Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

281/1995 DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Kultura Sailaren egitura organikoa finkatzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Kultura
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 118
  • Hurrenkera-zk.: 2528
  • Xedapen-zk.: 281
  • Xedapen-data: 1995/05/30
  • Argitaratze-data: 1995/06/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Sailak

Testu legala

Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren sailak sortu, kendu eta aldatzeko modua arautuaz urtarrilaren 3an onartutako 1/1995 Dekretuaren arabera, Kultura Saila da Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren sailetako bat eta, horrenbestez, Dekretu horretan bertan ezartzen da iharduera-esparru eta zeregin orokorren artean zeintzuk diren Kultura Sailak eginkizun dituenak. Aipatutako dekretuari jarraituz, Kultura Sailari behar den moduko egitura organikoa eman behar zaio bere esku utzitako zereginak era egokian betetzeko modua izan dezan. Egitura hori eratzerakoan aintzakotzat hartu dira CORAME, Herri Administrazioa Hobetu eta Egokitzeko Batzordeak osatutako txostenean proposatzen diren antolamendu irizpideak (Jaurlaritzaren Kontseiluak 1994ko ekainaren 28an onartutako txostena). Ildo horretatik, ekainaren 11ko 367/1991 Dekretua da egitura berriaren oinarri, horren bitartez arautu baita orain arte Kultura Sailaren egitura organikoa. Hortik abiatuta, Hizkuntza Politikaren arloa ere erantsi zaio duela gutxi Kultura Sailari. Baina, dena den, ez da besterik gabe, Lehendakaritza Idazkaritzaren antolaketa eta funtzionamendua finkatuz apirilaren 23an onartutako258/1991 Dekretuari jarraituz, Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia aurrerantzean Kultura Saileko bi Sailordetzetako bat izatea, CORAMEk emandako aholkuei jarraituz, orain arte Kultura Sailaren barruan zegoen Euskararen Sustapenerako Zuzendaritza ere Hizkuntza Politikaren baitan izango baita hemendik aurrera. Ondorioz, ekainaren 30ean onartutako 7/1981 Legearen 26.2. atalean ezarritakoari jarraituz, Kultura sailburuak proposaturik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1995eko maiatzaren 30ean egindako bileran gai hau aztertu, eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxeXEDATU DUT:I. ATALBURUA ANTOLAKETA OROKORRAZ 1. atala.- Kultura Sailak, sailburua buru eta goreneko zuzendari dela, urtarrilaren 3ko 1/1995 Dekretuaren 13. atalean ezarritako iharduera esparruak eta zereginak beteko ditu. 2. atala.- Aurreko atalean aipatutako iharduera esparruak eta zereginak bete ahal izateko, Kultura Saila honako era honetara antolatuta egongo da: a) Organo nagusiak: 1. Kultura sailburua. 1.1. Zuzendaritza Batzordea. 1.2. Sailburuari laguntzeko Kabinetea. 1.3. Zerbitzu Zuzendaritza. 2. Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetza. 2.1. Kultura Ondarearen Zuzendaritza. 2.2. Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza. 2.3. Kirol Zuzendaritza. 2.4. Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza. 3. Hizkuntza Politikarako Sailordetza. 3.1. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza. 3.2. Euskara Sustatzeko Zuzendaritza. 3.3. Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza. b) Ordezko Organoak. 1. Arabako Lurralde Ordezkaritza. 2. Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza. 3. Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza. 3. atala.