Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

89. Elexalde auzoa (Errigoiti)

6. ETAPA: GERNIKA-LUMO • BILBAO

Hiribildu zapuztua

Elkarrengandik 500 metro eskasera daude Errigoitiko Elexalde auzoa eta 1376an sortutako hiribilduaren gunea. Lehenengoa muino handi baten tontorrean dago, Gernika eta Mungia lotzen dituen bidearen gainetik. Bigarrena errepide horren ertzean dago, aurrekoa baino 55 metro beherago, ondoren estutzen den haran baten gaineko lautada txiki batean. Hiribildua ez zen elizaz hornitu, eta bertako biztanleek Idibaltzagako Andre Mariaren, hau da, Elexalde auzoko elizaren, parrokiar izatzen jarraitu zuten.

Errigoitik ez zuen behar adinako garapenik lortu kale nagusietako eta zeharkako kantoietako hirigintza tipiko bat sortzeko, etxe-multzo osoak osatzen dituzten orubeen banaketarekin. Aldiz, kale batean edo bitan kokatuta dauden landetxe multzo baten itxura du. Gunea ez zen inguruko biztanleak biltzera iritsi, gaur egun Elexaldek baino etxe gehiago biltzen dituen arren. Hala eta guztiz ere, gaur egungo populazioaren zatirik handiena gainetan eta eguterako hegaletan sakabanatuta dago.

Idibaltzagako eliza eta bere ingurua

Bere aintzinatasun zehatza ezagutzen ez dugun arren, Santa Mariari eskainitako eliza hau XI. mendean aipatzen da. Beharbada, Goi Erdi Aroan Kantauriar Euskal Herrian izan ziren ehunka herrixketako batekoa zen. Gaur egun ezin dugu jakin zergatik Errigoitiko hiribildua ez zen elizaren inguruan kokatu, baina, beharbada, toki horretan nagusi ziren eta, ziur asko, erregearen lagapenez elizaren gainean patronatua zeukaten jauntxoen aurkakotasunarekin du zerikusia.

Nolanahi ere, tenplu honek, inguruko biztanleentzako erreferente izaten jarraitu zuen. Hala, XVI. mendearen erdialdean berreraiki egin zen, eta berreraikuntza horretatik portada eta horma batzuk besterik ez zaizkigu geratzen. Ez zuen fabrikako gangarik, baizik eta zutoinetan bermatuta zegoen teilatu batez estaltzen zen. Litekeena da anomalia horren arrazoia izatea obra eten baina berriro hasi ez izana.

XIX. mendean oso birgaitze sakona jasan zuen, Martin Etxabururen 1816ko traza bati jarraituz, zeinak areto oinplanoko eliza errenazentisten itxura eman zion. Barruko altzariek, obra neoklasikoa baino lehenagoko piezak jasotzen dituzte, 1653ko erretaula zaharretik datozen erliebe batzuk kasu, zeinak berriaren alde banatan jartzen baitira.

Pizkundeko portadak zirkuluerdiko arkudun bao bat du, pilastra atxiki jonikoen artean inskribatua, triangelu-formako frontoi batek burutua, non Jasokundearen erliebe bat dagoen eta, frontoiko frisoaren azpian, San Pedro eta San Pauloren irudiak dituzten bi medailoi.

Aipatzekoak dira, halaber, Antonio Santuen umildegi-baseliza, estilo neoklasikokoa, elizaren absidearen aurrean, eta apaizetxea, XVIII. mendeko landa-arkitektura zainduko eraikina.

Partekatu

unesco