Iraunkorki atzerrian bizi diren egoiliarrek botoa ematea (VCERA)
Nork eman dezake botoa atzerritik?
Hauteskunde orokorretan botoa eman dezakete, atzerritik, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako jaiotako herritarrek eta haien ondorengoek, baldin, espainiar nazionalitatea izanda eta adin nagusikoak izanda, iraunkorki atzerrian bizi badira eta pertsonalki modalitate horren bidez botoa ematea eskatu badute, boto hori erregutua baita.
Zer egin daiteke atzerritik botoa emateko?
Botoa eskatzea:
Botoa eskatzeko inprimaki ofiziala betetzea. Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzari (HEBPO) zuzendutako inprimaki hori hainbat tokitan eskura daiteke:
Zeure hiriko kontsulatuan, 2015eko urriaren 27tik aurrera.
Barne Ministerioaren webgunean edo Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioarenean (www.maec.es), 2015eko urriaren 27tik aurrera.
HEBPOk zure atzerriko helbidera bidaltzen duenean, 2015eko azaroaren 20a.
Eskaera bidaltzea
Inprimaki hori betetakoan, harekin batera bidaliko da Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) edo Espainako pasaportearen fotokopia, edota, haien ezean, nazionalitatearen ziurtagiria, edo kontxuletxeko matrikula-erregistroko egoiliar inskripzioarena, bere herrialdean Espainiako kontsuletxeak emanak. Eskaera hori bidaliko zaio Hautesle Erroldaren Bulegoaren Probintzia Ordezkaritzari, faxez, papereko postaz edo Internetez (sede.ine.gob.es) 2015eko urriaren 27tik eta azaroaren 21ra bitartean (Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2015eko martxoaren 9ko ebazpena, atzerriko egoiliar diren hautesle absenteen botoa eskatzeko prozedura ezarri duena, BOE, 63. zenbakia, 2015-03-14) .
Dokumentazioa igortzea
HEBPOan eskaera jasota, HEBPOk posta ziurtatuz bidaliko dizkizu, 2015eko abenduaren 1a baino lehen (hautagaitzaren bat aurkaratu duten lurralde historikoetan, 2015eko abenduaren 9a baino lehen egingo da), Atzerriko Egoiliar Absenteen Hauteskunde Erroldan ageri den hiriko helbidera:
Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetarako bozketako boto-paperak eta bi gutun-azal.
CERA erroldan hauteslea inskribatuta dagoelako bi ziurtagiri, biak berdinak.
Eskumena duen Probintziako Hauteskunde-Batzordearen (PHB) helbidea duen gutun-azal bat.
Kontsuletxeko bulegoaren (KB) helbidea duen gutun-azal bat, botoa postaz kontsuletxera bidaltzeko.
Botoa postaz kontsuletxera bidaltzearen posta-gastuak itzultzeko inprimaki bat.
Botoa entregatzea
Atzerriko Egoiliar Absenteen Hauteskunde Erroldako (CERA) hautesleek bi bideren artean aukera dezakete:
Lehenengo bidea: Postaz. Hala eginez gero, ondorengo hauek sartu beharko ditu Probintziako Hauteskunde-Batzordeari zuzendutako gutun-azalean:
Espainiako agintariek emandako pasaportearen edo NANaren fotokopia, edo, horien ezean, nazionalitatearen ziurtagiria edo kontsuletxeko matrikula-erregistroan inskribatzearen ziurtagiria, egoitza duen herrialdeko Espainiako kontsuletxeak emanak, erroldan izan zuen lehen inskripzioaren ziurtagiria eta, hala nahi izanez gero, frankeo-gastuak itzultzeko inprimakia, beteta.
Gutun-azal hori, erroldako bere inskripzioaren bigarren ziurtagiriarekin batera, hauteslea atxikita dagoen kontsuletxeko bulegoari edo misio diplomatikoko kontsuletxe-atalari zuzendutako beste gutun-azal batean sartu behar dira, eta posta ziurtatuz bidaliko da 2015eko abenduaren 16a baino lehen.
