Arautegia

Inprimatu

64/1998 DEKRETUA, martxoaren 31koa, Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onesten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Industria, Nekazaritza eta Arrantza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 80
  • Hurrenkera-zk.: 1780
  • Xedapen-zk.: 64
  • Xedapen-data: 1998/03/31
  • Argitaratze-data: 1998/05/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Ingurumena

Testu legala

Naturaguneen eta basa-flora eta faunaren artapenari buruzko martxoaren 27ko 4/1989 Legeak eta, ondoren, Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeak exigitzen dutenez, alde jakin bat parke natural deklaratu baino lehen, delako alde horretako natur baliabideen antolamendurako plana egin eta onetsi behar da. Hala, horretarako prozedurari hasiera eman zitzaion Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren 1995eko otsailaren 16ko Aginduaren bitartez.

Prozedura horren barruan, planak bete beharreko izapideak bete ditu: interesatuei entzunaldia eskaini zaie, plana jendaurrean jarri da, eta ukituriko interes sozial eta erakundezkoei kontsultatu zaie. Halaber, 16/1994 Legearen 7. atalaren c) eta e) letretan aurreikusitako txostenak egin dituzte Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeak eta Naturzaintza-Euskal Herriko Natura Babesteko Aholku Kontseiluak.

Ondorioz, Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1998ko martxoaren 31n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

Atal bakarra.– Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana onestea, Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen II. idazpuruan ezarritakoarekin bat etorriz.

Horretarako, zati arau-emailea eta antolamendurako planoa argitaratzen dira dekretu honekin batera, I eta II. eranskin gisa, hurrenez hurren.

Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 6.2. atalean xedatzen den legez, Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Planean ezarritako zehaztapenei egokituko zaizkie Arraia-Maeztu, Bernedo eta Kanpezu udalerrien lurralde-antolamendurako zein antolamendu fisikorako tresnak. Egokitzapen hori gertatu bitartean, planeko zehaztapenak lurralde-antolamendurako zein antolamendu fisikorako tresna horiei nagusituko zaizkie, eta horrela aplikatuko dira.

Dekretu hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 1998ko martxoaren 31n.

Lehendakariordea,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industri, Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

JAVIER RETEGUI AYASTUY.

  1. atala.– Antolamendu planaren izaera.

  2. atala.– Antolamendu planaren edukia.

  3. atala.– Planaren ondorioak.

  4. atala.– Aplikazio-eremua.

  5. atala.– Indarraldia eta plana berrikusteko baldintzak.

  6. atala.– Bermeak.

  7. atala.– Kalte-ordainak.

  8. atala.– Parkearen kudeaketa.

  9. atala.– Finantzaketa.

  1. atala.– Antolamendu planaren helburuak.

  2. atala.– Gidalerroak.

  3. atala.– Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana.

  1. atala.– Muga orokorrak.

  2. atala.– Muga espezifikoak.

  1. atala.– Osoko erreserbako aldeak.

  2. atala.– Erreserba aldeak.

  3. atala.– Eraginkortasunez artatu beharreko aldeak.

  4. atala.– Hobe-bidean jarri beharreko aldeak.

  5. atala.– Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza bultzatzeko aldeak.

  6. atala.– Lehengoratzeko aldea.

  7. atala.– Hiri-lurzoruko eta azpiegituren zortasuneko aldea.

  1. atala.– Antolamendu planaren izaera.

    Izki aldeko natur baliabideak planifikatzeko tresna da plan hau, Euskal Herriko natura babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legean aurreikusitako ondorioetarako.

  2. atala.– Antolamendu planaren edukia.

    Natur baliabideen antolamendurako planaren baitan, zati arau–emaileaz gain, ondoko agiri hauek biltzen dira:

    1. Inguru fisikoaren deskripzioa.

    2. Inguru sozialaren deskripzioa.

    3. Baliabideen azterketa.

    4. Informazio guztiaren azterketa orokorra.

    5. Aztertutako alderdi guztiei dagozkien planoak.

  3. atala.– Planaren ondorioak.

    Natur baliabideen antolamendurako plana behin betiko onesteak ondorio hauek ditu:

    1. Publizitatea. Horrekin batera, badago beste ondorio bat: edozein hiritarrek eskubidea izango du dokumentazioa kontsultatzeko, behar bezala legeztaturik egongo den alean kontsultatzeko, alegia. Horretarako dokumentazioa edonoren esku egongo da, Eusko Jaurlaritzako Industri, Nekazaritza eta Arrantza Sailak zehaztuko dituen lekuetan.

    2. Nahitaezkotasuna, plan hau muga izango baita lurraldea edo ingurune fisikoa antolatzeko bestelako tresna guztietarako, eta tresna horien zehaztapenek ezin aldaraz baititzakete planaren xedapenak. Lurraldea edo ingurune fisikoa antolatzeko dauden tresnak ez badatoz bat natur baliabideen antolamendurako planarekin, orduan planari egokitu beharko zaizkio. Egokitzapen hori gauzatu arte, antolamendurako planaren zehaztapenak lurraldearen plangintzarako tresnen gainetik egongo dira eta horrela aplikatuko dira.

    3. Natur baliabideen antolamendurako plan honetan markaturiko arau eta gidalerroek orientazio izaera dute beste edozein plan edo egitarau sektorialetarako; beraz, antolamendurako planaren zehaztapenak sorospidez aplikatuko dira, beti ere aurreko idazatian ezarritakoaren kaltetan jo gabe.

  4. atala.– Aplikazio-eremua.

