2015eko maiatzaren 24ko hauteskundeetan, euskal udalerrietan, bi hautestontzi izango dira mahai bakoitzean: bat udal-hauteskundeetarako, eta bestea, berriz, batzar nagusietarako hauteskundeetarako. Urduñan, Hernanin eta Deban ordea, hiru hautestontzi egongo dira mahai bakoitzean. Hirugarren hautestontzia udalez peko erakunde hauetako auzo-alkatea hautatzeko izango da: Belandia, Lendoño Goikoa, Lendoño Behekoa eta Mendeika (Urduña), Ereñotzu (Hernani) eta Itziar (Deba).
2011ko eta 2015eko udal-hauteskundeetan, 100 egoiliarreko edo gutxiagoko udalerrietan, hiru zinegotzi hautatuko dira. 2011ko hauteskundeen aurretik bat baino ez zen hautatzen.
250 biztanletik gorako udalerrietan zinegotziak zerrenda itxi eta blokeatuen bitartez hautatzen dira. Biztanle kopurua 101 eta 250 bitartekoa den udalerrietan, ordea, 5 zinegotziak zerrenda irekien bidez hautatuko dira, hau da, boto-paper bakarra egongo da eta bertan alderdi desberdinetako hautagaiak agertuko dira. Hautesleak 4 hautagai markatu beharko ditu, nahiz eta alderdi desberdinetako hautagaiak izan. 2015eko udal-hauteskundeetan zerrenda irekien bidezko hautaketa egingo da Arabako 8 udalerritan (Añama, Armiñon, Kripan, Moreda Araba, Navaridas eta Zalduondo), Bizkaiko 5 udalerritan (Arakaldo, Ereño, Gizaburuaga, Nabarniz eta Ubide) eta Gipuzkoako 9tan (Altzaga, Arama, Baliarrain, Elduain, Gaintza, Gastelu, Leintz-Gatzaga, Orendain eta Orexa).
Donostiako Igeldoko hauteskunde-barrutia ez da udalerritzat hartuko 2015eko Udal Hauteskundeetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak ebazteko baitago auzi hori.
Gaur egungo biztanleria datuei erreparatzen badiegu, Gaintza (Gipuzkoa) da Erkidego Autonomoaren udalerri txikiena: 120 lagun ditu erroldatuta. Bizkaian, Arakaldo da txikiena 144 erroldatuekin eta Araban, Lagrán 161ekin. Hau guztia kontuan harturik hauteskunde hauetarako indarrean dauden zuzenbidezko biztanleriaren datuak, 2014ko urtarrilaren batekoak. Alabaina, hartzen baditugu kontuan hauteskunde hauetarako indarrean dagoen hauteskunde-erroldaren datuak (2015-01-01), bestelakoa da egoera: Orexa (Gipuzkoa) 90 hautesleekin da udalerririk txikiena. Horren ostean datoz Arakaldo (Bizkaia) 115ekin eta Añana (Araba) 143rekin.
Hautagai-zerrendek Udal Hauteskundeetan boto baliodunen %5 lortu behar dute, zinegotzi-banaketan parte hartu ahal izateko; Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako Hauteskundeetan, ordea, %3.
Udalerrien kopurua denboran zehar aldatzen joan da. 1979tik gaur arte, Bizkaian 97tik 112ra pasatu da eta Gipuzkoan 81etik 88ra. Araban, aldiz, kopurua bere hartan mantendu da, 51ekin.
2015eko Udal Hauteskundeetan Bizkaian guztira 1.234 zinegotzi hautatu behar dira, hau da, 2011ko hauteskundeetako 1.228 karguak baino 6 gehiago, Gipuzkoan 968rekin zinegotzi-kopurua bitan gutxitzen da. Araban 431rekin ez da aldatzen aurreko hauteskundeei konparatuz.
