Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

59/2005 DEKRETUA, martxoaren 29koa, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta funtzionamenduaren Erregelamendua onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 108
  • Hurrenkera-zk.: 2953
  • Xedapen-zk.: 59
  • Xedapen-data: 2005/03/29
  • Argitaratze-data: 2005/06/09

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

1994ko maiatzaren 24an onartu zen 189/1994 Dekretua, Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta jarduna arautu zituena. Dekretu horrek Euskadiko Kooperatiben Erregistroa antolatu zuen; egokitu egin zuen Erregistroa Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak aurreko legeriarekiko ezarritako aldaketetara. Egokitze horrek, batik bat, erregistro-sistema indartu zuen, horrela, kooperatiben enpresa-trafikoan ezinbestekoa den segurtasun juridikoa handitzea lortuko baitzen. Horretarako, bi ildo nagusi ezarri ziren: batak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroa kooperatibekiko eraginkortasun juridiko pribatua duen erregistro juridiko gisa definitu zuen; besteak, berriz, Erregistro hori Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-antolamenduaren barruan, eta zehatzago esanda, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza Sailean (egun Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila) kokatu zuen.

Dekretu hori onartu zenetik hamar urte igaro dira, eta urte horiek bermatzen dituzte, hain zuzen ere, bertan sartu diren aldaketak; aldaketa horiek ezinbesteko tresna bilakatu dira enpresa-trafikoaren segurtasun hori indartzeko, bai eta kooperatibek Erregistro horren publizitate materiala eta formala ahalbidetuko duen tresna azkar eta dinamiko bat eduki dezaten errazteko. Hala ere, Dekretu hori indarrean egon den hamar urte horietan, bilakaera jasan dute, bai zuzenbide-eta erregistro-mailako jardunak, bai kooperatibak sartuta dauden errealitate sozialak; horixe erakusten du 2000. urtean kooperatiben Legeari egin zitzaion aldaketak. Bilakaera horrek premia berriak sortzea, eta garai batean garrantzitsuak ziren beste batzuk desagertzea ekarri du, eta horri zuzenbide- eta erregistro-mailako erantzuna eman behar zaio.

Frogatuta gelditu da 1994ko Dekretuaren egiturak duen balioa eta eraginkortasuna; Dekretu haren bidez, arautze minimalista batetik arautze zabalago eta zorrotzago batera pasa zen, eta horri esker, kooperatibak segurtasun juridiko handi batez baliatu dira. Horregatik, Dekretu hura mantentzea erabaki da; aurrekoan bezala, Titulu eta Kapitulutan banatu da, eta aipatutako helburuak lortzeko komenigarriak jotzen ziren artikuluak aldatu dira. Hala ere, argitasunaren eta ulergarritasunaren izenean, Erregelamendua osorik idaztea erabaki da; beraz, ez da zati baten aldaketa, baizik eta indarrean zegoen Dekretua ordezkatzen duen beste Dekretu bat.

Dekretu honetako I. tituluak —Erregistroaren antolaketa, eragina eta funtzionamendua—, erregistroaren araubide orokorra arautzen du, eta horren egituraketa, jardute-eremua eta egitekoak zehazten ditu.

Erregistroak bateratua izaten jarraitzen du, izan ere, erregistro-tituluak kalifikatzeko irizpideak bateratzeko arrazoiak berberak dira; baina Lurralde Ordezkaritzetako zenbait egiteko banatzea posible da, egiteko horiek, berez, bateratze horren beharrik ez dutenean.

Halaber, Kooperatiben Erregistroa Autonomia Erkidegoko administrazioaren egituretan sartuta dagoela kontuan izanik, jarduteko irizpide batzuk ezarri dira, Erregistro horrek, bere ahalmen juridikoak erabiltzeaz gain, kooperatiba-sustapenerako tresna aktibo gisa ere jardun dezan. Arautu diren jardute-irizpide horiekin kooperatiben egintzak eta kontratuak ahalik eta azkarren inskribatzen lagundu nahi da; Erregistroan egingo dituzten jarduerak eraginkorragoak izan daitezen lagunduko da, eta hori guztia Administrazioaren eta kooperatiben —edo horiek biltzen eta ordezkatzen dituzten elkarteen— lankidetzaren ondorio izango da.

Legearen arabera egin diren eta oraindik indarrean dauden egintzak inskribatu ahal izango dira, baita egintza horien igorleak momentu horretan Erregistroan inskribatuta ez badaude ere.

Aurreko Dekretuan araututako Liburu egunkaria desagertu da. Horrekin erregistroko izapideak sinplifikatu nahi dira, beti ere, segurtasun juridikoa alde batera utzi gabe; izan ere, Kooperatiben Erregistroa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barruan dagoenez, bertara sartzen den agiri oro dagokion Saileko Sarrera Erregistroan jasota geldituko da, eta horrela, segurtasun juridikoari eutsi egiten zaio agirien sarrerari eta horien ondorio juridikoei dagokienez, eta gero egin behar diren izapideak azkartu egiten dira. Halaber, liburuei dagokienez, berritasun gisa aipatu behar da, Europar Kooperatiben Inskripzio Liburua sortu izana.

Behin-behineko ebazpen ukatzailearen eta behin betikoaren arteko bereizketarik ere ez da egiten, administrazio-prozedurak arautzen dituen oinarrizko araudiari lotu nahi baitzaio, eta inskriba daitekeen egintza bat baino gehiago duten tituluen inskripzio partziala errazten da.

  1. tituluan ere aldaketa esanguratsu batzuk egin dira. Titulu horrek, hain zuzen ere, kooperatibak inskribatzeari buruz dihardu, eta kooperatiben jardunaren aldiak taxutzen dituen erregistro-araubidearen hainbat alderdi hartzen ditu. Horrela, inskribatu behar den titulua egiaztagiri bat denean, notario bidez legeztatutako sinadurarekin aurkeztu ahal izango da, baina horretaz gain, sinadurak legeztatzeko eskumena duen funtzionarioaren aurrean ere aurkeztu ahal izango da.

    Artezkaritza Kontseiluaren berritzea aldi berekoa denean, estatutuetan jaso ahal izango da gutxienez eta gehienez zenbat kide izango diren.

    Berritasun garrantzitsu bat ere aipatu behar da kooperatiben likidazioaren barruan: bat-bateko aktiboaren arautzea; sozietate baten likidazioa onartu eta horren ondorioz erregistro-idazpenak baliogabetu ondoren, behar bezala esleitu ez diren ondasunak ageri direnean jarraituko zaio arautze horri.

  2. tituluak Kooperatiba Elkarteen inskripzioaz dihardu. Kooperatiba Elkartetzat hartzen dira Euskadiko Kooperatiben Legeak araututako kooperatibak biltzen dituzten batasun, federazio, konfederazio edo beste elkarte batzuk. Inskripzioa publizitate formalaren ondorioetarako egingo da soilik, elkartzeko eskubideari buruz Konstituzioan araututakoa aintzat harturik.

    Azkenik, IV. tituluak Kooperatiben Erregistroaren beste egiteko batzuk adierazten ditu.

    Gordailatzeko kontuen aurkezpena ere sinplifikatu egin da. Izan ere, Erregistroak ez ditu kalifikatu behar kontuetan ageri diren administratzaileen sinadurak; nahikoa izango da Artezkaritza Kontseiluko idazkariak egiaztagiri bat egitea; egiaztagiri horretan, kontuak administratzaile guztiek sinatu dituztela jasoko da.

    Kooperatibek kontuak gordailatzeak duen garrantzia dela-eta, Erregistroan ez da jasoko epez kanpo aurkeztutako inolako agiririk; salbuespen izango dira, normala den bezala, kooperatibaren funtzionamendu egokirako edo haren likidazio ordenaturako ezinbestekoak diren zenbait egintza.

    Azkenik, zera aurreikusten da geroari begira: Erregistroa aurrerapen teknologikoak eskaintzen dituen aukera berrietara egokitu ahal izango dela, aukera horiek Kooperatiben Erregistroaren helburu eta xedeak azkarrago eta modu eraginkorragoan betetzen lagunduko duten tresna gisa erabili ahal daitezen.

    Ondorioz, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legearen Azken Xedapenetatik bosgarrena garatzeko, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoari entzun ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2005eko martxoaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen hasitako inskripzio-espedienteak momentu horretara arte indarrean egongo diren xedapenen arabera izapidetu eta ebatziko dira.

Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren antolaketa eta jarduna arautu zuen maiatzaren 24ko 189/1994 Dekretua indargabetzen da, baita maila bereko edo baxuagoko beste edozein xedapen ere, baldin eta Dekretu honetan gai honen inguruan ezarri denaren kontrakoa bada.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari eskumena ematen zaio Dekretu hau garatzeko eta gauzatzeko beharrezko diren xedapenak hartzeko, Erregistroaren zenbait eginkizunen banaketa eraginkorragoa izan dadin neurri arautzaileak sustatzeko, erregistro-mailako zenbait zerbitzu ordaintzea bultzatzeko, eta erregistro-mailako egitekoak teknologia berrien garapenak eskain ditzakeen bitartekoetara egokitzeko.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2005eko martxoaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroa, Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen 15. artikulutik 18. artikulura arautzen dena, Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ekonomiako Zuzendaritzari atxikitako organo bateratu bezala egituratzen da.

    Erregistro horrek izaera bateratua badu ere, bere eginkizunetako batzuk banatu egin ahal izango dira Sail honen Lurralde Ordezkaritzetan, sailaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituen Dekretuan ezartzen denaren arabera.

  2. – Erregistro horrek izaera juridikoa du eta doako zerbitzu publikoa da, nola herritarrentzat, hala bertan izena eman nahi duten erakundeentzat.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroak eskumena izango du lehen, bigarren nahiz hurrengo mailako kooperatibekiko, kooperatiba-taldeekiko, kooperatiba-korporazioekiko eta kooperatiba mistoekiko, baldin eta horien jarduera kooperatibizatua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan burutzen bada oro har, eta horretaz gain, lurralde horretan helbideratuta badaude. Halaber, Europako kooperatibekiko ere izango du eskumena, baldin eta horien egoitza soziala lurralde honetan badago, eta Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen 2.a artikuluan ezarritakoari jarraituz, lurralde honetan burutzen badute jarduera kooperatibizatua.

  2. – Eskumena izango du, halaber, kooperatiba-batasun, -federazio eta -konfederazioekiko, edo eta Euskadiko Kooperatiben Legearen aplikazio-eremukoak diren sozietate edo elkarteak biltzen dituzten beste elkarte batzuekiko.

  3. – Erregistroan inskribatzea aukerakoa izango da, Euskadiko Kooperatiben Legeko 134.1 artikuluarekin bat etorriz, artikulu honetako 1. paragrafoan adierazitako erakundeak baldin badira —helburu ekonomikoa duten erakundeak izango dira, pertsonifikatuak izan ala ez—, eta gehienbat Lege horretan araututako kooperatibez osaturik badaude.

  1. – Hona hemen Erregistroaren eginkizunak:

    1. Lehen, bigarren nahiz hurrengo mailako kooperatiben edo Erregelamendu honen 2. artikuluan adierazitako erakunde edo entitateen egintzak, indarreko araudiaren arabera Erregistroan sartu beharrekoak direnak, kalifikatzea, inskribatzea eta egiaztatzea.

    2. Derrigorrezko liburuak gaitu eta legeztatzea.

      a) idatz-zatian aipatzen diren kooperatiben urteko kontuen gordailua eta kooperatiba horietan hartutako erabakien egiaztagiriak jasotzea; kalifikatzeko, Legeak eskatutakoak izan behar dute aurkeztutako agiriek, Batzar Orokorrak behar bezala onartu behar ditu, eta beharrezko sinadurak eraman behar dituzte.

    1. Kooperatiben izenari buruzko egiaztagiriak ematea.

    2. Bere eskumeneko gaiei buruzko kontsultak argitzea.

    3. Kooperatiba berrien sustatzaileei eta dagoeneko eratuta dauden kooperatiben administratzaile eta kontseilariei aholkuak ematea, kalifikatzeko eta inskribatzeko, oharrak egiteko edo gordailatzeko aurkeztutako agirien gaineko zalantzen edo agiri horien akatsen inguruan.

    4. Euskadiko Kooperatiben Legeak, Erregelamendu honek edo berau garatzeko arauek agintzen dioten beste edozein eginkizun.

  2. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroaren ebazpenek eta haren jardunak izaera juridikoa dute, baina horretaz gain, Erregistro hori kooperatiba-sustapeneko tresna aktibotzat hartu behar da. Horregatik, Erregistro horren egitekoak burutzerakoan, honako jardute-irizpideak izan behar dira kontuan:

    1. Zalantzarik izanez gero, arauak interpretatzeko orduan, kooperatibaren benetakotasunaren, garapenaren eta jarraipenaren alde egingo da.

    2. Gizartearen onerako izango da kooperatiba berriak sortzea —eratze, batze, zatitze edo eraldatze bidez— eta lehendik zeudenak berraktibatzea. Horregatik, espedienteak bideratzerakoan kasu horiek izango dute lehentasuna.

    3. Sustatzaileek aurkeztutakoa ez bada zuzenbidearen araberakoa, ezezkoa ematen duen ebazpenari ohar bat erantsi ahal izango zaio, espedientearen konplexutasunak hala eskatzen duenean; ohar hori orientatzailea izango da, eta bertan aukera baliagarri batzuk adieraziko dira.

    4. Erregistroak Euskadiko Kooperatiben Konfederazioekin eta beste erakunde ordezkari batzuekin lankidetzan jardungo du, Erregistroan gehien erabiltzen diren agirien ereduak —orientatzaileak, lotesleak ez direnak— egiterakoan.

