Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

21/2004 DEKRETUA, otsailaren 3koa, profesionalen elkargoei eta kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 50
  • Hurrenkera-zk.: 1351
  • Xedapen-zk.: 21
  • Xedapen-data: 2004/02/03
  • Argitaratze-data: 2004/03/12

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomi Estatutua onartu zen, eta horren 10.22 artikuluan ezartzen denez, ondoko arloetan Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio eskumen guztiak: profesionalen elkargoena eta tituludun lanbideetan jarduterena, betiere Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa kaltetu gabe.

Eskumen horietan oinarriturik, azaroaren 21eko 18/1997 Legea, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa, eman zen, eta bere 1. artikuluan ezartzen denez, xedetzat honako hau du: tituludun lanbideek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean aurrera daramaten jarduna eta lurralde horretan bertan diharduten elkargo eta kontseilu profesionalak arautzea. Oinarrizko legerian eta/edo arlo horretako legerian jartzen duena ere kontuan hartu beharko da.

Bestalde, aipatu legearen azken xedapen bakarrean ezartzen denez, Jaurlaritzak badu eskumenik lege hori betearazteko eta garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko. Eta administrazio-jarduera legezko parametroei egokitu dadin, aipatu habilitazioaren arabera eta dekretu bidez, Jaurlaritzak beharrezko arauak eman ditzake.

Legearen eremu biek, profesionalak eta korporatiboak, hura arauen bitartez garatzeari dagokionez, zilegi egiten dute era ezberdineko arauak erabiltzea. Eta elkargo eta kontseilu profesionalen alderdi instituzional eta korporatiboei buruzkoa baino ez da arautze hau; beraz, lanbide-eremu sektorial ezberdinen alderdi materialak ez dira jorratzen. Horretaz gain, zenbait alderdi ez dira sartu dekretu honetan, hala nola zehapen-prozedura, aseguramendua, instrusismoa eta beste batzuk, hain justu ere euren eitea eta espezifikotasuna direla-eta lanbide bakoitzarentzako arauen bitartez erregulatu behar direnak.

Hortaz, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen garapen partziala baino ez da dekretu hau, zeinaren bitartez honako alderdi hauek arautzen baitira: Tituludun Lanbideen Erregistroa, profesionalen elkargoei dagokienez sortzeko prozedurak, bereizketa eta likidazioa, eta bai profesionalen elkargo eta kontseiluen estatutuei dagokienez administrazio-jarduna ere.

Dekretu hau tituluez osatzen da, lehena: Tituludun Lanbideen Erregistroaren funtzioei eta antolamenduari buruzkoa, eta bigarrena: profesionalen elkargo eta kontseiluentzako erabil daitezkeen prozedurei buruzkoa.

18/1997 Legearekin bat etorriaz, Tituludun Lanbideen Erregistroari doakionez esan behar da eze, bere edukiaren publikotasunerako tresna izateko sortu zela. Hala, kolegiatu gabeko lanbideetako profesionalei buruzko inskripzioen publikotasuna baldintzaturik dago, hain justu ere aipatu inskripzioak borondatezkoak izateak baldintzaturik. Bestalde, profesionalen elkargo eta kontseiluei erreferentzia egiten dioten inskripzioak obligaziozkoak dira, hortaz erregistro-publikotasunak elkargoen errealitatea zehatz islatzen du. Autonomia Erkidegoaz gaindiko eremua duten profesionalen elkargoek badute sarbiderik Erregistro honetara, baldin eta haren lurraldean kokaturiko organo iraunkorrak badituzte.

Profesionalen elkargo eta kontseiluen araubide juridikoari dagokionez, eragiten dien prozedurak izapidetzeko marko orokor bat finkatzen du dekretu honek, bai korporazioak sortzeko eta bai azaroaren 21eko 18/1997 Legearen aurreikusitako gainontzeko zirkunstantzietarako ere, izan ere, zehatz-mehatz garatu behar baitira, estatutuak onartu eta aldatzea berariaz arautuaz.

Ondorioz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposaturik, Eusko Jaurlaritzako Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriaz, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak, 2004ko otsailaren 3an, eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau

Tituludun Lanbideen Erregistroa, zehazki, bere edukia osatzen duten datuen publikotasunerako ondorioetarako bakarrik sortua Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren menpekoa da eta bi sekziotan banatua dago:

  1. Sekzioa.– "Tituludun Lanbideak".

  2. Sekzioa.– "Profesionalen Elkargo eta Kontseiluak".

Erregistroan lehen sekzioan, lanbideen eta alfabetoaren arabera sailkaturik, kolegiatu gabeko lanbideetan diharduten profesional tituludunak inskribatuko dira, baldin eta borondatez inskribatu nahi badute eta azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 21. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

  1. – Sekzio honetan ondoko zehaztasunak inskribatuko dira:

    1. Izena eta abizenak.

    2. Nortasun Agiri Nazionala.

    3. Helbide profesionala.

    4. Jarduera ekonomikoen zergan edo ordezko zergan alta eman zen eguna.

    5. Lanbiderako gaitzen duen titulua lortu zen eguna.

    6. Titulazioa eman duen erakundea.

    7. Titulazioaren homologazioa egin zen eguna, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan lanbidean jarduteko homologazio hura beharrezkoa bada.

    8. Aseguramendu-modua, aseguratutako kapital gehienezkoa eta, beharrezkoa bada, enpresa aseguratzailea.

    9. Zehapena eta, halakorik bada, dagokion deuseztapena.

  1. – Erregistroko bigarren sekzioa hiru azpi-sekziotan banatzen da:

  1. azpi-sekzioa.– Profesionalen Elkargoak.

  2. azpi-sekzioa.– Profesionalen Kontseiluak.

  3. azpi-sekzioa.– Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko elkargoen organoak.

