Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

27/2002 DEKRETUA, urtarrilaren 29koa, Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta egitekoak ezartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 28
  • Hurrenkera-zk.: 874
  • Xedapen-zk.: 27
  • Xedapen-data: 2002/01/29
  • Argitaratze-data: 2002/02/08

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuak –irailaren 17ko 19/2001 Dekretuaren bitartez aldatutakoak– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren arabera, honako egiteko eta jardun arlo hauek ditu Lehendakaritzak:

  1. Jaurlaritzaren bozeramailetza

  2. Gizarte eta erakunde harremanak

  3. Analisi eta komunikazioa

  4. Emakumea

  5. Kanpo Harremanak

    Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren antolamenduaren eta egitekoen esparru berria ezartzeko, hiru idazkaritza nagusitan egituratzen du Jaurlaritzaren Lehendakaritza dekretu honek: Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia, Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia.

    Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren jardun arloa Lehendakaritza osorako zerbitzuak koordinatzea, zuzentzea eta kudeatzea da; eta bereziki, analisi arloa eta gizarte eta erakunde harremanen arloa.

    Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiaren jardun arloa Eusko Jaurlaritzaren informazio eta komunikazio politika ezartzea, diseinatzea eta zuzentzea da; baita ere, Jaurlaritzaren bozeramailetzaz arduratzea.

    Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren jardun arloa Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanak planifikatzea, bultzatzea eta koordinatzea da.

    Emakumearen jardun arloa Emakumearen Euskal Erakundea izeneko erakunde autonomoaren ardura da.

    Ondorioz, eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 8 c) artikuluak eta uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 4. artikuluak egozten dizkidaten eskumenen arabera eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko urtarrilaren 29ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Jaurlaritzaren bozeramailetza, gizarte eta erakunde harremanak, analisi eta komunikazioa, emakumea eta kanpo harremanak dira Lehendakaritzaren jardun arloak, horrela finkatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko saila sortu, ezabatu eta aldatu eta sail horien egitekoak eta jardun arloak finkatzeari buruzko uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuaren 4. artikuluan. Irailaren 17ko 19/2001 Dekretuaren bitartez aldatu zen dekretu hori.

Aurreko artikuluan adierazitako alorrei buruzko egitekoez baliatzeko, honako organo hauetan egituratzen da Lehendakaritza:

  1. – Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia

    1. Zerbitzu Zuzendaritza

    2. Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritza

    3. Ekonomia Gaietarako Zuzendaritza

    4. Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Zuzendaritza

  2. – Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia

    1. Prentsa eta Komunikazio Zuzendaritza

  3. – Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia:

    1. Kanpo Harremanenetarako Zuzendaritza

    2. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza

    3. Europako Gaietarako Zuzendaritza

    4. Euskadiren Ordezkaritza Bruselan

      Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren titularra, Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiarena eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarena goi karguduntzat joko dira eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, sailburuordeen maila izango dute.

Lehendakariak, kanpo harremanetarako alorrean dagozkion egitekoak burutzeko, Kanpo Harremanetarako ordezkari baten laguntza izango du. Ordezkari hori behin-behinekoa izango da eta, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean xedatutakoaren ondorioetarako, sailburuordeen maila izango du.

Emakumearen Euskal Erakundea (EMAKUNDE) administrazio erakunde autonomoa Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikita dago Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legean ezarritakoaren arabera.

  1. – Honako batzorde hauek atxikitzen zaizkio Jaurlaritzaren Lehendakaritzari:

    • Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordea (apirilaren 18ko 151/1989 Dekretua eta apirilaren 30eko 287/1991 Dekretua).

    • Kanpo Harremanetarako Sailarteko Batzordea (otsailaren 2ko 13/1993 Dekretua eta uztailaren 2ko 162/1996 Dekretua).

  2. – Honako hauek ere Lehendakaritzari atxikitzen zaizkio:

    • Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea (apirilaren 11ko 235/1995 Dekretua).

    • Euskal Etxeen Errolda (uztailaren 28ko 318/1994 Dekretua eta maiatzaren 14ko 106/1996 Dekretua).

  1. – Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusia lehendakariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, eta egiteko hauek izango ditu:

    1. Lehenengo artikuluan ezarritakoaren arabera Lehendakaritzari dagozkion jardun arloak koordinatu, bultzatu eta gainbegiratu eta Lehendakaritza osorako diren zerbitzuen kudeaketa zuzendu.

