Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

263/2003 DEKRETUA, 2003ko urriaren 28koa, Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen kreditazioa eta funtzionamendua arautzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 239
  • Hurrenkera-zk.: 6618
  • Xedapen-zk.: 263
  • Xedapen-data: 2003/10/28
  • Argitaratze-data: 2003/12/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Funtzio publikoa; Gizarte Gaiak

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Nazioarteko Adopziorako Erakunde Laguntzaileen (aurrerantzean, NAEL) gaikuntza arautu duen abenduaren 24ko 302/1996 Dekretuaren indarraldian jasotako esperientziak bidezko egiten du hura ordezkatu eta edukiak behar bezala eguneratzea.

Dekretu berri honek NAELen kreditazioa eta funtzionamendua arautuko ditu, esandako 302/1996 De-kretuaren akatsak edo mentsak gainditzeko asmoz. Horretarako, alde batetik, ondokoak errotik aldatu edo, hala bada, kendu egin dira: aplikatzeko arazoak izan dituzten alderdiak, edo denboraren poderioz zaharkitu, desegoki edo eskas geratu direnak. Bestetik, berrikuntzak sartu, adopzioan hartutako umeei eta adoptatzen duten familiei laguntzearren, malgutasuna areagotuz.

302/1996 Dekretuan hautemandako akats edo ments horiek, funtsean, III. kapituluan daude, "Gaikuntza lortzeko betebeharrak" izenekoan; izan ere, gutxiegi edo eskas iritzi zaie, eta, gainera, garai hartan aukeratu zen prozedura, hau da, zuzeneko gaikuntza erakundeak hala eskatu ondoren, ez da egokiena izan, ikusi ahal izan denez.

Era berean, 302/1996 Dekretuaren aplikazioaren ondorioz, NAELak kontrolatzeko eta ikuskatzeko halako zailtasun bat ere ikusi da, eta ez bakarrik kontrol eta ikuskapenari dagokienez, zentzu hertsian, baizik eta erakundeen funtzionamenduaren araubideari, eginkizun eta jardunei, eta ekonomia- eta finantza-araubideari buruzkoetan ere. Gai horiek IV., V. eta VI. Kapituluetan tratatzen dira.

Azkenik, 302/1996 Dekretua indarrean sartu zenetik, lege-aldaketak izan dira haurren jatorrizko estatuetan, eta blokeoak, edo gutxienez, zailtasunak eta mantsotzeak gertatu dira nazioarteko adopzioen espedienteen izapidetzean, erakunde zein eskatzaileentzako ondorio kaltegarriekin. Horrelako aurrekaririk ez zegoenez, 1996ko dekretuak ez zituen gorabehera horiek ez eta hartu beharreko irtenbideak ere jaso.

Dekretu honek zazpi kapitulu ditu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen, eta bere helburua da haurrak eta nerabeak familiaren batean integratzeko xedeaz bitartekotza-lanak egiten dituzten NAELen kreditazio-betebeharrak, funtzionamenduaren araubidea, ekonomia- eta finantza-araubidea eta kontrola eta ikuskapena ezartzea.

Dekretu honek dakartzan berrikuntzen artean funtsezkoenetako bat da "Kreditazioa" izeneko III. Kapituluaren 7. artikuluak ezarri duen aldaketa; izan ere, orain arte erakunde eskatzaileak galdatutako zuzeneko gaikuntzaren sistematik, lehiaketaren bidezko kreditazio-sistemara pasatu da, eta horretarako Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak deialdi publikoak egingo ditu, konkurrentzia eta publizitate printzipioak bermatuta.

Beste alde batetik, eta adingabekoen babesik eza eta behin betiko familian sartzea atzeratzea ekiditeko asmoz, dekretu honetako 15. artikuluak, bere 5. paragrafoan, beste berrikuntza bat ere badakar: espedienteen izapidetzea guztiz blokeatuko balitz, gertaturiko aldaketa eta gorabeheren ondorioz, bigarren espediente bat ere izapidetu ahal izango da, salbuespen gisa, beste estatu batean lehenengoari beren-beregi uko egin gabe.

Lehen xedapen gehigarrian NAELen Erregistroa sortu da, horien funtzionamenduaren kontrola hobetzeko eta eskuragarriago egiteko. Erregistroak, erakunde horien funtsezko datuak jasotzeaz gain, bitartekotza-zerbitzuaren erabiltzaileen kexu eta erreklamazioak ere bilduko ditu.

Bi xedapen iragankorrek, hurrenez hurren, honako hauek hartu dituzte aintzat: abenduaren 24ko 302/1996 Dekretuaren bidez gaitutako NAELak dekretu honetara behar bezala egokitzea, eta dekretu berri honetan aurrez ikusitako sistemaren bidez kreditaziorik ez lortzea gertatuz gero egin behar dena.

Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko urriaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Dekretu honen xedea da honako hauek finkatzea: adingabekoen nazioarteko adopziorako bitartekotzan diharduten NAELen kreditazio-baldintzak, funtzionamenduaren araubidea, ekonomia- eta finantza-araubidea, eta kontrola eta ikuskaritza.

