Arautegia

Inprimatu

65/2006 DEKRETUA, martxoaren 21ekoa, Euskadiko Osasun Sistemaren konturako prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezartzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 67
  • Hurrenkera-zk.: 1803
  • Xedapen-zk.: 65
  • Xedapen-data: 2006/03/21
  • Argitaratze-data: 2006/04/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Euskadiko Osasun Sistemak lortutako garapenari esker, euskal herritarren osasun-arazo gehienei atentzio eman dakieke kalitate- eta segurtasun-maila altuekin. Izan ere, helburu hori betetzearren antolaketa- eta teknologia-arloetako berrikuntzak sartu dira, berauek Euskadiko Osasun Sistemari bere zerbitzuen ebazte-gaitasun eta eraginkortasun handiagoak ematera bideratuak; horrela ezartzen baitu Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko 8/1997 Legeak.

Euskadiko Osasun Sistemak urgentzia-kasuetan berehalako erantzun kirurgikoa bermatzen duen ospitaleen eta profesionalen sare publiko modernoa du.

Hala ere, urgenteak ez diren interbentzio kirurgikoei edo programatutakoei dagokienez, osasun-sistema publikoaren erantzunean atzerapena dagoela kontuan hartu behar da.

Dekretu honek Euskadiko Osasun Sistemako erabiltzaileari erantzun kirurgikorako gehienezko epeak bermatzea du xede. Epeok kasuan kasuko prozedura kirurgikoen arabera aldatuko dira eta, betetzen ez badira, aukera emango dute -osasun-administrazioaren kontura- beste osasun-bide batzuetara jotzeko, erabiltzaileak osasunerako behar duen tratamendua ez luzatzeko.

Horrenbestez, Osasun sailburuak halaxe proposatuta, Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoa ados dela, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko martxoaren 21ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honek Euskadiko Osasun Sisteman urgenteak ez diren prozedura kirurgikoetarako edo programatuetarako erantzun-epe bat bermatzea du xede.

Dekretu honetan ezarritakoaren onuradun izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren erabiltzaileak, baldin eta asistentzia sanitario publikorako eskubidea badute Euskadiko Osasun Sistemaren kontura.

  1. – Dekretu honetako bermetik salbuetsita daude hurrengo prozedura kirurgikoak:

    1. Prozedura kirurgiko urgenteak.

    2. Interbentzio kirurgiko programatuak baldin eta, segurtasunagatik, espezifizitateagatik, zailtasun-mailagatik, erabili beharreko prozedura berritzaileagatik, edo puntako teknologia erabiltzeagatik, espezialitate handiko zerbitzuek egin behar badituzte.

    3. Osasun-sistema publikoaren kontura finantzatzen ez diren interbentzio kirurgikoak.

    4. Kirurgia txikiko prozedurak.

  2. – Aurreko paragrafoan ezarritakoa zehazteko, honakoak dira kirurgia txikiko prozedurak:

    1. Zailtasun txikiko interbentzioak.

    2. Anestesia lokala erabilita egiten diren interbentzioak edo anestesiarik behar ez dutenak.

    3. Ebakuntza aurreko prestaketa arauturik edo ospitaleratzerik behar ez duten interbentzioak.

    4. Operazio-gela txikietan edo kontsultetan egiten diren interbentzioak.

Agindutako prozedura kirurgikoa egiteko berme-epeak ondorengoak dira:

  1. Kirurgia onkologikoa: 30 egutegi-egun.

  2. Bihotzeko kirurgia: 90 egutegi-egun.

  3. Bestelako prozedura kirurgikoak: 180 egutegi-egun.

  1. – Berme-epea zenbatzen hasiko da interbentzio kirurgikoa egiteko eskabide-orria betetzen denean, hain zuzen, interbentzioa egin behar den ospitaleko (publikoa zein itundutakoa) itxaronzerrenda kudeatzen duen sistemako eskaera-orria. Egiaztatze-ondorioetarako, interbentzio kirurgikoa egiteko eskabide-orrian adieraziko da noiz bete den.

  2. – Interbentzio kirurgikoa agintzen duen fakultatiboak eta pazienteak -edo baimendutako pertsonak- sinatuko dute eskabide-orria. Halaber, azken horri informazioa emango zaio, baita eskabide-orria onartuko ere.

  3. – Pazienteari edo baimendutako pertsonari eskabide-orriaren kopia emango zaio.

  4. – Interbentzio kirurgikoa egiteko eskabide-orria beteta, ospitaleko itxaronzerrenda kudeatzeko sisteman dagoen erregistroan inskribatuko da 24 ordu balioduneko epean. Eskabide-orrian honakoak adierazi beharko dira:

    1. Interbentzio kirurgikoa.

    2. Interbentzioa agindu duen fakultatiboa.

    3. Eskaera-data.

  1. – Dekretu honetan ezarritako erantzun-epeak igarota, pazienteak beste osasun-zentro batean atenditua izateko baimena eskatu ahal izango du.

  2. – Eskaera Osasun Sailari zuzenduko dio pazienteak, eta interbentzio kirurgikoa egiteko zain dagoen ospitalean edo esleituta daukan osasun-zentroan aurkeztu ahal izango du, baita azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako tokietan ere (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Prozedura Erkidearena).

  3. – Eskaera jasotzen duen ospitaleak Osasun Sailean ebazteko ardura duen organoari igorriko dio 10 eguneko epea igaro baino lehen. Eskabide-orriari zuzendaritza medikoaren txostena erantsiko dio, eta bertan pazientearen itxaron-egoeraren inguruko informazioa adieraziko da.

