Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

35/2007 DEKRETUA, otsailaren 27koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko B.1 lanbide-taldeko osasun-arloko profesionalen lanbidearen garapena arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ogasun eta Herri Administrazio Saila; Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 59
  • Hurrenkera-zk.: 1786
  • Xedapen-zk.: 35
  • Xedapen-data: 2007/02/22
  • Argitaratze-data: 2007/03/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak, Erizaintzako Diplomatuen (B.1) taldearentzako lanbidea garatzeko sistema martxan jartzea, arlo arauemaileari dagokionez, Osasun Sistema Nazionalaren kohesioari eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legean sartzen da, izan ere, 40. eta 41. artikuluetan aitortu egiten baitzaie ondokorako eskubidea osasun-arloko profesionalei: "ezagutzei, asistentzia-atazetan esperientziari, ikerketari eta zerbitzuak ematen dituzten erakundearen helburuak betetzeari dagokienez, euren lanbide-garapena aitorturik banan-banan aurrera egiteko duten eskubidea, alegia."

Bestalde, Osasun-arloko Lanbideak Antolatzeko 44/2003 Legeren 37. artikuluak aitortu egiten die, —antzeko zehaztapenekin— osasun-arloko profesionalei euren lanbidea garatu ahal izatea.

Halaber, Osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileen Estatutu Markoari buruzko 55/2003 Legeak 40.1 artikuluan zehazten duenez, "mahai egokiekin negoziatu ostean, euren osasun-zerbitzuetako estatutupeko langileei dagokienez, lanbide-karreraren mekanismoak ezarriko dituzte autonomia erkidegoek, betiere gainontzeko zerbitzu publikoetako aplika dakizkiekeen arauetan oro har ezarritakoarekin bat etorriaz, halako moldez non osasun-erakundeen kudeaketa hoberenarekin batera langileek promozionatzeko duten eskubidea ahalbidetzen den."

Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 25., 26., 27. eta 28. artikuluek (langileen erregimenaren III. kapitulua osatzen dute) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Sailaren politikak argi uzten dute honako borondate hau: norbanakoen lorpenak errekonozitu eta egiaztatuko dituzten lanbide-garapeneko abiaraztekoa, eta partaidetzaren, autonomiaren eta erantzukidetasunaren arteko konbinazio onena lortzekoa.

Giza baliabideak garatzeak garrantzi estrategikoa du Osakidetzarentzako, eta hori hala nabarmendu da bere 2003-2007 Plan Estrategikoaren ildo nagusietan eta funtsezko printzipioetan. Bere oinarrien barruan, Osakidetzak bere egiten du: erkidegoko herritarrei kalitateko zerbitzuak eginkizuna burutzeko, ezinbestekoa dela pertsonen eta batez ere osasun-arlo profesionalen lanbide-garapena eta inplikazioa. Osasunaren arloan jazotzen diren aurrerakuntza teknologiko eta zientifikoei doakienez eguneratu eta egokitzeak osasun-arloko jardueretan kudeaketa eragingarriagoaren beharrak ezinbestekoa egiten du profesionalek partaidetza motibatua izatea, erronka teknologiko berriei aurre egitea eta premiei eta garai berriei egokitzea. Osasun-arloko profesionalen aipatu ekarpena planifikatu, kudeatu eta ebaluatu egin behar da, hain justu ere Osakidetzako helburuei dagokienez euretako bakoitzak egiten duen ekarpen banakoa espresuki aitortu ahal dadin.

Esandakoaren arabera, profesionalek era indibidualizatuan arrera egiteko duten eskubidea gauzatzea dakar lanbide-karrerak, betiere zerbitzuan ematen dituzten erakundeko helburuak betetzeari, esperientziari eta ezagutzeei dagokienez euren lanbide-garapena aitortzeko. Karrerak, aldi berean, herritarren errekonozimendua izateko eskubidea ahalbidetzen die osasun-arloko profesionalei, kontuan izanik bakoitzaren ahalegina eta egunez egun gauzatzen duten eginkizunaren kalitatea, euren lan-bizitza osoan zehar. Marko horren barruan, eta ebaluatutako gaitasun-profilari eta erakundeko helbururi dagokienez, bikaintasun profesionalean oinarriturik errekonozimendu-, motibazio- eta sustapen-sistema bat ezarri nahi du Legeak; eta hala, profesionalen lanaren kalitate-maila hobetu, ezagupen eta gaitasunak kudeatzeko sistema moderno baten oinarritutik.

