Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Arautegia

Inprimatu

ERABAKIA, 2003ko martxoaren 26koa, Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurarena, jarduera araudia onartzeari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Lan Harremanen Kontseilua
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 2235
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2003/03/26
  • Argitaratze-data: 2003/04/14

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Sailak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Nik, Tomás Arrieta Herasek, Lan Harremanen Kontseiluko idazkari nagusiak,

Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurak 2003ko martxoaren 26an egindako bileran, Lan Harremanen Kontseiluaren Jarduera Araudia onartzea aho batez erabaki zuela eta haren testua jarraian transkribatzen dena dela.

Irailaren 30eko Lan Harremanen Kontseiluari buruzko 9/1981 Legeak bere lehen xedapen gehigarrian erabaki zuenez, Kontseiluaren Osoko Bilkuraren zeregina zen barne araudia egitea. Xedapen hori betetzeko, Kontseiluaren Osoko Bilkurak 1982ko azaroaren 25ean Barne Araudia ontzat eman zuen. Araudi hori, bere bigarren xedapen gehigarriak behin-behinekoa dela badio ere, indarrean dago orain ere, eraz behinik behin.

Beste alde batetik, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Legeak 9/1981 Legea indargabetu zuen eta zenbait aldaketa garrantzitsu ekarri zituen. Aldaketa hauen artean erabakiak hartzeko erregimena aipa daiteke, orain botoak sindikatu bakoitzak egiaztatutako ordezkatze mailaren arabera haztatzearen printzipioari egokitzen zaiolarik. Aurrekoak ez bezala, 11/1997 Legeak ez zuen espresuki aurreikusten Kontseiluaren Osoko Bilkurak barne araudirik onartu behar zuela, zenbait agindutan, gai batzuk Jarduera Araudian arautzeko uzten dituen arren.

Edozertara ere, 11/1997 Legeak, bere edukien aurka zeuden lehenagoko edo beheragoko mailako xedapen guztiak indargabetu zituen eta honek esan gura zuen, Legearekin bat ez datozen Barne Araudiko xedapenak indargabetuta geratzen zirela. Honek eta 1981eko Legean agertzen zenaren antzeko agindurik ez egoteak azal dezakete, ziur aski, Kontseiluak, erabakiak hartzeko prozesu bakoitzean lege berriaren eskakizunetara egokitzen zen Barne Araudi batez jardun izana.

Hala ere, koherentziagatik, batetik eta indarrean dagoen araudia espresuki behin-behinekoa delako bestetik, komeni da aurrekoa ordeztuko duen eta Kontseiluaren antolakuntza eta jarduera arautuko duen araudi berri bat eraz onartzea, Kontseiluak duen bere burua antolatzeko ahalmena erabiliz eta legeak Eusko Jaurlaritzari ematen dion arautzeko ahalmenaren garapena alde batera utzita.

Araudi berri honek 1982 urtean onartu zena ordezten duenez, haren testua EHAAn argitaratzea erabaki da, indarrean dauden xedapenak zeintzuk diren argitzeko eta 1982ko azaroaren 25ean Osoko Bilkuran onartutako Araudiaren indargabetzea argi gera dadin. Dena den, barne jarduerarako araudia denez gero, Lan Harremanen Kontseiluaren Osoko Bilkurak ontzat ematen duenetik indarrean egongo da eta eragina izango du.

Kontseiluak bere egoitza Bilbon dauka.

Kontseiluaren Osoko Bilkurak egoitza aldatu ahalko du, Lan Harremanen Kontseiluari buruzko ekainaren 27ko 11/1997 Legeak eta Araudi honek erabakiak hartzeari buruz xedatutakoaren arabera.

Osoko Bilkura.

Kontseiluaren Osoko Bilkuraren bilerak ohikoak edo ohiz kanpokoak izango dira.

Osoko Bilkura hiruhilekoan behin bilduko da gutxienez.

Osoko Bilkuraren bileretarako deia lehendakariak idatziz egingo du. Deia dakarren idazkian bileraren data, ordu eta tokiaz gainera, bileran aztertuko diren gaiak ere adieraziko dira eta Idazkaritza Nagusiak aztertzeko gaiei buruz prestatzen dituen dokumentuak ere gehituko dira.

Ohiko Osoko Bilkuraren bileretarako deia, bilera egiteko eguna baino hamabost egun lehenago egingo da gutxienez eta ohiz kanpoko bileretarako deia gutxienez bilera egiteko eguna baino zortzi egun lehenago.