    5. Interesatuek eskatzen dutenean, edo esparruaren, baltzu-erroldaren ezaugarrien edo espedientetik ateratako beste datu objektibo batzuen ondorioz hala komeni denean, ebazpenarekin batera eranskin edo azalpen-ohar bat emango da, eta bertan ebazpenaren edukien inguruko kontzeptu edo termino juridikoen berri emango da ahalik eta modurik sinpleenean; marrazki bidezko adibideak ere sartu ahal izango dira.

Publizitate material eta formalean, legezkotasunean, legitimazioan, lehentasunean eta traktu jarraian oinarritzen da Erregistroaren eraginkortasuna.

  1. – Erregistroan inskribatzea derrigorrezkoa izango da Euskadiko Kooperatiben Legean edo Erregelamendu honetan hala xedatzen bada.

  2. – Lege-testu horretako 16.2 artikuluarekin bat etorriz, kooperatiben eratze, bategite, banatze, desegite eta berraktibazioen inskripzioak izaera eratzailea izango du, baita mota horretako baltzu bihurtzeko egintzen inskripzioak ere. Gainerako kasuetan inskripzioa adierazpenezkoa izango da.

Inskribatu beharreko agiriak kalifikatu egingo dira, eta horretarako, kontuan hartuko da agirien itxuraren legezkotasuna, agiriak eman nahiz sinatzen dituztenen legitimazioa, eta edukiaren, agirien ondorioen eta Erregistroko idazpenen balioa, indarrean dagoen legeriaren arabera.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroa publikoa da.

  2. – Erregistroko liburuak eta idazpenek aipatzen dituzten agiriak erakutsiz egingo da publizitatea, Erregistroak emandako egiaztagiri bidez, eta artikulu honetako 5. paragrafoan aipatzen diren bideak erabiliz.

    Egiaztatzea da Erregistroko idazpenak nahiz Erregistroan artxibatu edo gordetako agiriak modu frogagarrian erakusteko bide bakarra.

  3. – Egiaztapenak idatziz eskatu beharko zaizkio Erregistroko arduradunari, egiaztatu nahi diren alderdiak zeintzuk diren argi eta garbi adieraziaz; eskabideari sarrera eman, eta hamabost eguneko epean emango dira egiaztapen horiek. Jada inskribatuta dauden titulu edo egintzei buruzko egiaztapenak bakarrik eman ahal izango dira; inskribatzeko zain badaude, dagokion informazioa eman ahal izango zaie egiaztapena eskatu nahi dutenei —izapideak zertan diren ere adieraziko da—.

  4. – Idazpen laburren egiaztapenak agiritegian dauden zehaztasunak hartzen ditu, berez eta besterik gabe Erregistroaren edukiaren egiaztagarri izan dadin.

    Hitzez-hitzezko egiaztapena egin behar denean, fotokopiez nahiz erreproduzitzeko beste edozein bitartekoz balia daiteke.

  5. – Publizitatea jakinarazpen-ohar soilez edo Erregistroan jasotako idazpen eta agirien fotokopia bidez ere egin daiteke. Erregistroko idazpenak eta agiriak orri kopurua eta zein egunetan ematen diren adieraziz emango dira, behar bezala zigilaturik. Interesatuak eskatzen badu, faxez edo Erregistroak daukan beste bitarteko baten bidez bidali ahal izango dira idazpen eta agiri horiek, betiere bitarteko horrek informazioa jasoko dela ziurtatzen badu; eta originala korreoz bidali beharko da.

  6. – Erregistroan inskribatu gabeko egintza edo tituluen informazioa emango da, baldin eta datu pertsonalak babesteari buruzko eta administrazio-prozedurari buruzko arauetan ezarritakoa betetzen bada, hirugarrenek prozeduran izan dezaketen interesari dagokionez.

  1. – Erregistroko liburuen edukia denek ezagutzen dute, eta horren berri ez izana ez da aintzat hartuko.

  2. – Inskribatu beharrekoak izanik inskribatu ez diren egintzek ez dute eragingo uste oneko hirugarrenengan. Hirugarrena uste onekoa jotzen da inskribatu gabeko egintza ezagutzen zuela frogatzen ez den arte.

    Inskribatzeko eginbidea betetzen ez duenak ezingo du inskribatu ez izana aitzakiatzat azaldu.

  1. – Erregistroko idazpenak zehatzak eta baliozkoak direla jotzen da, eta eragingarriak izango dira harik eta zehaztasun-ezaren edo baliogabetasunaren adierazpena inskribatzen ez den arte.

  2. – Zehaztasun eza nahiz baliogabetasuna adierazteak ez die uste oneko hirugarrenek zuzenbidearen arabera eskuratutako eskubideei kalterik eragingo. Zuzenbidearen arabera eskuratutako eskubideak izango dira Erregistroaren edukiaren arabera baliozkoa den egintza edo kontratuaren ondorioz eskuratu direnak.

  3. – Inskribatzeak ez ditu legeen arabera baliorik gabeak diren egintzak baliozkotzen.

  1. – Zernahi tituluren prebentziozko oharpena edo inskripzioa egiten bada, ezingo da beste titulurik inskribatu, delako titulua, egun berekoa nahiz lehenagokoa izan, haren kontrakoa edo harekiko bateraezina baldin bada.

  2. – Erregistroko eragiketak agiriak aurkezten diren hurrenkeraren arabera egingo dira, eta Erregistroan aurrena sartzen diren agiriek lehentasuna izango dute geroago sartzen direnekiko. Salbuespen izango dira, dena den, Erregelamendu honen 3.2.b artikuluan adierazten diren lehentasunezko egoerak.

  1. – Inskribatu beharreko subjektu bati buruzko egintzak edo kontratuak inskribatu ahal izateko, subjektua bera inskribatuta egon beharko da aurretik.

  2. – Lehendik eginda dauden egintza nahiz kontratuen aldaketa edo iraungitzea inskribatu ahal izateko, egintza edo kontratu horiek inskribatuta egon beharko dute aurretik.

  3. – Ahaldunek nahiz administratzaileek egindako egintzak edo kontratuak inskribatu ahal izateko, haiek ere inskribatuta egon beharko dute aurretik.

  4. – Administratzaileen, Batzorde Betearazleko kideen, kontseilari ordezkarien, zuzendari-gerenteen eta Zaintza Batzordeko kideen izendapena eta kargu-uztea inskribatu ahal izateko, lehendik hartutako erabakiek inskribatuta egon beharko dute. Arau bera ezarriko da kooperatiba-korporazioetako eta kooperatiba-taldeetako organoetako kideen inskripzioari dagokionez.

  5. – Behar bezala hautatuak izan ziren arren, euren agintaldian inskribatu ez ziren kooperatibako karguen egintza eraginkorrak inskribatu egin ahal izango dira, baita agintaldia amaituta egonda ere, baldin eta erakunde eskatzailearen agiri baten bidez egiaztatzen bada horien izendapena eta legitimazioa; egiaztagiri horrek legezko eta erregelamenduzko baldintza guztiak beteko ditu.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroan honako liburu hauek guztiak egongo dira:

    1. Kooperatiba eta bestelako enpresa-elkarteen inskripzio-liburua.

    2. Kooperatiba Elkarteen inskripzio-liburua.

    3. Europar Kooperatiben liburua.

    4. Gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburua.

    5. Kontu-gordailuen fitxategi-liburua.

  2. – Halaber, Erregistroa zuzen kudeatzeko egokitzat jotako fitxategi eta liburu osagarriak ere prestatu ahal izango dira.

  3. – Arau honetan aipatzen diren liburu guztiek behar bezala beteta egon beharko dute, eta orri bakoitzean Erregistroaren zigilua eraman beharko dute.

  4. – Liburu horietako idazpenak idazmakinaz nahiz prozedura informatikoz egin beharko dira, eta, nolanahi ere, idatzitakoa ezabagaitza izan dadila ziurtatu beharko da.

  1. – Inskripzio-liburuak orri mugikorrez osatuko dira. Inskripzio-liburuen goi-eskuineko ertzean orriaren zenbakia ezarriko da, eta kooperatiben eta enpresa-elkarteen inskripzio-liburuetan, berriz, dagokion liburukia ere adieraziko da. Kooperatiba bati dagokion orria erabat betetzen denean, beste bat prestatuko da zenbaki berarekin eta alfabetoko lehenengo letrarekin, eta gainontzeko letrak hurrengo orrientzat utziko dira.

  2. – Inskripzio-orria lau zutabe bertikaletan banatuko da. Lehenengo zutabean tarte bat utziko da, bertan ertzeko oharrak ezartzeko —nahi izanez gero eskuz—. Beste hiruretan eguna, idazpen-zenbakia eta idazpena bera adieraziko dira, eta gainaldean, honako hauek adieraziko dira: “Ertzeko oharrak”, “Eguna”, “Idazpen-zenbakia” eta “Inskripzio-idazpena”.

Hona hemen kooperatibak identifikatzeko erakutsi beharreko zehaztasunak: kooperatibaren izena, baltzuaren egoitza, lurralde historikoa, kooperatiba-mota, baltzuaren helburua, Ekonomi Jardueren Sailkapen Nazionaleko zenbakia eta gutxieneko baltzu-kapitala.

Era berean, orriaren goi-eskuineko ertzean kooperatibaren inskripzio-zenbakia ipiniko da, baita, hala badagokio, aurreko Erregistroan egokitu zitzaion zenbakia ere.

Kooperatiben batasun, federazio nahiz konfederazioak eta gehienbat kooperatibak biltzen dituzten beste elkarte batzuk identifikatzeko erakutsi beharreko zehaztasunak honako hauek dira: izena, baltzuaren helbidea, lurralde historikoa, mota eta espedientea Erregistroan sartu zeneko eguna.

Era berean, orriaren goi-eskuineko ertzean entitatearen inskripzio-zenbakia ipiniko da, baita, hala badagokio, aurreko Erregistroan egokitu zitzaion zenbakia ere.

Hona hemen europar kooperatibak identifikatzeko erakutsi beharreko zehaztasunak: kooperatibaren izena, helbidea, mota, helburua eta gutxieneko baltzu-kapitala.

Gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburua kooperatiba nahiz, hala badagokio, kooperatiba-elkarte bakoitzarentzako fitxa bidez eramango da. Fitxa horietan, hain zuzen ere, honako datuok adieraziko dira: baltzuaren izena eta inskripzio-zenbakia, gaitu nahiz legeztatutako liburu mota eta gaitu edo legeztatutako eguna.

Kontu-gordailuen fitxategi-liburua kooperatiba bakoitzarentzako fitxa bidez eramango da. Fitxa horietan, hain zuzen ere, honako datuok adieraziko dira: baltzuaren izena eta inskripzio-zenbakia, gordailatutako agiri mota, zein egunetan gordailatu zen eta gordailuari dagokion ekitaldi ekonomikoa.

  1. – Erregistroko liburuetan honako idazpen-mota hauek egingo dira:

    1. Inskripzioak.

    2. Prebentziozko oharpenak.

    3. Baliogabetzeak.

    4. Ertzetako oharrak.

  2. – Erregistroko arduradunak bere sinadurarekin eta zigiluz baimenduko ditu egiten diren idazpenak.

  1. – Idazpenak labur egingo dira, inskribatu den agiria dagoen agiritegiaren erreferentzia eginez.

  2. – Inskribatu beharreko agiriak idatzita dauden hizkuntzan egingo dira Erregistroko idazpenak; Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat izango da.

    Erakutsi eta/edo egiaztatzeko, aipatutako hizkuntza ofizial horietatik edozeinetara itzuliko dela bermatuko da; interesatuak eskatuta egingo da itzulpena.

  3. – Idazpenak bata bestearen jarraian egingo dira, eta idatzi gabe utzitako tarte zuriak marra batez baliogabetuko dira.

    Lehendik inskribatutako zehaztasun nahiz bestelako gorabeheren ordez erreferentzia soilak egin daitezke, behin eta berriro errepika ez daitezen.

  4. – Idazpenetan pertsona fisikoaren nortasuna agertarazi nahi denean, haren izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, jaioteguna eta helbidea adieraziko dira. Pertsona juridikoak identifikatzeko, baltzuaren izena eta identifikazio fiskaleko kodea adieraziko dira.

  5. – Baltzu-kapitalari buruzko kopuru, data eta zenbakiak letraz adieraziko dira. Gainerako kasuetan zenbakiak erabil daitezke.

  1. – Inskripzio-liburuetan egindako inskripzioak eta horien ezeztapenak idazpenentzat prestatutako eskuineko zutabean egingo dira, bata bestearen jarraian, eta hurrenez hurren zenbaki bidez zerrendatuko dira.

  2. – Prebentziozko oharpenak eta horien ezeztapenak inskripzioak egiteko eta horiek ezeztatzeko ezarritako eran egingo dira.

  3. – Ertzeko oharrak erregistro-orriaren ezkerraldean egingodira, eta argi eta labur adieraziko da inskripzioarekin zein harreman duten.

Inskribatu behar diren agiriak Erregistroan aurkeztuko dira, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako moduren batean.

Inskribatzeko, ezeztapena egiteko nahiz prebentziozko oharpenak egiteko idazpen orok, gutxienez, honako zehaztasun hauek izan behar ditu:

  1. Agiri mota eta horren izaera.

  2. Agiria non eta noiz egin den.

  3. Baimentzeari edo egiteari buruzko zehaztasunak, baita baimena ematen duen notarioaren, edo agiri publikoak baldin badira, horiek ematen dituen epaile, auzitegi edo funtzionarioaren izena ere; bestela, agiri pribatuak sinatzen dituztenen izenak.

  4. Idazpena egin den eguna eta Erregistroaren arduradunaren sinadura.

  1. – Inskripzio, ezeztatze, prebentzio-oharpen nahiz ertzeko oharretan egindako akatsak ezingo dira zuzenketa, zirriborro edo marra bidez konpondu. Horretarako, beste idazpen bat egingo da, eta bertan garbi adierazi beharko da zein den zuzendu den akatsa, eta idazpenak hasiera-hasieratik nolakoa izan behar zuen.

