Arautegia

Inprimatu

248/2006 DEKRETUA, azaroaren 28koa, sasoiko langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak eta haien baimentzea, erregistroa eta egiaztapena arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila; Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 6266
  • Xedapen-zk.: 248
  • Xedapen-data: 2006/11/28
  • Argitaratze-data: 2006/12/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Industria; Funtzio publikoa; Hirigintza eta etxebizita; Nekazaritza eta arrantza; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ordenamendu juridikoak argi eta garbi ezartzen du botere publikoak behartuta daudela oztopo guztiak kentzera eta beharrezkoak diren ekimenak sustatzera bertan bizi diren atzerritarrek, nazioko biztanleen baldintza berdinetan, etxebizitza egokiaz gozatzeko edota bizileku duina izateko aukera izan dezaten.

Horrela, Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalaren 25. artikuluko 1. idatz-zatiak eta 1966ko abenduaren 16an onartu zen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazioarteko Itunaren 11. artikuluko 1. idatz-zatiak diote pertsona ororen eskubidea dela etxebizitza egokia izateko moduko bizitza-maila izatea; Lanaren Nazioarteko Erakundearen (LANE) 1949ko C97 Hitzarmenak, langile etorkinei buruzkoak, 6. artikuluko 1. idatz-zatian dio hitzarmena berresten duten herrialde guztiek bertako biztanleei nahiz legezko egoeran dauden etorkinei tratu bera eman behar dietela, besteak beste, etxebizitzaren arloan; orobat, LANEren 2001eko C184 Hitzarmenak, nekazaritzako segurtasunari eta osasunari buruzkoak, 19. artikuluko b) idatz-zatian dio agintari eskudunek sasoiko langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko arauak ezarri behar dituztela; bestalde, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea bermatzen die espainiar guztiei eta, Atzerritarrei buruzko Lege Organikoaren 3. artikulua aplikatuta, eskubide hori Espainiako estatuan bizitzeko baimena duten pertsona guztiengana zabaldu da; Atzerritarrei buruzko Lege Organikoaren 42. artikuluko 2. idatz-zatiaren arabera, lan-baimenak emateko, «sasoiko langileei duintasun- eta higiene-baldintza egokietan ematen zaiela ostatu bermatu behar da»; halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 9. artikuluari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak bertako herritarren oinarrizko eskubideak eta betebeharrak egoki gauzatzen direla zainduko du, etxebizitza duin eta egokiaz gozatzeko eskubidea barne, Atzerritarrei buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluaren baitan Erkidegoan bizi diren atzerritarrei ere aplikatu beharrekoa.

Hala ere, sasoiko langile atzerritarren errealitateak eta, proportzio askoz ere txikiagoan, baita sasoiko langile nazionalenak ere, gabezia handiak ditu sasoiko lanak egin bitartean dituzten ostatuen baldintzei dagokienez.

Azken urteotan, sasoiko lanaren eskaria hazi egin da. Hainbat arrazoi direla medio (Espainiako lan-merkatuaren segmentazioa; nekazaritzako soldata txikiak; langile nazionalek landakoak baino hobeto ordaindutako, gizarte-prestigio handiagoko eta gogortasun fisiko gutxiagoko lanak lortzeko aukerak izatea ahalbidetzen dieten gizarte- eta familia-babeseko mailak, etab.), ia sasoiko langile guztiak etorkin atzerritarrak dira, bereziki Europako Erkidegokoak. Langileen eskariaren gehikuntza hori modu desordenatuan gertatu da eta hainbat arazo ekarri ditu: legezkotasun-arazoak langileen bizileku-egoeretan, gizarte-plangintzako arazoak talde horiek aldi baterako eskatzen dituzten ondasun- eta zerbitzu-beharrei dagokienez, besteak beste, hezkuntza-ondasun eta zerbitzuak, prestakuntzazkoak, ostatu eta etxebizitzakoak.

Halaber, egiaztatu da oso garrantzitsua dela gizarte- eta talde-egiturek sasoiko langileen talde batzuengan duten eragina. Izan ere, hainbeste gabezia dituen testuinguru horretan, beren hierarkia-harremanak mantendu egiten dira.