Osoko Bilkuraren ohiz kanpoko bileretarako deia lehendakariak hala erabakita egingo da, edota Kontseiluaren alde bakoitzeko lau kidek hala eskatzen dutenean. Honakoan, deialdia, eskaera egin eta hamabost eguneko epean egingo da.

Osoko Bilkuraren bilera baino lehen, Prestaketa Batzordearen bilera egingo da. Bilera honen helburua aztertzeko gaiak finkatzea eta Osoko Bilkurarako aurreikusten diren gaiak prestatzea izango da.

Prestaketa Batzorde hau, Kontseiluan ordezkaririk duten sindikatuen kide banak eta enpresari elkarteen beste horrenbeste kidek osatuko dute, baita Kontseiluaren lehendakariak edo/eta idazkari nagusiak ere. Erabakiak hartzeko erregimena oro har Kontseiluaren batzordeetarako ezarri den berbera izango da.

Jaurlaritzaren, Legebiltzarraren edo Kontseiluan ordezkaririk duten erakundeen ekimenez, lehendakariaren bitartez, Prestaketa Batzordeari Kontseiluaren eskumeneko edozein gai aurkeztu ahalko zaio.

Lehendakariak Prestaketa Batzordearen deia idatziz egingo du eta idazkian bileraren data eta tramitatzeko proposatu zaizkion gaiak adieraziko ditu. Deialdia, gutxienez bilera egiteko aurreikusi den eguna baino zortzi egun lehenago egin beharko da.

Prestaketa Batzordearen bileran dauden kideek, Batzordeak aztertzeko edozein gai jartzeko eskubidea izango dute.

Osoko Bilkura Kontseiluaren kide guztiek osatzen dute eta eratuta geldituko da erabakiak hartzeko behar den kide kopurua eta Kontseiluko lehendakaria edota idazkari nagusia bileran daudenean.

Kontseiluaren izeneko kideak ordezten egon daitezkeen ordezko kideen kalterik gabe, Osoko Bilkuraren bileretan, Kontseiluan ordezkaririk duten sindikatuen ordezko kide bana eta Kontseiluan ordezkaririk duten enpresari erakundeen beste horrenbeste kide egon ahalko dira, hitz egin ahal dutelarik baina botorik emateko eskubiderik gabe.

Bilerari hasiera eta amaiera ematea eta Kontseiluaren kideen parte hartzea moderatzea lehendakariari dagozkio.

Lehendakaria bileran ez dagoenean, bileraren gidaritza idazkari nagusiak eramango du. Edozertara ere, idazkari nagusiak bileran aztertutakoaren akta egingo du.

Bileran ezingo da aldez aurretik aztertzeko gaien artean ez zegoen gairik eztabaidatu.

Aurrekoa gora behera, Kontseiluaren alde bakoitzeko lau kidek tramitatzeko premia dagoela irizten badiote, aldez aurretik aztertzeko gaien artean ez zegoen gai bat eztabaidatzea onartu ahalko da eta bilerako azken gaiaren ondoren eztabaidatuko da.

Kontseiluaren legearen 8. artikuluak aurreikusten duenez, erabakiak, Kontseiluaren alde bakoitza osatzen duten pertsonen ordezkaritzaren osoko gehiengoaren adostasunez hartuko dira.

Alde bakoitzaren barruan, bozketa honako modu honetara egingo da:

Kontseiluaren legearen 4.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, sindikatuek eta sindikatuen konfederazioek izendaturiko kideek, egiaztaturiko ordezkatze mailaren arabera neurtutako botoa izango dute. Talde honetako pertsona bakoitzak, bere sindikatuaren hauteskundeen araberako ordezkatze mailatik berari dagokion zatiaren arabera jardungo du.

Enpresari konfederazioek izendaturiko kideek boto bana izango dute.

Ordezko kide batek ezingo ditu aldi berean izeneko kide bat baino gehiago ordeztu.

Kontseiluak Osoko Bilkuran hartzen dituen erabakiekin bat ez datozen kideek euren botoa eman ahalko dute eta aztertutako gaiari buruz duten iritzia adierazi ahalko dute, iritzi hori beti ere akordioari gehitu beharko zaiolarik.

Idazkari nagusiak, Osoko Bilkuraren idazkaritzat, bilera bakoitzaren akta egingo du eta hurrengo bileran Osoko Bilkurari aurkeztuko dio, Osoko Bilkurak onar dezan.

