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko 12/1994 Legeak araututako fundazioei aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea eta horien kontrola eramatea.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 36. artikuluan ezarritako eginkizunen artean, Fundazioen Babeslaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren ardura hartuko du bere gain.

  3. – Erregelamendu honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroa arautzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 36.2.b eta 40. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

  1. – Erregistro horrek izaera juridikoa du eta zerbitzu publikoa da, nola herritarrentzat, hala bertan izena eman nahi duten erakundeentzat.

  2. – Erregistroak honako sekzio hauek ditu, euren xedea kontuan hartuz fundazio bakoitzari ematen zaion sailkapenaren arabera:

    1. Lehenengo Sekzioa: irakaskuntza eta ikerketan aritzen diren fundazioak.

    2. Bigarren Sekzioa: ongintza-sorospeneko eta lan-arloko fundazioak.

    3. Hirugarren Sekzioa: kultura, gazteria eta kirol-fundazioak.

    4. Laugarren Sekzioa: gainontzeko fundazioak.

  3. – Fundazioei dagokien sekzioa zehazteko, fundazio baten sailkapenari buruzko zalantza izanez gero, fundatzaileak eratze-aktan edo estatutuetan ezarritakoa hartuko da aintzat.

  4. – Sekzio bakoitzaren barruan azpi-sekzio bat egongo da, eta bertan Fundazioei buruzko Legearen eragin-eremutik kanpoko fundazioek Euskal Autonomia Erkidegoan dituzten ordezkaritzak eta egoitzak inskribatuko dira, lege horren Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoari jarraiki.

  1. – Justizia-arloko eskumena duen sailburuari dagokio fundazioak eratzeko, bat egiteko eta desagertzeko inskripzioei buruzko ebazpenak ematea, bai eta estatutuak aldatzeari buruzkoak ere.

  2. – Justizia-arloko eskumena duen saileko Azterlanen eta Araubide Juridikoaren zuzendariari dagokio inskripzioei buruzko gainontzeko ebazpenak ematea, bai eta Erregistroko gainerako eginkizunei buruz eman beharrekoak ere.

  3. – Justizia-arloko eskumena duen saileko sailburuaren aginduek administrazio-bideari amaiera ematen diote eta administrazioarekiko auzietako jurisdikzioan inpugnatu ahal izango dira.

Hona hemen Erregistroaren eginkizunak:

  1. – Indarreko araudiaren arabera, Erregistroan sartu beharrekoak diren egintzak kalifikatzea, inskribatzea eta egiaztatzea.

  2. – Derrigorrezko liburuak gaitu eta legeztatzea.

  3. – Urteko kontuen gordailua jasotzea.

  4. – Fundazioen izenen arteko berdintasunik ez dagoela adierazten duten egiaztagiriak ematea.

  5. – Bere eskumeneko gaiei buruzko kontsultak argitzea.

  6. – Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legeak, Erregelamendu honek edo berau garatzeko arauek agintzen dioten beste edozein eginkizun.

Legezkotasunean, legitimazioan, lehentasunean, traktu jarraian eta publizitate material eta formalean oinarritzen da Erregistroaren eraginkortasuna.

  1. – Erregistroan inskribatzea derrigorrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legean, lege mailako bestelako xedapenetan edo Erregelamendu honetan hala xedatzen bada.

  2. – Fundazioen eratze-eskritura inskribatzea ezinbesteko baldintza izango da nortasun juridikoa lortzeko.

  3. – Fundazioaren gobernu-organoak ezinbestez inskripzioak gauzatu beharko ditu, hiru hilabeteko epean, inskribatu beharreko egintzak bukatu eta irmo bihurtzen direnetik aurrera; hala egiten ez badu, erantzukizunak eska dakizkioke.

  4. – Eratze-egintza erregistratzeko beharra fundazioaren eratze-eskritura ematen den momentutik sortuko da.

Ezin izango zaio inskripzioa ukatu inskriba daitekeen edozein egintzari, baldin eta legedian eta aplikatzekoak diren beste xedapenetan ezarritako baldintzak betetzen baditu eta erregistratu beharreko datu guztiak jasotzen baditu, araudi horietan ezarritakoaren arabera.

Inskribatu beharreko agiriak kalifikatu egingo dira, eta horretarako, kontuan hartuko da agirien itxuraren legezkotasuna, agiriak eman nahiz sinatzen dituztenen legitimazioa, eta edukiaren, agirien ondorioen eta Erregistroko idazpenen balioa, indarrean dagoen legeriaren arabera.

  1. – Erregistroko idazpenak zehatzak eta baliozkoak direla jotzen da. Eragingarriak izango dira harik eta zehaztasun-ezaren edo baliogabetasunaren adierazpena inskribatzen ez den arte.

  2. – Zehaztasun-eza nahiz baliogabetasuna adierazteak ez die uste oneko hirugarrenek Erregistroaren arabera eskuratutako eskubideei kalterik eragingo.

  3. – Inskribatzeak ez ditu legeen arabera baliorik gabeak diren egintzak baliozkotzen.

  1. – Zernahi tituluren prebentziozko idazpena edo inskripzioa egiten bada, ezingo da egun bereko nahiz lehenagoko beste titulurik inskribatu, haren kontrakoa edo harekiko bateraezina baldin bada.

  2. – Erregistroko eragiketak agiriak aurkezten diren hurrenkeraren arabera egingo dira, eta Erregistroan aurrena sartzen diren agiriek lehentasuna izango dute geroago sartzen direnekiko.

  1. – Fundazio bati buruzko egintzak inskribatzeko, fundazioa bera inskribatuta egon beharko da aurretik.

  2. – Lehendik eginda dauden egintzen aldaketa edo iraungitzea inskribatu ahal izateko, egintza edo kontratu horiek inskribatuta egon beharko dute aurretik.

  3. – Fundazioaren gobernu-organoak, ahaldunek nahiz ordezkariek egindako egintzak inskribatu ahal izateko, haiek ere inskribatuta egon beharko dute aurretik.

  4. – Gobernu-organoko, Batzorde Eskuordetuko edo Batzorde Betearazleko kideen, eta Patronatuko kide delegatuen izendapena eta kargu-uztea inskribatu ahal izateko, lehendik hartutako erabakiek inskribatuta egon beharko dute, halakorik balego.

  1. – Erregistroko idazpenen edukia denek ezagutzen dute, eta horren berri ez izana ez da aintzat hartuko.

  2. – Inskribatu beharrekoak izanik inskribatu ez diren egintzek ez dute eragingo uste oneko hirugarrenengan. Hirugarrena uste onekoa jotzen da inskribatu gabeko egintza ezagutzen zuela frogatzen ez den arte.

  3. – Inskribatzeko eginbidea betetzen ez duenak ezingo du inskribatu ez izana aitzakiatzat azaldu.

  1. – Erregistroa publikoa da, bere edukia ezagutzeko interes legitimoa duten guztientzat. Publizitatea datu-pertsonalak babesteko indarreko araudiaren baldintzen arabera egingo da.