Arazo horretaz jabetuta eta horren ildotik, Eusko Legebiltzarrak, 2002ko abenduaren 22ko osoko bilkuran, Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, arlo honetan zerikusi gehien duen sail gisa, Nekazaritza eta Arrantza Sailari eskatu zion Sasoiko Langileen Arretarako Plan Integrala presta zezala eta Erakunde Arteko Mahaia sor zezala, planean aurreikusitako zereginak koordinatzeaz ardura zedin. Eta halaxe gauzatu zuen esandakoa: apirilaren 29ko 97/2003 Dekretua argitaratu zuen, horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanaren Erakunde Arteko Mahaia sortu eta arautzeko, eta 2004ko ekainaren 30ean Sasoiko Langileen Arretarako 2004-2007ko Plan Integrala onartu zen.

Une honetan, eta Eusko Legebiltzarrean hasitako lanari jarraipena eman eta hori are gehiago zehazteko, eta adierazitako arrazoiengatik, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak premiazkotzat hartzen dute sasoiko ostatuei dagokienez dagoen gabezia edota desegokitasunaren aurrean zuzenean esku hartzea dekretu honen bidez. Honek Euskal Autonomia Erkidegoko sasoiko langileen ostaturako etorkizunean erabiliko diren higiezinen gutxieneko baldintzak finkatzen ditu eta behin-behineko aldia ezartzen du, egun xede hori duten baina arauak betetzen ez dituzten higiezinak egokitzeko.

Era berean, dekretu honen bidez sail horiek EAEko Inmigrazio Planarekin eta horren zati den EAEko Sasoiko Lanaren Planarekin bat etorriz egun gauzatzen ari diren ekintzak edo gauzatuko direnak indartu nahi dituzte. Ekintza horien helburua sektoreari aplikatu beharreko lan-arauak eta Gizarte Segurantzakoak erabat bete behar direla sustatzea da, baita enplegatzaileek eurek langileak zuzenean eta jatorrian kontrata ditzaten bultzatzea ere, bitartekariak erabiltzeari uko eginez.

Hori horrela, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak hala proposatuta, eta sektore interesdunari kontsulta egin ondoren eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko azaroaren 28ko bilkuran hori aztertu eta onartu ondoren, honakoa

Dekretu honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei ostatu ematera bideratutako higiezin eta ekipamendu guztiek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak zehaztea da.

  1. – Dekretu honetan jasotako gutxieneko baldintzak nahitaezkoak dira sasoiko langileei ostatu ematera bideratutako higiezin eta ekipamendu guztietarako, hauen tipologia eta izaera edozein dela ere, nola eraikuntza berrikoak izan hala funtzionamenduan egon dekretu hau indarrean sartzen denean, eta kontuan hartu gabe jabeak, edo higiezin nahiz ekipamenduaren gainean beste tituluren bat dutenak pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak edo pribatuak diren.

  2. – Ondorio guztietarako, ekipamendu horiek, publikoak direnean eta bertan gizarte-laguntzako zerbitzuak eskaintzen direnean, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistemarekiko ostatu-zentro laguntzailetzat hartu ahal izango dira.

  1. – Jabetzan edo beste titulu juridikoren baten pean duten higiezin edo ekipamendua sasoiko langileei ostatu emateko egokitzat har dadin nahi duten pertsona fisiko edo juridikoek Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikitako erregistroan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan aurkeztuko dute eskabidea, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzari zuzenduta.

  2. – Eskabideak III. eranskinean jasotako ereduari jarraiki aurkeztuko dira, bertan zehazten diren agiriekin batera. Agiri horiek jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izango dira.

  3. – Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzak sumatzen badu aurkeztutako eskabidean akats edo okerren bat dagoela, edo ez dituela betetzen dekretu honetan ezartzen diren betekizunak, edo agiriak falta direla, eskaeragileari jakinaraziko dio eta 10 eguneko epea emango dio arazoa konpontzeko. Epe hori igaro eta arazoa konpondu ez badu, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez eskaera bertan behera utzi dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz.

  4. – Eskaera-orrian eta honekin batera aurkeztutako agirietan jasotako datuak aldatuz gero, nola baimena eman aurretik hala ondoren, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio, gertatu eta gehienez hamar eguneko epean.

