Ogasun eta Finantza Saila

Arautegia

Inprimatu

31/2006 DEKRETUA, otsailaren 21ekoa, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Osasun Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 52
  • Hurrenkera-zk.: 1367
  • Xedapen-zk.: 31
  • Xedapen-data: 2006/02/21
  • Argitaratze-data: 2006/03/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Osasun eta kontsumoa; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 18.1 artikuluan ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, bere mugapeko sanitatearen arloan, Estatuko oinarrizko legeria lege-bidez garatzea eta exekutatzea. Eskumen horri jarraiki eta Estatuak dagokion oinarrizko legeria eman ez bazuen ere, honakoak onartu ziren: lehenik, zerbitzu, zentro eta establezimendu sanitarioei buruzko azaroaren 2ko 206/1982 Dekretua eta, gerora, zerbitzu, zentro edo establezimendu sanitario asistentzialak baimentzeari buruzko irailaren 10eko 271/1985 Dekretua. Biak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenei buruzko urriaren 11ko 396/1994 Dekretuak indargabetu zituen eta dekretu hori, hainbat aldaketekin, indarrean egon da orain arte.

Hala ere, arau-egoera asko aldatu da onartu zenetik. Lehenik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legea argitaratu zen, gai hau arautzeko hainbat manu eskaintzen dituena. Horietarik garrantzitsuena 29. artikulua da. Artikulu honen arabera, zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoaren menpe ez dauden eta haien lurralde-eremuan jarduten duten osasun-egiturak, haien titulartasuna zeinahi dela ere, osasun publikoaren tutoretza orokorra bermatzeko emandako antolamendu-arauei atxikiko zaizkie eta administrazio sanitarioaren baimen-printzipioaren arabera beteko dute haien jarduna, enpresa-askatasuna eta lanbide sanitarioak libreki betetzea eragotzi gabe. Ondoren 34.2 eta 35.4 artikuluak daude. 34.2 artikuluak, osasun kolektiboak hala eskatuta edo instalatzeko eta jardunean jartzeko eskakizunak ez betetzeagatik, kautelazko neurrien artean, behin-behineko etetea, jarduerak debekatzea eta zentroak, zerbitzuak edo establezimenduak ixtea barne hartzen du, eta, 35.4 artikuluaren arabera, aurretik baimenik edo osasun-erregistrorik ez duten establezimenduak, instalazioak edo zerbitzuak ixtea ez da zehapentzat joko; ezta, segurtasun eta osasun publikoa direla-eta exijitutako betekizunak konplitu arte edo akatsak konpondu arte, hauen jarduna etetea ere. 36. artikuluan aurreikusitako hainbat arau-hauste ere aipatu behar da, aurretiko administrazio sanitarioaren baimenaren menpe egon, baina baimen hori falta duten jarduerak burutzea edo garatzeari buruzkoak edo osasun-autoritateek formulatzen dituzten kautelazko edo behin betiko neurriak edo eskakizun bereziak ez betetzeari buruzkoak.

Bigarrenik, Estatuak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeari buruzko oinarri orokorrak ezarri ditu, urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuaren bidez, honela, apirilaren 25eko Sanitateko 14/1986 Lege Orokorraren 29.1, 29.2 eta 40.9 artikuluetan eta Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioari eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 26.2 eta 27.3 artikuluan xedatutakoa betez.

Aipatu errege dekretuak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko prozeduraren oinarri orokorrak arautzen ditu, sailkapen, izendapen eta definizio komun bat ezartzen du denentzat eta Osasun eta Kontsumo Ministerioaren menpeko Katalogoa eta Erregistro orokorra sortzen ditu. Eta hau guztia zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak publikoak edo pribatuak diren eta euren maila edo mota kontuan hartu gabe. Zerbitzu sanitario bat bere jarduera nagusia sanitarioa ez den beste erakunde baten barnean egon daitekeelako aukera badagoela azpimarratzea merezi du. Pentsa dezagun hirugarren adinekoen egoitzetan, espetxeetan, kirol-instalakuntzetan, bainuetxeetan, etab. Kasu horretan, jardunean jartzeko, zerbitzu sanitarioak baimen sanitarioa izan beharko du administrazio eskudunak aipatu erakundearen martxan ezartzea baimendu baino lehen. Halaber, zentro, zerbitzu eta establezimenduentzat bereizgarri ofizial bat sortzea azpimarratzen du, publikoaren harreraguneko leku ikusgarri batean ezarri behar dutena, pertsona erabiltzaileek osasun-autoritatearen baimena badutela jakin dezaten.

