Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi.eus
Hasiera
eu | es

Galde-erantzunak

BOZKETA-EGUNA

HAUTESLEEK BOZKATZEKO PROZEDURA

Bozketaren ordutegia

Zer ordura arte bozka dezaket?

Zer ordutatik aurrera bozka dezaket?

Zabaldu al daiteke bozkatzeko ordutegia?

Hautesleek bozketa eskubidea gauzatzea

Zer behar da hauteskunde hauetan hautesle izateko eta bozkatu ahal izateko?

Legez nork ez du bozkatzeko eskubiderik?

2009ko apirilean 18 urte betetzen baditut bozkatu al dezaket?

Zer behar da Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko? Aurkeztu beharra al dago nortasun-agiria (NANa), pasaportea edo gidabaimena?

Nire NANa, pasaportea edo gidabaimena iraungita badaude bozkatu al dezaket?

Bozkatu al dezaket NANa berritzeko agiriarekin?

Bozkatu al dezaket futbol-elkarte bateko, unibertsitateko edo beste edonongo txartel profesional edo pribaturekin, neure argazkia bertan agertzen bada?

Irakurtzen ez dakitenek edo beste edozein akats fisikorengatik boto-txartela aukeratu edo mahaiburuari eman ezin diotenek zer egin dezakete? Bozka dezakete?

Hurrengo hauteskundeetan bozkatu ahal izanik, bozketaren bezperan edo bozketa-egunean atxilotua izan denak eskatu al dezake bozkatzera eramatea poliziaren zaintzapean?

Hautesle izanik preso dagoenak bozkatu al dezake?

Noiz, nola eta nori eska diezaioket hauteskunde-kolegioetara beren kabuz joan ezin diren ezinduak, gaixoak, elbarriak edo istripu bat jasan dutenak bertara eramateko? Nola eta nork erraztu behar die botoa ezinduei?

Itsua, elbarria edo gutxitu fisikoa naiz, eta dagokidan hauteskunde-kolegiora neure kabuz joan naitekeen arren, zailtasunak ditut bozkatu behar dudan hauteskunde-mahaira iristeko (kolegioko eskailerengatik), eta ez daukat inor lagunduko nauenik. Nori eskatu behar diot mahaira iristeko laguntza? Bozkatu gabe geratu behar al dut? Zer egin behar dut?

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan bozkatu nuen mahaira joan eta erroldan ez nagoela esan didate. Nola bozka dezaket? Zer egin behar dut?

Hauteslearen nortasunari buruzko zalantzak baleude, erroldako eta NANaren izen-deiturak bat ez datozelako, edo mahaiko erroldaren akats edo hutsuneengatik.

Atzerrian bizi naizen hauteslea naiz, atzerrian bizi diren Euskadiko herritarren errolda berezian inskribaturik nago, eta Euskadin azkenekoz bizi izan nintzen udalerrian nago bozketa-egunean. Joan al naiteke udalerri horretan bozkatzera?

Mahaiko erroldan inskribaturik ez dagoen norbaitek bozkatu al dezake bertan?

Euskal nortasun-agiria delakoarekin bozkatu nahi dut eta mahaiburuak ukatu egin dit. Zer egin dezaket? Eskatu al dezaket NAN horrekin bozkatzen uztea?

Mahaiburuak zer egin behar du hautesle bat euskal NANarekin bozkatzera joan eta, uzten ez zaionean, hautesleak mahaiburuari salaketa-idazki bat aurkezten dionean sina dezan?

Hautesleen-eskubidea

Bozketa-egunean lan egiten dugunok nola bozka dezakegu?

Ba al dut enpresan lanaldia murrizteko eskubiderik, nire lanaldia hausnarketa-egunaren gaueko txandan hasi bazen eta bozketa-eguneko 08:30etan bukatu?

Bozketa-egunean lan egin behar dut, eta ordaindutako baimen bat eska diezaioket enpresari. Nola justifika dezaket bozkatzera joan naizela? Zer aurkeztu behar diot enpresari?

Bozketa-egunean lan egiten duten estatuko segurtasun-indarrek, ertzainek edo udaltzainek zer lan-eskubide dituzte?

Hautesleen debekuak

Bozkatzera gindoazela senarra ondoezik jarri da eta erietxera joan da. Bere ordez bozkatu al dezaket bere NANarekin?

Zinpeko zaintzailea naiz eta bozketa-egunean lana dut. Bozkatzeko orduan eraman al dezaket nire arma, borra, etab.? Zer egin behar dut?

Postaz bozkatzea eskatu dut eta ez dut agiririk jaso. Joan al naiteke bozkatzera?

Senarra marinela dut, bozketa-egunean ez da etxean izango, eta bera ez dagoela bera ordezkatzeko gai egiten nauen notario-ahalorde bat daukat. Bere ordez bozkatu al dezaket notario-boterearekin?

Bozketa-egunean Euskaditik kanpo ibiliko nintzelakoan postaz bozkatzea eskatu dut, baina azkenean ez daukat joan beharrik. Joan al naiteke bozkatzera nire mahaira?

BOZKETAREN MEKANIKA

Mahaia eratzea

Hauteskunde-mahaiko partaideek noiz joan behar dute hauteskunde-kolegiora mahaia osatzeko?

Mahaietako ordezkoek ere joan behar al dute hauteskunde-mahaia osatzera?

Mahaia eratzeari, osatzeari, ordezkatzeari eta partaide izan beharrari buruzko guztia.

Zer egin behar dut bozketa-egunean ezin banaiz hauteskunde-kolegiora joan mahaia osatzeko?

Bozkatu al dezake gutxitu psikikoa den hautesle batek?

Bozketaren hasiera

Zer material eta agiri eduki behar ditu mahaiak?.

Bozkatzen hasi al daiteke mahaia eratu gabe?

Nork sartu behar du botoaren gutun-azala hautestontzian? Mahaiburuak ala boto-emaileak?

Hauteskunde-mahaiko partaideek zer egin eta jakin behar dute bozketa hasi aurretik?