  1. – Baimena emateko edo ukatzeko ebazpena eman aurretik, beharrezko irizten diren frogatzeak eta egiaztapenak egin ahal izango dira, baita «in situ» bisitak ere interesdunaren instalazioetara, baimena eskatzeko xede den jarduera garatzeko dituen lokalak, instalazioak eta bitartekoak ikuste aldera. Jardun horietan oinarrituta txosten teknikoa egingo da eta, bertan, zehatz-mehatz jasoko dira egindako frogatzeak eta horien emaitzak.

  2. – Sasoiko langileei ostatu emateko egokitzat jotzen den higiezin edo ekipamendu gisa onartu edo ukatzeko ebazpena Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariak emango du eta gehienez hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikitako erregistroan sartzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro eta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek beren eskabidea onartu dela ulertu ahal izango dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

  3. – Ebazpenak, gutxienez, honakoak jasoko ditu: sasoiko langileei ostatu emateko egokia den higiezin edo ekipamendutzat hartzea onartu edo ukatzen den eta baimen horrek zein egunetik aurrera izango dituen ondorioak.

  4. – Dekretu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzeak baimena kentzea eragingo du Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez.

Eraikin, bizileku eta ekipamenduen tipologiak honela sailkatzen dira:

  1. Enplegatzailearen etxebizitzari atxikitako bizilekuak eta antzekoak (nekazaritzako eta abeltzaintzako ekipamendua gordetzera bideratuta zeuden eraikin zaharrak).

  2. Ostatu-zentro publikoak.

  3. Izaera pribatuko beste higiezin eta eraikin batzuk, enplegatzaileak bere borondatez eta aldi baterako sasoiko langileei ostatu emateko erabiltzen dituenean.

Proiektatutako ostatuek, nola eraikuntza berrikoak direnean hala jada eraikitakoak katalogatzeko edo funtzionamenduan dauden higiezin edo ekipamenduak birgaitzeko direnean, bete behar dituzten egokitasun-baldintzak edo baldintza material eta funtzionalak dekretu honen I. eta II. eranskinetan jasotzen dira.

  1. – Euskal Autonomia Erkidegoko sasoiko langileei ostatu ematera bideratutako higiezinen eta ekipamenduen erregistroa sortu eta arautzen da.

  2. – Erregistroa publikoa eta bakarra da Euskal Autonomia Erkidegorako eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailera atxikita dago, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzaren menpe. Horren eginkizuna sasoiko langileei ostatu ematera bideratutako higiezinak eta ekipamenduak inskribatzea da, betiere, dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez horretarako baimendu badira. Erregistroa Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzako langileek artatuko dute eta zuzendaria izango da horren arduraduna eta hori zuzentzeaz eta kudeatzeaz arduratuko dena.

  3. – Erregistroko inskribatzea ofizioz egingo du horren arduradunak. Bertan, sasoiko langileei ostatu ematera bideratutako higiezinak eta ekipamenduak jasoko dira, betiere, horiek halakotzat hartu eta baimendu badira, dekretu honen 4. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, lehen xedapen iragankorrean adierazitakoaren kaltetan izan gabe.

  4. – Erregistroa dekretu honetan eta hori garatzeko eman daitezkeen gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera eraenduko da.

  5. – Erregistroa inskripzio-liburu bat izango da eta, bertan, sasoiko langileei ostatu ematera bideratutako higiezinak eta ekipamenduak adieraziko dira, betiere, horiek dekretu honetan ezarritako baldintzak betetzen badituzte eta horretarako baimena eman bazaie Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendariaren ebazpen bidez.

  6. – Inskripzio-liburuak honako datu hauek jaso ditu idatziz:

    • Titularra

    • Kokapena

    • Tipologia

    • Plaza-kopurua

  7. – Inskripzioa eta horri dagokion zenbakia sasoiko langileei ostatu emateko egokitzat hartzen diren higiezinen edo ekipamenduen gaineko titulartasuna edo bestelako titulu juridikoren bat duten pertsona fisiko edo juridikoei jakinaraziko zaie, betiere, beren ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuta badago.

  8. – Inskribatuta daudenek eguneratuta izan beharko dituzte erregistroko datuak eta gertatzen den edozein aldaketa horren arduradunari jakinaraziko diote, hori gertatu eta hamar eguneko epean. Horretarako, beharrezko agiri guztiak ekarriko dituzte.