  1. – Plan honen menpeko geografi eremua antolamendurako planoan mugatu eta irudikaturikoa da. Hona hemen eremu hori osatzen dutenak:

    1. Arabako Katalogoko herri onurako mendietarik, zenbaki hauekin identifikatzen direnak:

      214, 215, 216, 217, 218, 227, 228, 229, 230, 231, 254, 257, 259, 261, 262, 263, 264, 265, 266, 267, 273 (Arluzeako mugartearen barrukoa bakarrik), 274 (Urarteko mugartearen barrukoa bakarrik), 275, 277, 278, 279, 280, 282, 283, 289, 291, 294, 298, 387, 388, 389, 390, 391, 392, 393, 561 (Urarteko mugartearen barrukoa bakarrik), 562 (Markinez, Kintana, Urarte eta Urturiko mugarteen barrukoa bakarrik) eta 564.

    2. Mendi horietariko baten baten barruan dauden jabetza pribatuak, edota mendi horietariko zenbaiten mugek erabat inguratu eta mugatzen dituzten jabetza pribatuak. Urturiko golf zelaiaren lurrak kanpo utzi dira.

  2. – Lehen definituriko geografi eremua parke naturaltzat joko da, 16/1994 Legean horretarako aurreikusten denaren arabera.

  1. atala.– Indarraldia eta plana berrikusteko baldintzak.

  1. – Izkiko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren indarraldia mugagabea izango da.

  2. – Izki aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Plana aldatu edo eguneratuko da —beti ere onespenerako erabili den prozedura bera erabiliz—, baldin eta plana idaztean nagusi izan diren irizpide eta helburuak aldatzen badira, antolamenduaren menpeko lurralde-eremuen baldintza ekonomiko, sozial edo naturalek horrela eskatzen badute, edo jarraipen-planak horrela egitea gomendatzen badu.

  1. atala.– Bermeak.

  1. – Antolamendurako plan honek ezarritako babes-araubidea jarraian adieraziko direnekin bateragarria izango da eta beraiek bermatuko ditu:

    • Autonomiako Administrazioaren, Estatuko Administrazioaren, Lurralde Historikoko Foru Administrazioaren eta udal korporazioen eskurantzen erabilera, Administrazio bakoitza eskuduna den sektoreei dagozkien gaietan.

    • Eskubide pribatuen erabilera.

    • Landa-jarduerak gauzatzeko modua eta baliabideen erazko aprobetxamendua, hala araubide pribatuan nola beste edozeinetan, Arabako Lurralde Historikoan indarrean dagoen legerian xedatutakoa delarik muga bakarra, eta antolamendurako plan honetan ezarritako babes-helburuak gauzatzeko jartzen diren mugak gainditu gabe.

    • Auzo-araubideko baso-aprobetxamenduak (egur loteak eta abar).

    • Toki-erakundeen lurretan abeltzaintza-jarduerarik burutuz gero, toki erakunde horien eskurantzen erabilera bermatuko da. Erakunde horiek, abeltzainen lankidetzarekin, abeltzaintza arautzeko beharrezkotzat hartzen dituzten ordenantza guztiak emango dituzte, zein jarriko baitira parkea kudeatzeko organoaren onespenaren menpean, Izki aldearen babes-araubidearekin bat datozela bermatzeko.

    • Izki Garai eta Izki Behereko Batzen existentzia eta beraien jarduna, parkearen ondarearen parte baitira.

    • Administrazio eskudunen ahalmenak (desjabetzapenari dagokionez), eta eroslehentasun eskubidearen eta atzera eskuratzeko eskubidearen erabilera, parkearen barruko lurrekin inter vivos egiten diren kostubidezko eskualdaketa guztietan; bestetik, desjabetzapenek —halakorik eginez gero— ezinbesteko ondasunak bakarrik ukituko dituzte. Horretarako, ondasun horiek zerrenda batean zehaztuko dira, alegazio epealdiaren izapidea beteko duen zerrenda batean, alegia.

      Dejabetzapen ahalmenak kasu honetan bakarrik erabili ahal izango dira: jabeek edo ukituriko ondasun zein eskubideen beste titularrek herri-administrazioekin beste modurik hitzartzen ez badute aplikatu beharreko arauteria bereziaren ondoriozko gaitz eta kalteak konpentsatzeko.

    • Aldearen hobekuntzarako lehentasunezkotzat hartzen diren neurrien aplikazioa.

  2. – Lur publiko zein pribatuan egin nahi diren jarduketa guztietarako, beharrezkoa izango da jabe edo eskubidearen titularraren baimena, Zuzenbidean dauden eta legeria orokorrean jasotzen diren salbuespenak eginda.

  1. atala.– Kalte-ordainak.

  1. – Legezko ondare-eskubide zein ondare-interesak edota jabetza pribatua kentzeagatik gertaturiko errenta-galeragatik emango da kalte-ordaina, natur baliabideen antolamendurako planak eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak parkearen eremuan ezarritako murrizketa edo mugak indarrean jartzeko helburuaz suertatzen denean galera hori.

  2. – Arauak aplikatzearen edo beste edozein arrazoiren ondoriozko kalteak edo errenta-galerak zehazteko, konpentsazio–bide bat ezarriko da erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planean, eta horren arabera zehaztuko dira konpentsazioen zenbatekoak eta konpentzasioak emateko era.

  1. atala.– Parkearen kudeaketa.

  1. – Izkiko parke naturalaren kudeaketa Arabako Foru Aldundiari dagokio.

  2. – Patronatua eratu behar da kontrol, kontsulta eta lankidetza organo izan dadin, 16/1994 Legearen III. idazpuruaren VIII. atalburuan ezarritakoarekin bat etorriz.

  3. – Foru aldundiak zuzendari-artatzaile bat izendatuko du, parke naturalaren kudeaketaren arduraduna izan dadin.

  4. – Leihatila bakarreko sistema ezartzeko beharrezkoak diren prozesuak definituko ditu parkeko organo kudeatzaileak, parkearekin zerikusia duten administrazio-tramite guztietarako.

  5. – Parke naturalak behar adinako langileria izango du, bertako jarduerak behar bezala garatzeko eta jarduera horien kontrola egiteko. Arreta berezia jarriko zaio asteburuetan eta jende gehien etortzen den garaietan zaintza-zerbitzua mantentzeari; horri dagokienez, batez ere olgeta jarduerei begiratuko zaie.

