Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Arautegia

Inprimatu

314/1994 DEKRETUA, uztailaren 19koa, boletoen bidezko jokoa arautzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Herrizaingoa
  • Jadanekotasuna-egoera: Indargabetua

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 151
  • Hurrenkera-zk.: 2839
  • Xedapen-zk.: 314
  • Xedapen-data: 1994/07/19
  • Argitaratze-data: 1994/08/10

Gaikako eremua

  • Gaia: Segurtasuna eta justizia
  • Azpigaia: Herrizaingoa

Testu legala

Gernikako Estatutuaren 10.35 atalaren arabera, Euskal Autonomi Elkarteak aginpide osoa du joko arloan. Aipatu aginpide horren garapenean Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legea onetsi zen, eta Lege horren 18. atalean boletoen bidezko jokoa baimendu daitekeela dio. Dekretu hau boletoen bidezko jokorako arau zehatzak ezartzeko araueremu jakin bat sortzen duen legezko tresna da. Bertan garrantzi handia ematen zaio kontrolerako baliabide eraginkorrak jartzeari, jokoan modu garbian, iruzur eta azpijokorik gabe ihardungo dela ziurtatuko dutenak, jakinik hiritar multzo handiak izan dezakeela jokorako joera nolako sariak emango diren kontuan hartzen bada. Horregatik, Jokoa Arautzeko Legeak dioenaren arabera, esleipenerako bidea Lehiaketa Publikoa izango da eta Lege honetan bertan boletoen ezaugarri teknikoak, boleto banaketarako beharrezko baldintzak eta baimenduriko boleto saltegiak zeintzu diren zehazten da. Baita Jokoa Arautzeko Legearen 5.2 atalean aipatutako honelako jokoen ustiaketan ihardun nahi duten pertsona fisiko eta zuzenbidezkoek eta ongintza edo sorospidea xede duten erakunde, bazkun edo elkarteek bete beharreko baldintzak ere. Guzti hori, jokoaren behar bezalako garapena oztopatzen duten jokabideak bide onera ekartzeko aipatu Jokoa Arautzeko Legean ezarri zen zigoraraubidearen babesean. Ondorioz, Herrizaingo sailburuaren proposamenez, Euskal Joko Batzordearen txostena ikusita eta Jaurlaritza Kontseiluak 1994ko uztailaren 19an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxeXEDATU DUT: 1. atala.- 1.- Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 18. atalean aurrikusitakoaren arabera, Dekretu honen helburua boletoen bidezko jokoan iharduteko arauak finkatzea da. 2.- Horretarako baimendutako saltegietan prezio jakin baten truke eskuratzen diren boletoen bidezko jokoan, boletoetan bertan agertzen den saria irabazteko aukera izaten da hala egokitzen denean. 2. atala.- 1.- Dekretu honek arautzen duen boletoen jokoan Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak baimendu eta baliokidetutako boletoen bidez bakarrik ihardun daiteke, eta boletoen banaketa eta salmenta Dekretu honetan ezarritako arauen eta horiek garatzekoen arabera egingo da. 2.- Dekretu honetan aipatzen den boletoen salmenta mugatua da, eta saldu ondoren aipatzen denari egingo zaizkio, aldez aurretik baimenduta: a) Banatzaileari, jokoaren elkarte ustiatzailearengandik eskuratu ondoren. b) Saltegiari, boletoak jokoaren elkarte ustiatzailearengandik edo banatzailearengandik eskuratu ondoren. c) Jokalariari, saltegiko jabeari zuzenean erosten dionean, jokatzeko aukera azken horretan bakarrik izango delarik. 3. atala.- Bortxaezineko eta iruzurrezko irakurketa edo erabilera eragozteko moduko euskarri fisikoa izango du boletoak. Gainera, beste baldintza hauek ere bete beharko ditu: 1) 30 mm x 70 mm baino txikiagoa eta 130 mm x 90 mm baino handiagoa ez izatea. 2) Bai erabiltzaileentzat eta bai egile eta banatzaileentzat ikustezinak diren zenbait zenbaki eta sinbolo inprimaturik izatea, zenbaki eta sinbolo bakoitzaren segurtasuna guztiz bermatzeko moduan estaliak. 