- Era berean, Kultura Sailari lotuta daude ondorengo Administrazio erakundeok ere: a) Helduen Alfabetatze Berreuskalduntzerako Erakundea / Instituto de Alfabetización y Reeskaldunización de adultos (HABE), Administrazio Erakunde Autonomoa. b) Soin Hezkuntzako Euskal Erakundea / Instituto Vasco de Educación Física (SHEE/IVEF), Administrazio Erakunde Autonomoa. c) Euskal Irrati-Telebista / Radio Televisión Vasca (EITB), Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa eta horri lotuta dauden Elkarteak. d) «Orquesta de Euskadi, S.A.» Baltzu Publikoa. e) «Euskal Media, S.A.» Baltzu Publikoa.II. ATALBURUA SAILBURUAZ 4. atala.- 1.- Kultura sailburuak ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. ataletan emandako ahalmenak izango ditu baita Jaurlaritzaren Legean ezarritakoak eta indarrean dagoen legediak Kultura Sailaren iharduera esparruei dagokienez emandako gainerako guztiak ere. 2.- Era berean, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10.h) atalean ezarritako zigorbidea erabiltzeko ahalmena ere izango du. 5. atala.- Zuzendaritza Batzordea sailburuordeek, Zerbitzu zuzendariek eta Laguntzarako Kabinete zuzendariek osatzen duten organu kolegiatu bat da eta sailburua da batzordeburu. Honako hauexek izango dira Batzordearen zereginak: a) Sailburuarekin lankidetzan ihardutea Sailaren politika eratzerakoan. b) Saileko erakunde guztiek elkarri ondo egokituta ihardun dezaten begiratzea. c) Bestelako gaietan ere sailburuari laguntzea, berak hala eskatzen duenean.I. SEKZIOA Sailburuari Laguntzeko Kabineteaz. 6. atala.- 1.- Aurreko atalean adierazitako ahalmenak erabiltzerakoan, Kultura sailburuak bere esku izango ditu beti Laguntzarako Kabinete Zuzendaritzaren laguntza eta aholkularitza. Batzorde hori sailburuaren pean egongo da zuzenki. 2.- Sailburuari Laguntzeko Kabinete zuzendariak honako zeregin hauek izango ditu: a) Kultura sailburuari laguntza emango dio Kultura Sailari komunikabide sozialen arloan emandako konpetentziak gauzatzerakoan; batez ere, frekuentzia modulatudun irratietarako baimenei, informazio agentziei eta idatzizko prentsari dagokienez, Euskal Irrati Telebista / Radio Televisión Vasca erakundearen esku dauden zereginak salbuespen direla. b) Euskal Autonomi Elkarteko IrratiZabalkunderako Epresen erregistroa eramango du, uztailaren 12ko 296/1994 Dekretuan finkatzen denaren arabera. Ahalmen eremu horien barruan, telekomunikazioei buruzko arauetan ezartzen denaren arabera Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioari dagozkion zigorrak ezarriko ditu. c) Kultura Sailaren iharduera alorretan egoki iritzitako ikerketak zein txostenak osatzea edo agintzea, kultura politika eraginkorra eta koherentea osatzeko oinarri izan daitezkeen gaietan. d) Kultura Sailak bere zereginak burutzerakoan beste Administrazio Publikoekin zein erakunde pribatuekin izan beharreko harreman protokolarioak koordinatzea eta Saileko ekitaldi publiko zein ofizialak antolatzea. e) Kultura Sailak oro har komunikabide sozialekin izan beharreko harremanak bideratzea eta komunikabideetan Kultura Sailaren iharduera esparruez adierazitakoak aztertzea. f) Aurreko puntuetan adierazitako zereginei loturik agin dakizkiokeen gainerako betebeharrak. 3.- Era berean, Sailburuari laguntzeko Kabinetearen bitartez, Kultura Sailari lotuta daude Consejo General de Cultura Vasca / Euskal Kulturaren Kontseilu Orokorra (abenduaren 15eko 376/1987 Dekretuaz arautua) eta Euskararen Aholku Batzordea (urtarrilaren 11ko 5/1982 Dekretuaz sortua eta abenduaren 15eko 370/1987 Dekretuaz moldatua).III. ATALBURUA SAILORDETZEI ETA ZUZENDARITZEI BURUZ 7. atala.