Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

299/2003 DEKRETUA, abenduaren 9koa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean laneko arriskuak prebenitzeko berezko zerbitzuaren sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila; Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 12
  • Hurrenkera-zk.: 301
  • Xedapen-zk.: 299
  • Xedapen-data: 2003/12/09
  • Argitaratze-data: 2004/01/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Osasun eta kontsumoa; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Azaroaren 8ko 31/1995 Legea, laneko arriskuak prebenitzekoa, oinarrizko legea da gai honetan. 31. artikuluan, prebentzio zerbitzuak definitzen ditu: langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko eta prebentzioko jarduerak egiteko behar diren bitarteko materialak eta pertsonak. Erakunde pribatuak nahiz administrazio publikoak helburu horiek betetzera behartuta daude.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legearen 31. artikuluan adierazi zenez, administrazio publikoetan prebentzioko zerbitzuak ezartzean, kontuan izango da administrazio bakoitzaren antolaketaren egitura, eta sektoreen arabera banatutako eremu deszentralizaturik duten ala ez.

Urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuaren bidez, berriz, prebentzioko zerbitzu berezien araudia onetsi zen, eta bere 15.1 artikuluan adierazi zen, hitzez hitz, zerbitzu horiek antolaketa-unitate berezia izango direla eta bertako kideen jarduna horretara soilik bideraturik egongo dela.

Uztailaren 27ko 306/1999 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomi Erkidegoan prebentzioko zerbitzuen osasuneko jarduketak arautu ziren. Prebentzioko zerbitzuek, osasun aldetik, bete beharreko baldintzak ezarri ziren, eta laneko osasunaren eremuan egin beharreko osasuneko jarduketen esparrua zehaztu zen.

Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak, 1999-04-15eko batzarrean, Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioko eta bere Erakunde Autonomoetako Laneko Arriskuak Prebenitzeko Kudeaketa Integratuko Sistemaren oinarrizko estrategia eta antolaketa kontuak onetsi zituen, eta berezko prebentzio zerbitzu bat sortzea erabaki zuen. Horrenbestez, maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuak bere aplikazio-eremutik baztertzen ditu, besteak beste, berezko hitzarmen kolektiboa daukaten Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko irakasleak eta lan-kontratudunak; pertsona horiek egiten dituzten lanak oso zehatzak direnez gero, prebentzioko ekintzak ere bereziak eta euren ezaugarriei egokituak izan behar dira.

Horregatik guztiagatik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarentzat Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzua sortu eta arautu beharra dago, sail horrek dituen premia eta ezaugarri bereziei erantzuteko. Dekretu honek arautzen duen Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzuaren jarduketa-eremuan, sail honen mendeko langileak sartzen dira, dekretu honen 2. artikuluan ezarritako terminoetan. Bestalde, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua egungo antolaketa-egituran ondo txertatu behar da, egiten diren prebentzioko jarduera guztiak modu eraginkor eta integratzailean kudeatzeko.

Dekretu honen bidez, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzua sortzen da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren barruan. Zerbitzu horren egitura eta funtzioak arautzen dira ere, urriaren 16ko 222/2001 Dekretua (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa ezartzen duena) zati batez aldaraziz.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak honako hauekin harremanak izatea sustatu gura du sail honek: Lan Istripuen eta Lanbide Gaixotasunen Mutuekin, bestelako administrazio publikoen prebentzio zerbitzuekin eta prebentzio lanetan diharduten erakundeekin. Harreman hauei esker, jakintza eta esperientziak trukatuz, sail honetako langile guztien osasuna eta segurtasuna hobeto babestuko dira.

Hori dela bide, eta langileen ordezkariei kontsultatzeko eta haiek parte hartzeko tramitea bete ondoren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Gobernu Batzordeak 2003ko abenduaren 9ko batzarrean eztabaidatu eta onetsi ondoren, honakoa

  1. – Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzua sortuko da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean. Sail horretako Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzari atxikiko zaio.

