Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Euskadi.eus
Hasiera
eu | es

Galde-erantzunak

HAUTESKUNDE-MAHAIETAKO PARTAIDEAK

IZENDAPENA

Zenbateko epea dago mahaiko partaideak izendatzeko?

Zenbateko epea dago mahaiko partaidearen izendapena jakinarazteko?

Nora jo behar dut mahaiko partaide banaiz eta bozketa-egunean joan ezin banaiz? Mahaiko partaide izendatutako pertsonek zer legezko epe dute aitzakiak alegatzeko?

Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek legezko zer epe dute alegatutako azalpenak ebazteko?

Noiz arte izenda nazakete hauteskunde-mahaiko partaide? Orduan, zer epe dut azalpenak aurkezteko?

Azalpenak alegatzeko epeak amaitu ondoren, zer gertatzen da norbait mahaiko partaide edo ordezko behin-betiko izendaturik egon eta bozketa-egunean ezin bada joan mahaia osatzera arrazoi justifikatu batengatik? Zer egin behar du?

Mahaiko partaide titular edo ordezko izendatu ondoren, derrigorrezkoa al da bozketa-egunean mahaia osatzera joatea?

A priori nori ukatzen zaio mahaiko partaide izatea?

Zein dira mahaiko partaide edo ordezko izatetik salbuesten duten arrazoi justifikatuak?

Ertzain izatea alegatzea arrazoi justifikatua al da mahaiko partaide ez izateko?

Nola eta zein baldintzarekin izendatzen dira hauteskunde-mahaietako partaideak?

Zein organismo arduratzen da mahaiko partaidearen izendapena jakinarazteaz?

Ikuskatzaile edo ahaldun den mahaiaren barrutiko hautesle den norbait izendatu al dezakete mahaiko partaide?

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan mahaiko partaide izendatuak izan zirenak automatikoki izendatzen al dituzte mahaiko partaide Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan?

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan mahaiko partaide titular edo ordezko izendatu zuten norbait izan al daiteke mahaiko partaide edo ordezko Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan?

Zer gertatzen da mahaiko partaide izendatu dutela ezin zaionean jakinarazi norbaiti?

Zer egin behar dut udalak edo EHBak mahaiko partaide naizela telefonoz edo izendapena buzoian utziz jakinarazten didanean?

Mahaiko partaide naizela jakinarazi al diezadakete legezko epetik kanpo?

OSAERA

Hauteskunde-mahaiek zein eta zenbat partaide eduki behar dituzte?

Mahaietako zein eta zenbat partaidek joan behar dute nahitaez bozketa-eguneko 08:00etan hauteskunde-mahaiak osatzeko?

Zer gertatzen da hiru partaideetako bat mahaitik joaten bada bozketan zehar? Eta mahaiko hiru partaideetatik bi joaten badira?

Mahaiko titularrek eta ordezkoek mahaiko hautesle izan behar al dute?

ERATZEA

Titularrek eta ordezkoek zer ordutan joan behar dute hauteskunde-kolegiora mahaia eratzeko?

Hauteskunde-mahaiak zer ordutan egon behar du eraturik?

Zein partaidek eratzen dute hauteskunde-mahaia?

Zer gertatzen da mahaiko titular edo ordezkoren bat ez bada agertzen bozketa-eguneko 08:00etan? Nola ordezkatzen dira? Ordezkatzeko orduan zer ordena jarraitu behar da?

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaia ezin bada eratu partaideak ez direlako agertu bozketa-eguneko 08:30etan?

EGINKIZUNAK

Zein dira mahaiaren eginkizun zehatzak?

Eratze-aktaren, behin-behineko zenbaketaren jakinarazpenaren eta mahaiaren saioko aktaren zenbat akta eman behar zaizkio hala eskatzen duen hautagai-zerrenda bakoitzari?

Hala eskatzen duten ikuskatzaileei eman al dakieke mahaiko hautesleen zenbakidun zerrenda, edo bertako hautesle-erroldaren zerrendak?