Profesionalak motibatzeko eta osasun-zerbitzuen kudeaketa hobetzeko tresna eragingarria izan nahi du lanbidea garatzeko sistemak, betiere, lanbideak dituen eremuetan, planifikazio baten barruan profesionalek aurrera egitea bultzatzeko. Garapen-sistema hau profesionalen eskubidetzat jotzen da, hain justu ere bizitza profesionalaren barruan honako hauek egitea ahalbidetzen diena:

  1. Bakoitzak dituen ezagutzak, abildadeak eta portaerak direla-eta profesionalki dagokion mailan kokatuko duen garapen-sistema batera sartu ahal izatea, borondatez.

  2. Norberaren gaitasunekin eta lanbideak eta erakundeak ezarritako exijentzia eta posibilitateekin bat etorriaz lanbidearen garapen progresiboa ahalbiderzeatako aukerak.

  3. Ekarpen banakoaren funtzioa aitortu eta ebaluatzea ahalbidetzea. Guzti horrekin ondoko ezaugarri behinenak dituen garapen-eredua ezarri nahi da: dinamikotasuna, eragingarritasuna, osasun-lanbidean sortutako aldaketei egokitzeko gaitasuna, sistemaren beraren etengabeko hobekuntza eta lortutako mailak finkatzea.

    Halaber, osasun-erakundearentzako aukeratzat jotzen da, izan ere, erakundeak eta profesionalek behar dituzten jokabide eta gaitasunak gauzatzera bideratutako kudeaketa-sistema ekarriko baitu, hain justu ere erakundea eraginkorra izateko eta bezeroei ematen zaien atentzioaren kalitatea etengabe hobetzeko.

    Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren eta Osasun sailburuaren proposamenez, nahitaezko txostenak aztertu ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko otsailaren 27an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko erakundeetan lanean dihardutela, langileen lanbidearen garapena arautzea du helburu dekretu honek, zehazki, bere aplikazio eremuan sartzen diren langileei dagokienez.

  1. – Arau honek erregulatzen duen lanbide-garapenaren eredua Osakidetzan plaza finkoa duten erizaintzako diplomatuei (B.1 lanbide-taldea) aplikatu zaie, betiere Osasun-arloko Lanbideak Antolatzeko Legean jasotako sailkapenarekin bat etorriaz, eta bai Euskadiko Antolamendu Sanitariotrn 8/1997 Legeko xedapen gehigarrietako laugarrenean xedatukoarekin eta zuzenbide pribatuko Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua Erakunde Publikoaren Lanpostu Funtzionalak arautzen dituen 186/2005 Dekretuarekin ere.

  2. – Garapen profesionaleko sistemak ez dauka zerikusirik kudeaketa-karrerarekin, eskuratutako garapen-maila ebaluatu eta aintzatesteko ondoreetarako biak bateragarriak direla, dekretu honetan ezarritako zehazpenen eta gainerako arau aplikagarrien arabera.

  3. – Lan finkorik ez duten langileak beren garapen profesionalaren ebaluazioan aurkeztu ahal izango dira, betiere beren lanbide-kategorian emandako zerbitzuen betekizuna betetzen badute. Aintzatetsitako mailak ondorio ekonomikoak ekarriko ditu, profesionalak kategoriaren jabetzako izendapena lortzen duen unetik aurrera.

    Maila hori behin betiko izendapena eskuratzeko hautaketa-prozesuetan baloratu ahal izango da, deialdi bakoitzak zehazten duen bezala

Honakoak dira lanbide-garapeneko sistemaren helburuak:

  1. Profesionalak inplikatzea Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren helburuen eta pertsonen igurikapenen arteko bateratasun-maila handia lortzeko, beren hazkunde profesionalak osasun arreta hobetzen laguntzeko moduan.

  2. Hazkunde profesionalarentzako etengabeko eta banakako jarrera sustatzea, profesionalei epe ertain edo luzera begira erantzukizun zailagoak eta zorrotzagoak eskainiaz.

  3. Profesional bakoitzak hurrengo eremuak bezalakoetan egindako ekarpen berezia aintzatestea.

    1. – Gaixoaren arreta hobetzea.

