Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

350/1999 DEKRETUA, urriaren 19koa, Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Kudeaketa Batzordea arautzeko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Jaurlaritzaren Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 208
  • Hurrenkera-zk.: 4566
  • Xedapen-zk.: 350
  • Xedapen-data: 1999/10/19
  • Argitaratze-data: 1999/10/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Garapena eta Lankidetza Sustatzeko Fondoa (GLSF) Finantzen Euskal Kontseiluak 1989ko urriaren 10ean hartutako erabakiz sortu zen; ordutik hona, fondo hori aurrekontu tresna izan da Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek nazioarteko konpromiso bat bete dezaten, behartsuenei laguntzeko konpromisoa, hain zuzen.

Apirilaren 11ko 233/1995 Dekretuak Hirugarren Munduko Garapen Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Kudeaketa Batzordea eta batzorde horri Laguntzeko Batzorde Teknikoa arautu zituen (martxoaren 26ko 57/1996 Dekretuaren bitartez aldatu zen aipatutako dekretu hori). Arau horiek indarge utzi zituzten urtarrilaren 30eko 18/1990 Dekretua –organo horiek sortu zituena– eta uztailaren 9ko 411/1991 Dekretua –18/1990 Dekretua aldatu zuena–.

GLSFren Kudeaketa Batzordea erakunde arteko organo bat da, fondo hori osatzen duten administrazioek emandako diru baliabideak kudeatzeko eta kontrolatzeko irizpide homogeneo eta bizkorrak ezartzen dituena elkarlana eta eraginkortasuna bultzatu eta bermatu nahian.

Helburu horiek lortzeko komenigarria da Kudeaketa Batzordeari eskainitako laguntza teknikoa emateko aukerak malgutzea, beti ere, indarrean dauden legeen arabera.

Bestalde, Garapen Lankidetza programetara genero ikuspuntua gehitzeko, komenigarria da Emakunde autonomiadun erakundeak parte hartzea Kudeaketa Batzordean.

Hori guztia, baita ere aipatutako lege sakabanaketa eragoztea, dira dekretu hau onartzearen helburuak.

Horregatik guztiagatik, Lehendakaritzak proposatuta eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 1999ko urriaren 19an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. – Dekretu hau GLSFren Kudeaketa Batzordea arautzeko da. Batzorde hori Lehendakaritzari atxiki zion apirilaren 13ko 186/1999 Dekretuak. Kudeaketa Batzordea erakundeak biltzeko eta koordinatzeko organo bat da eta Euskal Autonomia Erkidegoan GLSFren bitartez Garapen Lankidetzarako ematen diren diru baliabideak izendatzea eta kontrolatzea da bere zeregina.

  2. – Kudeaketa Batzordea honako kide hauek osatuko dute:

    Batzordeburua: Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia.

    Batzordeburua kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, orokorrean, legeak jasotako arrazoiren batengatik ezin duenean, Lehendakariordetzak organo honetan duen ordezkariak beteko ditu batzordeburuaren zereginak.

    Bokalak: - Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko burua.

    • Jaurlaritzaren Lehendakariordetzako ordezkari bat, sailburuorde maila duena.

    • Honako sail hauetako ordezkari bana, (sailburuorde maila izango dute):

    • Ogasun eta Herri Administrazio Saila.

    • Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.

    • Industria, Merkataritza eta Turismo Saila.

    • Emakunde Autonomiadun Erakundearen zuzendaria.

    • Foru aldundien ordezkari bana; ahaldun nagusiaren maila izango dute.

    • Garapen Lankidetzarako zuzendaria; idazkari lanak ere egingo ditu.

  3. – Kudeaketa Batzordeko kideek agertu ezin dutenean ordezkatzen duten organo edo erakundeko beste pertsona bati utziko diote batzordearen bileretan parte hartzeko aukera.

  4. – GLSFren Kudeaketa Batzordeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. tituluko II. kapituluan organo kolegiatuentzat xedatutakoa bete beharko du funtzionamenduan.

Honako egiteko hauek izango ditu GLSFren Kudeaketa Batzordeak:

  1. – Lehendakaritzak GLSF arautzeko egiten dituen xedapenak aztertzea eta horien berri ematea.

  2. – Proiektuak aztertzeko eta ebaluatzeko lan teknikoa gainbegiratzea, GLSFren konturako dirulaguntzak arautzen dituzten xedapenen arabera.

  3. – GLSFren konturako dirulaguntzen urteko esleipena proposatzea, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak horretarako txostenak egin ondoren.

Kudeaketa Batzordeak, bere egitekoak egoki bete ditzan, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren laguntza izango du. Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren zeregina izango da aurkezten diren lankidetza proiektuak aztertu eta ebaluatzea, diruz lagundutako proiektuen jarraipena egitea eta Kudeaketa Batzordeari bere egitekoetarako behar duen informazio guztia ematea.

Indargabetu egin dira apirilaren 11ko 233/1995 Dekretua eta martxoaren 26ko 57/1996 Dekretua. Lehenengo dekretu horrek Hirugarren Munduaren Garapen Lankidetza Sustatzeko Fondoaren Kudeaketa Batzordea eta horri Laguntzeko Batzorde Teknikoa arautu zituen; eta bigarrenak lehenengoa aldatu zuen.

Gai honetako araubidean 233/1995 Dekretua aipatzen denean, dekretu hau aipatzen dela ulertu beharko da.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra dekretu honek.

Vitoria-Gasteizen, 1999ko urriaren 19an.

Lehendakaria,