    2. Jaurlaritzaren sailekiko eta Lehendakaritzarekin zerikusirik duten erakundeekiko komunikazioa sortzeko organo lez jardun; eta hori, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legean ezarritakoaren arabera, Jaurlaritzako kideek Lehendakaritzarekin duten zuzeneko harremanari eta dekretu honek Komunikaziorako Idazkaritza Nagusiari eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari egozten dizkien harremanei kalterik eragin gabe.

    3. Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena eskatu, Lehendakaritzako gaiek irizpen hori behar dutenean.

    4. Bere zereginetarako lehendakariak behar dituen argibide politiko eta teknikoak eskaini. Horrek ez du sailburuen egitekoak gutxitzea ekarriko.

    5. Jaurlaritzaren jarduna zuzendu eta koordinatzeko laguntza eman lehendakariari. Horretaz gain aholkularitza ere eskainiko dio eskatzen dionean.

    6. Irizpide nagusiak ezarri, lehendakariak gizarte eragileekin, herritarren eta erakundeekin dituen harremanen Plana egiteko.

    7. Sektoreetako ekintza planei eta ekimenei buruzko informazio prozedura egokiak ezarri eta mantendu, lehendakariari gobernu lana koordinatzen laguntzeko.

    8. Erakundeetan parte hartu behar duenean lehendakariari lagungarri izan dakiokeena eskatu Jaurlaritzako sailei.

    9. Xedapen orokorrei eta akordioei buruzko proiektuak gertatu eta horien proposamenak egin lehendakariari. Lehendakaritzaren egitekoen eta jardun arloen esparruan sartzen diren zirkularrak, jarraibideak eta egintzak eman. Hala ere, izaera orokorreko arau baten bitartez zeregin hau beste organo bati eman dakioke. Lehendakaritzako dirulaguntzen deialdia ere egin beharko du.

    10. Administrazio Orokorrean indarrean dagoen araubideak sailen kontratazio organoari emandako ahalmenez baliatu, kontratazio alorrean Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren titularrari dagozkion ahalmenei kalterik eragin gabe.

    11. Lehendakaritzaren eskumenekoak diren espedienteak tramitatzeko gastuetarako baimenak eman –zenbatekoaren arabera Jaurlaritzaren Kontseiluari dagozkion gastu baimenei kalterik eragin gabe– eta aurrekontu gaietan sailburuenak diren ahalmenak erabili luze-zabalean; baita aurrekontu aldaketak egin ere.

    12. Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. artikuluak sail bakoitzari egozten dizkion eskumenak erabili eta Lehendakaritzako aldi bateko langileak izendatu.

    1. Indarrean dagoen antolamendu juridikoak Lehendakaritzari egozten dizkion gainerako egiteko guztiak, baldin eta beste organo bati egotzitakoak ez badira.

  2. – Lehendakaritzaren Idazkaritza Nagusiaren titularrak emandako ebazpenek administrazio bidea agortuko dute.

Honako egiteko hauek dagozkio Zerbitzu Zuzendaritzari:

  1. Lehendakaritzaren aurrekontuari buruzko aurreproiektua gertatu, horren jarraipena egin eta Lehendakaritzaren kudeaketa ekonomiko-administratiboa gauzatu.

  2. Jaurlaritzaren Lehendakaritzari atxikitako langileak administratu eta kudeatu. Zerbitzu Zuzendaritza da zigorbide espedienteak izapidetzeko eskumena duen administrazio organoa.

  3. Langileak behar diren aztertu eta Lehendakaritzako lanpostu zerrendaren proposamena gertatu.

  4. Gizarte ekintzarako eta langileak prestatzeko eta trebatzeko planak eta programak gertatu, gai horretan HAEEk bereganatuta dituen aginpideei kalterik eragin gabe.

  5. Barne antolaketarako metodoak eta informazio sistemak proposatu, lan sistemak arrazionalizatu eta hobetzeko.

  6. Jaurlaritzaren Lehendakaritzako bulegoen barne erregimenaz eta horien administrazioaz arduratu; baita ondarearen eta hornigaien iraupenaz ere.

  7. Laneko Segurtasunerako eta Osasunerako unitateen jarduna zuzendu eta antolatu, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta bere erakunde autonomoen Administrazio Orokorreko Prebentzioko Zerbitzuaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko maiatzaren 16ko 78/2000 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

  8. Lehendakaritzan Administrazioa Aldatzeko eta Eguneratzeko organo eskudunak ezartzen dituen ekimenak eta arauak garatzeko eta betetzeko behar diren oinarriak bermatu.

  9. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion guztiak.