  9. – Dekretu honen 4. artikuluko 4. idatz-zatia aplikatuta sasoiko langileei ostatu emateko egokia den higiezintzat hartzeko baimena kentzen bada, kasuan kasuko higiezinaren eta ostatuaren inskripzioa ofizioz deuseztatuko da.

  1. – Dekretu hau indarrean sartzen denetik gehienez sei hilabeteko epean jarraipen-mahaia eratuko da baimendutako instalazioak behar bezala mantendu eta erabiltzen direla kontrolatzeko.

  2. – Mahaiko lehendakaria Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko ordezkaria izango da, lehendakariordea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko ordezkaria eta idazkaria, berriz, Gobernuaren Arabako Ordezkariordetzako ordezkaria. Gainerakoak, foru-aldundietako ordezkari bana, EHNE-UAGAko ordezkari bat, EUDELeko beste bat eta Cáritaseko beste bat, mahaikideak izango dira.

  3. – Lehendakariak plaza hutsik utziz gero, kanpoan edo gaixo egonez gero, nahiz legezko beste arrazoiren bat dela medio mahaian egoterik ez balu, bere lekua lehendakariordeak hartuko du.

  4. – Mahaiak bere funtzionamendu-arau propioak onartu ahal izango ditu. Horietan aurreikusten ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea aplikatuko da. Mahaia lehendakariaren deialdi bidez bilduko da, bere ekimenez edo kideetakoren batek hala eskatuta, eta gutxienez urtean behin.

  5. – Mahaiak honako eginkizun hauek izango ditu:

    1. Administrazio eskudunei laguntza ekonomikoko neurriak proposatzea.

    2. Administrazio eskudunei dekretu honen xedeak hobeto betetzea helburu duten neurriak proposatzea.

    3. Ostatuekin zerikusia duen edozein proposamen-mota egitea, kudeaketa egokia izan dadin.

    4. Artikulu honen 1. idatz-zatian ezarritakoa betetzen dela bermatzea.

  6. – Mahaiak lan-talde espezifikoak eratzea adostu ahal izango du.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2006ko azaroaren 28an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

Baldintza materialak:

  1. – Bizilekuek bizigarritasun- eta higiene-baldintzak beteko dituzte:

    1. Ura, zuzeneko argia eta aireztapena, sukaldea eta bainugela izango dituzte.

    2. Ukuilu eta hondakindegietatik urrun egongo dira. Kasuan kasuko udal-araudian ezarritakoa hartuko da aintzat.

    3. Estaldura bukatuez babestutako paretak izango dituzte; sukaldean eta bainugelan iragazgaitzak izango dira. Zoruan material solidoak eta erraz garbitzeko modukoak erabiliko dira.

    4. Zortzi pertsona baino gehiagorentzako bizitokietan, emakume eta gizonentzat bereizitako komunak eta logelak egongo dira.

  2. – Logelek gutxienez 4 m2ko azalera izango dute ohe eta bi alturako ohatze bakoitzeko, eta 5 m3-ko bolumena erabiltzaileko. Logelek gutxienez 2,5 m-ko altuera izango dute.

  3. – Bainugelek gutxienez komun bat eta dutxa bat izango dute 8 pertsonako; eta konketa bat 5 pertsonako edo zatikiko. Halaber, gutxienez sexuen arabera bereizitako unitatea izango du. Komunak guztiz itxita egongo dira eta zuzeneko aireztapen naturala edo artifiziala izango dute kanpoaldera. Bai komunak bai dutxak alikatatuta egongo dira bi metroko altueraraino.

  4. – Sukaldean (edo sukaldeetan) keak bildu eta kanporatzeko sistema egongo da eta paretak azulejuz alikatatuta egongo dira bi metroko altueraraino. Zoruan baldosa industriala edo antzekoa jarriko da; nolanahi ere, erraz garbitu eta desinfektatzeko modukoak izango dira. Orobat, sukaldeak lokal edo ekipamenduan egon daitekeen gehieneko pertsona-kopururako beharrezkoak diren sukaldeko tresnez hornituta egongo dira.