  2. – Interes hori egiaztatzeko, nahikoa izango da eskabidea aurkeztea, betiere eskatzen diren datuak hauek badira: fundazio jakin baten inskripzio-ebazpena, izena, xedea eta helbidea.

  3. – Aurreko atalean aipatutako datuak barik beste batzuk eskatzen direnean, eskatzaileak interes legitimoa alegatu eta behar bezala justifikatu beharko du.

  4. – Edozein eratako agintari administratibo eta judizialek Erregistroko edozein daturi buruzko informazioa eskuratu ahal izango dute, betiere euren eginkizunak betetzeko beharrezkoa bada.

  1. – Erregistroko publizitatea idazpenen edukiaren ziurtagirien bidez, jakinarazpen-ohar soilez edo Erregistroko agirien kopia konpultsatuen bidez egingo da, eskatzaileak eskatzen duenaren arabera.

  2. – Ziurtagiriak bakarrik hartuko dira agiri-publikotzat. Egiaztatzea da Erregistroko idazpenak modu frogagarrian erakusteko bide bakarra.

  3. – Erregistroko idazpenen ziurtagiria eta jakinarazpen-ohar soila edo Erregistroan gordetako agirien kopia konpultsatua hamar eguneko epean emango dira, eskabidea egiten denetik aurrera.

  4. – Erregistroko edukiaren edozein eratako publizitatearen eskabideak idatziz egingo dira, Erregistroko arduradunari zuzenduta; bertan, eskabidearen arrazoiak azalduko dira eta eskatutako datuak aurkitzeko lagungarriak izan daitezkeen argibide guztiak emango dira. Emandako informazioa nahikoa ez bada, Erregistroak bertan behera utziko du publizitate-prozesua, eta hala jakinaraziko dio interesatuari.

  5. – Erregistroko arduradunak zalantzak baditu eskatutako datuen publizitateari buruz, Babeslaritzari azalduko dizkio, eta honek egokiena erabakiko du.

  1. – Erregistroan honako liburu hauek guztiak egongo dira:

    1. Fundazioen inskripzio-liburua.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen eragin-eremutik kanpoko fundazioen ordezkaritzen inskripzio liburua.

    3. Gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburua.

    4. Kontu-gordailuen fitxategi-liburua.

  2. – Halaber, Erregistroa zuzen kudeatzeko egokitzat jotako fitxategi eta liburu osagarriak ere prestatu ahal izango dira.

  3. – Arau honetan aipatzen diren liburu guztiek behar bezala beteta egon beharko dute, eta orri bakoitzean Erregistroaren zigilua eraman beharko dute.

  4. – Liburu horietako idazpenak idazmakinaz nahiz prozedura informatikoz egin beharko dira, eta, nolanahi ere, Erregistroaren izaera ezabagaitza ziurtatu beharko da.

  1. – Inskripzio-liburuak orri mugikorrez osatuko dira. Inskripzio-liburuen goi-eskuineko ertzean orriaren zenbakia ezarriko da, eta fundazioen inskripzio-liburuetan dagokion liburukia ere adieraziko da. Fundazio bati dagokion orria erabat betetzen denean, beste bat prestatuko da zenbaki berarekin eta alfabetoko lehenengo letrarekin, eta gainontzeko letrak hurrengo orrientzat utziko dira.

  2. – Inskripzio-orria lau zutabe bertikaletan banatuko da. Lehenengo zutabean tarte bat utziko da, bertan ertzeko oharrak ezartzeko —nahi izanez gero eskuz—. Beste hiruretan eguna, idazpen-zenbakia eta idazpena bera adieraziko dira, eta gainaldean, honako hauek adieraziko dira: "Ertzeko oharrak", "Eguna", "Idazpen-zenbakia" eta "Inskripzio-idazpena".

  1. – Fundazioak inskribatzeko liburuan, fundazioak identifikatzeko honako datu hauek jasoko dira: fundazioaren izena, helbidea, jardute-eremua, fundazioaren sekzioa, xedea, eta hasierako diru-hornidura. Inskripzio-liburuen goi-eskuineko ertzean fundazioaren inskripzio-zenbakia ezarriko da.

  2. – Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen eragin-eremutik kanpoko fundazioen ordezkaritzen inskripzio liburuan, fundazioak identifikatzeko honako datu hauek jasoko dira: fundazioaren izena, helbidea, jardute-eremua, fundazioaren xedea eta erregistroko datuak.

Gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburua fundazio bakoitzarentzako fitxa bidez eramango da. Fitxa horietan, hain zuzen ere, datu hauek adieraziko dira: fundazioaren izena eta inskripzio-zenbakia, gaitu nahiz legeztatutako liburu mota eta gaitu edo legeztatutako eguna. Hala badagokio, liburua epez kanpo aurkeztu den ere jasoko da.

Kontu-gordailuen fitxategi-liburua fundazio bakoitzarentzako fitxa bidez eramango da. Fitxa horietan, hain zuzen ere, datu hauek adieraziko dira: fundazioaren izena eta inskripzio-zenbakia, gordailututako dokumentu-mota, gordailutze-eguna eta dagokion ekitaldi ekonomikoa.

  1. – Erregistroko liburuetan honako idazpen-mota hauek egingo dira: a) Inskripzioak, b) Prebentziozko idatzoharrak, c) Baliogabetzeak, d) Ertzeko oharrak.

  2. – Erregistroko arduradunak bere sinadurarekin eta zigiluz baimenduko ditu egiten diren idazpenak.

  1. – Idazpenak labur egingo dira, inskribatu den agiria dagoen agiritegiari erreferentzia eginez.

  2. – Inskribatu beharreko agiriak idatzita dauden hizkuntzan egingo dira Erregistroko idazpenak; Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat izango da.

  3. – Idazpenak bata bestearen jarraian egingo dira, eta idatzi gabe utzitako tarte zuriak marra batez baliogabetuko dira.

  4. – Idazpenetan pertsona fisikoaren nortasuna agerrarazi nahi denean, haren izen-abizenak adieraziko dira. Pertsona juridikoak identifikatzeko, entitatearen izena adieraziko da.

  1. – Inskripzio-liburuetan egindako inskripzioak eta horien ezeztapenak idazpenentzat prestatutako eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen jarraian, eta hurrenez hurren zenbaki bidez zerrendatuko dira.

  2. – Prebentziozko idatzoharrak eta horien ezeztapenak inskripzioak egiteko eta horiek ezeztatzeko ezarritako eran egingo dira, eta letren bidez adieraziko dira alfabetoaren hurrenkeraren arabera.

  3. – Ertzeko oharrak erregistro-orriaren ezkerraldean egingo dira, eta argi eta labur adieraziko da inskripzioarekin zein harreman duten.

  1. – Inskribatu behar diren egintzen egiaztagiriak Erregistroan aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduetako bat erabiliz.

  2. – Egintza horiek inskribatzeko eskabidean Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 70. artikuluan ezarritako baldintzak jaso beharko dira.

Inskribatzeko, ezeztapena egiteko nahiz prebentziozko oharrak egiteko idazpen orok, gutxienez, honako zehaztasun hauek izan behar ditu:

  1. Agiri mota eta izaera.

  2. Agiria non eta noiz egin den.

  3. Baimentzeari edo egiteari buruzko datuak, baimena ematen duen notarioaren izena, eta agiri publikoen kasuan, horiek ematen dituen epaile edo funtzionarioaren izena; bestela, agiri pribatuak sinatzen dituztenen izenak.