Honako egiteko hauek dagozkio Azterlan eta Lege Araubide Zuzendaritzari:

  1. Jaurlaritzaren jardunari buruzko txostenak egin aldiro.

  2. Jaurlaritzaren Kontseiluan eta, hala badagokio, Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordean aztertu behar diren gaiak prestatu eta koordinatu.

  3. Legebiltzarreko agerraldiak lantzen lagundu Lehendakaritzako organoei. Lehendakaritzak Arartekoarekin nahiz beste erakunde publiko batzuekin dituen harremanak koordinatu eta bideratu, horretarako aginpidea duten organoen bitartez.

  4. Lehendakaritzaren xedapen, hitzarmen eta akordioen proiektuak egin eta horietaz informatu eta Lehendakaritzaren organoei aholku juridikoak eman.

  5. Lehendakaritzari interesa dakizkiokeen lege, jurisprudentzia eta doktrinei jarraipena egin.

  6. Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiaren liburu eta agiriak antolatu eta kudeatu.

  7. Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen bitartez, azterlanak, txostenak eta ekintzak burutu, Jaurlaritzako Lehendakaritzak gizartearen egoera eta egoera horren bilakaera ezagut ditzan.

  8. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion guztiak.

Honako hauek dagozkio Ekonomia Gaietarako Zuzendaritzari:

  1. Gizarte edo ekonomiari buruz sail edota erakunde arteko planak eta programak egin eta koordinatu; beti ere, plan eta programa horiek zuzentzea eta horien jarraipena egitea Lehendakaritzari badagokio.

  2. Behar beste azterlan eta txosten egin, lehendakariaren arreta behar duten arazo eta eskaera sozio ekonomikoak ezagut ditzan Lehendakaritzak.

  3. Ekonomiaren epe ertain eta luzeko bilakaerari buruzko orientabideak eman lehendakariari, nazioartean eta Euskadin antzemandako joerak kontuan hartuta.

  4. Ekonomia eta gizarte eragileekin informazio prozedura egokiak ezarri eta horiei eutsi euskal ekonomiaren bilakaera ezagutzeko.

  5. Lehendakariari behar besteko aholkuak eman, jarduera planen eta sektore ekimenei jarraipena egin diezaion eta planok eta ekimenok gida ditzan lehendakariak.

  6. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion guztiak.

Honako egiteko hauek ditu Gizarte eta Erakunde Harremanetarako Zuzendaritzak:

  1. Lehendakariak gizarte eragile, herritar eta erakundeekin dituen harremanen plana gauzatu eta ebaluatu.

  2. Lehendakariak ekitaldi ofizialetan parte hartzen duenean, ekitaldi horiek egoki antolatu eta burutu.

  3. Lehendakaritzaren harreman publikoetarako behar diren ekintzak burutu.

  4. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuz, lehendakariak kanpora egin behar dituen bidaietarako laguntza logistikoa eman.

  5. Lehendakaritzari eta Jaurlaritzako goi kargudunei protokoloaren araubidea ezarri.

  6. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion guztiak.

Komunikaziorako Idazkaritza Nagusia lehendakariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean, eta egiteko hauek izango ditu:

  1. Eusko Jaurlaritzaren informazio eta komunikazio politika ezarri, zehaztu eta zuzendu.

  2. Eusko Jaurlaritzaren komunikatuak egin eta, hala balegokio, gainbegiratu.

  3. Bide egokiak ziurtatu Eusko Jaurlaritzaren ekintzen berri emateko, baita lehendakariaren eta Jaurlaritzaren bozeramailearen ekintzen berri emateko ere.

  4. Irizpideak eta baliabideak ezarri, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren sailen eta erakunde autonomoen prentsa zerbitzuen koordinazioa bermatzeko.

  5. Nazioarteko komunikabideekiko harremanak zuzendu eta koordinatu.

  6. Irizpideak eta baliabideak ezarri, erakundearteko ekintzen berri ematearen koordinazioa bermatzeko.

  7. Jaurlaritzak komunikabideekin dituen harremanak zuzendu.

  8. Gizartea sentsibilizatzeko publizitate kanpainak eta neurriak koordinatu, baita Eusko Jaurlaritzaren eta bere sailen ekintzen berri eman ere, Publizitateari buruzko Sailarteko Batzordearen eta Publizitate Zerbitzuaren bitartez. Batzorde hori apirilaren 18ko 151/1989 Dekretuak eta apirilaren 30eko 287/1991 Dekretuak arautu zuten.