  2. – Ertzeko oharren zuzenketa, zuzentzen diren oharretatik ahalik eta gertuen egingo da.

  3. – Erregistroko idazpenen bat zuzentzen denean, idazpen berrira jotzeko behar adinako oharra egingo da idazpen okerraren ertzean.

  4. – Inskripzio, prebentziozko oharpen, ezeztatze nahiz ertzeko oharren bat zuzendutakoan, zuzendutako gaiari buruzko beste idazpenak ere zuzendu egingo dira, okerrak baldin badira behintzat, nahiz eta beste liburu batzuetan egon.

    Zuzenketa hori ertzean ohar bat ipiniz egingo da.

“Kooperatibak” alorrean eskumena duen Sailaren Erregistroan agiria aurkezten denetik aurrera, hiru hilabeteko epea egongo da idazpenak egiteko, legezko xedapen edo arauetan kontrakorik ezartzen ez bada, behintzat.

  1. – Erregistroko kalifikazioa erregelamendu honen 6. artikuluan aurreikusitakoaren arabera egingo da.

  2. – Inskriba daitezkeen agirien forma aldetiko lege-hutsegiteak izango dira agiri horien baliagarritasunari eragiten dietenak, horien itxurak nolakoa izan behar duen erabakitzen duten arauei jarraiki, baldin eta hutsegite horiek aurkeztutako agirietan gertatzen badira.

    Orobat, aintzat hartuko dira honako hauek: inskripzioak nahitaez jaso behar duen zernahi gorabehera aipatu gabe utzi edo behar bezain argi azaldu ez izana, inskribatu beharreko agiriak eman dituztenen legitimazioa –salbuespena izango da erregelamendu honen Xedapen Gehigarrietatik seigarrenean aurreikusitakoa–, eta agiri horien edukiaren balioa.

Erregelamendu honen 25. artikuluan idazpenak egiteko ezarritako epeetan eman beharko da kalifikazioa.

  1. – Erregistroaren kalifikazioak inskripzio-ondorioak izango ditu soil-soilik. Kalifikazioa ematen denean, eskatutako idazpena inskribatu egingo da, edo bestela, ukatu egingo zaio inskripzioa.

  2. – Kalifikazioak globala eta bateratzailea behar du izan.

  3. – Kalifikazio-ebazpena arrazoitua izango da.

    Idazpenaren inskripzioa ukatzen baldin bada, kalifikazio-ebazpenean gertakariak eta hautsitako xedapenak azaldu beharko dira, ukazio hori eragiten duten okerrak zeintzuk diren argi eta garbi azalduz.

  4. – Kalifikazio-ebazpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitakoaren arabera jakinaraziko zaie interesatuei, eta inskribatutako tituluak —behar bezala bideratu direnak edo aldatu behar direnak— erantsiko dira.

  1. – Tituluak akatsik ez balu, eskatutako idazpenak egingo lirateke berehala, eta, tituluarekin batera, inskripzio-eguna adierazten duen eginbidea bidaliko litzateke, behar bezala zigilatuta eta sinatuta.

  2. – Tituluak akatsik balu, inskripzioa ukatuko litzateke —arrazoiak emanez—.

  1. – Inskribatu beharreko tituluan gertakari, egintza nahiz negozioak jaso badira —elkarrekin inolako loturarik ez dutenak—, eta Erregistroaren arduradunak haietako batean akatsen bat antzematen badu, akatsik gabeak inskribatu ahal izango dira, eta horiei buruz eskatutako idazpena egin beharko da.

  2. – Antzemandako akatsek tituluaren zati bati eragiten badiete, eta beste zatiari ez badiote eragiten, tituluaren zati hori inskribatu ahal izango da. Klausula nahiz estipulazio akasdunak aukerakoak badira edo horien ordez beharrezko lege-arauak ezartzen badira egin ahal izango da soilik inskripzioa.

  1. – Kalifikazio-ebazpenak tituluari Erregistroan sartzea eragozten dion akatsen bat egozten badio, gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen aurrean, eta aipatutako Lege horren 114. artikulutik 116. artikulura ezarritako arauei jarraituz bideratuko da.

  2. – Hala ere, Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, kalifikazio-ebazpenak zehaztuko du, auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioaren jatorria; erreklamazio hori Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari ezarriko zaio, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 120. artikulutik 124. artikulura ezarritako arauen arabera bideratuko da.

  3. – Aurreko paragrafoetan adierazitako gora jotzeko errekurtsoa edo aldez aurreko administrazio-erre-klamazioa honako hauek ezarri ahal izango dute:

    1. Inskripzioa egiteko eskatu duen pertsonak, alegia, inskripzio horren ondorioak bermatu nahi dituenak, eta inskribatu behar diren tituluen legezko edo borondatezko ordezkaritza nabarmena duenak edo ordezkaritza hori benetan egiaztatu duenak.

    2. Ministerio fiskalak, aginte judizialak emandako agiriak direnean, eta legeen arabera gai horietan parte hartu behar duenean.

    3. Baimena ematen duen notarioak.

  4. – Kalifikazioaren aurkako errekurtsoek ez dute aldeen arteko kontraesanik eragingo.

  1. – Hona hemen kooperatiba bakoitzarentzat irekitako orrian derrigor adierazi beharreko egintzak:

    1. Kooperatibaren eraketa, nahitaez lehendabizi inskribatu behar dena.

    2. Estatutuetan egiten diren aldaketak.

    3. Administratzaile titularren izendapenak eta kargu-uzteak.

    4. Batzorde Betearazleko kideen eta, kasua balitz, kontseilari ordezkarien izendapena eta kargu-uztea, baita zuzendari gerente baten edo gehiagoren izendapena eta kargu-uztea ere.

    5. Ahalordetzea, orohar —baita zuzendari-gerenteena ere—, eta Artezkaritza Batzordearen eskumenak Batzorde Betearazlearen nahiz kontseilari-ordezkarien esku uztea, eta, kooperatiben korporazioak direnean, zuzendaritzaren esku uztea.

    6. Zaintza Batzordeko, eta behar izanez gero, Kontrol Kontseiluko kide titularren izendapena eta kargu-uztea.

    7. Kooperatibaren eraldatzea, bategitea eta banatzea.

    8. Kooperatiba desegitea eta likidatzea.

    9. Konkurtso-deklarazioa eta aldi baterako eskuhartze-neurriak.

    10. Ebazpen judizialak eta administratiboak, Euskadiko Kooperatiben Legean nahiz erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera.

    11. Oro har, egindako idazpenak aldatzen dituzten egintza edo kontratuak, edo legeen nahiz erregelamendu honen arabera, inskribatu egin behar direnak.

  2. – Honako egintza hauen inskripzioa aukerakoa izango da:

    1. Kontseilu Sozialeko eta Errekurtso Batzordeko kideen izendapena eta kargu-uztea, baita ahalordetze bereziak ere.

    2. Ordezkoen inskripzioa, kargu hutsak betetzen ez badituzte.

    3. Auzietarako botere orokorra.

  1. – 32.1 artikuluko a), b), d), e), g) eta h) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak eskritura publikoan jasotzeko aurkeztu behar dira.

  2. – c) eta f) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak inskribatzeko, hurrengo artikuluan adierazten den eran emandako egiaztagiria aurkeztu beharko da; notarioak egiaztatu beharko du egiaztagiri hori, edo bestela, eskumena duen funtzionarioak legeztatuko du.

  3. – i) eta j) idatz-zatietan aipatzen diren egintzak ebazpen judizial edo administratibo baten bitartez inskribatuko dira.

  4. – k) idatz-zatian aipatzen diren idazpenen edukia aldatzeko egintzak, aldatzen den egintza inskribatzerakoan eskatu zen agiriaren mota bereko beste agiri baten bidez inskribatuko dira.

  1. – Batzar Orokorraren eta kide anitzeko organoen inskribatu beharreko erabakiak ziurtagiri bidez egiaztatuko dira; egiaztagiri hori Artezkaritza Kontseiluko edo dagokion kide anitzeko organoko idazkariak sinatuko du lehendakariaren oniritziarekin, eta behar izanez gero, administratzaile bakarrak sinatuko du.

    Ziurtagiria egiten den egunean kargua indarrean eta Kooperatiben Erregistroan inskribatuta ez duten pertsonek emandako erabakiak ez dira inskribatuko; salbuespen izango dira honako kasu hauek: erabakia indarrean egotea eta behar bezala egiaztatzea erabakia eman zuenak bazuela emateko gaitasuna; edo karguren baten titularra izendatzen duen erabakia egiaztatzea, izendatuak berak egiaztatzeko eskumena erabiliz. Kasu horretan, ziurtagiria sinatu egin beharko du aurreko titularrak, edo bestela, aurreko titularrari buruzko jakinarazpen sinesgarria aurkeztu beharko da, eta ezingo da titulua inskribatu, harik eta espedientea Erregistroan sartu eta hamabost egun iragan arte; ezinbestekoa izango da epe horretan aurreko titularrak inolako eragozpenik ez jartzea. Ezadostasuna adierazteko kereila kriminala jarri behar da, ziurtagiria faltsutzeagatik, edo izendapenaren benetakotasunik eza egiaztatzen duen beste zernahi gorabeheragatik.

  2. – Artikulu honen aurreko paragrafoan aipatzen den ziurtagirian zera jasoko da: ziurtagiri hori eman zen eguna eta hartutako erabakiaren baliotasuna eta arauzkotasuna kalifikatzeko beharrezkoak diren gorabehera guztiak:

    1. Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen 37.1 artikuluaren honako idatz-zati hauetan ezarritakoak: a), b), c) —dagokion erabakiari buruzkoak bakarrik—, d), f) eta g).

    2. Akta egin zen eguna eta akta hori onartzeko erabilitako sistema.

    3. Artikulu honetan adierazitako gainerako gorabeherak.

      Kooperatibaren erabakiak nahiz estatutuak jendeari jakinarazteko agiria aldatu nahi denean, delako erabakia hitzez hitz idatzi beharko da. Euskadiko Kooperatiben Legeko 73.2 artikuluaren lehen paragrafoan aipatzen diren erabakien egiaztagirietan erabaki horiek legelari aholkulariak emandako Akta Liburuan agertzen direla adierazi beharko da, edo bestela, egiaztatu egin beharko da kooperatiba horrek ez daukala legelari aholkularirik izendatu beharrik.

Kooperatibaren erabakia publiko egiten duen eskritura inskribatzeko, erabakiaren baliotasuna kalifikatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak jasoko ditu tituluak, erregelamendu honen 34.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta eskritura hori ematen duenak eskumena izan behar du alderdi horiek guztiak egiaztatzeko, edo bestela, erabakia hartu zuen organoak izendatua izan behar du. Kasu horretan, notarioak deialdiaren iragarki argitaratua jasoko du eskrituran edo hari buruzko agiria egingo du.

  1. – Eratzen ari den kooperatiba baten kudeatzaileek baltzuaren estatutuen proiektua aldez aurretik kalifikatzeko eska dezakete, eta horretarako, Batzar eratzailearen agiriaren bi ale aurkeztu beharko dira, sustatzaile guztiek sinatuko dute, eta bertan aldez aurretik kalifikatu behar diren estatutuen proiektua jasoko da. Kalifikazio hori hogei eguneko epean egingo da, eskabidea Erregistroan sartzen denetik aurrera.

    Estatutu-proiektuaren aldeko kalifikazioa ematen bada, dagokion erabakiarekin batera, bilkura-agiriaren ale bat itzuliko zaie kudeatzaileei, behar bezala sinatuta eta zigilua jarrita.

  2. – Erregistroa estatutuen proiektuan zuzen daitekeen okerren bat dagoela ohartzen bada, Euskadiko Kooperatiben Legeko 9.2 artikuluan xedatutakoaren arabera zuzenduko da delako akatsa.

  3. – Artikulu honetako aurreko paragrafoetan aipatzen diren kudeatzaileen eskumenak Batzar eratzaileak kontrako erabakirik hartzen ez duen bitartean gauzatu ahal izango dira soilik.

  1. – Eratzeko eskritura publikoa Batzar eratzaileak izendatutakoek emango dute, agiri hori sustatzaile guztiek ematen ez badute behintzat.

  2. – Eratze-eskritura inskribatzeko, agiriaren lehendabiziko kopia eta kopia soilak aurkeztu beharko dira kudeatzaileek nahiz berariaz eskumena eman zaionak sinatutako inskripzio-eskabidearekin batera. Eratze-eskritura hori Batzar eratzailea egin, edo baltzu-estatutuen aldeko kalifikazioa eman, eta bi hilabeteko epean eman beharko da.

  3. – Nolanahi ere, eratzeari dagozkion zergen likidazioa eskatu nahiz egin izana egiaztatu beharko da aldez aurretik.

  1. – Inskribatu ahal izateko, Batzar eratzailearen akta jasotzeaz gain, Euskadiko Kooperatiben Legeko 12.2 artikuluan adierazitako alderdiak jaso beharko dira gutxienez eratze-eskrituran.

  2. – Ezingo da eratu kooperatibarik, baldin eta kooperatiba horrek dituen bazkideak kooperatiba-mota horrentzat legez ezarritakoa baino gutxiago badira. Horregatik, lehen adierazitako Legean aurreikusten diren beste mota batzuetako bazkideak ez dira kontuan hartuko.

    Eratzean parte hartu dezaketen bazkide horiei dagokienez, bazkide horien izaera eta kooperatiban jarduteko bere gain hartzen dituzten funtsezko konpromisoak zeintzuk diren adierazi beharko da.

  3. – Sustatzaileek eratu nahi duten kooperatiba zein motakoa izango den berariaz adierazi beharko dute.

  4. – Legean nahiz estatutuetan ezarrita dagoenaren arabera, derrigor gutxienez egin beharreko diru-ekarpena, dagokion kreditu-erakundean ordaindutako kopuruen ordainagiri nahiz egiaztagiri bidez frogatuko da, eta notarioari emango zaio.