  4. Idazpena egin den eguna eta Erregistroaren arduradunaren sinadura.

  1. – Inskripzioetan, ezeztatzeetan, prebentzio-idazpenetan nahiz ertzeko oharretan egindako akatsak ezingo dira zuzenketa, zirriborro edo marra bidez zuzendu. Horretarako, beste idazpen bat egingo da, eta bertan garbi adierazi beharko da zein den zuzendu den akatsa, eta idazpenak hasiera-hasieratik nolakoa izan behar zuen.

  2. – Ertzeko oharren zuzenketa, zuzentzen diren oharretatik ahalik eta gertuen egingo da.

  3. – Erregistroko idazpenen bat zuzentzen denean, idazpen berrira jotzeko behar adinako oharra egingo da idazpen okerraren ertzean.

  4. – Inskripzio, prebentzio-idazpenoharpen, ezeztatze nahiz ertzeko oharren bat zuzendutakoan, eragindako gaiari buruzko beste idazpenak ere zuzendu beharko dira.

    Zuzenketa hori ertzean ohar bat ipiniz egingo da.

  1. – Agiriak aurkeztearen ondorioz Erregistroan egin beharreko inskripzioak eta gainontzeko idazpenak sei hileko epean ebatzi eta jakinarazi beharko dira.

  2. – Tituluak zuzendu daitekeen okerren bat badu, hilabeteko epea emango da hori zuzentzeko, eta izapide hori Erregistroan jasoko da ertzeko ohar baten bidez. Horrelakoetan, ebazteko epea eten egingo da eta zuzenketa egiteko agiriak aurkezten diren momentuan hasiko da berriz.

  3. – Justizia-arloan eskumena duen sailaren erregistroan eskabidea aurkezten den egunetik hasiko dira epeak.

  1. – Erregistroko kalifikazioa dekretu honen 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da.

  2. – Inskriba daitezkeen agirien forma aldetiko lege-hutsegiteak izango dira agiri horien baliagarritasunari eragiten dietenak, horien itxurak nolakoa izan behar duen erabakitzen duten arauei jarraiki, baldin eta hutsegite horiek aurkeztutako agirietan gertatzen badira.

    Orobat, aintzat hartuko dira honako hauek: inskripzioak nahitaez jaso behar duen zernahi gorabehera aipatu gabe utzi edo behar bezain argi azaldu ez izana, inskribatu beharreko agiriak eman dituztenen legitimazioa eta agiri horien edukiaren balioa.

  1. – Erregistroaren kalifikazioak inskripzio-ondorioak izango ditu soil-soilik. Kalifikazio horren ondorioz, eskatutako inskripzioa gauzatu, akatsak zuzendu edo, bestela, inskripzioa ukatu egingo da.

  2. – Kalifikazioak globala eta bateratzailea behar du izan.

  3. – Kalifikazioa arrazoitua izango da.

  1. – Tituluak akatsik ez badu, inskribatuko egingo da, eta, tituluarekin batera, inskripzio-eguna adierazten duen eginbidea bidaliko da, behar bezala zigilatuta eta sinatuta.

  2. – Tituluak konponduezineko akatsik badu, inskripzioa ukatuko da —arrazoiak emanez—.

  1. – Inskribatu beharreko tituluan gertakari, egintza nahiz negozioak jaso badira —elkarrekin inolako loturarik ez dutenak—, eta Erregistroko arduradunak haietako batean akatsen bat antzematen badu, akatsik gabeak inskribatu ahal izango dira, eta hala egingo da interesatuak hala eskatu ondoren.

  2. – Antzemandako akatsek tituluaren zati bati eragiten badiote, baina beste zatiari ez badiote eragiten, tituluaren zati hori inskribatu ahal izango da, interesatuak hala eskatu ondoren. Inskripzioa egin ahal izango da soilik klausula nahiz estipulazio akasdunak aukerakoak badira edo horien ordez beharrezko lege-arauak ezartzen badira.

Honako egintza hauen inskripzioa nahitaezkoa izango da:

  1. Fundazioaren eraketa.

  2. Estatutuetan egiten diren aldaketak.

  3. Gobernu-organoko edo bere Batzorde Eskuordetuetako edo Batzorde Betearazletako kideen izendapena, ordekapena, etendura eta kargu-uztea.

  4. Gobernu-organoak eratutako Batzorde Eskuordetuak edo Batzorde Betearazleak.

  5. Fundazioen bat egitea.

  6. Fundazioa desegitea eta likidatzea.

  7. Fundazioaren gobernu-organoak egindako eskuordetze edo/eta ahalordetze orokorrak, honako hauek izan ezik: auzietarako ahalmena eta horien ezeztapena.

  8. Ebazpen judizialak eta administratiboak, legedian ezarritako moduan.

  9. Hartzekodunen konkurtso-deklarazioa eta aldi baterako eskuhartze-neurriak, konkurtsoei buruko legedian ezarritakoak.

  10. Fundazioaren domeinu-izena eta Interneteko helbidea, Informazioaren Gizartearen eta Merkataritza Elektronikoaren Zerbitzuen Legean ezarritakoarekin bat.

  11. Ebazpen judiziala, Babeslaritzari baimena ematen diona fundazioaren jarduera behin behingoz kudeatzeko eta fundazioaren gobernu-organoaren eskumenak hartzeko; ebazpen horretan epaileak emandako epea eta, hala badagokio, horren luzapena adieraziko dira.

  12. Fundazioaren garrantzi ekonomikoaren kualitatea.

  1. Oro har, egindako idazpenak aldatzen dituzten egintzak, edo legeen arabera, inskribatu egin behar direnak.

  1. – 31 artikuluko a), b), d), e), f) eta g) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak eskritura publikoan jasotzeko aurkeztu behar dira.

  2. – c) eta l) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak inskribatzeko, hurrengo artikuluan adierazten den eran emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da; notarioak egiaztatu beharko du egiaztagiri hori.

  3. – h), i) eta k) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak ebazpen judizial edo administratibo baten bitartez inskribatuko dira.

  4. – j) idatz-zatian aipatzen den fundazioaren domeinu-izenaren eta Interneteko helbidearen inskripzioa, zerbitzua ematen duen entitateak egindako dokumentuaren bidez egingo da.

  5. – m) idatz-zatian aipatzen diren idazpenen edukia aldatzeko egintzak, aldatzen den egintza inskribatzerakoan eskatu zen agiriaren mota bereko beste agiri baten bidez inskribatuko dira.

  1. – Fundazioaren gobernu-organoaren eta Batzorde Betearazle edo Batzorde Ordezkoaren erabakiak, Erregistroan inskribatu beharrekoak, ziurtagiri bidez egiaztatuko dira; ziurtagiri hori idazkariak sinatuko du lehendakariaren oniritziarekin.