  9. Euskadiren irudia kanpoan zabaltzeko diren informazio eta publizitate irizpideak eta politikak ezarri.

  10. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion guztiak.

Honako egiteko hauek dagozkio Prentsa eta Komunikazio Zuzendaritzari:

  1. Eusko Jaurlaritzaren komunikatuak, erreferentziak eta prentsa oharrak egin.

  2. Bide egokiak ziurtatu Eusko Jaurlaritzaren ekintzen berri emateko, baita lehendakariaren eta Jaurlaritzaren bozeramailearen ekintzen berri emateko ere.

  3. Gizarteko komunikabideekiko harremanak ziurtatu eta erraztu.

  4. Jaurlaritzako sailen berri ematea erraztu eta sail horietako prentsa zerbitzuak koordinatu.

  5. Laguntza eman publizitate kanpainak eta gizartea sentsibilizatzeko ekintzak koordinatzeko, baita ere, Eusko Jaurlaritzaren ekintzak ezagutarazteko eta Euskadiren erakundeen irudia kanpoan zabaltzeko.

  6. Informazio eta publizitate politikak ezarri eta burutu, Euskadiren erakundeen irudia kanpoan zabaltzeko.

  7. Eusko Jaurlaritzaren “euskadi.net” web-eko informazio eta zabalkunde ekintza guztiak zuzendu eta koordinatu.

  8. Euskadiko nahiz nazioarteko aktualitateak komunikabideetan duen isladaz azterlanak eta txostenak burutu, eta politikaren, ekonomiaren eta gizartearen egoera aztertu, ikuspuntu informatiboa erabiliz.

  1. – Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia lehendakariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean eta laguntza emango dio lehendakariari Euskal Autonomia Erkidegoaren kanpo harremanetarako estrategia politiko instituzionala zehazten eta zuzentzen.

  2. – Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak honako egiteko hauek ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen alorrean:

    1. Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremana programatu, suspertu eta koordinatu.

    2. Jaurlaritzari laguntza eta aholkua eman kanpo harremanetarako gaietan eta lehendakariak arlo horretan emandako jarraibideak bete.

    3. Eusko Jaurlaritzaren kanpoko jarduna planifikatu, sustatu eta koordinatu.

    4. Eusko Jaurlaritzak beste herrialde, eskualde edo erakunde azpiestatalekin edota nazioz gaindiko erakundeekin izan ditzakeen bi alderen arteko harremanak zehaztu eta koordinatu.

    5. Eusko Jaurlaritzak nazioarteko erakundeekin ezar ditzakeen harremanak zehaztu eta koordinatu eta Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkariak erakunde horietan izan dezaketen parte hartzea ere koordinatu.

    6. Europako erakundeekiko jarduera zehaztu; batez ere, Europako Batasunarekikoa eta Europako Batzordearekikoa.

    7. Eusko Jaurlaritzak Europako eskualde mugimenduan duen ekimena zuzendu; batez ere, Europako Eskualdeen Batzordean eta Euskadik parte hartzen duen eskualdearteko erakundeetan.

    8. Mugaz haraindiko eta eskualdearteko lankidetza suspertu, garatu eta koordinatu.

    9. Kanpoko euskal gizataldeekiko harremanetarako politika bete eta kudeatu.

    10. Euskadiren kanpo harremanekin zerikusia duten gaietan Estatuak betetzen duen jardunaren jarraipena egin.

    11. Ahalik eta kanpo harreman hoberena bermatzeko, Estatuko Administrazioarekin –Kanpo Harremanetarako Ministeritzarekin, batez ere– elkarlanerako eta informazio trukaketarako bideak ezarri.

    12. Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Administrazioarekin hitzartutako tresnen bitartez, nazioarteko itunak lantzen eta negoziatzen duen parte hartzea zuzendu eta koordinatu.

    1. Sortzen diren konferentzia, batzorde eta organoetan Euskal Autonomia Erkidegoaren presentzia eta parte hartzea koordinatu, gai horietan Estatuak duen iritzia eratzeko.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko beste erakunde batzuei aurreko zatietan aipatutako harremanen berri eman.

    1. Euskadiko zenbait erakunde publiko edo pribatuekiko harremanak garatu, erakundeok garrantzizko ekimenak burutzen badituzte kanpoan.

