139. El Pobaleko burdinola-errotaren multzoa (Muskiz)
8. ETAPA: PORTUGALETE • KOBARON
Burdinaren historia bizia
Pobaleko monumentu-multzoa antzinako burdinola hidrauliko bat da, Salazar familiak eraikia. Hori Erdi Aroko leinuetako bat zen, eta inguruko Muñatones gaztelutik Enkarterrietako eskualdearen zati handi bat menderatzen zuen. Salazartarrek inguru horretan burdinaren negozioa kontrolatzea erabaki zuten, eta XVI. mendean, Barbadun ibaiaren txoko polit horretako uren energia aprobetxatuz, Bizkaian egon diren burdinola ugarien artetik ondoen kontserbatu den burdinola instalatu zuten, baita gaur egunera arte makineriaren zati handi batekin iritsi den burdinola bakarra ere. Beraz, Bizkaiko industria-ondarearen elementu baliotsua da.
Leku horretan erabilitako sistema teknologikoa, Bizkaiko Meatzaldeko mendi horietako burdin mineral ospetsua metal bihurtzeko gai zena uraren indarraren bidez, Bizkaian sortu zen XIII. mende inguruan. Hala ere, lan horren tradizio teknologikoak lurralde hauetan bere sustraiak mende asko lehenago hondoratzen ditu, antzinako olagizonek burdina “besoen bidez” ekoizten zutenean ia 2000 urtez mendiko burdinola edo haizeolak deiturikoetan, eta horien aztarna arkeologikoak inguruan lurperatuta mantentzen dira.
Pobaleko burdinolan, burdina metalikoa egiteaz gain, mota guztietako erremintak eta etxeko tresnak egiten ziren. Bere goieneko aldia XVII. mendearen amaiera izan zen, konponketa eta handitze garrantzitsuak egiten diren unea, baina gaur egun ikusten ditugun azpiegitura gehienak XIX. mende amaierakoak dira, azken olagizonek burdinola eraberritu zutenean garaiko aurrerapenekin lehiatu nahian. Hala ere, 1965ean jarduera bertan behera utzi behar izan zuten.
Tradizioa ukigarri bihurtzen den lekua
Monumentu-multzoa honako hauek osatzen dute: XVI. mendeko olagizonen etxebizitza, estilo gotiko berantiarrekoa eta dorrearen itxura duena, errota bat (garia eta artoa ehotzeko bi harri parerekin), bi ogi-labe, ukuiluak, burdinolaren zerbitzurako ur kanala eta bere antepara, tunel hidraulikoa, eta azkenik burdinolaren tailerra, hauspoz elikatutako galdaketa-labe batez osatua, eta gabi bat (biak zurezko gurpil horzdun zaharrez mugituak), ingudea, sutegia, bulegoa, ikaztegia eta biltegiak dituena. Hori guztia Barbadun ibaiaren haranaren kokalelu natural erakargarri batean dago, Muskizko erdigunetik 3,5 km. ingurura.
Pobaleko burdinola 2004. urteaz geroztik dago zabalik museo gisa. Bertan, euskal industria tradizionalaren jarduera adierazgarrienetako bi erakusten dira: burdingintza eta errotaritza hidraulikoak. Pobalera hurbiltzen diren bisitariek forjaketa-lana zuzenean ikusteko aukera izateaz gain, bi makina hidraulikoak nola martxan jartzen diren ikus dezakete, hobeto ulertzeko inguruko baliabide naturalen aprobetxamendua eta tresna eta elikagai nola bihurtzen diren.