ESKUBIDEAK

Hauteskunde-mahaietako hiru partaideei zer lansari dagokie?

Noiz ordaintzen da?

Mahaietako titularren ordezkoei ba al dagokie lansaririk?

Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileei ba al dagokie lansaririk?

Hauteskunde-mahaietako partaideen lansariari atxiki behar al zaio PFEZrik?

Pertsona fisikoen errentaren zergan deklaratu behar al da hauteskunde-mahaietako partaideek jasotako lansaria?

Mahaiko partaideei ba al dagokie beren enpresak ordaindutako baimenik, bozketa-egunean lan egin beharra badute? Eta hauteskundeen biharamunean lan-murrizketarik?

Lan egiten dudan enpresan zer agiri aurkeztu behar dut, datozen hauteskundeetan mahaiko partaide izateagatik dagokidan lan-murrizketa egin diezadaten?

Mahaiko ordezko izendatu naute eta bozketa-egunean lan egin beharra daukat. Enpresak aldatu egin behar al dit laneguna? Zer gertatzen da azkenean ez badut mahaiko partaide izan beharrik?

Mahaiko partaide izendatu naute eta bi enpresatan egiten dut lan, batean goizez eta bestean arratsaldez. Zein enpresak eman behar dizkit bozketen biharamunean dagozkidan 5 ordu libreak?

Mahaiko partaide izendatu naute eta lanaldi murriztua dut. Zenbat ordu libre dagozkit biharamunean?

Hauteskunde-mahaietako partaideak babesten al ditu asegururen batek edozein istripu edo gorabeheratatik bozketa-egunean?

Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileak eta ahaldunak babesten al ditu istripu-asegururen batek bozketa-egunean? Eta boto-emaileak?

Poliziak atxilotu al ditzake mahaiko partaideak bozketa-egunean?

Mahaietako emaitzak jasotzen dituzten Euskadiko administrazioaren ordezkariak eta hauteskunde-kolegioetako arduradunak babesten al ditu istripu-asegururen batek bozketa-egunean?

BETEBEHARRAK

Mahaiko partaideek zer betebehar dituzte bozketa-egunean?

Mahaiak nori utzi behar dio sartzen mahaia dagoen aretora?

Zer egin behar du mahaiko partaideak baldin eta ikuskatzaile edo ahaldunen bat hautagai-zerrendetako siglenak ez diren kamiseta, itsasgarri, argazki edo horma-irudien gai politikoekin agertzen bada?

Mahaiburuak zer aginte du bozketan zehar?


Zenbateko epea dago mahaiko partaideak izendatzeko?

Urtarrilaren 31tik otsailaren 4ra egunen artean, biak barne, udaletxe bakoitzak udalerriko hautesleen artean zozketaz izendatzen ditu mahai bakoitzeko titularrak eta ordezkoak (guztira mahai bakoitzeko 9 izendapen = 3 titular eta 6 ordezko) (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 43.4 art.).

Zenbateko epea dago mahaiko partaidearen izendapena jakinarazteko?

Otsailaren 5etik 7ra egunen artean, biak barne (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 44.1 art.).

Nora jo behar dut mahaiko partaide banaiz eta bozketa-egunean joan ezin banaiz? Mahaiko partaide izendatutako pertsonek zer legezko epe dute aitzakiak alegatzeko?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 44.1. artikuluaren arabera.

  • Lehenik eta behin: Dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordera joan behar duzu aitzakia azaltzeko.
  • Bigarrenik: Mahaiko partaide izatea eragozten duten agiri bidezko azalpen justifikatuak Eskualdeko Hauteskunde Batzordean alegatzeko epea otsailaren 8tik 14ra egunen artekoa da, biak barne, jakinarazpena jasotzen den egunean zenbatzen hasita. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek inprimaki bat izango dute, dagozkion aitzakiak alegatzeko.
  • Hirugarrenik: Arrazoi justifikatuengatik legezko epetik kanpo jakinaraziko balitz, aitzakien alegazioa jakinarazpena jasotzen den egunetik aurrera zenbatu beharko da (teorian 7 egun dira alegatzeko, baina praktikan gutxiago izango dira).