  5. – Bizilekuak edo ekipamenduak egongela edo bizikidetzako gunea izango du, plaza bakoitzeko gutxienez 2 m2ko azalerakoa. Eremu hori jangela gisa nahiz sukalde gisa erabili ahal izango da, betiere, bereizketa baldin badago, bai espazioari bai altzariei dagokienez, jakiak prestatzeko eremuaren eta gelaren gainerakoaren artean. 25 plaza baino gehiago dituzten ekipamenduek, etab. jangela bereiz izango dute, edo modu arrazoizkoan bateratu ahal izango dituzte jangela eta egongela.

  6. – Ur beroa instalatuko da konketetan, dutxetan eta sukaldean.

  7. – Arropa-garbigailu bat egongo da 10 plazako.

  8. – Lokal edo ekipamenduetan, gelako leku guztiak tenperatura erregular eta iraunkorrean mantenduko dituen berokuntza-sistema autonomoa egongo da.

  9. – Urarekin kontaktuan dauden piezen eta aldeen zoladurak (dutxenak barne) ez du eskailera-mailarik izango, maldak soilik; horien hustubideek gailu sifonikoa izango dute eta, inguruan estolda-sare publikoa baldin badago, horri lotuko zaizkio; inoiz ez dira kanpoaldera isuriko aurretik araztu ez badira.

  10. – Instalazioen tamainarako egokia den botika-kutxa egongo da, behar bezala hornituta.

  11. – Eraikuntzari buruzko oinarrizko arauak eta suteen aurkako babes-baldintzak beteko dira, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

  12. – Tenperaturari buruzko baldintzen araua beteko da, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

  13. – Seinaleztapen-arauak beteko dira eta ebakuazio-plana egongo da.

  14. – Instalazio elektrikoei buruzko arauak beteko dira, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

  15. – Gas-instalazioak baimendutako gas-instalatzaileak jarriko ditu martxan, etxeko erabileretara, erabilera kolektiboetara edo merkataritzakoetara bideratutako lokaletan gasa instalatzeko araudiarekin bat etorriz, II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

  16. – Jangelatik elikagaiak gordetzen dituen hozkailura berehala heldu ahal izatea bermatuko da.

  17. – Beharrezkoa bada, tximistorratza ekarri eta instalatuko da.

  18. – Eraikinen eremuan edo horietatik nahikoa gertu, telefonoa edo antzekoa egongo da.

  19. – Eraikinen eremuaren perimetroa zolatuko da, gutxienez 80 cm-ko zabaleraraino.

  20. – Ekipamenduaren barruko hondakinak egunero bilduko direla eta horiek zonaldeko biztanleentzako baldintza berdinetan bildu eta gordeko direla bermatuko da. Bizitzeko modulu bakoitzak garbiketa-tresnak izango ditu, baita ikuztegi modura erabiltzeko eremua eta kanpotik ikusiko ez diren arropa esekitzekoak ere.

  21. – Kanpoan nahikoa argi egongo da, argi-kutsadurarik eragin gabe.

  22. – 30 pertsonari edo gehiagori ostatu eman diezaieketen instalazioetan, erizaintzarako gune espezifikoa jarriko da, ohe batekin 30 erabiltzaileko edo zatikiko. Erizaindegiak konketa, komuna eta lehen sorospenetarako botika-kutxa izango ditu; botika-kutxa horrek kasurik arruntenetan lagundu ahal izateko nahikoa material izango ditu.

    Baldintza funtzionalak:

  1. – Bizitokiak eta ekipamenduak erabiltzaileen baldintzetara egokituta egongo dira, baita horietan gara daitezkeen programa eta prestazioetara ere. Ekipamendu eta bizitoki guztiek iragarki-ohola izango dute eta, bertan, sindikatuaren informazioa eta jarduera soziokulturalei buruzkoa jarriko da.

  2. – Erabiltzaileen erregistroa egongo da. Hau liburu foliatuen bidez egingo da eta, bertan, erabiltzaileen datuak, sarrera- edo onarpen-data, enplegatzailea, kontratu-zenbakia (edo, bestela, Gizarte Segurantzako altaren erreferentzia) eta baja-eguna adieraziko dira.

  3. – Barne-erregimeneko arauak egongo dira. Arau horiek, halaber, erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak, funtzionamendu-arauak, onarpenen eta bajen erregimena, ekipamendu, bizitoki eta abarren ordutegia eta bisita-erregimena ezarriko dituzte.