  2. – Prebentzio zerbitzu honek laneko arriskuak prebenitzeko lanak egingo ditu. Horretarako, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, zerbitzuaren jarduera-eremuan dauden langileei, haien ordezkariei, haien ordezkaritza-organoei eta prebentzioko ordezkariei aholkatuko eta lagunduko die.

  3. – Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuaren funtzioak garatzeko beharrezko diren laguntza eta aholkularitza lanak egingo dituzte Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko unitate organiko guztiek, bakoitzak dagokion eremuan.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuaren jarduera-eremua Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendean dauden eta unibertsitatekoak ez diren irakasleak, eta sail horren berezko gainerako kolektiboak dira.

  1. –Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak espezialitate hauek izango ditu:

    1. Laneko segurtasuna

    2. Higiene industriala

    3. Ergonomia eta Psikosoziologia aplikatua

    4. Osasunaren zaintza.

      Espezialistek modu koordinatuan jardungo dute, batez ere lanpostuetarako prebentzioko diseinuko funtzioetan, arriskuak identifikatzean eta ebaluatzean, eta prebentzio planetan eta langileak trebatzeko planetan.

  2. – Osasunaren zaintza Oinarrizko Osasun Unitateek egingo dute, aplikatu beharreko arautegiaren arabera beharrezkoak direnak.

    Behar bezalako kreditazioa edo baimena duten zentro espezializatuekin kontzerta daitezke zerbitzuaren oinarrizko osasun-jardunaz gaindiko jarduera zenbait eta diagnostikorako osagarrizko teknika jakin batzuk.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuari honako funtzio hauek dagozkio:

  1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren prebentzio politika aplikatzeko behar diren agiriak egitea eta prozedurak burutzea, lanak sortzen dituen arriskuak kontrolatzeko eta urritzeko.

  2. Lantokietan eta lanpostuetan arriskuak ebaluatzea.

  3. Prebentzio Zerbitzuaren Urteko Planaren edukia, gai teknikoetan, zehaztea.

  4. Lanarekin zerikusia duten istripuak, gorabeherak eta gaixotasunak ikertzea, haien kausak identifikatzeko eta desagerrarazteko.

  5. Laneko osasun eta segurtasunean, trebakuntza premiak detektatzea eta analizatzea. Trebakuntza horretan, beti ere, uztailaren 27ko 16/1983 Legeak (Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Araubide Juridikoari buruzkoak) erakunde honi EAEko Administrazio Autonomoko funtzionarioak eta lan-kontratudunak trebatzeko eta hobetzeko gaietan emaniko eskumenak, errespetatu behar dira, eta administrazioan prebentzioko gaietan eskumenak dauzkaten administrazioko erakunde espezializatuei dagozkienak ere bai.

  6. Beharrezko diren osasun eta segurtasuneko ikuskapenak egitea.

  7. Osasun eta segurtasun gaietan estatistikak egitea.

  8. Sistema zuzentzen duten ekintzak proposatzea.

  9. Larrialdietarako planak nola egin diseinatzea eta zuzentzea.

  10. Prebentzio Zerbitzuko langile laguntzaileek trebakuntzarako egiten dituzten eskaerei arreta egitea, baldin eta e) idatz-zatian xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

  11. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren titulartasunekoak diren ikastetxeetan segurtasuneko arautegia betetzen dela aztertzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.

  12. Osasuna prebentzioko jardueren bidez hobetzeko neurriak sustatzea, kolektibo ezberdinek sarrien pairatzen dituzten patologien eragina murrizteko helburuz.

Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko osasuneko langileek –eta bere kargu edo eginkizunengatik datu mediku eta pertsonalen berri duen edozeinek– pertsonen duintasuna eta intimitatea errespetatzen direla eta datuak isilpean gordetzen direla bermatuko dute. Horretarako, artxibatzeko materiala eta ekipoak edukiko dituzte, datuak isilpean gordetzen direla bermatzen duten zaintza-sistemekin, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.