Bozkatzen hasi al daiteke mahaia eraturik eta osaturik, baina hautagai-zerrendaren bateko ikuskatzaileak edo ahaldunak bertan ez daudela?

Hasi al daiteke bozkatzen 09:00etan, mahaiko partaideren batek ikusten badu hautestontzia hautsita dagoela, ez dagoela kabinarik, hautagai-zerrendaren bateko boto-txartelak falta direla edo ez dagoela nahikoa boto-txartel, bozkatzeko gutun-azal, edo mahaiak bete beharreko agiriak eta inprimakiak falta direla?

Bozketa etetea

Behin hasi ondoren, zein arrazoirengatik eten daiteke bozketa?

Nork eten dezake bozketa?

Mahaiak bozketa etetea erabakitzen badu, zer egin behar da?

Boto-emaile batek hautestontzian gutun-azal bat baino gehiago sartuz gero eten egin behar al da bozketa?

Zer gertatzen da boto-emaileak boto-txartel bat edo beste edozein paper (adib. NANa) sartzen badu hautestontzian?

Zer gertatzen da hiru mahaikideetako batek alde egin eta bozketa aldian berriro bueltatzen ez bada? Eten al daiteke bozketa?

Zer gertatzen da ezohiko arrazoiengatik hiru mahaikideetako bi joan eta berriro etortzen ez badira?

Bozketa bertan behera uztea

Zein arrazoirengatik utziko da bertan behera bozketa, edo ez da hasiko?

Bozketa bertan behera utziz gero, errepikatu egingo al da?

Zer gertatzen da bozketa bertan behera utzi arte hautestontzian utzitako botoekin?

Mahaiburuak bozketa bertan behera uztea erabakitzeko zer izapide jarraitu behar ditu?

Mahaiako zenbaketa lanak

Mahaiak zein urrats egin behar ditu 20:00etatik aurrera eta mahaiko botoak zenbatzen hasi aurretik?

Posta bidezko botoak hautestontzian sartu aurretik, zer urrats egin behar ditu mahaiak? Noiz ez da sartu behar posta bidezko botoa hautestontzian

Nola eta nork inpugnatzen du mahaiko posta bidezko botoa? Mahaiak zer egin behar du posta bidezko botoa inpugnatzen denean?

Nola zenbatzen dira mahaiaren erabakiz hautestontzian sartu ez diren posta bidezko botoak?

Mahaiaren zenbaketa publikoa al da? Nor egon daiteke bertan?

Mahaiaren zenbaketa eten al daiteke?

Ikuskatzaileek eta ahaldunek mahaiko jardueren kontra egindako protestak eta erreklamazioak nola ebazten dira?

Zer da boto baliogabea?.

Zer da boto zuria?

Hauteskundeetan gehiengoa izan duen alderdiarentzat al dira boto zuriak?

Zer ondorio ditu boto zuriak?

Nola zenbatzen da "zuri" idatzirik duen paper baten botoa?

Nola zenbatzen da orri zuri bat daraman gutun-azal bateko botoa?

Zer gertatzen da mahaiko botoen zenbaketa amaitu eta bat ez datozenean hautestontzian emaniko gutun-azalen kopurua eta zenbakidun zerrendan erregistratutako boto-emaileen kopurua? Zer egin behar da?

Zer egin behar da baliogabetzat jotako boto-txartelekin, eta ikuskatzaileek edo ahaldunek inpugnatu edo erreklamatutakoekin?

Zenbaketa amaitzean zer egiten zaie boto-txartelei eta irekitako gutun-azalei?

Boto-txartel batean marka bat edo azpimarra bat dagoenean ezein hautagairi ez dagokiona eta ordena aldatzen ez duena, nola zenbatzen da?

Guztira zenbat boto-emaile egon dira?

Ikuskatzaileen edo ahaldunen inpugnazioa onartu ondoren mahaiaren erabakiz hautestontzian sartu ez diren bozketako gutun-azalak boto moduan zenbatzen al dira?

Arabako hautagai-zerrenda baten aldeko boto-txartela nola zenbatzen da Bizkaiko barrutiko mahai batean?

Nola egiten da zenbaketaren behin-behineko jakinarazpena?

Nola betetzen da saioko akta.

Bozketaren amaierako lanak

Zer-nolako agiriak sartu behar dira 1., 2., 3. eta 4. gutun-azaletan?

Nori ematen zaizkio agirien gutun-azalak?

Nork eraman behar ditu agirien gutun-azalak epaitegira, eta nork babestu behar ditu?

Nork ordaintzen du bidalketa hori?

Mahaiak zer egin behar du bozkatzeko aurkeztu dizkioten errolda-ziurtagiriekin?

Zer ordura arte bozka dezaket?

20:00ak arte (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.1 art.).

Zer ordutatik aurrera bozka dezaket?

09:00etatik aurrera (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.1 art.).

Zabaldu al daiteke bozkatzeko ordutegia?

Oro har, ez. Salbuespen moduan, kasu hauetan zabal daiteke:

  • Gertaera bereziren batengatik (kolegioan bonba-mehatxua, istripua, etab.), mahaiburuak erabaki duenean bozketa etetea aldi baterako. Etenaldiak ordubetetik gora iraungo balu, mahaiburuak erabakitzen duena luzatuko da bozketaren ordutegia.

  • Dagokion Hauteskunde Batzordeak mahaiburuari agindutakoan ordutegia zabaltzeko, herritarrek ezin izan dutelako bozkatu 20:00ak arte, beren ardurakoak ez diren arrazoiengatik (adib. mahaietako erroldetako akatsengatik).

Zer behar da hauteskunde hauetan hautesle izateko eta bozkatu ahal izateko?

Hauexek dira hautesle izateko baldintzak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 2. art.):

  • Euskal herritarra izatea = EAEko edozein udalerritako bizilaguna izatea.
  • Bozketa-egunean adinez nagusi izatea.
  • Espainiar nazionalitatea izatea.
  • Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde bakoitzean indarrean dagoen Euskadiko hautesle-erroldan inskribaturik egotea.

Legez nork ez du bozkatzeko eskubiderik?