NAELak irabazi-asmorik gabeko elkarte edo fundazioak dira, legez eratutakoak, beraien estatutuetan helburutzat adingabekoen babesa dutenak, eta arau honetan ezarritako baldintzak bete ondoren, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzatik dagokion kreditazioa eskuratzen dutenak, nazioarteko adopzioetan bitartekotza-lanetan esku hartu ahal izateko, dekretu honetan ezarritakoaren arabera.

NAELak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan jardungo du, zehazki.

Atzerriko jardunari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintza eta moduan eta hark zehazten dituen jardueretarako arituko da estatu jakin batean edo batzuetan, horretarako kreditazioa izanik, bertako agintarien baimena jasotzen badu behintzat.

Beste inork ere, pertsona zein entitate, ezin du nazioarteko adopzioetarako bitartekotza-lanetan esku hartu.

  1. ¿ NAELa Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintza eta moduan eta hark zehazten dituen jardueretarako arituko da bitartekotza-lanetan adopzioetan, betiere adopzio horiek Euskal Autonomia Erkidegoan eskatu badira eta adoptatu beharreko adingabekoa beren kreditazioak ahalmena ematen dien estatu batekoa bada.

  2. ¿ NAELak, era berean, beste autonomia-erkidego batzuetako egoiliarren eskariak izapidetzen har dezake parte, bitartekotza-lanetan, baldin eta dagokion autonomia-erkidegoan ez badago eskatzaileek hautatu duten estaturako kreditazioa duen NAELik; halakoetan, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, dagokion autonomia-erkidegoko organo eskumendunak aurretik eskatuta, esku hartze hori baimenduko du, erakunde laguntzaileak berak dagokion kasu horretan bitartekotza-lanetan aritzeko onarpena jakinarazi ondoren.

  3. ¿ Beste autonomia-erkidegoren batek kreditaturiko NAELek ere parte har dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko egoiliarrek nazioarteko adopziorako egindako eskariak izapidetzen, baldin eta EAEn ez badago eskatzaileek hautatu duten estaturako kreditazioa duen NAELik; horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak baimena eskatuko dio dagokion autonomia-erkidegoko organo eskumendunari, eskatzaileek hautatu duten estatuan aritu dadin autonomia-erkidego horrek kreditatu duen NAELak nazioarteko adopziorako bitartekotza-lanak egin ditzan eskatzaileentzako.

  1. ¿ Bai nazioarteko adopzioetarako izapideak egiteko prozedura eta bai NAELen funtzionamendua ere ondorengo arauok ezarritakoari lotuko zaizkio: gaiari buruzko nazioarteko araudiak, estatu-mailakoak eta autonomikoak, dekretu honek, eta, bereziki, haurrak babesteari eta nazioarteko adopzioko lankidetzari buruz Hagan 1993ko maiatzaren 29an egindako Hitzarmenak, eta Adingabekoaren Babes Juridikoari buruzko Lege Organikoaren 25. artikuluak.

  2. ¿ Adopzioa eskatu dutenak egoitza non, hango foru aldundian Gizarte Zerbitzuen alorreko eskumena duen sailari dagokio adopzioa nola tramitatzen eta kudeatzen den kontrolatu eta jarraitzea.

NAELak honako betekizun hauek bete behar ditu dagokion kreditazioa lortzeko:

  1. ¿ Irabazi-asmorik gabeko eta legez eratutako elkartea edo fundazioa izan behar du, eta dagokion erregistroan inskribaturik egon, jarduteko lurralde-eremuaren arabera.

  2. ¿ Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean egoitza soziala izatea, eta kreditazioa atzerriko zer estaturako eskatzen den, han ere ordezkaritza izatea. Estatu konposatu edo elkartua bada, ordezkari bat baino gehiago izatea onar daiteke.

  3. ¿ Espainiako legedian aurrez ikusten denaren eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta aplika daitezkeen nazioarteko gainontzeko arauetan jasotako printzipioen arabera, jardunaren helburua adingabekoak babestea dela adierazi behar dute estatutuetan.

  1. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak deialdi publikoak egingo ditu, lehiaketa bidez, NAELei kreditazioak emateko egoki iritzitako estatuetarako, honako hauek kontuan hartuta: estatu jakin baterako dagoen eskari-kopurua, estatu bakoitzerako behar diren NAELen kopuruaren muga, eta adingabekoen jatorrizko estatuek ematen dituzten bermeak; betiere, ondoko printzipioak aplikatuta: konkurrentzia edo lehia, publizitatea eta nazioarteko adopzioa arautzen duten oinarrien errespetua.

    Ondorio horretarako, bata bestearen ondorengo deialdiak egin ahal izango dira estatu bakoitzerako, behar diren NAELak kreditatze aldera, aurkeztu diren eskabideak irizpide objektiboen arabera baloratu ondoren.

  2. ¿ Adopzioaren gai izan daitezkeen adingabekoen jatorrizko estatuetakoren batek bere lurraldean esku hartzeko kreditaturiko NAELen kopurua mugatzen badu, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritza lankidetzan arituko da Estatuko Administrazioaren eta autonomia-erkidegoen organoekin, muga horrek ezarritako NAELen gehienezko kopurua errespeta dadin, eta interesa duten gainerako erakundeen eskabideak ezetsi egingo ditu.

  3. ¿ Erakundeek aurkezturiko proiektuak deialdiko oinarriei lotuko zaizkie, eta dekretu honen 6. artikuluak ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak erantsi beharko dira, jatorrizkoak zein kautotuak.