  1. –Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko lantoki bakoitzean langile bat izendatuko da, gai honetan behar diren dedikazioa eta oinarrizko trebakuntza dituena (Prebentzio Zerbitzuen Araudiko 35. artikuluan zehaztuak). Pertsona horrek Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuarekin lan egingo du, eta aipaturiko artikulu horretan azaltzen diren funtzioak beteko ditu.

    Ikastetxeetan eta hezkuntzako zerbitzuetan, zuzendariak izendatuko du pertsona hori. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuko arduradunak ematen dituen jarraibideen arabera jokatuko dute pertsona horiek.

  2. –Laguntzaile horiek hiru hilean behin txostena bidali beharko diote Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuari. Txostenean, osasunari eta segurtasunari buruz egin diren eskaeren, kexen eta jarduketen berri emango dute.

  3. – Urtero memoria bat egingo dute, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ikastetxeetan egin diren prebentzioko jarduerak azaltzeko. Txosten hori Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuari bidaliko zaio hurrengo urteko lehen hiruhilekoan.

  1. – Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuan honako erregistro hauek sortuko dira:

    Prebentzioko ordezkarien erregistroa.

    Istripu eta gorabeheren erregistroa.

  2. – Erregistro hauek prebentzioko jarduerak egiten direla jakiteko, antolatzeko eta frogatzeko, eta segurtasun eta osasun gaietan ezarritako helburuak lortzen direla frogatzeko tresnak dira.

  3. – Halaber, Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak bere prebentzio jarduna behar bezala egiteko behar dituen bestelako erregistroak sor daitezke, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko titularraren aginduz.

  1. – Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langile publikoen ordezkaritza organoek prebentzioko ordezkariei buruzko datuak Prebentzioko Ordezkarien Erregistroari jakinarazi beharko dizkiote, hamabost asteguneko epean, ordezkariok izendatzen diren egunetik zenbatuta.

  2. – Datuok erregistroko fitxa batean sartuko dira. Ordezkariaren izena, bi abizen, ordezkatzen duen sindikatua eta bere lana zein lurralde historikotan egiten duen adieraziko da.

  3. – Erregistroko fitxa batean daturik aldatzen bada, hamabost asteguneko epean jakinaraziko da (aldaketa egiten den unetik zenbatuta), erregistroan ere aldaketa egin ahal izateko.

  1. – Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzu honen jarduera-eremuan sartzen diren langile publikoen laneko gorabehera, gertaera edo egitateak jazoko dira erregistro honetan, ondorio kaltegarriak badituzte edo izan baditzakete.

  2. – Halaber, horrelako gorabeheren aurrean, langileen segurtasuna eta osasuna babesteko helburuz Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hartzen dituen neurriak eta burutzen dituen jarduketak jasoko dira hemen.

  3. – Istripu eta Gorabeheren Erregistroan dauden datuen tratamendua, ahal dela, osasuneko langile batek (edo isilpekotasuneko betebehar baliokidea duen beste pertsona batek) egingo du, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

  1. – Lurralde historiko bakoitzean Osasun eta Segurtasun Batzorde bana sortuko da. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legearen 39. artikuluan adierazten diren eskumen eta ahalmenak izango dituzte batzorde horiek.

  2. – Batzordeak koordinatzeko beste batzorde bat eratuko da, Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordea izenekoa. Eskumen hauek izango ditu:

  1. –Lurraldeetako Osasun eta Segurtasun Batzordeen eraketarako eta funtzionamendurako jarraibideak ematea.

  2. – Laneko arriskuak prebenitzeko programak eta planak egiten, praktikan jartzen eta ebaluatzen parte hartzea, eta dekretu honen garapenean ezartzen diren bestelako funtzioak betetzea.