Aldaketa hauek zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimen eta erregistrorako beste dekretu araugile bat ematera daramate, 396/1994 Dekretua inspiratu zuten lerroak bazter utzi gabe. Honela, lerro kontinuista honen barnean, arau honen aplikazio-eremuan darraiten zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen artean, honakoak aipa ditzakegu: ospitaleak; atentzio espezializatuko zentroak; osasun-zentroak; anbulantziak eta bestelako ekipo mugikorrak; organo, ehun, hezur, odol eta gorputzeko bestelako isurkinen bankuak eta horiek guztiak lortzeko eta ezartzeko zentroak; laborategi klinikoak; kontsultategi asistentzialak; optikak; ortopediako kabineteak; Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legearen 31.3 artikuluan eta Prebentzioko Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuaren 37.3 artikuluan datozen jardun sanitarioak burutzen dituzten prebentzioko zerbitzuetako zentro edota unitateak; eta audioprotesien kabineteak. Era berean, eta begi bistako izaera sanitarioa izan arren, farmazia-atentzioko establezimenduak eta zerbitzuak kanpo geratzen dira, baita farmazia-bulegoen analisi kliniko, optika eta ortopedia sekzioak ere, hauek beraien arautegiaren bidez eraentzen baitira. Hori dela eta, eremu honetako aldaketa bakarra 1277/2003 Errege Dekretutik dator zuzenean eta hortzetako protesien laborategiak eta bainuetxeak kanpo uztea da, 396/1994 Dekretuaren menpe zeudenak eta zentro edo establezimendu sanitario izateari uzten diotenak, hauetan barne hartuta dauden zerbitzu sanitarioak izan ezik, noski.

Dekretu honen bidez araututako baimen sanitarioak hiru dira: instalazioa, funtsezko aldaketak eta jardunean jartzea. Azken hau da garrantzitsuena, zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren ateak publikoari irekitzea ahalbidetzen diona. Beste biak, hasi baino lehen, pertsona titularrari sortzeko edo aldaketak egiteko proiektua indarrean dagoen arautegiarekin bat datorrela bermatzeko dira. Merezi du azpimarratzea, aurreko arautegiarekin ez bezala, baimen hauek lortzeko ez dela dagokion udaletxearen lizentzia edo baimena eskatuko, baina bistan dago honek ez duela esan nahi zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioek ez dutela baimen hori izan behar. Baimenaren menpe dauden funtsezko aldaketak zeintzuk diren ere zehazten da.

396/1994 Dekretuak xedatzen ez zuen bezala, baimen-eskabideak epean ebazten ez badira, ezetsi direla ulertu beharko da.

Arau honek dakarren beste berrikuntza bat da honakoak arautzea: baimenen iraungitzea eta ezestea; zentro, zerbitzu eta establezimendu klandestinoak ixtea; eta osasun, higiene edo segurtasun arrazoiengatiko betekizunak konplitu arte edo akatsak konpondu arte baimenduen jarduna etetea, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren Legearekin bat.

Bestalde, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetako pertsona titularren betebeharrak ezartzen dira, hauen artean, Osasun Sailari itxieraren eta funtsezkoak ez diren aldaketen berri ematea aipa daitezke.