  4. – Pazienteak eskabide-orria ospitalea ez den beste leku batean aurkezten badu, Osasun Saileko organo eskudunak jasotzen duenean, eta ebazpena eman aurretik, dagokion ospitaleko zuzendaritza medikoari aurreko paragrafoan aipatutako txostena egiteko eskatu ahal izango dio. Txostena 10 eguneko epean emango da. Bitartean, ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea eten egingo da.

  5. – Ebazpena, gehienez ere, 20 eguneko epean emango da eskabide-orria Osasun Sailean ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan sartzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpen adierazirik eman edo jakinarazi gabe igarotzen bada, eskaera baietsi dela joko da. Hala bada, pazienteak Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-eskaintzaren barruan hautatutako osasun-zentrora jo ahal izango du, ondoko paragrafoan zehazten diren ondorio ekonomikoekin.

  6. – Ebazpenean, baiestekoa bada, gutxienez, hurrengo datuak adierazi beharko dira:

    1. Dekretu honetan zehaztutako baldintzak betetzen direla egiaztatzea.

    2. Kirurgia-prozedura.

    3. Pazienteari zein zentrotan adierazi zaion interbentzioa egin behar duela.

    4. Pazientea zein osasun-zentrotara bideratu den.

    5. Osasun Sailak, gehienez, interbentzio kirurgikoak sortutako gastuengatik zein diru ordaintzeko konpromisoa hartzen duen, Euskadiko Osasun Sistematik kanpoko baliabideekin eskainitako asistentzia sanitarioko hitzarmenei aplika dakiekeen indarreko araudian -gehienezko tarifei buruz- ezarritako zenbatekoei dagokienez.

  7. – Ezesteko ebazpenak, beti ere, arrazoitua izan behar du.

  1. – Osasun Sailak interbentzio kirurgikoagatik sortutako gastuak zuzenean ordainduko ditu, baldin eta pazientea bideratzeko aukeratu duen osasun-zentroan egin bada interbentzioa.

  2. – Osasun Sailak itzulera-prozedura bat izapidetu ostean ordainduko ditu gastuak, baldin eta legez ezarritako epean dagokion ebazpena ematen eta jakinarazten ez bada, eta pazienteak 6. artikuluko 5. paragrafoan adierazten den aukerari heltzen badio. Itzuli beharreko zenbatekoaren mugak, bestalde, Euskadiko Osasun Sistematik kanpoko baliabideekin eskainitako asistentzia sanitarioko hitzarmenei aplika dakiekeen indarreko araudian -gehienezko tarifei buruz- ezarritako zenbatekoak izango dira.

  3. – Euskadiko Osasun Sistemak ez du bere gain hartuko dekretu honetan ezartzen den bermea gauzatzeko egindako interbentzio kirurgikoek sortutako gasturik, hurrengo kasuetan:

    1. Pazienteak dagokion baimenik ez badauka itxaroteko gehienezko epea igaro arren.

    2. Interbentzio kirurgikoa baimendutakoa ez beste zentro batean egin bada.

    3. Gastuak fakultatiboak agindutakoari ez beste interbentzio kirurgiko bati badagozkio eta interbentzioan sortutako diagnostiko-aldaketaren batengatik justifikatu ezin bada.

Dekretu honetan ezarritako erantzun-eperako bermea indarrik gabe geratuko da hurrengo kasuetan:

  1. Pazientea programatutako interbentzio kirurgikora bertaratzen ez bada, edo egiteari uko egiten badio, data jakinarazi ondoren.

  2. Pazienteak profesional zehatz batek interbentzioa egitea nahiago duela adierazten badu.

  3. Pazienteak beste osasun-zentro pribatu edo publiko batera bideratzea onartzen ez badu, justifikatutako kasuetan izan ezik.

  4. Pazientea lokalizatzerik ez badago.

  1. – Itxaroteko gehienezko epea eten egingo da ondorengoetakoren bat gertatuz gero:

    1. Interbentzio kirurgikoa aginduta, haren aurretik pazienteari prozedura diagnostiko edo terapeutikoren bat ezarri behar bazaio, eta horrek interbentzioa aldi batean atzeratzen badu.

    2. Interbentzio kirurgikoa aginduta, pazienteak aldi batean interbentzioa kontraindikatzen duen gaixotasun interkurrenteren bat badu.

    3. Ebidentzi klinikoan interbentzioa egitea zalantzan jarri eta beste iritzi mediku bat behar duten aldaketak badaude.

    4. Aparteko gertaerak daudenean, behar bezala egiaztatzen badira.

  2. – Berme-epea etetea eragin zuten arrazoiak desagertzen direnean, epearen zenbaketak aurrera egingo du.

  1. – Dekretu honetan jasotako erantzun-eperako bermea Osasun sailburuaren agindu bidez indarrik gabe geratuko da aldi baterako emergentzia sanitarioko ezohiko gertaerak edo ezinbesteko kasuak egon eta osasun-sistemaren ohiko jardunari eragiten badiote.

  2. – Osasun sailburuaren aginduz zehaztuko dira dekretu honetatik kanpoko interbentzio kirurgikoak (3.1.b artikulua).

Nahiz eta dekretu honetan araututako prozeduraren bat izapidetzen jarri erantzun-epeak bete ez direlako, hori ez da oztopo izango ezarrita dauden itxaronzerrendak kudeatzeko ohiko neurriak Osasun Sailak har ditzan.

Osasun Sailaren egitura organikoa eta futzionala arautu zuen azaroaren 6ko 268/2001 Dekretuko 15. artikuluan (Osasun Saileko lurralde-zuzendaritzak) 3. paragrafoari e) atala gehitzen zaio; beraz, honela geratzen da:

"e) Euskadiko Osasun Sistemaren konturako prozedura kirurgiko programatuetara eta urgenteak ez direnetara iristeko gehienezko epeak ezartzen dituen arauditik eratorritako administrazio-prozedurak izapidetzea eta ebaztea."