Udal-hauteskundeetan botoa eman ahal izango duten Europar Batasuneko 27 estatuetako eta EBtik kanpoko 12 herrialdeetako hautesleek ezingo dute botoa eman batzar nagusietarako hauteskundeetan.
Europar Batasuneko 27 estatuetako hautesleek hurrengo udal-hauteskundeetan botoa eman ahal izango dute, eta zinegotzi gisa hautatuak izan daitezke. EBtik kanpoko 12 herrialdeetako hautesleek, berriz, hauteskunde horietan botoa eman baino ezingo dute egin, ezin baitira hautatuak izan.
Udal eta batzar nagusietarako hauteskundeetan, ezin dute botoa eman atzerrian bizi direnen hautesle-erroldan (CERA) inskribatutako pertsonek, ez baitira legearen aldetik auzotartzat hartzen.
Espainian egoiliar izan eta Kroaziako, Hego Koreako edo Trinidad eta Tobagoko nazionalitatea duten hautesleek botoa lehen aldiz eman ahal izango dute 2015eko udal-hauteskundeetan, ezin izan baitzuten 2011ko udal-hauteskundeetan botoa eman.
Bigarren Errepublikan udal hauteskundeak egin ziren. Gaur egungo hauteskundeen aldean berezitasun batzuk zituzten: botoa hautagaiei ematen zitzaien eta ez alderdien zerrendei, eta zinegotziak ez ziren orain bezala udalerria osotasun batean hartuta hautatzen, hauteskunde-barrutika baino eta hauteskunde-barrutiak gutxi gorabehera auzoen banaketarekin bat zetozen.
Europar Legebiltzarrerako 2014ko hauteskundeetan, ikusteko ezintasunen bat zuten pertsonek Braille sistemaren bidez eman ahal izan zuten botoa hauteslekuan bertan. 2015eko Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, ordea, konfiantzazko pertsona baten bidez edo posta bidez baino ezin izango dute botoa eman.
3.000 biztanleko edo gutxiagoko udalerrietan, ez da aplikatu beharko emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna hautagaitza osatzean.
Berriatua, Amoroto eta Gizaburuaga udalerri bizkaitarretan maiatzaren 2015eko hauteskundeak baino aste batzuk lehenago, hautesle guztien artean zinegotziak eta alkatea hautatuko dute, auzokide independentez osatutako zerrenda baten pertsonen artean. Hauteskunde egunean (maiatzaren 24), hautesleek baieztatu egingo dituzte lehenago aukeratutako ordezkariak.
Batzar nagusietako hauteskundeak:
Gaur egun 3 Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiek 51 kide dituzte. Hala ere, 1979ko hauteskundeetan oso desberdin osatuta zeuden. Araban 57 kide hautatu ziren, Bizkaian 90 eta Gipuzkoan 81.
Frankismoaren ondoko lehenengo hauteskundeetan, 1979an, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako kideak sufragio unibertsalaren bidez hautatu ziren; Arabakoak, ordea, zuzenean zinegotzi hautetsiek hautatu zituzten.
Euskal Foruak Indargabetzeko Legeak, 1876koak 3 Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak indargabetu zituen, hirugarren gerra karlista amaitu eta berehala, eta trantsiziora arte ez ziren berreskuratu. Dena den, Araban une historiko zehatz batzuetan existitu egin ziren, baina oso eskumen murritzekin.
Maiatzaren 24an, udal-hauteskundeak, hauteskunde autonomikoak (13 erkidegotan) eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak ez ezik, beste hauteskunde batzuk ere egingo dira; besteak beste, Kanariar Uharteetako Kabildoetarako, Balear Uharteetako Uharte-kontseilurako, Aran Haraneko Batzar Nagusirako edo Nafarroako Kontzejuetarako.
Denbora luze batez Bizkaia 3 lurralde desberdinez osatuta egon zen, eta horietako bakoitzak bere Batzar Nagusiak zituen: jatorrizko Bizkaia Gernikan biltzen zen; Enkarterri Avellanedan biltzen zen eta Durangaldea, Gerediagan.
