Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

113. El Ponton okindegia (Bilbao)

7. ETAPA: BILBAO • PORTUGALETE

Oinarrizko produktuen hornikuntza

Erdi Arotik aurrera, hiribilduetako kontzejuek eta elizateetako eta gainerako herrietako errejidoreek garai hartan oinarrizkotzat jotzen ziren produktuez hornitzeko ardura hartu zuten. Hala, udalak ziren lehiaketara ateratzen zituztenak haragia, arrain lehorra (batez ere barnealdean), olioa, ardoak eta abar. Gainera, produktu horien prezio publikoak ezartzen zituzten. Ez dugu ahaztu behar, halaber, bere betebeharren artean zegoela likidoak eta aleak saltzeko erabiltzen ziren neurriak berrikustea. Bere zeregina, beraz, herritarren hornikuntza zaintzea, prezio merkeak ziurtatzea eta iruzurra eragoztea zen.

XVIII. mendearen erdialdean, Bilboko hiriak gune handi bat eraikitzeko erabakia hartu zuen, biztanleei ogia emateko gai izango zena, jada 11.000 biztanle inguru baitzituen. Proiektuaren espirituak arrazoi ilustratu bat zuen, bere ardurapean zeuden herritarrak elikatzea eta gehiegikeriak eragoztea. Borondate hori islatzeko, udalak, multzoaren eraikin nagusiaren fatxadan udal-armarria jartzeaz gain, benetako asmo-adierazpena zen inskripzio batez inguratu zuen:

«Me aseguro la abundancia / del más precioso alimento / protección y vigilancia»

(Elikagai preziatuenaren ugaritasuna, babesa eta zaintza ziurtatzen ditut)

«Doy al público sustento
ley a la injusta ganancia
y a la labranza fomento»

(Jendeari sostengua, legea bidegabeko irabaziari eta nekazaritzari sustapena ematen dizkiot)

Guneak 50 langile zituen, bai gizonezkoak bai emakumezkoak, eta ekoizpen handia bermatzeko gai zen. Hala ere, gerra karlistek 40 urteko jardunaren ondoren akabatu zuten. Bilborentzako komunikazio bide funtsezko batean kokatzeak karlisten armadaren helburu bihurtu zuen, bai 1835an, bai 1874an, beste ekoizpen industrial batzuetarako jada errentan hartua izan zenean.

Instalazioak

El Pontón okindegia Bizkaiko lehen eraikin industriala dela eta euskal arkitekturan mugarri bat dela pentsatzen da. Hainbat hamarkadatan zehaztu gabe egon ondoren, 1794an gauzatu zen proiektua. Okindegi masibo bat sortzearen kontzeptua bera berritzailea zen Euskal Herriko nekazaritzako elikagaien industriarentzat. Ehotzeko, oratzeko eta erretzeko lanen kontzentzazioa eskatzen zuen, eta leku berean hartu behar zituen horretarako beharrezko instalazioak. Gainera, ibilguaren eta goiko aldetik doan bidearen artean aldapa handia dago, eta hari egokitu behar zitzaion multzoa.

Hala ere, ikuspegi teknikotik ez zen aurrerapen handia, energia iturri bezala sistema hidrauliko tradizionala erabiltzen baitzen. Lehendik zeuden azpiegiturak aprobetxatzeko asmoz, Udalak Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ertzean zegoen errota zaharra bereganatu zuen.

Multzoa ehotzeko azpiegiturak, biltegiak, egurtegiak eta okindegiak berak osatzen zuten. Kontserbatzen den elementu bakarra azken hori da. Lau solairuko eraikin handia da, oinplano angeluzuzenekoa, eta 11 bao-ardatzeko fatxada du. Beheko solairuetan handiak dira, eta goikoan txikiagoak. Harlangaitzezkoa da, eta baoak eta ertzetako kateak kareharrizko harlanduzkoak. Erdiko patio bat zuen, gelen arteko komunikazioa errazteko eta argiztapen ona bermatzeko. Arkitektoak (Alejo de Miranda) eraikin funtzional bat diseinatu zuen, eraikin publiko gisa nolabaiteko monumentaltasuna eta dekoraziorako lekurik ez zuena (aipatutako armarria eta idazkuna izan ezik).

Partekatu

unesco