Eskualdeko Hauteskunde Batzordeek legezko zer epe dute alegatutako azalpenak ebazteko?

Otsailaren 15etik 19ra egunen artean, biak barne (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 44.1 art.)
Dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak (EHB) azalpenak ebatzi ondoren

  • Alegatutako azalpena onartzen ez badu, EHBak behin-betiko izendapena jakinaraziko dio mahaiko partaideari.
  • Onartuz gero, kargu horretatik salbuetsia izan dela jakinaraziko zaio, eta mahaiko beste partaide bat izendatu eta jakinarazi egingo zaio. Ez dago ondorengo helegiterik Eskualdeko Hauteskunde Batzordearen erabakiaren kontra.

Noiz arte izenda nazakete hauteskunde-mahaiko partaide? Orduan, zer epe dut azalpenak aurkezteko?

Norbait hauteskunde-mahaiko partaide izenda dezakete bozketa-eguna baino 24 ordu lehenago arte. Ondorioz, azalpenak aurkezteko epea jakinarazpen-dataren araberakoa izango da. Jakina, bozketa-eguna baino 24 ordu lehenago jakinarazi bazaio izendapena, ez dauka 7 eguneko legezko eperik alegazioak egiteko, legeak dioen moduan.

Azalpenak alegatzeko epeak amaitu ondoren, zer gertatzen da norbait mahaiko partaide edo ordezko behin-betiko izendaturik egon eta bozketa-egunean ezin bada joan mahaia osatzera arrazoi justifikatu batengatik? Zer egin behar du?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 44.2 artikuluaren arabera:

  • Dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi beharko dio bozketa-eguna baino gutxienez 72 ordu lehenago, dagozkion egiaztagiriak aurkeztuz.
  • Eragozpena otsailaren 20tik martxoaren 1era egunen artean agertuko balitz, interesatuak berehala jakinarazi beharko lioke Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, bozketa-eguneko 08:30ak baino lehenago, batzorde horrek dagokion ordezkapena egin dezan .

Mahaiko partaide titular edo ordezko izendatu ondoren, derrigorrezkoa al da bozketa-egunean mahaia osatzera joatea?

Mahaiko partaidearen kargua, titularra nahiz ordezkoa, derrigorrezkoa da eta bozketa-eguneko 08:00etan hauteskunde-kolegiora joan beharko da, hauteskunde-mahaia osatzeko. Agiri bidez justifikatu gabe ez joatea delitu da eta 14 eta 30 arteko askatasuna kentzeko zigorra ezarriko zaio eta 2 eta 10 hilabete arteko isuna du (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 42.1 eta HEOLOaren 143. artikuluak, eta 1995eko Zigor Kode berria).

A priori nori ukatzen zaio mahaiko partaide izatea?

Ezingo dira mahaiko partaide izan:

  • Hauteskunde Batzordeetako partaide direnak.
  • Hauteskundeetako hautagaiak.
  • Hauteskunde-bidezko edo izendapen askeko herri-kargudunak.
  • Beren eskubide zibil eta politiko guztien jabe ez direnak (ELHLaren 42.2 art.).

Zein dira mahaiko partaide edo ordezko izatetik salbuesten duten arrazoi justifikatuak?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 42.3 artikuluan datozenak. Salbuetsiak egon daitezke ospitaleratutako gaixoak eta gainerako pertsonak, medikuaren egiaztagiri baten bidez justifikaturik, bai eta barrutitik kanpo bizi diren pertsonak ere (ELHLaren 42.3 art.).
Baita agiri bidez justifikatutako beste edozein arrazoi ere, bozketa-egunean mahaiko partaide izendatutako pertsona bertan egotea eragozten duena.