  4. ¿ Deialdi publikoaren oinarriek jasotako irizpide objektiboak erabiliko dira lehiaketa ebazteko balorazioa egiteko. Hala ere, lehiaketa eman gabe utz daiteke, erakunde batek ere ez baditu eskaturiko baldintzak betetzen, gutxieneko eta nahitaezko puntuazioa ateratzen ez badu edo lehiaketa eman gabe uztea egoki eta bidezko egiten duten ustekabeko arrazoiak gertatzen badira.

  5. ¿ Ondoko irizpide objektiboak hartuko dira kontuan erakunde lehiatzaileak baloratzeko:

    1. Erakundearen eta bere kideen esperientzia eta jarduna adingabekoak eta, oro har, haurrak babesten nazio mailan zein nazioartekoan.

    2. Nazioko eta nazioarteko adopzio gaietan esperientzia izatea.

    3. Entitateak bere estatutuetako helburuak lortzeko jardueretan izandako ibilbidea.

    4. Nazioarteko adopzioan bitartekotza-lana egiteko giza- eta gauza-baliabideak.

      Gauza-baliabideei dagokienez, jendeari arreta egiteko bulego iraunkorra izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan.

      Giza-baliabideei dagokienez, diziplina anitzeko lantaldea behar da, behar bezala ordaindua, eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatua. Lantalde horrek, gutxienez, Zuzenbidean lizentziadun batek, Psikologian lizentziadun batek eta Gizarte Lanean diplomaturiko beste batek osaturik egon behar du. Lantaldeko kideek trebeak izan behar dute beraien lanbideetan, eta bi urteko esperientzia izan behar dute, gutxienez, haur, nerabe eta familiekiko ekintza sozialean, baita nazioarteko adopzioari buruzko gaietan ere. Lantaldea osatzen duten pertsonak legez kontratatuko dira, behar bezala ordainduko zaie, eta inolaz ere ez dituzte jasoko bere ordainketak egindako izapide edo kudeaketen arabera bakarrik.

      Gizarte-alorrean esperientzia duen profesionala izango da ordezkaria, eta estatua, hango legedia eta adingabekoak babesteko erakundeak ezagutzen dituela egiaztatu beharko du.

    5. Entitatearen jarduteko proiektua.

    6. Entitatearen planteamendu ekonomikoa, zerbitzuaren kalitatearen eta kostuaren arteko erlazioa ponderatuz.

  6. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak ebazpen baten bidez emango du kreditazioa. Zuzendariak ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izango da, gehienez, eskariak aurkezteko epea bukatu zenetik hasita.

  7. ¿ Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak emandako kreditazioa eraginkorra izango da dekretu honetako lehen xedapen gehigarrian araututako NAELen Erregistroan izena eman ondoren.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoa Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren batzorde aholku-emailea da, eta NAELen kreditazioari buruzko azterketak eta proposamenak egitea du helburu. Bost kidek osatuko dute batzorde hori: Eusko Jaurlaritzaren bi ordezkarik, Gizarte Ongizate zuzendariak izendatuak; beste hirurak, lurralde historikoetako ordezkari, foru aldundi bakoitzean gizarte zerbitzuen arloan eskumena duen sailak izendatuko ditu. Eusko Jaurlaritzaren ordezkarietako batek batzordearen lehendakaritza hartuko du, eta besteak idazkaritza.

  1. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak NAELari atzerriko estatu batean zerbitzuak eskaintzeko eman diezaion kreditazioak ez du eraginkortasunik izango harik eta delako estatu horretan aritzeko baimena jaso arte, erakunde eskudunaren ebazpen formalaren bidez edo egiaztagiri bidez, baimen hori beharrezko baldin bada bitartekotza-lana egiteko adingabekoen jatorrizko estatuan.

  2. ¿ NAELak Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari jakinarazi eta dokumentatu behar dio ebazpen hori. Urtebeteko epea igaro eta entitateak ez badu aipatu baimena lortu, kreditazioa errebokatu egingo da, eta, hala bada, horretarako deitutako lehiaketan bigarren geratu zen entitateari emango zaio.

  3. ¿ Jatorrizko estatuak erakunde kreditatuari baimenik ematen ez dion bitartean estatu horretan aritzeko, entitateak honako hauek egin ahal izango ditu: estatu jakin batean adoptatzeko behar diren baldintza eta betebeharrei buruzko informazioa eman interesatuei, beste informazio erabilgarria eman eta eskarien aurreinskripzioko erregistroa eraman, kontratu-ondoriorik gabe.

  1. ¿ Kreditazioaren iraunaldia deialdiaren oinarrietan jasotzen dena izango da; handik aurrera, besterik gabe luzatutzat joko da, urtebetez urtebete, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak denuntziatzen ez badu edo NAELak luzapenari uko egiten ez badio, epemuga baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.

  2. ¿ Dekretu honetako 11. artikuluan aipatzen den kasua besterik gabeko luzapenik ez izateko arrazoia izango da.

  1. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoari aholkua eskatu ondoren, kreditazioa aldi baterako nahiz behin betiko indarrik gabe utz dezake, arrazoitutako ebazpenaren bidez, baldin eta NAELak eskatu zaizkion betebeharrak eta baldintzak betetzeari uzten badio; edo adopzioari buruzko arauren bat, nahiz kreditaziorako deialdiaren oinarriek eta haren ondoriozko ebazpenak jasotako baldintza eta zehaztapenak betetzen ez baditu; ez betetzea larria bada edo garrantzizko kalteak sorrarazi baditu; edo urtebetean nazioarteko adopzioari buruzko espediente bat bera ere tramitatzen ez badu.