Dekretu hau indarrean sartzean, sanitarioak ez diren erakundeetan integratutako zerbitzu sanitarioek instalatzeko eta jardunean jartzeko baimenak lortu beharko dituzte, orain arte ez bezala. Bidezkoa da egoera berrira egokitzeko epe bat ematea, xedapen gehigarri bakarrean egiten den moduan. Horrelako zerbait gertatzen da audioprotesi establezimenduekin. Hala ere, establezimendu hauek bildu beharreko betekizunak arautzen dituen inongo araurik ez dugula kontuan hartuz, oraingoz ezinezkoa da baimentzea. Haientzat beraz, arau hau indarrean sartzea atzeratu egiten da.

Adierazitako guztiarengatik, elkargo ofizialei eta sektoreko gizarte erakunde nagusiei entzun ostean, eta Euskadiko Aholkularitza Batzorde Juridikoarekin bat, Osasun sailburuak halaxe proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2006ko otsailaren 21ean egindako bilkuran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu honen helburua da:

  1. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimen sanitarioak arautzea, izan daitezen publikoak nola pribatuak.

  2. Aipatu zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetako pertsona titularren betebeharrak ezartzea.

  1. – Dekretu honen ondorioetarako, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitariotzat hartzen dira urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan definitu eta zerrendatutakoak.

  2. – Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpo eta euren araubide espezifikoak eraendurik geratzen dira:

    1. Medikamentuak edo produktu sanitarioak banatu, inportatu edo ekoizten diharduten establezimenduak, hortz-protesien laborategiak eta albaitaritzako medikamentuak banatu eta ematearekin, pentsu-sendagarriak ekoitzi eta banatzearekin eta albaitari-erabilpeneko autotxertoa ekoiztearekin lotutako establezimenduak.

    2. Babes erradiologikoko zerbitzuak eta unitate teknikoak.

    3. Farmazia-atentzioko establezimenduak eta zerbitzuak, baita farmazia-bulegoen analisi klinikoko, optikako eta ortopediako sekzioak ere.

  3. – Laneko Arriskuen Prebentzioko 31/1995 Legearen 31.3 artikuluan eta Prebentzioko Zerbitzuen Erregelamendua onartzen duen 39/1997 Errege Dekretuaren 37.3 artikuluan datozen jardun sanitarioak burutzen dituzten prebentzio-zerbitzuetako zentro edo unitateak dekretu honen pean daude, aurrezaintzako-zerbitzuek Euskal Autonomia Erkidegoan burutzen dituzten jarduera sanitarioak arautzen dituen uztailaren 27ko 306/1999 Dekretuan xedatutakoarekin edo hau ordezkatzen duten arauekin bateragarri den guztian.

Dekretu honen bidez araututako baimen sanitarioak honakoak dira:

  1. Instalatzeko baimen sanitarioa.

  2. Funtsezko aldaketak egiteko baimen sanitarioa.

  3. Jardunean jartzeko baimen sanitarioa.

  1. – Dekretu honen aplikazio-eremuaren barnean dauden zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario guztiek, beren jarduera nagusia sanitarioa ez den erakundeen barnean dauden zerbitzuak barne, instalatzeko eta jardunean jartzeko baimen sanitarioak lortu behar dituzte.

  2. – Funtsezko aldaketak egiteko baimen sanitarioa ere eskuratu behar dute, horretarako aurreikusitako baldintzak biltzen direnean.

  3. – Aurreko bi idatz-zatietan xedatutakotik salbuetsita daude aurretik beste autonomia-erkidego batek baimendutako asistentzia sanitarioko zentro mugikorrak, betiere haien titularrek aurretik Osasun Sailari haien jardueren hasieraren berri eman eta aipatu erkidegoak emandako baimena aurkezten badiote.

  4. – Dekretu honetan araututako baimen sanitarioak lortzeak ez ditu zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak publikoari irekitzeko, bere jarduerak garatzeko edo bere aparatuen edo ekipoen funtzionamendurako behar diren gainontzeko baimenak lortu behar izatetik salbuesten.

Administrazio sanitarioak baimendutako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroan inskribatzen ditu.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioek Osasun Sailaren kontrola jasan behar dute, Estatuko Osasun Sistemaren Kohesioa eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 6. artikuluan aurreikusitako moduan.