  4. – Arauak erreklamazio-orrien hizkuntza berdinetan egongo dira, gutxienez. Orobat, erabiltzaile orok, sartzen denean, agiria sinatuko du, barne-erregimeneko eskuliburua eman zaiola, ulertu duela eta onartzen duela adierazteko. Agiri hori bere sarrera-fitxarekin batera erregistratuko da.

  5. – Sasoiko lanerako kontratua legez sinatuta ez duena ez da bizitoki edo ekipamenduren batean ere onartuko. Kontratu hori amaitzean, gehienez ere bi eguneko epean utzi behar du lekua, gaixo egon eta justifikazio medikoa izan ezean; hala izanez gero, bere egonaldia osatzeko behar duen denbora guztia luzatu ahal izango du.

  6. – Instalazioek sustapen soziokulturaleko jarduerak bultzatu eta eskainiko dituzte erabiltzaileentzat edo inguru horretan erakunde publiko nahiz pribatuek programatzen dituzten jardueretan parte hartzeko aukera emango diete, bereziki sasoiko langileei zuzendutakoetan.

  7. – Bizitoki eta ekipamendu guztietan erreklamazio-liburua eta erreklamazio-orriak egongo dira erabiltzaileen eskura. Agerian eta erraz lortzeko moduan jarriko dira eta harremanetarako erabiltzen duten hizkuntzan egongo da (gutxienez, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, arabieraz eta errumanieraz). Halaber, iradokizunen postontzia ere egongo da.

  8. – Zentroek, bizitokiek, etab. agerian izango dute EAEko administrazioak zentro egokitzat hartzen dituela frogatzeko agiria.

  9. – 50 plaza baino gehiagoko ekipamendu kolektiboek, sasoiko lanaren kanpainek iraun bitartean, gutxienez zuzendari bat izango dute, bertako langile gisa edo hirugarren erakunde baten bidez. Zuzendariak bere lanari dagozkion zereginak betetzeko behar beste ordu egingo ditu egunean. Aisialdiko eta Udalekuetako Zuzendaritza titulua (edo baliokidea) izan behar du edo lan horretan aritzeko gaituta egon behar du; kultur arteko bitartekotzako edo gizarte-hezkuntzako titulazioa izatea ere onartuko da.

  10. – 50 plaza baino gehiagoko ekipamendu kolektiboek otordu-zerbitzua izango dute. Zentro hauetan, sasoiko lanen kanpainek iraun bitartean, mediku batek menuak gainbegiratuko ditu, jasotako dieta eta kaloria-kopurua egokiak direla bermatzeko.

  11. – Bizitoki eta ekipamendu guztiek higiene eta osasun gaietan indarrean dagoen legeria orokorra bete behar dute. Bereziki, honakoak bermatuko dira:

    1. Eraikina edo bizitokia eta bere gelak (bereziki, gehien erabiltzen direnak) oro har eta modu iraunkorrean garbi egotea eta desinfektatuta egotea.

    2. Behar bezala ziurtatutako enpresak horiek urtero (edo inguruabarrek eskatzen duten bestetan) desinfektatzea eta arratoiak hiltzea.

    3. Erabiltzaileentzat eta, hala badagokio, langileentzat higienearen arloko arauak edo jarraibideak ezartzea. Horiek nahitaez eta etengabe bete beharrekoak izango dira.

    4. Baxera eta mahai-tresneria erabili ondoren garbitzea, baita erabilera komuneko beste tresna batzuk ere.

    5. Ekipamendu kolektiboetan, jantziak eta arropa zuria horretarako egokiak diren materiala eta tresnak erabilita garbitzea.

    6. Ekipamendu eta bizitokietan ahaleginak egingo dira erabilera komuneko garbiketa-elementuak (ezpain-zapiak, konketa kolektiboetako esku-zapiak, etab.) erabili eta botatzeko materialez eginda egon daitezen.

  12. – Ekipamendu guztietan kanpoaldearekin harremanetan jartzeko telefono-linea egongo da bertan daudenen eskura. Hori komunikazioetan intimitatea ahalbidetzeko moduan erabili ahal izango da. 20 plazako edo gutxiagoko ekipamendu kolektiboetan, nola publikoak hala pribatuak izan, telefono publikoa jarri ahal izango da eremuan, ekipamendukoa izan ez arren.