    2. – Norberaren gaitasunak era lanbide-eremua hobetzea.

    3. – Zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetzea.

    4. – Ikerketa, irakaskuntza eta ezagutzen zabalkundearen arloetan Antolamenduari egindako ekarpenak.

  4. Aipatutako ekarpen berezia bere garapenaren arabera ordaintzea-

  5. Pertsonen kudeaketa osoaren barnean tresna garrantzitsua izatea, profesionalak beren garapenean bertan eta Antolamenduaren etorkizuneko beharrizanen arabera bideratzea ahalbidetzen duena.

  1. – Garapen profesionaleko sistema ondoko bost mailetan egituratzen da. Maila horiek garapenaren profil bereizi eta mailakakoei dagozkie, baita funtzionamendu-eduki eta -eskakizun ezberdinei ere:

    Maila Nomenklatura Lanean emandako urteak

    Sarbidea Oinarrizko diplomatua 5 urte baino gutxiago

    I Aditua 5 urte edo gehiago

    II Aditu seniorra 11 urte edo gehiago (+6)

    III Kontsultorea 18 urte edo gehiago (+7)

    IV Kontsultore seniorra 25 urte edo gehiago (+7)

  2. – Dekretu honen ondorioetarako, lanean emandako denboratzat joko dira barnean zerbitzu aktiboan edo lanpostua gordetzen duen lanpostu baliokidean, garapen profesionalaren maila aintzatesteko aukera ematen duen lanbide-kategoriako lanpostu funtzionaletan edo antolamendu eta eginkizunen aldetik Osasun Sistema Nazionalean sartuta dauden osasun erakundeetako kategoria edo lanpostu baliokidean, benetan lan egindako denboraldiak, baita Ikerketako Zentro Ofizialetan edo Osasun Sistema Nazionalari atxikitako erakundeetan ikerlari lan egindako denboraldiak ere.

  3. – Era berean, ebaluazioa eskatzeko unean bere kategoriakoa ez den beste lanpostu funtzional batean lan egiten emandako denboraldiak ere zenbatuko dira –osasun-zientzien espezialistaren titulu ofiziala lortzeko emandako prestakuntza-urteak kenduta-, betiere lanpostua burutzeko osasun arloko diplomatuaren mailako titulazioa eskatu bada.

  4. – Maila goragoko batean sartzeko, aurreko mailan emandako denboraren barruan eskuratu diren merituak baino ez dira kontuan haertuko.

  1. – Lanbidearen garapenerako sistemara sartzeko baldintzak honako hauek dira:

    1. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko langile finkoa izatea eta zerbitzu aktiboan izatea B.1 taldeko lanpostu funtzional baten, eskabidea aurkezten denean.

      B.1 taldeko lanpostu funtzionalean, 4. artikuluan ezarritako mailetariko bakoitzerako zerbitzu-urteak beteta izatea.

    1. Ezartzen diren epe eta formalitateekin aurkeztea eskabidea.

    2. Ebaluazio egokia gainditzea.

  2. – Behin sistemara sartuta, mailaz promozionatzea goitik lehenengo dagoenerantz bakarrik egin ahal izango da.

  3. – Lanbidearen garapenerako sistemara sartzen direnek honako obligazioa izango dute: kategoria berdinekoei dagokienez, bere unitate edo zerbitzuko edo, behar bada, beste zerbitzu-erakunde bateko profesionalen ebaluazioetan laguntzekoa, hartarako eskabidea egiten bazaio.

Faktoreetariko bakoitza baloratzeko kontuan izango da tipologia profesionala, ondoko sailkapenaren arabera:

  1. Emagina.

  2. Osasun mentaleko erizaina.

  3. Laneko osasuneko erizaina.

  4. Lehen mailako atentzioko erizaina.

  5. Atentzio espezializatuko erizaina.

  6. Fisioterapeuta.

  7. Beste osasun diplomatu batzuk: Terapeuta Okupazionala, Giza Nutrizioan eta Dietetikan Diplomatua, Optika eta Optometrian Diplomatua, Logopedian Diplomatua.