Ertzain izatea alegatzea arrazoi justifikatua al da mahaiko partaide ez izateko?

Bai, arrazoi justifikatua da, Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordearen 1990-10-24ko akordioa dela-eta.

Nola eta zein baldintzarekin izendatzen dira hauteskunde-mahaietako partaideak?

Udalek izendatzen dituzte, udalerriko hautesleen artean zozketa eginda (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 43.2 art.):

  • Mahaiburu edo haren ordezko izateko beharrezkoa da 65 urtetik behera eta 18tik gora izatea, eta Batxilerra edo Erdi Mailako Lanbide Heziketaren titulua.
  • Mahaikide edo haren ordezko izateko beharrezkoa da 65 urtetik behera eta 18tik gora izatea eta Eskola Graduatua edo pareko titulua edukitzea, edo, hala balegokio, irakurtzen edo idazten jakitea .

Zein organismo arduratzen da mahaiko partaidearen izendapena jakinarazteaz?

Udala, 1986-05-26ko eta 1986-06-09ko Hauteskunde Batzorde Nagusiaren akordioa dela-eta.

Ikuskatzaile edo ahaldun den mahaiaren barrutiko hautesle den norbait izendatu al dezakete mahaiko partaide?

Ez, baldin eta hautagai-zerrenda bateko ikuskatzaile edo ahaldun izendatu badute mahaiko partaide-izendapena jakinarazi baino lehenago. Lehendik mahaiko partaide izendatu dutena ezin da izendatu hautagai-zerrenda bateko ikuskatzaile edo ahaldun.

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan mahaiko partaide izendatuak izan zirenak automatikoki izendatzen al dituzte mahaiko partaide Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan?

Ez, Hauteskunde Batzorde Nagusiaren 1986-04-28ko akordioa dela-eta, deitzen den hauteskunde-prozesu bakoitzean izendatu behar dira mahaiko partaideak, mahaien osaera ez baita automatikoki luzatzen hauteskunde-prozesu batetik bestera. Dena dela, aurreko bozketa batean mahaiko partaide izan den norbait mahai bererako izenda dezakete beste hauteskunde batzuetan (1988ko urriaren 20ko HBN).

2008ko martxoko hauteskunde orokorretan mahaiko partaide titular edo ordezko izendatu zuten norbait izan al daiteke mahaiko partaide edo ordezko Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan?

Aurreko epigrafearen arabera, Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetako mahaiko partaideak berriro zozkatu behar dira, eta 2008ko hauteskunde orokorretako berdinak izan daitezke edo ez.

Zer gertatzen da mahaiko partaide izendatu dutela ezin zaionean jakinarazi norbaiti?

Udalak dagokion Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari jakinarazi, eta hark udalari aginduko dio beste partaide bat izendatzeko eta dena delakoari jakinarazteko.

Zer egin behar dut udalak edo EHBak mahaiko partaide naizela telefonoz edo izendapena buzoian utziz jakinarazten didanean?

Jakinarazi didan EHBra deitu eta legez jakinarazteko eskatu, Administrazio Prozeduraren Legearen arabera.

Mahaiko partaide naizela jakinarazi al diezadakete legezko epetik kanpo?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 44.2 artikuluaren arabera, legezko epetik kanpoko izendapenak egin daitezke bozketaren bezperako 00:00ak arte.

Hauteskunde-mahaiek zein eta zenbat partaide eduki behar dituzte?

Mahaiko hiru titularrak, hau da, mahaiburua, 1. mahaikidea eta 2. mahaikidea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.2 art.).

Mahaietako zein eta zenbat partaidek joan behar dute nahitaez bozketa-eguneko 08:00etan hauteskunde-mahaiak osatzeko?

Hauteskunde-mahai bakoitzean titular edo ordezko izendatutako bederatzi pertsonak. Hau da, mahaiburua eta bi mahaikide (3 pertsona), gehi mahaiburuaren bi ordezkoak eta mahaikideen 4 ordezkoak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.1 art.).