    Betiere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lurralde eta Sektore arteko Osasun eta Segurtasun Batzordeak agiri hauei buruzko txostenak egingo ditu:

    1. Prebentzioko Urteko Plana.

    2. Trebakuntzako Urteko Plana.

    3. Prebentzio Zerbitzuaren Urteko Memoria.

    4. Langile laguntzaileek zentroetan eginiko urteko memoriak.

  3. Organo espezializatuak eta parekideak dira. Batetik, prebentzioko ordezkariek eratzen dituzte, (sindikatu bakoitzeko bina). Bestetik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren ordezkariak egongo dira (aurrekoen kopuru bera).

  4. – Osasun eta Segurtasun Batzordeek arriskuen prebentzioari buruzko egoera ezagutu behar dute lantoki bakoitzean. Horretarako, egoki irizten dieten ikuskapenak egingo dituzte, eta euren helburuak betetzeko beharrezko diren agiri eta txosten guztiak egingo dituzte lan baldintzei buruz. Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuari dagozkion lanak ere egingo dituzte. Halaber, langileen osasun edo integritate fisikoak pairatzen dituzten kalteen berri izan behar dute, horien kausak baloratzeko eta aurreneurri egokiak proposatzeko.

  5. – Administrazio eta Zerbitzu Sailburuordetzak artikulu honetako 1. idatz-zatian aipaturiko txostenen berri izango du, osasun eta segurtasun gaietako helburuak eta xedeak zein neurritan betetzen diren jakiteko.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jarduera-eremuan sartzen diren langileek informazioa jasotzeko, kontsultatuak izateko eta parte hartzeko duten eskubidea (Laneko Arriskuak Prebenitzeko 31/1995 Legean aurreikusia) betetzen dela bermatzeko beharrezko diren neurriak hartuko dira, ikastetxeetako langile laguntzaileen bidez, Osasun eta Segurtasun Batzordeen bidez, edo Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuaren bidez zuzenean.

  1. – Euskal Autonomi Erkidegoko Gobernu Kontseiluak erabakiko du zein erakunde edo organismok egin behar duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzuaren auditoretza, Prebentzio Zerbitzuen Araudiko V. kapituluan ezarritakoaren arabera.

  2. – Auditoretza honen emaitzak txosten batean adieraziko dira, eta Osasun eta Segurtasun Batzordeen eta langile publiko guztien esku jarriko da.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko zerbitzu medikuetako osasuneko langileak Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuan sartuko dira.

Laneko Medikuntzako espezialista edo Enpresako Medikuntzako diplomatu eta enpresako OLT izan behar dira osasuneko langile berriak.

Lehenengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa finkatu zuen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren aldarazpena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitura organikoa finkatu zuen urriaren 16ko 222/2001 Dekretuaren honako artikulu eta idatz-zati hauek aldaraziko dira, eta honela geratuko dira idatzirik:

1. 8. artikuluko 1. idatz-zatiari l) hizkia gehitu zaio. Honela dio:

"l) Laneko arriskuak prebenitzeko gaietan aplikatu beharreko neurriak proposatzea, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzua zuzentzea eta kudeatzea, (erreferentzia adierazi) Dekretuak araututa."

  1. Edukirik gabe geratuko dira 10. artikuluko g) eta h) hizkiak.

  2. – 11. artikuluko e) hizkiari idazkuntza berria emango zaio. Honela geratuko da idatzirik:

    "e) Sailari estatistika gaietan dagozkion funtzioak betetzea, laneko arriskuak prebenitzeko gaietan izan ezik; gai horiek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Laneko Arriskuak Prebenitzeko Berezko Zerbitzuari egokituko zaizkio":

    Bigarrena. Arau honetan aurre ikusi gabe geratzen diren gaietan, Maiatzaren 16ko 78/2000 dekretuak esana aplikatua izango da.

    Hirugarrena. EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera sartuko da indarrean dekretu hau.

    Laugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

    Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 9an.

    Lehendakaria,

    JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

    Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

    M.ª ANGELES IZTUETA AZKUE.

    Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

    JOSEBA AZCÁRRAGA RODERO.