Garapen profesionalaren ondorioetarako, hurrengo faktoreen balorazioak profil profesionala zehaztuko du:

  1. Jarduera asistentziala: erakundearen helburuak eta funtsezko emaitzak betetzen laguntzera bideratzen diren ekintzak.

  2. Lanbide-eremua: profesionalak eskuratu eta bere jarduera asistentzialari gehitu dion oinarrizko kalifikazioa osatzen duten ezagutza, gaitasun, bizipen eta jarrerak barne hartzen ditu. Bere baliabide profesionala osatzen du, eta bere lanbidea burutzeko modua zehazten du.

  3. Etengabeko prestakuntza: profesionalak etengabe eguneratu eta ezagutza eta teknika berriak bereganatzeko duen jarrera islatzen du. Halaber, bere lanbide-eremuari lotutako teknologietan berritzera bideratzen diren ekintzak barne hartzen ditu.

  4. Irakaskuntza eta ezagutzen zabalkundea: ezagutza, trebetasunak eta esperientzia tekniko-asistentzialak eta kudeaketarenak modu formalean zabaltzen laguntzen duten jarduerak hartzen ditu barne; betiere, erakundearen intereseko eta lehentasunezko ildoetan, aipatutakoa argitalpenekin, komunikazioekin, biltzarretako ponentziekin eta jardunaldiak antolatuaz egiten bada.

  5. Ikerketa: Ikerketa-proiektuei dagokienez planifikatu, zuzendu, kudeatu eta parte hartzeko egintzak hartzen ditu, eta bai ikerketaren promozio- eta zabalkunde-jarduerak ere.

  6. Erakundearekiko konpromisoa: helburuetan eta arretaren garapen eta hobekuntzan parte hartzeak profesionalaren jarrerak eta portaerak hartzen ditu, erakundearen helburuak betetzen laguntzeari dagokionez.

  1. – Baloratzeko ondorioetarako, sei faktoreak hurrengo hiru blokeka osatuta taldekatuko dira:

    A blokea: Jarduera asistentziala eta lanbide-eremua.

    B blokea: Etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzen zabalkundea, eta ikerketa.

    C blokea: Erakundearekiko konpromisoa.

  2. – Ebaluazioa gainditu eta maila zehatz batean sartzeko, profesionalak gutxieneko puntuazioa lortu beharko du bloke bakoitzean, hurrengo taulan islatzen den bezala:

    faktorea Blokea I. maila II. maila III. maila IV. maila

    Jarduera asistentziala

    Lanbide-eremua A 70 100 123 145

    Etengabeko prestakuntza

    Irakaskuntza eta ezagutzen zabalkundea

    Ikerketa B 20 35 46 57

    Erakundearekiko konpromisoa eta inplikazioa C 15 25 30 35

    GUZTIRA 105 160 199 237

  3. – Nolanahi ere, lor daitekeen puntuazioa lanaldi arrunt eraginkorrari buruzkoa dela ulertuko da, aurreko mailan egon den bitartean eskuratu diren merituak baino ez direla kontuan hartuko.

  1. – Ebaluazio-batzorde espezifiko batek, zerbitzu-erakunde bakoitzean sortutakoak, ebaluazioa burutuko du. Batzorde horretako kideek ebaluatu beharreko profesionalaren maila akademiko bereko edo altuagoko titulazioa izan beharko dute, eta nolanahi ere, Batzordeko kideak diren profesionalek ebaluazioa jasoko duen pertsonaren osasun lanbideko titulazioaren maila berekoa izan beharko dute.

  2. – Zerbitzu-erakundeko zuzendaritza-gerentziako titularrak ebaluazio-batzordea hautatuko du, eta horretako burua izango da. Ondoko kideek osatuko dute batzorde hori.

    1. Erizaintzako zuzendaria.

    2. Pertsonaleko zuzendaria.

    3. Kontseilu Teknikoren proposamenez izendatutako profesional bat.

    4. Langileen ordezkaritzaren proposamenez izendatutako profesional bat.

    5. Ebaluatuaren lanbide-tipologiako profesional bat, 6. artikuluko banaketaren arabera, zerbitzu erakundeko profesionalen artean izendatua-.

    6. Ebaluaturen tipologia edota espezialitatekoa ez den profesional bat, lanbide-erakunde egokiak izendatua, III. eta IV. mailak ebaluatzeko.