  2. – Ziurtagiria egiten den egunean kargua indarrean eta Erregistroan inskribatuta ez duten pertsonek emandako erabakiak ez dira inskribatuko; salbuespena izango da honako hau: idazkaria edo egiaztatzeko ahalmena duen kargua izendatzen duen erabakia egiaztatzen denean, izendatuak berak egiaztatzeko eskumena erabilita; kasu horretan, aurreko idazkariak ere sinatu beharko du ziurtagiria, edo bestela, aurreko titularrari izendapenari buruzko jakinarazpen sinesgarria bidali zaiola frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko da, eta ezingo da titulua inskribatu hamabost eguneko epean, jakinarazpena egin denetik edo egiten saiatu denetik; gainera, ezinbestekoa izango da epe horretan aurreko idazkariak inolako eragozpenik ez jartzea.

  3. – Oposizioa justifikatzeko, kereila kriminala jarriko da ziurtagiria faltsutzeagatik, edo bestela, beste zernahi bide erabili ahal izango da izendapena benetakoa ez dela egiaztatzeko. Kereila jarri dela egiaztatzen bada, horren berri emango da azken idazpenaren ertzean. Ertzeko ohar hori ezabatu egingo da kereila ebatzi ondoren; nolanahi ere, kereila jartzeak ez du eragotziko egiaztatutako erabakiak erregistratzea.

Aurreko artikuluan aipatzen den ziurtagirian jasoko dira hartutako erabakiaren baliotasuna eta arauzkotasuna kalifikatzeko beharrezkoak diren gorabehera guztiak; hona hemen:

  1. Bilkuraren tokia eta eguna.

  2. Deialdia egin zen eguna eta modua.

  3. Deialdiaren testu osoa.

  4. Bertaratutako gobernu-organoko kideen izenak; halaber, horietatik nortzuk diren titularrak eta nortzuk ordezkoak adieraziko da, bai eta gobernu-organoaren bilkura lehenengo ala bigarren deialdian egin den ere.

  5. Hartutako erabakiaren testu osoa; erabakia hartzeko gehiengoa nolakoa izan den ere adieraziko da.

  6. Aktaren onarpena, baldin eta bilkuraren bukaeran onartu bada.

  1. – Fundatzaileek estatutuen aldez aurreko kalifikazioa eskatu ahal izango dute; horretarako, estatutuen proiektuaren ale bat aurkeztu beharko dute.

  2. – Estatutuen proiektuaren aldez aurreko kalifikazioak ez die eragingo ez fundazioaren helburuen interes orokorrari buruzko kalifikazioari, ezta bideragarritasun ekonomikoari ere; bi alderdi horien kalifikazioa egitea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeari dagokio.

  3. – Fundazioaren estatutuen proiektuaren aldez aurreko kalifikazioa argibideak emateko baino ez da egingo. Beraz, ez du eskatzaileentzat ez eskubiderik, ez eskubide-itxaropenik sortuko. Ez du geroko prozedurekin inolako loturarik izango eta ezingo zaio errekurtsorik jarri; horrek ez du esan nahi, hala ere, inskripzioaren kalifikazioaren aurka egiterik izango ez denik.

  1. – Fundazioa eratzeko eskritura publikoa fundatzaile guztiek emango dute, edo bestela, fundatzaile bakoitzak mortis causa izendatutako pertsonak edo pertsonek.

  2. – Eratze-eskritura erregistroan inskribatzeko, agiri horren baimendutako kopia bi aurkeztu beharko dira; horrekin batera, fundatzaileek edo berariaz ahalmena eman zaionak izenpetutako inskripzio-eskabidea ere aurkeztuko da.

  3. – Nolanahi ere, eratzeari dagozkion zergen likidazioa egin izana egiaztatu beharko da aldez aurretik.

  4. – Fundazioa inskribatzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak aldeko txostena ematea.

  1. – Fundazioaren eratze-eskrituran honako hauek jasoko dira:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritako betekizunak.

    2. Fundazioaren gobernu-organoko kideek euren karguak onartzea, hala badagokio.

    3. Hasierako diru-hornidura ordaindu izanaren egiaztagiria.

    4. Lehenengo ekitaldi ekonomikoaren aurrekontua eta horren azalpen-memoria.

  2. – Hasierako diru-hornidura ordaindu dela egiaztatzeko, dagokion kreditu-erakundean ordaindutako kopuruen egiaztagiria erabiliko da, eta notarioari emango zaio, fundazioaren eratze-eskriturari erantsi diezaion.

  3. – Ordainketa segidan egiten bada, nola ordaindu behar den eta ordaindu gabeko zenbatekoak beranduenez noiz ordainduko diren adierazi beharko da.

    Diruz egin behar ez diren ekarpenak badira, segidan egin beharrekoak, horien izaera, balioa eta edukia zehaztuko dira aditu independente baten txostenaren bidez, baita ekarpen horiek nola eta noiz egin behar diren ere.

  4. – Hornidura gisa egin beharreko ekarpenak diruz egin behar ez badira, fundazioaren eratze-eskrituran ekarpen horretarako bideratutako ondasunak eta eskubideak adieraziko dira, bai eta bakoitzaren balioa ere. Balioa egiaztatzeko, aditu independente batek egindako txostena hartuko da oinarritzat, eta bertan fundatzaile bakoitzak jartzen dituen ondasunak eta eskubideak deskribatuko dira, bai eta horien erregistroko zehaztasunak eta, hala badagokio, egindako ekarpenaren titulua nahiz kontzeptua ere.

  5. – Hirugarrenek diru-hornidurari egindako ekarpenen konpromisoak, behar bezala bermatutakoak, fundazioaren eratze-eskrituran jasoko dira.

  1. – Fundazioen estatutuek, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 7. artikuluan adierazitako alderdiak jaso beharko dituzte, Erregelamendu honetan adierazten diren zehaztasunak barne direla.

  2. – Gainera, fundazioen estatutuetan arau bereziak jaso ahal izango dira estatutuak aldatzeari, fundazioen bategiteari edo iraungitzeari buruz; halaber, fundatzaileek ezarritako legezko beste klausula edo baldintza batzuk ere jasoko dira.

  1. – Fundazioaren eratze-eskrituran lehenengo ekitaldi ekonomikoaren gastuen eta diru-sarreren aurrekontua jasoko da, bai eta aurrekontu horren azalpen-memoria ere. Lehenengo ekitaldi ekonomikoaren aurrekontua Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamenduko 18. artikuluan ezarritakoarekin bat prestatuko da.

  2. – Hasierako diru-hornidura 30.000,00 eurotik gorakoa ez bada, lehenengo ekitaldi ekonomikoaren aurrekontuarekin batera txosten ekonomiko bat erantsiko da, ekonomilari elkargokide batek, auditore batek edo kontuen zinpeko aztertzaile batek emandakoa; bertan, lehenengo ekitaldi ekonomikoa bideragarria dela egiaztatuko da.

  1. – Gobernu-organoaren hasierako osaera eta ondorengo aldaketak Erregistroan inskribatuko dira, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legean baimendutako edozein eratara egindako izendapenen onarpena ere.