3) Lotea osatzen duten boleto guztiek baliozkotasun kode bakarra eta errepikaezina izatea. Halaber, boleto bakoitza identifikatzeko moduan egon beharko dute sailkatuta. 4) Boletoa hondatu gabe moztu, laukitxoak harraskatu edo beste edozer egiteko argibideak izatea, esaterako saritutako laukitxoak eta sinboloen konbinaketak aztertzeko. 5) Boletoaren prezioa finkatua izatea. 4. atala.- 1.- Jokalariak boletoa eskuratutakoan saririk egokitu zaion ala ez boletoan bertan agertzen diren argibideen arabera jakingo du, hau da, boletoan jasotako argibideetan zehaztutako zenbaki edo zenbaki konbinaketa edo sinbolo edo sinbolo konbinaketa agertzen bada saria berea izango da. Gehienetan, boletoan jokorako argibideen laburpena jasoko da eta baita sarituak izan daitezkeen konbinaketa guztiak ere, bakoitza bere zenbatekoarekin. 2.- Era honetako jokoetan sariak eskudirutan emango dira. 3.- 25.000 pezeta edo gutxiagoko sariak saria egokitzen den unean bertan ordaindu beharko ditu boletoen saltegiko jabeak. 4.- 25.000 pezetatik gorako sariak jokoaren enpresa ustiatzaileak ordainduko ditu zuzenean edo banketxe, aurrezki kutxa edo kredituetxeen bitartez, saria eskuratu eta handik hiru eguneko epean. Horretarako, ordaindu izanaren egiaztagiria emango dute. Itundutako ordainketa egitekotan Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari jakinarazi beharko zaio aldez aurretik. 5.- Boletoko gutxienezko prezioa 50 pezetakoa izango da, eta ezin izango da inola ere 500 pezetatik gorakoa izan. 5. atala.- 1.- Boletoen bidezko jokoaren ustiaketarako baimena lehiaketa bidez esleituko da eta bost urterako. Epe hori beste hiru urterako luzatu ahal izango da, berritzeko unean araudian ezarritako eskakizunak betez gero. 2.- Boletoen bidezko jokoaren ustiaketa eta kudeaketarako baimena eskualdaezina da. 3.- Lehiaketa Publikorako deialdia Herrizaingo sailburuarenAginduz egingo da eta bertan finkatuko dira lehiaketarako oinarriarauak. 4.- Baimena emateko orduan Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legean, deialdiko oinarriarauetan eta oro har, ezargarri izan daitekeen arau orotan xedatutakoak jokatuko du. 5.- Baimena emateko orduan honako irizpide hauek izango dira kontuan: a) Sustatzaileen kaudimena, bai profesionala bai finantzarioa. b) giza-baliabideak eta teknikazkoak izatea egiaztatzea, erabiliko den euskarri teknologikoarekin batera. c) Proiektuaren bideragarritasun komertziala. d) Boletoak ezin bortxatu ahal izateko ezarritako segurtasun neurriak. 6.- Boletoen bidezko jokorako baimenak eskuratzeko lehiaketa publikoan parte hartzen duten ongintza eta sorospidetza xede izan eta IRABAZI-ASMORIK ez duten erakunde, bazkun eta elkarteei dagokienez, Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 5. atalean ohartemandakoa hartuko da kontutan. 6. atala.- Boletoen bidezko jokorako baimenak eskuratzeko lehiaketa publikoan parte hartu ahal izango dute bai pertsona fisikoek eta bai zuzenbidez onartutako edozein elkarte motatan bildutako zuzenbidezko pertsonek, baldin eta ondorengo baldintzak betetzen badituzte: 1.- Zuzenbidezko pertsonen kasuan: a) Indarrean dauden arauekin bat etorriz, merkatal elkarte edo kooperatiba eratu beharko dute, gutxienez hogei milioi pezetako kapitalaz. Zenbateko horrek guztiz ordainduta egon beharko du eta izendun akzio edo partizipazioetan, eta horien kopurua ez da murriztuko baimenak indarrean dirauen artean eta eskualdatzeko aurrez Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena beharko da. b) Xede sozial bakartzat Dekretu honek aipatzen duen boleto jokoaren ustiaketarako ekintzak burutzea izango dute. c) Bazkide edo partehartzaileetako inor ez da Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 19. ataleko 4 eta 5 zenbakietan ezarritako inhabilitazio kasuetan egongo. d) Administrazioarekiko harremanetarako Euskal Autonomi Elkartean izan beharko dute bizilekua. 