  2. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen ikuskapena Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 33. artikuluan xedatutakoaren arabera burutuko da.

Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetako pertsona titularrek honako betebeharrak izango dituzte:

  1. Hauetan baimendutako eskaintza asistentzialaren babespean dagoen atentzio sanitarioa ematen dela bermatzea, jardunbide profesional zuzenaren eta uneoroko zientziaren ezagutzen arabera.

  2. Hauetan baimendutako eskaintza asistentzialak babestu gabeko atentzio sanitariorik ez dela ematen dela bermatzea.

  3. Ematen den asistentzia sanitarioa behar bezalako tituluak edo prestakuntza duten pertsonek soilik ematen dutela bermatzea.

  4. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitario mota bakoitzarentzat indarrean dauden arauek ezartzen dituzten baldintzak eta betebehar teknikoak mantentzea.

  5. Kanpoko errotulazioan zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak baimendutakoa dela aipatzea.

  6. Publikoaren harreragunean eta era ikusgarrian jardunean jartzeko baimenari dagokion ezaugarria ipintzea.

  7. Langile guztien identifikazio zuzena bermatzea, beren izen eta lanbide-kategoria beren jantziaren leku ikusgarri batean erakutsiz.

  8. Osasun Sailari hauen funtsezkoak ez diren aldaketen eta itxieraren berri ematea.

  9. Osasun Sailari eskatutako argibide guztiak helaraztea bere eskumena betetzeko.

Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitario bat sortu nahi duen edozein pertsonak, izan fisikoa edo juridikoa, instalatzeko baimena lortu behar du aurretik.

  1. – Instalatzeko baimen-eskabidearekin batera honako agiri hauek helarazi behar dira:

    1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

    2. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, bere eratze-agiria, estatutuak, bere izenean jarduten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

    3. Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren deskripzio-memoria; bertan honakoa zehaztuko dira: bere kokalekua, ezaugarriak, instalazioak, barne-antolaketa eta eskaintza asistentziala eta jarduerak.

    4. Lokalaren plano-multzoa eta xehetasun-planoa; bertan honakoak zehaztuko dira: sarrerak, espazioen banaketa eta azalerak.

    5. Hala behar bada, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren arauek eskatzen dituzten agiriak.

    6. Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

  2. – Beren jarduera nagusia sanitarioa ez den erakundeen barnean dauden zerbitzuei dagokienez, gainera, deskripzio-memorian jarduera nagusia zein den eta zerbitzu sanitarioarekin zer zerikusi duten adierazi beharko da, eta zerbitzu sanitarioak erakundearen instalazioen barnean duen kokapena ezagutzea ahalbidetu behar dute planoek.

Instalatzeko baimena iraungitzen da:

  1. Jakinarazpena egiten denetik urtebetera, bere sorrerak obra berri bat edo jada badagoen higiezin baten banaketaren edo egituraren aldaketarik ez dakarren zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioen funtzionamendurik eskatu ez bada.

  2. Jakinarazpena egiten denetik bi urtera, gainontzeko kasuetan obrak hasi ez edo gelditu badira.

  1. – Jardunean jartzeko baimena duen zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario baten funtsezko aldaketatzat honakoak hartuko dira:

    1. Higiezinaren banaketa edo egitura aldatzea.

    2. Erradioterapiako edo medikuntza nuklearreko unitate asistentzialak aldatzea.

    3. Eskaintza asistentziala aldatzea.

    4. Pertsona titularra aldatzea.

  2. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario batean funtsezko aldaketak burutzeko, aurretik, aldaketa egiteko dagokion baimena lortu behar da.

  1. – Erradioterapiako edo medikuntza nuklearreko unitate asistentzialen edo higiezinaren egitura edo banaketa aldatzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek helarazi behar dira:

    1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, eta bere izenean jarduten duena Osasun Sailaren artxiboetan ageri den ez den pertsona fisiko bat bada, bere ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

    2. Proposatutako aldaketa justifikatzen duen memoria, bertan aurreikusitako exekuzio-epea, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren asistentzia-kalitatea eta funtzionamendu egokia edo, holakorik ezean, behin-behineko itxiera bermatzeko hartuko diren neurriak zehaztuko dira.