    7. Giza baliabideetako teknikari bat, idazkari izango dena eta bileretan hitza eta botoa izango dituena.

  3. – Ebaluazio-batzordeko kide gehienak ebaluatuen osasun-lanbideko profesionalak izatea bermatzeko, dagokien organoek izendapenik egiten ez badute, c) eta d) kasuetan zehaztutako ebaluazio-batzordeko kideak Zerbitzuak Antolatzeko zuzendari gerenteak izendatuko ditu.

  4. – Zerbitzu-erakunde bakoitzean diren baliabideei eta egiturari egokitua izango da batzordearen osaera, betiere profesionalen ordezkaritza bermatuaz bertan, artikulu honetan aurreikusitako proportzioan hain justu ere.

  5. – Ebaluazioak hasi baino lehen, Zerbitzuak Antolatzeko Zuzendaritza-gerentziak izendatuko du batzordea, eta horren osaera Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuaren Intranet eta iragarki-oholean argitaratuko da.

  6. – Batzordeak aholkulari bereziak izatea erabaki dezake, eta horiek batzordekideekin jardungo dute elkarlanean. Batzordekideei eskatutako titulazio-baldintzak bete beharko dituzte aholkulariek ere, eta euren espezialitate teknikoetako arloei dagokienez ebaluazioa balioesteko laguntza ematera mugatuko da euren zeregina. Eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legaz aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 22. eta 27. artikuluetan zehaztutako arauekin bat etorriaz burutu beharko dute euren jarduera.

  1. – Aholku batzorde bat eratuko da, garapen profesionaleko sistemaren ezarpena sustatu eta laguntzeko helburua izango duena eta ondoko eginkizunak burutuko dituena:

    1. Prozesuaren ildo nagusiak zehaztu, eta bere homogeneotasuna zaindu.

    2. Ereduaren diseinua zehaztu, eta baremoak eguneratu.

    3. Deialdi bakoitzaren martxan jartzea, planifikazioa eta prozesua zehztea.

  2. – Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiko titularra batzordeko burua izango da, eta beste sei kide gehiagok osatuko dute, sei ordezkari egongo direla; kide horietako bat Batzordeko idazkaria izango da. Kideak Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez hautatu eta kargutik kenduko dira, ebazpen horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko direla. Batzordeak bere kideei laguntzen dieten aholkulari bereziak egotea xedatu ahal izango du. Era berean, beren jarduera urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22. artikulutik 27. artikulura bitartean zehaztutako arauei lotu beharko zaie.

Lanpostuan sartu eta maila bakoitzean kokatzeko, hurrengo prozedurari jarraituko zaio:

  1. – Ebaluatzeko prozesuaren deialdia.

    Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez ebaluatzeko prozesua deituko da urtero, eta jendaurrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.

    Deialdi bakoitzak bai merituak eskatu eta egiaztatzeko epeak eta sistema, bai puntuazio irizpideak, zehaztu beharko ditu, gutxienez, ebaluatzeko prozesuari lotutako beste alde batzuen artean.

  2. – Ebaluazioa.

    Ebaluatzeko prozesuan ebaluatu beharreko profesionalek, beren lanpostua barne hartzen duen zerbitzu edo unitateko arduradunak, eta erakunde zerbitzuak ondore horretarako eratutako Ebaluazio-batzordeak parte hartuko dute.

    1. Ebaluatu beharreko profesionalak bere eskabidea aurkeztu beharko du Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ondorio horretarako antolatu duen programa informatikoan, horretan etengabeko prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzen hedapen, eta ikerketaren faktoreei buruzko datuak sartu beharko dituela. Deialdian adierazitako irizpideen arabera, bere portaerak modu objektiboan hartuko ditu jarduera asistentzial eta lanbide-eremuaren merituei buruzko informazioaren eta egiaztagirien bidez, hala, unitateko, zerbitzuko edo arloko arduradunak egin beharreko ebaluazioa erraztuaz.

    2. Zerbitzu edo unitateko arduradunak ebaluazioa jasotzen duten pertsonen jarduera asistentzial eta lanbide-eremuari berariaz lotutako gaitasunak ebaluatu beharko ditu, baita erakundearekiko konpromisoari buruzkoak ere. Bere emaitzak azken ebaluazioari gehituko dizkio, horretarako balorazioa jasotzen duen profesionalak berak egindako balorazioa ere izango duela. Halaber, ebalua daitezkeen gainerako faktoreak ebaluatzeko deitu ahal izango zaio. Bere unitate edo zerbitzuko profesional guztien ebaluazioa amaitu ondoren, bere emaitzak aurkeztuko ditu zerbitzu erakundeko Ebaluazio-batzordearen aurrean.