  2. – Izendapenaren inskripzioa honako era hauetara egingo da: eskritura publiko bidez, izendapenak egin diren bilkuraren aktaren notarioaren lekukotza bidez edo aktaren ziurtagiri bidez; ziurtagiria egin duen idazkariak eta lehendakariak sinatuko dute ziurtagiria, eta notario batek legeztatu beharko ditu sinadura horiek.

  3. – Kargu publikoa edo pribatua dela-eta izendatutako gobernu-organoko kideen inskripzioa ziurtagiri edo antzeko agiri bidez egingo da.

  4. – Gobernu-organoko kideen izendapenik ez da inskribatuko, baldin eta berariaz jasotzen ez bada kide horiek onartuak izan direla. Gobernu-organoko kideen izendapenaren onarpena Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritako edozein eratara egingo da.

  5. – Gobernu-organoko kide diren pertsona juridikoek euren izendapena onartu eta pertsona fisiko bat izendatuko dute gobernu-organoko euren ordezkari gisa; ordezkari horrek bere izendapena onartu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritako edozein eratara.

  6. – Kargu publiko edo pribatu bateko titularrak diren gobernu-organoko kideek pertsona bat izendatzen badute euren izenean gobernu-organoko kide jardun dezan, izendatutakoak izendapena onartu beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritako edozein eratara.

  1. – Heriotzak, heriotza-deklarazioak edo nortasun juridikoa iraungitzeak eragindako gobernu-organoko kideen kargu-uztearen inskripzioa dagokion erregistroak emandako ziurtagiri bidez egingo da.

  2. – Kargutik kentzea edo kargua iraungitzea epailearen ebazpen irmoz erabakitzen bada, delako ebazpenaren aitorpena eginez inskribatuko da kargugabetzea.

  3. – Kide izateari uko egiteagatik gertatutako kargu-uzteen inskripzioa honako era hauetara egingo da: eskritura publiko bidez, notarioak legeztatutako sinadura duen dokumentu pribatu bidez, edo Erregistroko arduradunaren aurrean egindako agerraldiaren aktaren bidez.

  4. – Kargu publikoa dela-eta izendatutako fundazioaren gobernu-organoko kideen kargu-uztearen inskripzioa eskumena duen administrazio-organoak egindako ziurtagiriaren edo antzeko agiriaren bidez egingo da.

  5. – Kargugabetzeko ahalmena beste pertsona fisiko edo juridiko bati badagokio, kargugabetzearen inskripzioa ziurtagiri edo antzeko agiri bidez egingo da, notarioak legeztatutako sinadurekin.

  6. – Aurreko paragrafoetan adierazitako arrazoiak ez diren beste batzuek eragindako kargu-uzteen inskripzioa erabakiak hartutako gobernu-organoaren bileraren aktaren ziurtagiriaren bidez egingo da. Ziurtagiria egin duen idazkariaren eta lehendakariaren sinadurak notarioak legeztatutakoak izan beharko dira.

  1. – Gobernu-organoak bere kideren batengan eskumenak eskuordetzea, Batzorde Betearazlea edo Ordezko Batzordea eratzea, bai eta batzorde horietako kideen hasierako izendapena ere eskritura publiko bidez inskribatuko dira. Era horretan, hartutako erabakiak jendaurrean jartzen dira, eskuordetutako eskumenen deskribapen zehatzarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legean ezarritako mugen barruan.

    Aurreko paragrafoan aipatutako erabakiak inskribatzeko, beharrezkoa izango da gobernu-organoko karguetan aritzeko izendatutakoek euren karguak berariaz onartzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritako edozein modutara.

    Eskumenak eskuordetzeari edo Batzorde Betearazlea edo Ordezko Batzordea eratzeari buruzko erabakiak aldatzen dituzten ondorengo beste erabakiak ere eskritura publiko bidez inskribatuko dira.

  2. – Eskumenak eskuordetu izanaren ezeztapena ezeztapen hori jasotzen duen eskritura publiko bidez inskribatuko da.

  3. – Kide izateari uko egitea honako era hauetara inskribatuko da: eskritura publiko bidez, notarioak legeztatutako sinadura duen dokumentu pribatu bidez edo Erregistroko arduradunaren aurrean egindako agerraldiaren aktaren bidez.

Ahalordetze orokorrak inskribatzeko, eskritura publikoa egin behar da. Eskritura publikoan fundazioaren gobernu-organoak emandako eskumenak jaso behar dira, dagokion bilkura-aktan jasotako erabakiaren egiaztagiriaren bidez.

  1. – Fundazioaren gobernu-organoak estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren helburua errespetatzen badu eta fundatzailearen debekurik ez badago.

  2. – Estatutuetan egindako aldaketa oro eskritura publikoaren bidez inskribatuko da.

  3. – Fundazioaren estatutuak aldatzeko eskritura publikoan honako hauek azaldu beharko dira:

    1. Egiaztatzeko eskumena duen pertsona batek egindako ziurtagiria, gobernu-organoko lehendakariaren oniritziarekin; ziurtagiri horretan estatutuak aldatzeko erabakia laburbilduko da.

    2. Hala badagokio, aldaketak fundazioaren bideragarritasunaren gainean duen aurrekontu- eta antolakuntza-arloko eraginaren azterketa ekonomikoa.

  4. – Estatutuak aldatzeko erabakiak honako baldintza hauek bete behar ditu:

    1. Erabakia hartzeko, egungo estatutuetan ezarritako bozketa-quoruma lortu beharko da.

    2. Erabakia arrazoitua izan beharko da; argitasunez azalduko da artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta aldaketaren arrazoiak ere.

    3. Aldatutako artikuluak zerrendatuko dira eta aldatutako nahiz gehitutako artikuluen idazkera berriaren hitzez hitzezko transkripzioa egingo da.

  5. – Estatutuetan egindako aldaketa inskribatzeko, beharrezkoa izango da Babeslaritzaren oniritzia jasotzea.

  1. – Fundazio orok bategiteko aukera izango du, bai fundazio bik edo gehiagok bat eginez fundazio berri bat sortzeko, bai fundazio batek beste bat edo gehiago xurgatuz, betiere fundatzailearen debekurik ez badago eta fundazioaren helburuak errespetatzen badira.

  2. – Bategitea —sozietate berri bat sortzeagatik edo beste bat xurgatzeagatik—, fundazio parte-hartzaile guztiek emandako eskritura publiko bakar baten indarrez inskribatuko da.

  3. – Eskritura publiko horretan honako hauek azaldu beharko dira:

    1. Fundazioaren gobernu-organoek hartutako erabakiak.

    2. Fundazioaren gobernu-organoek erabakitako bategite-proiektua.

  4. – Bategiteko erabakiek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Fundazioen gobernu-organoek hartuko dituzte bategiteko erabakiak, estatutuetan ezarritako bozketa-quorumaren arabera.

    2. Bategiteko erabakiak arrazoituak izan beharko dira; argitasunez azalduko da artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta bategitea eragin duten arrazoiak edo zioak ere.

    3. Bategiteko erabakiek bategite horren ondorioz sortutako gobernu-organoaren osaera ezarri beharko dute; kideek karguak onartu beharko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 12. artikuluan ezarritako edozein eratara.