Zer gertatzen da hiru partaideetako bat mahaitik joaten bada bozketan zehar? Eta mahaiko hiru partaideetatik bi joaten badira?

Bozketan zehar mahaiburua eta bi mahaikideak aldi baterako joan ahal izango dira arrazoi justifikatuengatik, baina mahaian bi partaidek egon behar dute beti

Mahaiko titularrek eta ordezkoek mahaiko hautesle izan behar al dute?

Bai, Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 43.2. artikuluaren arabera.

Titularrek eta ordezkoek zer ordutan joan behar dute hauteskunde-kolegiora mahaia eratzeko?

Hauteskunde-mahai bakoitzeko titular eta ordezko izendatutako 9 pertsonek agertu behar dute bozketa-eguneko 08:00etan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.1 art.).

Hauteskunde-mahaiak zer ordutan egon behar du eraturik?

Hauteskunde-mahaiak eraturik egon behar du bozketa-eguneko 08:30ak alderako.

Zein partaidek eratzen dute hauteskunde-mahaia?

Hiru partaidek, mahaiburuak eta bi mahaikidek (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.2 art.).

Zer gertatzen da mahaiko titular edo ordezkoren bat ez bada agertzen bozketa-eguneko 08:00etan? Nola ordezkatzen dira? Ordezkatzeko orduan zer ordena jarraitu behar da?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 98.1 eta 2 artikuluaren arabera, mahaiburua agertzen ez bada mahaiburuaren 1. ordezkoak hartuko du haren lekua, eta 1. ordezkoa falta bada, 2.ak. Hori ere agertzen ez bada, 1. edo 2. mahaikideak ordezkatuko du, ordena horretan.
1. edo 2. mahaikidea agertu ez edo mahaiburu izan beharra balute, beren ordezkoek hartuko lukete haien lekua.

Zer gertatzen da hauteskunde-mahaia ezin bada eratu partaideak ez direlako agertu bozketa-eguneko 08:30etan?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 98.3 eta 4 artikuluaren arabera, mahaiko ikuskatzaileek edo bertan dauden pertsonek gorabehera hori jakinaraziko diote hauteskunde-kolegioko ordezkariari, hark udaleko idazkariari edo eskualdeko hauteskunde-batzordeari, eta haiek erabakitako ordezkari batek izendatuko ditu mahaiko partaide berriak, mahaian dauden pertsonen artean.
Hala ere mahaia ezingo balitz eratu bozketa-eguneko 11:00etan, gorabehera hori eskualdeko hauteskunde-batzordeari jakinarazi eta hark beste bozketa bat deituko luke biharamunerako.

Zein dira mahaiaren eginkizun zehatzak?

Hauexek dira mahaiaren eginkizun zehatzak:

  • 08:00etatik 08:30ak baino lehenagora arte: Legezko hauteskunde-mahai gisa eratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97. art.).
  • Mahaia eratu eta 08:30ak arte: Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileen agiriak jaso eta onartzea edo baztertzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 92.9, 10 eta 11 art.).
  • Bozketa hasi aurretik (09:00etan):
    • Mahaian bozketa egiteko elementu material guztiak daudela egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 99. art.).
    • Mahaiaren eratze-akta bete eta sinatzea (ikusi Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 100. art.).
    • Mahaiaren eratze-aktaren kopiak ematea ikuskatzaileei eta ahaldunei (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 100.3 eta 4 art.).
  • 09:00etatik 20:00etara:
    • Hautesleei identifikazioa eskatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 105. art.).
    • Hauteslea mahaiko erroldaren zerrendan dagoela egiaztatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 106. art.).
    • Hauteslearen izen-deiturak idaztea mahaiko zenbakidun zerrendan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 107.2 art.).
    • Hautesleak hala eskatuz gero, bozkatu izanaren ziurtagiria ematea.
    • Ondorengoak gertatzea saihestea: (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 111. art.):
    • Bozketa-aretoetan eta inguruetan hauteskunde-propaganda egitea edo hautesleei beren botoaz galdetzea bozkatu aurretik.
    • Bozketa librea oztopatzea, eragoztea edo behartzea.
  • 20:00etatik gutxi gorabehera 20:30ak arte: Bozketaren garapena:
    • Posta bidezko botoak hautestontzian sartzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.2 art.).
    • Hala nahi badute, mahaikideek, ikuskatzaileek (baldin eta kreditaturik dauden mahaiaren barrutiko hautesle badira) eta mahaiburuak bozkatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.3 art.).
    • Mahaian bozkatu dutenen zenbakidun zerrenda sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 112.4 art.).
  • Gutxi gorabehera 20:30etatik aurrera: Mahaiko botoak zenbatzea:
    • Bozketako gutun-azalak hautestontzitik ateratzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 118.1 art.).
    • Gutun-azaletik ateratako boto-txartela zein hautagai-zerrendakoa den ozenki irakurtzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 118.1 art.).
    • Hautagai-zerrenda bakoitzeko botoak, baliogabeak eta zuriak zenbatzea.
    • Hautestontzitik ateratako botoen gutun-azalak parekatzea mahaiko zenbakidun zerrendako hautesleen kopuruarekin (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 118.3 art.).
    • Mahaiko hauteskunde-emaitzak ozenki irakurtzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 119.1 art.).
    • Zenbaketaren behin-behineko jakinarazpen-inprimakia betetzea eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 119.2 art.).
    • Kopia bat ematea Euskal Administrazioko Ordezkariari, ikuskatzaileei eta ahaldunei, eta jakinarazpenaren kopia bat ipintzea bozketa-aretoaren sarreran (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 119.2 art.).
    • Mahaiaren saioko akta betetzea eta sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.1 art.).
    • Mahaiko aktaren kopiak ematea ikuskatzaileei eta ahaldunei (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.2 art.).
  • Bozketaren amaierako lanak: Mahaiko zenbatze lan guztiak amaitu ondoren:
    • Mahaiaren saioko aktari eranstea, hala balegokio, baliogabetzat jotako edo mahaiko partaideek erreklamatu eta sinatutako boto-txartelak, bai eta ikuskatzaileek eta ahaldunek kontra egindako posta bidezko botoen gutun-azalak ere (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.3 art.).
    • Saioko aktari eranstea mahaiko ikuskatzaileen izendapen-orriak (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.4 art.).
    • Dagozkion agiriak sartzea 1. gutun-azalean (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121.a art.).
    • Dagozkion agiriak sartzea 2., 3. eta 4. gutun-azaletan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121.b art.).
    • Mahaiko partaideek eta bertan dauden ikuskatzaileek agirien gutun-azal guztiak sinatzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121.c art.).
    • Agirien lau gutun-azalak ematea mahaia dagoen udalerriko Lehen Instantziako Epaileari edo Bake Epaileari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 122.1 art.).

Eratze-aktaren, behin-behineko zenbaketaren jakinarazpenaren eta mahaiaren saioko aktaren zenbat akta eman behar zaizkio hala eskatzen duen hautagai-zerrenda bakoitzari?

Aktaren kopia bakarra emango zaio halakorik eskatzen duen hautagai-zerrenda bakoitzari (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 100.3 eta 119.2 art.).

Hala eskatzen duten ikuskatzaileei eman al dakieke mahaiko hautesleen zenbakidun zerrenda, edo bertako hautesle-erroldaren zerrendak?

Ez, zenbakidun zerrenda eta mahaiko erroldaren zerrendak hauteskunde-agirien 1. gutun-azalean sartu behar dira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121.a art.).

Hauteskunde-mahaietako hiru partaideei zer lansari dagokie?

75 euroko lansaria, hauteskunde-mahaiko hiru partaideetako bakoitzarentzat (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 16.2c art.).