  6. – Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana edota beste edozein plan sektorial idazterakoan, kontutan hartuko dira ukituriko udalek lehenago egindako lanak.

  7. – Izki alderako planak egiterakoan, ukiturik suertatzen diren administrazio batzek eta udalek parte har dezaten sustatuko da.

  1. atala.– Finantzaketa.

    Inbertsio, jarduketa, azterlan eta ikerketak egiteko urteko egitarauak gertatuko dituzte Administrazio eskudunek, natur baliabideen antolamendurako planean eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planetan ezarritako gidalerro eta irizpideak praktikan jartzeko helburuaz. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren edo beste herri-erakunderen baten eskumeneko gairen bat sartzen bada aipaturiko egitarauen edo jardunerako plan espezifikoren baten barruan, hitzarmena sinatu ahal izango dute ukituriko Administrazioek; hitzarmen horretan, harako egitarau edo plana betetzeko finantzabideak zehaztuko dira.

    Horrez gain, erakunde publiko zein pribatuek eta norbanakoek era guztietako ekarpen eta dirulaguntzak eman ditzakete. Dohaintza ekonomiko horien xede bakarra hau izango da: natur baliabideen antolamendurako plana eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana betetzeko jarduerak eta parkeko organoen jardupide gastuak finantzatzea.

  1. atala.– Antolamendu planaren helburuak.

    Izki Aldeko Natur Baliabideen Antolamendurako Planaren helburu nagusiak hauek dira:

    1. Ekosistemak artatu eta onera ekartzea.

    2. Lurzorua, ura eta gainerako baliabideak artatu eta babestea.

    3. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako sistemak mantendu, sustatu eta hobetzea.

    4. Inguruko biztanleen bizitza-kalitatea hobetzea.

    5. Parkearekin lotutako aukera ekonomiko berriak gauzatzea, inguruko biztanleek gauzatzea, alegia.

    6. Inguruko biztanleak parkearen jardunean integratzea.

    7. Paisajea lehengora ekartzea.

    8. Ehiza eta arrantza antolatzea.

    9. Azpiegiturak eta komunikabideak hobetzea.

    10. Eskualdeko nortasuna sendotu eta bultzatzea.

    11. Turismoa eta olgeta-jarduerak sustatzea.

    12. Izki inguruak zientzia, hezkuntza eta kulturarako ematen dituen aukerak gauzatzea.

  2. atala.– Gidalerroak.

  1. – Aipatutako helburuak gauzatzeko xedeaz, parkearen kudeaketarako organo arduradunak ondoko eginkizun hauek izango ditu:

    1. Jagotza-lanak egingo ditu berariazko zaintza zerbitzuaren bitartez, jarduera eta/edo baliabideei buruzko arau espezifikoak bete daitezen.

    2. Parkeko jarduerak zaindiko ditu, batak bestea oztopa ez dezan, eta lehentasuna emango die artapen-jarduerei eta ekoizpen–modu tradizionalei.

    3. Inguruko udalak eta adminitrazio-batzak koordinatzeko bideak jarriko ditu, olgeta-erabilera intentsiboak periferiara bideratzeko.

    4. Inguruko lanbide-elkarte edo kultur elkarteekiko komunikazio-bideak sortuko ditu.

    5. Nekazaritzako ustiategien arduradunei argibideak eta aholkuak emateko bideak eratuko ditu, sektorearen arazo orokorrei eta parkearekiko harremanei dagokien guztian.

  2. – Era berean, eta basoek (batez ere Quercus pyrenaica espeziearen basoek) eta basogintzak alde honetan duten garrantzia kontutan hartuta, basogintzako jardueretan irizpide hauek begiratzea gomendatzen da:

    1. Gaur egun bertoko zuhaitz espezieek betetzen duten azalera mantentzea.

    2. %50etik gorako malda duten lurrak edo erraz higatzeko arriskua dutenak baso iraunkorrez estalirik mantentzea.

    3. Basoak berritzeko bertoko zuhaitz espezieak erabil daitezen sustatzea.

    4. Basoen osasun egoera eta egoera begetatiboa zaintzea, ona izan dadin.

    5. Basoak antolatzeko proiektuak egitea, eta arreta berezia jartzea Izkiko ameztia osatzen duen baso-multzoari.

    6. Baso-suterik ez gertatzeko neurriak hartzea.

    7. Baso-aprobetxamendua eta larratzea bultzatzea, zuhaitzen birsorkuntzari kalterik egiten ez bazaio.

    8. Basabideen eraikuntza eta erabilera zaintzea, bai eraikuntza bai erabilera zuzenak izan daitezen.

    9. Nekazaritza, basogintza eta abeltzaintzako ustiategietan inguruarentzako eragin txikia duten teknikak erabil daitezen sustatzea.

    10. Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza mantendu eta hobetzeko behar diren neurriak hartuko dira.

    11. Basoen heldutasun-gradua mantendu eta hobetzea, eta ekosistemaren kalitatearen artapena giza aprobetxamenduekin bateragarri egitea.

  3. – Parkean egiten diren gainerako jardueretan, ekintza guztien lehentasunezko helburuak hauek izango dira:

    1. Abeltzaintzako azpiegiturak hobetzea.

    2. Luberritzeko emakidak emateko baldintzak betetzea.

    3. Lehengo luberrietan basoak jar daitezen bultzatzea.

    4. Ehiza-espezieak behar bezala aprobetxatu eta artatzea.

    5. Eraikuntza eta azpiegitura berriak paisajean integratzea.

  4. – Baliabideak babesteko ekintzek helburu hauek izango dituzte:

    1. Habitat urriak eta/edo hauskorrak gordetzea.

    2. Flora eta fauna babestu eta artatzea.

    3. Lurzorua baliabide gisa artatzea, uraren kalitatea eta erreken ertz, ubide eta urbazterrena artatzea, eta arazketa–sistemaren bat behar duten tokiak zein diren zehaztea.