Behin Osoko Bilkurak akta onarturik, idazkariak akta hori sinatuko du eta lehendakariak adostasuna adieraziko dio. Akta Idazkaritza Nagusian gordeko da, Osoko Bilkuraren kideen eskura dagoelarik.

Aktaren edozein alderi buruzko egiaztagiria eskatu ahalko da. Idazkari nagusiak egiaztagiria egin eta eskatu duen erakundeari bidaliko dio.

Araudi honetan aurreikusten den Prestaketa Batzordea alde batera utzirik, Kontseiluaren Osoko Bilkurak, egokitzat jotzen dituen batzordeak sortu eta deuseztatu ahalko ditu.

Lehendakariak Kontseiluko kideei, bai izenekoei eta bai ordezkoei, idatziz emango die Osoko Bilkurak hartu duen batzorde bat sortzeko edo deuseztatzeko erabakiaren berri.

Kontseiluan ordezkaririk duten erakunde guztiek, Kontseiluaren batzorde guztietan kide izateko eskubidea izango dute.

Batzordeak, Kontseiluan ordezkaririk duten sindikatuetako Kontseiluaren kide banak eta enpresari elkarteen ordezkaritzat diharduten beste horrenbeste kidek osatuko dituzte; lehendakaria edota idazkari nagusia ere batzordeen kide izango dira.

Batzordeek izeneko kideak beste ordezko kide izango dituzte.

Batzordeek, euren kideek izendatzen dituzten pertsona adituak erabili ahalko dituzte.

Batzordeen bileretarako deia lehendakariak egingo du idatziz, bilera baino behar beste denbora lehenago eta bileraren buru lehendakaria zein idazkari nagusia izango dira.

Erabakiak, batzordeko alde bakoitza osatzen duten pertsonen ordezkaritzaren osoko gehiengoaren akordioz hartuko dira, sindikatuek izendatutako kideen botoa haztatua delarik eta enpresari konfederazioek izendatutakoek boto bana dutelarik. Ondore hauetarako eta kontrakorik xedatzen ez bada, batzordeetako edozein kidek bere gain hartu ahalko du, bere erakundeari dagokion ordezkaritza osoa.

Batzorde baten barruan hartzen diren erabakiekin bat ez datozen kideek, euren botoa eman ahalko dute eta aztertutako gaiari buruz duten iritzia adierazi ahalko dute, iritzi hori beti ere akordioari gehitu beharko zaiolarik.

Osoko Bilkuraren bilera bakoitzean aztertzeko gaiei buruz Prestaketa Batzordeak hartzen dituen erabakiak izan ezik, batzordeen gainerako erabaki guztiak Osoko Bilkurara eraman beharko dira, Osoko Bilkurak definitiboki onar ditzan, honek erabaki guztiak edo gai jakin bati buruzko erabakiak dagokion batzordearen eskuetan espresuki utzi ez baditu.

Kontseiluko edozein kidek eskatu ahalko dio Idazkaritza Nagusiari, batzorde baten lanei dagozkien dokumentuak eta batzorde horrek dauzkan lan horiei buruzko dokumentazioa eta informazioa bidaltzeko.

Idazkari nagusiak batzordeen bileretako aktak egingo ditu, baina akta hauetan ez dira bete behar Osoko Bilkurako aktek dituzten bete beharrak.

Osoko Bilkurak, egokitzat jotzen duenean, gai zehatzetarako lan taldeak eratzea erabaki ahalko du. Lan talde hauek, Kontseiluan ordezkaririk duten erakunde eta konfederazioek erabakitzen dituzten pertsonek osatuko dituzte, Legearen 4. artikuluarekin bat etorriz, pertsona horiek ez dutelarik zertan Osoko Bilkurako izeneko edo ordezko kide izan.

Lan taldeak ez dira Kontseiluak bereak dituen organoak eta, beraz, ez dute jokatu behar Osoko Bilkuraren edo batzordeen arauen arabera.

Edozein batzordek, eman zaizkion lanak arintzeko azpibatzorde bat sortzea erabaki ahalko du.

Azpibatzordeek ez dute zertan jokatu euren jardueran Osoko Bilkurarako eta batzordeetarako eskatzen diren bete beharren arabera eta ez dira Kontseiluak bereak dituen organoak.