    3. Zerbitzu-erakundeko Ebaluazio-batzordeak prozesuan zehar sortu diren agiri guztiak jaso eta aztertuko ditu, hau da, zerbitzu edo unitateko arduradunek egindako ebaluazioak zein ebaluazioa jasotzen duten profesionalen autoebaluazioa. Emaitzak aztertu ondoren ebaluazioa zabalago egitea komenigarritzat jotzen badu, ebaluazioa jasotzen duen pertsonaren ebaluazio osagarria eskatu ahal izango die haren zerbitzu edo unitateko profesionalei, edo, hala denean, garapen profesionaleko sistemaren barruko beste erakunde batekoei. Bere egitekoa amaitu ondoren, egiaztatutako mailen behin-behineko zerrenda egin eta onetsiko du, eta zerrenda hori bidaliko dio Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari.

  3. – Ebaluazioa ebaztea.

    Ebaluazio ezberdinak jaso ondoren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak ebaluaziook aurkeztuko ditu batzordearen aurrean, deialdian ezarritako ebaluatzeko irizpideekin bat datozen aztertzeko. Batzorde horrek txostena egin ondoren, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideetako Zuzendaritzak hedabide korporatiboetan argitaratzeko aginduko du ebazpenaren bidez. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren aurrean hilabeteko epean, txostena argitaratu eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

    Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako errekurtsoak ebatzi, eta eskuratutako mailak behin betiko esleituko ditu, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpenaren bidez. Aipatutako ebazpenak administrazio-bidea amaituko du.

  4. – Ebaluazioaren ondorioak.

    Dagokion mailan kokatzetik ondorioztatutako ondorio ekonomikoak eskabidea ebatzi eta hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera sortuko dira, dekretu honek beren-beregi bestelakoa ezartzen duen kasuetan izan ezik. Ebaluazio negatiboa jasotzekotan, profesionalak beste ebaluazio bat eskatu ahal izango du azken ebaluazioa egin denetik bi urte igaro ondoren, mailen behin betiko esleipenari buruzko ebazpena ematen denetik zenbatuta.

Garapen profesionalaren maila aintzatesteak lanpostuaren osagarria jasotzea ekarriko du. Osagarri horren bidez, norberari dagokion garapen-mailan helburu asistentzialak etengabe betetzea sustatu nahi da, urteko hurrengo zenbatekoen arabera:

  1. – I. maila: 1.775 euro.

  2. – II. maila: 3.555 euro.

  3. – III. maila: 4.740 euro.

  4. – IV. maila: 6.515 euro.

    Aitortutako azken mailari dagokion zenbatekoa baino ezingo da jaso.

Pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek ebaluazioa eskatu ahal izango dute, aipatutako lanpostuak betetzen dituzten bitartean, eskura dezaketen maila egiaztatzeko asmoz. Ondoko zehazpenak egongo dira:

  1. Beren zerbitzu edo unitateko gainerako profesionalentzat ere ebaluagarriak diren faktore berberak ebaluatuko dira, jarduera asistentzial eta lanbide-eremuari buruzko aldeak izan ezik. Era berean, beren ebaluazioak zerbitzu edo unitaterako ezarritako helburuak betetzea ere barne hartuko du.

  2. Kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten bitartean, horiei esleitutako ordainsariak jasoko dituzte, helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak barne -produktibitate gisa—.

  3. Lanpostu horietan emandako denbora lanean emandako urteen barnean zenbatuko da maila ezberdinetan sartzeko.

Egoerak sei hilabete baino gehiago irauten badu, senideak zaintzeko eszedentzian dauden, erakundeak eskatuta emandako prestakuntzarako baimena duten edo euskaraz ikasteko liberatu diren profesionalei beren unitate edo zerbitzuko antzinatasun talde beraren barneko profesionalek eskuratu duten bataz besteko puntuazioa esleituko zaie jarduera asistentzial, lanbide-eremu eta erakundearekiko konpromisoaren faktoreen puntuazio gisa, egoera horretan dauden bitartean.