  2. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko zuzendariak, Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoari aholkua eskatu ondoren, NAEL bati espediente berriak ematea aldi baterako etetea erabaki dezake, arrazoitutako ebazpenaren bidez, bitartekotza-erakundeen jardunari eragiten dioten lege-aldaketak gertatzen direnean, estatu jakin batean ematen diren izendapenen eta izapidetzen ari diren espedienteen kopuruaren artean alde handia dagoela egiaztatzen denean edo hala ikus daitekeenean aurrez, edo beste edozein gorabehera larrik horretarako bidea ematen duenean. NAELak berak ere eska dezake etenaldi hori.

  3. ¿ NAEL bati berari egozteko moduko arrazoiengatik kreditazioa baliogabetu bazaio, oinarrietan ezartzen diren zehapenak aplikatuko dira, eta NAELak dagokion likidazio egin beharko du, bere jarduera amaitu arte adoptatzaileengandik jaso dituen zenbatekoak kontuan hartuta, eta soberakina itzuliko die, hala bada. Era berean, NAELak foru aldundietako Gizarte Zerbitzuen alorreko sail eskumendunari eman beharko dizkio bukatutako espediente guztiak, baita jatorrizko estatura bidali gabe daudenak ere, jatorrizko estatuan izapidetzen ari direnekin batera.

  4. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari dagokio ebaztea, interesdunei entzun ondoren, ea dekretu honen arabera kreditaturiko beste NAEL batek, eskatzaileek hautatu duten estatu bererako baimenarekin, espedienteei jarraipena emango dien. Ezin bada halakorik, 12.1.b artikuluak xedatuari begiratuko zaio, edo bestela, 4.2 artikuluak ezarritakoari.

  1. ¿ Salbuespen gisa, Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, bere kabuz hasitako prozedura baten bidez, lehiaketarik gabeko kreditazioak eman ditzake, ondorengoetakoren bat gertatuz gero, betiere:

    1. Lehiaketa eman gabe utzi izana.

    2. Presa edo premia larria, adingabekoen babesik eza eta adopzioaren bideragarritasuna direla-eta.

    3. Zailtasun bereziak dituzten adingabekoen adopzioa sustatzeko jarduketa berezia edo beste arrazoi berezi batzuk direla-eta, bitartekotza horretaz arduratu daitekeen erakunde bakarra egotea.

  2. ¿ Aurreko paragrafoko a) idatz-zatian aurrez ikusitakoa gertatuz gero, eman gabe utzitako lehiaketan parte hartu duten erakundeak ezin izango dira sistema honen bidez kreditatu.

  3. ¿ Sistema honen bidez emandako kreditazioek, behin-behinekoak izanik, urtebete iraungo dute, gehienez ere. Urtebete horretan, hala ere, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak kreditazioa indarrik gabe utz dezake, baldin eta kreditazio hori emateko kontuan hartu ziren ohiz kanpoko gorabeherak desagertu direla uste badu.

NAELak honako betebehar hauek bete beharko ditu Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak kreditazioa ematen dionean:

  1. ¿ Adingabekoak babesteari eta adopzioari buruzko legedia zehatz-mehatz ezagutu eta bete behar du, bai Estatukoa, bai Autonomia Erkidegokoa, bai eta kreditatua izan deneko atzerriko estatuan indarrean dagoena ere.

  2. ¿ Zer jarduera eta zereginetarako kreditatu den, bada horiek indarreko legediaren arabera egin beharko ditu, eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak emandako plegu edo oinarri, jarraibide eta argibideei men eginez.

  3. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren kontrol-jarduerak erraztuko ditu.

  4. ¿ Haurraren adopzioagatik ordain-saririk ez duela jasoko ziurtatu behar du.

  5. ¿ Edozein irregulartasun, gehiegikeria nahiz bidegabeko irabaziren berri baldin badu, agintari eta entitate eskudunei jakinarazi beharko die, eta, hala bada, salatu. Beste estatu batean bizi diren haurren adopzio-prozesuan nahitaez egin beharreko gastuen ordainean jasotakoaz bestelako finantza-mozkina hartuko da bidegabeko irabazitzat.

  6. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari eta foru aldundi bakoitzean Gizarte Zerbitzuen arloan aginpidea duen sailari informazioa eta dokumentazioa eman beharko die, oinarriek ezarritakoei buruz eta oinarriek eskatutako maiztasunarekin; orobat, kreditatua izan denerako jardunarekin zerikusia duen informazioa eman beharko dio Zuzendaritzari, honek hala eska diezaionean.

  7. ¿ Lan egiteko irizpideak bateratzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Nazioarteko Adopziorako Batzorde Teknikoko kideekin bilduko da aldizka.

  8. ¿ Kreditazio-eskabidean adierazitako datu garrantzitsuenen edozein aldaketaren berri eman beharko dio Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari, honek, hala badagokio, delako aldaketa baimen dezan.