    Ordainketaren bat egiteko badago, eta esku-dirutan ordaindu behar bada, nola ordaindu behar den eta beranduenez noiz egin behar den adierazi beharko da; azken hori egin beharrik ez da izango, egun hori Batzarrean zehaztu behar denean.

    Falta diren ordainketak egindakoan, eskritura publiko bidez inskribatu beharko dira.

  5. – Ekarpenak diruz egin beharrekoak ez badira, ekarpenaren balioa adierazi beharko da. Horretarako, aditu independienteek egindako txostena hartuko da oinarritzat, eta sustatzaile bakoitzak jartzen dituen ondasunak eta eskubideak, Erregistroko zehaztasunak eta egindako ekarpenaren titulua nahiz kontzeptua adierazi beharko dira. Ondasunen zerrenda egiten denean, eskrituran jasoko da.

    Diruz egin behar ez diren ekarpenen izaera, balioa eta edukia zehaztuko dira, baita ekarpen horiek nola eta noiz egin behar diren ere. Ekarpen horiek bere garaian egiten ez badira, diruz ordainduko da horien balioa.

  1. – Baltzu-estatutuak inskribatzeko egin beharreko gutxieneko aipamenak Euskadiko Kooperatiben Legearen 13. artikuluan adierazitakoak izango dira, erregelamendu honetan aditzera ematen diren xehetasunekin batera.

  2. – Estatutuetan bazkideek komenigarritzat jotako itun eta baldintzak ere jaso daitezke, kooperatiba sortzeko oinarrien edo legeen kontrakoak ez badira, behintzat. Horregatik, ez da baliozkoa izango mota bereko bazkideen artean —fundatzaileak izan ala ez izan— desberdintasun arbitrarioak ezartzea.

Hautatzen den izenarekin batera, “Kooperatiba Sozietatea” edo “Koop. S.” jarri behar da.

Horretaz gainera, izen hori, baliozkoa izan dadin, Erregelamendu honetako 95. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari lotu behar zaio.

  1. – Kooperatibak, Euskal Autonomia Erkidegoan, bere bazkideekin jarduerak gehienbat burutzen dituen lekuan nahiz administrazio-kudeaketa eta enpresa-zuzendaritza zentralizatzen den lekuan izango du bere egoitza. Jarduerak burutzeko leku nagusia saltegia nahiz ustiapen nagusia dagoen leku bera izango da, eta administrazio-kudeaketa eta enpresa-zuzendaritzaren zentralizazio-guneak, berriz, benetako administrazio eta zuzendaritzarenarekin bat etorri beharko du.

  2. – Europako Kooperatiba Sozietateak Euskal Autonomia Erkidegoan edukiko du bere egoitza, baldin eta bere administrazio zentrala bertan badago.

  1. – Kooperatibaren helburua osatzen duten jarduera guztiak adierazi beharko dira, zehatz eta labur. Delako xedea garatzeko beharrezko egintza material nahiz juridikoak aipatzea komenigarritzat jotzen bada, egintza horiek behar bezala bereizturik arautuko dira.

    Kooperatibaren helburua osatzen duten jarduerak kooperatibak berak eta bazkideek garatu beharko dituzte zuzenean, kooperatibarekiko konpromisoaren funtsezko alderdiei dagokienean behintzat. Horretaz gain, kooperatibarekin lankidetzan diharduten entitateek erraztu, koordinatu edo osa ditzakete jarduera horiek, eta baita, beste entitate batzuek ere, baldin eta kooperatibak, Euskadiko Kooperatiben Legearen esparruan, euren kapitalean parte hartzen badu.

  2. – Bigarren mailako nahiz hurrengo mailako kooperatiben baltzu-estatutuetan lehenengo mailako kooperatibatik bigarren mailako nahiz hurrengo mailako kooperatibara aldatzen diren eskumenak zeintzuk diren adierazi beharko da, baita Euskadiko Kooperatiben Legeko 128. artikuluan aipatzen diren gainontzeko alderdiak ere.

  1. – Kooperatibaren iraupena adierazi egin beharko da estatutuetan.

  2. – Epe jakinen bat ezartzen bada, zehaztu egin beharko da epe hori, eta noiz hasten den adieraziko da. Bestela, epe hori eratze-egunetik bertatik hasten dela ulertuko da.

Kooperatibaren eragiketak hasteari buruz bestelakorik erabakitzen ez bada, kooperatibaren eginbeharrak eratze-egunetik bertatik hasten direla joko da.

Estatutuetan baltzu-ekitaldia ixteko eguna zehaztu ahal izango da; gehienez urtebete igaroko da. Estatutuetan hori zehazten ez bada, baltzu-ekitaldia abenduaren 31n amaitzen dela ulertuko da.

Kooperatibaren estatutuetan berariaz jasoko da honako hau: kooperatibaren helburua zehazten duen jarduera kooperatibizatua oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan burutuko dela.

Horrek guztiak ez du esan nahi kooperatibak askatasun osoa izango ez duenik EAEtik kanpo hirugarrenekin harreman juridikoak izateko, edo bere helburua betetzeko osagarriak diren jarduera instrumental nahiz pertsonalak burutzerik izango ez duenik.

Euskadiko Kooperatiben Legeko 22. artikuluko c) idatz-zatian araututako obligazioari dagokionez, bazkideen partaidetzarako gutxieneko modulu edo arauak behar bezain argi ezarriko dira estatutuetan, zenbateraino betetzen diren eta kooperatibaren helburuarekin zenbateraino datozen bat jakiteko, eta behar izanez gero, ebaluatzeko.

  1. – Kooperatibako bazkide-kopurua hamarretik gorakoa ez bada, kudeaketa- eta ordezkaritza-funtzioak administratzaile bakarrari edo Artezkaritza Batzordeari ematen zaizkion zehaztuko da estatutuetan.

  2. – Administratzeko ardura Artezkaritza Batzorde bati ematen bazaio, batzordea zenbat administratzailek osatzen duten, administratzaileen karguek zenbateko iraupena duten eta barne araubidea azaldu beharko dira. Administratzaile guztiak batera berritu behar direnean, estatutuetan jaso ahal izango da gehienez eta gutxienez zenbat izango diren.

  3. – Era berean, administratzaileei emandako ordezkaritza nola bete behar den ere jasoko da estatutuetan.

  4. – Bigarren mailako nahiz hurrengo mailako kooperatibei dagokienez, Euskadiko Kooperatiben Legeko 131.2 artikuluko lehen paragrafoan aurreikusitako taldekatzeari buruzko arauak barne-araubidearen esku uzten diren ala ez adierazi beharko da. Bestela, estatutuetan arautu beharko da alderdi hori.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Legeko 50. artikuluan ezarritakoari jarraiki, Zaintza Batzordea derrigor eratu beharra dagoenean, honako hauek zehaztuko dira estatutuetan: batzorde horretako kide titularren kopurua —gutxienez, hiru—, ordezkoen kopurua, kargu-banaketa eta agintaldiaren iraupena —ez da bat etorriko administratzaileen agintaldiarekin—.

  2. – Aipatutako Legearen arabera, kooperatibak beste organo batzuk ere era ditzakeenean, legezko araudi horretan eskatzen diren alderdi guztiak arautu beharko dira estatutuetan.

  3. – Zaintza Batzordeko eta aipatu diren gainerako organoetako idazkaria izango da hartzen diren erabakiak egiaztatuko dituena; idazkari hori ez dagoenean, Artezkaritza Batzordeko idazkariak egin ahal izango du hori, batzorde horretako lehendakariaren oniritziarekin, dagozkion akta edo liburuak ikusi ondoren.

  1. – Kooperatiba-taldeei dagokienez, honako inskripzio hauek egin behar dira:

    1. Talde-burua kooperatiba bat denean, kooperatiba hori inskribatuko da, eta kooperatiba horrek sustatu egin beharko du, erregelamendu honen arabera, Erregistroan sartu behar den egintza oro; gainera, kontuan hartuko da hurrengo idatz-zatian ezarritakoa.

    2. Nolanahi ere, taldean sartzeko erabakia, bai eta taldetik banantzeko edo taldea eratzeko erabakia ere, Erregistroan jasoko da kooperatiba bakoitzari dagokion orrian.

  2. – Kooperatiba-talde batean sartu edo bertatik ateratzeari buruzko inskripzioak ez direnez eraketa-mailako inskripzioak, egintza horiek, bai eta taldeak berak ere, Euskadiko Kooperatiben Legeko 135 bis artikuluan eta erregelamendu honetan adierazten diren baldintzak betetzen direnetik aurrera izango dute eragina.

  1. – Batzar Orokorraren aktaren egiaztagiri bidez inskribatuko da administratzaileen izendapena; eta Erregelamendu honen 34. artikuluko baldintzak bete beharko dira. Artezkaritza Batzordeko kideen izendatzeak inskribatu behar direnean, karguak banatzeko bilkurako erabakiaren egiaztagiria ere aurkeztu beharko da, eta aipatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da. Egiaztagiriak behar bezala beteta eta notarioak edo eskumena duen funtzionarioak legeztatutako sinadurekin eman beharko da.

    Batzarreko aktari buruz notarioak egindako egiaztapenarekin, notarioaren aktaren kopia baimenduarekin nahiz eskritura publikoarekin ere inskriba daiteke izendapena.

    Bazkideak ez diren pertsonak hautatuz gero, halaxe eman beharko da aditzera.

  2. – Administratzaileen izendapenik ez da inskribatuko, baldin eta berariaz jasotzen ez bada administratzaile horiek onartuak izan direla.

  3. – Kooperatibaren kudeaketa eta ordezkaritza administratzaile bakar bati esleitzen bazaio, artikulu honetako l. paragrafoan aipatzen den egiaztatzeko eskumena administratzailearena berarena izango da.

  4. – Administratzaile juridiko bati dagozkion eginkizunak betetzeko pertsona fisiko bat izendatuz gero, pertsona horrek emandako ziurtagiri bidez egiaztatuko da izendapena. Agiri horretan, izendatuaren nortasuna eta izendapena baliozkoa den ala ez erakusten duten zer-nolakoak adierazi beharko dira.

  5. – Administratzaileen izendapenak onartzen den unetik izango ditu ondorioak, eta hurrengo 30 egunetan inskribatzeko aurkeztu beharko da.

  1. – Administratzaileen dimisioa honela inskribatu ahal izango da:

    1. Administratzailearen ukoa modu frogagarrian ziurtatzen duen agiriaren bidez, eta kooperatibari egingo zaion jakinarazpenaren bidez.

    2. Erregistroaren arduradunaren aurrera agertuta; aurrez, kooperatibari jakinarazi beharko zaio.

    3. Batzarreko aktaren nahiz administrazio-organoaren egiaztapenaren bidez, betiere, Erregelamendu honen 34. artikuluan ezarritako baldintzak beteta.

  2. – Heriotzagatik nahiz epaileak heriotz-adierazpena egin duelako administratzaileek kargua utzi izana kooperatibaren edo interesa izan dezakeen edonoren eskariz inskribatuko da, Erregistro Zibilak emandako egiaztapenaren indarrez.

  1. – Administratzaileei Euskadiko Kooperatiben Legeko 42.2, 44.2 eta 48.2 artikuluetan aurreikusitako arrazoiengatik kargua kendu zaiela inskribatzeko, Batzar Orokorraren aktaren egiaztagiria egin beharko da. Hala ere, Lege horretako 42.2 artikuluan adierazten den aldi baterako kargugabetzea ere inskriba daiteke, Zaintza Batzordearen, edo behar izanez gero, Artezkaritza Batzordearen aktaren egiaztagiri bidez.

  2. – Kargutik kentzea epailearen ebazpen irmoz erabakitzen bada, delako ebazpenaren aitorpena eginez inskribatuko da kargugabetzea.

  1. – Eskumenak eskuordetzeari buruz eta Batzorde Betearazleko kideak nahiz kontseilari ordezkariak izendatzeari buruz Artezkaritza Batzordeak hartzen duen erabakia eskritura publikoaren bidez inskribatuko da. Behin eta berriz eskuordetutako eskumenak zeintzuk diren azaldu beharko da, zehatz mehatz, eskritura horretan, eskuordetze horiek Legeak baimentzen dituen guztiak ez badira eta formula orokor bat erabiltzen ez bada, behintzat.

    Aurreko lerroaldean aipatzen diren erabakiak inskribatzeko, izendatutako lagunek karguak onartu egiten dituztela adierazi beharko dute.

    Eskuordetzeari edo izendapenari buruzko erabakiak aldatzen dituzten beste erabakiak ere eskritura publiko bidez inskribatuko dira.

  2. – Eskumenak eskuordetu izanaren ezeztapena, ezeztapen hori jasotzen duen eskritura publiko bidez inskribatuko da.

  3. – Ukoa ukatzaileak berak egindako idazki baten indarrez inskribatuko da. Ukoa argi eta garbi jakinarazi beharko zaio kooperatibari, eta idazkiak notarioak edo eskumena duen funtzionarioak legeztatua izan behar du.

Zuzendari gerente baten edo gehiagoren izendapena, kargu-uztea edo ahalordetzea inskribatzeko, eskritura publikoa egin behar da, baita beste zenbaiten ahalordetzea inskribatzeko ere. Eskritura publikoa egin behar da, halaber, beste edozein pertsona inskribatutakoan ematen diren ahalordetze bereziak inskribatzeko, Erregelamendu honen 32.2.a artikuluan ezarritakoaren arabera. Eskrituran Artezkaritza Batzordeak emandako eskumenak jaso behar dira, dagokion bilkura-aktaren egiaztagiriaren bidez.