  13. – Ohe-jantziak ematen dituzten ekipamenduetan, horiek astero aldatuko dira (maindireak eta burko-zorroa).

Suteen aurkako babes-baldintzak. NBE-CPI 96. Gutxienez anhidrido karbonikoko su-itzalgailu bat jarriko da instalazio elektrikoko koadroaren ondoan eta hautsezko beste bat sukaldean. Balio anitzeko hautsezko 21 A/113b su-itzalgailu eramangarriak jarriko dira. Horien eraginkortasunak edozein ebakuazio-gunetik su-itzalgailu batera egin beharreko distantzia gehienez 10 metrokoa izan dadin ahalbidetuko du.

Eraikinen baldintza termikoak. NBE CT/79.

Instalazio elektrikoen baldintzak. Behe-tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa (842/2002 ED) eta horren jarraibide tekniko osagarriak.

Gas-instalazioen baldintzak. Eraikinetan gas-instalazioak egiteari buruzko araudia (1853/1993 ED) eta eraikinetan instalazio termikoak egiteari buruzko araudia (1853/1998 ED). Orobat, instalazioek Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2000ko uztailaren 12ko Aginduan jasotako baldintzak beteko dituzte (agindu horren bidez, banakako instalazioetan galdaretatik eta gasezko berogailuetatik datozen errekuntzako gasen ebakuazioa arautzen da).

Eskaera-data / fecha de solicitud: _____________________________________________________________________________

Nekazaritzako ustiapen-txartelaren zenbakia / N.º de la tarjeta de explotación agraria: _____________________________________

1.– PERSONA EDO ERAKUNDE ESKATZAILEAREN DATUAK / DATOS DE LA PERSONA O ENTIDAD SOLICITANTE.

Izen abizenak edo merkataritza-izena / Nombre y apellidos o Razón Social:

IFK-NAN (zenbaki eta hizki guztiekin) / CIF-DNI (numeración completa, incluyendo letras):

Izaera Juridikoa Banakoa SA SM ENS Koop. OE Bestelakoak

Personalidad jurídica Individual S.A. S.L. S.A.T. Coop. C.B. Otros tipos

Helbidea/Dirección: _______________________________________________________________________________________

Zk./N.º___________________________ Posta-kodea / Código postal: _______________________________________________

Udalerria/Municipio: ______________________________________________________________________________________

LH edo probintzia / TH o Provincia: _________________________________________________________________________

Telefonoa/Teléfono ____________________________________ Faxa/Fax _____________________________________________

Posta elek. / E-mail _____________________________ Web orria / Página web ______________________________________

ESKAERA OSATZEKO DOKUMENTAZIOA / DOCUMENTACIÓN A ADJUNTAR:

  • NAN/IFKren fotokopia / Fotocopia del DNI o CIF.

  • Nekazaritzako ustiapen-txartelaren fotokopia / Fotocopia de la tarjeta de explotación agraria.

  • Proiektua / Proyecto.

    Interesdunaren sinadura eta data / Fecha y firma del interesado.

    LANDAREN ETA ITSASERTZAREN GARAPENEKO ZUZENDARIA / DIRECTOR DE DESARROLLO RURAL Y LITORAL

    Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak jakinarazten dizu inprimaki honen bidez eskuratutako zure datu pertsonalak datuak tratatzeko fitxategi automatizatu batean sartuko ditugula. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia zaitezke, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Zerbitzu Orokorren Zuzendaritzari idatzi bat bidaliz, hura baita tratamenduaren arduraduna (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

    En cumplimiento de lo dispuesto en la Ley Orgánica 15/1999, de Protección de Datos de Carácter Personal, el Departamento de Agricultura, Pesca y Alimentación, le informa que sus datos personales obtenidos mediante la cumplimentación de este impreso, van a ser incorporados para su tratamiento en un fichero automatizado. Si lo desea, puede ejercitar los derechos de acceso, rectificación, cancelación y oposición, previstos por la Ley, dirigiendo un escrito a la Dirección de Servicios Generales del Departamento de Agricultura, Pesca y Alimentación del Gobierno Vasco, como responsable del tratamiento, y con domicilio en c/ Donostia-San Sebastián, 1 en Vitoria-Gasteiz.