  9. ¿ Foru aldundi bakoitzean Gizarte Zerbitzuen arloan aginpidea duen sailari amaitutako adopzio-espedienteak emango dizkio, hiru hilabeteko epean gehienez ere.

  10. ¿ Deialdiaren oinarriek beren-beregi ezarritako beste edozein betebehar.

NAEL baten gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek eta NAELean zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsonek, atzerriko estatuan dagoen ordezkaria barne, honako jardute-araubideari begiratu beharko diote:

  1. ¿ Ezin dute txandakatu edo aldizkatu euren jarduna eta sektore publikoko beste jardun bat, baldin eta erakundearen jardunak hartzen dituen gaiekin zerikusia badu. Hori guztia, herri-administrazioetako langileei ezar dakiekeen bateraezintasun-araubidearen kaltetan gabe.

  2. ¿ NAELaren langileek eta gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek ezin izango dute erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuez baliatu.

  3. ¿ NAELaren ordezkariak ezin izango du estatu batean baino gehiagotan aritu.

  4. ¿ NAELaren langileek eta gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek ezin izango dute entitatearen bitartekotza-lanetan aritu ondorengoetakoren bat gertatzen baldin bada:

    1. Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo gai horretako ebazpenak eragin diezaiokeen beste batean.

    2. Auziren bat izatea interesdunen batekin.

    3. Laugarren maila arteko odol-ahaidetasuna edo bigarren maila arteko ezkontza-ahaidetasuna izatea interesdunetako edozeinekin, edo prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin, edo horien bulego berekoa izatea edo horiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzan.

    4. Aurreko idatz-zatian aipaturiko lagunetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

    5. Gaian zerikusi zuzena duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo pertsona horri azken bi urteetan edozein era, baldintza eta tokitan lan-zerbitzuak eskaini izatea.

      Salbuespen gisa, NAELetako gobernu- eta ordezkaritza-organoetako kideek Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren baimena jaso dezakete ordaindutako eginkizun teknikoak burutzeko NAELen, bitartekotzarekin zerikusia badute; nolanahi ere, haurrak babesteari eta nazioarteko adopzioko lankidetzari buruz Hagan 1993ko maiatzaren 29an egindako Hitzarmenaren 32. artikuluak xedatuari begiratuko zaio.

  1. Nazioarteko adopzio-espedientearen izapideei ekin baino lehen, honako hau eskuratu beharko du NAELak dagokion foru aldundian Gizarte Zerbitzuetako aginpidea duen sailetik: eskatzaileei buruzko egokitasun-ziurtagiria eta txosten psiko-soziala.

  2. ¿ NAELa zein estaturako edo estatuetarako kreditatu eta baimendu den, estatu horretako edo horietako haurrei buruzko adopzio-eskariak izapidetu beharko ditu.

  3. ¿ NAELak ez du nazioarteko adopziorako eskabiderik onartuko, eskatzaileak NAEL horretan, besteren batean nahiz zuzenean foru aldundi bakoitzeko gizarte zerbitzuetako sail eskudunean nazioarteko adopziorako beste eskabideren bat eginda badauka. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, arrazoitutako ebazpen baten bidez, NAEL bati aldi batez espediente gehiago ez ematea erabaki dezake, baldin eta honako hau egiaztatzen badu: alde handia dagoela edo egon daitekeela estatu jakin bat edo batzuetatik lortutako izendapen-kopuruaren eta estatu horretarako izapidetzen ari diren espediente-kopuruaren artean.

  4. ¿ NAELak ezin izango du espediente bera aldi berean izapidetu estatu bat baino gehiagotan. Eskabide baten izapideak hasiz gero, adopzio-prozesua amaitu edo ezeztatu egin beharko da, estatu berean nahiz beste batean izapide berriak egiten hasi aurretik.

  5. ¿ Artikulu honetako 3. eta 4. paragrafoek xedaturikoa gorabehera, behin espedientea adingabekoen jatorrizko estatuan sartu ondoren, adopzio prozedurak guztiz geldituko balira, eta geldialdi hori noiz arte luzatuko den jakiterik ez balego, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, salbuespen gisa, baimena eman diezaieke egoera hori pairatzen dutenei, hala eskatzen badute behintzat, bigarren espediente bat izapidetu dezaten beste estatu batean. Irizpide berari jarraituko zaio, baldin eta espedientea jatorrizko estatuan sartu zela egiaztatu denetik hiru urte baino gehiago igaro badira, eta entitate publiko eskumendunak ezagutzen duen izendapen-proposamenik eman ez bada.

    Eskabide horrek, dena den, hiru baldintza izango ditu izapidetzerakoan:

    1. Bi eskabideetako bat ezeztaturik geratuko da, besterik gabe, beste estatuak haur baten lehen aurre-izendapena egin bezain laster.

    2. Bigarren eskaria egin zaion estatuko organismo eskumendunak espedientearen berezitasunaren berri izan behar du.

    3. Inongo aurre-izendapenik gertatu ez delarik, adingabekoa adoptatzeko eskaria egin zitzaion lehen estatuan zegoen salbuespenezko egoera hori amaitu bada, eskatzaileek nahitaez aukeratu beharko dute irekitako espedienteetako bat, eta besteari uko egin.