  1. Erregistroaren bigarren sekzioan, alfabetoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten profesionalen elkargo eta kontseiluen ondoko zirkunstantziak jaso beharko dira:

    1. Profesionalen elkargoen eta kontseiluen eraketak

    2. Profesionalen elkargoen eta kontseiluen estatutuak eta horien aldaketak.

    3. Profesionalen elkargoen eta kontseiluen gobernu-organoak, euren kideen identitatearekin, eta bai organoon kideak berritzeak eta aldatzeak ere.

    4. Izena, helbidea, egoitzak eta ordezkaritzak.

    5. Lurralde-eremuan edo izenean izandako aldaketak, edo Azaroaren 21eko 18/1997 Legean aurreikusitako juntatze edo bereizketa kasuak direla-eta jazotakoak.

    6. Profesionalen elkargoak eta kontseiluak desegitea.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremua baino handiagoa duten elkargo profesionalei dagokionez, aipatu zirkunstantzia berdinak jaso beharko dira, betiere aipatu erkidegoan kokaturiko organo iraunkorrak badituzte.

  1. Eranskin gisa, ondokoak dituen artxibo bat edo protokolo bat izango du Erregistroak: inskripzioak eskatzeko aurkeztutako dokumentazioak —kronologikoki ordenatuak—, eta bai dokumentu horien gainean emandako administrazio-ebazpenak ere.

  2. Autonomia Erkidegoaz gaindiko kontseiluko organo iraunkor bakoitzeko, kontseilu bakoitzeko edo elkargo bakoitzeko espediente bat irekiko da eta bai tituludun profesional bakoitzeko ere.

Honako hauek izango dira Erregistroaren funtzioak:

  1. Zuzendariaren aldez aurretiko ebazpena delarik, Erregistroan jaso behar diren egintzak sailkatu, kalifikatu eta inskribatzea.

  2. Ziurtagiriak ematea eta bai gainontzeko publikotasun-bitartekoak edo –baliakizunak ere.

    4. artikuluak aipatutako protokoloaz arduratzea.

  1. Beharrezko bada, euskarri informatiko bat erabiliaz antolatuko du bere dokumentazioa Erregistroak, betiere dekretu honen eranskinean ezarritakoarekin bat etorriaz.

  2. Dekretu honen azken xedapenetariko bigarrenean zehaztutako baimenaren kontra egin gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako aginduaren bitartez, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak aldatu egin dezake dekretu honen eranskina, hain justu ere Erregistroa hobetu eta modernizatzeko edo teknologia berriei egokitzeko.

  1. Lehenengo sekzioan inskribatzea, tituludun profesionalentzako borondatezko izango da.

  2. Inskribatzea eskatzen badute, inskribatzeko diren zirkunstantzia guztiak jakinarazi beharko dituzte, eta inskribatzeko diren zirkunstantzien bat falta duten inskripzioak ez dira onartuko. Inskribatuko diren zirkunstantzietariko bakoitza kreditatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dute profesionalek, eta zehapen profesionalik ez dutela izan inskribatu nahi badute, zehapenik ez dutela izan jasotzen duen zinpeko deklarazioa aurkeztu beharko dute.

  3. Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzak bere kabuz inskribatuko ditu ezagutzen dituen eta inskribatutako profesionalei eragiten dieten zehapen profesionalak. Hartarako, inskripzioa egin aurretik, ukitutakoari jakinarazi beharko dio. Jakinarazpena jasotzen denetik harako hilabeteko epearen barruan profesionalak ez badu adierazten uko egiten diola inskripzioari, inskripzioa burutu egingo da. Profesionalak uko egin diezaioke inskripzioari, baina, kasu horretan, eragiten dioten idazpen guztiak deuseztatu egingo dira.

  4. Erabili beharreko ordenamendu juridikoaren arabera egoki bada, Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzak bere kabuz deuseztatuko ditu zehapenak.

  5. – Tituludun lanbide bati dagokion profesionalen elkargoa sortzea bada, tituludun lanbide hartako profesionalei buruzko inskripzioa bere kabuz deuseztatuko ditu Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzak.

  1. – Euren estatutuen arabera eskumenik badute, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuko Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen gobernu-organoek 3.2 artikuluan zehaztu diren zirkunstantziak inskribatzea eskatu beharko dute, inskriba daitekeen egintza gertatzen denetik hara hilabeteko epearen barruan.

  2. – Hala ere, Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen estatutuak prestatzeari eta aldatzeari dagokionez, Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzak bere kabuz egingo du inskripzioa, hain justu ere haiek behin betiko onartzen dituen agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hara hiru hilabeteko epearen barruan, baina zuzendaritza horrek, bere eskumak gauzatzeko, behar duen informazioa eskatu ahal izango die gobernu-organoei

  3. – Hirugarren azpi-sekzioan inskribatzea borondatezkoa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoan organo iraunkorrak izanik, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko eremua duten Elkargoen estatutuen arabera eskumenka dituenak egin beharko du eskabidea.

Inskribatu beharreko agirien bi ale aurkeztu beharko dira, eta ale original horietako bat protokolo edo espedienteari dagokion artxiborako izango da. Bigarren alea interesatuari itzuli beharko zaio, erregistratua izan dela jasotzen duen oharrarekin batera. Hala ere, Erregistroaren arduradunak konpultsatu ostean eskuratu ahalko dira originalak. Kasu horretan, ondorioak dokumentazio originalarenak bezalakoak izango dira.

  1. – Erregistro-egintzak araupekoak izango dira.

  2. Legezkotasunaren arloko arrazoiak direnean bakarrik ukatu ahalko da Erregistroan inskribatzea.

  3. – Eskatutako inskripzioa ebazteko epea lau hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten denetik hara zenbatuta. Epe hori igaro eta ez bada eman berariazko ebazpenik, inskripzioa onetsi egin dela ulertu beharko da.