    3. Lokalaren plano-multzoa eta xehetasun-planoa; bertan sarrerak, espazioen banaketa eta azalerak zehaztuko dira.

    4. Hala behar bada, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren arauek eskatzen dituzten agiriak.

    5. Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

  2. – Jakinarazpena egin eta urtebetera obrak hasi ez badira, erradioterapiako edo medikuntza nuklearreko higiezinaren edo unitate asistentzialen egitura edo banaketa aldatzeko baimena iraungiko da.

Eskaintza asistentziala aldatzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek helarazi behar dira:

  1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, eta bere izenean jarduten duena Osasun Sailaren artxiboetan ageri den ez den pertsona fisiko bat bada, bere ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

  2. Eskaintza asistentzial berriaren deskripzio-memoria.

  3. Hala behar bada, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren arauek eskatzen dituzten agiriak.

  4. Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

Pertsona titularra aldatzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek helarazi behar dira:

  1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren lehengo titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, eta bere izenean jarduten duena Osasun Sailaren artxiboetan ageri den ez den pertsona fisiko bat bada, bere ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

  2. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titular berria pertsona fisikoa bada, Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

  3. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titular berria Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia, bere eratze-agiria, estatutuak, bere izenean jarduten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

  4. Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren titularra aldatu izana egiaztatzen duten agiriak.

  5. Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioek jardunean jartzeko baimena izan beharko dute haien jarduna garatu ahal izateko.

  2. – Jardunean jartzeko baimena lortu behar da:

    1. Instalatzeko baimena duten zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario berrien jarduna hasi baino lehen.

    2. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioen funtsezko aldaketak egin eta gero eta dagozkien jardunak hasi baino lehen.

  3. – Bi zerbitzu edo gehiagoz osatuta dauden zentroek jardunean jartzeko baimen bakarra izango dute eta bertan baimendutako zerbitzu guztien zerrenda agertuko da.

  4. – Jardunean jartzeko baimena nahitaezko baldintza da hauetarako:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik dirulaguntzak lortzeko.

    2. Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroan inskribatuta egoteko.

    3. Berariazko arauetan araututako jarduera sanitarioak burutzeko beharrezko baimen gehigarriak eskatzeko.

    4. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren egiaztagiria eskatzeko.

    5. Publizitate sanitarioa egiteko baimena eskatzeko.

    6. Osasun Sailarekin kontzertuak edo konbenioak ezartzeko.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario berriak jardunean jartzeko baimen-eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

    1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, eta bere izenean jarduten duena Osasun Sailaren artxiboetan ageri den ez den pertsona fisiko bat bada, bere ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

    2. Pertsonal sanitarioaren zerrenda, bakoitzaren tituluen, elkargoko kide izatearen eta, hala behar bada, dedikazio-araubidearen frogagiriekin.

    3. Zentro, zerbitzu edo establezimenduaren arauek hala eskatzen badute, jarduera asistentzialaren zuzendari teknikoaren edo arduradunaren izendapena, eta titulazioa, elkargoko kidetasuna, hala behar bada, eta izendatutako pertsonaren idatzizko onarpena.

    4. Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak dituen aparatuei, ekipoei eta erremintei buruzko memoria.

    5. Hala behar bada, Industria Sailak edo beste erakunde batzuek emaniko erradioterapiako, medikuntza nuklearreko edo antzeko ezaugarriak dituzten bestelako aparatuen edo ekipoen baimenak.

    1. Hala behar bada, zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren arauek eskatzen dituzten agiriak.

  2. – Funtsezko aldaketak burutu dituzten zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioak jardunean jartzeko eskabidearekin batera ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularraren izenean jarduten duen pertsonaren nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri, hau Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada eta bere ordezkaria Osasun Saileko artxiboetan ageri ez den pertsona fisiko bat bada.