  5. – Bategiteko proiektuak honako hauek jasoko ditu ezinbestez: bategiteko operazioaren egitura juridikoa, bategitearen balantzea bategitea erabakitzen den momentuan, bai eta bategiteak fundazioaren helburuetan, jardueretan eta ondarean duen eraginaren gaineko azalpen-memoria ere.

  6. – Bategitearen ondorioz fundazio berri bat sortzen baldin bada, eskritura publikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritako betekizunak ere jaso beharko ditu. Bategitea xurgatzearen ondorioz gertatzen bada, fundazio xurgatzailearen estatutuetan izandako aldaketak jasoko dira eskritura publikoan, halakorik balego.

  7. – Bategitea inskribatzeko, beharrezkoa izango da Babeslaritzaren oniritzia jasotzea.

  8. – Bategite-eskritura Erregistroan inskribatzen denean, iraungitako fundazioei buruzko idazpenak ezeztatu egingo dira ofizioz.

  1. – Fundazio baten iraungitzea inskribatzeko, honako agiri hau aurkeztu behar da:

    1. Eskritura publikoa, gobernu-organoak fundazioa iraungitzeko hartutako erabakia jasotzen duena, edo

    2. Lekukotza, iraungitzea adierazten duen ebazpen judizialarena.

  2. – Eskritura publikoak honako hauek jasoko ditu:

    1. Fundazioaren gobernu-organoaren erabakia, iraungitzea eragin duten zergatiak modu arrazoituan azaltzen dituena.

    2. Fundazioaren balantzea.

    3. Fundazioaren gobernu-organoak likidatzaile gisa aurkeztutako jarduketa-programa, eta likidazio-eragiketen ondorioz sortutako produktuaren destinoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 35. artikuluaren arabera zehaztuko dena.

  3. – Inskripzioa egin aurretik, Babeslaritzak fundazioa iraungiteko erabakia berretsi beharko du.

  4. – Fundazioaren iraungitzeak fundazioaren ohiko jarduerak amaituko ditu eta likidazio-eragiketak hasiko ditu.

  1. – Likidazio-eragiketak amaitu ondoren, fundazioaren gobernu-organoak likidazio-eskritura eman beharko du eta Babeslaritzara bidali, onartua izateko.

  2. – Fundazioa likidatzeko eskritura publikoan honako hauek jasoko dira:

    1. Fundazioaren gobernu-organoak likidatzaile gisa hartutako erabakia, honako hauek onartzen dituena: likidazio eragiketak, eragiketa horien balantzea eta soberakinaren destinoari buruzko erabakia gauzatzea.

    2. Fundazioaren likidazioaren ondorioz sortutako soberakinaren destinoaren frogagiriak.

  3. – Babeslaritzak likidazioa onartu ondoren Erregistrora bidaliko du, fundazioari lotutako idazpenak eta Erregistroko inskripzioa ezeztatzeko.

  1. – Konkurtsoa deklaratzen duen autoa Erregistroan inskribatu beharko da, bai eta konkurtsoari buruz ematen diren eta inskribatu daitezkeen ebazpen judizial guztiak ere, konkurtsoei buruzko legean ezarritakoarekin bat etorriz.

  2. – Ebazpen judizialak irmoak bihurtzen ez diren artean, prebentziozko idatzohar gisa inskribatuko dira.

  3. – Hartzekodunen konkurtso-idazpenak ezeztatzeko, epailearen agindua beharko da.

Fundazioaren jardueraren behin-behineko kudeaketaren eskabidea eta bere gobernu-organoek erantzukizun-egintza baliatzearen eskabidea Erregistroan inskribatuko dira prebentzioz.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 22. artikuluan jasotako erabiltze- eta zergapetze-egintzak Erregistroan inskribatuko dira, ertzean, fundazioaren titulartasuneko ondasun edo eskubideen erabiltzeari edo zergapetzeari buruzko negozio juridikoa jasotzen duen eskritura publikoaren bidez.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen eragin-eremutik kanpoko fundazioen ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatu ahal izango dira.

  2. – Estatuko Fundazioen Erregistroan edo beste autonomia erkidego bateko erregistroan inskribatuta dauden fundazioek Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan euren ordezkaritza inskribatzeko eskabidea egiteko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

    1. Inskripzioaren eskabidea, fundazio interesdunaren legezko ordezkaritzak izenpetutakoa.

    2. Eskritura publikoaren kopia baimendua: bertan, inskribatu nahi den ordezkaritza sortzeko gobernu-organoak hartutako erabakia jasoko da. Erabaki horretan ordezkaritzaren helbidea eta fundazioak izendatutako ahaldunen eskumenak aipatuko dira.

    3. Fundazioen Erregistro eskudunak emandako ziurtagiria, fundazioaren eraketaren inskripzioa eta fundazioak ahaldundutako pertsonen ahalordetza egiaztatzen dituena.

    4. Fundazioaren eraketaren eskrituraren kopia soila, bai eta estatutuetan izandako aldaketena ere.

  3. – Atzerriko fundazio baten ordezkaritza irekitzeko, eskritura publikoan honako hauek aurkeztuko dira:

    1. Atzerriko fundazioaren helburuak.

    2. Atzerriko fundazioaren eraketa egiaztatzen duten datuak edo agiriak, dagokion legediaren arabera.

    3. Fundazioaren ordezkaritza bat Euskal Autonomia Erkidegoan irekitzea onartzen duen gobernu-organoaren erabakiaren ziurtagiria.

    4. Ordezkaritzaren izena, bere baitan adierazpen hau hartuko duena: "Fundazioaren ordezkaritza".

    5. Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan duen helbidea eta jardute-eremua.

    6. Bere helburuak betetzeko, ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan modu iraunkorrean egingo dituen jarduerak. Ez da onartuko jarduera horien helburu bakarra funtsak biltzea izatea.

    7. Ordezkaritzan jardungo duten ordezkarien izenak.

    8. Ordezkaritzak Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko duen lehenengo jarduketa-plana.

  4. – Atzerriko fundazio batek ordezkaritza bat irekitzen badu, Babeslaritzak erabakiko du jatorrizko fundazioaren helburuak interes orokorrekoak diren ala ez, legediak ezartzen duenari jarraituz.

  1. – Fundazioaren gobernu-organoak hartutako erabakien aurka egiteko eta erabaki horiek eteteko eskaeren prebentziozko idazpena horiek egiteko agintzen duen epaileak emandako ebazpen bidez egingo da, Prozedura Zibilaren Legean ezarritakoaren babesean.

  2. – Prebentziozko idatzohar horiek lekukotasun judizial baten bidez aldatu edo ezeztatuko dira, kautelazko neurri horien aldaketa edo indargabetzea gertatzen denean. Halaber, ezeztatu egin beharko dira, dagokion aginduaren bidez, ekintzari uko egiten bazaio edo eskaeran atzera egiten bada.

  3. – Aurkatutako erabaki guztien nahiz batzuen baliogabetasuna deklaratzen duen epai irmoari buruzko lekukotasun judiziala nahikoa izango da prebentziozko idazpena ezeztatzeko, bai eta erabaki baliogabeak jasotzen dituen edo epaiaren aurkakoa den edozein idazpen ezeztatzeko ere.