  4. – Ebazpena emateko epeari dagokionez, sustatzaileari, eskabidearen akatsak zuzentzeko, emango zaion denbora ez da kontuan izango, baina denbora hori ez da izango hilabete batetik gorakoa.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzan bertan aurkeztu beharko dira agiriak, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 39.4 artikulua xedatutakoarekin bat, hartarako egokiak diren bulegoetan.

  1. Inskripzioetan egindako hutsak ezin izango dira arteztu zuzenketen, karrakatzeen edo zirriborroen bitartez. Artezketa beste idazpen baten bitartez egin beharko. Idazpen berri horrek beste zenbaki bat izan beharko du eta ondoko hauek jaso beharko ditu:

    1. Hutsa egin deneko linea eta idazpenaren erreferentzia.

    2. Okerreko hitzak edo kontzeptuak.

    3. Egindako hutsen ordezko hitzak.

    4. Lehendiko idazpena zuzendu izanaren gaineko deklarazioa.

  2. Orri-bazterreko oharren zuzenketa arteztutakoaren ahalik eta hurbilen egingo da.

  3. – Erregistro-idazpen bat zuzentzen denean, idazpen berrira jotzeko erreferentzia aski jaso beharko da okerreko idazpenean.

  4. Inskripzioa zuzendu ostean, eragiten zaien gaiei buruzko gainontzeko idazpenak okerrak badira, zuzendu egin beharko dira, nahiz eta beste liburu batzutan egon. Zuzenketa hori orri-bazterreko ohar egokiarekin egin beharko da.

Tituludun Lanbideen Erregistroa publikoa da. Edozein pertsonak edo edozein entitate publikok zein pribatuk du hura kontsultatzeko eskubidea.

  1. Izapenen edukiaren ziurtagirien bitartez edo protokoloa osatzen duten agirien kopia konpultsatuen bitartez gauzatuko da Erregistroaren publikotasuna.

  2. – Informazio-eskabideak idatziz egin beharko dira, eta eskatutako datuak topatzea errazteko, ezagutzen diren zirkunstantziak adierazi beharko dira. Aurkeztutako elementuak aski ez badira, eskatutakoa eman gabe utziko du Erregistroak, eta halaxe jakinaraziko dio interesatuari.

  3. – 3. Ziurtapena izango da Erregistroaren edukia ziurtasunez kreditatzeko era. Lehenengo sekzioaren eta bigarren sekzioko 3. azpi-sekzioaren ziurtapenetan espresuki jaso beharko da kasu horietan Erregistroan inskribatzea borondatezko dela.

  1. Ziurtapenak positiboak edo negatiboak izan daitezke.

  2. – Ziurtapen positiboak osoak edo partzialak izango dira, eta kasu bietan ere erregelamendu honetan araututako Erregistroaren edukiari buruzkoak izango dira.

  3. Ziurtapen osoaren bitartez, hartarako irekitako orrietan egindako idazpenak osorik adieraziko dira.

  4. Ziurtapen partzialetan derrigorrez adierazi beharko da eze, adierazi gabe utzitakoak ez duela areagotzen, murrizten edo baldintzatzen ziurtatzen dena.

  5. – Ziurtapen negatiboetan jaso egin beharko da zein denbora-tarteri dagozkion.

  6. – Eskabidea aurkezten denetik harako hamar eguneko epearen barruan eman beharko dira ziurtapenak, hain justu ere Erregistroaren arduradunak emango ditu.

Protokoloan artxibatutako edo gordetako agirien kopia konpultsatua eskabide egiten denetik harako hamar eguneko epearen barruan eman beharko da, bertan orri kopurua eta zein egunetan ematen diren jaso beharko da, eta Erregistroaren zigilua izan beharko dute. Elkargoari, Kontseiluari, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko eremua duen elkargoren baten organo iraunkor bati edo profesional jakin bati dagokienez, interesatuek seinalatutako agiri artxibatuen erreprodukzio osoa izan beharko du.

  1. Azterlan eta Lege Araubide zuzendariaren ebazpenen aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ebaztea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari dagokio.

  2. Tituludun Lanbideen Erregistroko idazpenak edo inskripzioak ebaztea Azterlan eta Lege Araubide zuzendariari dagokio.

  3. Tituludun Lanbideen Erregistroa kudeatu, antolatu eta arteztea Erregistroaren arduradunari dagokio, eta bai aipatu erregistroko idatzoharren eta inskripzioen gaineko ebazpena proposatzea ere.

    Halaber, erregistro-publikotasunaren edozein bitartekori buruzko eskabideak kudeatzea dagokio eta bai egiaztagiriak eta ziurtagiriak ematea ere.

  1. – Ordezkaritza aski duten profesional interesatuek behar bezala kreditatutako eskabidearen bitartez, hasiko da profesionalen elkargo berria sortzeko eskaera izapidetzen. Eskaera arrazoitu egin beharko da eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari zuzendu beharko zaio. Aurkezten diren urteaz aurrekoaren abenduko 31ri dagozkionak izan beharko dute datuek.

  2. – Ondoko kasuan eskabideak ordezkaritza aski duela kontsideratuko da: profesionalen elkargoak jardun nahi duen lurralde-eremuan helbidea duten profesionalen gehiengoak egindakoa bada eta eskatzen den elkargoan jarduteko beharrezko titulazioa ofiziala badute profesionalok.

  3. Ordezkaritza egiaztatzeari dagokionez, eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

    1. Elkargoak izan nahi duen lurralde-eremuan helbide profesionala izanik, lanbidean diharduten pertsonei dagokienez, eskumendun administrazioek emandako ziurtagiria. Aski izango da dihardutenen kopurua jasotzen bada ziurtagirian, nahiz eta izenak ez jaso.