2.- Pertsona fisikoek atal honen 1 zenbakiko c) eta d) puntuetan ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte. 7. atala.- 1.- Halaber, Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 5.2 atalean xedatutakoaren arabera, boletoen bidezko jokoak ustiatzeko baimenak emateko orduan, ongintza edo sorospide xede izan eta irabaziasmorikez duten erakunde, bazkun edo elkarteen eskaerak hartuko dira kontuan bereziki, baldin eta zuzenean baimena duen bazkunak eta Dekretu honetan ezarritako arauetan zehazten den eran kudeatzen badute ustiaketa. 2.- Aurreko zenbakian aipatutako elkarteek aurkezturiko eskaerek tratu berezia izanen dute, baldin eta boletoen bidezko jokoen ustiaketan lehiaketa publikora eurekin batera aurkezten diren merkatal elkarteek bezalako maila profesional eta teknikoa erakusten badute. 8. atala.- 1.- Aurreko atalean aipatutako erakundeek ondoren jasotzen diren betekizunak bete beharko dituzte Dekretu honetan aipatzen den jokoaren esleipenerako lehiaketa publikoan parte hartu ahal izateko: a) Elkarteen arloan eskudunak izan daitezen Herri-Administrazioen menpe dauden errolda ofizialetan, gutxienez lehiaketaren deialdia egiten duen Agindua argitaratu baino urtebete lehenagotik izenemanda egotea. b) Zuzendaritza Batzordeetako edo Batzorde Araupetzaileetako kideak ezingo dira izan joko enpresen titularrak, dena dela joko mota, eta ezta elkarte edo kooperatiba erako joko enpresetako bazkide edo partehartzaile ere. Ezingo dute ezta Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 19. ataleko 4 eta 5 zenbakietan jasotako kasuetan egon. c) Erakunde horiek zuzenean kudeatu beharko dute baimenaren ustiaketa, enpresa adituetatik eska dezaketen laguntza teknikoaren eta joko arloko Administrazio aginpidedunak ezar ditzan kontrolen kaltetan gabe. 2.- Erakunde horiek boletoen bidezko jokoaren esleipendun izango balira, urtero kontuen ikuskaritza aurkeztu beharko diote Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari, jokoaren ustiaketan lortutako irabazi guztiak beren estatutuetan jasotako helburuetarako erabili direla egiaztatzeko. 3.- Lehiaketa erabakitzeko esleipen ebazpenean jarraipen eta kontrol mahai bat eratu dadila finka daiteke; gehienez lau kidek osatuko lukete, Administraziokoak bi eta beste bi boletoen bidezko jokoaren kudeaketarako baimenaren erakundekoak, lehendakari Joko eta Ikuskizun zuzendaria edo horren ordezkaria izango litzatekeelarik. Mahaia sei hilabetero bilduko da, Jokoa Arautzeko azaroaren 8ko 4/1991 Legearen 5.2 atalean aurrikusitako ondorioetarako. 9. atala.- Boletoen bidezko jokoaren esleipenerako lehiaketa publikora aurkezten direnek deialdiko oinarriarauetanezarritako agirisorta aurkeztu beharko dute eta beti ere aurreko ataletan ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko izango dira agiriok. 10. atala.- 1.- Dekretu honetan jasotzen den boletoen bidezko jokorako baimenaren esleipendunak hogei milioi pezetako fidantza ezarriko du Euskal Autonomi Elkarteko Administrazio Orokorraren alde Euskal Autonomi Elkarteko Diruzaintza Nagusian. 2.- Baimena ematen denetik hilabeteko epean ezarri beharko da fidantza hori. Aipatu epe horretan berme hori ez emateak jokorako baimena indarrik gabe utziko du. 3.