Bigarren bidea: Kontsuletxeko bulegoan gaitutako hautetsontzian botoa sartuz, 2015eko abenduaren 16tik eta 18ra bitartean, bi egun horiek barne, epea zabaltzen da, abenduko 19 eta 20an 20:00ak arte (HBZren erabakia, 2015-12-18koa). Hautesleak, inskribatuta dagoen kontsuletxeko bulegoan edo atalean edota horretarako gaitutako tokian PHBari zuzendutako gutun-azala hautetsontzian berak sartzeko, aurrez jaso duen CERAn inskribatzeko ziurtagirietakoren bat erakutsi eta entregatu beharko du. Gainera, bere nortasuna egiaztatu beharko du kontsuletxeko langileen aurrean, hau erakutsita:
pasaportea edo
NANa edo
nazionalitatearen edo kontsuletxeko matrikula-erregistroan inskribatzearen ziurtagiria.
Botoak Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministeriora helaraztea
Botoa hautetsontzian sartzeko epea bukatuta, kontsuletxeko langile funtzionarioek akta bat emango dute, Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministeriora igorri beharrekoa. Akta horretan zehaztuko da erroldan inskribatu izanaren zenbat egiaztagiri jaso diren, postaz zenbat gutun-azal jaso diren eta, halakorik izanez gero, gertatutako gorabeheren berri.
Gogoeta-egunean (2015eko abenduaren 19a), postaz jasotako edo kontsuletxeko hautetsontzian sartutako boto guztiak, baliza diplomatikoz igorri beharko zaizkio Atzerri Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioari, eta hark premiaz bidaliko dizkie PHBei, 2015eko abenduaren 23an boto-zenbaketa egin dadin.
Zein dira boto-mota horretako epe garrantzitsuenak?
Botoa eskatzea, 2015eko urriaren 27tik azaroaren 21ra.
Hautesleari botoa eman dezan dokumentazioa igortzea, 2015eko azaroaren 24tik 30era.
Botoa bidaltzeko bi aukera:
Bizi den herrialdean Espainiak duen kontsuletxera postaz bidaltzea, 2015eko azaroaren 25etik abenduaren 15era.
Pertsonalki botoa ematea, aurrez, bere etxetik hurbilen duen kontsuletxeko bulegoan, 2015eko abenduaren 16tik eta 18ra bitartean, epea zabaltzen da, abenduko 19 eta 20an 20:00ak arte (HBZren erabakia, 2015-12-18koa).
Diputatuen Kongresuan, indarrean den hauteskunde-legeak finkatua du hauteskunde-langa bat; hura gainditzen duten hautagaitzen artean banatzen dira aulkiak. Egungo langa, barruti bakoitzean emandako baliozko botoen % 3 da (baliozko botoak = hautagaitzei emandako botoak + boto zuriak). Hala ere, Senaturako hauteskundeetan araudiak ez du hauteskunde-langarik ezarri, Senatuan hautagaiak aukeratzen baitira (probintziako hiru hautagai, gehienez), eta ez hautagaitzen zerrenda itxiak eta blokeatuak, Diputatuen Kongresuan bezala.
Diputatuen Kongresuan parlamentuko talde bat eratzeko, beharrezkoa da 15 diputatu izatea, edo bestela 5 izatea eta hautagaitza aurkeztu den barrutietan botoen % 15 lortu izana.
Diputatuen Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan jarlekuak banatzeko hauteskunde-sistema ezberdina da. Diputatuak hautagaitza bakoitzak lortutako botoen proportzioan banatzen dira, D’Hondt sistema proportzionala erabiliz. Eta senatarientzat, gehiengoaren sistema erabiltzen da, hau da, boto gehien lortzen dutenak hautatzen dira, harik eta barruti bakoitzeko senatarien kopurua osatu arte.
Kongresurako diputatu-kopuruaren esleitzeak, 2015eko hauteskundeetan, ez du aldaketarik izan Araban 1977ko lehen hauteskundeez geroztik. Hala ere, Bizkaian 10 diputatu esleitu ziren lehen lau hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982 eta 1986; 9 diputatu hautatu ziren 1989, 1993, 1996, 2000 eta 2004ko bost hauteskunde orokorretan; eta 8 diputatu, 2008, 2011 eta 2015eko hiru hauteskunde orokorretan.
Gipuzkoan, zazpi diputatu esleitu ziren lehen bost hauteskunde orokorretan, 1977, 1979, 1982, 1986 eta 1989; eta sei diputatu, 1993, 1996, 2000, 2004, 2008, 2011 eta 2015eko azken zazpi hauteskunde orokorretan.