    4. Baliabide geologikoak behar bezala aprobetxatzea.

  5. – Aipaturiko helburu eta gidalerroak gauzatzeko, parkeko organo kudeatzaileak tresna hauek sortuko ditu:

    1. Izkiko larreak erabiltzen dituzten abereen erregistroa. Parkeko larreak erabili ahal izateko, nahitaezkoa izango da erregistro horretan inskribatzea.

    2. Uraren eragin eta aprobetxamenduen inbentarioa.

    3. Izkin arriskuan dauden animali espezie eta landare–espezieen zerrenda.

    4. Informaziorako behar den azpiegitura, bibliografi gordailua barne delarik. Gordailu horretan, Izkin egindako azterlanen kopiak gordeko dira.

  6. – Hezkuntzaren, kirol-jardueren eta ikerketaren garrantzia kontutan hartuta, parkearen kudeaketaz arduratuko den organoak arreta berezia jarriko die kontu hauei:

    1. lan zientifikoei eta ikerketa-lanei,

    2. kultur ondarearen azterketa eta zabalkundeari,

    3. beharrezkoak diren hezkuntza-azpiegiturak sortzeari, eta

    4. inguruan eraginik ez duten kirol jarduerak bultzatzeari.

  7. – Horrez gain, organoa kudeatzaileak behar diren neurriak hartuko ditu paisajearen gaineko eragina ahalik txikiena izateko eta gaur egun dauden eraikuntzak eta azpiegiturak parkean integratzeko. Beharrezkoa bada, azpiegitura horiek basanimalien beharrizanetara egokituko dira. Halaber, neurriak hartuko ditu kontrolatu gabe dauden hondakindegi txikiak kontrolatu eta desagertarazteko.

  1. atala.– Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana.

    Parke naturalaren erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planaren bidez garatuko dira —baliabide eta jarduera sektorial bakoitzerako— idazpuru honetan ezarritako irizpideak. Kasu bakoitzerako, gutxienezko eduki hauek gomendatzen dira:

    1. Nekazaritza eta abeltzaintza.

      • Nekazaritza hobetzeko neurriak.

      • Luberrien antolamendua.

      • Bazka baliabide eta ahalbideen kalkulua.

      • Larreen kudeaketa.

      • Abeltzaintzako azpiegiturak konpondu eta eraikitzea.

      • Abeltzaintzako azpiegitura berriak eraikitzeko arauak.

      • Abereak maneiatzearen ondorioz sortzen diren hondakinen isurketa arautzea, hondakinek eragindako kutsadura ahalik txikiena izan dadin.

      • Zuhaitz-birsorketa non egin behar den zehaztea.

      • Bazka-baliabideak bermatzeko prozedura egokiak zehaztea; kalkuluaren gutxienezko oinarri gisa, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana idatzi aurreko 4 urteetako batez besteko abere–kopurua erabiliko da. Arreta berezia jarriko zaio aziendaren bilakaeraren joerak aurreikusteari.

    2. Basogintza.

      • Aprobetxamenduen araubidea (auzo-aprobetxamenduak bermaturik).

      • Antolamendurako irizpideak.

      • Basogintzako makinen erabilera arautzea.

      • Zuhaitz-birsorkuntzarako aldeak.

      • Baso-suteak aurreikusi eta suteei aurka egiteko neurriak.

      • Basabideak.

      • Lehengo luberrietan basoak jartzeko neurriak.

      • Hobe-bidean jarri beharreko aldeetako jarduketen plangintza.

      • Basoen heldutasun-gradua mantendu eta hobetzeko neurriak.

    3. Ehiza eta arrantza.

      • Jardunari hasiera eta amaiera emateko datak, oinarritzat geben-aginduak hartuta.

      • Parkeko aldeak, ehiza eta arrantzari dagokionez.

      • Ehiza-modalitateak.

      • Gainerako jarduerekiko koordinazioa. Olgeta-jarduerak ez oztopatzeko hartu behar diren neurriak.

      • Ehiza-eskubideen titularrekin koordinatzeko neurriak, aprobetxamendu planak egiteko.

    4. Olgeta-erabilera.

      • Kanpaldiak, kanpamenduak, olgeta-jarduera intentsiboak, suaren erabilera, ibilgailuen ibilera eta aparkamendua, zarata–mailak eta abar arautzea, eta horiek guztiak babes–helburuekin eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarekin bateragarri egitea. Izan ere, azken jarduera hauek lehentasunezkoak izango dira ehiza eta olgeta-jardueren aldean.

      • Kirol-eskalada arautzea, eta fauna mantentzeko kaltegarria ez den tokietan finkatzea.

      • Olgeta-jardunaren ondoriozko eraginak lehengora ekartzea.

      • Ibilbide-sareak.

      • Gainerako jarduerekiko koordinazioa.

    5. Heziketako erabilerak.

      • Jardueren proiektuak.

      • Beharrezko azpiegituren diseinua (eraikuntzak, panelak eta abar).

    6. Bide-azpiegiturak, eraikuntza eta beste zenbait erabilera.

      • Ibilgailuak errepide, bide eta pistetatik ibiltzeko eta bertan aparkatzeko debekuaren salbuespenak.

      • Bide-sarea benetako beharrizanetara egokitzeko behar diren ekintzak.

      • Muga teknikoak (pisua, abiadura eta abar).

      • Eraginak lehengora ekartzeko neurriak.

      • Eraikuntzan aplikatu beharreko gutxienezko neurriak zehaztea, eragina ahalik txikiena izan dadin.

      • Baliabide geologikoak aprobetxatzeko metodoak eta lehengora ekartzeko planak arautzea, eragina ahalik txikiena izan dadin.

      • Harritzen auzo-aprobetxamenduak arautzea.