- Sailburuorde bat izango da Saileko Sailordetza bakoitzaren buru, beren eginkizunak honako hauek direla: a) Bakoitzak, berari dagokion arloan iharduera politika osatzea eta sailburuari proposatzea, aldi berean, eurek zuzenean zein beren menpe dauden erakundeen bitartez, behar den laguntza tekniko guztia emanez. b) Bakoitzaren iharduera esparruan arau proiektuak proposatzea. c) Zuzendaritza zentruen eta Sailordetzari lotutako erakundeen funtzionamendua zuzendu, koordinatu eta begiratzea. Hartu beharreko neurri guztiak hartzea aipatutako guztiek modu egokian ihardun dezaten. d) Ekitaldietan Sailaren izenean ihardutea, sailburuak horrela eskatuz gero. e) Administrazio errekurtsoez ebaztea, erabakiak hartzea eta, indarrean dagoen legediaren arabera izenpetu beharreko lankidetza eta elkarlan hitzarmenak sinatzea. f) Kontratazio erakunde gisa ihardutea bere arloari dagozkion gaietan. g) Eta, indarrean dagoen legediak beren esku utzitako zeregin eta eginkizun guztiak betetzea.I. SEKZIOA Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzaz eta bere zuzendaritzez. 8. atala.- 1.- Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzari dagozkio, Kultura Sailak ondoko arlo hauetan dituen zereginak: kulturaren sustapena arlo eta esparru guztietan; euskal kultura ondarea zaindu, babestu, aberastu, indartu, zabaldu eta hedatzea; eta kirolak, gizarte garapena, haur, gazte eta adinduen politika eta aisialdia sustatzeko eta antolatzeko zereginak. 2.- Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritako kategorien arabera, euskal kultura ondarea osatzen duten ondasunak sailkatu edo inbentarioan sartzeko espedienteei bideak eginarazterakoan, Administrazioaren beste erakunderen baten esku ez dauden eta beharrezko diren erabakiak bideratu eta hartuko ditu. Era berean, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen arabera eta ondare historikoartistikoa babesteko eta zaintzeko indarrean dagoen gainerako arauei jarraituz, beharrezko denean zigor espedienteak hasi eta zigorrak ezarriko ditu Eusko Jaurlaritzaren izenean. 3.- Kultura, Gazteria eta Kirol Sailordetzaren mendean egongo dira honako zuzendaritza hauek: a) Kultura Ondarearen Zuzendaritza. b) Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritza. c) Kirol Zuzendaritza. d) Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza. 9. atala.- 1.- Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagozkio euskal kultura ondarea babestu, aberastu, zaindu, zabaldu eta suspertzeko lanak, beti ere, uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoak eta Legea garatzerakoan har litezkeen erabakiak errespetatuta. Ondorengo hauexek dira Zuzendaritza honek berariaz dituen zereginak: a) Uztailaren 3ko 7/1990 Legearen bidez sortutako Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorra eta Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea, antolaketa eta funtzionamendu araudiak ezarritakoari jarraituz. b) Euskal Kultura Ondarearen Zentruaren kudeaketa administratiboa. c) Biblioteka, Artxibo eta Museo Sistema Nazionalak kudeatzea, bakoitzari dagokion araudian ezarritakoari jarraituz. d) Kultura Ondarearen arloan arauak ez errespetatzeagatik zigor-espedienteei bideak eginaraztea, arlo horretan zigorrak jartzea Kultura Saileko erakundeei baitagokie. e) Legezko gordailuari eta I.S.B.N. delakoari dagozkien zereginak betetzea indarrean dagoen legediari jarraituz. f) Jabego Intelektualaren Erregistroak dakartzan zereginak betetzea indarrean dagoen legediaren arabera. g) Sorkuntza artistikoa babestea, suspertzea eta hedatzea Euskal Autonomi Elkartean. h) Museoetan ikusgai egon daitezen zein artelan erosi proposatzea Euskal Autonomi Elkartearen Administrazioari. i) Eta, orohar, aurreko puntuetan adierazitako zereginei loturik egon daitezkeen gainerako betebeharrak. 