    2. Eskatzaileen zerrenda, bakoitzaren izena eta bi abizen jasotzen dituena, ondorio hauetarako euren ordezkaritza nori ematen dioten, jakinarazpenak jasotzeko helbidea, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia, egoitza profesionala, titulazioa, eguna eta sinadura.

    3. Lanbidea babesten duen titulu ofizialeko gaien edo ikasketa-planaren ziurtagiria, horiek emateko edo errekonozitzeko eskumenak dituen erakunde publikoak emana.

    4. Titulu ofiziala izanik, burutu daitezkeen jarduera ekonomikoei buruzko ziurtagiria, delako titulua aitortu edo ematen duen erakunde publikoak emana.

    5. Argi eta garbi eta arauzko maila egokiaz, lanbidea badela eta bere edukia egiaztatzen dituen agiria.

    6. Estatutuen proiektuaren zirriborroa.

    7. Interes publikoen ikuspegitik elkargo berria sortzearen komenientziari buruzko memoria. Memoria horrekin batera, erakunde pribatuek zein publikoek ekimenaren alde egindako adierazpenak aurkeztu ahal izango dira. Sektorean diharduen antolakunderen batek bermatu eta bultzatutako proposamena bada, ondoko hauek aurkeztu ahalko dira: jarduera-memoriak, egindako proiektuak edo proposamenari dagokionez interesgarriak izan daitezkeen agiriak. Antolakunde profesional batek egindako eskabideak ez du berez ordezten artikulu honen aurreko letretan ezarritako baldintzak egiaztatu beharra.

  4. – Aurreko itatz-zatian eskatutako datuak eta agiriak ez baditu eskabideak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak honako hau eskatuko die interesatuei: hamar eguneko epearen barruan, falta direnak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkez ditzala; eta hala egiten ez badute, eskabidean atzera egin dutela ulertuko da, eta artxibatzearen gaineko ebazpen egokia emango da.

  1. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak dokumentazioaren kopia osoa bidali beharko dio sailari, hain justu ere delako lanbidea dela-eta eskumenak dituen sailari, espedientea jasotzen duenetik harako hilabeteko epearen barruan txosten egokia egin eta jakinarazi dezan.

  2. Txosten horretan, interes publikoari dagokionez, elkargo profesionala sortzeko prozedura jarraitzeko komenientziaren eta egokitasunaren gaineko balorazioa eta erabakia egin beharko ditu sailak. Aipatu hilabeteko epearen barruan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean ez badu jasotzen delako txostena, izapideetan aurrera egin dadin, erabaki egokia hartuko du sail horrek .

  1. Txosten jaso ondoren edo goragoko aginduan zehaztutako epea igaro ondoren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak, elkargoa sortzeko espedienteari dagokionez, jendaurreko erakustaldia xedatu beharko du, hartarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpen egokia argitaratuaz.

  2. Jendaurreko erakustaldia hilabetekoa izango da, aipatu aldizkarian argitaratzen denetik hara zenbatutakoa. Dokumentazio non erakutsiko den zehaztu beharko du ebazpenak.

  3. Halaber, delako lanbidearekin zerikusia duten erakunde eta entitateei txostenak eskatuko ahalko zaizkie. Elkargoa sortzeak eragiten dien profesionalen beste elkargo batzuk badaude, hogei eguneko epearen barruan txostena eskatu beharko zaie.

  1. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak kontsideratzen badu prozeduran aurre egiteko baldintzak betetzen direla, eta, horretaz gain, komenientziari eta egokitasunari dagokienez, eskumenak dituen sailaren aldeko txostena badu, elkargo profesionala sortzeko lege-aurreproiektu egokia prestatu behako du sail hark, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta arlo honetan eskumenak dituen saileko buruak sinatu beharko dute aipatu aurreproiektua.

  2. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio lege-aurreproiektua prestatzea eta bai izapidetzeko ardura ere. Lege-aurreproiektuak elkargoaren pertsonala eta lurralde-eremua zehaztu beharko ditu.

  3. Aipatu sail biek batera aurkeztu beharko diote Jaurlaritzaren Kontseiluari, honek kontsidera dezan.

Delako lanbidea dela-eta eskumenak dituen sailak, interes publikoari dagokionez, uste badu ez dagoela komenientziazko edo egokitasunezko arrazoirik, edo Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza uste badu ez direla betetzen baldintza guztiak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak hartu den erabakia jakinarazi beharko die eskatzaileei.

Beste batetik edo batzuetatik bereiztutakoa izanik, bertako bazkide egiteko, jatorrizko elkargorakoaz bestelako titulazioa beharrezko duen elkargoa sortzeari buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 29.2 artikuluan aurreikusitako kasuei aplikatu zaizkie kapitulu honetako xedapenak.

Profesionalen elkargo berri bat lege bidez sortu behar den kasuan, lege-aurreproiektuak gutxienez honako hauek aurreikusi beharko ditu:

  1. Lehenengo estatutuak prestatzeko eskumenak eta prozedura: estatutuak prestatzeko batzorde bat finkatu beharko da prozeduran eta bai epea ere, zeina ez baita izango sei hilabetetik gora, sortzeko legeak indarra hartzen duenetik hara zenbatuta. Batzordeak onartu ostean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari jakinarazi beharko zaizkio, hain justu ere legeekin bat datozela egiazta dadin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara daitezela agintzeko.

  2. Kolegiatzeko hasierako epe bat irekitzea. Estatutuak argitaratu ostean, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiak elkargoko kide egin ahal daitezen kolegiatzeko epe bat irekiko da. Aipatu epea ireki dela argitara eman beharko du batzordeak, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Autonomia Erkidegoan zabalkunde handienetarikoa duten bi egunkaritan, gutxienez.