  6. ¿ Atzerrian eratutako adopzioak familia biologikoarekiko lotura juridikoak hausten ez baditu, ondorengo arauak hartuko dira kontuan: haurrak babesteari eta nazioarteko adopzioko lankidetzari buruz Hagan 1993ko maiatzaren 29an egindako Hitzarmenaren 27. artikulua, eta Kode Zibileko 9.5 artikuluaren 5. paragrafoa.

Adopzioa egin baino lehen, NAELak honako eginkizun hauek bete behar ditu:

  1. ¿ Informazioa eta aholkuak eskaini behar ditu, adopzioak estatu bakoitzean dituen berezitasunei buruz, eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerta daitezkeen ondorio juridikoen gainean.

  2. ¿ Euskal Autonomia Erkidegoan nazioarteko adopziorako izapideak egiteko jaso daitezen eskabideen erregistro bat eramango du, lehiaketaren oinarrietan ezarritako moduan.

  3. ¿ Nazioarteko adopzioari buruzko espedientea beteko du. Horretarako, beharrezko agiriak eskatu, eta, hala badagokio, itzuli, eta beroiek legezkotzeko nahiz kautotzeko egin behar diren gestioak egingo ditu.

  4. ¿ Pertsona eskatzaileentzako prestakuntza, heziketa eta laguntza ekintzak garatuko ditu adopzio-prozesuan zehar.

  5. ¿ Espedientea osatzen duten agiri guztiak bidali behar dizkio haurraren jatorrizko estatuan duen ordezkariari.

  6. ¿ Espedientearen tramitazioan gertaturiko gorabehera guztien berri, eta betiere, espedientearen egoeraren berri eman behar diete eskatzaileak bizi diren lurralde historikoko foru aldundian Gizarte Zerbitzuen alorrean eskumena duen sailari, eta baita eskatzaileei beraiei ere.

NAELak haurraren jatorrizko estatuan bete beharreko eginkizunak edo jardunak honako hauek dira:

  1. ¿ Adopzio-espedientea osatzen duten agiriak bidaliko dizkio, bere ordezkariaren bitartez, estatu horretako agintaritza publiko aginpidedunari nahiz bertako agintariek propio gaitutako NAELari.

  2. ¿ Adopzio-prozedura ikuskatu eta aktibatuko du, adopzio-arloko erakunde publiko eskudunekin (administratiboekin eta judizialekin) jorratu beharreko harremanei eutsiz.

  3. ¿ Hilean behin gutxienez, espedientearen izapideak zertan diren jakinaraziko die dagokion foru aldundiari eta pertsona eskatzaileei.

  4. ¿ Adingabekoaren aurre-izendapenari buruzko agiria jasoko du haurraren jatorrizko estatuko organismo ofizialarengandik.

  5. ¿ Adingabekoari buruzko beharrezko informazioa jasoko du, aurre-izendapena dagokion foru aldundian Gizarte Zerbitzuen gaineko eskumena duen sailaren baimenaren pean eta eskatzaileen onarpenaren pean jartzeko.

  6. ¿ Aurre-izendapen horren berri emango dio dagokion foru aldundian gizarte zerbitzuen gaineko eskumena duen sailari, honek bere oniritzia edo desadostasuna arrazoiturik eman dezan. Ebazpen horrek erabakiko du prozesuak aurrera egingo duen ala ez.

  7. ¿ Halaber, aurre-izendapena eta foru aldundiko gizarte zerbitzuetako sail eskudunaren erabakia jakinaraziko die interesaturik dauden pertsonei eta haurrari buruz jaso dituen datu guztiak emango, delako haurra adoptatu nahi duten ala ez jakiteko.

  8. ¿ Aurre-izendapena onartzeko edo ukatzeko agiria eta, hala badagokio, eskatzaileen onarpen- edo ukatze-agiria aurkeztuko ditu, haurraren jatorrizko estatuan aurre-izendapena eman zion erakunde ofizialean duen ordezkariaren bitartez.

  9. ¿ Hala behar izanez gero, egin beharreko gestioak burutuko ditu interesaturik daudenek ahalordeak emateko abokatuei eta prokuradoreei edo gaitutako beste profesional batzuei, haurraren jatorrizko estatuko organo judizial eskudunen aurrean aritu daitezen.

  10. ¿ Jatorrizko estatuko organismo eskumendunak eska ditzakeen dokumentuak edo aurkezturiko dokumentuen eguneratzeak osatu eta aurkeztuko ditu ordezkariaren bidez, behar bezala legeztaturik eta kautoturik.

  11. ¿ Haurrak Espainian sartzeko eta bizitzeko betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu behar du, bai eta atzerriko erabakiari eraginkortasuna aitortzeko behar diren agiri guztiak eskura dituela ere.

  12. ¿ Adopzioaren azken izapideak egiteko, haurraren jatorrizko estatura noiz joan daitezkeen esango die interesaturik dauden pertsonei.

  13. ¿ Jatorrizko estatuko agintaritza zentral eskudunak adopzioa Hagako Hitzarmenarekin bat datorrela egiaztatzeko agiria eman duela ziurtatuko du, delako estatuak hitzarmen hori berretsi duenean, behintzat.

  14. ¿ Interesaturik dauden pertsonei izapide judizialetan eta legezkotze-lanak egiten lagunduko die, bai eta haurraren jatorrizko estatuko espainiar kontsuletxeetan egin beharreko gestioak egiten ere.