  1. – Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitario berri bat jardunean jartzeko eskabidea ebatzi baino lehen, ikuskapen-bisita bidez, indarrean dauden arauek aurreikusitako baldintzak betetzen dituela eta jardunean jartzeko dagokion baimenera doitzen dela egiaztatu behar da.

  2. – Higiezinaren edo erradioterapiako edo medikuntza nuklearreko unitate asistentzialen egituran edo banaketan aldaketak egin dituzten zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioak jardunean jartzeko baimenak ebaztea ere ikuskapenaren menpe dago.

  3. – Eskaintza asistentziala edo titularra aldatu duten zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioak jardunean jartzeko baimenak ebazteak ez du ikuskapenik behar, bere berariazko arautegiak edo Osasun Sailaren kontrol-planek eskatzen dituztenetan izan ezik.

  4. – Ikuskapenaren ondorioa aktan jaso behar da.

  5. – Ondorioa aldekoa bada, zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa jardunean jartzea baimenduko da eta bere titularrari 7.f) artikuluan aipatutako bereizgarria emango zaio.

  6. – Ondorioa aurkakoa bada, zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularrari hilabeteko epea emango zaio atzemandako hutsak zuzentzeko, eta ebazteko eta jardunean jartzeko ebazpenaren jakinarazpen epea eten egingo da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5.a) artikuluan xedatutakoarekin bat.

  7. – Hutsak zuzenduta, zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa jardunean jartzea baimenduko da eta bere titularrari 7.f) artikuluan aipatutako bereizgarria emango zaio. Zuzendu ezean, ez da baimenik emango.

  1. – Jardunean jartzeko baimenak bost urteko balioa du, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen arautegiak epe laburragoa ezartzen ez badu bederen.

  2. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetako pertsona titularrek jardunean jartzeko baimenaren berriztapena bere baliozkotasuna amaitu baino hiru hilabete lehenago eskatu behar dute; horretarako Osasun Sailak ematen duen eredua erabiliko dute eta honakoak erantsiko dituzte:

    1. Pertsonal sanitarioaren zerrenda eguneratua, sartu berri den pertsonalaren tituluen, elkargoko kidetasunaren eta, hala behar bada, dedikazio-araubidearen frogagiriekin.

    2. Jardunean jartzeko baimena eman zeneko baldintzak ez direla aldatu adierazten duen aitorpen izenpetua.

    3. Funtsezkoak ez diren aldaketak gertatu badira eta, 22. artikuluan aurreikusten den gisan, hauen berri eman ez bada, aldaketa horien esplikazio-memoria.

    4. Dagokion tasa ordaindu izanaren egiaztagiria.

  3. – Jardunean jartzeko baimenaren berriztapena ebatzi baino lehen, 17. artikuluan aurreikusitako egiaztapena egin behar da, bere berariazko arautegiak edo Osasun Sailaren kontrol-planek hala eskatzen duten zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioetan.

  1. – Dekretu honetan araututako baimen-eskabideak Osasun Sailak onartutako eredura doitu eta dagozkien agiriekin batera helarazi behar dira.

  2. – Eskabideak zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa kokatzen den lurralde historikoan aurkeztu behar dira, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.

  3. – Bere sorrerak obra berri bat edo jada badagoen higiezin baten banaketaren edo egituraren aldaketarik ez dakarren zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioen instalazioa eta jardunean jartzea batera eska daitezke. Kasu horretan, eskabide biei dagozkien agiriak erantsi behar dira.

  4. – Jardunean dagoen zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitario baten funtsezko aldaketa motei dagozkien baimenak batera eska daitezke, betiere funtsezko aldaketa horiek batera burutuko badira. Kasu horretan, horiei guztiei dagozkien agiriak erantsi behar dira.

  5. – Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitario baten eskaintza asistentziala edo titularraren aldaketa eta aldaketa horiei dagokien jardunean jartzeko baimena batera eska daitezke. Kasu horretan, eskabide biei dagozkien agiriak erantsi behar dira.

