Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

111/2005 DEKRETUA, maiatzaren 17koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko Dekretuaren hirugarren aldaketa egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2529
  • Xedapen-zk.: 111
  • Xedapen-data: 2005/05/17
  • Argitaratze-data: 2005/05/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita; Ekonomia

Testu legala

Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuak babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzen laguntzeko jarduera-ardatz batzuk ezartzen ditu. Dekretuak honako helburu hauek ditu: etxebizitza babestuaren eskaintza areagotzea, etxebizitzak alokatzeko politikak indarberritzea, hutsik dauden etxebizitzak berreskuratu eta horiei balioa ematea, kolektibo jakin batzuei tratamendu berezia ematea, hiriak birgaitu eta berritzea eta abar.

Abenduaren 30eko 315/2002 Dekretua eta bere garapenerako emandako Aginduak onetsi zirenetik egoera berriak antzeman dira, eta horren ondorioz, Administrazioak bere jarduera egoera berri horiei egokitu behar izan du. Testuinguru berean kokatu behar dira ondoko aldaketak, honako eremu hauetan eragina baitute:

  • Alde batetik, Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren III. kapituluan ezarritako babes ofizialeko etxebizitzak erosteko erregimenari buruzko araudian, eta zehatzago esanda, 16. eta 22. artikuluetan. Aldaketa honek, batetik, sarrera gordinen ponderazioa egoera ekonomikora egokitzen du, bost kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateei dagokienez, eta bestetik, etxebizitza-beharra errealitate fisikora egokitzen du, kasu horretan ere kolektibo horretarako, eta horrela kasu egin ahal izango zaie lehen kontuan hartzen ez ziren zenbait egoerari. Bi aldaketen bidez, Administrazioetatik babestu nahi dira ezaugarri bereziak dituen kolektibo baten etxebizitza-premia larriak, familia ugarienak hain zuzen.

  • Bestalde, Babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko abenduaren 30eko 315/2002 Dekretuaren IV. Kapituluan ezarritako babes ofizialeko etxebizitzen erabilera-erregimenean, eta zehatzago esanda, 27. artikuluan, prezioaren konturako zenbatekoak entregatzeari buruzkoan. 27. artikuluaren arabera -artikulu horixe baita aldaketa honen helburua-, babes ofizialeko sustatzaileek banku-abala aurkeztu behar dute edo etxebizitza-eroslearengandik jasotako diru-kopuruak ziurtatu behar dituzte, erositako etxebizitzaren eta eranskinen prezioan oinarrituta, zenbateko guztiak itzultzeko berme gisa. Baina beste kasu batzuetan, babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaile (publiko)ak sustapen osoa beste erakunde bati (erakunde hori Eusko Jaurlaritzaren mendean dago) eskualdatzen dio, eta hark babespeko errentamendurako utziko ditu. Kasu horietan ez dago ziurtatu edo bermatzeko arriskurik, erakunde publikoen edo sasipublikoen arteko sustapenetan, begien bistako arrazoiengatik, ezin baitzaie iruzurrik egin etorkizuneko maizterrei edo etxebizitzen esleipendunei (arrisku horri abalen eta bermeen bidez aurre egin nahi zaio, babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaile pribatuen kasuan). Aldaketa honen bidez, babes ofizialeko etxebizitzen eskualdaketa batzuei abala jartzeko edo diru-kopuru horiek ziurtatzeko beharra kendu nahi zaie, baldin eta eskualdaketa horietan Eusko Jaurlaritzak partaidetzak baditu erakunde sustatzaile eskualdatzailean eta eroslean, eta erakunde sustatzaile eskualdatzailean duen partaidetzak gehiengoa badu eta kide anitzeko organo erabakitzaileetan gehiengoa izatea bermatzen badu.

  • Bukatzeko, babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeari buruzko araubidean. Araubide hori V. Kapituluan ezarrita dago, sozietate publikoekin itundutako sustapenari buruz ari da eta bidea ematen die Zuzenbide Publikoko Entitateei edo Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak kapitalaren gehiengoaren partaidetza duen sektore publikoko Sozietateei, lurzorua erosi eta urbanizatzeko laguntzak jasotzeko, baldin eta lurzoru hori babes ofizialeko erregimenen bati atxikita dauden etxebizitzak eraikitzeko bada edo sinatu beharreko itunean edo programa-kontratuan laguntzen onuradunak hitzematen badu diru-laguntza ematen duen Administrazio Publikoari lursailen jabetza soila emango diola, eta lursailen azalera-eskubideari gehienez 75 urtez eutsiko diola.

    Hori dela eta, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko maiatzaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

“b) 5 kide edo gehiago dituzten bizikidetza-unitateak, edo familia ugariak, baldin eta 36 m2 baino gehiago eta 120 m2 edo gutxiago duen etxebizitza baten titular badira, pertsona bakoitzeko 15 m2 baino ratio txikiagoa izanik.”

“c) K eta E haztatzeko koefizienteak, urteko diru-sarrera haztatuak zehazteko aplikatzen direnak, honakoak izango dira:

K

kide bat edo bi: 1,00.

hiru kide: 0,95.

4 kide: 0,90.

5 kide: 0,80.

6 kide: 0,70.

7 kide: 0,60.

7 kidetik gora: 0,50.

E

hartzaile bat: 1,00.

bi hartzaile: 0,95.

hiru hartzaile edo gehiago: 0,90.”

“1.– Konturako zenbateko gisa eta uztailaren 24ko 2114/1968 Dekretuak onartutako Babes Ofizialeko Etxebizitzen Araudiaren 114. artikuluak ezarritako baldintzak bete ondoren, babes ofizialeko etxebizitzen sustatzaileek ezin izango diete horien eskuratzaileei eskatu etxebizitzaren eta eranskinen salmenta-prezioaren eta salerosketa-kontratua bisatu ondoren eskuratzaileari aitortutako maileguaren gehienezko zenbatekoaren arteko aldea baino zenbateko handiagorik.

Jasotako konturako zenbateko guztiak itzultzeko berme gisa aseguru-kontratuaren ordez sustatzaileak aurkez dezakeen banku-abala horretarako nahikoa botere duen pertsona batek luzatu beharko du.

  1. – Aurreko puntuan ezarritakoa ez da aplikatuko soilik Eusko Jaurlaritzak partaidetzak dituzten sozietateen artean egindako etxebizitza-salerosketa eragiketetan, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

    1. Babes ofizialeko etxebizitzen salerosketaren bitartez bete nahi badira Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitzaren politika publikoan dituen helburuak.

    2. Babes ofizialeko etxebizitzak eskualdatzen dituen erakunde sustatzailean Eusko Jaurlaritzak partaidetzak baditu, eta kapital sozialaren kuotak gehiengoa bermatzen badio erakundearen kide anitzeko organo erabakitzaileetan.”

“3.– Artikulu honen lehenengo paragrafoan aipatutako Erakunde eta Sozietateek lurzorua erosi eta urbanizatzeko laguntza publikoak jaso ahal izango dituzte, dagoeneko erosi duten edo erosteko duten lurzoru hori babes ofizialeko erregimenen bati atxikita dauden etxebizitzak eraikitzeko bada. Kasu horretan, sinatu beharreko itunean edo programa-kontratuan laguntzen onuradunak hitzeman beharko badu diru-laguntza ematen duen Administrazio Publikoari lursailen jabetza soila emango diola, eta lursailen azalera-eskubideari gehienez 75 urtez eutsiko diola.”

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko maiatzaren 17an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.