      • Gai kimikoen erabilera arautzea (dosifikazioa; toxikoak ez diren produktuei lehentasuna ematea; erremintak garbitzeko lanak; ontzi-bilketa, eta abar).

      • Parkean jartzen diren kartel eta errotuluen diseinua arautzea, bat etor daitezen parkearen estetikarekin.

    7. Hidrologia.

      • Ur-bilketen eta erabileren inbentarioa.

      • Ur aprobetxamenduak hobetzeko ekintzak.

      • Ziklo hidrologikoan edo uren kalitatean eragin txarra izan dezaketen gai kimiko eta biohilkarien erabilera arautzea, eta beharrezkoak diren eta ingurugiroan ahalik eragin txikiena duten produktuak zehaztea.

      • Araztu beharrekoak zehaztea.

      • Arazteko sistemak arautzea.

    8. Flora eta fauna.

      • Arriskuan dauden espezieen zerrenda egitea.

      • Arriskuan dauden espezieak onera ekartzeko, artatzeko eta maneiatzeko plan espezifikoak.

      • Zuhaitz zahar eta urtetsuak artatzeko neurriak, zenbaitespezieren garapen egokirako beharrezkoak baitira.

      • Ibaibideei loturiko fauna lehengora ekartzeko neurriak.

      • Landare edo onddoen bilketa arautzea —nekazaritzaren barruan kontutan hartzen ez diren aldetik—. Lehentasuna emango zaio norberak kontsumitzeko egiten den bilketari, saltzeko helburuarekin egiten denaren aldean.

        1. Paisajea.

      • Degradaturiko aldeak lehengora ekartzeko lehentasun-egitaraua.

      • Paisajearen berezitasunetarik, zeintzuk babestu behar diren zehaztea.

        1. Baliabide arkeologiko eta antropologikoak babestea.

      • Ondarearen elementuetarik, interesgarriak direnen inbentarioa egitea.

      • Interesgarriak diren elementuak babesteko alde bat eta alde horretan gorde beharreko jarraibideak zehaztea.

        1. Ingurugiroaren jarraipena.

      • Ekosistemen kalitatea jagoteko neurriak.

      • Ahalik eraginik txikiena duten ikerketa teknika eta moduei buruzko aholkuak.

      • Parkean gertatzen diren prozesu ekologikoen ikerketa sustatzea.

  1. atala.– Muga orokorrak.

  1. – Izkiko parke naturalean baimendutako erabilerak hauek dira:

    1. Nekazaritza.

    2. Abeltzaintza.

    3. Basogintza.

    4. Ehiza eta arrantza.

    5. Erabilera publikoa.

    6. Jarduera zientifikoak, heziketakoak eta ikerketa.

    7. Uraren eta energiaren aprobetxamenduak. Ur-hartuneak eta ur-bilketak.

    8. Aipaturiko erabileretarako eta Korres herriguneari zerbitzu egiteko behar diren eraikuntzak eta azpiegiturak egitea eta lehengora ekartzea.

    9. Egoitzazko erabilerak hiri-lurzoru eta lurzoru urbanizagaitzat jotzen den eremura mugatuko dira. Eremu hori, erabilerei eta eraikuntza-arauei dagokienez, sorospidezko arauetan xedatutakoaren arabera eraenduko da.

    10. Lehengoratzeko aldean, aipaturiko erabilerez gain, erauzketa-lanak baimenduko dira.

  2. – Ondoko hauek debekaturik egongo dira:

    1. Larre berriak egitea, azaleraren %5 gutxienez bertoko hostozabalen zuhaizti txikiak egiteko gorde gabe.

    2. Hazkunde moteleko espezie naturalek basoturiko mendietan, erabateko ebaketak egitea edo erabilera aldatzea.

    3. %12tik gorako malda duten pistak trazatzea.

    4. Parkearena ez den edonolako publizitatea egitea. Parkean sorturiko ekonomi jardueren publizitatea parkearen publizitatetzat hartuko da.

    5. Energia edo fluidoak garraiatzeko, telekomunikazio seinaleetarako edo antzerakoetarako lurgaineko azpiegitura berriak egitea. Azpiegitura horiek lurpean jarri behar dira.

    6. Izki eta Berrón ibaien ubideen alde bietara, debekaturik egongo da eraikinak egitea 50 m-ko zabalerako lur-zerrendan. Salbuetsita daude urak babestu edota aprobetxatzeko eraikin edo instalazioak, baita gaur egun dauden instalazioen berrikuntza ere.

    7. Baimendutako tokietatik kanpo aparkatzea.

    8. Asfaltatu gabeko errepide, bide eta pistetatik motoredun ibiligailuak erabiltzea, nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzarako ez bada, edota aterpeei eta parkeari zerbitzu egiteko ez bada; izan ere, jarduera horietarako, pisten erabilera librea izango da. Parkeko organo kudeatzaileak debeku honen salbuespenak zehaztu ahal izango ditu gainerako jardueretarako, ehizarako batez ere. Salbuespen horien ondorioz, baimena emango da bide jakin batzuetatik ibilgailuak igaro daitezen eta bertan aparka daitezen.

    9. Sua olgeta-erabilera gisa egitea, horretarako baimendutako tokietan izan ezik.

    10. Parkeko baretasun eta lasaitasuna urratzea, ihes libreko ibilgailu, megafono, turuta, musika tresna, irrati edo antzerakoak bolumen gogaikarrian erabiliz.

    11. Zakarrak, eskonbroak, zaborrak edo beste edonolako isurkiak bota edo lagatzea, horretarako jarritako tokietan izan ezik.

    12. Hondakindegiak edo eskonbrotegiak jartzea, txatarra metatzea eta hiri zein industri hondakinak metatu, gorde eta deuseztea, Korres herriguneko hondakinak arazteko sistemak salbu direlarik.