  4. – Inskribatuta dauden nahiz inskriba daitezkeen erabakien etetea erabakitzen duten epai irmoen prebentziozko idazpena egin ahal izango da baldin eta Erregistroak erabaki horiek badirela ziurtatzen badu. Idazpen hori artikulu honetako 2. paragrafoan finkatutako kasuetan eta eran ezeztatuko da.

  5. – Aurreko paragrafoetan adierazten ez diren kasuetan, Prozedura Zibilaren Legeari jarraituko zaio eta, subsidiarioki, erregistroko arauek antzeko kasuetarako ezarritakoari.

  1. – Fundazioen ardurapean egongo da Inbentarioen eta Urteko Diru-kontuen Liburua, bai eta Aurrekontu-liburua, Eguneko Liburua eta Akta-liburua ere. Halaber, beste liburu osagarri batzuk ere hartuko dituzte euren ardurapean, beharrezko jotzen badute, erabiltzen duten kontabilitateko sistemaren arabera.

  2. – Liburuak gaitu edo legeztatzea Erregistroaren esku egongo da.

  1. – Gaitze- nahiz legeztatze-eskabidea Erregistroko arduradunari zuzendutako idazki baten bitartez egingo da, eta bertan honako xehetasun hauek adierazi beharko dira:

    1. Fundazioaren izena, helbidea, eta Erregistroko identifikazio-datuak.

    2. Aurkezten diren liburuen zerrenda: zehaztu beharko da helburua orri zuriko liburuak gaitzea den ala azaleztatutako liburuak legeztatzea nahi den —idazpenak eta idatzoharrak baliabide informatikoez edo bestelako prozedurez egin ondoren azaleztatutakoak, hain zuzen—, baita liburu bakoitzak zenbat orri duen ere.

    3. Gaitu edo legeztatu nahi diren liburuen mota berekoak izanik, gaitu edo legeztatu diren azken liburuen irekitze-eguna, eta, behar izanez gero, ixte-eguna ere bai.

    4. Eskabidearen eguna.

  2. – Eskabidearekin batera, gaitu edo legeztatu nahi diren liburuak aurkeztu beharko dira.

  3. – Fundazioek liburuak gaitzea eta legeztatzea eskatzeko, aurretik eratze-titulua inskribatu beharko dute. Liburuak ez dira gaituko ez legeztatuko harik eta inskripzio hori egin arte.

  1. – Erabili baino lehen gaitzeko aurkeztutako nahitaezko liburuak, egon azaleztaturik, egon orri mugikorrez osaturik, erabat zuri egongo dira eta orriak era korrelatiboan zenbaturik izango dituzte.

  2. – Ezingo da beste libururik gaitu, fundazioaren gobernu-orgarnoko idazkariaren ziurtagiri bidez aurrekoa oso-osorik erabili dela egiaztatzen ez den bitartean, non eta lapurtu izana salatzen ez den edo notarioak galdu nahiz hautsi egin dela dioen agiria egiten ez duen.

  3. – Fundazioaren gobernu-organoko idazkariak emango duen eginbidearen bidez itxi ahal izango da liburua, baldin eta aipatutako organoak, behin idazpenak eta idatzoharrak eginda —baliabide informatikoak edo bestelako prozedurak erabiliz—, sistemaz aldatzea eta azaleztatutako orrien sistema erabiltzea modu arrazoitu batean erabakitzen badu.

  1. – Idazpenak eta idatzoharrak egin ondoren behar bezala azaleztatutako orriz osatutako nahitaezko liburuek zuria izango dute lehenengo orria, eta gainerakoak, berriz, hurrenez hurren zenbaturik egongo dira, egindako idazpen eta idatzoharren hurrenkeraren arabera.

    Zuriz utzitako tarteak behar bezala baliogabetu beharko ditu fundazioak.

  2. – Aurreko paragrafoan aipatzen diren liburuak ekitaldi bakoitzeko lehendabiziko hiru hilabeteak iragan baino lehen aurkeztu beharko dira Erregistroan, legezta daitezen.

  3. – Legeztatzea aurreko paragrafoan adierazitako epetik kanpora eskatzen bada, Erregistroko arduradunak liburuaren eginbidean, eta gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan adieraziko du gorabehera hori.

  1. – Liburuen gaitze eta legeztatzea eginbidez eta zigilu bidez egin beharko da; gaitze-eginbidea lehenengo orrian burutuko da, eta orri horrek zuria izan beharko du.

  2. – Erregistroko arduradunak sinatuko du eginbidea, eta bertan honako xehetasun hauek jasoko dira:

    1. Fundazioaren identifikazioa, eta behar izanez gero, erregistro-datuak.

    2. Fundazio berberarentzat gaitu nahiz legeztatutako mota bereko luburuen artean dagokion liburu mota eta zenbakia.

    3. Liburuak zenbat orri duen.

    4. Zigilatzeko erabili den sistema eta edukia.

    5. Gaitze-eginbidea ala legeztatze-eginbidea den.

  3. – Orri guztietan ipini behar da Erregistroaren zigilua. Gaitze edo legeztatzearen benetakotasuna bermatzen duen beste edozein eratara ere zigilatu daitezke orriak.

  1. – Eskabidea behar bezala bete bada eta liburuek betebehar guztiak betetzen badituzte, Erregistroko arduradunak gaitu edo legeztatu egingo ditu liburuak, eskabidea Erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epean.

  2. – Gaitzea edo legeztatzea egin ondoren, gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan jasoko da.

  3. – Liburuek betebehar guztiak betetzen ez badituzte, gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan jasoko da gaitzea edo legeztatzea ukatu dela.

Gordailatutako kontuen publizitatea Erregistroko arduradunak emandako egiaztagiri bidez nahiz gordailatutako agirien fotokopia konpultsatu bidez egingo da, Erregistroari eskabide idatzia eta arrazoitua egin ondoren.

  1. – Erregistroan gordailatutako urteko kontuak, onartze-erabakien egiaztagiriak eta kontu-ikuskatzailearen txostenak sei hilabetetan mantendu beharko dira, gordailatzen direnetik hasita.

  2. – Agiriak, dauden bezala gordailatu beharrean, behar adina berme eskaintzen duen prozedura optiko nahiz informatikoz bildu daitezke, hala behar izanez gero.

  1. – Fundazioaren izenaren baitan "Fundaciσn", "Fundazioa" edo "Iraskundea" hitza adierazi beharko da, eta ezberdina izan beharko da Fundazioen Erregistroetan aurretik inskribatutako beste izenekiko.

  2. – Izena fundazioaren xedeari buruzkoa nahiz fantasiazkoa izan daiteke. Fundazioaren xedeari buruzkoa baldin bada, xedea bera aldatzen denean, izena ere aldatu beharko da. Ezingo da xedearen barruan jasota ez dauden jarduerei buruzko aipamenik egin.