  1. – Ebazteko eta dekretu honek araututako baimen-eskabideei buruzko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da.

  2. – Epe horretan ez bada ebazpenaren berri ematen, eskabidea ezetsia izan dela ulertuko da.

Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimenen gaian eskumena duen organoak emandako ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio goragoko organoari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusitako modu eta epeetan.

  1. – Funtzionatzeko baimena duen zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario baten funtsezko ez diren aldaketatzat honakoak hartuko dira:

    1. Zentroaren, zerbitzuaren eta establezimenduaren arauek hala eskatzen badute, zuzendari teknikoa edo jarduera asistentzialaren arduraduna aldatzea.

    2. Pertsonal sanitarioa edo bere dedikazio-araubidea aldatzea.

    3. Erradiodiagnostikoko unitate asistentziala aldatzea.

    4. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren jarduna, osoki edo partzialki, aldi baterako etetea.

  2. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario baten ez-funtsezko aldaketen berri Osasun Lurralde Zuzendaritzari eman behar zaio, aldaketa hauek gertatzen direnetik aurrera hilabeteko epean, eta 16. artikuluaren 1. idatz-zatiko b), c), d) edo e) hizkietan aurreikusitako agiriak erantsiko zaizkio, edo jardueraren aldi baterako etetea justifikatzen duen memoria, dagokion bezala.

  1. – Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularrak Osasun Saileko Lurralde Ordezkaritzari behin betiko itxieraren berri eman beharko dio, hau gertatu baino gutxienez hiru hilabete lehengo.

  2. – Jakinarazpenarekin batera honako agiri hauek helarazi behar dira:

    1. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua ez den beste pertsona juridiko bat bada, eta bere izenean jarduten duena Osasun Sailaren artxiboetan ageri den ez den pertsona fisiko bat bada, bere ordezkaritza egiaztatzen duen agiria eta Nortasun Agiria, pasaportea edo bere nortasuna egiaztatzeko balio duen beste edozein agiri.

    2. Zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa jardunean egon den bitartean sortutako dokumentazio klinikoaren mantentze-prozeduraren deskripzio-memoria, indarrean dagoen araudian aurreikusitakoarekin bat.

  3. – Biztanleriaren osasunaren defentsak hala eskatzen duenean, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimenen gaian organo eskudunak, aurreikusitako epea baino lehen ixteko eta, salbuespen gisa, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioaren aldi baterako jarduna, eten dezake.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko gaian arau-hausteak eta zehapenak Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 35.etik 39. artikulura eta apirilaren 25eko Sanitate Orokorreko 14/1986 Legearen 32.tik 37. artikulura bitartean aurreikusitakoak dira.

  2. – Zehatzeko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zehatzeko ahalaren otsailaren 20ko 2/1998 Legean ezarritakoa da.

  1. – Instalatzeko eta jardunean jartzeko baimenak zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren titularra nortasun juridikoa hil edo iraungitzeagatik amaituko dira.

  2. – Baliogabetzeagatik eta zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioa behin betiko ixteagatik ere amaituko dira, eta kasuen arabera, iraungitzeagatik eta baliozkotasun epea amaitzeagatik, dekretu honetan ezarritakoarekin bat.

  1. – Instalatzeko eta jardunean jartzeko baimenik ez duten zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak klandestinotzat joko dira.

  2. – Dagozkien zehapenak eta bil daitezkeen erantzukizun zibil eta penalak ezartzea oztopatu gabe, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak baimentzeko gaian eskumena duen organoak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario klandestinoak ixteko ahalmena du, aurretik bere titularrei entzuteko baldintza bakarrarekin.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimenen gaian eskumena duen organoak dekretu honek araututako baimenak baliogabetzeko eskumena ere badu, berau emateko oinarri gisa balio izan zuten funtsezko baldintzak aldatu direla egiaztatzen bada.

  2. – Baliogabetzeko prozedura Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen VI. tituluan ezarritakoaren arabera garatzen da. Baliogabetze-ebazpenak zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren itxiera dakar berekin.