    2. Eta indarrean dagoen antolamendu juridikoak egozten dizkion beste guztiak.

  3. – Jaurlaritzaren kanpo harremana bateratua izan dadin, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia eta bere organoak elkarlanean arituko dira Eusko Jaurlaritzako sailekin, horien erakunde autonomoekin, baltzu publikoekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko erakunde publikoekin. Kanpo harremanen alorrean arau eta xedapenak eman behar direnean, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak arau eta xedapen horien proiektuez txostena emango du.

  4. – Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta bere organoen egitekoek lurralde historikoen eta toki erakundeen zereginei eragiten badiete, arau teknikan lankidetzarako behar diren bideak ezarriko dira egitekook egoki burutzeko.

Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak gai horietan Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagozkion egitekoak bete behar ditu; eta bereziki, honako hauek:

  1. Eusko Jaurlaritzaren kanpo harremanen estrategia politiko eta instituzionala garatu.

  2. Eusko Jaurlaritzaren eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak bultzatu eta erraztu.

  3. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak kanpoan egin behar dituen ekintzak koordinatu.

  4. Kanpo harremana daukagun herriekiko lankidetza sustatu.

  5. Eusko Jaurlaritzaren sailen, erakunde autonomoen eta baltzu publikoen kanpo ekintzak bultzatu, jarraitu eta koordinatu.

  6. Behar diren tresnak, mekanismoak eta neurriak zehaztu, Eusko Jaurlaritzaren kanpo politika eraginkorrena izan dadin.

Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzak gai horietan Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagozkion egitekoak bete behar ditu; eta bereziki, honako hauek:

  1. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularrari lagundu euskal gizataldeekiko harreman politika kudeatzen eta betetzen.

  2. Euskadik kanpoko euskal gizataldeekin, euskal etxeekin eta horiek dauden herrialdeekin dituen harremanak bultzatu, koordinatu, ezarri eta areagotu.

  3. Euskal Autonomia Erkidegotik Kanpoko Euskal Gizatalde eta Etxeekiko Harremanei buruzko maiatzaren 27ko 8/1994 Legeak egozten dizkion egitekoak bete, lege horretan jasotako aurreikuspenak, eskubideak eta zerbitzuak ezarriz.

  4. Euskadi eta kanpoko euskal gizataldeak ahalik eta gehien hurbiltzeko beharrezkoak diren azterlan eta argitalpenak egin eta zabaldu.

  5. Kanpoko euskal gizataldeetan euskal kultura eta euskara zabaltzeko eta horiei eusteko egitasmoak garatu; eta euskal egoera eta historiari buruzko ikastaroak mintegiak, hitzaldiak, erakusketak eta kongresuak prestatu Euskadin nahiz euskal gizataldeak dauden herrialdeetan.

  6. Euskal Gizataldeei Laguntzeko Laurteko Plana koordinatu eta, horrela badagokio, bete.

  7. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Batzordeari laguntza eman.

Europako Gaietarako Zuzendaritzak gai horietan Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari dagozkion egitekoak bete behar ditu; eta bereziki, honako hauek:

  1. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularrari lagundu Jaurlaritzaren Europako ekimena sustatzen eta koordinatzen.

  2. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europako Batasuneko eta Europako Batzordeko erakundeen arteko harreman organoa izan.

  3. Koordinazio neurriak betetzea bultzatu eta zuzendu, Europako Batasuneko arauak eta politika lantzen eta aplikatzen Jaurlaritzak esku har dezan, eta neurri horiek betetzeko Jaurlaritzaren Sare Eragilea garatu.

  4. Europako erakundeetako organo eta lantaldeetan –Europako Batasunekoetan, batez ere– EAEko ordezkarien parte hartzea bultzatu, garatu eta koordinatu.

  5. Zuzenbide komunitarioa aplikatzea gainbegiratu eta koordinatu.

  6. EAEko Administrazio Orokorraren komunikazio ofizialak Europako erakundeetara –batez ere, Europako Batzordera– bideratu eta gidatu, komunikazio horiek ordenamendu komunitarioak eragiten dien betebeharrei buruzkoak direnean bereziki (xedapenen transposizioei, Estatu laguntzen proposamenei, arau hausteei eta abarrei buruzkoak). Horretarako legeak ezarritako bideak erabiliko dira.

  7. Kanpo Harremanetarako eta Europako Batasunerako Estatu Idazkaritzarekin lankidetza sustatzea Europako Batasuneko gaietan.

  8. Europako Komunitateek eta Europako Legebiltzarrak Madrilen duten Batzordearen Ordezkaritzarekiko harremanak sustatu.

  9. Jaurlaritzako sailek, bere organismo autonomoek eta baltzu publikoek Europako Batasunaren programa eta ekimenetan duten parte hartzea sustatu, koordinatu eta ebaluatu; beti ere, programa eta ekimenok programazio dokumenturik edo programa eragilerik behar ez dutenean.