  1. – Batzar Orokorrak nahiz Artezkaritza Batzordeak hartutako erabakien aurka egiteko eskaeren prebentziozko oharpena, bai eta aurka egin zaien erabakien eteteena ere, hori egitea agintzen duen epaileak emandako ebazpen bidez egingo da, Prozedura Zibileko Legearen 727. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren babesean.

  2. – Prebentziozko oharpenak lekukotasun judizial baten bidez aldatuko dira, Prozedura Zibileko Legean aipatzen diren kautelazko neurrien aldaketa edo indargabetzea gertatzen denean.

    Prebentziozko oharpen hori lekukotasun judizial baten bidez ezeztatuko da aurka egiteko eskaera epai irmoz ezesten bada. Orobat, ezeztatu egin beharko dira, dagokion aginduaren indarrez, ekintzari uko egiten bazaio edo eskaeran atzera egiten bada.

  3. – Aurkatutako erabaki guztien nahiz batzuen baliogabetasuna deklaratzen duen epai irmoari buruzko lekukotasun judiziala nahikoa izango da prebentziozko oharpena eta erabaki baliogabeak jasotzen dituen edo epaiaren aurkakoa den edozein oharpen ezeztatzeko.

  4. – Inskribatuta dauden nahiz inskriba daitezkeen erabakien etetea erabakitzen duten epai irmoen prebentziozko oharpena egin ahal izango da baldin eta Erregistroak erabaki horiek badirela ziurtatzen badu. Artikulu honetako 2. paragrafoan finkatutako kasuetan eta eran ezeztatuko da oharpen hori.

  5. – Aurreko paragrafoetan adierazten ez diren kasuetan, Prozedura Zibileko Legeari jarraituko zaio, eta subsidiarioki, merkataritza-erregistroko arauek baltzu anonimoentzat antzeko kasuetarako ezarritakoari jarraituko zaio.

  1. – Estatutuetan egindako aldaketa oro eskritura publikoaren bidez inskribatuko da. Eskrituran honako xehetasun hauek azaldu beharko dira:

    1. Batzar Orokorrean hartutako erabakia.

    2. Aldatu nahiz gehitzen diren artikuluen hitzez hitzezko transkripzioa.

    3. Euskadiko Kooperatiben Legeko 74.1 artikuluan ezarritakoa bete izanaren egiaztapena; deialdiaren txostena eta iragarkia aurkeztu beharko dira.

  2. – Aldaketak baltzuaren izenari, helbideari nahiz helburuari eragiten badio, eskritura publikoan jasoko da kooperatibaren egoitza dagoen lurralde historikoko zabalkunde handiko egunkariren batean aurrez argitaratutako iragarkia.

Baltzuaren helbidea udalerrian bertan aldatu dela inskribatu nahi bada, aurreko artikuluan agindutako modu berean egingo da inskripzioa; Batzar Orokorraren erabakia izango da salbuespena, kasu horretan, administratzaileen erabakiarekin nahikoa izango baita —estatutuetan bestelakorik adierazten ez bada, behintzat—.

  1. – Kooperatiba bat edozein motako sozietate zibil, merkataritza-sozietate edo pertsona juridiko bihurtzeak kooperatibaren erregistro-idazpenak ezeztatzea dakar berekin.

  2. – Eraldatu nahi den kooperatibaren idazpenak ezeztatzeko, eraldatzearen eskritura publikoa aurkeztu beharko da Euskadiko Kooperatiben Erregistroan, eta baita Merkataritza Erregistroan egindako inskripzioaren egiaztagiria ere.

  3. – Kooperatibaren eraldatze-eskriturak, sozietate berri hori eratzeko eskatzen diren legezko eta arauzko aipamenez gain, honako agiri hauek jaso beharko ditu:

    1. Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak emandako homologazioa.

    2. Kooperatibaren Batzar Orokorrak berariaz hartutako aldeko erabakia; erabaki hori hartzeko, gutxienez, Euskadiko Kooperatiben Legeko 36. artikuluan aurreikusitako gehiengoa eskatuko da.

    3. Euskadiko Kooperatiben Legeko 85.1.b artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen direla erakusten duen agiria.

    4. Eraldatzeko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kooperatiba kokatuta dagoen lurralde historikoan zabalkunde handia duten bi egunkaritan argitaratu izanaren agiria.

    5. Euskadiko Kooperatiben Legeko 85.1 artikuluaren e) idatz-zatian eta azken lerroaldean adierazten diren balantzeak.

    6. Bereizteko eskubideaz baliatu diren bazkideen zerrenda; bazkide bakoitzari dagokion kapitala zenbatekoa den adierazi beharko da.

    7. Heziketa eta Kooperatiba Sustapeneko Funtsa erabili izanaren egiaztagiria, bai eta, Euskadiko Kooperatiben Legeko 85.4 artikuluan araututakoaren arabera, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren partaidetza-kontuetako tituluei buruz Batzar Orokorrak hartutako erabakia erakusten duen agiria ere.

  4. – Era berean, aditu independienteek diruzkoa ez den baltzu-ondareari buruz egindako txostena ere jaso beharko da eraldatze-eskrituran, merkataritza-legedian araututakoari jarraiki, beti ere, delako kooperatiba araudi horren menpeko sozietate bihurtzen bada.

  1. – Kooperatiba ez den sozietate edo elkarte bat kooperatiba bihurtzeko eskritura publikoan Euskadiko Kooperatiben Legeko 86.2 artikuluan egiten diren aipamenak jaso beharko dira erregelamendu honetan arautzen den inskripzioa egin dadin. Eskritura horrekin batera, artikulu horretako 3. paragrafoan aurreikusten den balantzea aurkeztu beharko da, eta behar izanez gero, aipatutako txostena ere bai. Eraldatutako sozietatea erantzukizun mugatukoa denean, berriz, eskritura eman aurreko egunean itxitako azken balantzea ere erantsiko da.

  2. – Kooperatiba bihurtzeko egintza Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatzen denean, eraldatutako sozietatea aurrez inskribatuta zegoen Erregistroari horren berri eman behar zaio, dagozkion ondorioetarako.

  1. – Bateratu behar den sozietateko administratzaileek sozietateen bategite-proiektuaren ale bat gordailatuko dute Kooperatibaren Erregistroan, Euskadiko Kooperatiben Legeko 77. artikuluari jarraiki.

  2. – Euskadiko Kooperatiben Erregistroak, aurkeztutako agiria lehen adierazitako lege-aginduak eskatzen duena bera bada eta behar bezala izenpeturik badago baino ez du kalifikatuko, eta, gehienez, hamabost eguneko epean, bategitean parte hartzen duen kooperatibarentzat prestatutako orrian egin beharreko ertzeko oharrak egingo ditu, baldin eta legezko baldintzak betetzen badira.

  3. – Euskadiko Kooperatiben Legeko 78. artikuluan aipatzen den deialdia ezingo da argitaratu harik eta bategite-proiektuaren oharpena egin arte, eta hori bategite-prozesuan parte hartzen duen sozietateari jakinarazi beharko zaio.

  1. – Bategitea —sozietate berri bat sortzeagatik edo beste bat xurgatzeagatik—, kooperatiba parte-hartzaile guztiek emandako eskritura publiko bakar baten indarrez inskribatuko da. Eskritura horretan, Euskadiko Kooperatiben Legeko 82.2 artikuluko aipamenak ez ezik, honako hauek ere egin beharko dira:

    1. Bategitean parte hartzen duten Batzar Orokorrek hartutako bategite-erabakia, Lege horretako 79. artikuluan xedatutakoaren arabera.

    2. Emaileek euren erantzukizunpean egindako adierazpena; bazkideak Lege horretako 78. artikuluan aipatzen den informazioaz bertan ezarritako baldintzetan baliatu direla adieraziko dute.

    3. Bategitean parte hartzen duten kooperatiben hartzekodunek, aipatutako Legeko 79.6 artikuluan aipatzen diren iragarkietako azkena argitaratu eta hilabeteko epean, bategitearen aurka ez dutela egin dioen adierazpena; emaileek egingo dute adierazpen hori. Bestela, aurka agertu diren hartzekodunak eta euren helbideak zeintzuk diren adierazi beharko da, baita horien kredituen zenbatekoa eta sozietate zordunak nahiz bategitetik sortutako kooperatibak zenbateko hori ordaintzeko emandako bermeak ere.

    4. Bereizte-eskubideaz baliatutako bazkideak nortzuk diren eta horiek egindako ekarpenak itzultzeko baldintzak zer-nolakoak diren adierazi behar da, emaileen adierazpenaren bitartez.

  2. – Bategiteko eskritura publikoarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:

    1. Euskadiko Kooperatiben Legeko 79.6 artikuluan aipatzen den argitalpen bakoitzaren ale bana. Bategite-erabakiaren iragarkian hartzekodunek erabaki horren aurka agertzeko eskubidea dutela adierazi beharko da.

    2. Prozesu horretan parte hartzen duten kooperatiben bategitearen balantzea. Azkena onartutako balantzea baliozkotzat joko da, baldin eta balantze hori bategiteari buruzko batzarra egin baino sei hilabete lehenago ixten bada.

    3. Bategite-prozesuan parte hartzen dute kooperatibetako administratzaile bakoitzak egindako txostenak, egin asmo den bategitearen komenentziari eta ondorioei buruzkoak. Bategitean parte hartzen duen kooperatiba bakoitzaren administratzaileei buruz, eta kasua bada, bategitearen ondorioz administratzaile izateko proposatuko direnei buruz, Legearen 78. artikuluko g) idatz-zatiak adierazten dituen aipamenak egin beharko dira.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Legeko 82.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, bategiteak dagokion Erregistroan agertu beharko du eragina izan dezan.

  2. – Bategite-eskritura inskribatzen denean, iraungitako kooperatibei buruzko idazpenak ezeztatu egingo dira ofizioz.

  1. – Banaketa eskritura publikoaren bidez inskribatuko da; eskritura horretan erregelamendu honen 62. artikuluan adierazitako aipamenak —aplika daitezkeenak— egingo dira, eta Euskadiko Kooperatiben Legeko 84.2 artikuluan adierazten den proposamen zehaztua kontuan izango da. Halaber, banatzen den kooperatiba desegiten den ala ez, eta banatzearen onurez baliatzen diren kooperatibak sortu berriak ala lehenagokoak diren azaldu beharko da.

  2. – Osorik banatu edo zati batean banatu, nahitaez hautatu beharko dira administratzaile berriak, baldin eta onuraduna kooperatiba sortu berri bat —edo gehiago— bada, edo kooperatiba horiek izango duten bazkide-kopurua banaketaren aurretik zuten bazkide-kopurua baino handiagoa bada.

    Administratzaileak aukeratzeko, estatutuetan dauden arauei jarraituko zaie, eta horiek ezean, banaketarako egingo den batzarraren deialdiari. Honako arau hauek sartuko dira deialdi horretan:

    1. Kooperatiba sortu berri bat —edo gehiago— denean onuraduna, banaketarako erabakia hartzen den batzarrean bertan hautatu ahal izango dira administratzaileak; hautaketa hori behin-behinekoa izango da, eta kooperatiba bakoitzeko bazkideak bereizita egingo den bozketaren bidez hautatuko da. Hala ere, hautaketa hori behin betiko bihurtuko da, baldin eta deialdian jasotzen bada bozketaren bilkura bereizi hori Batzar eratzaile bihurtzeko aukera.

    2. Lehendik zegoen kooperatiba bat —edo gehiago— bada onuraduna, kooperatiba berri horretara pasako diren bazkideen bozketa bereizi hori Batzar Orokorra Prestatzeko Bileran egin dela ulertuko da; hain zuzen ere, banatutako ondarea nola jasoko den onartuko da bilera horretan.

  3. – Banatzen den kooperatiba desegiten bada, ezeztatu egingo dira inskripzio-idazpenak; aurrez, banatzearen ondorioz edo xurgatzearen ondorioz sortutako kooperatiba edo kooperatibak dagozkion orrietan inskribatu beharko dira.

  4. – Banatzea partziala baldin bada, bereizten den kooperatibaren eta banatzearen onurez baliatzen diren sozietateen —sortu berriak edo xurgatzaileak— orrietan inskribatuko da bereizketa.

  1. – Lan Elkartuko Kooperatiben eta Lan Baltzuen bategitea, dela xurgapen bidez, dela aipatutako moduko kooperatiba berria eratuz, Euskadiko Kooperatiben Erregistroan inskribatu ahal izateko, lan-baltzuei ezar dakiekeen legedian eskatzen dena bete dela egiaztatu beharko da. Horretarako, erregistro-egiaztagiriak aurkeztu behar dira.

  2. – Nekazaritza-kooperatiba eta eraldaketako nekazaritza-baltzu baten arteko bategitea gertatzen denean —dela xurgapen bidez, dela nekazaritza-kooperatiba berria sortuz—, eraldaketako nekazaritza-baltzuak ezar dakiokeen legedian eskatzen diren betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko da Erregistroan.

  3. – Kasu bietan, bai bategite prozesuan parte hartzen duten kooperatibei nahiz prozesu horren ondorioz sortutakoei, eta bai, hala badagokio, kooperatiba xurgatzaileari, ohiko bategiteak inskribatzeari buruz erregelamendu honetan jasotako araudia ezarriko zaie.

  4. – Nolanahi ere, Erregistroko arduradunak, Erregistroa behar bezala koordinatzeko, lankidetza eta argibideetarako zerrenda informatiboak prestatuko ditu, bategite berezietan parte hartzen duten lan-baltzuak eta eraldaketako nekazaritza-baltzuak inskribatuta dauden Erregistroko titularrekin batera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 4. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. – Kooperatiba baten desegitea, sozietatearen indarraldia amaitu delako nahiz estatutuak indarrean dagoen legedira epe barruan egokitu ez direlako ez bada behintzat, Batzar Orokorrak kooperatiba desegiteko hartutako erabakia nahiz epaileak ildo horretatik emandako ebazpena jasotzen duen eskritura publiko bidez inskribatu beharko da. Desegiteak inskripzio eratzailea eskatzen du.