2.- Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren bitartez, Kultura Sailari lotuta dago Consejo Asesor del Patrimonio Arquitéctonico Monumental de Euskadi / Euskadiko Monumentu eta Arkitektura Ondarearen Aholku Batzordea, urriaren 23ko 284/1990 Dekretuaz sortua. 10. atala.- 1.- Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzari dagokio honako betekizun hauek garatzea: a) Kulturgintzarako sorkuntza lanak diren aldetik, musika, antzerkigintza, zinemagintza eta ikusentzuteko medioak sortu, jaso, bildu, zaindu, babestu eta zabaltzeko egin beharreko guztiak burutzea. b) Helburu artistikoak eta kulturalak dituzten kultura elkarteak eta ekintza pribatuak sortzeko eta sustatzeko lanak egitea. c) Zinea, musika, antzerkia, dantza eta folklorearekin zerikusirik duten jaialdiak, lehiaketak, emanaldiak eta leku egokiak egon eta egin daitezen suspertze lanak egitea. d) Euskal Autonomi Elkartearekin zerikusirik duten urteurren eta kultura ospakizunetan laguntza ematea eta, hala badagokio, hori dena bideratu eta kudeatzea. e) Eta, oro har, aurreko puntuetan adierazitako zereginekin zerikusirik duten gainerako eginkizunak ere burutzea. 2.- Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzaren bidez Kultura Sailari lotuko zaizkio honako hauek ere: a) Euskal Ereslarien Bilduma/Archivo de Compositores Vascos, «Eresbil» Patronatoa, maiatzaren 6ko 110/1986 Dekretuaz sortua. b) «Junta Asesora de Teatro/Antzerkirako Aholku Batzordea», abenduaren 15eko 381/1987 Dekretuaz eratua. c) «Junta Asesora de Cinematografía/Zinemagintzarako Aholku Batzordea», abenduaren 15eko 377/1987 Dekretuaz sortua. d) «Junta Asesora de Danza y Folklore/Dantza eta Folklorerako Aholku Batzordea», abenduaren 15eko 378/1987 Dekretuaren bidez eratua. e) «Junta Asesora de Música/ Musikarako Aholku Batzordea», abenduaren 15eko 380/1987 Dekretuari esker osatua. 11. atala.- 1.- Kirol Zuzendaritzari dagokio honako zeregin hauek betetzea: a) Kirol arloa arautzeko proiektuak osatzea. b) Euskal Herriko Kirol Elkarte eta Federazioen Erregistroa zuzentzea eta kudeatzea. c) Kirol federazioei beren zereginetan laguntzea eta eurekin kolaboratzea indarrean dagoen araudian ezarritakoari jarraituz. d) Kirol bazkidetza eta elkartasuna sustatzea kirolaren esparru guztietan. e) Goi-mailako kirola sustatzea. f) Bertako kirolak laguntzea eta suspertzea. g) Euskal kirola estatu osoan eta nazioartean zabal dadin laguntzea. h) Euskal Herrian kirol instalakuntza sare zabal bat izan dadin plangintzak osatzea eta bultzatzea. i) Kirolarekin eta iharduera fisikoarekin zerikusirik duten ikerketa zientifiko eta teknikoak suspertzea. j) Indarrean dagoen legediak arlo honetan ikuskatu, begiratu eta zigorrak jartzeko ematen dizkion zereginak betetzea eta kirol federazioen artean sor litezkeen auziak konpontzea. k) Eta, oro har, aurreko puntuetan adierazitako zereginei loturik egon daitezkeen gainerako betebeharrak burutzea. 2.- Kirol Zuzendaritzari lotuta egongo da otsailaren 19ko 5/1988 Legearen bidez sortutako Kirolerako Euskal Batzordea. 3.- Kirol Zuzendaritzari dagokio Kirol Zigorbiderako Euskal Batzordeari beharrezko diren bitarteko guztiak ematea bere zereginak modu egokian bete ditzan. 12. atala.- 1.- Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritzari dagokio ondorengo zeregin hauek betetzea: a) Arauak ezartzeko proiektuak egitea komunitate garapenerako alorrean, haur, gazte eta adindunen politikan eta aisialdi eta atsedenaldi gaietan. b) Sustapen soziokulturalerako planak eta, hezkuntza, kultura eta gizarte ikuspegietatik aisialdia sustatzeko egitasmoak burutzea. c) Zuzeneko iharduerak burutzerakoan, Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioak hartu beharreko neurriak garatzea ondorengo arlo hauetan: - Haur eta gazteentzako aisialdi eskolak, begiraleak eta zuzendariak. - Aisialdiaren alorrean suspertzaile soziokulturalak eta gazteentzako zerbitzu zentruetan diharduten langileak hezten ari diren irakasleak. Pertsona horien trebaketa, hobekuntza eta izan beharreko ezaugarriak. - Gazteentzako zerbitzuak eta, batez ere, honako hauek: erresidentziak, aterpetxe komunitarioak eta gazteentzako gainerako instalakuntzak; gazteen turismoa eta beren arteko elkartrukaketak. - Gazteriari eta gizarte ekintzari dagokienez bete beharreko gainontzeko zeregin guztiak. d) Eta, oro har, aurreko puntuetan adierazitako zereginei loturik egon daitezkeen gainerako betebeharrak ere burutzea. 2.- Gazteria eta Gizarte Ekintzarako Zuzendaritza izango da Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren eta Consejo de la Juventud de Euskadi / Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko harremanak zuzendu eta bideratuko dituena, Gazteria eta Gizarte Ekintzarako zuzendaria izanik arlo horretan Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria, maiatzaren 27ko 6/1986 Legearen 14. atalean ezarritakoari jarraituz.II. SEKZIOA Hizkuntza Politikarako Sailordetzaz eta bere Zuzendaritzez. 13. atala.- 1.- Hizkuntza Politikarako Sailordetzak Dekretu honen 7. atalean ezarritako zereginak izango ditu: batetik, Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika taxutzea, osatzea eta begiratzea eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzatik sortuta Euskal Herriko Herri Administrazioetan arlo horretan erabili beharreko iharduera irizpideak ezartzea eta garatzea. 2.- Ildo horretatik, honako betekizun hauek izango ditu berariaz: a) Arlo honetako Zuzendaritzek taxututako hizkuntza politika zuzentzeko arauak koordinatu eta, hala badagokio, arauok berariaz zein orokorrean osatu, moldatu edo ezartzeko proposamenak egitea saiburuordeari. b) Euskal Autonomi Elkarte osorako plangintza orokorra osatzea eta iharduera bateratuak burutzeko planak egitea Jaurlaritzak onar ditzan. c) Hizkuntza politikan konpetentziarik duten herri aginte guztien artean ezinbestean izan behar diren lankidetza eta elkarlana sustatzea eta guztion lana koordinatua izan dadin martxan jarri beharreko iniziatiba guztiak bideratzea. d) Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea eta gainerako erabaki osagarriak modu egokian gara eta bete daitezen begiratzea. Era berean, Jaurlaritzak Hizkuntza Politikari dagokionez ezarritako jarraibideak betearaztea eta Euskararen Aholku Batzordeak emandako iritziak, aholkuak eta iradokizunak errespetatzea. e) Hizkuntza normaltzeko zereginetan euskara lantzen diharduten erakundeekin harremanak izatea eta, Euskal Herri osoa kontuan izanik, beste lurralde batzuetako era guztietako erakundeekin ere iharduerak egitea. f) Hizkuntza eskakizunak eta horiek erabiltzeko irizpideak zehazteko proposamena osatzea Euskal Funtzio Publikoaren Legean ezarritakoak aintzat izanik. Era berean, irizpide horiei egokitzeko planak egiterakoan eta jarritako helburuak zein neurritan bete diren ebaluatzerakoan Herri Administrazioekin batera aritzea, beti ere, Administrazioetako bakoitzak edo, hala badagokio, Jaurlaritzako sailetako bakoitzak dituen zereginak eta konpetentziak erabat errespetatuta. g) Kultura Sailaren esku utzitako konpetentzia esparruan, hiritarren hizkuntza eskubideak errespetatzen direla bermatu eta, 10/1982 Legean hizkuntzaz ezarritakoaren arabera, aginte publikoek ere beren betebeharrak bete ditzaten begiratzea. 