Kontseiluaren bilerak publikoak izango dira, kontrakoa espresuki erabakitzen den kasuetan izan ezik.

Kontseiluak jarduera normalean Jaurlaritzari, Legebiltzarrari edo gizarte komunikabideei egin behar dizkien komunikazioak, lehendakariaren bidez gauzatuko dira.

Hala ere, Osoko Bilkurak egokitzat jotzen duenean, lehendakariari Osoko Bilkurak izendatzen dituen kideek lagunduko diote.

Idazkaritza Nagusiak laguntza teknikoa ematen diola, beren-beregi horretarako sortutako batzordeak ekitaldi bakoitzeko aurrekontu proiektua egingo du, gai honetan Autonomia Erkidegoko organoetarako indarrean dagoen araudiaren arabera.

Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuak onartzea Kontseiluaren Osoko Bilkurari dagokio.

Kontseiluko lehendakariak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Sailera Osoko Bilkurak onartutako aurrekontua bidaliko du, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektuan sar dadin.

Kontseiluaren aurrekontua Legebiltzarrak eztabaidatu eta, hala badagokio, onartuko du, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretarako ezarrita dagoen araudiaren arabera.

Legebiltzarrak Kontseiluari hala eskatuko balio, aurrekontua Legebiltzarreko dagokion batzordearen aurrean azaltzea Kontseiluaren lehendakariaren zeregina izango da. Aurrekontua Legebiltzarraren Osoko Bilkuraren aurrean defenditu beharko balitz, defentsa hori Ogasun eta Herri Administrazio Saileko arduradunak egingo luke.

Kontseiluko kideek hiruhileko bakoitzean aurrekontuaren gauzatzeari buruzko informazioa jasoko dute.

Lehendakariak eta idazkari nagusiak, euren jardueran egin behar dituzten gastuen ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, gastu horiek aldez aurretik justifikatzen dituztelarik.

Kontseiluko kideen berriztapena.

Ekainaren 27ko 11/1997 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, enpresari erakundeen eta sindikatuen ordezkaritzat izendatutako Kontseiluko kideen agintaldia urte bikoa izango da, berriz hautatu ahal direlarik.

Urte bi horiek igarota, Kontseiluko lehendakariak Eusko Jaurlaritzari, Kontseiluan ordezkaririk duen sindikatu bakoitzak momentu horretan egiaztaturik daukan entzute mailari buruzko ziurtagiria eskatuko dio.

Ziurtagiri horren arabera zehaztuko da sindikatu bakoitzari dagozkion kideen kopurua eta kide hauek, ekainaren 27ko 11/1997 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoaren arabera botoa ematearen ondoreetarako duten ordezkatze maila.

Kide kopurua zehaztuta, Kontseiluaren lehendakaria sindikatuengana joko du, hauek dagozkien kideak izenda ditzaten.

Sindikatuen eta enpresari konfederazioek hilabeteko epea izango dute, izendapenak egiteko. Erakunde batek Kontseiluan duen ordezkari kopurua aldatzen ez denean eta erakunde horrek, dagozkion ordezkariak, Kontseiluaren lehendakariak eskakizun fede emailea egin eta ondorengo hogeita hamar egunetan izendatzen ez dituenean, ezer adierazi gabe aurreko kide berberak izendatzea erabaki duela ulertuko da.

Izendapenak jasota edo aurreko paragrafoan ezarritako prozeduraren arabera gauzatuta, Kontseiluko lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari, legez egoki diren izendapenak egin ditzan eskatuko dio.

Izendapen hauek egin arteko behin-behineko aldian, ondore guztietarako Osoko Bilkuraren aurreko kideen agintaldia luzaturik geratzen dela ulertuko da.

Xedapen gehigarri bakarrean ezarritakoaren ondoreetarako, sindikatuak eta enpresari erakundeak ordezkatzen dituzten Kontseiluaren kideen izendapena, Araudi hau onartzen den egunean gertatu dela ulertuko da.

Kontseiluaren Jarduera Araudi honek, Kontseiluaren Osoko Bilkurak 1982ko azaroaren 25ean ontzat eman zuen eta 1983ko urtarrilaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (14 zk.) argitaratu zen aurreko Barne Araudia indargabetzen du.

Eta behar den lekuan hala ager dadin eta dagozkion ondoreak izan ditzan, egiaztagiri hau eman eta sinatzen dut Bilbon, bi mila eta hiruko martxoaren hogeitazortzian.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.