  3. – Fundatzailea ez den pertsona fisiko baten izena edo ezizena edo pertsona juridiko baten izena edo akronimoa erabili nahi izanez gero, izen hori erabiltzeko eskubidea duen pertsona fisiko edo juridikoaren baimena beharko da edo, horrek gaitasunik ez badauka, haren legezko ordezkariarena.

  1. – Ezin da lehendik dagoen fundazio baten izen berdina jarri.

  2. – Berdintasuna dago, izenen artean erabateko antzekotasuna baldin badago eta honelako kasuetan:

    1. Hitz berak ordena, genero eta numero desberdinekin erabiltzen direnean.

    2. Hitz nahiz esamolde orokor edo osagarri, artikulu, adberbio, preposizio, juntagailu, azentu, gidoi, puntuazio zeinu nahiz bestelako osagaiak gehituta naiz kenduta, hitz berak erabiltzen direnean, edo hitz berdinak hizkuntza ofizial desberdinetan erabiltzen direnean.

    3. Adierazpide fonetikoa berdina denean; hori gertatzen da proposatutako izena lehendik zegoen beste izen batekin nahasten denean.

  3. – Ez da onartuko artikulu honetan ezarritako arauak urratzen dituen izenik, edo beste erregistro publiko batean inskribatuta dagoen eta lehenagokoa den beste entitate baten izenarekin bat datorren edo antzekotasunik duen izenik; era berean, ez da onartuko legedi jakin batek babestutako edo beste entitate publiko zein pribatu batzuentzat gordetako izenekin bat datorren izenik.

  4. – Beste entitate baten izenarekin berdintasuna bada ere, beste izen batekin bat ez datorren izenaren egiaztagiria eman daiteke, baldin eta eskaera entitate horrek berak egiten badu edo, bestela, eragindako entitateak baimena ematen badu.

  5. – Beste fundazio bat xurgatzen denean edo fundazio berri bat sortzen denean, xurgatutako edo desagertutako fundazioarekin bat datorren izena onartuko da.

  1. – Fundazioaren izena osatzeko ez da nahikoa izango Espainiaren izena, autonomia erkidegoena edo toki entitateena erabiltzea, ezta erakunde ofizial edo publikoen izenak, nazionalak nahiz nazioartekoak, erabiltzea ere, salbu eta izen hori fundazioena eurena denean.

  2. – Ezin izango da fundazioaren helburuekin zerikusirik ez duten jarduerei buruzko izenik erabili, ez eta fundazioaren jarduera edo izaerari buruz errakuntzarik edo nahasterik sortu dezakeen izenik ere.

  3. – Ezin izango da legeen aurkako hitzik edo adierazpenik erabili, ezta pertsonaren oinarrizko eskubideak urratzen dituenik ere.

  4. – Indarrean dagoen legedian izenen gainean jasotako debekuak eta erreserbak beteko dira.

  1. – Izenen arteko berdintasunik ez dagoela egiaztatzeko eskabidea —gehienez, hiru izen— Erregistroari idatziz zuzendu beharko diote doakienek.

  2. – Erregistroak izena kalifikatu eta 10 egun balioduneko epean emango du dagokion egiaztagiria. Eskatutako izenak bat baino gehiago baldin badira, eskabidean agertzen diren hurrenkeraren arabera erabakiko dira, eta berdintasun-ezaren egiaztagiria jasotzen duen lehendabizikoa gordeko da.

  1. – Eskatutako izena inskribatu gabe dagoela erakusten duen egiaztagiria ematen denean, izenen fitxategi berezian gordeko da hura aldi baterako; hain zuzen ere, egiaztagiria ematen denetik hasi eta urtebeteko epean gordeko da.

  2. – Fundazioaren izena edo izenari eragiten dion estatutuen aldaketa epe horretan inskribatzen ez bada, Erregistroan gordetako izena iraungi eta ofizioz ezeztatuko da. Aitzitik, fundazioaren eraketa edo estatutuen aldaketa lehen adierazitako epearen barruan inskribatzeko eskaera egingo balitz, izenaren erreserba luzatu egingo litzateke Erregistroko inskripzioa gauzatu arte.

  1. – Fundazioen gobernu-organoek, fundazio berrien sustatzaileek eta fundazioen elkarte ordezkariek kontsultak egin ahal izango dizkiote Erregistroari, beronen eskumeneko gaiei buruz.

  2. – Kontsulta horiek idatziz zuzenduko zaizkio Erregistroko arduradunari.

Erregistroak ematen dituen erantzunak argibideetarako baino ez dira izango. Beraz, ez dute ez eskubiderik, ez eskubide-itxaropenik sortuko, ez eskatzaileentzat, ezta hirugarrenentzat ere. Ez dute geroko prozedurekin inolako loturarik izango eta ezingo zaie errekurtsorik jarri; horrek ez du esan nahi, hala ere, inskripzioaren kalifikazioaren aurka egiterik izango ez denik.

Erregistroan inskribatzeko espedienteak izapidetzeko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legean eta Erregelamendu honetan ezarritako alde batera utzi gabe.

  1. – Baimena duten pertsonek aurkeztuko dituzte Erregistroan inskribatu beharreko agiriak, Erregistroaren Estatutuetan eta idazpenetan jasotakoaren arabera.

  2. – Aurkeztutako agirien sinadurak legeztatuak izan beharko dira, egiazkotasuna bermatzeko, legediak hala eskatzen badu edo Babeslaritzak beharrezko irizten badio.

Arau fiskalak betetzen direla egiaztatu beharko da, horietan ezarritako moduan, betiere agirietan jasotako egintzei edo Erregistroan aurkeztutako agiriei eurei eragiten badiete.

Espediente bat ofizioz hasten bada, fundazioaren gobernu-organoari berehala jakinaraziko zaio, espedientea ebazteko beharrezko datuak aurkeztu eta egokitzat jotzen duena alega dezan; nolanahi ere, ez da alde batera utziko administrazio-prozedura erkidean jasotakoa, espedientea ebatzi aurretiko entzunaldiaren izapideari dagokionez.

  1. – Eskatutako inskripzioaren ondorioz, beharrezkoa baldin bada pertsona fisiko baten identitatea jasotzea idazpenetan, inskripzioa egiteko agirietan honako datu hauek jasoko dira: izena, abizenak, helbidea eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo, hala badagokio, agiri horren legezko baliokidearen zenbakia.

  2. – Pertsona juridikoen kasuan, dagokion erregistroko inskripzio-datuak jasoko dira aurkeztutako agirietan.

Erregistroak argibide-liburuxkak eman ditzake, Erregelamendu honetan aipatzen diren prozedurei buruz, bai eta eredu orientagarriak ere, administrazio-izapideak egiteko fundazioek aurkeztu beharreko agirien gainean.

  1. – Inskribatu beharreko egintzen egiaztagirien bi ale aurkeztuko dira, berariaz eskumena eman zaionak sinatutako inskripzio-eskabidearekin batera. Erregistroan inskribatu beharreko agiria eskritura publikoa bada, bi kopia eskuetsi ere aurkeztuko dira.

  2. – Jatorrizko ale bat espedientearen edo protokoloaren artxiboan gordeko da, eta bestea interesatuari itzuliko zaio Erregistroan sartu dela adierazten duen oharra jarrita.