3.- Hizkuntza Politikarako Sailordetzak, bere zereginak modu egokian bete ahal izateko, beharrezko iritzitako dokumentazio guztia eskatuko die bai Eusko Jaurlaritzako sailei, bai gainerako Herri Administrazioei ere, euskararen normalizazioari buruzko ahalik eta informaziorik gehien jasotzeko eta, batez ere, bakoitzak arlo horretan egiten duenaren berri izateko. Horretarako, egoki iritzitako harreman bideak garatuko ditu eta, beti ere, erakunde edo aginte bakoitzak zerbitzu kudeaketan duen erantzukizuna errespetatuko du. 4.- Hizkuntza Politikarako Sailordetzari loturik egongo dira honako zuzendaritza zentru hauek: a) Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritza. b) Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza. c) Euskara sustatzeko Zuzendaritza. 14. atala.- Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak beteko ditu Euskadiko Herri Administrazioan euskararen erabilera normalizatu dadin Hizkuntza Politikarako Sailordetzari dagozkion zereginak. Era berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Herri Administrazioei dagokienez hizkuntza normalizatzeko egin beharreko iharduerak antolatu, planifikatu eta koordinatuko ditu arlo horretan. 15. atala.- Hizkuntza Plangintza lanei dagokienez, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak ondorengo zereginak izango ditu: a) Euskadiko Herri Administrazioetan eta zerbitzu publikoetan, iharduera esparru ezberdinetan euskararen erabilera normaltzeko egin daitezkeen plan orokorrak zein berariazkoak osatu eta begiratzea, zeregin hori legez beste erakunde bati ez badagokio, behintzat. b) Euskal Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Plana zein neurritan bete den begiratzea eta ebaluatzea eta, hala badagokio, arlo hori berriz aztertzeko irizpideak definitzea eta ezartzea. c) Eusko Jaurlaritzatik sortutako erabaki orokorrek euskararen normalizazioan izan dezaketen eraginaz informatzea eta hizkuntzari dagokionez indarrean dagoen araudiari nola egokitzen zaion begiratzea. d) Hizkuntza eskubideen babesari dagokionez lege kontuetan aholkuak ematea, hala eskatzen duten hiritar guztiei. e) Eusko Jaurlaritzaren barruan zuzenan hizkuntza politikari lotuta dauden zerbitzuen antolamendua, egitura eta funtzionamendua hobetzeko proposamenak egitea eta, hala eskatuz gero, gainerako Herri Administrazioei arlo horretan aholkuak ematea. 16. atala.- Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzak honako betebehar hauek izango ditu Administrazio barruan euskararen erabilera zabaldu eta indartu dadin: a) Herri Administrazioetan euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko irizpide orokorrak proposatzea. b) Eredugarri izan daitezkeen programak egitea gainerako herri administrazioekin batera elkarlanean, Administrazio ezberdinetan euskararen erabilera indartu eta suspertu dadin errespetatu beharreko jarraibideak zeintzuk diren zehaztu ahal izateko. c) Herri Administrazioetan euskara sustatu eta indartzeko eta lanean normaltasunez erabil dadin egin beharreko iharduera guztiak burutzea. 17. atala.- Euskara Sustatzeko Zuzendaritza: 1.- Euskara normalizatuz joan dadin eta hizkuntza ondarea gero eta aberatsagoa izan dadin egin daitezkeen iniziatiba pribatuak sustatzea eta gizartearen arlo guztietan euskara kultura sortzeko eta transmititzeko hizkuntza izan dadin lan egitea, azaroaren 24an euskaren normalkuntzarako onartutako 10/1982 Legean ezarritako jarraibideen arabera. 