Noiz ordaintzen da?

Hauteskunde-mahaia legez eratu ondoren, hauteskunde-kolegioko arduradunak lansaria ordainduko du.

Mahaietako titularren ordezkoei ba al dagokie lansaririk?

Bozketa-egunean mahaia osatzen duten pertsonei soilik dagokie lansaria. Mahaiko ordezko bat bertako partaide izatera pasatzen bada, lansaria dagokio.

Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileei ba al dagokie lansaririk?

Ez.

v?

Ez, ez zaio ezer atxikitzen.

Pertsona fisikoen errentaren zergan deklaratu behar al da hauteskunde-mahaietako partaideek jasotako lansaria?

Ez.

Mahaiko partaideei ba al dagokie beren enpresak ordaindutako baimenik, bozketa-egunean lan egin beharra badute? Eta hauteskundeen biharamunean lan-murrizketarik?

Mahaiko partaideei ordaindutako baimena dagokie, bozketa-egunean lan egin beharra badute. Gainera, bozketa-egunean lan egin edo ez, 5 orduko lan-murrizketa dagokie biharamunean (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren Aginduko 3. art.).

Lan egiten dudan enpresan zer agiri aurkeztu behar dut, datozen hauteskundeetan mahaiko partaide izateagatik dagokidan lan-murrizketa egin diezadaten?

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde hauetarako mahaiko partaide izendatzen zaituen jakinarazpenaren agiri ofiziala. Galdu baduzu, jarri harremanetan zure udaletxearekin, mahaiko partaide izendatua izan zaren ziurtagiria egin diezazun (Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren aginduaren 4. art.).

Mahaiko ordezko izendatu naute eta bozketa-egunean lan egin beharra daukat. Enpresak aldatu egin behar al dit laneguna? Zer gertatzen da azkenean ez badut mahaiko partaide izan beharrik?

Enpresak laneguna aldatu beharko dizu. Azkenean egun horretan mahaiko partaide bazara ez duzu laneguna berreskuratu beharko, baina ez bazara berreskuratu egin beharko duzu.

Mahaiko partaide izendatu naute eta bi enpresatan egiten dut lan, batean goizez eta bestean arratsaldez. Zein enpresak eman behar dizkit bozketen biharamunean dagozkidan 5 ordu libreak?

Bi enpresek emango dizkizute 5 ordu libreak, bakoitzean egiten duzun lanaldiarekin proportzioan.

Mahaiko partaide izendatu naute eta lanaldi murriztua dut. Zenbat ordu libre dagozkit biharamunean?

5 ordu libre dagozkizu, edozein delarik zure lanaldia.

Hauteskunde-mahaietako partaideak babesten al ditu asegururen batek edozein istripu edo gorabeheratatik bozketa-egunean?

Bai, mahaiburua eta bi mahaikideak babesten ditu gizarte-segurantzaren sistemak, hauteskundean parte hartzeagatik sor litezkeen gorabeherak direla-eta (605/1999 Estatuko Errege Dekretuaren 8. art., apirilaren 16koa).

Hautagai-zerrendetako ikuskatzaileak eta ahaldunak babesten al ditu istripu-asegururen batek bozketa-egunean? Eta boto-emaileak?

Ez, bakoitzaren gizarte-segurantzak soilik artatuko lituzke istripurik balitz.

Poliziak atxilotu al ditzake mahaiko partaideak bozketa-egunean?

Ez, ez bada ageri-ageriko delitua (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 108.5 art.).

Mahaietako emaitzak jasotzen dituzten Euskadiko administrazioaren ordezkariak eta hauteskunde-kolegioetako arduradunak babesten al ditu istripu-asegururen batek bozketa-egunean?

Eusko Jaurlaritzak kontratatutako langileak direnez, istripu-aseguru bat dute bozketa-egunean.

Mahaiko partaideek zer betebehar dituzte bozketa-egunean?