  10. Jaurlaritzako sailek Europako Batasunaren ekimenen berri izan dezaten eta ekimenoi jarraipena egin diezaioten tresnak zuzendu eta koordinatu.

  11. Arau, politika eta ekimen komunitarioez aholkuak eman Jaurlaritzako sailei, arau, politika eta ekimenok sailon interesekoak direnean.

  12. Euskal gizartean Europako Batasuna eraikitzeari buruzko berriak zabaldu, gai horiei buruzko azterlan eta prestakuntza lanak egin eta Europako Informazioaren Euskal Sarea sustatu.

  1. – Euskadik Bruselan duen Ordezkaritza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren menpe egongo da zuzen-zuzenean eta Europako Gaietarako zuzendariarekin arituko da elkarlanean. Bruselako Ordezkaritzak Euskadi Europako Batasuneko erakundeetan ordezkatzen du eta EAEk hainbat alorretan dituen interesak defendatu eta bultzatuko ditu erakunde horietan. Horretarako, honako egiteko hauek ditu:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoaren interesak ordezkatu Europako Batasuneko erakunde eta organoetan.

    2. Euskadiren gizarte, ekonomia, sektore eta lanbide interesak kudeatu, Europako Batasuneko ekimenek interesoi eragiten dienean.

    3. Europako Gaietarako Zuzendaritzaren egitekoak betetzen lagundu.

    4. Erabakiak hartzeko prozesuaren jarraipena egin eta Europako Batasunaren lege ekimenei buruzko informazioa eskuratu, lege ekimenok Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenei edo interesei eragiten badiete, beti ere.

    5. EAEko agintariak eta gizarte eta ekonomia alorreko eragileak Europako Batasuneko erakundeekin elkartzeko erabili Bruselako Ordezkaritza.

    6. Europako Batasunean parte hartzeko borondatea adierazten duten erakunde publiko nahiz pribatuei aholku teknikoak eskaini laguntzarako zentro logistikoa izanez.

    7. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiako Ordezkaritza iraunkorraren arteko harreman organoa izan.

    8. Jaurlaritzako sailek Europako arauak eta politikak lantzen eta ezartzen parte hartu behar badute, Europako erakundeetan zuzenean aritu; baita sailek egindako parte hartzeen berri izan ere, premiazkoa denean.

    9. Gainerako autonomia erkidego, länder edo eskualdeek Bruselan dituzten bulegoekin elkarlanean aritu.

    10. Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorreko erakundeen eta Bruselan kokatutako beste erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza erraztu, Euskadiren hainbat sektoretako interesak defendatu eta sustatzeko.

  2. – Euskadiren Bruselako Ordezkaritzaren titularrak kontratazio organo lez jardungo du Ordezkaritzak dituen egitekoen arloan antolamendu juridikoak egozten dizkion ahalmenak erabiliz. Gehienez, hogeita hamar mila eta berrogeita hamar euro eta hirurogeita bat zentimoko kontratuak (30.050,61 euros) egin ditzake, baita horri dagokion gastua baimendu ere.

  3. – Euskadiren Bruselako ordezkariak zuzendari maila izango du ekinaren 30eko 7/1981 Legean jasotakoaren ondorioetarako.

  1. – Nazioarteko foroetan lehendakaria ordezkatu.

  2. – Europako Komunitateekiko Gaietarako Konferentzian Eusko Jaurlaritza ordezkatu; lehendakariordea ez dagoenean, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren titularrak egingo du egiteko hori.

  3. – Lehendakaritzari egotzitako jardun arloetan Jaurlaritzaren Kontseiluak edo Ekonomia Gaietarako Ordezko Batzordeak onartu behar dituen gaiak aurkeztu eta defendatu.

  4. – Lehendakaritzari dagozkion jardun arloekin zerikusirik duten legebiltzar errekerimenduei erantzun, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Indargabetu egin da Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren Idazkaritzaren egitura eta egitekoak finkatzen dituen apirilaren 13ko 186/1999 Dekretua; baita Jaurlaritzaren Lehendakariordetzaren egitura finkatzen duen 28/2001 Dekretuaren Lehenengo Xedapen Gehigarria ere.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan hartuko du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 2002ko urtarrilaren 29an.

Lehendakaria,

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (14)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak (0)

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa (0)

Ez dago lotutako edukirik.