    1. Sute baten ondoren erabilera aldatzea, zuhaitzik gabeko lurrak basotzeko ez bada.

    2. Animaliak hil, mindu, asaldatu edo aztoratzea, eta kumeak, arrautzak edo habiak biltzea, antolamendurako plan honetan jasotako kasuetan izan ezik.

    1. Landareak erauzi, suntsitu edo kaltetzea, antolamendurako plan honetan jasotako jardueretan izan ezik.

  3. – Ondoko jarduera hauetarako, beharrezkoa da parkeko organo kudeatzailearen baimena:

    1. Suaren erabilera estentsiboa.

    2. Ehiza-araubidearen aldaketa.

    3. Jarduera zientifikoak edo ikerketakoak, baldin eta parketik materialik atera behar bada, edo kanpamendu edo azpiegiturarik jarri behar bada.

    4. Heziketarako edozein azpiegitura jartzea, baldin eta parketik kanpoko pertsona edo erakunderen baten menpekoa bada.

    5. Pista berri bat irekitzea.

    6. Seinaleak jartzea, bideak markatzea, errotuluak, plakak mendiko gutunontziak eta abar jartzea.

    7. Gaur egun dauden eraikuntzetan edozein obra egitea.

    8. Korres herrigunetik kanpo, baimendutako erabilerei loturiko eraikuntza berriak egitea. Eraikuntza horiek egitean:

      • inguruko eraikuntzen itxura mantenduko da,

      • inguruko materialak erabiliko dira, eta

      • inguruko eraikitze-moduak errespetatuko dira.

        1. Oraingo herriguneen ondoko lurretan hiri-lurzorua edo lurzoru urbanizagaia deklaratzea.

          1. Lurzorua mugiaraztea, antolamendu plan honetan baimendutako jardueretarako —abeltzaintza, nekazaritza, basogintza, eraikuntza edo azpiegiturak— beharrezkoak diren aldaketak salbuetsita daudelarik. Beste eginera batzuk baimendu ahal izango dira, interes orokorrak horrela eskatzen duenean (zundaketak eta abar).

          2. Ibai eta erreken ubideetan jarduketak egitea.

          3. Urbazter edo hezeguneetako basoetan eta harkaiztegietan jarduketak egitea.

          1. Babestutako naturagunean dauden basanimalien espezieetako ale berriak sartzea. Natur baliabideak antolatzeko plan honen aplikazio-eremuan gaur egun ez dagoen edozein espezie sartzeko, baimenaz gain, beharrezkoa izango da jarraipenerako plan tekniko bat egitea. Plan horrek, gutxienez, eduki hauek izango ditu:

      • Inguruak halako espeziea hartzeko duen ahalmenari buruzko azterketak.

      • Beste espezie batzuekiko harremanak (elkarlehia, harrapaketak, parasitismoa).

      • Birpopulatu beharreko lurraldea eta eta populazioaren tamaina.

      • Kontrolerako neurriak.

        1. Ondare arkeologiko edo arkitektonikoan eragina duten jarduketak.

  4. – Natur baliabideen antolamendurako plan honetan jasota ez dagoen neurriren bat hartzea gomendatzen duen arrazoi biologiko, zientifiko, tekniko edo ekonomikorik egonez gero, parkeko organo kudeatzaileak ezarriko ditu neurri horiek hartzeko baldintza espezifikoak.

  5. – Parkeko organo kudeatzaileak emandako baimenetan, halako jarduera egiteko bete behar diren baldintzak ezar daitezke, eta jarduera, erabilera edo aprobetxamendua bukatutakoan lurra nolako egoeran utzi behar den zehaz daiteke.

  1. atala.– Muga espezifikoak.

  1. – Olgeta-jarduerak ondoko hauen arabera eraenduko dira:

    1. Baimenduta dago oinez ibiltzea parke osoan zehar, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak alderen batean debekua ezarri ezik.

    2. Baimenduta dago zaldiz, mendiko bizikletaz edo motorerik gabeko beste edozein ibilgailuz pista eta bideetatik ibiltzea, edota erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak zehazten dituen ibilbideetatik —halakorik egiten badu—. Ezin da, ordea, bide eta pista horietatik inola ere atera.

    3. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak zehaztutako tokietan izan ezik, debekatuta daude ondoko hauek guztiak: kanpaketa librea; kanpina egitea; kanpamenduak; ibilgailuak aparkatzea; picnica eta beste edozein olgeta-modu intentsibo; sua egitea eta egurra ebakitzea olgeta-jarduerak egiteko; ibilgailuak igarotzea olgeta-jarduerak egiteko; eskalada eta edozein kirol–jaduera egitea ibaien ubideetan, arrantza ezik, indarrean dagoen legeriaren arabera eraenduko baita ibaietako arrantza.

    4. Debekatuta dago arau honetan jasota ez dagoen beste edozein olgeta-jarduera egitea, parkeko organo kudeatzailearen baimena eduki ezik.

    5. Edonola ere, parkeko organo kudeatzaileak beste edozein olgeta-jarduera debekatu ahal izango du, baldin eta, haren ustez, delako olgeta-jarduera horrek beste jarduera batzuen garapen egokia eta/edo ekosistemen funtzionamendua funtsean aldatzen badu.

    6. Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plana onetsi arte, parkeko organo kudetzaileak behin-behinean zehaz dezake zein aldetan egin daitezkeen lehen zerrendaturiko olgeta-jarduerak.

  2. – Izkiko parkea ehiza-araubide bereziko aldetzat hartuko da, eta ez da onartuko alde libreak egoterik. Hala, alde bakoitzarentzako ehiza-plan espezifiko baten arabera eraenduko da ehiza. Plan hori ehiza-eskubideen onuradunekin koordinaturik egingo da.

  1. atala.– Osoko erreserbako aldeak.