  3. Elkargoko gobernu-organoak eratzeko modua. Kolegiatzeko epea amaitu ondoren, gobernu-organoko kideak aukera daitezen, osoko bilkuretarako deialdi bat egin beharko da. Gobernu-organoen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Elkargo bat edo batzuk desegin direla-eta edo eremu handiagoko elkargo batetik bat bereizi egin dela-eta profesionalen elkargo bat sortzea, azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 29.3 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz hain justu ere.

Elkargo bat edo batzuk desegin direla-eta edo eremu handiagoko elkargo batetik bat bereizi egin dela-eta profesionalen elkargo bat sortzeko prozedura onartzeko, elkargo interesatuaren erabakia beharko da, hain justu ere estatutuen aurreikusitakoaren arabera hartutakoa edo proiektatutako elkargo berriak hartuko duen lurraldeko elkargokideen gehiengo osoak hala eskatuta hartutakoa.

  1. – Ekimena elkargo interesatuarena bada, hasteko eskaera egiteko idazkia Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari zuzendu beharko zaio. Eta honako hauek izan beharko ditu:

    1. Balioaz hartutako erabakiaren ziurtagiria, lehendakariak edo dekanoak ontzat emana.

    2. Lehendiko elkargoaren harreman eta egoera juridikoei dagokienez, Azaroaren 21eko 18/1997 Legeak exijitutako subrogazioa artikulatzeko proposamena.

    3. Elkargo berriaren titularitatepekoak izango diren obligazio, eskubide eta ondasunen zerrenda. Seinalatzeko bakarrik izango da aipatu zerrenda, eta ez du mugatzen ez ordezten subrogatzeko obligazioa, legean ezarritakoa.

    4. Eskatutako eraketaren komenientzia edo beharra justifikatzeko memoria.

  2. Elkargoa eratzeko eskabidea egiten den urteaz aurrekoaren abenduko 31ri dagozkionak izango dira datuak.

  3. Aurreko idatz-zatian eskatutako agiri eta datu guztiak ez baditu eskabideak, interesatuei hutsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio, hain justu ere hamar eguneko epearen barruan; eta ohartaraziko zaie ezen, hala egiten badute, eskabideari uko egin diotela ulertuko dela, eta artxibatzeko agindua emanen dela.

  4. Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak espedientea bidaliko die eraginpeko elkargoei , eta, beharrezkoa bada, eraginpeko kontseiluari, txosten bat egin eta ezagutzera eman dezan, espedientea jasotzen denetik harako hogei eguneko epearen barruan. Epe horretan ez bada jasotzen txostena, aldekoa dela ulertuko da.

  5. Behin eraginpeko elkargoek txostena egin ondoren, Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak espedientearen kopia bidali dio delako lanbide dela-eta eskumenak dituen sailari, hain justu ere jasotzen denetik hogei eguneko epearen barruan txosten egokia egin eta ezagutzera eman dezan. Txosten horretan, eskumenak dituen sailak, interes publikoari dagokionez, ondokoaren egokitasunaz eta komenientziaz balioespen bat egin eta erabaki bat hartu beharko du: profesionalen elkargoa sortzeko prozeduran aurrera egitea. Hogei eguneko aipatu epearen barruan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean ez bada jasotzen delako txostena, izapideetan aurrera egiteko, sail horrek bidezko erabaki hartuko du.

  6. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak kontsideratzen badu prozeduran aurrera egiteko baldintzak betetzen direla, profesionalen elkargoa sortzeko dekretua prestatzeko prozedura irekitzeko agindua egingo du, eta batera sinatuko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta aipagai dugun arloan eskumenak dituen saileko buruak.

  7. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagozkio bai dekretua egitea eta dekretua izapidetzeko ardura.

  8. Jaurlaritzaren Kontseiluari ere, egokietsi dezan, batera aurkeztuko diote.

  9. Baldintza materialak edo formalak ez direla betetzen kontsideratzen badu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, motiboak azalduaz, elkargo sustatzaileari jakinaraziko dio prozeduran ez dela aurrera egingo.

  1. Ekimena elkargokideena bada, prozedura has dadila eskatzeko idazkia Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari zuzendu beharko zaio. Eta honako hauek izan beharko ditu:

    1. Elkargo eskudunak emandako ziurtagiria, dekanoak edo lehendakariak ontzat emana, eta eratu nahi den elkargoaren lurralde-eremuari atxikitako elkargokideen zerrenda jasotzen duena.

    2. Eskatzaileen zerrenda, euren izenak eta abizenak jasotzen dituena, arlo honetarako zeinengan uzten duten euren ordezkaritza, jakinarazpenak jasotzeko helbidea, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia, data eta zinadura.

    3. Elkargoa eratzeko komenientzia eta beharra oinarritzen duten kausak adieraziaz, justifikazio-memoria, eta elkargoaren bideragarritasun ekonomikoaren gaineko azterlana.

  2. Eskabide izapidetzeko prozedura aurreko artikuluan zehaztutakoa bezalakoa izango da.

  1. – Estatutuetan balioaz aurreikusitakoa izanik profesionalen elkargoak sortzea dakarren beste edozein suposamendu, hala nola bat-egitea edo xurgapena, izena aldatzea izan ezik, honelaxe izapidetuko dira: prozedura berdinarekin, eta kapitulu honen aurreko artikuluetan zehaztutako exijentziekin.

  2. – Izena aldatzea honelaxe izapidetuko da: prozedura berdinarekin, eta aurreko artikuluetan aurreikusitakoak izanik kasu horretan aplikatzekoak diren exijentziekin. Hasteko eskatzeko idazkiarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Balioaz hartuko erabakiaren ziurtagiria, lehendakariak edo dekanoak ontzat emana.

    2. Izena aldatzeko beharra edo komenientzia justifikatzeko memoria.

    3. Titulazioaren eta izenaren arteko korrespondentziaren esplikaziozko memoria.

  1. Azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 31.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz, Eusko Legebiltzarrak emandako legeaz desegingo dira, salbu eta lege horren 31.3 artikuluan aurreikusitako kasuetan.

