Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

370/1995 DEKRETUA, uztailaren 11koa, arrazakeria, xenofobia, antisemitismoa eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainaren Euskal Batzordea osatzeko eta horren osakera eta funtzionamendua arautzeko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 142
  • Hurrenkera-zk.: 2966
  • Xedapen-zk.: 370
  • Xedapen-data: 1995/07/11
  • Argitaratze-data: 1995/07/27

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Europako Kontseiluko estatu eta gobernu buruen goi bileran, Vienan burutu zena 1993ko urrian, Europako Kontseiluaren Ekintzarako Plan Orokorra egitea erabaki zen elkarbizitza demokratikoa sendotzeko alde batetik eta intolerantzia eta diskriminazioari aurka egiteko bestetik. Asmo horren barruan kokatzen da arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpaina, 1995. urtean zehar burutuko dena. Kanpaina horrek aurrera egin dezan beharrezkoa da estatu, autonomi eta herri mailako batzordeak sortzea. Euskal Herriko Autonomi Estatutuaren 10.39. atalak Euskal Autonomi Elkarteari eskumen esklusiboa ematen dio gizarte garapenari, emakumezkoen babesari eta haur, gazte eta hirugarren adinekoen aldeko politikari dagokionean. 1981eko martxoaren 23ko Dekretuaren bidez Transferentzietako Batzorde Mistoaren erabakia onartu zen Estatuak zenbait esparrutan, Gazterian eta Suspertze Soziokulturalean, besteak beste, zerbitzuak Euskal Autonomia Elkartearen esku utz zitzan irailaren 26ko 3069/1980 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz. Gazteriaren alorrari dagozkion eskumenak Kultura Sailarenak dira, hala jasota ageri da urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta ihardun-arloak finkatzen dituena hain zuzen. Eusko Jaurlaritza Kanpaina horrek duen garrantziaz jabetzen da, bere egiten ditu bertan azaltzen diren helburuak eta helburu horiek Euskal Autonomi Elkartean lor daitezen saiatzen da. Horregatik, eta horren alde lan egin nahian, Euskal Batzordea osatzea ezinbestekoa dela uste du. Batzorde hori izango litzateke kanpainaren eragile Euskal Autonomi Elkartean, jendeari, gazte jendeari batipat, arazo horretan pentsarazteko eta aktiboki parte har dezan animatzeko. Batzordea, bere osaera eta izaera dela eta, bide aproposa izango da arrazarengatik edo ideologiarengatik diskriminaziorik egiten bada horren aurka egiteko eta hartu beharreko neurriei buruz aholkua emateko nahiz neurri horiek har daitezela laguntzeko modua eskaintzeko. Hori horrela, Kultura sailburuak proposatuta eta 1995eko uztailaren 11an Jaurlaritzaren Kontseiluak egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hauXEDATU DUT : 1. atala.- Dekretu honen helburua da arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainako Euskal Batzordea sortzea eta horren funtzionamendua arautzea. Batzorde horrek aholku eta laguntza emango dio Eusko Jaurlaritzari Europako Kanpaina horri dagozkion gaietan. 2. atala.- Arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainaren Euskal Batzordea Kultura Sailari atxikiko zaio eta Dekretu honetan ezarritako izaera, osaera, eskumenak, eta funtzionamendu arauak izango ditu. 3. atala.- Honako hau izango da arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainaren Euskal Batzordearen osaera: 3.1.- Ohorezko lehendakaria. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izango da batzordearen ohorezko lehendakaria, bera izango da ordezkari nagusia. 3.2.- Lehendakaria. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izango da lehendakaria, bera izango da ordezkari ohizkoa. 3.3.- Lehendakariordea. a) Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, bera izango da lehen lehendakariordea. b) Euskadiko Gazteria Kontseiluko burua, bera izango da bigarren lehendakariordea 3.4.