Irlandan bada Senatu bat, lurraldeak ordezkatzeko eginkizuna ez duena eta sufragio unibertsalez hautatzen ez dena, baizik eta sektore ekonomikoen eta akademikoen artean. Gobernuak abolitzea proposatu zuen, erreferendum bidez, 2013. urtean, baina hautesleen % 51,7k arbuiatu zuten neurri hori.
2015eko hauteskunde orokorretan, indarrean den hautesle-erroldan inskribatuta dauden, espainiar nazionalitatea duten eta adin nagusikoak diren pertsonak izango dira botoa eman ahalko dutenak eta hautatuak izan ahalko direnak. Horrenbestez, ezin dute botoa eman eta ezin dira hautatuak izan atzerritar adin nagusikoak, egoitza Espainian dutenak, Europar Batasuneko 27 estatuetakoren batekoak direnak edo Espainiarekin udal-hauteskundeetan bozkatzeko elkarrekikotasun-hitzarmen nazioartekoak dituzten Europar Batasunaz kanpoko herrialdeetakoak direnak.
Diputatuen Kongresuaren eta Senatuaren multzoari Gorte Nagusiak deritze. Tradizio handiko izena da hori Espainian, penintsulako erresumetako Erdi Aroko biltzarrek gorteak izena baitzuten. Eta izen horixe mantendu zen XIX. mendeko konstituzio gehienetan, eta hainbat autonomia-erkidegotako parlamentuetan hartu dute. Hala egin dute, adibidez, Aragoik, Gaztela eta Leonek, Gaztela-Mantxak eta Valentziak.
2015eko udaletako eta biltzar nagusietako hauteskundeetan ez bezala (orduko hartan, hauteskundeetara aurkeztu nahi zuten hautesle-taldeei sinadurak biltzea besterik ez baitzitzaien galdatu), 2015eko hauteskunde orokorretan, aurkezten diren barrutiko hautesleen % 1en sinadurak behar dituzte. Orobat, barruti bakoitzeko hautesleen sinaduren % 0,1 biltzea galdatzen zaie 2011ko hauteskunde orokorretan aurkeztu ez ziren hautagaitzei edota, aurkeztuta, aulkirik lortu ez zutenei.
2015eko hauteskunde orokorretan indarrean izango den hautesle-errolda, hauteskunde-deialdiaren aurreko bigarren hilaren lehen egunean itxitakoa izango da, hau da, 2015eko 8ren 1ean itxitakoa. Hala ere, 1986tik 2008ra bitartean egindako zazpi hauteskunde orokorretan, indarrean zen errolda deialdiaren aurreko lehen hilabeteko lehen egunean itxitakoa zen.
1931ko Bigarren Errepublikaren Konstituzioak ganbera bakarrak eratutako botere legegilea ezarri zuen. Hori berrikuntza handia izan zen Espainiako konstituzionalismoan, indarrean izan diren konstituzio gehienetan bigarren ganbera bat ere izatea zehaztuta baitzegoen; bigarren ganberari, oro har, Senatua deitu izan zaio.
2015eko hauteskunde orokorretan, hauteskunde-legediari jarraituz hauteskunde-propaganda postontzietan banatzearen diru-laguntza jasotzeko eskubidea duen hautagaitzak % 20ko murrizketa izango du diru-laguntza horretan, hautesleei hauteskunde-propaganda zuzenean bidaltzeagatik. Horrek esan nahi du 2011ko hauteskunde orokorretan hautesleko 0,22 euro ordaindu zirela, eta 2015ekoetan hautesleko 0,18 euro ordainduko direla.
Diputatuen Kongresurako 2011ko hauteskundeetan, 10 hautagaitza aurkeztu ziren Araban eta Gipuzkoan, eta 11 Bizkaian. Hala ere, 2008koetan askoz gehiago izan ziren aurkeztutako hautagaitzak: 20 Araban, 19 Gipuzkoan eta 21 Bizkaian.
2015eko Senaturako hauteskundeetan, 208 senatari hautatuko dira, hots, probintziako 4 senatari, uharteetako barrutietan 16, eta 4 Ceutan eta Melillan; ez da aldaketarik izan 1986az geroztik. Hala ere, lehen aipatu senatari hautetsien kopuru horri, 17 autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek izendatutako autonomia-senatariak batu behar zaizkio. Autonomia-erkidegoko legebiltzarraren legegintzaldi bakoitza hastean, senatari bat hautatzen dute autonomia-erkidegoko, eta beste bat milioi biztanleko. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan, 12 senatari hautatuko dira 2015eko hauteskunde orokorretan, gehi 3 autonomia-senatari, hots, guztira Senatuko 15 kide.