Historikoki, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, beste lurraldeetakoen aldean, berezitasun bat izan dute, ibiltariak izan direlako: batzarrak 18 udalerri desberdinean egiten ziren txandaka.
Arabako Batzar Nagusiak 3 hauteskunde-barrutiren arabera hautatzen dira. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 4 hauteskunde-barruti daude. Kasu guztietan aulkien banaketan parte hartu ahal izateko, botoen %3 lortu behar da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eman berri dituen bi sententziatan, onartzen du Lurralde Historikoetako Batzar Nagusiak Lurralde Historikoko herritarren ordezkapen- eta parte hartze-organo gorenak direla. Gainera, Batzar Nagusiak ez dira toki-administrazioa, ezta lurraldeko administrazio orokorra ere, eta Diputatuen Kongresuak, Senatuak eta Autonomia-erkidegoetako Legebiltzarrak bezala tratatu behar dira. Horren guztiaren sorburua hau izan da: Estatuko Legedia dela kausa, Batzar Nagusiak ez daude behartuta beren langile publikoei aparteko ordainsaria kentzera.
Diputatuen Kongresuan, indarrean den hauteskunde-legeak finkatua du hauteskunde-langa bat; hura gainditzen duten hautagaitzen artean banatzen dira aulkiak. Egungo langa, barruti bakoitzean emandako baliozko botoen % 3 da (baliozko botoak = hautagaitzei emandako botoak + boto zuriak). Hala ere, Senaturako hauteskundeetan araudiak ez du hauteskunde-langarik ezarri, Senatuan hautagaiak aukeratzen baitira (probintziako hiru hautagai, gehienez), eta ez hautagaitzen zerrenda itxiak eta blokeatuak, Diputatuen Kongresuan bezala.
Diputatuen Kongresuan parlamentuko talde bat eratzeko, beharrezkoa da 15 diputatu izatea, edo bestela 5 izatea eta hautagaitza aurkeztu den barrutietan botoen % 15 lortu izana.
Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan jarlekuak banatzeko hauteskunde-sistema ezberdina da. Diputatuak hautagaitza bakoitzak lortutako botoen proportzioan banatzen dira, D’Hondt sistema proportzionala erabiliz. Eta senatarientzat, gehiengoaren sistema erabiltzen da, hau da, boto gehien lortzen dutenak hautatzen dira, harik eta barruti bakoitzeko senatarien kopurua osatu arte.
Kongresurako diputatu-kopuruaren esleitzeak, 2015eko hauteskundeetan, ez du aldaketarik izan Araban 1977ko lehen hauteskundeez geroztik. Hala ere, Bizkaian 10 diputatu esleitu ziren lehen lau hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982 eta 1986; 9 diputatu hautatu ziren 1989, 1993, 1996, 2000 eta 2004ko bost hauteskunde orokorretan; eta 8 diputatu, 2008, 2011 eta 2015eko hiru hauteskunde orokorretan.
Gipuzkoan, zazpi diputatu esleitu ziren lehen bost hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982, 1986 eta 1989; eta sei diputatu, 1993, 1996, 2000, 2004, 2008, 2011 eta 2015eko azken zazpi hauteskunde orokorretan.
Irlandan bada Senatu bat, lurraldeak ordezkatzeko eginkizuna ez duena eta sufragio unibertsalez hautatzen ez dena, baizik eta sektore ekonomikoen eta akademikoen artean. Gobernuak abolitzea proposatu zuen, erreferendum bidez, 2013. urtean, baina hautesleen % 51,7k arbuiatu zuten neurri hori.