    Kooperatiba deskalifikatu izanagatiko nahitaezko desegitea inskribatzeko, erregelamendu honetako 74. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

  2. – Kasuan kasu inskribatu beharreko tituluarekin batera, desegiteko erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baltzuaren egoitza dagoen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkariren batean argitaratu dela frogatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da.

  3. – Kooperatiba epe jakin baterako eratuz gero, epe hori iragaten denean, kooperatibaren desegitea inskribatu beharko du Erregistroak, ofizioz nahiz interesaturik dagoen nornahik hala eskaturik.

    Kooperatibak epe hori luzatzea erabakitzen badu, Euskadiko Kooperatiben Legeko 36.2 artikuluan ezarritako gehiengoak beharko dira erabaki hori hartzeko, eta, epea amaitu baino lehen, eskritura publiko bidez aurkeztu beharko da inskriba dadin. Erregistroan sartzen denetik izango du eragina luzapenak.

  1. – Kooperatibaren berraktibatzea eskritura publiko bidez inskribatuko da. Hona hemen eskritura horretan gutxienez egin beharreko aipamenak:

    1. Desegitea eragin zuen arrazoia desagertu dela erakusten duen agiria.

    2. Administratzaile nahiz likidatzaileek euren erantzukizunpean egindako adierazpena; hain zuzen ere, bazkideei ekarpenak itzultzen ez dela hasi dioena.

    3. Bazkideen izen-zerrenda.

    4. Kooperatiba berraktibatzeko erabakia, Euskadiko Kooperatiben Legeko 36.2 artikuluan aurreikusitako gehiengoaren bidez Batzar Orokorrean hartutakoa; bertan, kooperatiba modu eraginkorrean aktibatzeko burutu beharreko ekintzak zehaztuko dira.

    5. Hartzekodunekin izenpetutako hitzarmenaren kopia, konkurtsoa deklaratzen bada.

  2. – Kooperatiben Erregistroak, berraktibatzea inskribatu aurretik, Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren txostena eska dezake, berraktibatze hori zuzenbidearen araberakoa den ala ez ikusteko.

  3. – Eskritura publikoa Erregistroan sartzen denetik aurrera izango ditu ondorioak kooperatibaren berraktibazioak.

Kooperatibaren desegite judizialaren eskaerari buruzko prebentziozko oharpena, Euskadiko Kooperatiben Legeko 88.3 artikuluan aipatzen dena, Erregelamendu honetako 56. artikuluan araututakoaren arabera egingo da.

  1. – Likidatzaileen izendapena eskritura publikoaren indarrez, nahiz, hala behar izanez gero, Euskadiko Kooperatiben Legeko 90.2 artikuluak aipatzen duen ebazpen judiziala erakutsita inskribatuko da. Eskritura publiko horrek Batzar Orokorrean izendatzeko hartzen den erabakia edo, bestela, izendatze horren egiaztagiria jasoko ditu; egiaztagiri hori, likidatzaile bakarrak edo likidatzaileen —hiru edo gehiago— elkargoko idazkari izendatua izan denak emango du. Batzar Orokorrak kooperatiba desegiten den unean edo ondoren har dezake erabakia, eta erabaki horretan berariaz jasoko da izendatuen onarpena.

    Likidatzaile bat baino gehiago izendatuz gero, euren eginkizunak betetzeko modua —lehendakaria eta idazkaria izendatuko dira— eta xehetasun pertsonalak adierazi beharko dira, likidatzaileen elkargokide izaerari kalterik eragin gabe.

  2. – Izendapena Batzar Orokorraren erabakiz ezeztatzen bada, beste likidatzaile batzuk izendatuko dira bilkura berean, eta izendapen hori inskriba dadila eskatuko da.

  3. – Likidatzaileen izendapenak inskribatzen denetik izango du eragina hirugarrenentzat.

Kooperatibaren likidazioan legeak eta baltzu-estatutuak betearaziz parte hartzeko ardura duten pertsonak Euskadiko Kooperatiben Legeko 93. artikuluaren arabera izendatuko dira, eta ebazpen judizialaren adierazpena nahiz administrazio-egintzaren kopia aurkeztuaz inskribatuko da izendapen hori.

  1. – Likidatzaileek, kooperatibaren erregistro-idazpenak ezezta daitezen eskatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dituzte Erregistroan: batetik, Batzar Orokorrak, baltzuaren ondasunak banatzeko proiektuaren arabera, azken balantzea eta likidazio-eragiketak onartu izanaren erabakia jasotzen duen eskritura; bestetik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta baltzuaren egoitza dagoen lurralde historikoan zabalkunde handia duen egunkariren batean argitaratutako iragarkiak; iragarki horietan, Batzar Orokorrak azken balantzea eta baltzuaren ondasunak banatzeko proiektua onartu dituela adieraziko da, eta horretaz gain, Euskadiko Kooperatiben Legeko 95.2 artikuluan aipatzen den informazioa ere jasoko da.

    Euskadiko Kooperatiben Legeko Bigarren Xedapen Gehigarrian aurreikusitako irakaskuntzako kooperatiben kasuan, ofizioz ezeztatuko da erregistroko idazpena, xedapen horretan agintzen denaren arabera.

  2. – Horretaz gain, likidatzaileek euren erantzukizunpean egindako honako adierazpen hauek jasoko dira eskrituran:

    1. Artikulu honetako 1. zenbakian aipatzen den erabakia aurkatzeko epea erreklamaziorik aurkeztu gabe amaitu dela, edo erreklamazio horiek erabakitzeko emandako epaia behin betikoa dela.

    2. Kooperatibaren hartzekodunei euren kredituak osorik ordaindu zaizkiela, kreditu guztiak kontsignatu direla, edo behar izanez gero, ordaintzeko epea amaitu gabe duten kredituen ordainketa bermatu dela.

    3. Baltzuaren ondasunak esleitzeko arauak kontuan izan direla, lehen adierazitako legeko 94. artikuluan, nahiz, kasua bada, 132., 135. eta 136. artikuluetan araututakoari jarraiki.

  3. – Ez da erregistro-idazpenen ezeztapenik egingo, harik eta Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusia espedientean agertu eta Euskadiko Kooperatiben Legeko 94.2 artikuluko a) eta d) idatz-zatietan araututako likidazio-eragiketen berri eman arte.

    Erregistroko arduraduna izango da Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari ezeztapen-eskaeraren berri emango diona, eskaera hori aurkeztu bezain pronto.

  4. – Artikulu honetako 1. paragrafoan aipatzen den ezeztatze-eskaerarekin batera, kooperatibaren liburuak eta likidazioari buruzko agiriak gordailatu beharko dira Erregistroan.

  5. – Iraungi beharreko kooperatibari buruzko idazpen guztientzat ezeztatze-idazpen bakarra egingo da, eta aurreko paragrafoan aipatzen diren liburuak eta agiriak gordailatu direla adierazi beharko da bertan.

  6. – Liburuak eta agiriak Erregistroan sei urtetan zehar eduki beharko dira, Kooperatibaren ezeztatze-idazpena egiten denetik kontatzen hasita.

  1. – Ezeztatutako kooperatiba baten ondasunak edo eskubideak agertuko balira, ondasun horren likidazio osagarri bat egingo da, Euskadiko Kooperatiben Legeko 94. artikuluko arauen eta estatutuen arabera, eta dagokion eskritura publikoa emango da, Erregistroan inskribatzeko aurkeztua izan dadin.

  2. – Legearen arabera, honako hauek egin ditzakete aurreko paragrafoan adierazitako eragiketa horiek:

    1. Erregistroan azkena inskribatu diren likidatzaileak.

    2. Behar izanez gero, azken administrazio-organoko edo azken Zaintza Batzordeko kideak, Erregistroan inskribatuta daudenak.

    3. Aurreko bi idatz-zatietan aipatu diren pertsona horiek egon ezean, Euskadiko Kooperatiben Federazioak —kooperatiba-mota bakoitzari dagokiona—, edo haren faltan, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak, aipatutako legearen 144. artikuluaren arabera, Erregistroaren kolaboratzaileak eta bazkideentzako komenigarriak diren zerbitzuak ematen dituztenak diren aldetik.

  3. – Erregistroko arduradunak errekerimendua egingo die 2. paragrafoko a) idatz-zatian adierazitako pertsonei; posta ziurtatu bidez, hartu izanaren agiri eta guzti, egingo du hori. Bi hilabete igaro, eta inor aurkezten ez bada, gauza bera egingo du b) idatz-zatiko pertsonekin, bertan ezarritako hurrenkerari jarraituz. Eta beste bi hilabete igaro, eta inork erantzuten ez badu, dagokion elkartera joko du.

    Nolanahi ere, Erregistroko arduradunak burututako ekintzen berri emango dio Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari, Euskadiko Kooperatiben Legeko 94.2 artikuluko a) eta d) idatz-zatietan ezarritako ondorioetarako.

  1. – Erregistroan inskribatu beharko dira honako hauek: ebazpen judiziala —konkurtso-deklarazioa eskatutzat emanda—, eta dagokion prozeduraren bidez ematen diren ebazpenak, merkataritza-sozietateetarako xedatutakoari jarraiki, inskribagarriak direnak.

  2. – Ebazpen judizialak, irmoak bihurtzen ez diren artean, prebentziozko oharpen gisa inskribatuko dira.

  3. – Konkurtso-deklarazioaren idazpenak ezeztatzeko, epailearen agindua beharko da.

  1. – Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren edo Gizarte Ekonomiako zuzendariaren ebazpenak —Euskadiko Kooperatibei buruzko Legearen 142.1 artikuluan ezarritako neurriak hartzeari dagozkionak— kooperatibaren erregistro-orrian inskribatuko dira. Ebazpen horietan aipatu egin beharko da Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiak eman beharreko txostena eman duela.

  2. – Administrazio-ebazpena, irmoa bihurtzen ez den artean, prebentziozko oharpen gisa inskribatuko da.

  3. – Deskalifikatzeko administrazio-ebazpenaren inskripzioa ofizioz egingo da, behin ebazpena irmoa denean.

Erregelamendu honen arabera Kooperatiba Elkarteen Inskripzio Liburuan sartu behar diren egintzak, batasun, federazio, konfederazio nahiz gehienbat Euskadiko Kooperatiben Legean arautzen diren kooperatibak biltzen dituzten sozietateei buruzkoak, publizitate formalaren ondorioetarako baino ez dira inskribatuko Euskadiko Kooperatiben Erregistroan.

  1. – Kooperatiba Elkarte bakoitzarentzat irekitako erregistro-orrian honako egintza hauek adierazi beharko dira:

    1. Batasun, federazio, konfederazio nahiz kooperatiben arteko bestelako edozein elkarte eratzea.

    2. Elkartearen estatutuak aldatzea.

    3. Ordezkaritza- eta administrazio organoetako kideen izendapena eta kargu-uztea.

    4. Desegiteko erabakia eta likidatzaileak izendatzea.

    5. Likidazio-prozesua amaitu eta azken balantzea onartu izanaren adierazpena.

    6. Legearen arabera, inskribatu beharrekoak diren gainerako egintzak.

  2. – Egintza horiek inskribatzeko, nahikoa izango da dagokion erabakiaren egiaztagiria aurkeztea. Hain zuzen ere, idazkariak emango du egiaztagiri hori, lehendakariaren oniritziarekin, eta notarioak edo eskumena duen funtzionarioak legeztatutako sinadurekin.

  3. – Inskripzioak adierazpenezkoak izango dira.

  4. – Euskadiko Kooperatiben Legean nahiz erregelamendu honetan eskatzen diren betebehar formalak betetzen ez direnean uka daiteke soilik inskripzioa.

  5. – Inskribatu nahi diren agirien aldez aurreko kalifikazioan ikusitako akatsak zuzentzeko, erregelamendu honetan kooperatibentzat ezarritako arau orokorrei jarraituko zaie.

  1. – Kooperatiba Elkarteak bi kooperatiba nahiz kooperatibez osatutako bi elkarte edo gehiagoren erabakiaren bidez eratzen dira.

  2. – Elkarte horiek, nortasun juridikoaz eta jarduteko gaitasun osoaz jabetzeko, eratze-akta gordailatu beharko dute Erregistroan. Horretarako, aipatutako agiriaren bi ale aurkeztu beharko dira, entitate sustatzaile guztiek sinaturik.

  3. – Eratze-aktan honako hauek jaso behar dira:

    1. Entitate sustatzaileen zerrenda, erregistroko identifikazio eta guzti.

    2. Elkartutako entitate bakoitzak, elkartzeko erabakiaren sustatzaile den aldetik, emandako egiaztagiria; egiaztagiri hori entitateko idazkariak emango du, lehendakariaren oniritziarekin.

    3. Gobernu-organoen eta ordezkaritza-organoen osamodua, kooperatibak nahiz elkartutako entitateak ordezkatzean dagozkien karguak betetzen dituzten pertsona fisikoak zeintzuk diren adieraziz.

    4. Baltzu-izen berdinik ez dagoela erakusten duten egiaztagiriak, Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioko Kooperatiben Erregistroak eta Euskadiko Kooperatiben Erregistroak emana.

    5. Elkarteen estatutuak.

Estatutuetan honako aipamen hauek egin beharko dira, gutxienez:

  1. Lurralde-eremua eta jardute-eremua.

  2. Elkartearen izena, hurrengo artikuluan xedatzen dena kontuan izanda.

  3. Elkartearen egoitza —Euskal Autonomia Erkidegoan egon beharko da—.

  4. Ordezkaritza- eta administrazio-organoak; organo horiei buruz, honako hauek zehaztu beharko dira: osamodua, berriztapena eta funtzionamendua, kideek zenbat iraungo duten eta horien kargu-uztea, eta kideak hautatzeko modua.

