Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

210/1998 DEKRETUA, uztailaren 28koa, Euskal Autonomia Erkidegoan ikuskizun publikoen eta jolas jardueren ordutegiak ezarri eta jarduera horien beste alderdi batzuk arautu dituen abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua aldatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingoa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 145
  • Hurrenkera-zk.: 3554
  • Xedapen-zk.: 210
  • Xedapen-data: 1998/07/28
  • Argitaratze-data: 1998/08/03

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Segurtasuna eta justizia; Gizarte gaiak eta emplegua
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Herrizaingoa; Lana eta enplegua

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ordutegiei buruzko arautegia indarrean jarri zenetik nahikoa denbora igaro da, eta epe horretan agerian geratu da zilegizko jolas-jarduerak, profesionalek lan egiteko duten eskubidea eta euskal herritar guztiek atseden hartzeko eta lasai egoteko duten eskubidea bateragarri egiteko asmoz ezarri ziren neurri haien egokitasuna.

Arautegi horri esker, lehenengo eta behin, herritarren elkarbizitzan oso eragin kaltegarria izan duen egoera konpontzeko bidean dugu: herritarrek gero eta zarata eta eragozpen gutxiago jasaten dute. Horrela, herritarren oinarrizko eskubideetariko bat babesturik dago eta euskal gizartean bizitza kalitateak eta ongizateak hobera egin dute.

Bestalde, arautegi hori ikuskizunak eta jolas jarduerak sailkatu eta antolatzeko ezinbesteko administrazio-tresna bihurtu zaigu. Ostalaritzako jarduerak lau multzotan sailkatu ditu eta multzo bakoitzari bere interes ekonomikoak bermatzeko behar bezain zabalak diren ordu-tarteak ezarri dizkio; jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak arautu eta antolatu ditu, oro har, eta behin-behineko instalazioak ere ordutegien erregimen orokor horretan sartu ditu. Ez du eragozten gaueko jolas jardueretarako lokalen iraupena, horretarako egoki atondurik eta soinugabeturik egonez gero, baina aldi berean muga ezarri die gau eta egun etenik gabe luzatzen diren ibilaldiak bezalako ohiturei.

Azkenik, administrazioei berme juridikoak eta jarduteko bermeak eskaini dizkie ordutegien kontrolari begira.

Egoerak pixkanaka hobera egin ahala administrazio publikoak ohartu dira neurri gehiago jarri beharra dagoela, jolas jardueren garapena eta arautegiaren xedeak elkarri areago doitzeko.

Bide horretan, erabiltzaile edo bezeroak ikuskizuna edo jarduera egiten den lokal, instalazio edo barrutitik apurka irtenarazi beharra ikusi da. Era horretara arazo bi baztertu nahi dira: sarrera-irteeretan jendea edota ibilgailuak pilatzean izaten diren zaratak eta eragozpenak, eta ostalariek edo ikuskizun publikoen antolatzaileek jarduera bukatzeko arauzko ordua heltzen denean erabiltzaile edo bezeroak kanporatzeko izaten dituzten zailtasunak.

Horregatik zentzuzkoa da, lehendik ezarritako itxiera orduak aldatu gabe, profesionalei denbora-tarte bat ezartzea, lokalak pixkanaka jendez hustu eta jarduerei lasaitasunez amaiera eman ahal diezaioten.

Beste alde batetik, xedapen hau bat dator Estatu Kontseiluak 5779/97/MA zenbakiko txostenean egin duen balorazioarekin eta azterketa juridikoarekin.

Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Ikuskizun Publiko eta Jolas Jardueren Euskal Kontseiluak eta Kontsumorako Aholku Batzordeak aldeko txosten bana emanda, eta Jarlaritzaren Kontseiluak 1998ko uztailaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Lehenengo atala.– Abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ikuskizun publikoen eta jolas jardueren ordutegiak ezarri ditu eta jarduera horien beste alderdi batzuk arautu ditu. Haren 8. atala honela idatzi behar da:

«8. atala.– Ikuskizun eta jarduerei amaiera ematea eta jendea joanaraztea.

  1. – Dekretu honek lokalak eta instalazioak (iraunkorrak nahiz aldi baterakoak) ixteko ezartzen duen ordua heltzean, edota ikuskizun publikoak eta jolas-jarduerak bukatzeko ezartzen duen ordua heltzean, neurri hauek hartuko ditu lokalaren titularrak:

    1. Musika, ikuskizun, antzerki, erakustaldi, proiekzio edo emanaldiari amaiera ematea eta lokalean erabiltzaile edo bezeroentzako zerbitzu gisa jarritako soinu-iturri guztiak etetea.

    2. Jokoetarako makina, aparatu eta beste edozein sistema amatatzea. Era berean, joko aretoetan ordu horretatik aurrera ez da baimendun partidarik ez jokorik hasiko.

    3. Lokaleko ateak ixtea eta erabiltzaile edo bezero gehiago sartzen ez uztea.

    4. Lokal barruan dauden erabiltzaile edo bezeroak irtenaraztea, lokala, instalazioa, ikuskizuna edo jolas jarduera ixteko ezarritako orduaren ondorengo 30 minutuen barruan. Epe hori igarotakoan lokala atondu eta garbitzeko ardura duten pertsonak baino ez dira egongo barruan.

  2. – Lokal itxietan egiten direnez gero ikuskizun publikoak eta jolas jarduerak arautzen dituen azaroaren 10eko 4/1995 Legearen 16. atalean ezarritako administrazio-baimena behar duten ikuskizun eta jardueretan ere, jendea aurreko idazatian ezarritako epe berean irtenaraziko da lokaletik eta neurri berberak hartuko dira. Baimena emateko ebazpenean bertan jendea irtenarazteko epea ezarri ahal izango da, lokalean baimenaz sar daitekeen gehieneko lagun kopurua kontuan izanik egoki irizten bazaio.

    Jendea irtenarazteko epe hori gorago aipaturiko legearen eranskinean ageri diren ikuskizun publiko eta jolas jarduerei ere aplikatu ahal izango zaie.

  3. – Atal honen 1. idazatiko b letran azaldutakoa kasinoei buruzko arautegian biribil-jokoetarako xedaturik dagoenaren kalterik gabe ezarri dela ulertu behar da.»

    Bigarren atala.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ikuskizun publiko eta jolas jardueren ordutegiak ezarri eta jarduera horien beste alderdi batzuk arautu dituen abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren I. eranskina honela idatzi behar da:

Dekretu honetan ezarri diren arauen urratzeei buruzko aktak egiteko eredua abenduaren 16ko 296/1997 Dekretuaren II. eranskinean dago. Akta egiterakoan, jendea irtenarazteko epean lokalean gertatutako gora-beherak oharretarako lekuan idatzi behar dira.

INDARGABETZE-XEDAPENA

Dekretu honen maila berekoak edo beheragokoak izan eta honetan ezarritakoarekin bat ez datozen xedapenak aurrerantzean indargabeturik gelditzen dira.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.