2015eko hauteskunde orokorretan, indarrean den hautesle-erroldan inskribatuta dauden, espainiar nazionalitatea duten eta adin nagusikoak diren pertsonak izango dira botoa eman ahalko dutenak eta hautatuak izan ahalko direnak. Horrenbestez, ezin dute botoa eman eta ezin dira hautatuak izan atzerritar adin nagusikoak, egoitza Espainian dutenak, Europar Batasuneko 27 estatuetakoren batekoak direnak edo Espainiarekin udal-hauteskundeetan bozkatzeko elkarrekikotasun-hitzarmen nazioartekoak dituzten Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetakoak direnak.
Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren multzoari Gorte Nagusiak deritze. Tradizio handiko izena da hori Espainian, penintsulako erresumetako Erdi Aroko biltzarrek gorteak izena baitzuten. Eta izen horixe mantendu zen XIX. mendeko konstituzio gehienetan, eta hainbat autonomia-erkidegotako parlamentuetan hartu dute. Hala egin dute, adibidez, Aragoik, Gaztela eta Leonek, Gaztela-Mantxak eta Valentziak.
2015eko udaletako eta biltzar nagusietako hauteskundeetan ez bezala (orduko hartan, hauteskundeetara aurkeztu nahi zuten hautesle-taldeei sinadurak biltzea besterik ez baitzitzaien galdatu), 2015eko hauteskunde orokorretan, aurkezten diren barrutiko hautesleen % 1en sinadurak behar dituzte. Orobat, barruti bakoitzeko hautesleen sinaduren % 0,1 biltzea galdatzen zaie 2011ko hauteskunde orokorretan aurkeztu ez ziren hautagaitzei edota, aurkeztuta, aulkirik lortu ez zutenei.
2015eko hauteskunde orokorretan indarrean izango den hautesle-errolda, hauteskunde-deialdiaren aurreko bigarren hilaren lehen egunean itxitakoa izango da, hau da, 2015eko 8ren 1ean itxitakoa. Hala ere, 1986tik 2008ra bitartean egindako zazpi hauteskunde orokorretan, indarrean zen errolda deialdiaren aurreko lehen hilabeteko lehen egunean itxitakoa zen.
1931ko Bigarren Errepublikaren Konstituzioak ganbera bakarrak eratutako botere legegilea ezarri zuen. Hori berrikuntza handia izan zen Espainiako konstituzionalismoan, indarrean izan diren konstituzio gehienetan bigarren ganbera bat ere izatea zehaztuta baitzegoen; bigarren ganberari, oro har, Senatua deitu izan zaio.
2015eko hauteskunde orokorretan, hauteskunde-legediari jarraituz hauteskunde-propaganda postontzietan banatzearen diru-laguntza jasotzeko eskubidea duen hautagaitzak % 20ko murrizketa izango du diru-laguntza horretan, hautesleei hauteskunde-propaganda zuzenean bidaltzeagatik. Horrek esan nahi du 2011ko hauteskunde orokorretan hautesleko 0,22 euro ordaindu zirela, eta 2015ekoetan hautesleko 0,18 euro ordainduko direla.
Diputatuen Kongresurako 2011ko hauteskundeetan, 10 hautagaitza aurkeztu ziren Araban eta Gipuzkoan, eta 11 Bizkaian. Hala ere, 2008koetan askoz gehiago izan ziren aurkeztutako hautagaitzak: 20 Araban, 19 Gipuzkoan eta 21 Bizkaian.
2015eko Senaturako hauteskundeetan, 208 senatari hautatuko dira, hots, probintziako 4 senatari, uharteetako barrutietan 16, eta 4 Ceutan eta Melillan; ez da aldaketarik izan 1986az geroztik. Hala ere, lehen aipatu senatari hautetsien kopuru horri, 17 autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek izendatutako autonomia-senatariak batu behar zaizkio. Autonomia-erkidegoko legebiltzarraren legegintzaldi bakoitza hastean, senatari bat hautatzen dute autonomia-erkidegoko, eta beste bat milioi biztanleko. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan, 12 senatari hautatuko dira 2015eko hauteskunde orokorretan, gehi 3 autonomia-senatari, hots, guztira Senatuko 15 kide.