Jatorrizko estatuko izapideak amaitu ondoren, adingabekoa iristen denean, NAELak:

  1. ¿ Eskatzaileak bizi direneko lurralde historikoko foru aldundian Gizarte Zerbitzuen gaineko eskuduntza duen sailari adopzioa edo, hala egokituz gero, adopzioa egiteko asmoz legezko tutela gauzatu dela frogatzen duen ebazpenaren kopia konpultsatua aurkeztuko dio.

  2. ¿ Adingabekoa Euskal Autonomia Erkidegora iritsi dela jakinaraziko du ofizialki.

  3. ¿ Adoptatzaileek adopzioa Erregistro Zibil Nagusian inskribatzen dutela begiratuko du, baldin eta haurra bere jatorrizko estatutik irten baino lehen espainiar kontsuletxean inskripzio hori egin ez badute.

  4. ¿ Dagokion foru aldundiko Gizarte Zerbitzuetako sail eskudunari eta haurraren jatorrizko estatuko erakunde eskudunari adopzioari buruzko ebazpena Erregistro Zibil Nagusian nahiz Kontsuletxean inskribaturik dagoela jakinaraziko die. Foru aldundiari erregistroko inskripzioaren kopia bat bidaliko dio.

  5. ¿ Adopzio ez osoa edo adopzioa egiteko asmoz legezko tutela eratu bada, beharrezko laguntza emango du adopzioa judizialki eratzeko proposamenerako.

  6. ¿ Adingabearen jatorriko estatuak hala eskatzen badu eta hark esaten duen bezain maiz, jarraipen txostenak egingo ditu adingabekoa familia berriari nola egokitzen ari zaion ikusteko. Foru aldundi bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako sail eskudunak, dena den, txostenari oniritzia eman beharko dio, haurraren jatorrizko estatuko organo eskudunari bidali baino lehen.

    Jarraipenari dagokionez, txostenak egiteaz gain, adingabekoari eta adoptatzaileei laguntza emango die, hala behar badute, zuzenean edo dagozkion zerbitzuetara igorrita, eta foru aldundi bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako sail eskudunari emango dio horren berri.

  7. ¿ Adingabekoaren jatorriko estatuko organo eskudunari igorriko dizkio jarraipen txostenak, dagokion aldundian gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen departamentuak ikus-onetsiak.

  8. ¿ Hilero jakinaraziko die Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari eta foru aldundi bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako sail eskudunari zein haur adoptatu edo adoptatzea helburu tutelatu iritsi diren aldi horretan, horien espedienteen izapideak egiten esku hartu baldin badu.

  1. ¿ NAELak laguntza eta esku hartze bila joaten zaizkion eskatzaileek emandako ordain ekonomikoa jaso dezake, bitartekotza-zerbitzuak emateagatiko prezio gisa (Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak onartuko du ordain hori kreditazio ebazpenean), adopzio-eskabideen izapideak egiten sortutako gastuei eta erakundeari berari eusteko egin beharreko gastu orokorrei aurre egiteko. Horra gastuok:

    1. Adopzio-espedientea Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainian izapidetzearen ondoriozko zuzeneko gastuak, hala nola, agiriak lortzeko, itzultzeko eta kautotzeko egiten dituen gastuak eta antzeko gestioetan sortutakoak.

    2. Adopzio-espedientea jatorrizko estatuan izapidetzearen ondoriozko zuzeneko gastuak, hala nola, agiriak lortzeko, itzultzeko eta kautotzeko egiten dituen gastuak eta antzeko gestioetan sortutakoak; hala bada, abokatuaren eta prokuradorearen esku hartzearen ondoriozkoak, eta ordezkariaren kudeaketa espezifikoenak.

    3. NAELaren azpiegiturari eta langileei eusteko gastuak, kudeaketa-gastuen barruan daudenak.

    4. Adingabekoaren mantenu-gastuak, aurre-izendapena onartzen den unetik, jatorrizko estaturen bateko legediak edo adingabekoen zentroen funtzionamenduak hala eskatzen duenean.

    5. NAELak bere funtzionamenduaren ondoriozko edozein erantzukizun zibil bermatzeko erantzukizun zibileko asegurua hartzearen ondoriozko gastu proportzionalak.

  2. ¿ Artikulu honetan 1. paragrafoko a, b eta d idatz-zatietan agertzen diren gastuak agiri bidez egiaztatu beharko dira, dagozkien ordain-agiri eta fakturekin. Eskatzaileek kontzeptu horiek direla-eta NAELari ematen dizkioten zenbatekoak funtsen hornikuntzatzat hartuko dira, eta prozesua amaitu ondoren edo kontratu-harremana deuseztatu ondoren justifikatu beharko dira.

  3. ¿ Artikulu honetako 1.c idatz-zatiari dagozkion gastuei aurre egiteko, NAELak prezio bat jasoko du, hau da, kreditazioak emateko deitutako lehiaketa publikoaren ondoriozkoa, edo bestela, helburu horretarako Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak onartzen duena, 12. artikuluak aurrez ikusitako gorabeherarik gertatuz gero.

  4. ¿ Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak urtero berrikus dezake prezioa EUSTAT- Eusko Jaurlaritzaren Estatistika Erakundeak argitaraturiko kontsumo-prezioen indizearekin bat. Salbuespenezko gorabeherarik gertatuz gero ere berrikus daiteke prezio hori, NAELaren bideragarritasun ekonomikoak eta izapidetzen dituen espedienteen kopuruak horretarako bide ematen badute.