  5. Bazkide izaera eskuratzeko eta galtzeko baldintzak eta prozedura.

  6. Elkartearen estatutuak aldatzeko prozedura.

  7. Elkartearen araubide ekonomikoa, diru-baliabideak nolakoak diren, nondik datozen eta zertarako erabiliko diren azalduz, baita elkartutako entitateek elkartearen egoera ekonomikoa ezagutzeko zer-nolako baliabideak dituzten ere.

  8. Desegiteko arrazoiak eta elkartearen ondarea likidatzeko eta esleitzeko araubidea.

  9. Entitatearen bategite-araubidea.

  1. – Kooperatiba Elkarteen izena osatzeko, erregelamenduhonetako IV. Tituluko III. Kapituluan ezarritakoari jarraituko zaio, eta honako alderdiok izan beharko dira kontuan:

    1. Batasunak izango dira, elkartutako kooperatibak ekonomia sektore berekoak direnean, eta federazioak, elkartutako entitateak mota berekoak direnean. Elkartutako entitateak sektore eta mota berekoak baldin badira, ekonomia jardueraren sektoreak izango du lehentasuna izena osatzerakoan; kooperatibak eta batasunak biltzeagatik elkarte mistoa eratzen bada, ordea, federazioa deituko zaio. Federazioak biltzen dituzten elkarteak konfederazioak izango dira.

    2. Federazioen izenari “Euskadiko” hitza gehitu nahi bazaio, Euskadiko Kooperatiben Legeko 144.2 artikuluko bigarren paragrafoan xedatutakoari jarraituko zaio.

  2. – Federatutako entitateetako bazkide kopurua zenbatzeko, federatutako kooperatiba nahiz batasun bakoitzak bere bazkide nahiz elkartutako entitateen erregistro-liburuen arabera duen bazkide-kopuruaren egiaztagiria aurkeztu beharko da; egiaztagiri horrek aurreko ekitaldi ekonomikoaren amaieran emandakoa izan behar du.

    Eratze-aktan jaso ez diren mota bereko kooperatibei dagokienez, Erregistroak, eratze-akta aurkezten denetik hasi eta bost eguneko epean, egiaztagiri berdina eskatuko die, eta errekerimendua jakinarazi eta hamar eguneko epean aurkeztu beharko dute. Epe horretan erantzunik ematen ez duten kooperatibetako bazkideak ez dira zenbatuko.

    Nolanahi ere, federazioa eratzen denean, inskribatuta dauden eta jardunean dauden kooperatiben ehuneko berrogei edo berrogeitik gora lortu beharko da, Euskadiko Kooperatiben Legeko 144.2 artikuluan araututakoari jarraiki, eta sozietateak jarduten duen bitartean ehuneko horri eutsi beharko zaio urtero batez beste. Horretarako, Erregistroak, gutxienez hiru hilabetean behin, aldi horretan eratu diren mota bereko kooperatiben zerrenda eskuratuko dio federazioari.

  3. – Aipatutako ehuneko hori jaisten bada, dagokion federazioak lehengo maila eskuratu beharko du; urtebete izango du horretarako, Erregistroak ehuneko horren jaitsieraren berri ematen dionetik aurrera. Bestela, “Euskadiko” hitza kendu beharko du federazioak bere estatutuetatik eta agiri guztietatik; sei hilabeteko epea izango du horretarako, aipatutako epe hori amaitzen denetik hasita. Federazioa bera jabetuko balitz ehuneko hori jaitsi duela, berehalakoan jakinarazi beharko dio Erregistroari.

    “Euskadiko” hitzaz jabetu ahal izango da berriro federazioa, baldin eta legezko ordezkaritza horren ehunekoa berreskuratzen bada.

Euskadiko Kooperatiben Legean arautzen diren kooperatibek legez eraman beharreko liburuak, eta kooperatiben elkarteek beren estatutuek hala eskatuta eraman beharrekoak, Euskadiko Kooperatiben Erregistroak gaitu edo legeztatu beharko ditu.

  1. – Erregistroko arduradunari zuzendutako idazki baten bitartez egingo da gaitze- nahiz legeztatze-eskabidea, eta bertan honako xehetasun hauek adierazi beharko dira:

    1. Entitatearen izena, helbidea, eta, behar izanez gero, erregistroko identifikazio-datuak.

    2. Aurkezten diren liburuen zerrenda: orri zuriko liburuak gaitzea ala azaleztatutako liburuak —idazpenak eta oharpenak baliabide informatikoak edo bestelako prozedurak erabiliz egin ondoren— legeztatzea nahi den adierazi behar da, baita liburu bakoitza zenbat orriz osatzen den ere.

    3. Gaitu edo legeztatu nahi diren liburu mota berekoak izanik, gaitu edo legeztatu diren azken liburuen irekitze-eguna, eta, behar izanez gero, ixte-eguna ere bai.

    4. Eskabide-eguna.

  2. – Eskabideak behar bezala sinaturik eta zigilaturik egon beharko du, eta gaitu edo legeztatu nahi diren liburuekin batera aurkeztu beharko dira. Horiek guztiak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko edozein Lurralde Ordezkaritzatan aurkeztu ahal izango dira.

  3. – Kooperatibek, eratze-titulua inskribatzeko aurkezten dutenean baino ezin eska dezakete liburuak gaitzea eta legeztatzea. Nolanahi ere, liburuak ez dira gaituko ez legeztatuko harik eta inskripzio hori egin arte.

  1. – Eskabidea eta gaitu edo legeztatu nahi diren liburuak aurkezten direnean, inskribatu egingo da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  2. – Sarrerako inskripzioan, eskabidea noiz aurkeztu den, entitate eskatzailea zein den eta gaitu nahiz legeztatu nahi diren liburu kopurua eta mota adierazi beharko dira, eta gainontzeko alderdietan, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ezarriko da.

  1. – Derrigorrezko liburuak gaitzeko aurkeztuko dira erabili baino lehen; liburu horiek, egon azaleztaturik, egon orri mugikorrez osaturik, erabat zuri egongo dira, orriak hurrenez hurren zenbaturik dituztela.

  2. – Ezingo da beste libururik gaitu, aurrekoa oso-osorik erabili dela egiaztatzen ez den bitartean, non eta lapurtu izana salatzen ez den, notarioak galdu nahiz hautsi egin dela dioen agiria egiten ez duen, edo artikulu honetako 3. paragrafoan arautzen den aldez aurreko ixtea gertatzen ez den.

  3. – Artezkaritza Kontseiluko idazkariak edo administratzaile bakarrak emango duen eginbidearen bidez itxi ahal izango da Liburua; administrazio-organoak, behin idazpenak eta oharpenak eginda daudenean —baliabide informatikoak edo bestelako prozedurak erabiliz—, sistemaz aldatzea eta azaleztatutako orrien sistema erabiltzea modu arrazoitu batean erabakitzen duenean egingo da hori.

  1. – Idazpenak eta oharpenak egin ondoren behar bezala azaleztatutako orriz osatutako derrigorrezko liburuek zuria izango dute lehenengo orria, eta gainerakoak, berriz, hurrenez hurren zenbaturik egongo dira, egindako idazpen eta oharpenen hurrenkeraren arabera.

    Zuriz utzitako tarteak behar bezala baliogabetu beharko ditu entitateak.

  2. – Aurreko paragrafoan aipatzen diren liburuak ekitaldi bakoitzeko lehendabiziko bost hilabeteak iragan baino lehen aurkeztu beharko dira Erregistroan, urteko ekitaldiari amaiera ematen zaionetik hasi, eta, beranduenez, sei hilabeteren buruan legezta daitezen.

  3. – Legeztatzea aurreko paragrafoan adierazitako epetik kanpora eskatzen bada, Erregistroko arduradunak liburuaren eginbidean, eta gaitze eta legeztatzeen fitxategi liburuan adieraziko du gorabehera hori.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Legeko 70.1.c artikuluan aipatzen diren akta-liburuak legeztatzen ez diren bitartean, agirien kopia erkatua bidali beharko zaio Erregistroari, agiriak onartzen direnetik hasi eta bi hilabeteko epean.

  2. – Akten kopia erkatuak kapitulu honetako hurrengo artikuluetan aurreikusitako eran legeztatuko dira, honako alderdiok kontuan izanik:

    1. Eginbidea azken orrian adieraziko da.

    2. Liburuen aipamenaren ordez, aktari buruzkoa egingo da.

      Egiaztapenaren oinean nahiz gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan idatziko da legeztatzea.

  1. – Eginbidez eta zigilu bidez egin beharko da liburuen gaitze eta legeztatzea; gaitze-eginbidea lehenengo orrian burutuko da, eta orri horrek zuria izan beharko du.

  2. – Erregistroko arduradunak sinatuko du eginbidea, eta bertan honako xehetasun hauek jasoko dira:

    1. Kooperatibaren identifikazioa, eta behar izanez gero, erregistro-datuak.

    2. Entitate berarentzat gaitu nahiz legeztatutakoen artetik dagokion liburu mota eta zenbakia.

    3. Liburua zenbat orriz osaturik dagoen.

    4. Zigilatzeko erabili den sistema eta edukia.

    5. Gaitze-eginbidea ala legeztatze-eginbidea den.

  3. – Orri guztietan ipini behar da Erregistroaren zigilua. Gaitze edo legeztatzearen benetakotasuna bermatzen duen beste edozein eratan ere zigilatu daitezke orriak; artekak edo kodeak erabiliko dira, edo antzeko metodoren bat erabili ahal izango da.

  1. – Eskabidea behar bezala bete eta liburuek betebehar guztiak betetzen badituzte, erregistro arduradunak gaitu edo legeztatu egingo ditu liburuak, eskabidea Erregistroan sartu eta hilabeteko epean.

  2. – Gaitzea edo legeztatzea egiten denean, gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan adieraziko da eginbide hori, eta liburuak Erregistrotik atera beharra dauzkala jakinaraziko zaio eskatzaileari. Liburuak aurkezten direnetik lau hilabete igaro eta liburuak oraindik atera gabe baldin badaude, Erregistroak postaz bidali beharko dizkio eskatzaileari, eskabide-orrian adierazitako helbidera —eskatzaileak ordainduko du hori—, eta horren guztiaren oharra egin beharko du lehen aipatutako fitxategi-liburuan.

  1. – Gaitzea edo legeztatzea ukatzen bada, jakinarazi egin beharko zaio eskatzaileari, Erregistroko arduradunaren ebazpen bidez, eta bertan ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Ukatze horren aurka, erregelamendu honetako 31. artikuluaren arabera Erregistroko kalifikazioen aurka jar daitezkeen errekurtsoak jar daitezke.

  2. – Gaitze eta legeztatzeen fitxategi-liburuan adierazi behar da gaitzea edo legeztatzea ukatu dela.

  1. – Euskadiko Kooperatiben Legeko 71. artikuluaren arabera, Kooperatibetako administratzaileak behartuta daude urteko kontuak onartu eta hilabeteko epean Euskadiko Kooperatiben Erregistroan gordailatzera. Urteko kontuak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzan —kooperatibaren egoitza dagoen lurraldekoa— aurkeztu ahal izango dira, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein eratan.

  2. – Kontuak, eta behar izanez gero, kudeaketa txostena eta ikuskatzaileen txostena gordailatzeko betebeharra bete gabe uzten duten kooperatibetako administratzaileek arau-hauste larria egingo dute, aipatutako Legeko 139.4 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. – Kooperatibaren ekitaldia amaitu eta urtebete igaro bada behar bezala onartutako urteko kontuak gordailatu gabe, egun hartatik aurrera aurkeztutako agiririk ez da inskribatuko, harik eta kontuak gordailatzen diren arte. Salbuespen izango dira honako hauek: administratzaileen, gerenteen, zuzendari nagusien edo likidatzaileen kargu-uzte edo dimisioei buruzko tituluak, eta kooperatibaren desegiteari eta likidatzaileen izendapenari buruzko tituluak, edo agintaritza judizialak edo administratiboak agindutako idazpenak.

  4. – Batzar Orokorrean onartzeko aurkeztu arren onartu gabe gelditu diren, eta ondorioz, gordailatu ez diren urteko kontuen itxierarik ez da inskribatuko, baldin eta egoera hori egiaztatzen bada. Horretarako, administrazio-organoak egiaztagiria eman beharko du, eta eskumena duen funtzionarioak legeztatuko du bere sinaduraren bidez; bertan, onartu ez izanaren arrazoia adieraziko da. Edo bestela, Batzar Orokorrean urteko kontuak ez direla onartu dioen agiriaren kopia erabili beharko da; agiri horrek notarioak egindakoa izan behar du. Itxiera eragozteko, egiaztagiria edo agiriaren kopia Erregistroan aurkeztu beharko da artikulu honen lehen paragrafoan adierazitako epean, eta sei hilabetean behin justifikatu beharko da —aipatutako modu horietakoren batean— egoera berbera dela.

  5. – Kooperatiba Elkarteen kontuak aurkeztea borondatezkoa izango da, baina egitekotan, kapitulu honetan adierazitako arauen arabera egin beharko da.

  1. – Honako agiri hauek aurkeztu behar dira kontuak gordailatzeko:

    1. Kooperatiben ordezkariek sinatutako eskabidea. Kontuak ikuskatzeko obligaziorik dagoen ala ez adierazi behar da eskabidean, Euskadiko Kooperatiben Legeko 72. artikuluaren arabera.

    2. Urteko kontuak onartzeko erabakia eta kooperatibaren Batzar Orokorrak emaitza aplikatu duela egiaztatzen duen agiria. Idazkariak emango du agiri hori, lehendakariaren oniritziarekin, edo, bestela, administratzaile bakarrak, notarioak edo eskumena duen funtzionarioak legeztatutako sinadurekin. Agiri horrek Erregelamendu honen 34.2 artikuluko eskakizunak bete beharko ditu, eta kontuak laburbilduta aurkeztu diren ala ez, eta hala aurkeztu badira, horren zergatia adieraziko du. Gainera, agiri horrek behar bezala identifikatuko ditu urteko kontuak; honako alderdi hauen berariazko aipamena egingo du:

      • Kontu horiei dagokien ekitaldia.

