Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

176/2006 DEKRETUA, irailaren 19koa, Armañon aldea Parke Natural deklaratzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 228
  • Hurrenkera-zk.: 5976
  • Xedapen-zk.: 176
  • Xedapen-data: 2006/09/19
  • Argitaratze-data: 2006/11/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ingurumena

Testu legala

Bizkaiko Lurralde Historikoaren ipar-mendebaldeko muturrean dago Armañon aldea, Karrantza eta Turtzioz artean, Enkarterrian. Udalerri bi hauek ezaugarri berberak dituzte: biztanle-dentsitate txikia, beheranzko demografia-bilakaera, biztanleriaren zahartzea eta lehenengo sektoreak egitura ekonomikoan duen garrantzia.

Antolatutako aldean aurkitzen diren material gehienak Behe Kretazeokoak dira, zehazki garai Aptiar eta Albiarrekoak. Ipar-ekialdeko eta hego-mendebaleko muturretan, Raneroko Haitzak eta Los Jorrioseko multzo karstikoa osatzen duten kareharrizko multzoak dira nagusi. Erdialdean, berriz, garai Goi Albiarreko hareharriek eta lutitek sortutako litologia azidoak nabarmentzen dira. Raneroko Haitzen eremuan, EAEko interes geologiko handieneko bi gune daude: Pozalaguako Koba eta Karlistaren Torka. Lehen haitzulo horretan, estalaktita eszentrikoen ugaritasuna nabarmendu behar da, oso kobazulo gutxitan azaltzen den egitura, alegia. Karlistaren Torka Pozalaguako Kobatik metro gutxi batzuetara dago, oso handia da, munduko kobazulorik handienetakoa.

Hidrologiaren ikuspegitik, eremua bi arrotan banatzen da: Karrantza ibaiari dagokiona, hego-mendebaldeko sektorean, eta Aguera ibaiarena, ekialde eta iparraldeko zonan. Hala ere, drainatze-dentsitate erreala oso eskasa da, izan ere, Ranero eta Los Jorrioseko multzo karstikoak daude bertan eta urak, absortzio-sistema ezberdinetan zehar iragazi ondoren, lurpeko urekin bat egiten du.

Eremuak garrantzi handia du, paisaiaren aldetik. Altueran dauden alde nabarmenak direla eta, erliebea oso malkartsua da. Bertan Ranero, Armañon eta Los Jorrios harkaitz-multzoak dira nagusi, horien arteko mendilerroekin batera.

Gizakiak etengabe erabili ditu baliabideok eta, ondorioz, bertako landaredi potentziala aldatu egin da, hau da: pagadiak goialdeetan, ameztiak pagadiak dauden altuera-tarte berean, baina lurzoru hareatsu edo oso eguzkitsuetan, hariztiak beheko aldeetan eta lurrak sakonak diren lekuetan eta, artadiak kareharria nagusi den enklabe jakinetan. Remendonen izan ezik, oro har oso pagadi, amezti eta artadi gutxi dago, potentzialki askoz ere gehiago egon litezkeen arren. Gaur egun honakoak dira nagusi: sega-belardiak eta birlandaketak beheko aldeetan, artadiak Los Jorrioseko mendi-hegaletan eta Sopeñako haitzean, belardi eta txilardiak silizezko gailurren zonan, hariztia Remendonen eta larre harritarrak Los Jorrios eta Raneroko multzo karstikoetan.

Argi dago Armañon aldeko faunak jatorri zentroeuroparra eta atlantiarra duela, nahiz eta zenbait espezie mediterranearragoak diren, batez ere espazio ireki eta eguzkitsuetan. Besteak beste, honako espezieak aipa daitezke: erbinude zuria (Mustela erminea), Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi) sator itsua (Talpa occidentalis), elur-lursagua (Microtus nivalis), aztore arrunta (Accipiter gentilis), belatz handia (Falco peregrinus), sai zuria (Neophron percnopterus), hontz handia (Bubo bubo) eta lepahoria (Martes martes). Hala ere, baliteke faunaren aldetik interesik handiena kiropteroek izatea. Armañonen 12 saguzar ezberdin aurkitu dira, eta nabarmendu beharrekoen artean, Ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale) aipatu behar da, arrisku handian baitago eta populazioa oso txikia baita. Armañon eremuan dago espezie horrek EAEn duen babesgune nagusia, eta Kantauriko erlaitzean daudenen artean garrantzitsuenetakoa da.

Parke Natural barruko eremuaren zati handiena jabetza publikokoa da eta, zona periferikoan, ordea, ia ez dago. Basogintza eta abeltzaintza dira alde honetako erabilera nagusiak, bertan honakoak aurki baitaitezke: industria-aprobetxamendurako landare-espezieak, babesten duten baso autoktonoak eta, belardiak, beheko aldeetan eta erregimen estentsiboko aziendak jaten duen bazkaleku eta sastrakak, goiko aldeetan. Meatzaritza eremuko beste erabilera garrantzitsua izan da. Egun, haatik, meatze bakar bat ustiatzen da, hau da, Pando inguruko kaltzita ustiategia. Erabilera publikoari bagagozkio, Pozalaguako kobazuloa da interes handienekoa; gainera, bisitatzeko egokituta dago.