2.- Bide horretatik, honako zeregin hauek izango ditu: a) euskararen korpusa normaltzen eta ikertzen diharduten Euskal Administrazioko erakundeen lana eta legez onartutako erakundeek arlo horretako plangintzan egindako lana begiratzea eta koordinatzea. b) Euskal toponimiari dagokionez normalkuntza lor dadin, ikerketak egitea, sustapen lanak bultzatzea eta laguntza ematea. Era berean, errepideetako seinaleetan, garraio publikoetan eta, orohar, publizitatean hizkuntza normalizazioa lortzeko lanak egitea. c) Euskara eguneroko bizitzan erabilia izan dadin, arloka eta esparruka iharduera planak egitea, proposatzea eta begiratzea, 10/1982 Legearen 26. eta 27. ataletan ezarritako esparruak aintzat izanik eta Euskararen Aholku Batzordeak emandako aholkuak errespetatuta. 18. atala.- Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritza: 1.- Ikerketak egitea eta zuzentzea Sailordetzaren iharduera esparruaren barruan, informazio sistema definitzea, garatzea eta mantentzea baita argitalpenak, aldizkariak eta publizitatea kudeatzea ere. 2.- Ildo horretatik, Ikerketa eta Informaziorako Zuzendaritzak honako hauek izango ditu eginkizun: a) Euskal Herriko plangintza mapa soziolinguistikoa osatzea eta, aldiro-aldiro, aztertzea. b) Arlo ezberdinetan hizkuntza normalizazioari buruzko ikerketa politika bultzatzea eta koordinatzea, beti ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak dituen zereginak errespetatuz. c) Normalkuntza lanetan eta, batez ere, Sailordetza partaide izanik burututakoetan zabalkunde, informazio eta dokumentazioari dagokienez egiten diren iharduerak sustatzea eta zuzentzea. d) Gizartean egin beharreko sentsibilizazio kanpainak egitea, proposatzea eta ongi koordinatuko direla begiratzea baita Sailordetzaren ihardueren berri zabaltzea ere. IV. ATALBURUA ZERBITZU ZUZENDARITZA 19. atala.- 1.- Zerbitzu Zuzendaritza sailburuaren esanetara egongo da zuzen-zuzenean eta Kultura Sailaren eta Euskal Autonomi Elkarteko Administrazioaren kudeaketa zerbitzuen arteko harremanak bideratuko ditu, zeregin hori berariaz beste erakunde baten esku ez badago behintzat. 2.- Zerbitzu Zuzendaritzari dagozkio honako eginkizun hauek: a) Sailaren aurrekontuetarako aurreproiektua osatzea eta Sailari lotutako elkarte eta erakunde autonomoen aurrekontu aurreproiektu guztiak aintzakotzat hartu eta elkarri egokitzea. b) Sailaren aurrekontuari eta gastuari buruzko jarraipena egitea, kudeatzea eta kontrolatzea, ezarritako faseak kontuan hartuta. c) Aholkularitza juridikoa ematea Sailaren esku dauden gai eta arlo guztietan. d) Sailaren erakundeek Lege proiektuak eta legearauak egiterakoan laguntza teknikoa ematea eta lan horretaz arduratzen diren zuzendaritza zentruei behar den laguntza guztia eskaintzea. e) Sailaren iharduera arloetan eraginik izan dezaketen lege-arauak aztertzea. f) Fundazioen arloan Sailaren esku utzitako zeregin guztiak bereganatzea, baldin eta horretarako berariaz erakunde konkretu bat izendatzen ez bada. h) Sailaren kontratazio espedienteak begiratzea legez tramitatzen hasi aurretik eta sailburuek, bakoitzak bere iharduera esparruan, kontratazio gaietan duten ahalmena gauzatzea. i) Euskadiko Ondarearen Legeari jarraituz, Sailak dituen ondasun guztiei dagokienez Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzarekin izan beharreko harremanak bateratzea. Era berean, Sailaren izenean dauden ondasunak eta eskubideak direla eta, Ondare Inbentarioa osatzen laguntzea. j) Saileko langileria politika proposatzea, langileriaz arduratzea eta, beste erakunde batzuen konpetentzia ez denean, orohar, arlo honi dagozkion gai guztiak kudeatzea. k) Sailaren antolamendua hobetzeko neurriak proposatzea eta bideratzea. l) Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10. atalean adierazitako konpetentziak burutzea, atal bereko h) puntuan ezarritakoa salbuespen dela. m) Eta, orohar, amankomunak eta orokorrak izateagatik Saileko gainerako erakundeetan sartzen ez diren betebeharrak eta aurreko puntuetan adierazitako zereginei loturik agin dakizkiokeen beste eginkizun guztiak. 