Hauteskunde orokorretan, ikusmen-desgaitasuna izanik Braille sistema erabiltzen dutenek, beren hauteskunde-mahaian eurek bozkatu ahal izango dute, modu irisgarrian, sistema hori baliatuz. Udaletako eta Batzar / Biltzar Nagusietako aurreko maiatzaren 24ko hauteskundeetan, ordea, itsuek ezin izan zuten Braille sistema erabili, eta bi aukera besterik ez zuten izan: edo postaz bozkatu, edo hauteskunde-mahaira etorrita, beren konfiantzako pertsona baten laguntzarekin.
1977ko ekainaren 15ean izan ziren diktadura amaitu ondoren Gorte Nagusietarako lehen hauteskundeak. Orduko hartan, 350 diputatu eta 207 senatari hautatu ziren. Gainera, beste 41 senatari izendatu zituen zuzenean Erregek.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek gizonen eta emakumeen osaera orekatua izan beharko dute. Hartara, hautagaitzaren zerrenda osoa hartuta, sexuetako bakoitzak gutxienez hautagaien % 40 izango ditu. Senaturako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek, zerrendatan taldekatzen direnek, emakumeen eta gizonen arteko proportzioa zenbaki-orekatik albait hurbilena izateko moduko osaera izan beharko dute. Hala ere, 2005az geroztik egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagaitzen osaerako parekidetasuna are asmo handiagokoa da, emakumeak gutxienez % 50 izango baitira, sei izeneko tarte bakoitzean proportzio horri eutsita.
2011ko eta 2015eko hauteskunde orokorretan, atzerrian iraunkorki bizi diren egoiliarren botoa erregutua da, hots, modalitate horretan bozkatu ahal izateko, hautesleak atzerritik botoa ematea eskatu behar du. 1986tik 2008ra bitartean egin ziren zazpi hauteskunde orokorretan, ordea, boto-mota hori ez zen erregutua, eta hautesleek atzerriko beren bizilekuan jasotzen zuten bozkatzeko dokumentazio guztia, aurrez eskatu gabe, atzerrian absente zeuden egoiliarren erroldan inskribatuta egoteagatik beragatik.
Frantziako legegintza-hauteskundeetan Asanblea Nazionalerako 577 diputatu aukeratzen dira izen bakarreko barrutietan. Iparraldek bi barruti ditu eta beste bat Bearnekin partekatuta.
Diktaduraren ondorengo lehenengo hiru hauteskunde orokorretan (1977, 1979 eta 1982), indarrean zen hauteskunde-araudiari jarraituz, ezin zuten postaz botoa eman atzerrian bizi ziren hautesleek eta ontziratutako langileek, eta gainera ikusmen-desgaitasuna zutenek ezin zuten Braille sistema erabiliz botoa eman.
Frankismoaren ondorengo lehen hauteskunde orokorretan, 1977an, Espainian bizi zirenek posta bidez bozkatzeko egin beharreko izapideak gaurkoen oso bestelakoak ziren. Izan ere, posta bidezko botoa eskualdeko hauteskunde-batzordeei eskatzen zitzaien, eta haiek zuten eskumena erroldako inskripzioaren ziurtagiria emateko, eskatzailea erroldan ageri zela egiaztatu eta gero. Eskualdeko hauteskunde-batzordeen ardura zen, orobat, eskatzailearen bizilekura bidaltzea postaz bozkatzeko dokumentazio guztia.
EAEn, Diputatuen Kongresurako Hauteskundeetarako parte hartze handiena 1982an izan zen, %79,37k eman baitzuen botoa. Parte hartzen txikiena, ordea, 2000 urtean izan zen, parte hartzea %63,84koa izan baitzen.
Cookie-ak
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu.