Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

177/1995 DEKRETUA, otsailaren 28koa, Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkularia sortzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Merkataritza, Kontsumoa eta Turismoa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 52
  • Hurrenkera-zk.: 1204
  • Xedapen-zk.: 177
  • Xedapen-data: 1995/02/28
  • Argitaratze-data: 1995/03/15

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Merkataritza eta turismoa; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Autonomi Estatutuaren 10.27 atalaren arabera, Euskal Autonomi Elkartearen esku daude barne merkataritzari buruzko eskumen guztiak, prezioen politika orokorraren, Estatuaren eremuan ondareak batetik bestera erabiltzeko eskubidearen edota lehiakortasunaren aldeko legediaren kontra ez doazenean. Kontutan hartu beharrekoak dira, halaber, Konstituzio Epaitegiak gai honetaz egin dituen zehaztapenak. Merkataritza Iharduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legeak zioen adierazpenean dioenez, legean bertan jasotzen da merkataritza ihardueraz arduratuko den kide anitzeko organo bat sortu beharra, gizarte eta ekonomi eragileen arteko eztabaidaren bitartez gai horretan politika irekiago eta adostuago bat garatu ahal izateko. Horrekin bat, lege horren 51. atalean Merkataritza Batzorde Aholkularia sortzea aurrikusten da eta, bertan, horren egitekoak, osaera eta iharduna arauz zehaztuko direla esaten da. Araudi hori finkatzeko, 7/1994 Legeak ematen duen gaitasuna bitarteko, Merkataritza Batzorde Aholkularia sortzen da dekretu honen bitartez, merkataritzak ekonomiaren garapenean duen garrantzia kontutan hartuta. Erakunde publiko zein pribatuek osatuko dute batzorde hori eta bere eginkizuna Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailari laguntzea izango da, Euskal Autonomi Elkarteko merkataritzaren egitura sustatzeko eta hobetzeko egoki ikusten dituen ekimen eta proposamenak eginez. Ondorioz, Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1995eko otsailaren 28an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren hauxe:XEDATU DUT: 1. atala.- Dekretu honen helburua Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkularia sortzea da, merkataritza gaietan aholkuak eman ditzan. 2. atala.- Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkularia Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailaren barruan egongo da. 3. atala.- Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkulariaren egitekoak hauek dira: a) Euskal Autonomi Elkarteko merkataritza egiturarekin zerikusia duten ekimenak aurkeztea. b) Salerosgaien banaketari buruzko azterketa eta ikerketak egitea eta iritziak ematea. c) Merkataritza Iharduerari buruzko maiatzaren 27ko 7/1994 Legea garatzeko xedapenproiektuei buruzko iritzia ematea. d) Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak eskatzen dionean bere iritzia ematea. 4. atala.1.Hona hemen Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkularia osatuko duten kideak: - Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua, lehendakari lanetan. - Eusko Jaurlaritzako Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburuordea, lehendakariorde lanetan. - Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako Administrazio eta Politikarako zuzendaria. - Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaria. - Lurralde historikoetako foru aldundietako ordezkari bat, beren artean aukeratutakoa. - Euskal Udalen Elkarteko (EUDEL) hiru ordezkari. - Merkatarien Elkarteetako ordezkari bat Lurralde Historiko bakoitzeko, Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Ganbara Ofizialek izendatuak. - Euskal Autonomi Elkarteko banaketa enpresa handien ordezkari bat, Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Ganbara Ofizialek izendatua. - Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Ganbara Ofizialen ordezkari bat. - Euskal Autonomi Elkartean ordezkari gehien duten sindikatuetako kide bat. - Euskal Enpresarien Elkarteko (CONFEBASK) ordezkari bat. - Bazkide gehien duten kontsumitzaileelkarte zabalduenetako edo horien federazioetako bi ordezkari. Derrigorrezkoa izango da dagokien erroldan egotea. 2.- Batzordeko idazkaria lehendakariak izendatuko du Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Saileko funtzionarien artean eta ahotsa izango du, baina ez botorik. 5. atala.1.Osoko bilkura batzordekide guztiek osatzen dute eta lehendakaria izango da horren buru. 2.- Hauek dira osoko bilkuraren egitekoak: a) Dekretu honetan batzordearen iharduerarako ezartzen diren arauak osatzea. b) Behar diren lantalde eta ponentzia teknikoak sortu eta zehaztea eta aztertu nahi den gaian aditu eta tekniko den jendea bereganatzea. c) Batzordeari aurkeztutako txosten, proiektu eta proposamenak aztertzea eta, egoki ikusiz gero, onartzea. d) Egintzei buruzko urteko txostena onartzea. e) Oro har, aurreko idazatietan zehaztutako egitekoekin zerikusirik dutenak. 3.- Lehendakariak egingo du Batzordearen osoko bilkurarako deia. Bilkura hori sei hilabetean behin egingo da, gutxienez, edo lehendakariak zein kideen gehiengo osoak hala eskatzen duenean. Deialdiarekin batera bilerako gai zerrenda ere bidaliko da. 6. atala.- Euskal Autonomi Elkarteko Merkataritza Batzorde Aholkulariko kideek indarrean dauden arauen arabera dagozkien kalteordain eta sariak jasoko dituzte, egindako zerbitzuengatik. AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.- Dekretu honetan arautzen ez direnetan, Herri Administrazioen Lege Jaurbideari eta Guztientzako Administrazio Ihardunbideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa beteko du batzordeak iharduerari dagokionez. Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean. Vitoria-Gasteizen, 1995eko otsailak 28. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Merkataritza, Kontsumo eta Turismo sailburua, ROSA DÍEZ GONZÁLEZ.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.