  2. Profesionalen elkargo bat legez desegiteko prozedura, dekretu honen 18. artikulutik 23.enera bitartean ezarritakoa izango da. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari aurkeztutako idazkiaren bitartez, profesionalen elkargoan berak ere egin dezake desegiteko eskabidea, zeinari honako hau erantsi beharko zaion: estatutuetan aurreikusitakoarekin bat balioaz hartutako erabakiaren ziurtagiria, lehendakariak edo dekanoak ontzat emana.

  3. – Eskabide-idazkiarekin bat batera honako agiri hauek aurkeztu behako dira:

    1. Desegiteko beharra eta komenientzia justifikatzeko memoria.

    2. Batzorde Likidatzaileak egindako likidazio-proposamena.

    3. Azken hiru aurrekontu-ekitaldien kontu-ikuskaritza.

    4. Elkargoan berak egin badu eskabidea, honako hauek ere aurkeztu beharko dira: ondasunen inbentarioa, eskabidea egiten den egunean diren eskubideak eta obligazioak.

  1. Beste bat edo batzuk batzen zaizkiolako edo beste bat edo batzuk sortzen direlako elkargoa desegitea, dekretu bidez egingo da, salbu eta azaroaren 21eko 18/1997 Legeko 29.2 artikuluan zehaztutako kasuan izan ezik.

  2. Kasu horietan, desegiteko prozedura dekretu honen 15. artikulutik 28.enera bitartean ezarritakoa izango da.

  3. – Eskabide-idazkiarekin batera, desegiteko beharra eta komenientzia justifikatzeko memoria aurkeztu beharko da.

  1. Profesionalen elkargoak desegiteko dekretuek eta lege-aurreproiektuek arautuko dituzte desegitearen ondorio juridikoak.

  2. Eta esandakoaren ondorioetarako, aipatu arauek ondarea likidatzeko prozedura ezarri beharko dute, batzorde-likidatzailea identifikatuaz, eta, bestalde, dagoen gerakinaren destinoa zehaztu beharko dute, betiere elkargoaren estatutuetan xedatutakoarekin eta aplikatu daitezkeen arauekin bat etorriaz.

  1. – Lanbide bereko elkargo guztietatik etor daiteke profesionalen kontseilu bat eratzeko ekimena.

  2. – Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari aurkeztu behako zaio ekimena, ondoko hauekin:

    1. Euren estatutuekin bat etorriaz, elkargoen organo eskudunak balioaz hartutako erabakiaren ziurtagiria, dekanoak edo lehendakariak ontzat emana.

    2. Inskribatutako elkargokide kopurua jasotzen duen ziurtagiria.

    3. Kontseilu bat eratzeko beharra edo komenientzia oinarritzeko zioak jasotzen dituen justifikazio-memoria, eta kontseiluaren bideragarritasunaren gaineko azterlana.

  3. – Kontseilua eratzeko eskabidea egiten den urtekoa barik, aurreko urteko abenduaren 31rekikoak izan beharko dute datu guztiek.

  4. – Eskabideak ez baditu aurreko paragrafoan eskatutako datu eta agiri guztiak, Azterlan eta Lege Araubideko zuzendariak hutsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko eskatuko dio eskatzaileari, hartarako hamar eguneko epea emanez; eta ohartaraziko dio eze, hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertu dela eta artxibatzeko agindua emango dela.

  1. Ekimenak lanbide bereko elkargo guztien aldeko erabakia duenean, Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak espedientearen kopia bidaliko dio, delako lanbidea dela-eta eskudun den sailari, hain justu ere espedientea jasotzen denetik harako hogei eguneko epearen barruan, txosten egokia egin eta ezagutzera eman dezaten. Txosten horretan, eskudun sailak honako balioespena egin beharko du: interes publikoari dagokionez, profesionalen kontseilua eratzeko prozeduran aurrera egitearen egokitasunaren eta komenientziaren gainekoa. Hogei eguneko epe horren barruan, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailean ez bada jasotzen aipatu txostena, izapidetzeak aurrera egin dezan, sail horrek erabaki egokia hartuko du.

  2. Prozeduran aurrera egiteko baldintza formalak eta materialak betetzen direla kontsiderazten badu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, eta horretaz gain, elkargo guztien aldeko txostena badu, Profesionalen Elkargoa eratzeko dekretu egokia prestatzeko prozedura hasarazteko agindua prestatuko du sail horrek, eta dekretu hori batera sinatuko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta arlo horretan eskudun den saileko buruak.

  3. – Dekretu prestatzea eta dekretu izapidetzeko ardura Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagozkio.

  4. – Kontsidera dezan, Jaurlaritzaren Kontseiluari ere sail biok batera aurkeztuko diote.

  1. Kontseilua eratzeko dekretua argitaratzen denetik harako hilabeteko epearen barruan, Kontseilua osatzen duten elkargoek kudeaketa-batzordea eratu beharko dute, zeinaren eginkizun nagusia lehenengo estatutuak prestatzea izango baita.

  2. Kontseiluaren parte diren elkargo guztiek izan beharko dute ordezkaritza kudeaketa-batzordean.

  3. Elkargoetariko bakoitzeko gobernu-organoek adostasunez egindako akordioa dela medio, elkargoek eurek zehaztuko dute kudeaketa-batzordean elkargoetariko bakoitzaren ordezkaritzari dagokion boto kopurua eta bai ordezkari kopurua ere.

  4. Akordiorik ez badago, elkargo bakoitzak bi ordezkari izango ditu eta azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 46.2 artikuluan finkatutako sistemarekin bat datorren boto-portzentajea.

  5. Kudeaketa-batzordeak, batetik, Kontseiluaren estatutuak prestatuko ditu, eta, bestetik, elkargokideentzako eta elkargoentzako, hilabete batez, estatutuen jendaurreko erakustaldia egingo du, egoki irizten dieten alegazioak egin ditzaten. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kontseiluaren lurralde-eremuan zabalkunde handienetarikoa duten bi egunkaritan iragarki bat argitaratuaz egingo da jendaurreko erakustaldia.

  6. Bere kideen erabateko gehiengoarekin onartuko ditu estatutuak kudeaketa-batzordeak, baina gutxienez elkargo bakoitzeko kide batek aldeko botoa eman beharko du; bestalde, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari bidali beharko dizkio, behin betiko onartu eta argitara eman ditzan, eta erabili beharreko prozedura hauxe izango da: dekretu honetako 38. artikuluaren 3., 4., 5., 6. eta 7. idatz-zatietan aurreikusitakoa, baina kasu honetan ekimena kontseiluarena izango da eta aldez aurretiko txostenak elkargoenak izango dira.

  7. Behin estatutuak argitaratu ostean, Kontseiluaren gobernu-organoak eratuko dira, betiere direlako estatutuetako arauetan aurreikusitakoarekin bat etorriaz. Gobernu-batzordeen eraketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Silak kontsideratzen badu ez direla betetzen baldintza formalak edo materialak, edo elkargoaren/en txostenak ez badira aldekoak, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, motiboak azalduaz, elkargo sustatzaileari/ei jakinaraziko die eskabideari ezezkoa ematen zaiola.

  1. Profesionalen elkargoen iraungipena dekretu bidez egingo da. Dekretu honen 33., 24. eta 36. artikuluetan zehaztutakoa izango da profesionalen elkargo bat iraungitzeko prozedura.

  2. Eskabide-idazkiarekin batera betiere ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

    1. Iraungipenaren beharra eta komenientzia justifikatzeko memoria.

    2. Batzorde likidatzaileak egindako likidazio-proposamena.

    3. Ondasunen, eskubideen eta obligazioen inbentarioa, eskabide egiten den egunean zarratua.

    4. Azken hiru aurrekontu-ekitaldien kontu-ikuskaritza.

  3. Ondarea likidatzeko prozedura ezarri beharko du iraungipen-dekretuak, batzorde likidatzailea identifikatuaz, eta, bestalde, dagoen gerakina finkatu beharko du, betiere kontseiluaren estatutuetan xedatutakoarekin eta aplika daitezkeen arauekin bat etorriaz.

  1. Profesionalen elkargoko gobernu-organoari dagokio haren estatutuak prestatzea. Ekimena elkargoei eurei ere badagokie. Azken kasu horretan, aldaketaren aldeko elkargokideen portzentaje bat, estatutuetan zehaztutakoa, izan beharko du ekimenak.

  2. Elkargoaren osoko batzarrari dagokio estatutuen aldaketa onartzea. Onarpena baino lehen, jendaurreko erakustaldi bat izango da, hilabeteko epearen barruan, dagokion elkargoak eta elkargokideek zuzenketak aurkez ditzaten. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kontseiluaren edo elkargoaren lurralde-eremuan zabalkunde handienetarikoa duten bi egunkaritan iragarki bat argitaratuaz egingo da jendaurreko erakustaldia.

  3. Onartzen direnetik harako hilabeteko epearen barruan, dagokion elkargoak onartu diren estatutuen testu osoa bidali beharko dio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari; halaber, aurreko idatz-zatian aurreikusitako jendaurreko erakustaldia egin izanaren ziurtagiria, lehendakariak edo dekanoak ontzat emana, eta onarpena emateko osoko batzarrak hartutako erabakiaren egiaztagiria ere bidali beharko dizkio.

  4. Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak estatutuen kopia bat bidali behako dio dagokion elkargoari —halakorik bada— eta bai delako lanbide dela-eta eskudun den sailari ere, hain justu ere jasotzen dituztenik hara hogei eguneko epearen barruan, aginduzko txostena eman dezaten.

  5. Estatutuak legezkotasunarekin bat datozelakoa eta ezarritako prozedura bete delakoa egiaztatzeari dagokionez, eskumena arautua izango da.

  6. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio, agindu bidez, estatutuak onestea edo gaitzestea. Agindu hori, egoki jakinaraztearen kontra egin gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidaliko da argitara eman dadin.

  7. Behin betiko onartutako estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan ofizioz inskribatuko dira, betiere dekretu honetako 8.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriaz.

Estatutuetan ezarritako prozedurarekin bat onartuko dira estatutuen geroko aldaketak, azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 45. artikuluan ezarritako zehaztapenak beteaz eta dekretu honen 35.5, 6. eta 7. artikuluetan zehaztutakoarekin bat etorriaz betiere.

  1. Profesionalen kontseiluek estatutu orokor bat onar dezake kasuan kasuko lanbiderako.

  2. Estatutuek xedatutakoarekin bat etorriaz prestatutako proposamenaren jendaurreko hilabeteko erakustaldia egingo da, elkargoentzako eta elkargokideentzako dena, egoki irizten dieten alegazioak egin ditzaten. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta kontseiluaren lurralde-eremuan zabalkunde handienetarikoa duten bi egunkaritan iragarki bat argitaratuaz egingo da jendaurreko erakustaldia.

  3. Kontseiluaren ordezkaritza osoaren bi hereneko gehiengoaz onartu beharko da estatutu orokor bakarra, betiere baldintza hau beteaz: elkargoetariko bakoitzeko kide batek gutxienez aldeko botoa eman beharko du.

  1. Onartzen direnetik harako hilabeteko epearen barruan, dagokion elkargoak onartu diren estatutuen testu osoa bidali beharko dio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari; halaber, aurreko idatz-zatian aurreikusitako jendaurreko erakustaldia egin izanaren ziurtagiria, lehendakariak edo dekanoak ontzat emana, eta onarpena emateko hartutako erabakiaren egiaztagiria ere bidali beharko dizkio.

  2. Delako lanbidea dela-eta eskudun den sailari espedientearen kopia osoa bidali beharko dio Azterlan eta Lege Araubide zuzendariak, eta, halaber, dagokien elkargoei ere, hogei eguneko epearen barruan txosten bana egin dezaten.

  3. Estatutu orokor bakarra legezkotasunarekin bat datorrelakoa eta ezarritako prozedura bete delakoa egiaztatzeari dagokionez, eskumena arautua izango da.

  4. Proposatutako estatutuak legezkotasuna errespetatzen badu, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak honako agindu bat egingo du: estatutu orokor bakarra onartzeko dekretu prestatzeko prozedura irekitzekoa, eta dekretu hori batera sinatuko dute Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak eta aipagai dugun arloan eskumenak dituen saileko buruak

  5. Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari dagokio dekretua prestatzea eta bai izapidetzeko ardura ere.

  6. Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea ere batera egin beharko dute, hain justu eta kontseilu horrek kontsidera dezan.

  7. Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatzea ofizioz egingo da, betiere dekretu honetako 8.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriaz.

Antolamenduren eta funtzionamenduari dagokienez dekretu honetan diren aurreikuspenak aplikatu eta exekutatzearren, beharrezko zuzkidurak eta neurriak paratu eta hartuko ditu Ogasun eta Herri Administrazio Sailak.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako agindu bidez, Tituludun Lanbideen Erregistroa indarrean jarri dela iragarriko du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak, betiere beharrezko langileekin eta baliabide materialekin hornitu ondoren.

  1. Dekretu honek indarra hartzen duenean dauden elkargoek eta kontseiluek, hiru hilabeteko epearen barruan, honako ziurtapena bidali behako diote Tituludun Lanbideen Erregistroari: dekretu honen 3.2 artikuluko b), c) eta d) letretan aurreikusitako zirkunstantziak jasotzen dituena, dekanoak edo lehendakariak ontzat emana (dekretuak indarra hartzen duenetik hara zenbatuko da epe hori).

  2. Hala ere, dekretu honek indarra hartzen duenean, euren estatutuak azaroaren 21eko 18/1997 Legearekin bat onartuta eta argitaratu dituzten Elkargoek eta Kontseiluek, hiru hilabeteko epearen barruan, honako hau bidali beharko diote Tituludun Lanbideen Erregistroari: dekretu honen 3.2 artikuluko c) eta d) letretan aurreikusitako zirkunstantziak jasotzen dituen ziurtagiria. Eta epe hori dekretu honek indarra hartzen duenetik hara zenbatu beharko da.

Dekretu honek indarra hartzen duenean, arau honetan aurreikusitako jarduketaren bat eskatu nahi duten elkargoek eta kontseiluek aldez aurretik azaroaren 21eko 8/1997 Legera egokitu beharko dituzte euren estatutuak.

Dekretu honek hartu ostean hasten diren prozedurei aplikatuko zaie dekretu hau, eta bai indarra hartu baino lehen hasitako prozeduren —elkargoei eta kontseiluei buruzkoen— egin gabeko izapideei ere.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek.

Dekretu hau exekutatu eta garatzeko beharrezko xedapenak hartzeko baimena ematen zaio Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari.

Dekretu honen bitartez arautu ez diren prozedurazko alderdiei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio-Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatu beharko da.

Vitoria-Gasteizen, 2004ko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

  1. Euskarri informatiko bat erabiliaz ordenatuko du bere dokumentazioa Erregistroak, ondoren zehazten den legez:

    1. Egunkari liburua, zeinetan, sarrera-ordena errespetatuaz, inskripzio-eskabideak aurkeztu zireneko egunak jasoko baitira, eskabidearekin batera aurkezten diren agirien zerrenda ere jasoaz.

    2. Inskripzioen liburua, orri normalizatu eramangarrien sistema batekin egituratua; Erregistroan inskribatutako profesionaletariko, Euskal Autonomia Erkidegoaz gaindiko eremua hartzen duten elkargoen organoetariko, profesionalen kontseiluetariko eta profesionalen elkargoetariko bakoitzarentzako gako bat dutela horizontalki erabili dira aipatu orriak. Ordena kronologiko bat jarraituaz, idazpenak korrelatiboki inskribatuko eta zenbatuko dira; halako moldez non inskripzio-zenbakiak, orriaren goiko parteko eskumako angeluan erasoko denak, honako gakoa izango baitu: kasuan kasuko profesional, organo, kontseilu edo elkargoari dagokiona, zeinari idazpen-zenbakia ere erantsiko zaion

      Elkargo batek, kontseilu batek, organo batek edo profesional batek idazpenetarako orri bat baino gehiago behar badu, orrietan gako egokia idatziko da eta orriok korrelatiboki zenbatuko dira.

    3. Aurkibidea, non ordena alfabetikoan jasoko baitira Erregistroan inskribatutako profesionalak, organoak, kontseiluak eta profesionalen elkargoak, identifikazio-gakoa eta inskripzioen liburuan esleitutako orri-zenbakia zehaztuaz.

  2. Idazpenak makinaz edo prozedura informatikoen bidez egingo dira. Orri-bazterreko oharrak eskuz edo zigiluz ere egin ahalko dira.

  3. Idazpenak bate bestearen ostean egin beharko dira, orrietan etenik egin gabe, behar beste espazio erabiliaz eta euretariko bakoitzean ondoko modeloen eta formatuen idazketa edo testua erabiliaz: Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak agindu bidez onartutakoak.

  4. Erregistroko orrien aurrealdean eta atzealdean idatziko da, korporazio edo tituludun profesional bakoitzari dagozkion idazpenak korrelatiboki zenbatuaz.