20. atala.- 1.- Zerbitzu Zuzendaritzaren menpean egongo da homologatu gabeko ondasun higigarriak erosteko Kontratazio Mahaia. 2.- Kontratazio Mahaiari dagokio Sailerako horniketa kontratuak tramitatzea, Jaurlaritzako sailen arteko kontratazio erakundeek dituzten ahalmenak errespetatuta. 3.- Mahaia era honetara osatuko da: a) Zerbitzu zuzendaria, mahaiburu. b) Honako kide hauek: - Sailaren barruan kontratazioa eragin duen erakundeek izendatutako bi ordezkari. - Kontrol Ekonomikorako Bulegoak izendatutako ordezkari bat. - Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren pertsonaleko kide bat, idazkari ihardungo duena.V. ATALBURUA LURRALDE ORDEZKARITZAK 21. atala.- 1.- Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari zuzenean lotuta, Lurralde Historikoetan Kultura Lurralde Ordezkaritza bana izango da, horietako bakoitzean Lurralde Ordezkaria buru izango dela. Kultura Sailaren iharduera esparruei dagokienez egindako kontsultei edo eskatutako dokumentuei erantzuna ematea edo dagokion erakundera igortzea izango da Lurralde Ordezkaritzen zeregina. Era berean, arlo horretan agindutako edo izendatutako beste zeregin batzuk ere izan ditzakete. 2.- Lurralde Ordezkaritzetako egitura Dekretu hau garatu eta gauzatzerakoan ezarriko diren arauetan finkatuko da. XEDAPEN GEHIGARRIAK Lehena.- Sailburuordeek eta zuzendariek, gaiso jartzeagatik zein beste edozein arrazoirengatik, beren karguetan iharduterik ez badute, honako era honetara jokatuko da beren zereginak betetzerakoan: a) Sailburuordeek dituzten zereginak eta konpetentziak, beren menpe dauden zuzendariek beteko dituzte dekretu honetan ezarritako ordena errespetatuz. b) Zuzendariei emandako zereginak eta eskumenak, dagokion sailburuordeak beteko ditu. c) Zuzenean sailburuaren menpe dauden zuzendariei dagokienez, sailburuak berak erabakiko du kasu bakoitzean zer egin. Bigarrena.- Arauak ezartzerakoan Gazteria eta Kirol sailburuordeaz zein Kultura sailburuordeaz egindako aipamen guztiak, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari dagozkiola ulertu beharko da. Ildo beretik, edozein arau testutan Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia aipatzen den bakoitzean, Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailordetzaz ari direla ulertuko da eta beren titularrekin ere gauza berbera gertatuko da. XEDAPEN INDARGABETZAILEA Indarrik gabe geratuko dira, alde batetik, ekainaren 11ko 367/1991 Dekretua, horren bitartez ezarri baitzen Kultura eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta, bestetik, Hizkuntza Politikarako Idazkaritzari dagokionez, apirilaren 23ko 258/1991 Dekretua ere bai. Era berean, Dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden gainerako arauak eta erabakiak ere baliorik gabe geratuko dira. AZKEN XEDAPENAK Lehena.- Dekretu hau garatzeko hartu beharreko erabaki guztiak hartzeko ahalmena izango du Kultura sailburuak. Bigarrena.- Dekretu hau EHAAn argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteizen, 1995eko maiatzak 30. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Kultura sailburua, M.ª CARMEN GARMENDIA LASA.