  1. – Gotxi gora-behera 40 hektareako aldea da, eta Alkanduzko istilaren inguruetan kokatzen da. Natur interes handiko aldea da. Zuhaitzei dagokienez, hainbat espezie daude: haritzak, pagoak, urkiak, haltzak eta abar. Oro har, tamaina handiko zuhaitzak dira nagusi, eta hori ez da oso ohikoa lurraldearen gainerako aldeetan. Alde honetan, Dendrocopos medius espeziearen dentsitate handia duten guneak aurkitu dira, espezie hori penintsula osoan urria izan eta arriskuan egon arren. Espezie hori, bestetik, ondo zaindutako baso-ekosistema helduen adierazgarria da.

  2. – Aldearen berezitasunak zaintzeko, eta heziketarako ematen dituen aukerak aprobetxatzeko, alde hauetan izan ohi diren muga orokorrez gain, debekaturik daude era guztietako erabilera eta jarduerak, baita eraikuntza-lanak edo azpiegiturak zein eraikinak mantentzekoak, edota beste edozein giza jarduketa ere. Ondoko jarduera hauek salbuetsiko dira:

    1. Paseatzea, beti ere zehazten diren baldintzak begiratzen direlarik.

    2. Pisten mantenimendua.

    3. Ibilgailuen zirkulazioa, beti ere muga orokorrak begiratzen direlarik.

    4. Landare-osasunerako tratamenduak.

    5. Heziketarako jarduerak eta ingurugiroaren zabalkundearekin zerikusia dutenak.

    6. Abereak alde honetan egotea, jarritako helburuak lortzeko oztopoa ez bada.

    7. Parkeko organo kudetzaileak interesgarri iritzi eta beren beregi baimentzen dituen gainerako jarduerak.

  3. – Kasu berezietan, olgeta-jarduera batek nahi ez bezalako eraginik izan ahal badu alde hauen helburuetan, parkeko organo kudeatzaileak artapen-beharrizanen arabera antolatuko du delako olgeta-jarduera hori.

  4. – Ez da onartuko gaur egun ez dagoen espezierik alde honetara ekar dadin.

  1. atala.– Erreseba aldeak.

  1. – Balio ekologiko handiko aldeak dira, eta toki hauetan kokatzen dira: Arluzea, Muela eta Soilako gailurrak, Izkiko sakana, Los Ríos, San Romango urkidia, Apinanizko hagin-basoa, eta Arizulo errekastoaren goi-ibarreko eta Kapildui mendiaren hegoaldeko hegaleko zohikaztegiak.

  2. – Aldearen berezitasunak zaintzeko, eta heziketarako ematen dituen aukerak aprobetxatzeko, alde hauetan izan ohi diren muga orokorrez gain, debekaturik daude era guztietako erabilera eta jarduerak, baita eraikuntza-lanak edo azpiegiturak zein eraikinak mantentzekoak, edota beste edozein giza jarduketa ere. Ondoko jarduera hauek salbuetsiko dira:

    1. Paseatzea, beti ere zehazten diren baldintzak begiratzen direlarik.

    2. Pisten mantenimendua.

    3. Ibilgailuen zirkulazioa, beti ere muga orokorrak begiratzen direlarik.

    4. Landare-osasunerako tratamenduak.

    5. Osasun helburuekin edo basoak birsortzeko egiten diren ebaketa kontrolatuak, eta, interesgarriak izanik, parkeko organo kudeatzaileak beren beregi baimentzen dituen gainerako ebaketak. Berezko birsorketarik gabeko unaden kasuan, egurra atera daiteke —beti ere lurrean eraginik ez duten metodoen bidez—, eta, gero, hesiak jar daitezke basoa berritzeko.

    6. Uren aprobetxamendua, arauteria espezifikoaren arabera.

    7. Ehiza, beti ere zehazten diren baldintzak begiratzen direlarik.

    8. Heziketarako jarduerak eta ingurugiroaren zabalkundearekin zerikusia dutenak.

    9. Abereak alde honetan egotea, jarritako helburuak lortzeko oztopoa ez bada.

    10. Baimendutako erabilerek behar bezala funtzionatzeko ezinbestekoak diren azpiegiturak eraiki eta mantentzea.

    11. Parkeko organo kudetzaileak interesgarri iritzi eta beren beregi baimentzen dituen gainerako jarduerak.

  3. – Kasu berezietan, olgeta-jarduera batek nahi ez bezalako eraginik izan ahal badu alde hauen helburuetan, parkeko organo kudeatzaileak artapen-beharrizanen arabera antolatuko du delako olgeta-jarduera hori.

  4. – Ez da onartuko gaur egun ez dagoen espezierik alde honetara ekar dadin.

  1. atala.– Eraginkortasunez artatu beharreko aldeak.

  1. – Natur intereseko aldeak dira, zeinen artapena egungo erabileren mantenimenduarekin loturik baitago.

  2. – Alde hauen egungo egoera mantentzeko, muga orokorrez gain, debekaturik daude alde hauetan gaur egun ez dauden erabilera guztiak. Horri dagokionez, hauek dira gaur eguneko erabilerak:

    1. Abeltzaintza:

      • Larratze estentsiboa.

      • Larrediak egiteko eta hobetzeko jarduerak.

      • Erlazaintza.

    2. Basogintza:

      • Berezko basoen aprobetxamendua, baso-soilketak izan ezik.

      • Baso berrituen aprobetxamendua.

      • Baso-berritzeak.

    3. Olgeta-erabilera:

      • Olgeta estentsiboa.

      • Olgeta lineala.

    4. Ehiza eta arrantza.

    5. Jarduera zientifikoak, heziketakoak eta ikerketa.

    6. Uraren eta energiaren aprobetxamendua:

      • Ur-hartuneak eta ur-bilketak.

    7. Eraikuntza eta azpiegiturak:

      • Aurreko erabilera edo jardueren garapen egokirako behar-beharrezkoak direnen eraikuntza.