Ingurua interes handikoa da gordetzen duen kultura-ondareagatik; bereziki aipagarriak dira kalifikatutako ondasun kulturala den Ventalaperrako aztarnategia, eta bertan, azpimarratu beharrekoak dira 8 grabatu, Karrantza eta Turtzioz bereizten dituen mendilerroko multzo megalitikoak, eta hainbat kobazuloetako aztarnategiak eta aurkikuntza bakanak.

Gainera, Parke Natural deklaratzearen bidez alde horretan ezarriko den babes araubideari eta bere natura-balioei esker, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantiarreko Garrantzi Komunitarioko Lekuen (GKL) zerrendan sartu du, Batzordearen 2004ko abenduaren 7ko 2004/813/EE Erabakiak dioenez; horren bidez eskualde biogeografiko atlantiarreko garrantzi komunitarioko lekuen zerrenda onartu zen, Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauak, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzkoak, jasotzen duenarekin bat.

Hortaz, Armañon aldeak bete egiten ditu ekainaren 30eko 16/1994 Legeak, Euskal Herriko natura babesteari buruzkoak, jasotzen dituen baldintzak Parke Natural deklaratzeko; bai dituen natura-balio eta –baliabideengatik eta baita inguruko eskualdeetako jendearentzat erabilera publikokoa delako eta aisialdiko jarduerak egiteko eta inguruaz gozatzeko aukera ematen duelako ere. Bestalde, Armañon Parke Natural deklaratuz gero, 2002-2020 aldirako Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategiaren 3. helburuan adierazitako konpromisoetako bat eta 2002-2006 aldirako Ingurumeneko Esparru Programa beteko dira.

Armañon aldea Parke Natural kategoriadun Espazio Natural Babestu deklaratu baino lehen, Natur Baliabideak Antolatzeko aginduzko Plana landu eta izapidetu da, eta behin administrazioko fase guztiak gainditu eta gero, 16/1994 Legearen 7. artikuluak jasotzen duenarekin bat, 175/2006 Dekretuak, irailaren 19koak behin betiko onartu du.

Natur Baliabideak Antolatzeko Plan horrek Parke Natural eta Inguruko Babes-Zona, hurrenez hurren, deklaratzeko proposatutako aldeak deskribatzen ditu.

Horrenbestez, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak hala eskatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko irailaren 19an egindako bilkuran aztertu eta gero, ondorengoa

Dekretu honen xedea da Armañon alderako babes-araubide juridiko berezia ezartzea eta, horretarako, hura Parke Natural deklaratzea; Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren babesean.

Irailaren 19ko 175/2006 Dekretuaren bidez Armañon alderako onartutako Natur Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako jarraibideen barruan, araubide juridiko berezi horrek honako helburu hauek izango ditu:

  1. Ekologiaren aldetiko balioak zaindu eta hobetzea, edo berreskuratzea, larri kaltetutako lekuetan.

  2. Ekoizteko sistema tradizionalak zaindu eta hobetzea.

    Bi helburu horiek elkarri lotuta daude, batak bestea baldintzatzen du, eta beste hauen gainetik daude:

  3. Karrantza eta Turtziozko ekonomia dibertsifikatzea, eta horretarako, dauden produktuei beste balio bat erantsi eta produktu berrien komertzializazioa erraztea.

  4. Lurraldearen erabilera publikoa sustatzea, baina zona kalteberak beti intentsitate txikiko erabilerarako gordez (ekipamendurik gabe igarotzea, egonaldietarako).

  1. – Armañongo Parke Naturalak irailaren 19ko 175/2006 Dekretuaren bidez onartutako Natur Baliabideak Antolatzeko Planean deskribatu eta grafiatutako geografia-eremua izango du.

  2. – Armañongo Parke Naturalak 2.971 ha-ko azalera barne hartzen du, Bizkaiko Lurralde Historikoko Karrantza eta Turtzioz udal-mugarteetan banatuta.

  1. – Baliabide naturalak erabat babestuko direla, eta kanpotiko eragipenek ekologiaren eta paisaiaren gainean eragin dezaketena saihestuko dela ziurtatzeko, inguruko babes-zona bat ezarri da. Zona hori irailaren 19ko 175/2006 Dekretuaren bidez onartutako Natur Baliabideak Antolatzeko Planean deskribatuta eta grafiatuta dago.

  2. – Inguruko babes-zonan, Armañon parke natural deklaratzeko helburuak, eta Natur Baliabideak Antolatzeko Planean ezarritako helburuak ere lortzea galarazi edo eragozten duen jardun oro organo kudeatzaileak baimendu beharko du.

  3. – Parke Naturala kudeatzeko organoak edozein jarduera bertan behera utzarazi zein mugarazi dezake, baldin eta jarduera horrek Parke Naturalaren egoera fisikoari edo biologikoari eragin badiezaioke, edo hura asalda badezake, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 54.1.f) artikuluan dioenarekin bat.

Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 22. artikuluan jasotako ondorioetarako, gizarte- eta ekonomia-eragineko eremu deklaratzen dira Bizkaiko Lurralde Historikoko Karrantza eta Turtzioz udal-mugarteak.

  1. – Armañongo Parke Naturala Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunak kudeatuko du.

  2. – Parke Naturala kudeatzeko organo eskudunak zuzendari kontserbatzaile bat izendatuko du. Hark Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 34. artikuluan ezarritako funtzioak izango ditu, eta baita berariaz zuzentzen zaizkionak ere.

  1. – Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen III. tituluko VIII. kapituluan jasotakoaren arabera, patronatu bat eratuko da Armañongo Parke Naturalerako aholkularitza- eta lankidetza-organo gisa.

  2. – Patronatuak osoko bilkuran eta batzorde iraunkorrean jardungo du.

  3. – Lehendakari lanetan arituko den Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzako foru diputatuak ez ezik, honako kide hauek ere osatuko dute Patronatua:

    1. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren ordezkari bat.

    2. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ordezkari bat.

    3. Bizkaiko nekazaritzako erakunde profesionalen ordezkari bat.

    4. Inguruko onura publikoko mendien gaineko emakidak titulartasunpean dituztenen ordezkari bat.

    5. Armañongo Parke Naturalaren eragin-eremuan kokatutako ehizako klub eta elkarteen ordezkari bat.

    6. Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkari bat.

    7. Bizkaiko elkarte ekologista eta kontserbazionisten ordezkari bat.

    8. Mendi-nekazaritzako Enkarterrialde Elkartearen ordezkari bat.

    9. Karrantzako Udalaren ordezkari bat.

    10. Turtziozko Udalaren ordezkari bat.

    11. Bizkaiko espeleologia elkarte eta taldeen ordezkari bat.

    12. Zuzendari kontserbatzailea.

  4. – Patronatuko idazkari lehendakariak izendatutako Bizkaiko Foru Aldundiko funtzionarioren batek jardungo du.

  1. – Patronatuaren baitan eta haren mende, batzorde iraunkor bat eratuko da. Batzordea, lehendakariak ez ezik beste hauek ere osatuko dute:

    1. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren ordezkari bat.

    2. Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailaren ordezkari bat.

    3. Karrantzako Udalaren ordezkari bat.

    4. Turtziozko Udalaren ordezkari bat.

    5. Zuzendari-kontserbatzailea.

    6. Patronatuan diren gainontzeko taldeen ordezkari bat.

  2. – Idazkari gisa Patronatukoak jardungo du.

  3. – Barne-araudian Patronatuak eskuordetutako funtzioetan jardungo du batzorde iraunkorrak.

Natur Baliabideak Antolatzeko Plana garatzeko, Parke Naturala kudeatzeko foru-organoak Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana prestatuko dute; Euskal Herriko natura babesteari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 27., 28. eta 29. artikuluetan ezarritako epeei, baldintzei eta prozedurari jarraituz.

  1. – Armañon parke natural deklaratzeak hura erabilera publikokotzat deklaratzea dakar berekin, eragindako ondasunak eta eskubideak desjabetzearen ondorioetarako.

  2. – Natur Baliabideak Antolatzeko Planean eta Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planean ezarritako zehaztapenak aplikatzearen ondorioz, jabetza pribatuaz edo legezko ondare-eskubideez eta –interesez gabetzeak eragindako titularrentzat dagokion kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ekarriko du, indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera.

  1. – Bizkaiko Foru-Aldundiari dagokio, eskumena duen organoaren bitartez, lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea baliatzea, Parke barruan kokatutako lurren kostu bidezko "intervivos" eskualdatze guztietan.

  2. – Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea prozedura honen bidez baliatuko da:

    1. Eskualdatzaileak jarduneko administrazioari fede emanez jakinarazi beharko dizkio eskualdatzearen funtsezko baldintzak, eta horrek 3 hilabeteko epea izango du, jakinarazpenetik hasita, lehentasunez erosteko eskubidea baliatzeko. Eskubide hori baliatu gabe aipatutako epea igaroz gero, eskubidea iraungi egingo da.

    2. Eskualdatzea egin ondoren, eskualdatzaileak eskualdatzea gauzatu deneko eskritura publikoaren kopia fede-emailea igorriko dio jarduneko administrazio-organoari. Eskrituran, jakinarazteko betebehar hori bete izana zehaztu beharko da, ezin izango baita, bestela, eskualdatzea Jabetza Erregistroan inskribatu.

    3. Eskualdatzaileari dagozkion betebeharretako edozein bete gabe, parke barruan kokatutako lurren titulartasunean aldaketarik egingo balitz, foru-organo eskudunak atzera eskuratzeko eskubidea baliatu ahal izango du urtebeteko epearen barruan, eskualdatzearen egoeraren berri izaten denetik, edota eskualdatzea benetan zein baldintzatan egin zen jakiten denetik.

  3. – Kasuan kasuko sailen ahalbideen barruan, jabetze-aldaketak egiteko, hobetsi egingo dira administrazio publiko eskudunak Parke Naturalaren barruan kokatutako onibarren titulartasuna eskuratzeko bidea emango duten trukeak.