Arau honetan ezarritako garapen profesionaleko sistema mailaka ezarriko da, hiru deialdiren bidez:

  1. Lehenengo deialdian, I. eta II. mailak deituko dira deialdia egiten den egunean lanean 16 urte, gutxienez, eman duten profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren 1etik hasiko dira. 2006. urteko ordainsarien zenbatekoa ekitaldi horretako ordainsarien baloreei egokituko zaie.

  2. Bigarren deialdian, I. eta II. mailak deituko dira gainerako profesionalentzat, eta ondorio ekonomikoak 2007ko urtarrilaren 1etik hasiko dira.

  3. Hirugarren deialdian, 4. artikuluko betekizunak konplitzen dituzten profesional guztientzat maila guztietarako deialdia egin da, aldez aurretik ebaluatutakoak barne direla, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorio ekonomikoekin.

    Ezarpen-aldian, aurkeztutako espedientea baliozkoa izango da ondoko ebaluazioetarako, nahiz eta deialdien artean igaro den denboran eskuratu diren merituak aurkeztu ahal izango diren.

Kasu guztietan, dagokion ebaluazioa gainditu beharko da, eskatzailearen ibilbide profesional osoa maila bakoitzean aplika daitezkeen aldeetan ebaluatuko dela, hurrengo ataletan biltzen diren zehazpenei jarraiki.

  1. Fase honetan, I. eta II. mailetarako bakarrik, faktoreen bloke bakoitzean ez da beharrezkoa izango 8. artikuluan adierazitako gutxieneko puntuazioa lortzea, nahikoa izango baita lortutako puntuazioen baturak orokorrean eskatzen den gutxieneko puntuazioa gainditzea.

  2. Ezarpen-fasean, I. eta II. mailetarako, 8. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren aldeko aukera egin dezake edo antzinatasunaren araberako puntuazio gehigarriaren aldekoa, betiere etengabeko prestakuntzaren, irakaskuntzaren eta ikerketa eta ezagupenak zabaltzearen faktoreak balorazteko.

    I. eta II. mailetarako antzinatasunaren faktore zuzentzailea aukeratzen bada, etengabeko prestakuntza, irakaskuntza, jakintzaren hedapena eta ikerketa baloratzerakoan lortutako puntuazioaren guztirakoak eta antzinatasunagatiko puntuazio osagarriak ez dute 35 puntu gainditzerik izango.

    4. artikuluan finkatutako izapideei jarraituz baloratutako antzinatasun-urteen araberako puntuazio gehigarria hau izango da:

    5 urte = 7 puntu 6 urte = 8 puntu.

    7 urte = 9 puntu 8 urte = 10 puntu.

    9 urte = 11 puntu 10 urte = 12 puntu.

    11 urte = 13 puntu 12 urte = 14 puntu.

    13 urte = 15 puntu 14 urte = 16 puntu.

    15 urte = 17 puntu 16 urte = 18 puntu.

    17 urte = 19 puntu 18 urte = 20 puntu.

    19 urte = 21 puntu 20 urte = 22 puntu.

    21 urte = 23 puntu 22 urte = 24 puntu.

    23 urte = 25 puntu 24 urte = 26 puntu.

    25 urte = 27 puntu 26 urte = 28 puntu.

    27 urte = 29 puntu 28 urte = 30 puntu.

    29 urte = 31 puntu 30 urte = 32 puntu.

    31 urte = 33 puntu 32 urte = 34 puntu.

    33 urte = 35 puntu 33 urtetik gora = 35 puntu.

  1. Edonola ere, ebaluatuak ebaluazioaren fase arruntean eska daitezkeen alderdi kurrikularrak sartu beharko ditu bere eskabidean.

Ezarpen-aldian pertsona taldeen edo arlo espezifikoen gaineko erantzukizuna dakarten kudeaketa lanpostuak betetzen dituzten profesionalek hautatu ahal izango dute aintzatesten zaien mailaren arabera garapen profesionalaren osagarria jasotzea ala helburuak betetzeagatik zehazten diren zenbatekoak kobratzea. Aukera hori baliozkoa izango da kudeaketa-lanpostua gauzatzen den bitartean, eta ez da inola ere jasoko bi kontzeptuengatiko ordainsaririk.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2007ko otsailaren 27an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (6)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.