  3. – Erabilera-aldaketa guztiak, baimenduak izan daitezen, hobekuntza ekologikora zuzendu behar dira, eta beharrezkoa izango da parkeko organo kudeatzaileak onespena eman dezan. Salbuespenez eta behar bezala justifikaturiko arrazoi sozioekonomikoak daudelarik, bestelako erabilera-aldaketaren bat onartu ahal izango da, gaur egun alde hauetan dauden erabileren barruan.

  4. – Ez da inola ere onartuko espezie autoktonoek osatutako zuhaiztiren bat soiltzea dakarren erabilera-aldaketarik.

  1. atala.– Hobe-bidean jarri beharreko aldeak.

  1. – Alde hauetan, lurzoruari eman zaion erabilera desegokitzat hartu da, eta ondorio txarrak eduki ditu alde hauen artapenerako. Hona hemen alde hauen adibideak: San Kristobalgo hegoaldeko hegaletako marga- eta buztin-gaien higadurak, edo Muela eta Soilan berritutako basoak.

  2. – Alde hauen kalitatea hobetzeko helburuaz, parkeko organo kudeatzaileak neurri bereziak hartu behar ditu, hobe-bidean jarri beharreko aldeetarako jarduera-plan batean jasoko direnak. Plan hori, bestetik, alde honetako abeltzaintzarekin bateragarria izango da.

  1. atala.– Nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza bultzatzeko aldeak.

  1. – Alde hauetan kalitate ekologikoa ez da oso handia, erabilera nagusiak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza dira, eta erabilera horiek egokiak dira eta hobetzeko moduan daude.

  2. – Alde hauetan ahalegin berezia egingo du parkeko organo kudeatzaileak, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza sustatzeko neurriak hartzeko.

  1. atala.– Lehengoratzeko aldea.

  1. – Atauriko meategia dagoen ingurua hartzen du alde honek bere baitan. Meategi horretan erauztoki eta eskonbrotegi txiki batzuk daude.

  2. – Alde hau ahalik egoerarik onenean mantentzeko xedeaz, muga orokorrez gain, ondoko hauek aplikatuko dira alde honetan:

    1. Debekatuta dago eskonbrotegietan edozein jarduera edo lan egitea, eskonbrotegien egonkortasuna eta lehengoratzea bermatzeko egiten direnak salbu.

    2. Debekatuta dago eskonbrotegietatik mineralak biltzea, parkeko organo kudeatzailearen baimena eduki ezik.

  3. – Indarrean dauden lizentzien aprobetxamendua plan tekniko baten arabera egingo da, eta, horretarako, beharrezkoa da parkeko organo kudeatzaileak plana onets dezan.

  1. atala.– Hiri-lurzoruko eta azpiegituren zortasuneko aldea.

  1. – Alde honen barruan, hiri lurzorutzat edo lurzoru urbanizagaitzat hartutako aldeak eta jarraian adieraziko diren azpiegiturak —beraien zortasun-eremuak barne— sartzen dira:

    1. Errepideak.

    2. Ur-ekarketak eta ur-biltegiak.

    3. Ur-hartuneak.

    4. Linea telefonikoak eta elektrikoak.

    5. Telekomunikazioetako errepikagailuak.

  2. – Antolamendu-planoan ez da egin alde honen irudi kartografiko zehatza, aldearen mugak alda bailitezke Arraia–Maeztu udalerriak Korres herriguneko hiri lurzorua eta lurzoru urbanizagaia antolatzeko ezartzen dituen irizpideen arabera.

  3. – Aplikatzekoa den legeria espezifikoa aplikatuko da alde hauetan. Halako jarduketa batek zerikusirik ez badu arau espezifikoek xedatutakoarekin, orduan muga orokorrak aplikatuko dira.

Ingurugiroaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Errege Dekretuan eta bera garatzen duten arauetan aurreikusitakoez gain, jarraian adieraziko diren jarduerak, obrak edo instalazio publiko zein pribatuak dekretu horretan eta bera garatzeko arauetan aurreikusten den ebaluazio–araubidera makurtuko dira:

  • Energia elektrikoa garraiatzeko lineak, erregai fosil fluidoak, lurrina eta ur beroa garraiatzeko lineak eta telefono–lineak eraikitzeko proiektuak.

  • Saihesbideak eta errepideen trazaketaren aldaketak, 500 m–tik gorakoak badira.

  • 2 km baino gehiagoko landabide eta basabideak.

  • Ibai eta erreken ubide, hegi edo urbazterren aldaketa dakarren edozein obra edo instalazio.

  • Ibai edo erreketako ur-emarien ohiko kopuruen aldaketa dakarten arauketa hidrologikoak.

  • Parke naturalean egun ez dagoen edozein basanimali espezie sartzea.

  • Abereen hazkuntza intentsiborako abeletxeen instalazioa, baldin 1.000 m.2-tik gorako azaleran badute eragina.

  • Arrain hazlekuen eta abere haragijaleak hazteko abeletxeen instalazioa.

  • Basoak berritzea eta baso-ustiapenak, eragina 5 ha-tik gorako azaleran badute eta zuhaitz-estalkia ezabatzea badakarte.

  • Kanpinak jartzea.

  • Udal plangintzaren aldaketak, aldaketa horien ondorioz lurzoru urbanizaezina lurzoru urbanizakor edo lurzoru urbanizagai bilakatzen bada.

Arauteria honen konplimendua, bere helburuena eta irizpideena egiaztatzeko, jarraipen-plan bat egingo da, zeinen helburua izango baita antolamendurako plan honekin erlazionaturiko jardueren kontrol eta jarraipena egitea.

Egindako jardueren emaitzari buruzko ondorioak aterako ditu jarraipen planak, eta sumatutako arazoak konpontzeko moduak proposatuko ditu. Plan hori urtean-urtean egingo da, eta zuzendari-artatzaileak jarduerei eta emaitzei buruz aurkeztu behar duen urteko memoriaren parte izango da.