- Bokalak. a) Eusko Jaurlaritzako Gazteri eta Gizarte Ekintzarako zuzendaria. b) Diasporarekiko Harremanetarako eta Garapenerako Kooperaziorako zuzendaria. c) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Pedagogi Berrikuntzako zuzendaria. d) Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Giza Eskubidetarako zuzendaria. e) Eusko Jaurlaritzako Justizi, Ekonomi, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko Gizarte Ongizateko zuzendaria. f) Emakundeko zuzendaria g) Hiru lurralde historikoetako Foru Aldundietako Gazteri zuzendariak. h) Hiru euskal hiriburuetako Gazteri zinegotziak. i) EUDELeko ordezkari bat. j) Euskadiko Gazteria Kontseiluko hiru ordezkari. k) Euskal Autonomi Elkartean kokatuta dauden eta arrazismoaren aurka lan egiten duten elkarte nahiz gobernukoak ez diren erakundeetako ordezkariak, etorkinen elkarteetako ordezkariak, gutxiengo etnikoen elkarteetako ordezkariak eta gazte elkarteetako ordezkariak. Gehienez ere 30 izango dira, Kultura sailburuak gonbidatuta. l) Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Gazteri eta Gizarte Ekintzarako teknikari bat, idazkari lana egingo duena. 4. atala.- Honako eginkizun hauek izango ditu arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainaren Euskal Batzordeak: 4.1.- Kanpainaren erantzukizuna bere gain hartu Euskal Autonomi Elkartean, Europa osorako emandako arauak errespetatuz. 4.2.- Ekintzak bultzatzea, elkarte osoan nahiz tokian tokian burutzekoak. 4.3.- Vienako goi bileran erabakitakoa betetzen dela bermatzea eta hori ziurtatzeko egin beharrekoak egitea. 4.4.- Elkarte mailan eta herri mailan egiten diren ekintzak koordinatzea eta herriak, Autonomi Elkartea eta Estatua harremanetan daudela ziurtatzea. 4.5.- Ikastetxeen, komunikabideen, gobernukoak ez diren erakundeen eta abarren partaidetza bultzatzea eta eragitea. 4.6.- Kanpaina bestelako ekintzekin bateratzea, esate baterako Nazio Batuen Tolerantziaren Urtearekin eta Gazteriaren Urtearen urtemugarekin. 5. atala.- Dekretu honek arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainako Euskal Batzordeari ematen dizkion zereginak bete ahal izateko, lantalde iraunkor bat izendatu ahal izango du bere baitan hala erabakitzen baldin badu. Lantalde iraunkor horrek Euskal Batzordeak erabaki eta eztabaidatu beharreko lan eta txostenak prestatuko ditu. 5.1.- Lantalde iraunkorraren burua Eusko Jaurlaritzako Gazteri eta Gizarte Ekintzako zuzendaria izango da eta 10 bokal izango ditu Euskal Batzordea osatzen duten kideen artetik aukeratuak. Hori ondoko proportzioaren arabera egingo da: a) Eusko Jaurlaritzako Sailen ordezkari gisa, bat. b) Foru Aldundietako ordezkari gisa, bat. c) EUDELen ordezkari gisa, bat. d) Hiru lurralde historikoetako hiriburuetako Udalen ordezkari gisa, bat. e) Euskadiko Gazteri Kontseiluaren ordezkari gisa, hiru. f) Arrazismoaren aurka lan egiten duten elkarte nahiz gobernukoak ez diren erakundeetako ordezkari, etorkinen elkarteetako ordezkari, gutxiengo etnikoen elkarteetako ordezkari eta gazte elkarteetako ordezkari gisa, hiru. 5.2.- Bokal horiek Kultura sailburuaren agindu bidez izendatuko dira ordezkatzen duten entitateek beren izena proposatu ondoren. 5.3.- Idazkaria Bazordeko idazkaria bera izango da eta hitzegiterik izango badu ere ez du boto emateko eskubiderik izango. 6. atala.- Euskal Batzordea lau aldiz bilduko da gutxienez kanpainak dirauen artean, eta bere eginkizunak betetzeko gehiagotan biltzea behar bada, gehiagotan ere bilduko da. Bilerarako deia batzordeko lehendakariak egingo du, berak hala nahi duelako edo bokalek nahiz lantalde iraunkorreko kideen heren batek proposatzen diolako. 7. atala.- Arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainako Euskal Batzordea 1996an desegingo da, Kanpainari buruzko txostena egin ondoren. GEHIGARRIZKO XEDAPENAK Lehena.- Dekretu honetan ezarritako xehetasunak xehetasun, Euskal Batzordearen funtzionamendua azaroaren 26ko Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazioko Ihardunbideari buruzko 30/1992 Legearen arauetan ezarritakoari egokituko zaio. Bigarrena.- Arrazakeriaren, xenofobiaren, antisemitismoaren eta intolerantziaren aurkako Gazteriaren Europako Kanpainarako Euskal Batzordea bi hilabeteko epean eratu beharko da, Dekretu hau indarrean jartzen den egunetik kontatzen hasita. Hirugarrena.- Dekretu honetan ezarritakoa hedatzeko behar beste xedapen emateko ahalmena ematen zaio Kultura sailburuari. AZKEN XEDAPENA Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoko egunean jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteizen, 1995eko uztailak 11. Jaurlartzaren lehendakariordea, JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU. Kultura sailburua, M.ª KARMEN GARMENDIA LASA.