  5. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak onar ditzakeen prezio-aldaketek inolaz ere ezingo dute erakundearen eta bere zerbitzuen erabiltzaileen arteko itunen alde bakarreko berrikuspenik ekarri.

  6. ¿ Ordain gisa ateratzen diren sarrera guztiek eta dirulaguntzen, dohaintzen eta bestelako iturrietatik etor litezkeenek, bitartekotza-lana helburu dutenek, ezin izango dute azterketa ekonomikoaren bidez justifikaturiko kostu eta gastuak gainditu.

NAELaren jardunaren ondorioz atera daitekeen sarrera-soberakina honetan erabili beharko da, hainbanatuta: jatorrizko estatuetako adingabekoak zaintzeko programetan, eta baliabide gutxiago dituzten eskatzaileen nazioarteko adopziorako espedienteak izapidetzeko kostuak gutxitzen, adingabeko bat atzerrian adoptatzeak dakartzan gastu guztiei aurre egin ahal izateko.

NAELak, bere kudeaketa guztirako, kontu korronte bakarra eta banandua izango du Espainian eta, behar izanez gero, beste bakar bat atzerriko estatuan.

Nolanahi ere, NAELen kontabilitatea Kontabilitate-Plan Orokorrari, berau garatzen duten xedapenei eta Autonomia Erkidegoak presta ditzan arauei lotuko zaie. NAELak bestelako jarduerarik egiten badu, kontabilitatea jarduerako banatu beharko du.

  1. ¿ Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzak kontrolatu eta ikuskatuko dizkio NAELari haurren adopzioetan duen kreditazioaren arabera egindako bitartekotza-jardunak.

  2. ¿ NAEL bera beste autonomia-erkidego batean edo batzuetan ere kreditatua izan bada, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzak autonomia-erkidego horietako erakunde eskudunekiko koordinaziorako bidea finkatuko du, lehen adierazitako kontrola taxuz egin ahal izateko.

  3. ¿ NAELek ematen dituzten bitartekotza-zerbitzuaren balorazio objektiboa eta jarraitua lortze aldera, Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzak kalitatea kontrolatzeko sistema bat ezarriko du, eta galdetegiak erabiliko ditu, beste ikerketa-teknika batzuen artean, emandako zerbitzuaren gogobetetze maila baloratzeko. Zerbitzuaren erabiltzaileek bete beharko dituzte galdetegiok, adopzio-prozesua amaitu ondoren.

Lehena.¿ NAELen Erregistroa.

NAELen Erregistroa sortu da, eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizate Zuzendaritzarekiko mendekotasun organikoa izango du. Bi atal izango ditu. Lehenengo atalean datu hauek sartuko dira, gutxienez: erakundearen identifikazio datuak, helbide soziala, gobernu- eta ordezkaritza-organoen osaera, talde teknikoa eta horien guztien aldaketak, kreditazio-data, eta, hala bada, horren luzapenena, jatorrizko estatuan baimena eman duen organismoa eta baimenaren data, kreditazioa ondoriorik gabe uzteko ebazpenaren data, eta luzapenari uko egin izanaren data; atal honetako inskripzioek izaera eratzailea dute. Bigarren atalean, berriz, nazioarteko adopziorako bitartekotza-zerbitzuaren erabiltzaileek NAELek emandako zerbitzua dela-eta agertutako kexu eta erreklamazioak jasoko dira, eta ondokoak bildu beharko dira, gutxienez: erreklamazioa noiz aurkeztu zen eta erregistroan noiz sartu zen, eragindako alderdien erreklamazioa, erreklamazio bakoitzaren arrazoiaren adierazpen laburra, eta Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren ikuskapenaren edo bitartekotzaren ondorioa.

Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeko 9.2 artikulua ezarritakoaren ondorioetarako, zuzeneko ekintzatzat jotzen dira dekretu honetako 2,3,7.6,9.2,10,11,12.1,12.3,13,15.3,15.5,18.8,19.4,23 eta lehen xedapen gehigarrian Eusko Jaurlaritzaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari ematen zaizkion exekuzio-eskumenak.

Lehena.¿ NAELen gaikuntza arautu duen abenduaren 24ko 302/1996 Dekretua aplikatuta emandako gaikuntzaren indarraldia luzatu egiten da, baina Dekretu honetako 7. artikuluan aurrez ikusitako deialdi publikoak ebatzi arte bakar-bakarrik, zeren eta adingabekoen nazioarteko adopzioan bitartekotza-lana egin ahal izateko lehiaketa horietan parte hartu behar baita.

NAELen Erregistroaren izaera eratzailea NAELen Erregistroaren antolamendu eta funtzionamendu-erregelamenduaren onarpenaren mende geratzen da.

NAELen gaikuntza arautu duen abenduaren 24ko 302/1996 Dekretua indargabeturik geratzen da.

Dekretu honetan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi gabeko alderdiei Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko zaie.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari dekretu hau garatzeko eta betearazteko hartu beharreko xedapenak hartzeko ahalmena eman zaio.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko urriaren 28an.

Jaurlaritzaren lehendakariordea,

IDOIA ZENARRUZABEITIA BELDARRAIN.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (10)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.