Hauteskunde orokorretan, ikusmen-desgaitasuna izanik Braille sistema erabiltzen dutenek, beren hauteskunde-mahaian eurek bozkatu ahal izango dute, modu irisgarrian, sistema hori baliatuz. Udaletako eta Batzar / Biltzar Nagusietako aurreko maiatzaren 24ko hauteskundeetan, ordea, itsuek ezin izan zuten Braille sistema erabili, eta bi aukera besterik ez zuten izan: edo postaz bozkatu, edo hauteskunde-mahaira etorrita, beren konfiantzako pertsona baten laguntzarekin.
1977ko ekainaren 15ean izan ziren diktadura amaitu ondoren Gorte Nagusietarako lehen hauteskundeak. Orduko hartan, 350 diputatu eta 207 senatari hautatu ziren. Gainera, beste 41 senatari izendatu zituen zuzenean Erregek.
Diputatuen Kongresurako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek gizonen eta emakumeen osaera orekatua izan beharko dute. Hartara, hautagaitzaren zerrenda osoa hartuta, sexuetako bakoitzak gutxienez hautagaien % 40 izango ditu. Senaturako hauteskundeetara aurkezten diren hautagaitzek, zerrendatan taldekatzen direnek, emakumeen eta gizonen arteko proportzioa zenbaki-orekatik albait hurbilena izateko moduko osaera izan beharko dute. Hala ere, 2005az geroztik egin diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hautagaitzen osaerako parekidetasuna are asmo handiagokoa da, emakumeak gutxienez % 50 izango baitira, sei izeneko tarte bakoitzean proportzio horri eutsita.
2011ko eta 2015eko hauteskunde orokorretan, atzerrian iraunkorki bizi diren egoiliarren botoa erregutua da, hots, modalitate horretan bozkatu ahal izateko, hautesleak atzerritik botoa ematea eskatu behar du. 1986tik 2008ra bitartean egin ziren zazpi hauteskunde orokorretan, ordea, boto-mota hori ez zen erregutua, eta hautesleek atzerriko beren bizilekuan jasotzen zuten bozkatzeko dokumentazio guztia, aurrez eskatu gabe, atzerrian absente zeuden egoiliarren erroldan inskribatuta egoteagatik beragatik.
Frantziako legegintza-hauteskundeetan Asanblea Nazionalerako 577 diputatu aukeratzen dira izen bakarreko barrutietan. Iparraldek bi barruti ditu eta beste bat Bearnekin partekatuta.
Diktaduraren ondorengo lehenengo hiru hauteskunde orokorretan (1977, 1979 eta 1982), indarrean zen hauteskunde-araudiari jarraituz, ezin zuten postaz botoa eman atzerrian bizi ziren hautesleek eta ontziratutako langileek, eta gainera ikusmen-desgaitasuna zutenek ezin zuten Braille sistema erabiliz botoa eman.
Frankismoaren ondorengo lehen hauteskunde orokorretan, 1977an, Espainian bizi zirenek posta bidez bozkatzeko egin beharreko izapideak gaurkoen oso bestelakoak ziren. Izan ere, posta bidezko botoa eskualdeko hauteskunde-batzordeei eskatzen zitzaien, eta haiek zuten eskumena erroldako inskripzioaren ziurtagiria emateko, eskatzailea erroldan ageri zela egiaztatu eta gero. Eskualdeko hauteskunde-batzordeen ardura zen, orobat, eskatzailearen bizilekura bidaltzea postaz bozkatzeko dokumentazio guztia.
EAEn, Diputatuen Kongresurako Hauteskundeetarako parte hartze handiena 1982an izan zen, %79,37k eman baitzuen botoa. Parte hartzen txikiena, ordea, 2000 urtean izan zen, parte hartzea %63,84koa izan baitzen.
Cookie-ak
Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu bertan bisitarien jarraipena egiteko, erabiltzaileen esperientzia eta errendimendua hobetzeko. Webgune hau erabiltzean, zure gailuan cookie-ak gordetzea baimentzen duzu.