  • Ez dute bozkatzeko eskubiderik izango (ELHLaren 3. art.):
    • Epai irmoa dela-eta, zigorra bete bitartean bozkatzeko eskubidea kentzeko zigor nagusia edo erantsia dutenek.
    • Epai irmoa dela-eta, ezgaitzat jotakoek; epai horrek berariaz adierazi beharko du bozkatzeko ezgaitasuna.
    • Epailearen baimenaz ospitale psikiatriko batean barneratuek, epailearen baimenak bozkatzeko ezgaitasuna berariaz adierazten badu.
  • ELHLaren 3. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, ezgaitzeez edo barneratzeez arduratzen diren epaileek eta epaitegiek berariazko erabakiak eman beharko dituzte bozkatzeko ezgaitasunari buruz. Ezgaitasun hori onartuz gero, Erregistro Zibilari berri emango diote, eta hark beharrezko idatzoharra egingo du.

2009ko apirilean 18 urte betetzen baditut bozkatu al dezaket?

Ez, bozketa-egunean 18 urte dituztenek soilik bozka dezakete.

Zer behar da Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko? Aurkeztu beharra al dago nortasun-agiria (NANa), pasaportea edo gidabaimena?

  • Bozkatzeko eskubidea gauzatu ahal izateko beharrezkoa da bozkatzea dagokizun mahaiaren hautesle-erroldan agertzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 105.1 art.).
  • Bai, identifikatu beharra dago NANa, pasaportea edo gidabaimena aurkeztuz, eta jabearen (hauteslearen) argazkia bertan agertu beharko da (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 105.1 art.).

Nire NANa, pasaportea edo gidabaimena iraungita badaude bozkatu al dezaket?

Bai, agiri horiek iraungita egonik ere bozka dezakezu, baina zeure argazkia bertan agertu beharko da (Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen Akordioa, 1990-09-26koa).

Bozkatu al dezaket NANa berritzeko agiriarekin?

Ez, ez daukalako hauteslearen argazkirik.

Bozkatu al dezaket futbol-elkarte bateko, unibertsitateko edo beste edonongo txartel profesional edo pribaturekin, neure argazkia bertan agertzen bada?

Ez, ELHLaren 105.1 artikuluak ez du baimentzen, ez baititu hartzen hauteslearen nortasuna ziurtatzen duten agiri ofizialtzat (ildo horretan ikusi Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen Instrukzioa, 2001-04-02koa, eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Akordioa, 2005-03-10ekoa).

Irakurtzen ez dakitenek edo beste edozein akats fisikorengatik boto-txartela aukeratu edo mahaiburuari eman ezin diotenek zer egin dezakete? Bozka dezakete?

Bai, bozka dezakete, beren konfiantzako norbaitek lagunduta (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 104.3 art.).

Hurrengo hauteskundeetan bozkatu ahal izanik, bozketaren bezperan edo bozketa-egunean atxilotua izan denak eskatu al dezake bozkatzera eramatea poliziaren zaintzapean?

Hautesle diren atxilotuek badute bozkatzeko eskubidea, baina ezin dute gauzatu polizia-etxeetan atxiloturik ez dauden beste herritarrek bezala. Ondorioz, idatziz jasotako eskabideak dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko zaizkio, betiere polizia-arduradunaren gidaritzapean, eta Batzorde horrek erabakitakoaren arabera jokatuko da.

Hautesle izanik preso dagoenak bozkatu al dezake?

Bai, baina postaz soilik. (Informazio gehiagorako, ikusi "Posta bidezko bozketa"ren 11.E atala).

Noiz, nola eta nori eska diezaioket hauteskunde-kolegioetara beren kabuz joan ezin diren ezinduak, gaixoak, elbarriak edo istripu bat jasan dutenak bertara eramateko? Nola eta nork erraztu behar die botoa ezinduei?

Posta bidezko bozketa eskatu behar zenuen, eta hala egin ez baduzu, hauteskunde-kolegiora eramateko eska dezazun gomendatzen dizugu, eta horretarako deitzea:

  • Ezagun edo lagunen bati.
  • Zure udaletxeari (ikusi udaletxeen direktorioa webean).
  • Gurutze Gorriari.
  • DYAri.
  • Hauteskunde hauetara aurkezten diren alderdi politikoei (ikusi alderdi politikoen direktorioa webean).

Itsua, elbarria edo gutxitu fisikoa naiz, eta dagokidan hauteskunde-kolegiora neure kabuz joan naitekeen arren, zailtasunak ditut bozkatu behar dudan hauteskunde-mahaira iristeko (kolegioko eskailerengatik), eta ez daukat inor lagunduko nauenik. Nori eskatu behar diot mahaira iristeko laguntza? Bozkatu gabe geratu behar al dut? Zer egin behar dut?

Arazo hori baduzu eta ez baduzu eskatu postaz bozkatzea, zure konfiantzako norbaitek lagunduta bozka dezakezu, eta ikusteko ezintasuna baduzu Braillez bozka dezakezu, Braille bidezko bozketaren 10. ataleko prozedurari jarraituz.

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan bozkatu nuen mahaira joan eta erroldan ez nagoela esan didate. Nola bozka dezaket? Zer egin behar dut?

Bozkatu ahal izateko, erroldako alta ziurtagiria eskatu dagokizun HEBDPari edo udaletxeari.

Hauteslearen nortasunari buruzko zalantzak baleude, erroldako eta NANaren izen-deiturak bat ez datozelako, edo mahaiko erroldaren akats edo hutsuneengatik.

  • Bozkatzeko eskubidea ziurtatuko da errolda-zerrendetan inskribaturik egotearekin edo erroldako berariazko ziurtagiriarekin, eta, batean zein bestean, hauteslearen nortasuna frogatzearekin, horretarako NANa, pasaportea edo gidabaimena erakutsiz; jabearen argazkia izan beharko dute (ELHLaren 105.1 art.).
  • Hauteslea identifikatzeko izapidean desadostasunen bat ikusiko balitz erroldako eta nortasun-agiriko izen-deituren artean euskarazko ortografian idatzita daudelako, mahaiak nortasuna ziurtatu beharko du (ELHLaren 106.2 art.).
  • Zalantzaren bat balego hauteslea nor den jakiteko, edo ikuskatzaile, ahaldun edo hautesleren batek erreklamatuko balu, mahaiak gehiengoz erabakiko luke. Erabakia hartzeko orduan kontuan hartuko dira egiaztagiriak, bai eta hautesleak bozkatzerakoan emandako testigantza ere, eta horren akta jasoko da, hala eskatuko balu hautagai-zerrendako ordezkariren batek. Nolanahi ere, dagokion epaitegiari erruduntasun-testigantza egiteko aginduko zaio, inoren izena usurpatu duenari edo berea gezurrez ukatu duenari erantzukizuna eska dakion (ELHLaren 106.3 art.).

Atzerrian bizi naizen hauteslea naiz, atzerrian bizi diren Euskadiko herritarren errolda berezian inskribaturik nago, eta Euskadin azkenekoz bizi izan nintzen udalerrian nago bozketa-egunean. Joan al naiteke udalerri horretan bozkatzera?

Ez, ez zaude inskribaturik udalerri horretako hauteskunde-mahaiko erroldan. Posta bidez soilik bozka dezakezu, normalean bizi zaren atzerriko herrialdetik. (ikusi Atzerrian Bizi Diren Euskadiko Herritarren Posta Bidezko Botoaren 11. epigrafea).

Mahaiko erroldan inskribaturik ez dagoen norbaitek bozkatu al dezake bertan?

Bai, salbuespen moduan, hiru kasutan:

  • Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileek ezingo dute bozkatu erroldaturik dauden mahaian, baizik eta beren eginkizunak betetzen ari diren mahaian, baldin eta kreditaturik dauden mahaiaren barrutiko hautesleak badira.
  • Mahaiari aurkeztuz erroldako alta ziurtagiria, HEBDPak edo udaletxeak emana, bozketa-eguneko 20:00ak arte (ikusi HEOLOren 85.1 artikulua eta Hauteskunde Batzorde Nagusiaren Instrukzioa, 2003-05-07koa).
  • Mahaiari epai judizial bat erakutsiz; hautesleak mahaiko erroldan egoteko eskubidea duela erakutsi beharko du epai horrek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 105.4 art.). .

Euskal nortasun-agiria delakoarekin bozkatu nahi dut eta mahaiburuak ukatu egin dit. Zer egin dezaket? Eskatu al dezaket NAN horrekin bozkatzen uztea?

Ezin da bozkatu euskal NANarekin, ez delako bozkatzeko nortasuna kreditatzen duen agiri ofiziala (HNBaren Akordioa, 2005-03-10ekoa). Agiri horrekin bozkatu nahiari eutsiz gero, mahaiburuak Ertzaintzari laguntza eskatu ahal izango dio, eta beste hautesleei bozkatzea eragozteaz akusa zaitzake. Akusazio hori hauteskunde-delitutzat har daiteke. Dena dela, ikuskatzaile bati eska dakioke gorabehera horren berri jasotzeko mahaiko saioaren aktan.

Mahaiburuak zer egin behar du hautesle bat euskal NANarekin bozkatzera joan eta, uzten ez zaionean, hautesleak mahaiburuari salaketa-idazki bat aurkezten dionean sina dezan?

Mahaiburuak ez dauka inongo salaketa-idazkirik sinatu beharrik, besterik gabe salaketa-idazkia jaso eta mahaiko saioaren aktari erantsiko dio, eta gorabeheraren berri eman. Hori aski ez balitz, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko lioke.

Bozketa-egunean lan egiten dugunok nola bozka dezakegu?

Enpresak ordaindutako baimen bat dagokizu bozketa-egunean, bozkatzera joateko. Nolanahi ere, zehaztu beharra dago honako hau:

  • Zure lanaldia 09:00ak eta 20:00ak artekoa bada (bozketaren ordutegi bera), ordaindutako 4 orduko baimena dagokizu (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren Aginduko 1.a art.).
  • Zure lanaldia 4 ordutan baino gehiagoan bat baldin badator bozketaren ordutegiarekin (baina EZ oso-osorik), ordaindutako 4 orduko baimena dagokizu (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren Aginduko 1.b art.).
  • Zure lanaldia 4 ordutan baino gutxiagoan bat baldin badator bozketaren ordutegiarekin, ordaindutako zure baimena murriztu egingo da lanaldiaren eta bozketaren ordutegia bat datozen tartera (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren Aginduko 1.b art.).
  • Lanaldi partzialeko kontratua baduzu eta zure lanaldia langile guztiena baino laburragoa bada, ordaindutako zure baimena murriztu egingo da zure eta enpresaren lanaldiaren arteko proportzioan (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren Aginduko 1.c art.).

Ba al dut enpresan lanaldia murrizteko eskubiderik, nire lanaldia hausnarketa-egunaren gaueko txandan hasi bazen eta bozketa-eguneko 08:30etan bukatu?

Ez, zure lanaldiaren eta bozketaren ordutegiak bat EZ datozenean, ez osorik ez hein batean, ez duzu eskubiderik enpresari inolako eskubiderik eskatzeko (Justizia, Lan eta Gizarte segurantzako Sailburuaren Aginduko 1.d art.).

Bozketa-egunean lan egin behar dut, eta ordaindutako baimen bat eska diezaioket enpresari. Nola justifika dezaket bozkatzera joan naizela? Zer aurkeztu behar diot enpresari?

Mahai guztietan dago mahaiak zigilaturiko ziurtagiri bat, bozkatu duzula dioena (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Sailburuaren 4. art.).

Bozketa-egunean lan egiten duten estatuko segurtasun-indarrek, ertzainek edo udaltzainek zer lan-eskubide dituzte?

Beren lan-eskubideak ez badaude jasota Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren aginduan, postaz bozkatu behar dutela jakinarazi behar zaie. Gainerako zalantzentzat, deitu Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako Departamentura, 945-01.93.23, eta José M. Fernández abokatuarekin jartzeko eskatu.

Bozkatzera gindoazela senarra ondoezik jarri da eta erietxera joan da. Bere ordez bozkatu al dezaket bere NANarekin?

Ez, botoa pertsonala eta sekretua da (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 104.1 art.).

Zinpeko zaintzailea naiz eta bozketa-egunean lana dut. Bozkatzeko orduan eraman al dezaket nire arma, borra, etab.? Zer egin behar dut?

Ez, debekaturik dago armak edo arma moduan erabil daitezkeen tresnak eramatea. Debeku hori betetzen ez bada, mahaiburuak bertatik egotz zaitzake (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 108.3 art.).

Postaz bozkatzea eskatu dut eta ez dut agiririk jaso. Joan al naiteke bozkatzera?

Ez, postaz bozkatzea eskatu ondoren, postaz bozkatu edo ez, debekaturik dago bozkatzera joatea (Hauteskunde Erregimen Orokorreko Lege Organikoaren 73.1 art.).

Senarra marinela dut, bozketa-egunean ez da etxean izango, eta bera ez dagoela bera ordezkatzeko gai egiten nauen notario-ahalorde bat daukat. Bere ordez bozkatu al dezaket notario-boterearekin?

Ez, Hauteskunde Legeak ez du baimentzen ahalordetutako botorik. Zure senarrak postaz bozkatu beharko zukeen.

Bozketa-egunean Euskaditik kanpo ibiliko nintzelakoan postaz bozkatzea eskatu dut, baina azkenean ez daukat joan beharrik. Joan al naiteke bozkatzera nire mahaira?

Ez, postaz bozkatzea eskatu ondoren, postaz bozkatu edo ez, Hauteskunde Legeak debekatu egiten du bozkatzera joatea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 73.1 art.).

Hauteskunde-mahaiko partaideek noiz joan behar dute hauteskunde-kolegiora mahaia osatzeko?

Bozketa-eguneko 08:00ak baino lehen (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97. art.).

Mahaietako ordezkoek ere joan behar al dute hauteskunde-mahaia osatzera?

08:00etan joan beharra dute mahaiko partaide izendatutako guztiek, nahiz mahaiburu nahiz mahaikide titularrek eta ordezkoek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.1 art.).

Mahaia eratzeari, osatzeari, ordezkatzeari eta partaide izan beharrari buruzko guztia.

Ikusi 8. epigrafean "Hauteskunde-mahaietako partaideak"

Zer egin behar dut bozketa-egunean ezin banaiz hauteskunde-kolegiora joan mahaia osatzeko?

Goizeko 08:00etan joan ezin bazara justifikatutako arrazoi batengatik, lehenbailehen jakinarazi zure Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari (ikusi horien helbideak eta telefonoak web honetan). Ez badago justifikatutako arrazoirik, mahaira ez joatea delitu da eta 14 eta 30 egun arteko askatasuna kentzea eta 2 eta 10 hilabete arteko isuna du.

Bozkatu al dezake gutxitu psikikoa den hautesle batek?

Bai, erroldan badago. Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 3.1.c artikuluaren arabera, botoa ukatzen zaien bakarrak epailearen baimenez ospitale psikiatrikoetan barneraturik daudenak dira, berariaz adierazten bada ez direla bozkatzeko gai.

Zer material eta agiri eduki behar ditu mahaiak?.

  • Hauteskunde-mahai bakoitzean hautestontzi bat egongo da.
  • Hauteskunde-mahai bakoitza dagoen areto berean kabina bat egongo da hormaren kontra, hauteslea bakarrik egon ahal izan dadin.
  • Era berean, hautagai-zerrenda bakoitzeko behar hainbat gutun-azal eta boto-txartel egongo dira bertan.
  • Bozketa-aretoan horietako edozein faltako balitz mahaia eratzeko orduan nahiz geroago, mahaiburuak berehala jakinaraziko du (ELHLaren 99 art.).

Bozkatzen hasi al daiteke mahaia eratu gabe?

Ez, mahaia hiru pertsonak eratu eta osatu behar dute: mahaiburuak eta bi mahaikidek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 103. art.).

Nork sartu behar du botoaren gutun-azala hautestontzian? Mahaiburuak ala boto-emaileak?

Boto-emaileak bozketaren gutun-azala mahaiburuari eman, eta hark sartuko du hautestontzian (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 107.1 art.).

Hauteskunde-mahaiko partaideek zer egin eta jakin behar dute bozketa hasi aurretik?

Mahaia legez eratzea, eratze-akta betetzea, hautestontziaren eta kabinaren egoera ikustea, nahikoa boto-txartel eta bozkatzeko gutun-azal dauden ikustea, eta mahaiko hauteskunde-agiri guztiak bertan dauden egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 99. eta 100. art.).

Bozkatzen hasi al daiteke mahaia eraturik eta osaturik, baina hautagai-zerrendaren bateko ikuskatzaileak edo ahaldunak bertan ez daudela?

Bai, ikuskatzaileak eta ahaldunak ez dira mahaiko partaide, eta beraz ez dute botorik mahaiaren erabakietan. Beren hautagai-zerrenden interesen arabera mahaiaren aurrean bozketari buruz iritzia eman, erreklamatu edo protestatu besterik ezin dute egin, eta bozketa ongi joan dadin zaindu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 93.1 eta 94.4 art.).

Hasi al daiteke bozkatzen 09:00etan, mahaiko partaideren batek ikusten badu hautestontzia hautsita dagoela, ez dagoela kabinarik, hautagai-zerrendaren bateko boto-txartelak falta direla edo ez dagoela nahikoa boto-txartel, bozkatzeko gutun-azal, edo mahaiak bete beharreko agiriak eta inprimakiak falta direla??

Ez, eta horrelako edozein gorabehera berehala jakinarazi behar zaio hauteskunde-kolegioan dagoen administrazioko ordezkariari, eta hura ez balego, udaletxeari edo Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, bizkor konpondu eta bozketa hasteko (ikusi hurrengo orrialdeko oharra).
OHARRA:Normalean, administrazioko ordezkariek prest edukitzen dute udal bakoitzeko hauteskunde-kolegioetako mahaietako material guztia, bozketa-eguna baino 24 ordu lehenagotik.
Nolanahi ere, mahaian zerbait falta dela antzemanez gero, udalak normalean konpondu egiten du arazoa bozketa-eguneko 08:00ak eta 09:00ak artean, hau da, bozketa hasi aurretik.

Behin hasi ondoren, zein arrazoirengatik eten daiteke bozketa?

Kasu hauetan:

  • Hautagai-zerrendaren bateko boto-txartelak faltatzea, hautagai-zerrenda horretako ikuskatzaileek edo ahaldunek ezin badituzte berehala osatu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.3 art.).
  • Ezohiko beste arrazoi batzuk: kolegioa hustu beharra bonba-mehatxuagatik, hautestontzia apurtzea, bozkatzeko gutun-azalik ez egotea, mahaiko partaide bat baino gehiago faltatzea.

Nork eten dezake bozketa?

Mahaiburuak soilik, arestian aipatutako kasuetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.3 art.).

Mahaiak bozketa etetea erabakitzen badu, zer egin behar da?

  • Lehenik eta behin: Etenaldia eragin duen arazoa berehala konpondu, eta horretarako, hauteskunde-kolegioan dagoen administrazioko ordezkariari jakinarazi, edo udalari, edo Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.3 art.).
  • Bigarrenik: Etenaldia eragin duen arazoa konpondu ostean, mahaiburuak bozketa jarraitzeko aginduko du.
  • Hirugarrenik: Etenaldiak ordubete baino gehiago iraun badu, mahaiburuak bi mahaikideei entzun, eta bozketa zenbat luzatu erabakiko du.

Boto-emaile batek hautestontzian gutun-azal bat baino gehiago sartuz gero eten egin behar al da bozketa?

Hori gertatuz gero, ezin da bozketa eten, bi aldiz bozkatu izana ezin baita konpondu. Horrelakoetan, mahaiburuak gertaera hori saioko aktan jaso eta hori eragin duen pertsona nor izan den jasota utziko du, erantzukizunik balu ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.1 k art.).

Zer gertatzen da boto-emaileak boto-txartel bat edo beste edozein paper (adib. NANa) sartzen badu hautestontzian?

Bozketa ez da etengo. Mahaiak zenbaketa egiterakoan, behar bezala sartu gabeko boto-txartela baliogabetzat jo, eta NANa bada boto-emaileari itzuliko zaio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 115 a art.).

Zer gertatzen da hiru mahaikideetako batek alde egin eta bozketa aldian berriro bueltatzen ez bada? Eten al daiteke bozketa?

Ez, bozketa ez da etengo, hauteskunde-mahaiak berdin jarraitu baitezake lanean bi partaiderekin. Nolanahi ere, hauteskunde-mahaiak absentzia horren berri eta arrazoia jaso behar ditu saioko aktan, ardurak eskatu beharko balira ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.2 art.).

Zer gertatzen da ezohiko arrazoiengatik hiru mahaikideetako bi joan eta berriro etortzen ez badira?

Ezohiko kasu horretan bozketak ezin du jarraitu eta eten egin behar da, mahaiak ezin baitu jardun partaide bakarrarekin. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari edo udaletxeko idazkariari jakinarazi eta bi ordezko izendatzen dituztenean ekingo zaio berriro bozketari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 98.3 art.).

Zein arrazoirengatik utziko da bertan behera bozketa, edo ez da hasiko?

Ezinbestean bakarrik (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 102.1 art.). Adibidez:

  • Mahaia dagoen hauteskunde-kolegioa suntsitzea.
  • Hauteskunde-kolegioan benetako edo itxurako lehergai bat edo beste gorabeheraren bat egotea, mahaia eratzea oztopatzen duena.
  • Hauteskunde-mahaia eratzeko ezintasun materiala, mahaia osatu behar duten hiru pertsonak ez daudelako bozketak hasi behar duen eguneko 09:00ak baino bi ordu geroago.
  • Hautestontzia apurtzea eta bertako edukia galtzea edo suntsitzea.

Bozketa bertan behera utziz gero, errepikatu egingo al da? Noiz?

Bai, bozketa errepikatu egingo da. Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak beste deialdi bat egingo du bozkatzeko, bozketa-egunetik bi egunera, eta halako gorabeherarik ez errepikatzeko beharrezko neurriak hartuko dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 102.3 art.).

Zer gertatzen da bozketa bertan behera utzi arte hautestontzian utzitako botoekin?

Emandako botoak suntsitu egingo dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 102.2. art.).

Mahaiburuak bozketa bertan behera uztea erabakitzeko zer izapide jarraitu behar ditu?

Mahaiak erabaki behar du bozketa bertan behera uztea, mahaiburuak arrazoitutako idazki baten bidez. Idazki horren kopia bat Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari berehala bidali, hark bozketa bertan behera uzteko alegatutako arrazoiak egiaztatu, eta erabaki horrengatik letozkeen ardurak eskatuko ditu, hala balegokio (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 102.1 art.).

Mahaiak zein urrats egin behar ditu 20:00etatik aurrera eta mahaiko botoak zenbatzen hasi aurretik?

Hiru urrats:

  • 20:00ak arte mahaira heldu diren posta bidezko botoak hautestontzian sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.2 art.).
  • Ikuskatzaileek bozkatzea, lanean aritu diren mahaiaren barrutiko hautesleak badira, mahaikideek eta, azkenik, mahaiburuak, nahi badute (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.3 art.).
  • Mahaiko partaideek eta ikuskatzaileek boto-emaileen zenbakidun zerrendako orri guztiak sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.4 art.).

Posta bidezko botoak hautestontzian sartu aurretik, zer urrats egin behar ditu mahaiak? Noiz ez da sartu behar posta bidezko botoa hautestontzian?

Mahaiari heldu zaizkion posta bidezko botoak hautestontzian sartu behar diren edo ez aztertzea. Horretarako, posta bidez heldu zaizkion gutun-azalak aztertu eta ireki beharko ditu. Posta bidezko botoak ez dira hautestontzian sartuko kasu hauetan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 113. art.).:

  • 20:00ak baino beranduago iritsitako posta bidezko gutun-azalak badira.
  • Posta ziurtatuaren zigilurik ez daramaten posta bidezko gutun-azalak badira.
  • Hauteslea erroldan inskribaturik dagoela dioen HEBDParen ziurtagiria ez daramaten gutun-azalak badira.
  • Posta bidezko boto-emailea mahaiko erroldan agertzen ez bada.
  • Posta bidezko boto-emailea "PB" moduan agertzen ez bada mahaiko erroldaren zerrendetan.

Nola eta nork inpugnatzen du mahaiko posta bidezko botoa? Mahaiak zer egin behar du posta bidezko botoa inpugnatzen denean?

  • Posta bidezko botoak banan-banan inpugnatu behar dira, eta ez da onartzen posta bidezko boto guztiak inpugnatzea. Hauteskunde-mahaiak gehiengoz erabaki behar du inpugnazio hori onartu ala ez.
  • Inpugnazioa onartuko ez balu, mahaiburuak posta bidezko botoa hautestontzian sartu, eta saioko akta orokorrean jasoko litzateke mahaiaren erabakia eta inpugnazioaren arrazoia.
  • Mahaiak inpugnazioa onartzen badu, mahaiburuak posta bidezko botoa hautestontzian sartu ez eta gainontzeko hauteskunde-agiriekin batera bidaliko dio Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeari.

Nola zenbatzen dira mahaiaren erabakiz hautestontzian sartu ez diren posta bidezko botoak?

Posta bidezko boto bat ez onartzeko mahaiak hartutako erabakiari ez badio kontra egiten ikuskatzaile edo ahaldunen batek, posta bidezko boto hori hautestontzian sartu ez, suntsitu, eta ez da boto-emaile gisa zenbatuko, eta ezta boto baliodun, baliogabe edo zuri moduan ere.
Baina posta bidezko botoa ez onartzeko mahaiak hartutako erabakiari kontra egiten badiote ikuskatzaileek eta ahaldunek:

  • Mahaiak inpugnazioa onartzen badu, botoaren gutun-azala hautestontzian sartu eta posta bidezko botoei laguntzen dieten agiriak soilik erantsiko zaizkio saioko aktari. Boto hori dagokion moduan zenbatu beharko da: baliodun, baliogabe edo zuri.
  • Mahaiak ez badu inpugnazioa onartzen, botoaren gutun-azala hautestontzian sartu ez eta 1. gutun-azalari erantsiko zaio, saioko aktarekin batera. Kasu horretan, hautestontzian sartu gabeko gutun-azala ez da boto moduan zenbatuko.

Mahaiaren zenbaketa publikoa al da? Nor egon daiteke bertan?

Bai, publikoa da. Ondorioz, nahi duten guztiak joan daitezke, betiere mahaiburuaren iritziz zenbaketa egiten den aretoan sartzen badira.
OHARRA: Mahaiburuak uste badu giroa aztoratzen ari dela eta ezin dela zenbaketarik egin, aretoa husteko agin dezake. Hori gertatuz gero, bertan egon daitezkeen bakarrak hauek dira: mahaiko partaideak, hautagai-zerrendetako lurralde-ordezkariak, ikuskatzaileak eta ahaldunak, notarioak, mahaiburuak eskatutako agintaritzaren agenteak, hauteskunde-batzordeetako partaideak eta instrukzio-epaileak edo beren ordezkariak (ELHLaren 117.2 art.).

Mahaiaren zenbaketa eten al daiteke?

Ez (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 118.2. art.).

Ikuskatzaileek eta ahaldunek mahaiko jardueren kontra egindako protestak eta erreklamazioak nola ebazten dira?

Mahaiko hiru partaideen botoen gehiengoz. Mahaian bi partaide besterik ez baleude, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko lituzke berdinketak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 118.5 art.).

Zer da boto baliogabea?.

Honako hauek dira boto baliogabeak:

  • Eredu ofizialez besteko gutun-azalean edo boto-txartelean emanak, gutun-azalik gabeko boto-txartelean emanak, edo gutun-azalaren barruan hautagai-zerrenda desberdineko boto-txartel bat baino gehiago dituztenak. Dena dela, gutun-azal batean hautagai-zerrenda bereko boto-txartel bat baino gehiago baleude, boto bat emango litzaioke hautagai-zerrenda horri.
  • Bertako izenak aldaturik, marraturik edo ordena aldaturik dituen boto-txartela.
  • Irainak edo botoaz besteko edozein hitz daraman botoa.
  • Kanpotik ezagutzeko moduko gutun-azalean emana (ELHLaren 115. art.).

Zer da boto zuria.

Boto zuri baina balioduntzat hartuko da boto-txartelik ez duen gutun-azala, bai eta hauteskunde-barrutitik legez kendutako hautagai-zerrenda bati emana ere (ELHLaren 116. art.).

Hauteskundeetan gehiengoa izan duen alderdiarentzat al dira boto zuriak?

Ez, hautagai-zerrenden boto-kopuruari gehitzen zaio, % 3a aplikatzeko, eta aulkia zein hautagai-zerrendak lortzen duen jakiteko (ELHLaren 11.1 art. 6/2000 Legearen arabera, urriaren 4koa, ELHLa aldatzen duena).

Zer ondorio ditu boto zuriak?

Batere ez, asko direnean bakarrik eragiten diote hautagai-zerrendek aulkia lortzeko boto baliodunen % 3ari.

Nola zenbatzen da "zuri" idatzirik duen paper baten botoa?

Baliogabea da, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 115. eta 116. artikuluen arabera.

Nola zenbatzen da orri zuri bat daraman gutun-azal bateko botoa?

Boto baliogabe moduan, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 115. eta 116. artikuluen arabera.

Zer gertatzen da mahaiko botoen zenbaketa amaitu eta bat ez datozenean hautestontzian emaniko gutun-azalen kopurua eta zenbakidun zerrendan erregistratutako boto-emaileen kopurua? Zer egin behar da?

Gorabehera horren berri mahaiaren saioko aktan jaso behar da (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.1 j art.).

Zer egin behar da baliogabetzat jotako boto-txartelekin, eta ikuskatzaileek edo ahaldunek inpugnatu edo erreklamatutakoekin?

Ez dira suntsitu behar, saioko aktarekin batera erantsiko baitzaizkio agirien 1. gutun-azalari. Gainera, mahaiko hiru partaideek sinatu behar dituzte boto-txartel horiek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.3 art.).

Zenbaketa amaitzean zer egiten zaie boto-txartelei eta irekitako gutun-azalei?

Nola edo hala suntsitu (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.3. art.).

Boto-txartel batean marka bat edo azpimarra bat dagoenean ezein hautagairi ez dagokiona eta ordena aldatzen ez duena, nola zenbatzen da?

Baliogabe moduan, Hauteskunde Batzorde Nagusiko 12/2007 Instrukzioaren arabera: "(..) boto baliogabetzat hartu behar da gutun-azala irekitakoan boto-txartelak aldaketaren bat duenean, bai aldatu, gehitu, nabarmendu edo marratu egin delako hautagai baten izena, edo hautagai-zerrendaren izena, siglak edo sinboloa, edo aldatu egin delako hautagai-zerrendaren ordena, edo aspak, gurutzeak, marrak, esaldiak edo leloak jarri direlako boto-txartelaren aurreko edo atzeko aldean, edo boto-txartela hautsirik edo urraturik dagoelako".

Guztira zenbat boto-emaile egon dira?

Boto baliogabeen kopurua + boto zurien kopurua + hautagai-zerrendei emandako botoen kopurua.

Ikuskatzaileen edo ahaldunen inpugnazioa onartu ondoren mahaiaren erabakiz hautestontzian sartu ez diren bozketako gutun-azalak boto moduan zenbatzen al dira?

Mahaiak hautestontzian sartu gabeko gutun-azalak ez dira hartzen boto balioduntzat, ez baliogabetzat, ez zuritzat, ez hautesletzat, eta mahaiak suntsitu egin behar ditu. Dena dela, inpugnatu edo erreklamatutako gutun-azalak mahaiaren saioko aktari erantsi behar zaizkio.

Arabako hautagai-zerrenda baten aldeko boto-txartela nola zenbatzen da Bizkaiko barrutiko mahai batean?

Boto baliogabea da, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentziak behin baino gehiagotan esan duenez.

Nola egiten da zenbaketaren behin-behineko jakinarazpena?

Mahaiburuak ozenki adieraziko du zenbaketaren emaitza, datu hauek emanez:

  • Mahaiko hautesle-erroldan datozen hautesleen kopurua.
  • Mahaiko zenbakidun zerrendan erregistratutako hautesleen kopurua.
  • Boto baliogabeen kopurua.
  • Boto baliodunen kopurua.
  • Boto zurien kopurua.
  • Hautagai-zerrenda bakoitzaren boto-kopurua (ELHLaren 119.1 art.).

Nola betetzen da saioko akta?

Aurreko lanak egin ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta mahaiko ikuskatzaileek saioko akta sinatuko dute, eta bertan ondorengoak zehaztuko dira:

  • Mahaiko hautesle-erroldan datozen hautesleen kopurua.
  • Mahaiko zenbakidun zerrendan erregistratutako hautesleen kopurua.
  • Boto baliogabeen kopurua.
  • Boto baliodunen kopurua.
  • Boto zurien kopurua.
  • Hautagai-zerrenda bakoitzaren botoak.
  • Saileko zerrendan azaldu ez arren, bozkatu duten ikuskatzaileen kopurua.
  • Egindako protesten eta erreklamazioen laburpena, nork egin dituen zehaztuta.
  • Protesten eta erreklamazioen aurrean mahaiak emaniko ebazpenak, bai eta boto partikularrak ere, halakorik balego.
  • Hautestontzitik zenbat gutun-azal atera diren eta zenbat boto-emaile dauden erregistraturik, bi kopuruak bat ez datozenean.
  • Edozein gorabehera edo gertakari interesgarriren berri.
  • Zenbat errolda-ziurtagiri ekarri diren, hautesle-erroldako altak direnak.
  • Zenbat epai judizial ekarri diren (ELHLaren 120.1 art.)

Zer-nolako agiriak sartu behar dira 1., 2., 3. eta 4. gutun-azaletan?

Nagusiki, eratze-akta, mahaiaren saioko akta eta boto-emaileen zenbakidun zerrenda. Gehiago zehazten da Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121.a artikuluan, 1. gutun-azalari buruz, eta Lege horren 121.b artikuluan 2., 3. eta 4. gutun-azalei buruz (ikusi Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121. art.).

Nori ematen zaizkio agirien gutun-azalak

Udalerri bakoitzeko Lehen Instantziako Epaileari edo Bake Epaileari ematen zaizkio lau gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 122.1 art.).

Nork eraman behar ditu agirien gutun-azalak epaitegira, eta nork babestu behar ditu?

Nahitaez mahaiburuak eta bi mahaikideek, eta nahi izanez gero hautagai-zerrendetako ikuskatzaileek edo ahaldunek. Hala eskatutakoan, Ertzaintzak babestuko ditu gutun-azalak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 122.1 art.).

Nork ordaintzen du bidalketa hori?

Inork ez. Agiri horiek ibilgailu batean eraman behar direnean epaitegira, Ertzaintzak jarriko du horretarako bidea.

Mahaiak zer egin behar du bozkatzeko aurkeztu dizkioten errolda-ziurtagiriekin?

Mahaiko erroldan alta emateko nahiz bertako akatsak zuzentzeko mahaiari ekarritako ziurtagiri guztiak saioko aktari erantsiko zaizkio, eta akta horretan mahaiak erroldako zenbat alta ziurtagiri jaso dituen idatziko da soilik (ELHLaren 120.1. l, m art.).

Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza
Azken aldaketa 2012/11/07
© 2011 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Cookie-ak

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu. 

Cookie-ak