  3. – Prozedura izapidetzen den bitartean zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioaren jarduna etetea erabaki daiteke hala aholkatzen duten osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiak daudenean.

  1. – Betiere berau egilesteko oinarri gisa balio izan zuten funtsezko baldintzak aldatu ez badira, zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen baimenen gaian eskumena duen organoak zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitario baten jarduna aldi baterako eten dezake, osasun-, higiene- edo segurtasun-arrazoiengatik eta aurretik bere titularrari entzuteko baldintza bakarrarekin.

  2. – Aldi baterako etetea bertan behera geratuko da berau eragin zuten arrazoiak desagertu bezain laster.

Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioei emandako baimenek urriaren 11ko 396/1994 Dekretuaren eta berau garatzen duten arauen arabera, beraien baliozkotasuna eta eraginkortasuna gordetzen dute, arau horietan aurreikusitakoarekin bat.

1995eko martxoaren 30eko Aginduaren bidez araututako zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioen Erregistroan egindako inskripzioek ere beraien baliozkotasuna eta eraginkortasuna gordetzen dute.

Beren jarduera nagusia sanitarioa ez den erakundeen barnean dauden eta dekretu hau indarrean sartzean jardunean dauden zerbitzuetako pertsona titularrek bi urteko epea izango dute instalatzeko eta jardunean jartzeko baimenak eskatzeko. Baimen biak batera eskatuko dira, 19.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioek aurkeztutako baimen-eskabideak aplikatzeko zen aurreko arautegiaren arabera izapidetuko dira.

Drogamendekoen osasun-laguntzarako zentroen, ospitaleen, optiken, laborategi klinikoen eta ortopedien lokalari, instalazioei, ekipoei, erremintei, pertsonalari eta agiri espezifikoei buruzko betekizunak dekretu honen bigarren xedapen indargabetzailean aipatu arauetara doituko dira, hauek ordezkatzen dituzten beste batzuk ematen ez diren artean.

  1. – Zentro, zerbitzu eta establezimendu sanitarioak irekitzeko, jardunean jartzeko eta aldatzeko baimenen indarraldi epea ezartzeko Osasun sailburuaren 1994ko abenduaren 5eko Agindua indargabetua gelditzen da.

  1. – Toxikomanien arloan diagnosian eta/edo terapian jarduten duten zentroak sortzeko, eraikitzeko, aldatzeko, lekualdatzeko eta ixteko administrazio-baimena eskatzeko eta egilesteko arautegia ezartzen duen Osasun eta Kontsumo Sailaren 1988ko maiatzaren 30eko Agindua.

  2. – Toxikomanoak tratatzeko zentroen jardunerako betekizunak aldatzen dituen Osasun sailburuaren 1992ko azaroaren 9ko Agindua.

  3. – Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzen dituen Osasun sailburuaren 1996ko otsailaren 29ko Agindua.

  4. – Optikak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzen dituen Osasun sailburuaren 1997ko abenduaren 26ko Agindua.

  5. – Laborategi klinikoak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzen dituen Osasun sailburuaren 1998ko urtarrilaren 14ko Agindua.

  6. – Ortopediako kabineteak eta ortopediak sortzeko, jardunean jartzeko eta bertan aldaketak egiteko baimenak arautzen dituen Osasun sailburuaren 1998ko martxoaren 17ko Agindua.

Osasun Saileko pertsona titularra gaitzen da 1995eko martxoaren 30eko Aginduak araututako zentro, zerbitzu edo establezimendu sanitarioen Erregistroa urriaren 10eko 1277/2003 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera doitzeko.

  1. – Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, audioprotesi-establezimenduentzat izan ezik.

  2. – Audioprotesi-establezimenduentzat, dekretu hau establezimendu hauek bete beharreko baldintzen arauak hala egiten duenean sartuko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2006ko otsailaren 21ean.

    Lehendakaria,

    JUAN JOSΙ IBARRETXE MARKUARTU.

    Osasun sailburua,

    GABRIEL M.ͺ INCLΑN IRIBAR.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (11)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.