- Fidantza eskudirutan edo Banketxe, Aurrezki Kutxa, Aseguruetxe, Kreditu Kooperatiba edo Elkarrenganako Bermedun Sozietateetan jarritako abalen bidez gauzatu daiteke. Fidantzak bere hortan iraungo du oso-osorik baimena indarrean dagoen bitartean, joko arloko administrazio mailan ezarritako arauak beteko ez balira eratorriko liratekeen isunak derrigorrez ordaintzeko erabiliko litzatekeelako. 4.- Fidantza gutxituz gero, baimenaren titularrak hilabeteko epea du derrigorrezko zenbatekora iritsi arte osatzeko. Hori egiten ez badu, baimena kenduko zaio. 11. atala.- 1.- Boletoak saltegi publikoetan eta hartarako bereziki prestatutako tokietan saldu ahal izango dira. 2.- Jokoaren kudeaketa eta ustiaketarako baimena eskuratu eta gero, horren titularrak Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari emango dio saltokien berri, ondorengo hauek adieraziz: a) Pertsona fisikoen kasuan, Izen-abizenak, helbidea eta nortasun agiri nazionala. b) Zuzenbidezko pertsonen kasuan, izena, helbidea, identifikazio fiskaleko zenbakia, eta ordezkariaren izenabizenak eta helbidea. c) Izen komertziala, izanez gero, eta saltokiaren helbidea. d) Saltoki jakinarazlea boletoz hornitzen duen banatzaile baimendunaren Izen-abizenak, halakorik bada. 3.- Saltokietan aurreko atalean aipatutako adierazpenaren aldakia, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren zigilu eta guzti, izan beharko da jokalarien eskuragarri, eta baita jokoari buruzko azalpenak ematen dituen orria ere. 4.- Saltokiei buruzko datuetan izan dadin edozein aldaketa aldez aurretik adierazi beharko da. 12. atala.- 1.- Debekatuta dago Dekretu honetan aipatzen diren boletoak adinez txikikoei saltzea. 2.- Era berean, galerazita dago boletoak Eskola, Ikastetxe eta Ikastegietan saltzea. 3.- Guztiz debekatuta dago boletoak kalean zehar eta baimena duten saltegietatik kanpo saltzea. 13. atala.- Boletoen bidezko jokoari dagokion tasa fiskala indarrean dagoen araudi fiskalak agintzen duena izango da. 14. atala.- 1.- Boletoak banatzeko lanerako Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren baimena beharko da. 2.- Dekretu honek arautzen duen jokorako baimenaren titularrak Zuzendaritza horri bere banatzaileen zerrenda emango dio, horien Izen-abizenak eta helbidea, eta lanerako beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak ere adieraziz. Horiez gain, Nortasun Agiri Nazionalaren aldakia edo izena, zuzenbidezko pertsonen kasuan. Enpresa ustiatzaileak ere eska dezake baimena boletoak banatzeko lanetarako. 3.- Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak erabakiko du baimen hori eman ala ez, egin beharreko egiaztapenak egin ondoren eta aurkeztutako datuak egiazkoak diren eta enpresa egokia den kontuan hartuz. 4.- Banatzaileen zerrendan egin dadin edozein aldaketa egiteko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari emango zaio aldez aurretik horren berri, horretarako baimena eman dezan. 5.- Jokoaren erakunde ustiatzaileak saldutako eta entregatutako boletoen eta emandako sarien erregistro informatikoa izan beharko du, eta bertan jasotako datuen berri hilabetero eman beharko dio Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari. 15. atala.- 1.- Sarietarako portzentaia, edozein joko dela ere, ehuneko berrogeikoa izanen da gutxienez, lote bakoitzeko boleto guztiak zenbatuta. 2.- Lote bakoitzeko boletoen gutxieneko kopurua bostehun milakoa izanen da, eta boletoen lote bakoitza zirkulazioan jartzeko Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzaren berarizko baimena beharko da. 3.