Mahaiko partaideek betebehar hauek dituzte:

  • Hauteskunde-mahaia eratzeko :
    • Izendapenean agertzen den hauteskunde-kolegiora eta -mahaira joatea 08:00etan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 97.1 art.) .
  • Hauteskunde-mahaia eratzea 08:00ak eta 08:30ak artean.
  • Mahaiaren eratze-aktak bete, sinatu eta kopiak ematea ikuskatzaileei eta ahaldunei (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 100.1 art.).
  • 09:00etan bozketa hasi eta 20:00etan amaitzea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 101.1 art.).
  • Boto-emaileak apuntatzea mahaiko zenbakidun zerrendan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 107.2 art.).
  • Zenbaketaren behin-behineko jakinarazpena eta saioaren akta behar bezala bete, sinatu eta agiri horien kopiak ematea hala eskatzen dituzten ikuskatzaileei eta ahaldunei (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 119.2 eta 120.1 eta 2 art.).
  • Mahaiaren saioko aktan jartzea ordenari eragin dion edozein gorabehera, eta hori eragin duenaren izen-deiturak idaztea (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 120.1 art.).
  • Baliogabetzat jotako edo erreklamatutako boto-txartelak sinatzea.
  • Agiriak sartzea 1., 2., 3. eta 4. gutun-azaletan (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 121. art.).
  • 1., 2., 3. eta 4. gutun-azalak eramatea udalerriko Lehen Instantziako Epaitegira edo Bake Epaitegira (Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 122. art.).

Mahaiak nori utzi behar dio sartzen mahaia dagoen aretora?

Eusko Legebiltzarrerako Hauteskunde Legearen 109. artikuluan aipatzen diren pertsonei.

Zer egin behar du mahaiko partaideak baldin eta ikuskatzaile edo ahaldunen bat hautagai-zerrendetako siglenak ez diren kamiseta, itsasgarri, argazki edo horma-irudien gai politikoekin agertzen bada?

Mahaiburuak esku-hartzaileari edo ahaldunari agin diezaioke sinboloak edo kamisetak kentzeko, eta Ertzaintza ere etorraraz dezake. Zalantzarik balego EHBari deitu eta argibideak jaso ditzake.

Mahaiburuak esku-hartzaileari edo ahaldunari agin diezaioke sinboloak edo kamisetak kentzeko, eta Ertzaintza ere etorraraz dezake. Zalantzarik balego EHBari deitu eta argibideak jaso ditzake?

Mahaiburuak, eta hura ez balego mahaiburu dagoen mahaikideak, egoki diren neurriak har ditzake honelakorik gerta ez dadin:

  • Bozketa-aretoetan eta beren inguruetan edonolako propaganda egitea hautagaien alde, eta hautesleei beren botoaz galdetzea eman aurretik (Eusko Legebiltzarrerako 5/1990 Hauteskunde Legearen 111. art., ekainaren 19ko 15/1998 Legeak aldatua).
  • Bozketa-aretoen sarrera edozein eratan oztopa dezaketen taldeak sortzea. Ez da onartuko inguruetan egoterik botoa libre ematea zaildu edo behartu dezakeen inor (Eusko Legebiltzarrerako 5/1990 Hauteskunde Legearen 111. art.).
  • Hauteskunde-kolegioetan hautagai-zerrenden boto-txartelak banatzea bozketa-egunean (Eusko Legebiltzarrerako 5/1990 Hauteskunde Legearen 89.2 art.).
  • Hauteskunde-gelan jendea armekin edo arma moduan erabil daitezkeen tresnekin sartzea. Kasu horretan, mahaiburuak arau hori hautsi dutenak berehala kaleratzeko aginduko du (Eusko Legebiltzarrerako 5/1990 Hauteskunde Legearen 108.3 art.).
Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritza
Azken aldaketa 2012/11/07
© 2011 - Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Cookie-ak

Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu. 

Cookie-ak