      • Aktiboa, guztira, balantzearen arabera.

      • Ekitaldiaren emaitza eta banaketa, Batzar Orokorrak onartu duena.

        Agiri horrek honako hau ere adieraziko du: kontuak eta kudeaketa-txostena administratzaile guztiek sinatu dituztela; eta sinatzaile horietako bakoitzaren izena, bi abizenak eta nortasun agiriaren zenbakia adierazi beharko dira. Sinaduraren bat faltako balitz, agirian jasoko da hori, eta arrazoia zein den ere jaso beharko da.

        Euskadiko Kooperatiben Legearen arabera, gordailatutako kontuak ikuskatutakoekin bat datozela erakutsi beharko dute ekitaldiko kontuak ikuskatzera behartuta dauden entitateek.

    3. Urteko kontuen ale bat; honako hauek jasoko dira bertan: balantzea, irabazi-galeren kontua, memoria, eta, behar izanez gero, kudeaketa-txostena eta kontu ikuskatzaileena.

  2. – Urteko kontuek administratzaile guztiek sinaturik egon beharko dute. Administratzaileetako baten sinadura falta bada, halaxe adierazi beharko da sinadura hori falta den agiri bakoitzean, baita delako sinadura zergatik falta den ere.

  3. – Artikulu honetan aipatzen diren kontularitzako agiriak aurkezteko euskarri magnetikoak erabili nahi direnean, edo egun ezagutzen den edo aurrerantzean ezagutuko den beste bitarteko edo euskarri bat erabili nahi denean, Erregistroaren baimena jaso beharko da aldez aurretik.

Urteko kontuak aurkezten direnean, honako hauek idatziz jasoko dira: aurkeztutako eguna, kooperatibaren izena eta aurkeztutako agiriak.

  1. – Urteko kontuak kalifikatzerakoan, honako alderdi hauek hartuko dira soil-soilik kontuan:

    1. Ohiko Batzar Nagusiak behar bezala onartu dituen ala ez.

    2. Idazkariak egiaztatu ote duen kontuak sinatuta daudela; kontu horiek aurkeztu dituztenen sinadura beharko da.

    3. Idazkariak agirien sinatzailetzat jo dituenak Erregistroan inskribatuta dauden ala ez.

  2. – Kontu-ikuskatzaileen txostenean emandako kalifikazioak honako alderdi hauek izango ditu kontuan:

    1. Ikuskatutako kooperatibaren xehetasunak.

    2. Kontu-ikuskatzaileen xehetasunak eta haien guztien sinadurak ageri diren ala ez.

    3. Ikuskatutako kontularitza-agirien xehetasunak.

  3. – Aurkezpena egin eta hiru hilabeteko epean emango da kalifikazioa.

  4. – 1. eta 2. paragrafoetan aipatzen diren alderdiak bete diren ala ez egiaztatu ondoren, Erregistroko arduradunak agiriak gordailatu direla adieraziz dagokion idazpena egingo du kontuak gordailatzeko fitxategi-liburuan, eta ertzeko ohar bat, kooperatibarentzat prestatutako orrian.

  5. – Aurkako kalifikazioa ematen bada, erregelamendu honetako I. tituluko III. kapituluko 3. atalean tituluak kalifikatzeko aurreikusitako araubidea ezarriko da.

  6. – Handik aurrera aurkezten diren agiriak kalifikatzeko, Erregistroko arduradunak ez ditu gordailatuta dauden kontularitza-agirietako xehetasunak kontuan hartuko.

Erregistroko arduradunak emandako egiaztagiri nahiz agirien fotokopia konpultsatu bidez egingo da gordailatutako kontuen publizitatea, nornahik Erregistroari eskabide idatzia eta arrazoitua egin ondoren.

  1. – Erregistroan gordailatutako urteko kontuak, onartze-erabakien egiaztagiriak eta kontu-ikuskatzailearen txostenak, gordailatzen direnetik hasi, eta sei hilabetetan zehar mantendu beharko dira.

  2. – Agiriak, dauden bezala gordailatu beharrean, behar adina berme eskaintzen duen prozedura optiko nahiz informatikoz bil daitezke, hala behar izanez gero.

  1. – Kooperatibaren izenak bi osagai izango ditu: bata, kooperatiba bera ezagutarazten duena, eta bestea, kooperatibaren itxura eta izaera duela adierazten duena: “Kooperatiba Sozietatea” edo haren laburdura: “Koop. S.”.

  2. – Izena sozietatearen xedeari buruzkoa nahiz fantasiazkoa izan daiteke. Sozietatearen xedeari buruzkoa baldin bada, xedea bera aldatzen denean, izena ere aldatu egin beharko da. Ezingo da xedeak hartzen ez dituen jarduerei buruzko aipamenik egin.

  3. – Ezin daiteke erantzukizun motari buruzko hitzik edo siglarik erabili.

  1. – Ezin da lehendik dagoen kooperatibaren baten izen berdina jarri. Berdintasuna dago bi izenen artean zati batean nahiz oso-osorik bat datozenean eta artikulu honetako 2. paragrafoan arautzen diren egoeretan.

  2. – Sozietatearen izaerari buruzko aipamena alde batera utzita, bi izen berdinak direla jotzen da honako kasu hauetan:

    1. Hitz berberak ordena, genero eta zenbaki desberdinekin erabiltzen direnean.

    2. Hitz nahiz esamolde orokor edo osagarri, artikulu, adberbio, preposizio, juntagailu, azentu, gidoi, puntuazio zeinu nahiz bestelako osagaiak gehitu naiz kenduta, hitz berdinak erabiltzen direnean.

    3. Adierazpide fonetiko berdina dagoenean, edo proposatutako izena lehendik zegoen beste izen batekin nahasten denean.

  3. – Aurreko 2. paragrafoan adierazten diren irizpideetan oinarriturik berdintasuna gertatzen bada ere, beste izen batekin bat ez datorrela dioen egiaztagiria eman daiteke, erregelamendu honetan araututakoari jarraiki, jarri nahi den izen berriak eragiten dion sozietateko administratzaileen eskariz edo baimenarekin egiten bada eskabidea.

Kooperatiba baten izena osatzerakoan, ezingo da beste instituzio nahiz erakunde publikoen antzeko hitz ofizialik erabili, kooperatibaren izaera pribatuari buruz nahasmendurik sor ez dadin. Erabiltzeko modua izango da bakar-bakarrik, baldin eta instituzio edo erakunde horiek bazkide sustatzaile moduan parte hartzen badute sozietatea eratzerakoan edo geroago, eta horretarako baimena ematen badute. Ezingo da erabili, halaber, Legearen, ordena publikoaren edo gizalegezko ohituren aurkakoak diren hitz nahiz esamolderik, ez eta izenak aipatzen duen kooperatiba mota edo izaerari buruz nahasmendua sor dezakeenik ere.

  1. – Izenen arteko berdintasunik ez dagoela egiaztatzeko eskabidea —gehienez, hiru izen— Erregistroari zuzendu beharko diote doakienek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen arabera.

  2. – Erregistroak Erregelamendu honetako 28. artikuluan ezarritakoaren arabera kalifikatuko du izena, eta 10 egun balioduneko epean emango du dagokion egiaztagiria. Eskatutako izenak bat baino gehiago baldin badira, eskabidean agertzen diren hurrenkeraren arabera erabakiko dira, eta berdintasun-ezaren egiaztagiria jasotzen duen lehendabizikoa gordeko da.

  3. – Kalifikazio-ebazpenak, aurreko hiru artikuluetan jasotzen den araudiari egokitzen ez zaiolako, proposatzen den izena ukatzen badu, errekurtsoa jarri ahal izango da, Erregelamendu honetako 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. – Izena berdina ez dela erakusten duen egiaztagiria, jatorrizkoa, indarrean dagoena eta kudeatzaileen, sustatzaileen, nahiz, kasua bada, kooperatibaren beraren izenean emana, eratze-eskrituran edo estatutuen aldaketari dagokion agirian egin beharko da.

  2. – Berdintasun-ezaren egiaztagiririk ez da beharko bategitea gertatzen denean —dela beste kooperatiba bat xurgatuz, dela kooperatiba berria sortuz—, ez eta erabateko desegitea gertatzen denean ere, baldin eta kooperatiba xurgatzaileak nahiz bategite edo desegitearen ondorioz eratutakoak xurgatu nahiz desegin den entitatearen izena hartzen badu.

    100. artikulua.– Izena aldi baterako gordetzea.

  1. – Eskatutako izena inskribatu gabe dagoela erakusten duen egiaztagiria ematen denean, izenen fitxategi berezian gordeko da hura aldi baterako; hain zuzen ere, egiaztagiria ematen denetik hasi eta hamasei hilabeteko epean gordeko da.

  2. – Kooperatiba edo estatutuak aldatzeari buruzko agiria epe horretan inskribatzen ez bada, Erregistroan jasotako izena iraungi eta ofizioz ezeztatuko da.

    Kooperatibaren eraketa edo estatutuen aldaketa lehen adierazitako epe barruan inskribatzeko aurkeztu, eta Erregistroak epe horretan inskribatzen ez badu, delako agiria, aurreneko epea amaitu eta bi hilabetez gordeko dela joko da.

  3. – Erregelamendu honetako 31. artikuluan aipatzen den errekurtsoa nahiz demanda judiziala jartzeak lehen adierazitako epea etenda uzten du, eta administrazio-ebazpena, edo ebazpen judiziala, irmoa denetik aurrera hasiko da berriro epe hori zenbatzen.

    101. artikulua.– Berdintasun-ezaren egiaztagiriaren indarraldia.

  1. – Berdintasun-ezaren egiaztagiriak sei hilabeteko indarraldia izango du, Erregistroak agiri hori ematen duen egunetik hasita. Egiaztagiria iraungitzen denean, interesdunak beste bat eska dezake izen berarekin.

    Kasu horretan, iraungitako egiaztagiria aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.

  2. – Ez da iraungitako egiaztapenik jasotzen duen agiririk baimenduko, ez eta inskribatuko ere.

102. artikulua.– Kontsultak.

  1. – Kooperatibek eta euren elkarteek, kooperatiba horien sustatzaileek, agintari eta botere publikoek eta funtzionarioek —arantzelekoak barne—, kooperatiba horiek inskribatuak izan daitezen laguntzak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten profesionalek edo administratzaileek egin diezazkiokete kontsultak Erregistroari, bere aginpidekoak diren gaiei buruz.

    Erregistroko arduradunari zuzendutako idazkiaren bidez egingo dira kontsultak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 70. artikuluan eta hurrengoetan zernahi prozedura hasteko eskabideentzat ezarritako betebeharrak bete beharko ditu idazki horrek.

  2. – Erregistroak ematen dituen erantzunak argibideetarako baino ez dira izango. Beraz, ez dute eskatzaileentzat ez hirugarrenentzat eskubiderik ez eskubide-itxaropenik sortuko, ez dute erregistroko geroko prozedurekin inolako loturarik izango eta ezingo zaie errekurtsorik jarri; horrek ez du esan nahi, hala ere, inskripzioaren kalifikazioaren aurka egiterik izango ez denik.

  3. – Eskabidea aurkezten denetik hasi eta berrogei egunekoa izango da erantzuna emateko epea, kontsulta egiten dutenen eskariz edo Erregistroaren beraren ekimenez, Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiaren irizpena eskatzen ez bada behintzat; kasu horretan, beste hogei egunez luzatuko da lehen adierazitako epea.

  4. – Kontsulta, Euskadiko Kooperatiben Legeko 98.1 artikuluan ezarritakoaren babesean, eratu behar den kooperatiba motari nahiz ezar daitekeen lege-araudiari buruzkoa baldin bada, Erregistroak Euskadiko Kooperatiben Kontseilu Nagusiari txostena eman dezala eskatu beharko dio.

  5. – Artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoetan aipatzen diren txostenak 20 eguneko epean eman beharko dira; epe hori 10 egunez luzatu ahal izango da.

  1. – Nolanahi ere, Euskadiko Kooperatiben Legeko II. tituluko I. kapituluko zortzigarren atalean arautzen diren finantza arloko kooperatiben erregistro-araubidea kooperatiba horiei ezar dakizkiekeen arau sektorialei lotuko zaie.

  1. – Era berean, Kooperatiba Mistoetako estatutuek Euskadiko Kooperatiben Legeko 136. artikuluko 2. eta 3. paragrafoetan adierazten diren gaiak arautu beharko dituzte.

  1. – Agiri bidezko titulua agiritegi publiko batekoa bada, aurreko paragrafoan adierazitako ondorioetarako, bi kopia aurkeztuko dira.

  2. – Inskribatu nahi den agiria pribatua baldin bada, agiri horren bi ale aurkeztu beharko dira, lehen paragrafoan adierazitako ondorioetarako.

  1. – Kontuak gaitu, legeztatu eta gordailatzeari dagokionez, Erregistroko arduraduna lurralde-ordezkaria izango da, eta sinadurak legeztatzeko arduraduna, berriz Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzako idazkaria izango da —kooperatiba kokatuta dagoen lurralde historikoko ordezkaritzakoa—.

  1. – Eduki juridiko pribatua duten alderdiei dagokienez, berriz, aipatutako Legean, erregelamendu honetan eta berau garatzeko xedapenetan aurreikusi ez denerako, Merkataritza Erregistroaren arauak ezarriko zaizkie Erregistro horretan inskribatzera behartuta dauden sozietateei, Euskadiko Kooperatiben Legearekin eta Erregelamendu honek arautzen duen Erregistroaren egiteko eta ezaugarriekin bateragarri den heinean.