- Dekretu honek araututako jokoa kudeatu eta ustiatzeko baimena eskuratu duen erakundeak, boleto lote bakoitzeko baimen eskaerarekin batera beste agiri bat bidali beharko du, zirkulazioan jartzeko asmoa duen loteko boletoen kopurua, banatuko diren sarien portzentaia eta kopuruaren arabera izango dituzten zenbakiak adieraziz. Eskabidea aurkezten den unetik hilabeteko epean Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak berarizko ebazpenik ematen ez badu, lote horren banaketa eta salmentarako baimena eman dela ulertuko da. 4.- Ezin izango da boleto lotea zirkulaziotik erretiratu boleto guztiak saldu gabe, lote horri dagozkion sari guztiak banatu izana egiaztatzen ez bada behintzat. 16. atala.- 1.- Jokoaren esleipena egindakoan eta ondoren urtean behin publizitate kanpaina informatiboa egiteko, Dekretu honek araututako jokoaren ustiaketarako baimendutako erakundeak publizitate ihardunerako beharrezko baimena eskatu ahal izango dio aurrez Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzari. 2.- Erakunde horrek, eskabidearekin batera, egindako publizitateko aurrekontratuaren aldakia, kanpainaren ezaugarriak azaltzeko txostena, zernolako publizitatea egingo den, zein komunikabidetan azalduko den eta iragarkien formatoa aurkeztu beharko ditu. 3.- Aurkeztutako agirisorta aztertu eta hurrengo atalean jasota datozen baldintzak bete direla egiaztatu ondoren, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzak, ondo baderitzo, publizitate ihardunerako baimena emango du. 4.- Publizitate kanpainak hamabost eguneko iraupena izango du gehienez. 5.- Boletoak saltzeko baimendutako saltegietan jokoaren errotulu adierazgarria jartzeko baimena ematen da, beti ere errotulu hori dirdiratsua ez bada eta gehienez 100 x 100 cm-ko neurriduna bada, joko mota eta nondik norako nagusiak adierazi beharko dutelarik. Kasuan kasuko Udal Ordenantzek diotena errespetatuz jarriko da. 17. atala.- 1.- Egunkarietan edo aldizkarietan eginiko publizitatea asti eta ikuskizunen sekzioetan ezarriko da, eta ez lauki berezitan, gainontzeko jolasbideak bezala informazio ondorio soiletarako bada. 2.- Dekretu honen 16.1 atalean ezarritakoaren arabera telebistan edo irratian egingo diren publizitate kanpainak ezin izango dira goizeko 8:00etatik gaueko 21:30etara bitartean egin. 18. atala.- 1.- Ezingo dira boletoen bidezko jokoaren ustiaketarako baimendutako enpresen titular, bazkide edo partehartzaile izan edonolako joko enpresen titular direnak eta ezta enpresa horiek osatzen dituzten elkarteetan ehuneko berrogeita hamarretik gorako akzio edo partizipazioak izan ditzaten pertsona fisiko edo zuzenbidezkoak ere. 2.- Aurreko zenbakian ezarritako muga horrek beste kasu baten ere jokatzen du, norbere izenean baina hirugarren baten onurarako jokatzen duen bitartekariaren kasuan hain zuzen. Horrelakoetan, eta adierazitako mugaren ondorioetarako, akzio edo partizipazioak hirugarrenarenak direla ulertuko da. GEHIGARRIZKO XEDAPENAK Lehenengoa.- Boletoen bidezko jokoaren berezitasunak kontuan hartuta, joko horren ustiaketa eta kudeaketarako Euskal Autonomi Elkarte mailan baimen bakar bat emango da. Bigarrena.- Aurreko azpiatalean ezarritako plangintzarako epea hamar urtekoa izango da. INDARGABETZE XEDAPENA Indargabe gelditzen da azaroaren 5eko 345/1985 Dekretua eta Dekretu honetan ezarritakoaren aurka doan maila bereko edo apalagoko arau oro. AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.- Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak du Dekretu honen garapenean eman beharreko xedapenak emateko aginpidea. Bigarrena.- Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin egunaren biharamunean hartuko du indarra. Vitoria-Gasteizen, 1994ko uztailak 19. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Herrizaingo sailburua, JUAN MARÍA ATUTXA MENDIOLA.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.